www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerkiak
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1950-1954

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Orixe. Idazlan guztiak II: Sorkuntzazkoak, Nikolas Ormaetxea Orixe (Paulo Iztuetaren edizioa). Etor, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

BETIERA

 

Burdin dago zerua, egoa da mazal,

mendiak urbil daude, zugazpeak itzal,

ura berantzaldian, itsasoa jabal.

Arkaitzean jarri naiz bi begiak zabal.

 

Nigandik urrun gabe ontzi bat ageri,

an ustu, emen bete, dabil erriz erri.

Ugiñen apar doia urbiltzen zait neri;

ur gardenean noiz-bein arraiak igeri.

 

Aspertzen ez omen da ikusiz begia.

Nere au aspertzeko da itsas-agia.

Uin-otsak leenago dit artzen belarria.

Ez aspertu, ez ase, ark nauka guzia.

 

Antxitak xortzen naute itzuli-inguruka;

leertzen dan apar arek axalean nauka;

begiei nai dutena errez diet uka;

dunba sor artan nauzu barrnean kuka.

 

Ots ori betidanik etengabe bera?

Iñolaz, nik bezala ba du asiera.

Ez du tarterik —ontan biook berdin gera—.

Iduriratzen zail dut bioon bukaera.

 

Nik ere ba dut ots bat belarrian beti;

ots ori entzuteko sarri naiz goseti.

Or arkitzen naiz nerau ots denen gaiñeti,

aldarteak aldarte, barnean barneti.

 

Nere biotz-pilpirak berekin etena;

betirautea ez da neurtu ditekena;

ots etengabe ortan, belarri barrena

dut aren iduririk jator-jatorrena.

 

Betieran sarturik arkitzen ote naiz? Ez;

nere mugarekin egin dut topo maiz.

Nere muga loa da: ori dut gaitzen gaitz.

Orregatik goizetan jekitzen ni garaiz.

 

Ari naiz ta ba nago entzun eta entzun,

ots orrek etengabe irauten ote dun.

Nerau neronengandik atertu nai ez nun;

baiña ba dator loa, bekaiñetan astun.

 

Ez da betirautea luze, zabal, zingo;

une, alde, menderik ez du bere laingo;

guzia da batean, betean ta beingo.

Bestala mintza gaiten: ua dugu Jainko.

 

Ez da belarri-otsa. Zenbat legunago!

Ixiltasun osoa zaio urbillago.

Batetikan bestera bide luze dago;

Baiña sumatzen dala nolabaitxe nago.

 

Ixil ortan sarturik, uneka bederen,

—dena batean baita— Jauna daukat emen.

Dezadan beintzat atzi uneka, naiz eten.

Gero dut atergabe beti jastaturen.

 

aurrekoa hurrengoa