www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Portu Txoko
Piarres Larzabal
1954

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (I), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

LEHEN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Kaia ezkin bat. Murruaren bertzaldean itsasoa... Honaindian: jar toki bat, eta karrika-ezkin hedatu bat.

 

 

ZURRUT: (Arrantzan ari, murru gainetik) Zer zagozte? Beha zer aterako dudan? Ni ere hala nago... Afariketarat etorri, eta afaria urean. Korrokoin zikinak!... Multzo osoa hor dabila amuaren inguruan... Eta bilabatek «hau» pako bat ez diotela eginen amu horri! Korrokoin pildak!... Apasta, hiru aldiz segurik saindatu diotet... Bota zizari, zardin zahar ustel, bota ixkira... inguruko apasta guzia jaten dute, salbu amuko hura.

URTXULA: (Agertzen da) Ai-zu Zurrut!

ZURRUT: Zer dun?

URTXULA: Sarriko padera handia, biar det berotu, zuri afaria jartzeko ala padera txikia aski izango dezu?

ZURRUT: Egin zan trufa... Zer uste dun?... Atzo ez dinatala deus ekarri-eta, egun guziz otarrea zilo etorriko naizela?

URTXULA: Zer-nahi arrapatu dezu naski?

ZURRUT: Ba... Baditinat beti bortz korrokoin ederrak... bi mutzurdin... Eta, amuari hurbil hor ikusten dinat dabidala hiru kiloko lupina kozkor bat... Eta sarriko, hire padera utzi-eta, eltze bat apailatzen ahal dun... Ez, freitura txar bat, bainan ttoro saltsa on bat muntatzeko.

URTXULA: Ikusi otarre hori!

ZURRUT: Utz-an otarre hau bere gisa... Ez zanala hori hunki. (Urtxulak halere miatzen dio otarrea) Neska izokin basa... Utz-an hori.

URTXULA: Hi, hi, hi! (Irriz) Hemengo korrokoinengatik, berritz ere kaka mehe egin biarko dezu.

ZURRUT: Hi... Urde Hondarribitar moko zikin umea!...

URTXULA: Bai... Hondarribitarrentzat badezu beti zerbait esateko... Baño, biarrik dezu ni bezalako Hondarribitar bat zure zerbitzeko...

ZURRUT: Ez naun hik biziarazten!

URTXULA: Jaterat ematen segurik, nik egiten dizut gure tabernan.

ZURRUT: Zuen ostatuan, hik eta hire ostatuko andreak baduzue ni bezalako kliant on baten beharra.

URTXULA: Bai, zu bezalako parrokiano, beti zorretan bizi den baten biarra. Eta gainera, etxeko andrearen ixilik, nik emaneri esker bizi dena.

ZURRUT: Hik, zer pasatzen dautan niri?

URTXULA: Hamaika eta hamabi pokado bai, nik zuri ixilik pasatzen gure tabernan... Eta, gainera, zure garbitzea eta zure puska tzarren konpontzea nik egiten... Atzo azkenik, ez banitu nik orratz eta haria eritan ibili, egun, galtza ipurtik ernari, jende guzien farragarri izango baitzineke...

ZURRUT: Ez haiz urririk ari!... Kontuetan markatzen dun, egiten dunan lana?...

URTXULA: Zer zor duzun apuntatzen det bai, bainan aise altxatzen ere zuk ematen dezuna.

ZURRUT: Nere zorrak pagatu ditinat. Ez ditinat ukatzen. Ikusiko dun atun sasoinean.

URTXULA: Atun sasoinean bai!... Zer nahi egingo dezue atunarekin... Gero ikusiko. Jadanik, gure etxean gela galdu dezu, eta, gainera, taberna ere agudo galduko dezu. Hasteko, etxeko andreak esana dit, ez gehiago zuri deus ere zerbitzeko, eri puntetan diruarekin baizik.

ZURRUT: Ikusiko dun bertze ostatu batetara abiatzen banaiz.

URTXULA: Bai, zeinek hartuko zaitu?

ZURRUT: Gela niri kentzean hauxe bera erraten zinuten... Ez nuela nehon oherik atzemanen... Atzeman dinat haatik.

URTXULA: Bai... Non?

ZURRUT: Ez dun hori hire jakitekoa... Nik lo egiteko tokia atzeman beti!

URTXULA: Bai... Zer uste dezu? Ez degula jakina? Barkoko patroinak berak esanik-eta... Ohea badezula bai, bainan non?... Barkoaren tripan... Urrikariz, kalian eman dizula gauazko «pentsionea».

ZURRUT: Eta denak nonbaitik zilatzen... atso bakalau buztanak!

URTXULA: (Kanabera hunkituz) Eta zure lupina horrek ez du oraindik jaten?

ZURRUT: Utz-an seska hau bere gisa.

URTXULA: Bo... Ase-ta, pausan izango da.

ZURRUT: Urrun hadi hemendik hi, santsusi tupiña... Eta, jar hadi hor, alki hortan. (Irriz obeditzen du) Hi bezalako neskek ez liteken bizi behar ere... Mundu hau pozoinatzeko bertzerik ez baitzarete.

URTXULA: Zer nauzu?... Hiltzerat kondenatzen?

ZURRUT: Hi, eta hi bezalakoak, behar litezken batteliku batean sartu, itsaso zabalerat ereman, eta han, matapitxa batekin lepo zokoan jo, eta, marrazoeri jaterat botatu...

URTXULA: Marrazoek nahiko ote dute ni bezalako peita kiretsa? (Ixtant bat ixilik dagozi)

ZURRUT: No... Hire gizon gaiak hor zabiltzan hire ondotik.

URTXULA: Nere gizon gaiak? Ba ote? Nor?...

ZURRUT: Bitor eta Pepe... Ostaturat gaki ditun, ustez eta han haizen: (Oihuz) Bitor! Pepe!... Tana zaitezte hunarat... Hemen duzue zuen nonina...

BITTOR: Zer motari ari haiz hor, Zurrut?

URTXULA: Baratxe mintza zaitezte... Hiru kiloko lupina omen du arruaren kostagoan. Nik uste xitan dagon lupiña koloka zenbait izango du... hiru ordu hautan segurik hor dago beha noiz, atzarri-ta peita jango dion!

BITTOR: (Irriz) Nonina pikoka ari zaik to, Zurrut... Hire lupiña hori gehiago ez ernatzeko, zer duk?... Arrunt tupiña?

ZURRUT: Ba... Hor ziagok mugitu ere gabe... Nik uste, Hondarribiko gallego zenbaiten haragiz ase-ta, ezin leher eginez ari duk.

BITTOR: Beldur nauk mantta ttikia tiratuko dukala hortarik! (Bitor eta Pepe jartzen dire Urtxularen bi bazterretan)

ZURRUT: Hi, gure bornuko patroin handia, pentsatzen diat aurten, hire katalotxak ongi argiturik, gidatuko dukala gure zalupa. Eta, gan den urtez baino toki gizenagoetara eremanen gaitukala.

BITTOR: Ikusiko duk to aurten... Portuko manttarik handiena guk aterako baitugu... Peperi aipatzen niokan... Gure xalupa «ALBA XURI»-a, ez dik parerik portu guzian... Han ziagok ainguran, motor guzia erreberritua, zubi gaina saluna bezin garbi, tinta berriaz iguzkiari dirdir... «ARRANUA», «GERNIKA» eta gainerateko zalupak haren itzala ere ez dituk.

ZURRUT: Laster abiatuko gaituk zabalera?

BITTOR: Ba, heldu den gauean berean... Zardina agertzen hasi omen duk... Zenbeit xori pottorro tiroz bota-eta, hekien tripan atzeman ditiztek frango kozkorrak ere...

ZURRUT: To, hobe segurki... Ez duk goizegi izanen.

URTXULA: Ai-zu Bitor... Egia da zuen barkuan hotela egiten dezutela... Eta, gela bat, eskotilla azpian, kliante elegante batentzat muntatu dezutela?

BITTOR: Ba, egia da... Gure xalupa pollitak merezi ahal du gau beilari bat.

URTXULA: Eta, ohea, mihisekin egiten diozue?

BITTOR: Ba, behin ere zikintzen ez diren mihisekin.

URTXULA: Eta, gauazko here biarrentzat, badittu muntadurak?

BITTOR: Ba, tomate ontzi koxkor bat, mantta ixilletik erosia.

ZURRUT: (Bizi-bizia) Errak... Bornuko ixtorioak utziko dituk gero bornuan. (Bertzeak kurkur irriz ari dira)

PEPE: (Emeki hurbildu zaio Urtxulari, zangoz hunkitzen duela... Urtxulak bere josturako otarrea pausatzen du bere eta Peperen artean, Pepe ez dadien sobera kontrarat etor)

URTXULA: Beha, ez den pollita nere josturako otarre hau?

PEPE: Ba, hala da.(Eskutan harturik otarrea, nahi luke oraino gehiago hurbildu)

URTXULA: Otarre hori utz-azu, zu eta nere artean... Baitezpada hortxet biar det hori!

PEPE: Bon, bon... (Konprenitzen du eta puxka bat urruntzen zaio... Bertzaldetik, Bitor heldu zaio kontrarat)

BITTOR: Nahi duzu nik haria atxikitzea?... Ori, hola, esku huntaz!...

URTXULA: Eskerrik asko... Ez det zure eskuaren biarrik... Baditut nereak bi.

BITTOR: (Bizkar aldetik besoa hedatzen dio) Zer neska xarmanta zu!

PEPE: (Honek ere, Bitorrek bezala besoa hedatzen du)

URTXULA: Ken esku horiek hortikan. (Ez dute obeditzen) Bueno! Egon bada ni gabe! (Xutitzen da) Jes! Zer dezute bada hola neri lotzeko? Lot zaitezte orai elkarri.

ZURRUT: (Irriz) Zuen ustez, polliki malobratuz hurbildu zarete xalantari, ba bainan xalantak defentsa azkarrak baititu eta abila gora.

BITTOR: Ba, bilduko diagu ba xalanta hori oraino, aborretik ez bada, ixtiborretik bederen.

ZURRUT: Ba, kokodilatzaile abila behar dik gero horri hurbiltzeko... Ez duk holako arrain ernerik, nola baita hori...

BITTOR: Den arrain erneenak azkenean biltzen dituk, «xaltian» ez bada, «ardorian» bederen.

ZURRUT: Nahiago diat nere lupiña zahar hau arrantzatu, arrain mota hori baino.

URTXULA: Arrazoin dezu... Ez baitzera, zure arpegi zikinarekin, aski peita fina ni apastatzeko.

ZURRUT: Badakit, zuk erran gabe, kottillundun arrainek ez dutela grazia handirik nere mutur beltzarentzat.

BITTOR: Ai, ai, ai!... Hik ere sarea eriatu duk, bainan harrokeri lotu zaik.

ZURRUT: Sarea?... Ez dik balio holako arraineri sarerik eriatzea, izurdieri baino gehiago. Tiroz eta harpoinaz behar dik egin holakoen arrantza.

URTXULA: Horrelako arrantzako aldian bazerate hara Manana xanket heldu... Aski dezue horixet biltzea.

MANANA: (Sartuz) Urtxula... Amak, zuen ostatura, pinta bat arnoren bilara igortzen nau.

URTXULA: Ekartzu botoila... Agudo beteko dizut... Dirua hor dezu?...

MANANA: Ba, ba... Horra kontua, xuxen, xuxena.(Urtxula ateratzen da)

ZURRUT: Manana, norentzat duzu arno hori?

MANANA: Ama eta bientzat.

ZURRUT: Zenbat pinta edaten dituzue egunean?

MANANA: Batzuetan bat... Eta, amak sosa hunkitzen duelarik, orduan bi.

ZURRUT: Nork edaten du gehienik?... Zuk edo amak?

MANANA: O, amak aise! (Eriekin jestuak eginez) Nik botoila horraraino, eta amak bertze guzia... Ba, eta gero batzuetan, moxkortzen da... Eta nik orduan irri egiten diot... Zer nahi erraten du... Kantari eta dantzan ere aritzen da, orduan... Oas, egun horietan, dantzan hasi-eta, ez da erori?... Eta gero, hau dena uspeldua zuen!... (Gibel mazela erakutsiz, irri egiten du)

ZURRUT: Nork tratatu du?

MANANA: Nik?

ZURRUT: Zerekin?

MANANA: Baratxuri xixtorrekin... Hek urean irakitu, trapu batean eman, eta gero ttapa-ttapa, uspelaren gainean pausatuz.

ZURRUT: Zer usaina ahal duen amak tratamendu horrekin?

MANANA: Bo... Ez... Baratxuri usaina.

ZURRUT: Errazu! Eta, egia da gizon-gai ketan ibilki zarela?

MANANA: Ez dakit... Amak nahi luke ba laster esposatzea... Bi emazteki garela... Ez dela aise bizitzea... Gizon bat behar ginukela, sos pixka bat irabazteko... Gizonaren manttarekin, aiseago bizi gintazkela... Ba, ba...

ZURRUT: Ori, zure sahetsetan badituzu zure senar nahiz erotuak, bi gizon... Eta, bat, untziko patroina... Horrek mantta ederra irabazten du... Hori behar zinuke gizontzat hartu.

BITTOR: Errak, utziko nauk nihaur nere sareen eriatzerat... Ari-adi hiretzat arrantzan, ez neretzat.

ZURRUT: Bai, horixet bai, zuk behar bezalako gizona liteke... Gaztea, zintzoa, eta gainera patroina.

MANANA: (Bitorri hurbiltzen zaio gero eta gehiago, Bitor hartarik urruntzen delarik, emeki)

ZURRUT: Zer gaki haiz?... Peitari ihesi, to?...

BITTOR: (Alki bururaino heldua. Betbetan xutitzen da) Ai, ai, ai!... Arranpa tzar batek zango hau hartu zaitak!... Ai, ai, ai...

MANANA: Zer duzu?... Zer duzu?...

BITTOR: Ez da pitsik... Ez da pitsik... Xutitu-eta, ganen zait... Ori... Ikusten duzu, gan zait.

ZURRUT: Errazu, Manana... Bertze hori ere hor duzu gero?... Hori ere gaztea da.

MANANA: Ha... Ba, ba, ba. (Peperi hurbiltzen zaio... Hau, lehenik urruntzen zaio Mananari, eta azkenean xutitzen da, Bitor bezala)

ZURRUT: Bon, bon... Akabo etxea!... Egundaino ez diat holakorik ikusi... Oiloa agertu, eta oilarrak ihesi... Nik ez zaituztet zuek biak konprenitzen... Axtian, nehondik ere, xalanta behar zinuten... Eta nik orai, xalanta bat zuenganat largatu, eta, biak harenganik ihesi zoazte.

BITTOR: Bertze aldian guri largatuko dituk panela osoko xalantak, eta zilatuak hiretzat atxikiko dituk... Errazu, Manana, zoazi horren ondorat ere puxka bat... Errabian dago zurekin buruz-buru goxatu nahiz!

MANANA: (Hurbiltzen zaio Zurruti)

ZURRUT: (Oihuz, amuari zerbait lotzen balitzaio bezala) Ai, ai... Arrain itsusia... Zakaila, zakaila bat!

MANANA: Nun ikusten duzu zakaila?

ZURRUT: (Eriz Manana erakusten du, hau ohartzen ez dela) Huna, huna!... Hor, hor!...

MANANA: Ez dut ikusten.

BITTOR: To, ederki ziagok... Zakaila zakilarekin.

ZURRUT: Ez da urean... Leihorrean da.

MANANA: Ha, otarrean? (Otarrea, miatzen du) Jes... Ez da hemen ere zakailik.

ZURRUT: Errazu Marrana... Badakizu zer diren arrosa eta eztia?

MANANA: Ba, badakit...

ZURRUT: Zu, neretzat arrosa eta eztia bezala zare. Maite zaitut ba nik... Zuk ere maite nauzu ni?

MANANA: (Irriz, ez du errepustarik emaiten)

BITTOR: Bon, bon... Astokeriarik, aski badiagu orai... Apaila-adi ahal dukan bezala, hire zakaila, arrosa eta eztiekin... Errak, eta gau huntan, hiru orenetako listo gero... Xalupa mutilari errana zioiat bertze bornuko lagunen abisatzeko... Hik, aski dituk arbia eta turtoa kargatzea... Bolintxa hartuko diagu, peita pixka bat, ahal badugu, egiteko... Bon, bagoazik.

ZURRUT: Ongi duk... Ni listo han izanen nauk aingura altxatzeko, goizeko hirutan.

BITTOR: Sarri artino beraz!...

ZURRUT: Ba, sarri artino! (Bitor eta Pepe ateratzen dira)

JITO: (Sartzen da. Hurbiltzen zaio Zurruti... Itsasoari behatzen du, otarrea miatzen)

ZURRUT: Nor haiz hi, to?

MANANA: (Trufaz) Hori, jitoa da... (Jitok eta Manacak elgarri mihia tiratzen diote) Kasu emazu... Ohointzak ere egiten ditu.

URTXULA: (Oihuz) Manana!...

MANANA: To, Urtxula oihuka... Zer da?

URTXULA: Ator hunara, arnoketarat. (Manana ateratzen da)

ZURRUT: Aita, nor duk hik?

JITO: Ez dut.

ZURRUT: Eta ama?

JITO: Ama?... Preso.

ZURRUT: Norekin bizi haiz ba?

JITO: Nere buruarekin.

ZURRUT: Non lo egiten duk?

JITO: Nere atorraren barnean.

ZURRUT: Urde zirtzila hi... Holako errepusten ematen ikasi huen ba hik ere, mukuak kentzen baino hobeki. (Ixilik daude ixtant bat) To, horra bertze bi errementak heldu... Potzo eta Kalaxka... Horiek zertarat heldu diren, jakina da... Kanibeta jokorat, edaria pariatuz.

KALAXKA: Tana hunarat... Bota jokak... berrogoita hamarna libera... Hemen marra... Landatzen diat kanibeta marraren gainean... (Jitori) Hik, mutikoa gure jokak atxikiko dituk, eta kintze bakotxarentzat, irabazleari hamar libera emanen diozkak... (Biek ematen dituzte berrogoita hamarna libera) Totzik jokak... Ematzik zarpan.

JITO: Zarpak zilo ditut.

KALAXKA: Bon... Ematzik nahi dukan tokian... To, ematzik golkoan. (Hala egiten du) Bon, tira sosa marrari. (Kalaxkak eta Potzok tiratzen dute)

POTZO: Hi baino hurbilago nauk marrari. Hamar libera hunarat, to... (Jitok, jauzika, sosak galtzapetik ateratzen ditu)

KALAXKA: Lehena hire... Ean bigarrera?... (Tiratzen dute biek) Ha... Hi baino hurbilago nauk marrari... Bigarrena nere... Bota hunarat sosa, mutikoa. (Jitok ematen dio, beti jauzi eginez) Tira dezagun berritz. (Tiratzen du)...To, sosa marraren erdi erdian diat... Niri nausitzekotz, kanibeta beharko duk jo.

POTZO: (Tiratzen du) Tenk!

KALAXKA: Zer, tenk?

POTZO: Tenk!... Ez duk aditu, kanibeta jo duela nere sosak?

KALAXKA: (Hasarre) Zer ari haiz, hi, ametsetan? Non jo dik hire sosak kanibeta? (Heien kalapitaz baliatuz, Jito ihesi doa, hek ohartu gahe, bere diruarekin)

POTZO: Hementxet... Horra, hor jo diat kanibeta!...

KALAXKA: Hik, ikusi duk kanibeta jotzen? Hire begieri behatu-eta, iduri ditek gatu-arrain begiak, bainan, sosa ikusi balin baduk kanibeta jotzen, saltzen ahal dituk, lehenbailehen, hire begiak, trapu-tzarketariari.

POTZO: Hi ere, ez baduk tenkako hori aditu, gaten ahal haiz buru sahetseko panela horien pixka bat karrakatzerat.

KALAXKA: Bainan, mutikoa, hire sosa, kanibetatik hiru eri trebesetan duk!

POTZO: Ba, kanibeta jo-eta, horrarat erori delakotz.

KALAXKA: Beti gauza bera duk hirekin... Egundainotik zikanero bat izana haiz... Bo, tototo... geldi gaiten... Sosa parti eta geldi!...

ZURRUT: (Maltzurki) Ez duzue sosen partitzeko lanik izanen... Partituak baitira.

KALAXKA: Ale, mutikoa, ekatzik hunarat gure jokak... Beti gauza bera duk hirekin... Bakotxak gure jokak har, eta gauden hortan... Bainan... non da gure mutikoa?...

ZURRUT: Zuen jokozariari, ez dakit zer gertatu zaion, bainan, zuek gaudian hasi-eta, hortxet barna tira-ahala gana da, ipur zilotik su lotu balitzaio bezala...

KALAXKA: Zer?... Galtza laxatzerat?

ZURRUT: Bai... Galtzak laxatu bide ditu, bainan zuen sosen biltzeko.

KALAXKA: (Harritua) Zer?... Ebatsi?... Hori ere badiagu?... (Koleran) Urde jito kume, zorriek jan, zikina... Eta, hortako alderdia izaki? Eta, hik zertako utzi duk urruntzerat, guri pitsik erran gabe?

ZURRUT: Bai... nor sar zuen tartean?...

POTZO: (Jarriz) Bon... Hau ederra diagu... Goizean, gure atxoak emana baitzautan berrogoita hamar liberakoa bi egunentzat, hori duk hori, bi egunen arrantxoa laster despeitzea.

KALAXKA: Jito zikina!... Ni, gobernamendua banintz, legea egin nezakek segidan: Jito kume guziak, gatu kumeak bezala, sor-eta, segidan, itotzeko... Eta jito handi guziak, ikus ahala, nor-nahik harpoinean pasatzeko.

ZURRUT: Gaizo jitoak!... Zuk ederki antolatzen dituzu: Egungo hori beti beharrik etorri da!

KALAXKA: Zertako beharrik?

ZURRUT: Hola bederen, aspaldiko partez, zuen jokoko oihu patarreak, lastertxago bururatu baitire.

KALAXKA: Ez zakiat batere, hi ere ez haizen partxuerkoan harekin!

ZURRUT: Bai, zuen diruarekin pinta on baten zigatuz, harek eta nik zintzurra dragatzekoa dugu sarri.

POTZO: Berritz ere, Antonio Irundarrak, hemen balitz, bere usaiako hizkuntza aterako ziken...

KALAXKA: Zer hizkuntza?

POTZO: Bere sudur mintzoarekin erranen zian: «Potella arraio horrek, izorratu gaitik!»

KALAXKA: Bai, behin bederen egia erranen zian... Haatik, ez dik gutaz sobera irririk egin behar... Goazen aintzinat kanibeta jokoan. Kreitean bederen ariko gaituk.

ZURRUT: Kreitean aritzekotan, ni ere hemen naiz, hirugarren.

KALAXKA: Irabaziak galda, eta zorrak uka, ez egitekotz.

ZURRUT: Hauxe zer konfientzia duzun nere baitan!

KALAXKA: Konfientzia hire baitan?... Izana galdua diat, eta berritz etorriko delakoa ere ba.

ZURRUT: Bon... Orduan egonen naiz sahetsetik beha.

KALAXKA: (Potzori) Tana hunarat. Tira sosa! (Ikusten du Manana heldu) To, hara bertze ixtribilus heldu.

ZURRUT: To, besotan duen haur hori bil banezo. Errazu Manana, zato nere ondorat! Zer duzu botoila hortan?

MANANA: Arnoa!... Urtxulak emana... Portu-Xokorat, arnoketarat etorria nintzen. (Kalaxka eta Potzo kanibet jokoan ari dire... Diote: tira, hiri, kintze nere... eta holako)

ZURRUT: Zure agertzea neretzat, albako izarraren distira agertzea bezala da... Ha, zu bezalako izar pollit bat behar nuke nik espos laguntzat. Nana ba nere ondoraino!

POTZO: (Kalapitan Kalaxkarekin) Nerea hurbilago duk marrari, hirea baino.

KALAXKA: Ez, begi kolpean neurtzen diat... Eri trebes erdi batez bederen, ni baino urrunago haiz.

POTZO: Ator hunarat, Zurrut... Ator... Zoin duk sos horietan, marrari hurbilenik?

ZURRUT: Zurea... Zu nausi zare.

MANANA: (Zurruten onlotik dabil, haren erranak errepikatuz) Ba, zu nausi zare!

KALAXKA: (Zurruti) Hi, ikusi gabe ere, nere kontra haiz.

ZURRUT: Zertako zure kontra?

MANANA: Zure kontra, he?

KALAXKA: Bon, ikusiko dugu... Neurtuko dugu... Goazen neurt. (Mokanes muturrarekin neurtzen dute)

ZURRUT: Ba, neurtzen ahal duzu ba.

MANANA: Ba, egiten ahal duzu ba...

KALAXKA: (Neurtuz lorietan) Horra!... Ikusten duk?... Horra!...

ZURRUT: Hep, hep, hep! Aise ari zare zu hola?... Sos hau neurtzeko mugitu duzu bere lekutik.

MANANA: Bere lekutik, ba.

KALAXKA: Ez diat nik sosik hunkitu...

ZURRUT: Ba, hunkitu duzu.

MANANA: Ba, hunkitu duzu.

KALAXKA: Ez diatela hunkitu.

ZURRUT: Baietz!

MANANA: Baietz, ba...

KALAXKA: (Mananari) Zaude ixilik, zu enoxenta!

POTZO: Ale, ale... Kintzea nere eta bakea.

KALAXKA: Ez eta ez! Ez duk pitsik egitekorik... Ez nauk ni, zikaneroa, zuek bezala... Hola ari baino, nahiago diat batere ez aritzea... Tana, Potzo... Baso bat pagatzen daiat eta hortan geldi... Hola ez duk gusturik... (Potzo eta Kalaxka ateratzen dire)

ZURRUT: (Mananari, alegia koleran) Aditu duzu Kalaxka, zuri enoxentka? Zuri enoxenta errateko, behar du gero gizon zitala izan!... Has dadiela berritz enoxentka, zuri... Planxarik ez badu behin ere jastatu, nik jastaraziko diot, esku hau matrailari zabalduz... (Ixtant bat ixilik) Ori!... Trago bat behar dautazu eman botoila hortarik... Solas eta solas, zintzurra agortu zaut.

MANANA: Ama ez dut kontent izanen, botoila hau ez badiot osorik erematen.

ZURRUT: Doidoia, lepo zolaraino hustuko dut... Zintzurra bustitzeko doia... Ikusiko duzu! (Edaten lotzen da)

MANANA: Aski!... Aski!... Aski ba... (Ikaratua) Ho, horra ama!

KATALIN: Errak, errak... Zer uste duk?... Hire tuio zikinaren garbitzeko, xahutzen dudala nik arno erosteko sosa?... Zikintsua hi!... Leher egin baheza oraino hortarik edanez, utziko hintuzket zintzur estalkiraino asetzerat... Nere alaba utziko duk bere gisa, hi, eskale, soineko galtzen doia ezin egile, mukiki saltzaleen seme...

ZURRUT: Errazu, errazu Kattalin!... Zu bezain familia onetik naiz gero ni!...

KATTALIN: Hi? Hire ama, zamar eta mukiki saltzen aritzen zukan... Eta, ez gintuzken gero, gure etxean, zuenean bezala, eriekin mukuak kenduz bizi!... Hire kraza usaina kenduko dukalarik mintzatuko gaituk buruz buru... Ez haiz ahalge ere!... Holako haur inozent batez baliatzeko!... Zato hunarat, Manana!... Uliek ere janen zaituzte, horren ondoan egonez... (Amak alabari botoila hartzen dio, hartarik trago bat edaten, eta biak ateratzen dira)

ZURRUT: Hau uma-aldia eman dautana... Sua eta urak behar omen dute gizonen arraza suntsitu... Mugitzen ahal dituk... Emaztekien mihiek, hek baino lehenago suntsituko baigaitiztek... Aditu duzue? Haur inozenta omen du, bere alaba hori...

URTXULA: (Agertuz trufan) Ai-zu... Zer egin zaizu? Lupiña itsasotik lotzeko partez, lurretik lotu?

ZURRUT: Bai... Ez, lupiña, bainan olarroa.

URTXULA: Eta neskatxarekin konpondu ahal zerate esposatzeko?

ZURRUT: Oraino ez...

URTXULA: Zer dezue bada makurrik?

ZURRUT: Doteaz ez gaituzken antola... Harek guti ekartzen, eta, nik ere, nere intresak zaindu nahi!

URTXULA: Ai, ai... Zer den bankero izatea!...

ZURRUT: Erran!... Haur inozenten besta izanen delarik, behar naun abisatu.

URTXULA: Zergatik hori?

ZURRUT: Egun hortan, haur inozent bati, behar zionat lore buketa pollit bat eskaini.

URTXULA: Zuk behar diozu ofreitu?

ZURRUT: Nik, bai, nik...

URTXULA: Hori ezin daiteke.

ZURRUT: Zertako ezin ditake hori?

URTXULA: Gure sinismenean ez baita gonbeni, demonioek santa eta inozenteri, lorerik ofreitu dezaten.

ZURRUT: Zer egin behar dut beraz?... Demonio naizela eta, donado egon?

URTXULA: Bai, mutil zahar egon, eta, lupiñak hobeki zaindu... Zure lupiñak, pareta gainetik kanabera herrestan eremaki baitu.

ZURRUT: Ha, pilda zikina... Azkenean lotu haiz... (Lotzen da tira eta tira) Ator hunarat... Urde makela zaharra hi!...

URTXULA: Horrelako indarrarekin, lupiña baino gehiagokoa izango dezu hor... Mazupla bat bai bederen... (Kanabera tiratzen lagundu bezala nahi du)

ZURRUT: Bai... Hi kainako itsas otso bat ba hobeki... Neska tzarra... Seska utzan nere gain... (Tira eta tira ari da) Urde lupiña makaka zaharra... Ari haiz makelgoan... Bilduko haut ba... Hara, hara! (Kolera izigarrian) Kaka zaharra!... Galdu ditinat denak... Amua, haria, plomua... Denak gan ditin berekin... No, leher egin dezatela denek!... Buruko ileak errotik ateratzeko ere badun, holakoetan.

URTXULA: (Trufan) Nik uste nor zuen arrantzari ikusi-eta, zu abila zarengatik, aise ihesi joango zela, pentsatu du lupina horrek.

ZURRUT: (Koleran) Ai-zan... Bakea eman gero... Sobera koleran naun! Bertzenaz, hartu muinotik, eta, igortzen haut, buruz behera, aixtiko arrain horren lagun.

URTXULA: (Urrunduz) Ai, arraioa!... Putzurat botatzea aiseago da bai, putzutik kanporat kendutzea baino!...

ZURRUT: (Bakarrik) Ongi errana da ba: Zabaleko arrantzari, lurretik ez ari... He, te te... Surat bota nezazke arrantzako puska hauk guziak... Leihorreko arrantza ez da azken ofizioa, bainan azkenaren ondokoa oraino... Huni lotu baino, hobe da, mendiari ere, pikotza eta aintzurrarekin lotzea... Bo, to, to... Ez naitek ikusirik hemengo arrainek... Nigatik, dantzan ere ahalko dituk, kaia gainean barnaka... Goazen hemendik! Otoi. Goazen hemendik! Eta, urus izan zaitezte, ni berritz etorri arte.

 

aurrekoa hurrengoa