 |
LENENGO LAUKIA EDO EGINTZA
LENENGO IRUDIA
Patxiko bakarrik
Iruditegia dago illunpean, eta asiko da argitzen, eguna baletorke bezela.
Agertzen da Patxiko, aitz baten gañean eserita, eskuakiñ buruari elduaz, guztiz pentsati; eta, eguna zabaltzen dijoan bitartean, orkestak jotzen du preludio edo astelen bat.
PATXIKO:
Euskal lurreko mendi alaiak
Ta zeru argiz betea,
Zer triste zauten ezkutatzean
Nere Maritxu maitea!
Zu gabetanik eziñ liteke,
Iñon pozik izatea,
Biyotz nereko ume kutuna,
Arren, agertu zaitea
Zeru gañetik lurreratu dan
Aingeru ego-txuriya,
Jaungoiko onak munduagatik
Egindako mirariya.
Arriturikan ixiltzen dira
Birigarro ta xoxuak,
Eta kolkotik irten nai luke,
Ai, nere biyotz gaxuak!
Begiramena ipiñitzean
Begi eder oietara,
Ta iristean doñu gozozko
Itzak belarrietara,
Sinistutzen da zerutik jatxi
Dala mundu onetara...
Bat amoriyoz nol'ez erori
Auspez bere oñetara!
Eguzkia badator
Zeru urdiñean,
Argia banatuaz
Mendien gañean;
Odoi beltz itsusirik
Ez dabill aidean...
Zer poza senti deran
Nere barrunbean!
Maritxuk neri atzo
Illunabarrean
Esan ziran: Bigar goiz
Itxozu larrean...
Ardien bat galdu ez
Bazaio birean...
A...! Orra non datorren
Bide txigorrean...!
Beeka datoz ardi
Txintxoak aurretik,
Aditzera emanaz
Maritxurengatik
Nere biyotzak irten
Nai dit barrunbetik,
Jesus, au zoramena!
Non nagon ez dakit!
(Zutitzen da, Maritxu datorren mendi egalera begiratuaz.)
Maritxu!! (ojuka)
Nere laztana!
BIGARREN IRUDIA
Patxiko eta Maritxu
MARITXU:
Emen nator
Zuregana! (Basotik irtenaz)
PATXIKO:
Ai! zenbat luzatu dezun!
Kezka aundian neukazun...
Zer gertatu ote zaizun:
MARITXU:
Jakin zazu, gaur goizean,
Itsasoaren ertzean,
Eguzkia agertzean,
Zu ikusteko pozez netorren
Nere ardien atzean;
Ta arkitu naiz trantzean,
Muñopeko arkaitzean,
Ardi bat amildutzean.
Estutasunean ala,
Ardiaganuntz noala,
Zer egin eztakidala;
Seme-nagusi Etxegoikoak
Lagundu dit bereala;
Eskerrak izandu dala
Iñazio aiñ leiala,
Jaunak saritu dezala!
PATXIKO:
Zure ezpaiñtxo txukunetako
Itz maitatiak entzunik,
Etzait iduri Aingeruen bat
Barrenen ez daukazunik;
Besterik eziñ izan liteke
Nik ainbeste nai dizunik.
Bañan kiskaltzen nago, Maritxu,
Arren!! eskatzen dizut nik,
Ez dezazula berriz aitatu
Iñazioren izenik.
MARITXU:
Nere Patxiko, nola daukazu
Barrena kezkaz betea?
Izanik zure amorioa,
Ni lotzen nauan katea?
O!! zer samiña dan neretzako
Zuk orla itzegitea!
Nere biotzak ez du merezi
Miñ garratz au ematea.
PATXIKO:
Eskerrik asko, nere Maritxu,
Barka zaidazu beinguan;
Ez nekien zer esaten nizun,
Naspillatua nenguan;
Zure itz mintsu maitagarriak
Sartutzen naute zeruan,
Urrezko arpak amorioa
Kantatzen duten lekuan,
Iduritzen zait antxen nagola
Aingerutxuen onduan.
PATXIKO eta MARITXU:
Jauregi eder gaiñ-gañekoan,
Zauten aur bedenkatuak,
Adi itzatzute gure promesak,
Eres¡ eta botuak;
Ona emen bi biotz, libreak,
Pozez alkarganatuak
Amoriozko kate santuak
Beti-betiko lotuak.
PATXIKO:
Maritxu nerea!
MARITXU:
Betiko zurea!
(Agertzen da Iñazio baso tartetik, eta ezer ikusi ezpalu bezela inguratzen da.)
IRUGARREN IRUDIA
Patxiko, Maritxu eta Iñazio
IÑAZIO:
Egunon, gala¡ gazteak.
PATXIKO eta MARITXU:
Ala izan bedi zuretzat.
IÑAZIO:
Ai, zer goiz giro alaia dagon,
Alkar maite dutenentzat!...
PATXIKO: (Murru samar)
Alaxen iduritzen zat.
IÑAZIO:
Zeru urdiña senti du beti
Pozkidaz dagon galaiak
Bañan anima triste daukanak,
Ikusten ditu odaiak.
MARITXU:
Miñen bat sendi al dezu?
IÑAZIO:
Zuek sendatu zenezateke,
Bañan beldur naiz...
PATXIKO:
Itxozu!
Igartzen dizut zer gaitz daukazun,
Ta nere bizia bertan,
Emango nuke, zuk ez dezazun
Penarik izan ezertan;
Baña, Iñazio, baldin bazatoz
Amorioaren eske,
Ori nik eziñ utzi neizuke,
Etsiya egon zintezke.
IÑAZIO:
Bear ez deran gauza eskaintzen
Guztiz leialak zerate,
Zure itz prestu gezurrezkoak
Biotza lertu dirate...
Agur, Patxiko, agur, Maritxu,
Urrengo aldi bat arte.
(Badijoa ixilka esanaz:)
Etxe ta lurren jabea ni naiz,
Agindu nezakeana,
Patxiko utzi eta Maritxu
Etorriko da nigana,
Jakingo dute bestela zein dan
Zabelaingo etxe-jauna.
MARITXU:
Zer ote zaio gertatzen?
PATXIKO:
Ez al diozu igartzen?
MARITXU:
Nik zer jakingo det bada?
PATXIKO:
Ala askoz obea da!...
Atoz, Maritxu, atoz,
Goazen artaldera,
Igo gaitezen goiko
Barruti aldera.
(Agertzen da Peru, eskuan saskitxo batekiñ, eta gero Josepa.)
LAUGARREN IRUDIA
Patxiko, Maritxu, Peru eta Josepa
PERU:
Gosaldutzeko garaia da ta
Ez da agiri, non ote da?
Anbat ardiyak joango zitzaizkan,
Goiko barruti aldera.
Nekatutzen naiz. O Jaungoikoa!
Orra zer dan gizon zarra!
Gazte denboran izandu zana
Erbia beziñ azkarra!
JOSEPA: (sartuaz)
Egunon, Peru, egunon...
PERU:
Egunon, andre Josepa.
JOSEPA:
Zarrak aldapa igarotzeko
Bero gogorra da au, Peru;
Bañan zer egingo degu!
Gure gazteak, zer jango dute
Ekartzen ez badiegu?
Onak dira ta merezi dute,
Poz orixen badaukagu.
PERU:
Pobre izanik, aberastasun
Aundiaz dauzkagu biyok,
Seme-alaba obeagoak
Ez lizake izan iñork.
Ai, zer biduna egingo luteken
Maritxuk eta Patxikok!
JOSEPA:
Amaika aldiz neroni ere
Bururatu zait orixen,
PERU:
Deitzera noa, ia ojurik
Ote diraten aditzen.
Patxikooo! Patxikooo! (ojuka)
PATXIKO:
Eup! Banator.
(Iristen da Patxiko.)
PERU:
Esazu, seme: non ziñan?
PATXIKO:
Ardiyak larratutzen
Goiko barrutian.
JOSEPA:
Eta Maritxu nerea?
PATXIKO:
An zebillen artaldean
Beste mendi egalean;
Laister degu emen bean.
MARITXU: (sartuaz)
Nere ama gaisoa
Mendi ontaraño?
Asko nai dirazu ta
Kontentu naiz, baño;
Ez dezazula artu
Orrenbeste neke,
Puska leorrarekin
Errez pasa naike.
JOSEPA:
Nere alaba ona
Ez badet maitatzen...
PERU:
Tira, tira, jan zagun,
Guztiyok ementxen,
Urda¡ azpiko au, ta
Arto bero auxen.
(Esertzen dira lurrean eta, saskitxotik gosaria aterarik, asten dira jaten.)
JOSEPA:
Karatxe! Au gosari
Bekaña da, Peru!
PERU:
Pake ta maitasunak,
Dena gozatzen du.
PATXIKO:
Onen guraso onak,
Nola izan gerra?
MARITXU:
Auxen da egiazko
Bizitza ederra.
Jauregietan bizi
Diran aur gaxuak,
Noizik beiñ ikusirik
Beren gurasuak,
Aberats izan arren
Oztasun aundiyan;
Nik ait'amen onduan
Naigo det, mendiyan.
PERU:
Iztun zaude, Maritxu!...
MARITXU:
Nola ez iztundu
Pozkida aundigorik,
Mundu onek, nun du?
Zu zera ontasunez
Betetako aita,
Nere amatxo berriz
Aingerua baita.
JOSEPA:
Nola ez maite izan
Erotutzeraño!
PERU:
Doñu gozoagorik
Maritxuna baño,
Mendi oiek ez dute
Entzun egundaño.
MARITXU:
Onegiak zerate
Ta, orregatikan
Ez det txarrera artzen
Zuen esanikan.
PATXIKO:
Gauza batek bakarrik
Nauka, oso triste...
DENAK:
Zerk? (alkartzen dira)
PATXIKO:
Aditutakoan
Arritu zaitezte.
Ingurumari ontan
Zabaldu da otsa...
Aitatze utsak ere
Ematen dit lotsa!
Lendabizi sarturik
Fueruak lurpera,
Gañera galerazi
Nai dute euskera.
PERU:
Etzatela orlako
Asmorik artu!
MARITXU eta JOSEPA:
Ori eziñ liteke
Iñola gertatu.
PATXIKO:
Zertako da egiya
Gezurtzat artzea?
Madrildarrak nai dute
Izkuntz au galtzea.
PERU:
Ez digute eman nai
Buruspide txarra,
Bagenduke bezela
Guk aien bearra!
Ez degu besterik nai,
Gerena bakarra:
Gure izkuntza eta
Gure Lege Zarra.
PATXIKO:
Nola erlaundi tzarra sartzen dan
Erladi txintxo batean,
Ta loikeria alkar garbiro
Maite dutenen artean;
Oro kukua txantxangorriak
Beretzat daukan kabian,
Ala sartzen da Gobiernoa
Gure sort-erri garbian
Begiramenik batere gabe,
Gure sentimentuari,
Eskubidea ta arrazoia
Kenduaz mendekoari;
Baña egunen bat etorri leike,
Nola len sarrazintarrak,
Iberiaren jabe egingo
Dirana atzerritarrak.
Orduan ondo ikusiko da,
Nor geraden euskaldunak,
Ta gaztelauak jakingo dute,
Zein diran beren lagunak.
Gure aitonen gisara joango
Giñake laister aruntza,
Adiskideai eramatera,
Premia duten laguntza,
Golde ta aitzur, eskuareta
Laiak utzirikan bertan,
Arerioa purrakatzera,
Gaztelako zelaietan.
Eta ausardi altsuenakiñ,
Ondarrabi baten gisan,
Mintza gintezke, ta ez liteke,
Zeñek ukaturik izan;
Guadalete bat gertatu arren,
Nork begiratzen ez diro,
Nola oraindik tente dagoan
Lekobideren Erniyo.
PERU:
Orixen da jangaña
Bazkal bukatzeko!
MARITXU:
Iaioa zaude, Patxiko.
JOSEPA:
Beti goititutzen da
Euskalduna bero,
Gure Lege santua
Ikutu ezkero.
PERU:
Ordua da joateko
Ardien ondora,
Bateren bat amildu
Ezteiñ, itsasora.
Bi zarrok geldi-geldi
Baserri aldera
Joan da otzak zuen zai
An egongo gera.
Bigar arte, Maritxu;
Patxiko, aurki arte.
JOSEPA:
Bigar arte, Patxiko;
Maritxu, aurki arte.
PERU eta MARITXU:
Jainkoarekin zuazte.
(Gelditzen dira ait'amak nondik dijoazen begira.)
PATXIKO:
Amoriotan gabiltzanikan
Ez dakite nere ustean...
MARITXU:
Ai, ura lotsa neukan nik biyak
Alkarrekiñ ikustean!
PATXIKO:
Zergatik? Izan bedi,
Mundua jakintzu,
Zenbat maitatzen deran
Nik nere Maritxu;
Zeruak eta lurrak
Jakiñ dezatela,
Maritxu gabe ezin
Bizi nitekela.
Bakarrik zuregandik
Joango nitzakela,
Jakiñik Lege Zarrak,
Premia dubela.
MARITXU:
Nola? Joango ziñake,
Beraz ni utzita?
PATXIKO:
Etziñuket utziko,
Ez leikena baita.
Eramango zinduket,
Alako trantzean,
Emen (joaz) ondo gordeta,
Nere biotzean.
Bañan Lekobideren
Alabaren gisan,
Emakume euskaldunak
Bear luke izan;
Lartaun-en emaztegai,
Onintza ederrak,
Azkonak zorroztutzen
Laguntzen zion berak;
Ta ala berean guk
Bear degu egiñ,
Euskal-erri maitea
Libre izan dediñ.
MARITXU:
Nere buruak diyo
Dezula arrazoi,
Bañan biyotzak mindu
Ta esaten dit, oi!
PATXIKO:
Zure biotz gaxuak
Zer diyo, Maritxu?
MARITXU:
Maitatu zaitzadala
Leial eta itxu.
Mundu onetan ez da
Amoriyorikan,
Nik zuganako deran
Ainbestekorikan.
Sentitu lezateke
Aundiago dana,
Aingerutxuak beren
Sortzalleagana.
PATXIKO:
Orlaxen ikusi nai
Zaitut nik, orlaxen,
Menditar onradua
Biotzez maitatzen;
Ardia beziñ maltsu
Oi dana pakean,
Baña legoi biurtzen
Dana, gerratean.
Goazen, Maritxu, goazen,
Goiko barrutira,
Artaldeak larrean
Dabiltzan tokira.
Ta nola aurki biyok
Banatuko geran,
Gaur alkar ikustea
Ez dago guregan.
Bigar erromeriya
Erdoiztan nola dan,
Joan zaitez eta biyok
Batuko gera an,
Oraiñ, agur, Maritxu.
MARITXU:
Ariyo, Patxiko,
Sinisten det aztuta
Ez nazula utziko.
(Joaten dira alde banatatik.)
BOSTGARREN IRUDIA
(Azaltzen da Iñazio zoko batetik.)
IÑAZIO:
Aberatsa izanik
Bizi naiz pobre,
Zertako det dirua
Maitasuna gabe?
Geiago det nai
Etxe ta lurrak baño,
Maritxuren «bai»
Naiz etxe-jauna,
Ta nerea da aitak
Utzi zirana.
Zer ontasunak!
Artzai neskatill batek
Nai ez ditunak! (Biz)
Lur oien jabe!
Zertarako nai ditut
Maritxu gabe?
Orren ederra!
Zergatikan etorri
Ziñan lurrera,
Nago inbiriz,
Artzai mutiko baten
Suerte aundiz. (Biz)
(Birpizturik.)
Bañan, zertan estutu,
Oinbesteraño?
Nik geiago nezake
Patxikok baño,
Aiñ da pobria!
Eta aundi naia da
Emakumia,
Beragatikan,
Ez nuke galdu bear
Esperantzikan,
Egiten dit gaitz!
Maritxu ikustera
Joan bear det maiz,
Eta nerearekiñ
Aterako naiz...
Zer da bull'ori?
(Baserritar saill bat dijoa pasatzen Erdoizta aldera, bigarko erromerira.)
SEIGARREN IRUDIA
JENDEAK:
Egunon, etxe-jauna.
IÑAZIO:
Egunon, jende ona.
BATEK:
Nola orren bakar, jauna?
IÑAZIO:
Bakarti da anima
Penatzen daguana.
SALLEKO BESTE BATEK:
Ez dedilla estutu;
Eran beza «gora» (zatua eskeñiaz)
Eta dijoazela
Penak itsasora.
(Eraten du gogoz)
DENAK:
Orlaxen, bejondaiola.
IÑAZIO:
Jakin nai nuke iñork
Esan oteizuten,
Nola danok Madrildar
Egiñ nai gaituzten...
DENAK:
Ja! Ja! Ja, nagusiya,
Ori jostaketa!...
IÑAZIO:
Ez dago jostaketik,
Egia da eta.
BATEK:
On Iñazio, betor
Bere etxeraño.
Guk pozik lagunduko
Diogu araño.
Gero zerbait arturik
Iturrioz-ko bentan,
Egun sentian egon
Nai degu Erdoiztan.
IÑAZIO:
Guazen bada, gazteak,
Nai dezutenean;
Ardiak bildu dira
Borda aldamenean,
Beren orrotxoakiñ
Aditzera emanaz
Ez dutela larrean
Gelditu nai gauaz....
DENAK:
Goazen, goazen
Erdoiztara,
Jolastera ta
Dantzara
Alkartutzea
Ta jostatzea,
Lengo oitura zarra da.
Nekazari ta
Artzaiak,
Guztiok gera
Anaiak,
Emaztekiyak
Ta gizakiyak
Paketsu eta alaiak.
Gure izkuntza
Maitean,
Beti mintzatu
Gaitean,
Mendi gañetan
Ta zelaietan
Bizi geran bitartean.
Galerazi nai
Duanik
Etortzen bada
Iñundik,
Lekobideren
Arraza emen
Zutituko da oraindik;
Etsai zitalak
Gudikan,
Sortzen badu
Iñondikan,
Jakiñ dezala,
Izan ez dala,
Katibu euskaldunikan.
|
 |