www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Portu Txoko
Piarres Larzabal
1954

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (I), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Ostatu barne bat.

 

 

URTXULA: (Kadirak mahain gainean ezarriak, garbi eta garbi ari da. Ezagun da zainak airean dituela) Bai, egun nere festa eguna, ondosko ohoratzen det... Goizean, bokata. Gero, jateko guzia... Taberna ere nere gain. Etxeko andrea hor det ohean. Burutik min duela, ahal bezinbat arrabots gutxi egiteko... Bai, bai lo egingo du horrek ere, kuadrilla osoa, hunarat abiatuko delarik... (Itze batekin, minartzen du) Ai! Zilla martxandiza! (Handik harat kadira botatzen du) Ez baita lehen aldia, itze zikin horrekin minartzen detala... Eta, gainera, ondo sartu...

BITTOR: (Zango puntetan sartzen da, eta Urtxulari, gibeletik, fular batez, begiak tapatzen diozka) Pentsa nor duzun hemen!

URTXULA: (Koleran) Pakea emazu, asto arraioa! Nor izango baitzera ere!

BITTOR: (Begiak agertuz) Besta on Urtxula!... Egun beharko dituzu bi musu eman, zure besta baita.

URTXULA: Zuri bi musu, bai... Nahiago dittut, paderaren atzeari eman.

BITTOR: (Esku mutur batetik hartuz) Ez da pitsik egitekorik... Beharko dituzu eman.

URTXULA: (Trapuarekin joz) Pakea gero neri... Gizon kaiku burua! (Kontuarraren gibelera doa)

BITTOR: (Kontuarrari hurbilduz) Ori, presenta hau zuretzat ekarria dut, zure bestaren ohoretan... Tori hau zuretzat!... Bainan horrek musu bat ealdetzen du ondotik.

URTXULA: Ez naiz zure «regalo» biarretan... Atxikazu zure painolua zuretzako.

BITTOR: Ho, ho... Zer gare?... Arrunt tzarrean? (Urtxula lotzen da kadiren mahainetik jausten... Bitorrek lagundu nahi du)

URTXULA: Utzi-azu nere lana, nere gain!

BITTOR: (Jartzen da... Hotz hotza, mintzo) Bon, bon... (Ixtant baten buruan) Hola behar bada, hola izanen da... Ekazu hunarat baso bat gorri... (Urtxulak zerbitzatzen du, eta, moneda itzultzen dio... Ixil-ixila dagozi, ixtant bat... Urtxula kontuarrean)

PEPE: (Sartzen da eta kontuarrari hurbiltzen... Lore buketa ttiki bat, bizkar gibelean gorderik dauka)... Agur!...

BIEK: Agur, agur, Pepe!

PEPE: Ekazu baso bat gorri! (Baso hutsa kontuarra gainean pausaturik, Urtxula arnoa hartzerat doalarik Pepek, baso hartan bere loreak ezartzen ditu)

PEPE: Besta on, Urtxula...

URTXULA: Oi... (Kontent da) Zuk polliki harrapatzen nauzu... Eskerrik asko Pepe!... (Bertze baso batean zerbitzatzen du)

PEPE: (Dirua pausatzen dio)

URTXULA: Ez... Hau pagaturik gabe da... Nere festa delakotz.

PEPE: Milesker!... Beraz, hainitz urtez eta osasun on! (Editen du)

URTXULA: On daizula, Pepe!

BITTOR: (Idorki) Errak, Pepe!

PEPE: Zer da?

BITTOR: Goazen segidan bornurat!... Errok mekanizierari goizeko bietako listo izan dadien... Bertze bornuko lagunak ere abisa-atzik!

PEPE: Ongi da... Banoa kuxe-kuxean... Ixtante artino.

BITTOR: (Ixtant bat ixilik egonik) Horren loreek, dudarik gabe, nere fularak baino gehiago balio zuten.

URTXULA: (Mozki) Libro ahal naiz, zuregatik, nahi dutanaren egiterat...

BITTOR: Ba... hala zare... hala zare... (Biak ixilik dagozi)

ZURRUT: (Sartuz) Heup... Egun on!...

BIEK: Egun on, Zurrut!...

ZURRUT: Nik, gizon bat eta emazteki bat, elkarrekin buruz buru hatzematen ditudalarik, badakizue zer pentsatzen dutan?

BITTOR: Zer?

ZURRUT: Nere baitan egiten diat... Edo eginak dituk, edo eginen dituk.

BITTOR: Zer, eginen?

ZURRUT: Ba... Egin-zak ez konprenituarena. (Ixtant bat ixilik dagozi)

BITTOR: Errak, Zurrut, hi hain argitua baihaiz gauza horietan, nahi nikek higanik ikusi nola behar den egin emazteki arrantza.

ZURRUT: Emazteki arrantza?

BITTOR: Ba... Gizon batek emazteki bat nahi duelarik beretzat bildu, nola behar duen haren arrantza egin.

ZURRUT: Noiz nola... Xori arrantzarietan, badituk brokuak... Brokuak, airetarik arrain zardana bat ikusten dutelarik, hartarat zutean, gain behera, sartzen dituk... Badituk ere pottorroak... Pottorroak berritz, arrainetarat hurbiltzen dituk ur azpiz, urrundik igerikatuz... Emaztekien arrantza gisa berean duk. Batzuetarat brokua bezala hurbil ditake, bat-batean, basaki, bainan bertzetarat, legunki, eta azpiz, behar dik apailatu.

BITTOR: To, ni entseiatu nauk brokua bezala, eta, pottorroa bezala ere, bainan, tirrit ez diat bururatu.

ZURRUT: Entseiatu haiz peita pixka batekin?

BITTOR: Ba... bainan, nere apastari arrainak tu egin ziok.

ZURRUT: Zer duk hire arraina? Arrunt soraioa?

BITTOR: Nere ustez erregina pollit bat. (Keinuz Urtxula erakusten dio)

ZURRUT: Erregina iduriak, badituk gero laputzak ere... Eta, partikulazki kasu handia eman behar dik Bidasoako arrainekin... Hangoak baitituk tronpakorrenak.

URTXULA: Bai, enganatutzea errexki egiten dute, broku eta pottorroen orde zozoak direlarikan arrantzan.

ZURRUT: Eta, gainerat, hango arrainek, baditiztek zizta punta batzu, zakailek eta atunek baino pozoinagoak.

URTXULA: Ez dute ez hango arrainek, zu bezalakoari zizta hainitzik egingo... Apasta zailegia zera orai, hek zuri lotzeko... Ez ahal zenuke petrentziorikan ere...

BITTOR: Bon, bon... Goazen hemendik!... Berdin, orratz eta harika, emaztekia, beti gizonari nausituko duk... Errak! Sarri, bi orenetako, kaian izan adi gero listo... Atunketarat gan behar diagu.

ZURRUT: Atunketarat? Ez duk uste ez den goixko? Menditik jautsi diren urekin, itsasoa zikin eta hotz duk oraino, atunarentzat.

BITTOR: Berak erakusterat emanen dik.

ZURRUT: Goiz huntan, zabalean, zakarreria gogorra omen zukan. Ez zakiat, zoin ere, ateratu duk... Ba-eta, laster sartu ere... Sarea brankan oraino... Beharko! Popatik, itsaso bizkar alimale batzu hartu ondoan.

BITTOR: Ipar aldean ez bagaitezke ibil, jokatuko gaituk, eztiagora, hego alderat... Eta, ez bazukek atera, buia hartu-eta, listo egonen gaituk, denbora hobetu artino!

ZURRUT: Bon, nahi dukan bezala...

BITTOR: Beraz, sarri artino, to!

ZURRUT: Ba, sarri artino!... Urtxula, ekar-an hunarat baso bat gorritik!

URTXULA: Badezu dirurik pagatzeko?

ZURRUT: Aski dun, orai bezala, karnetean markatzea.

URTXULA: Paperean apuntatuak, hiru hilabeteko zorrak hor dituzu... Eta, jadaneko esana dizut etxeko andreak ez duela nahi, zuri gehiago zerbitzatzea, dirutan baizik.

ZURRUT: Ez gaitun aixtian aditu?... Atuna abiatu dela... Laster denak pagatuko ditinatela...

URTXULA: Aspaldi du, zuganik kanta hori aditzen degula... Aski dezu hor puxka bat sofritzea.

ZURRUT: (Sakelak miatzen ditu) No... Baditinat oraino berrogoita zazpi sos... Ekar-an berrogoita zazpi sosen arnoa?

URTXULA: Ez dezu izango... Baso baten sari ekartzu, edo pitsik ez.

ZURRUT: Egiazko Hondarribitarra haiz ba, hi ere. Hondarribitarrak, lauetarik hiru, Afrikatik etorrikako mahometanoen umetarik ditun... Lehen, zer nahi Afrikano etortzen zitunan Hondarribirat. Heien ofizioak: bota ziratzaile, barbillero, kakaueta saltzaile eta hola... Hire aita ere, holako zerbait bide zunan... Gure ama gaixoak erraten zinan: Ni deusentzat ez nindukek esposatuko Hondarribitar batekin.

URTXULA: Zure ama ez zen esposatuko nere attarekin. Banan, ez eta ere, nere attaren alaba, zure amaren semearekin.

ZURRUT: Hasteko, Hondarribitar gehienak usainetik seinale ditun... Araba usaina diten, eta, Kristaurik ez zuken heien ondoan bizi... Ni, Gipuzkoako gobernadore banintz, legez bortxa nezazken Hondarribitar guziak, xanpainaz zortzitik bederen, beren buruen garbitzera.

URTXULA: Zuretzako ere lege bera on laiteke, zuk dezun taberna eta zerritei usain hori norapait bialtzeko.

ZURRUT: Ekar-an baso bat arno hunarat!

URTXULA: Ez dezu ardorik izango, nik dirua kobratu artino.

ZURRUT: Hondarribitarrek, beren solasak berak, bertze euskaldunak baino zikinago ditizten... Hondarribitar atsoek arrain mota bat, oihuka, karrikaz karrika saltzen diten... Eta heien oihua holaxet dun: Kailaputa... Kailaputa fresko freskoa!...

URTXULA: Bai, guk ere, «borratxeta» esaten degu arrain bati... Eta zeuk hari berari: «Kaka-jalia»... «Kakajalia» dudarikan gabe, solas garbia izango baita...

ZURRUT: Nun dun etxeko andrea?... Hik ez badun edaterat eman nahi, harek hi baino bihotz hobea din... Harek ematen zaitan...

URTXULA: Etxeko andrea ohean dago. Burutik minez dago, eta, esana du hura bere gisa uzteko.

ZURRUT: Erron, ni zerbitzatzerat etor dadien.

URTXULA: Bai, pagatuzko kliantientzat, eta ez, ez pagatuzkoentzat etorriko ahal da.

ZURRUT: Ez badun ekarrazten, zuen Pinto, saingaz has-arazten dinat... Hola atzarri-eta, etorriko dun.

URTXULA: Jaungoikoak beira horrelakorik egittetik!

ZURRUT: Bai, eta kuxe kuxean oraino... (Saingaz lotzen da) Hau! Hau! Hau!... Pinto, te, te, te!... (Atearen bertzaldetik zakurrak errepusta ematen dio)

URTXULA: (Koleran erotua) Ixilik egon... Ixilikan, lotsagabea!... Jotzen zaitut gero: (Trapu batez ahoa tapatzen dio) Trapu hunekin itotzen zaitut, agudo. (Zakurra beti saingaz, eta ateari atzarpaka ari da)

ALETXANDRA: (Ileak airean, koleran) Zer dire manera hauk?... Batetik zakurra... Bertzetik borroka... Urtxula, zer ari zare hola?

URTXULA: Parrukiano zikin hunen faltak dira denak... Zakurrari, zu ernatutzeko, saingatu dio.

ZURRUT: Aski zunan edaterat ematea.

URTXULA: Pagatu gabe, edaterat nahi du...

ALETXANDRA: (Koleran) Ernozu edaterat zikintsu horri... Ase eta, leher egin dezala!... Orduan bederen bakea emanen du.

URTXULA: Berritz ere, etorriko da ordea, hola tratatzen badezu.

ALETXANDRA: Zorrak pagatu arte, datorla... Hek pagatu-eta haatik, fini izanen da gure etxean kreita... Fini... Eri pototsari musu ematen diot: Orduan fini eta fini... (Ateratzen da)

ZURRUT: Hobe diat beraz beti zorretan bizitzea. Hola beti kreita izanen diat.

URTXULA: (Zerbitzatuz) Torizu zure ardoa... Tragain arraioa zu!... Agian horrekin itoko zera.

ZURRUT: Agian ba!... Horrekin nahiago dinat, urarekin baino. (Edaten du solaseri gaki diren jestuak eginez) Ha, edari urre gorria, errespeturekin hartzen haut nere erien artean... Edaterat goazen baso arnoa, lehenik altxa dezagun bi eriez, eta beha diezogun, begien ongi satisfatzeko horren balusa nir-nir beroaz... Gero, sudur azpirat hurbil dezagun sudurra horren zapore gozoaz hazteko... Eta orai, edan dezagun... Lehenik xorta bat pasabideen garbitzeko... Gero trago on bat, gorputz guziaren satisfagailu... Ha, zer gauza hau!... Arnoa norbait da gero. Eta norbait bezala behar zaio mintzatu: Ba, nik nahi bezala haiz. Pasatzean, zintzurra pixka bat karrakatzen duk... Eta ondotik uzten duk zapore garratx bat, idor eta karats aire, azukre soberarik gabe... Hi eta ni, beti adixkide izanen gaituk. (Urtxulari) Zer kara egiten dunan no, Honddarribi!...

URTXULA: (Koleran) Ez ni gehiago errabian jar... Eskoba honekin jo-eta bialtzen zaitut gero zakurren ipurdirat.

ZURRUT: Erran... Kliantak atetik kanporat ematea ere, polliki dun ba, haraino igorri gabe.

URTXULA: Zu bezalakoen tokia han dago.

ZURRUT: Erran, ez dun uste, hik eta nik, elkarrekin ematen bagine, lore buketa pollit bat egin ginezakela?

URTXULA: Bai, arrosa astokarloekin bezala.

ZURRUT: Hola ez bahaiz kontent, emanen gaitun hi lore, eta ni lore-untzi.

URTXULA: Gure etxean, ez da lorerik pizuntzietan jartzen.

ZURRUT: Oi-sus!... Hauxe minagria haizen no! Ez izanagatik hiretzat agrados, ez gero uste izan nexkatxa guziek tu egiten dautatela... Segidan hemen izanen ditun frogak... Hor heldu baita neskatxa xarmant bat... (Manana agertzen da) Agur Manana!...

MANANA: Agur, Antton!

ZURRUT: Hola, ba... Norbaitek bederen nere izena erran dezala... Aditzen Urtxula?... Antton dinat nik izena, eta ez: Zurrut.

URTXULA: (Mananari) Zer nahi zinuen?

MANANA: Amak igortzen nau... Pinta bat, gorritik, emateko.

ZURRUT: Zato gaizo Mariana. (Urtxulari buruz) Ez Manana, ez... Zato, jar zaite nere ondoan. Behar ditugu bi solas egin.

URTXULA: Manana!... Lotsagabe horri, zuhur badezu, ez zaitela fidatu!

MANANA: (Mihia tiratuz Urtxulari) Hik, zer behar dun gure aferetan?

ZURRUT: (Alegia koleran) Ba... Hik zer behar dun?... Zer haiz?... Jelos?...

MANANA: Zer haiz?... Jelos?...

URTXULA: (Zurruti) Ez uste izan, hori bildu dezula-eta, broku edo pottorro famatu bat zerala... Edozein zozokume aski bailitake lan horretako.

ZURRUT: Jes!... Aise ematen dun hik jendea zozo kaiolan... Ekatzin hunarat bi gorri, bat Marianarentzat eta bertzea neretzat.

URTXULA: Bai... Nork pagaturik?

ZURRUT: Pagatuko ditinat ba.

URTXULA: Bai... Patrikera ziloekin.

ZURRUT: Nik zarpak zilo izanik ere, hau hemen dun gero... Mariana erakuts-ozu ehun liberako hori: Hor badun pinta bat arno eta, bi basorena... Ez da hala, Mariana?

MANANA: Ba, preseski!...

ZURRUT: (Alegia kexu) Dirua eskutan heldu den klianta ere ez dute errespetatzen ostatu huntan.

URTXULA: (Esker gaxtoz zerbitzatzen ditu)

ZURRUT: (Urtxulari) Eta, zerbitzari ongi ikasiek, irri ttiki bat ezpainetan zerbitzatzen diten, eta ez holako arpegi ilunarekin.

URTXULA: Leher egiteko pozoia balitz botoila huntan, orduan bai, irri txiki batekin zerbitza nezake.

ZURRUT: Debru kamartza zizta!... Hortako hobea hitake ba, hi!... Edan dezagun, Mariana!... Txintxin... Tori! Beharrik etorri zare... Bi solas zurekin egin nahia nintzen.

MANANA: (Kontent) Ha, ba!

ZURRUT: Zuen etxean bazinukete ohe bat neretzat?

MANANA: Ba... Gure etxean badire bi ohe... Bat amarena, eta bertzea, nerea...

ZURRUT: Nik, zure ohearen xoko bat aski nuke.

URTXULA: Ai, zeruko senora! Bakotxa bere xokoan egongo ahal dire!

ZURRUT: Zer gogoratzen zain, no?... Ez dinat gero mezarik gabekoa esposarik egingo.

URTXULA: Horrelako esposa ez laiteke biarbada mezarik gabekoa izango, bainan buru-buztanik gabekoa.

ZURRUT: Ba, pentsa zan nahi dunena... Guri berdin zaukun... Errazu, Mariana, zure ohean, xoko ttiki bat emanen dautazu?

MANANA: Ba... Ohe guzia ere emanen dautzut zuretzat. Amarekin lo eginen dut nik... Hala egiten dugu beti neguan... Beroago izateko...

ZURRUT: Aipa-ozu amari, ean nahi nauen ni... Eta, nahi banau, zuen etxerat etorriko naiz bizitzerat.

URTXULA: Bai, lehengoen gainera, holako garnidura baten biarra daukate haukien etxean.

ZURRUT: Ez zazula kasurik egin, Mariana... Jelosiaz mintzo da... Ikusiko duzu... Biak esposatzen bagare, ez duzu izanen ni baino gizon zintzoagorik... Langilea, erretiratua, bere paga xuxen etxerat ekarriko duena... Zuk, askiko dituzu barneko lanak egitea.

MANANA: Ba... Goizean ere, nik egina dut baratxuri salda.

ZURRUT: O, baratxuri salda! Zer gauza: Izigarriki maite dut, goizetan barurik.

URTXULA: Bai, kaka on baten ondotik baratxuri zopa omen da sendagailurik hoberena.

ZURRUT: Iduri dun frogatua dunala.

URTXULA: Frogatua?... Nik ez... Bainan, zu, zu horretako maistro baitzera, zure ahotik ehun aldiz aditurik daukat.

ZURRUT: (Oihuz) Ai, ai... Ama gaixoa!... Kasu kasu... Horra «bruilarta» eta zurrumiloa!...

KATALIN: (Kanpotik) Erran, erran!... Zer haute, orratz zilotik zerbitzatzen pinta bat arnoren beha hoinbertze denbora egoteko? (Agertzen da) Ha, bi gurutzeak! (Mananari) Nik ez zakinat zoin oiloren xitoa haizen hi, holako zikintsu zikin bati kasu emateko. (Zurruti) Eta hik, jakintzak, nere alaba ez baduk bere gisa uzten, hertzeak hustuko dizkiatala mato batekin bizkarra berotuz.

MANANA: Ama!... Nerekin esposatu nahi duela erraten daut.

KATALIN: Hirekin, aker hori?... Gaixo bildots inozenta hi!... Zertaz bizitzeko?... Horren putzez?...

ALETXANDRA: (Sartzen da) Zer dira oihu hauk barne huntan? Katalin, ez zintazke apaltxago mintza?... Ni burutik minez-eta...

KATALIN: Bai, ni etortzean ditun, hik ere, buruko eta tripako minak.

ALETXANDRA: Zer uste duzu? Alegia min egiten dudala?

KATALIN: Aski dun hobeki gobernatzea. Gutixago triguan ibiltzen bahintz, sanoago hintake hi ere.

ALETXANDRA: Noiz ikusi nauzu ni triguan?

KATALIN: Barne huntan ez duzue bertzerik egiten... Eta zer nahi duzue?... Nere alaba, zuek, bezala bilakarazi?... Hik ez dun alabarik zaintzeko?... Hire barne zikinduarekin, ez haiz eta, behin ere kapable izan, baten hazteko.

ALETXANDRA: Emazteki mozkor zikina... Zoazi hemendik kanpora!

KATALIN: Ba... Ganen naun... Manana, nana hunarat, hi ere... (Zurruti) Hi bezalakoak, piper gorri bat gibeletik, eta hari su-eman eta, lasterkatzea merezi likek... (Ateratzen da)

ALETXANDRA: Zer emazteki mihi asprea, hori ere... (Ateratzen da)

URTXULA: Zuk ere, broku eta pottorroka, alaba bildu dezu, bainan ez haatik ama.

ZURRUT: Makela zahar bat dun hori.

URTXULA: Nolaz ez diozun ohe kantail bat galdatu horri ere?

ZURRUT: Sobera beldur naun, no, baietz, erran dezan.

URTXULA: Bai, biak ere ez dezute, bati kendu-eta bertzeari emaitekorik.

ZURRUT: Milesker, hire konplimenduaz... Bainan, ez dun hori nik maite dudan plata.

URTXULA: Zu, gizon abila zera gero. Goiz huntan berean, badituzu jadanik, bi baso arno dabalde klikaturik...

ZURRUT: Bai, eta egingo ditudanak bertzalde... Ikusiko dun, no, hor heldu baitire: Kalaxka eta Potzo. Beharko diten, horiek ere, pixka bat arindu.

KALAXKA: Tana hunarat, Potzo!... Behar diagu erkatza tratatu... (Zurruti) Hor haiz, hi ere, zerria!

ZURRUT: Zuen zerbitzuko, adixkideak, zuen zerbitzuko.

KALAXKA: Egiteko dugunarentzat, ez gaituk hire zerbitzuen beharretan... Badiagu gure buru zerbitzatzen aski lan... (Urtxulari) Non da Aletxandra?

URTXULA: Hor, barneko aldean; burutik minez dago.

KALAXKA: Ai, hanbat gaixto!... Nik urrikari diat buruko minaz joa dena... Ez duk min gaixtoagarik... Nik hori bazekiat, nere gustuz. Ekatzu hunarat, bi gorri!...

POTZO: Buruko mina pitsik ez duk, tripako minaren aldean... Tripako mina, hura duk hura, lazgarri.

KALAXKA: Tripako mina?... Aipatzea ere ez dik balio... «Tirrit eta tarrat» egin-eta, gana duk hura. To... Nahiago ditiat nik, bortz tripako min, buruko min bat baino.

POTZO: Ha, gaizoa... Gaizo pirua!... Hik izan dituk buruko minak eta bizi haiz... Bainan izatu bahu tripako mina... Eta ez tripako min osoa, bainan tripako min erdi bat... han izanen hintzen, zizarien janari.

KALAXKA: Ago ixilik... Behin ere deusik ikasi gabea, hi! Zilkotik bala batek pasatzen bahau, pasean-pas, aterako haiz... Bainan, aterako haiz, bala bat pasatzen bazaik buruaren erdiz erdi? Hortarik ageri duk garbiki, min bera, tripan hobe dela buruan baino. Ez da hori hola Urtxula?

URTXULA: Nik ez dakit, bainan etxeko andrea maiz minez baitago, batean burutik, eta bertzean tripatik, harek esango dizute seguro zein den gaixtoena.

KALAXKA: To, nahi dituk bi baso hauk pariatu, Aletxandrak ni bezala erraiten duela?

POTZO: Ez bi, bainan hiru, lau, joka nezazkek, neri Aletxandrak emaiten dautala arrazoin.

ZURRUT: Hiru, lau baso pariatuz geroz, heien edateko laguntzaile bat beharko duzue.

KALAXKA: Erne hindagon... Hortako laguntzaileak aise hatzematen dituk... Ator halere!... Urtxula, zerbitza-azu hirugarren baso bat, eta errozu Aletxandrari hunaraino etor dadien... (Urtxulak, errana egiten du)

POTZO: Ba, eta, ez zakala gero galdea eginez, errepusta ere sala.

KALAXKA: Ez nauk ni zikanero bat, hi bezala... Aski diok hihaurek galdea egitea... To, huna non den Aletxandra.

POTZO: Bon, ixilik!... Errazu, Aletxandra, zure iduriko zer da hobe?... Buruko mina, ala tripako mina?...

ALETXANDRA: (Samurki hehatzen diote, errepustarik eman gabe)

KALAXKA: Ba... Zuk izaten omen dituzu tripako eta buruko minak: Nondik da hobe sofritzea?

ALETXANDRA: (Koleran) Zer zarete? Nitaz irriz ase nahiak? Ez naiz gero ni, batere jostakura... Nik, nere buruaren errespetua egundainotik atxiki izan dut... Eta, emazteki mozkor baten solaseri kasu ematen badiozuete, behar diren gizonak bilduko ditut gero zuen ixil-arazteko, onez onean ez bada, bortxaz bederen... (Ateratzen da)

KALAXKA: (Harritua) Jes... Zer dik horrek? Hik konprenitu duk pitsik, to?

POTZO: Nik ez... Pitsik... Hori, zerbaitez minberatua duk?

KALAXKA: Badik ba, ateraldi horrek, bere erroa nonbait... Hik, Zurrut konprenitu duk?

ZURRUT: Bai, nik hauxe konprenitu dut... Zuk parioa galdu duzula.

KALAXKA: Nolaz hori?

ZURRUT: Buruko mina baino, tripakoa gaixtoagoa izan behar da... Buruko mina aipatu bazinio ez zen Aletxandra hola asaldatuko... Bainan tripako mina aipatu ordu, ikusi duzu nola kexatu den?

KALAXKA: Ha debrua... Ha debrua... Horra beraz non zian haren solas zurruztak bere iturria... Berdin zaitak... Hiru baso hauk nere gain... Bainan, dobla segidan, kanibeta jokoan egitekotz...

POTZO: Ba, nahi baduk...

KALAXKA: Bon, basoak huts... Eta, ator kanporat!... Hi, Zurrut jujari... Haatik ez, jito kume hura bezala eskuak bete eta, ihesi gan gero.

ZURRUT: Errazu, ez naiz gero ni jitoa.

KALAXKA: Ba, halatsu haiz ba, hi ere... Bon, goazen!... Ixtante artino, Urtxula!...

URTXULA: Bai, ixtante arte! (Bakarrik) Taberna huntan gertatzen direnekin, zinema egin ditake, zinema... Gizona baino txoroagorik ba ote daiteke?... Urrundik ikusteko hobeak dire, hurbildikan baino... Emakumiek gizonak ezagutzen balituzte, nik bezala, emakume bat, bat gero, ez liteke espostuko... (Leihotik behatzen du) To... Pepe helduki... (Bere burua apaintzen du)

PEPE: (Irriz... Zerbait eskuan gorderik daukala) Agur!... Bakarrik zare?

URTXULA: Oraikotz bai.

PEPE: Sarri libro zare?

URTXULA: Zergatik?

PEPE: Bietan dugu itsasoko tenorea... Ordu artino libro naiz... Heldu zare zinemarat?

URTXULA: Berdin... Etxeko andreari eskatuko diot...

PEPE: Bederatzietako kaiaren hegian izan zaite!...

URTXULA: Ondo da... Zer daukazu eskuan gorderik?

PEPE: Xori ttiki bat.

URTXULA: Erakuts...

PEPE: Ez, ez duzu ikusiko.

URTXULA: Bai, biarko dezu erakutsi. (Eskua hortxatzen dio... Pepek, eskuan baitauka urez beterik, kautzuzko zirringa bat, tirez arrosatzen du) Ai, urdea!... Izango dezu bai errefera... (Urtxulak limonada botoila bat harturik, hasten dira, biak irriz, harat hunarat lasterka elkar arrosatzen) Ai... Hi hi hi!... Bai, nik ere busti zaitut... Ai!... (Eta holako)

ALETXANDRA: (Agertzen da, eta izigarriki kexu) Urtxula, zer dire manera horiek?... Zer diozkatzu?... Fama tzarrak eman nahi ostatu huni?... Zure errespetua ez baduzu zaindu nahi, bederen zaint-zazu ostatu honena.

URTXULA: Jostatzen ari ginen.

ALETXANDRA: Jostatzen?... Nonbaitik ere, gizonekin dituzu zure jostetak... Ez zare ahalkatzen ere... Nor-nahiren trapu tzar hola zure burua libro uztea.

PEPE: Ez zaitela kexa, Aletxandra!... Limonada pagatuko dut.

ALETXANDRA: Ez da hortan... Zuk ere, ikas-azu bertzaldikotz, ostatua edateko egina dela, eta ez... eta ez, zerbitzariekin borroka aritzeko...

PEPE: Borroka... Borroka... (Koleran) Bon, bon... Badire gero bertze ostatuak ere... (Ateratzen da)

URTXULA: (Trapua botatzen du mahain gahierat, eta, jartzen da, mutur)

ALETXANDRA: (Beti koleran) Ez du balio orai mutur saltsarik egitea?... Erranak erran... Eta, goberna hobeki!...

URTXULA: Bai... Zurea huntan gelditzen da... Bainan nerea?... Zer biar du Pepek nitaz pentsatu?... Zer izango naizela... Zuk nitaz esanen ondotik.

ALETXANDRA: Pentsa dezala nahi duena!...

URTXULA: Bai... Neri tokatzen direnak, zuretako pitsik ez dira... Neri esatekoak, esaten ahal zenituen bai, buruz-buru, eta ez Peperen aurrean.

ALETXANDRA: (Espaldak altxatuz) Pepe!... Pepe... (Ixtant bat ixilik dagozi) Ala, zer duzu? Ez duzu bederen?... Zer duzu zerbait abiadura harekin?

URTXULA: (Nigarrez xanpan lotzen da)

ALETXANDRA: (Eztiki) Ha, bon... Ez nekien... Ez du balio ez, nigar egitea... Ez duzu Pepe batere mutiko makurra... Ez liteke batere gaizki... Hola jakinaren gainean izanen naiz... Ale... Segi-atzu hemengo lanak!... (Ateratzen da)

URTXULA: (Emeki bisaia agertzen du... Begiak xukatzen ditu... Peperen lore buketa harturik, usain egiten dio... Lorietan, loreei musu ematen diote)

 

aurrekoa hurrengoa