www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Pastorala antzeko antzerkiak
Piarres Larzabal
1964-1974

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (III eta IV), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1992

 

 

aurrekoa  

ORRIA 778

 

(Pastorala antzeko antzerkia-1974)

 

 

Jokalariak:

        ARITZA

        OTXOA

        OBISPO

        GUDARI

        ZAINDARI

        ROLANDO

        OTON

        MUSTAFA

        AIXA

        MUEZIN

        MEZULARI

        FATMA

        MOZKOR

        ALI

        ALGUAZIL

        GUDARIAK

 

 

SARRERA

 

        (Pastoraletan bezala, jokalari guziek dute sarrera, hiru taldetan, talde bakoitzak duela urrats egiten bere doinu berezian, frankoentzako: La Madelon; musulmanentzako: Ravaja la Muker; nafarrentzat: Las vacas del pueblo. Doinu hauek kantatu gabe. Ezenean horrela jartzen dira: Musulmanak ezkerrean; frankoak eskuinean; nafarrak erdian. Aintzin peredikua emana izan bedi kantatuz eta ibiliz pastoraletan bezala, musika eta guzi)


                Agur agur jende onak

                Emazte ala gizonak

                Gu Oiartzungo eta zuek hemengo

                Baina denak anai-arrebak elgarrendako.


                Zuen aurreko antzezlariak

                Hiru taldetan dira jarriak

                Frankoak eskuinean, musulmanak ezkerrean,

                Nafarrak aldiz bien erdian.


                Zortzigarren mendean Orrian zer zen gertatu

                Askotan dukezue aditu

                Halere gaiten berriz oroitu

                Nola nafarrek zuten frankoa zanpatu.


                Musulmanak hego aldetik

                Frankoak aldiz iparretik

                Nafarroa izan da betidanik

                Hertsatua bi etsai haiengandik.


                Beraz orain gure modura

                Agertuko dugu Orriko kondaira

                Eta dautzuegu ohi den bezala

                Mozkor eta zakurrak hemendik kanpora.


        (Denak ateratzen dira sartu diren moduan)

 

 

II

 

        (Pastoraletan bezala badira bi neskatxa zerbitzari. Hauek erdian jartzen dute Aritzaren tronua. Aritza sartzen da musikarekin, bere gudariz inguratua eta jartzen da tronu gainean)

ZAINDARI: (Agertuz) Errege Aritza, Rolando da, atean, Carlo Magnoren ordezkaria. Zurekin nahi omen luke mintzatu.

ARITZA: Sar dadiela.

ROLANDO: (Sartuz) Agur, errege jauna... Agur gudari ohoragarriak.

ARITZA: Agur, jauna.

ROLANDO: Ni naiz Rolando, Carlo Magnoren ordezkari lehena. Ez zarete jakin gabe nola, Afrikatik musulmanak sartu diren Europara... nola Espainia guzia beretuz etorri diren Zaragozaraino... nola indar ikaragarri baten jabe diren eta preparatzen ari diren, azken burruka baten, Europa guziaz jabetzeko.

ARITZA: Ez dakit, Rolando jauna, gaurko egunean, nor den Europa guziaz jabetzen ari... Ez ote Carlo Magno bere armada ikaragarriekin?

ROLANDO: Carlo Magno ez da, Aritza jaun erregea, Europaz jabetzen ari, bainan Europa libratzen... Ez bakarrik Europako gizonak libratzen bainan gure kristau erlijionea salbatzen.

ARITZA: Honara berria etorri da, nola gure Nafarroako lurretan sartzen ari zareten, nola zenbait hiriz zuen soldadoak jabetu diren. Hori ote da gu libratzea?

ROLANDO: Aritza jauna gure xedea ez da Nafarroaz eta Espainiaz jabetzea, nafarrari eskatzen diogu utz gaitzan bere lurretatik pasatzen, joan gaiten Zaragozaraino hango Mustafa zanpatzera.

ARITZA: Mustafa aurkitzera joateko, asko bide baduzue, Nafarroan gaindi iragan gabe... gu, Mustafarekin bakean bizi gira. Ez dugu arrazoirik hari oldartzeko ez eta ere haien etsaiari laguntzeko.

OTXOA: (Gudari aintzindaria) Nafarroak nahiago du hil, ez frantses mendean egon.

ROLANDO: Hola denaz geroz, aski duzue hiltzea, gure armada lur hontan sartuko da... Nafarroa ez baita gehiago izanen nafarrena baizik frantsesena.

OTXOA: Gudariak, gizon hau hil dezagun. Holako mezurik, zein nafarrek dezake entzun?

ARITZA: Ez gudari lagunak libroki sartzera utzi duguna, doala libroki kanpora.

OTXOA: Fuera hemendik hi ustela! Erraiotek hire soldado frankoeri, Nafarroako ezkurrera sartzen diren zerriak, nafarrek dituztela gazitzen.

ROLANDO: Geroak erranen. (Ateratzen da zalu-zalua. Bertze guziak ere ateratzen dira, musikarekin)

 

 

III

 

        (Mustafa sartzen da bere gudariekin, musikaren doinuan eta jartzen dira aurrenekoan bezala)

MUSTAFA: (Profeta moduan, jestu handi batzu eginaz, oihuz) Ala! Ala!... Zatoz gu laguntzera, zinaurriak bezala, etsaiak bultzaka heldu zaizkigu gure lurretara, Zaragoza, gure hiri hau laster izanen da kristau madarikatuz inguratua. Bainan ez gira haien jaungoikoaren beldur... Gurekin dira Ala eta Mahoma bere profeta. Orain beretik lot gaiten denak gerlari... gerla hau saindua da. Alak dauku eskatzen. Huntan hiltzen dena Alak bere zeruan hartuko du berehala. Zenbat etsai hilko baititugu hanbat sari hobeago izanen dugu... Hil beraz etsaiak, hil, hil, hil, hil, hil.

DENEK: Hil, hil, hil, hil.

MUSTAFA: Moztu hoien lepoak, zulatu hoien tripak, puskatu hoien ankak eta besoak.

DENEK: Hil, hil, hil, hil.

MUEZIN: (Letania galdera egiten du, arabe muezin moduan. Denek erantzuna ematen diote abestuz) Gure etsaia hil dezatela; pesta, kolera, xarranpiña eta kakeriak.

DENEK: Bai, bai, Ala!... Hola izan dadiela!

MUEZIN: Legorteak erre ditzala horien baratz, landa, eta soro guziak eta esne xortarik gabe geldi ditela horien emazte eta alabak.

DENEK: Bai, bai, Ala! Hola izan dadiela.

MUEZIN: Hauts eta porroska ditela horien gerlako karro eta tresna guziak eta horien soldadoak suntsi ditela, elgarri ipur-zulotik sartuz puñal eta lantza labur eta luzeak!

DENEK: Bai, bai, Ala! Hola izan dadiela.

MUEZIN: (Boza goratuz) Denek leher egin dezatela lehenbailehen eta batez ere beleak, otsoak, azeriak, hoien haragia zupaturik utz ditzatela eguzkitan erretzen horien gorputz zuriak.

DENEK: Bai, bai, Ala! Hola izan dadiela.

        (Denak ateratzen dira musikarekin pastoraletan bezala)

 

 

IV

 

        (Mozkor eta Ali sartzen dira beren gisako musikarekin)

MOZKOR: Entzun dut alguazilaren bandoa! Laster Iruña, gure hiri hau inguratuko omen ditek frankoek.

ALI: Bai, Iruña lehenik eta gure hiria Zaragoza, ondotik. Ba, eta akabo nere kinielak.

MOZKOR: Hire kiniela.

ALI: Ba, azken kinielan irabazi nintian hogei mila pezeta. Iruñara etorri nauk Zaragozatik, behar nituela hemen kobratu hogei mila pezeta hauek. Erabaki nian behar nituela lasaiki San Ferminetan pasatu, Tres Reyes hotelean gela hartuz. Eta orain akabo nere dirua, akabo zezen lasterkadak eta txarangak.

MOZKOR: Hori guzia zuen kulpa duk, urde musulman ustelak.

ALI: Gure kulpaz!... Nola!

MOZKOR: Ez bazinate Afrikatik huna etorri, ez zukan frankorik guri oldartuko. (Arropatik hartuz) Frankoak ala musulmanak denak berdinak zarete.

ALI: Ai, ai... utz nazak gizona.

MOZKOR: Denak berdin denak nafarren etsaiak.

ALI: Ai, ai, ai, ai.

MOZKOR: Hortakotz, frankoak bezala, hik ere merezi duk zanpaldi on bat.

ALI: Ai, ai... bakea neri. (Pusatzen du)

MOZKOR: Bueno, bakea izanen duk, baina beharko dituk bost txikito, ordaindu nik ez hi zanpatzeagatik.

ALI: Bai, eta hamar ere, hi alkol edale zikina.

MOZKOR: Eta, hi, musulman ur edale tripustela! Gure Jaungoikoak maite dik... eta behar ere... Meza eta guziak ardoarekin egitea nahi dik. Ez dik gure Jaungoikoak, gizonari eskatzen, zuen Alak bezala, bizi dadin ur hutsa, koka-kola, tea, eta holako zikinkeriak edanez...!

ALI: Ur edalea gizon sanoa duk, arno edalea baino.

MOZKOR: Zergatik beraz eta norentzat gure Jaungoikoak egin ote dik Nafarroako arno beroa, Astigarragako sagardoa eta Tres Reyes-ko koñaka fina.

ALI: Begira-zak, idia... Uztarrian azkarra duk... zergatik? Ez duelakotz ardorik edaten.

MOZKOR: Ba, baina idia baino azkarrago dituk traktoreak, kamionak eta airetako hegazkiñak! Zergatik! Alkola edo gasolina edaten dutelakotz.

ALI: Guk, Zaragozan, badiagu mahometano apez bat, egunean hiruetan mezkitako dorrearen gainetik, otoitzera deitzen gaitik. Haren boza, hiriko jende guziek entzuten ditek, batere alta-bozarik gabe, horra, alkola ez edateak, zer indarra ematen duen gizonen bozari.

MOZKOR: Ba, eta guk hemen Iruñan, badiagu fraile ermita bat San Kristobal mendi gainean. Handik egunean hiruetan pixa eginez bustitzen dizkik Iruñako teilatu guziak. Horra alkola edateak zer indarra ematen dion gizonari.

ALI: Gezurra duk hori.

MOZKOR: Gezurra! Berehala apostua egiten diat, hik eta nik, nork pixa urrunago egin!

ALI: Berehala! Mila duro!

MOZKOR: To!... Mila duro!

ALI: Goazen komunetara!

MOZKOR: Ez, komunetan ez! Hemen berean! Pixa egin dezagun hemengo populuaren gainean.

ALI: Populuaren gainean! Badaukak burutik!

MOZKOR: Ez hadila kexa, populuak badik holako baten aguantatzeko ohitura.

ALI: Bueno, lotu gaiten beraz apostuari. Hi hortik eta ni hemendik.

ALGUAZIL: (Agertuz) Hep, hep, hep... Zer ari zarete hola lotsagabe zikiñak. (Matrakaz jotzen ditu)

MOZKOR: Ai, ai, ai, jo-aitzik hola gure etsai frankoak, eta ez gu.

ALGUAZIL: Ale, fuera hemendik pizti basak zuek. Ez duzue zuek salbatuko, gure Nafarroa frankoen mendetik... Ez eta zuen idurikoek.

MOZKOR: Ez eta hik ere. (Musikarekin ateratzen dira «ai, ai, ai, ai»-ka alguazilak matrakatzen dituela)

 

 

V

 

        (Mustafa bere soldadoekin, musikan urratsean ezenara ateratzen dira)

MUSTAFA: Soldado lagunak, badakizue nola frankoak heldu diren gu atakatzera, Nafarroagandik... Nafarroako Aritza erregeari mezulari bat igorri diot. Antolamendu bat proposatu diot. Nafarroa eta guk eskua emanaz, oldar gaiten frankoari. Huna nun dugun itzuli berria nik Aritzari igorri mezularia. Mezulari, mintza zaite, esazu zer tratu egin duzun Aritzarekin.

MEZULARI: Aritza erregeari hitza eman diot, eta berak onartu du haren gomendio emanen dugula Aixa, gure Mustafaren alaba bakarra, bataia dezala eta har emaztetzat. Hola ez bakarrik hitzez, bainan odolez ere, josiak izanen baitira Zaragoza eta Nafarroa.

MUSTAFA: Zer zaizue, soldado lagunak?... Ongi ala gaizki zaizue gure tratua?

SOLDADOAK: (Armak altxatuz) Ongi, Mustafa!...

MUSTAFA: Hola denaz geroz, hurbil zaite huna, Aixa nere alaba, eman zaite belauniko. (Obeditzen du... ilun dago bi besoak gurutzaturik) Aixa, Alaren izenean har-zazu zure aitaren bendizioa. Ez zara gehiago nere mendeko izanen, bainan nafar errege Aritzaren mendeko. Badakit sakrifizio handi bat eskatzen dautzudala, bainan badakit sakrifizio hori gogotik onartzen duzula. Honi esker baigaituzu salbatzen Zaragozako populu guzia. Izan zaite Aixa, guri bezanbat nafar populuari atxikia... neri bezanbat, zure nausi berri Aritza erregeari. Alak lagun zaitzala nafar erregina on bat egiten.

MUEZIN: (Letania alegre batzuen moduan kantatzen du eta erantzuna ematen diote) Ala, zuk egin duzu eguzkia, zuk egin duzu ihintza, gure alaba hunek biziko den leku guzietan, zabal dezala ihintzaren freskoa eta eguzkiaren beroa.

DENEK: Intx Ala gaur eta bihar, atzo bezala!

MUEZIN: Ala, itsasoan beldurgarri izaten baita galerna eta salbagarri ur paketsua, hala izan zaitela zu ere, Aixa, beldurgarri frankoentzat eta paketsu zure senar eta nafar jendearentzat.

DENEK: Intx Ala gaur eta bihar, atzo bezala!

MUEZIN: Mahats ondo batek, hainitz mulko ematen dituen bezala, zure ondorioa izan dadiela mahatsa bezain ugaria.

DENEK: Intx Ala, gaur eta bihar, atzo bezala!

MUEZIN: Eta orain, Aixa goazen bakoitza bere bidetik eta denok Alak nahi duenetik. (Aitak besarkatzen du bere alaba, musulman moduan. Denak ateratzen dira musikarekin, Aixak malkoak xukatzen dituela)

 

 

VI

 

        (Ezena hontan kantu hau: «Aita saldu nauzu idi bat bezala»)

 

                Aita saldu nauzu

                Idi bat bezala

                Eta abandonatu ez

                Baninduzu bezala ez

                Baninduzu bezala.

 

                Aita nerea

                Lotsarik gabea

                Adio triste bat

                Izan da erentzi zurea

                Erentzi zurea.

 

                Aita nereak

                Utzi nauen bezala

                Ilunpean bizi behar

                Etxetikan urrundik

                Etxetikan urrundik.

 

 

VII

 

        (Musikarekin sartzen dira Aritza eta bere gudariak)

ARITZA: Gudari, lagunak, badakizue zer antolamendu egin dugun Mustafarekin gaur, bere alaba Aixa, gure konbentu batean da, bataiatzeari buruz preparatzen ari.

OTXOA: Azken berrien arabera, frankoak jabetu dira Baigorri eta Donibane Garaziz, ordu hontan Orrian gaindi Iruñara hurbiltzen ari dira.

ARITZA: Sartzen diren leku guzietan, jabetzen dira kabalez eta uzta guziez. Ez dute ez emazte ez haurren axolarik. Hil, erre, gorputz bortxaketak, horiek dira horien jokabideak.

OTXOA: Badakigu, beraz, bihar zer gertatuko den gure Iruña hontan, hortakotz orain berean emanen dugu manua, jende guziak ihes egin dezala hiritik, duenak duenarekin... Denak joan daitezela gordetzera mendi zokoetara.

ARITZA: Eta guk gudariek gauza bera egin dezagun... Ez gira on buruz buru jokatzeko frankoaren armada ikaragarriarekin.

OTXOA: Gogor joka gaiten, pentsatuz, gure emazte eta haurreri, gure ontasunari eta gure geroari.

ARITZA: Hitz batez pentsa dezagun gure Nafarroari... Gurea gure nahi dugu.

OTXOA: Gudari lagunak, ados zaudete, aipatu moduan oldartzeko frankoen armadari?

DENEK: (Armak altxatuz) Bai.

ARITZA: Nere aldetik ematen dautzuedan agintza hauxe da:

                Aurrera egiten badut, jarraiki neri.

                Atzera egiten badut, hil nazazue.

                Hiltzen banaute, bedeika nazazue.

        (Musikarekin ateratzen dira)

 

 

VIII

 

        (Bide luze batean gara, Iruña sutan. Entzuten dira hil kanpaiak. Bide hortan iragaiten dira herrestan, ahal bezala elgar sustengatuz, emazte, haur, zahar, kolpatu, hil bat airetan eta holako)

 

 

IX

 

        (Musikarekin sartzen dira Rolando eta bere gudariak)

ROLANDO: Oton hemen montatuko duk guardia, hemendik iragaiten dituk. Iruña huntatik eskapo joaten diren gizon guziak arrastatuko dituzue eta hemen estekaturik atxikiko. Sarrixago berriz itzuliko naiz honara. Zuek arrastatu gizonak eramanen ditiagu Plaza Kastillora eta han urkatuko, hango arboletarik zintzilik.

OTON: Ondo komandan Rolando.

ROLANDO: (Ateratuz) Gero arte eta egon erne! (Apur batez ez da inor agertzen... Gero ikus daitezke iragaiten Ali eta Mozkor. Mozkorrek zaku bat dakar bizkarrean)

OTON: Hep, geldi hemen zuek biak! Zer duzue zaku hortan?

MOZKOR: (Irriz) Ez izan beldur, ez da ez bonba bat, gatu zahar bat hila daramagu larrutzera, gero saltsaturik jateko.

OTON: (Haserre) Irri gutxi nerekin, eman lurrean etzanik ahozbera.

MOZKOR: Egia, diodala! Gatu bat dugula zaku huntan! Gatu bat urriza, biok atxemana, ederki kostarik.

OTON: Aski zuen zozokeriekin. (Bere soldaduei keinu egiten die. Mozkor eta Ali lurrera botatzen dituzte, ahoz behera, eskuak bizkar gainean lotzen diozkatela)

MOZKOR: Bizitzeko jan behar eta jateko bizia arriskatu behar hau komedia!

OTON: Ixilik!

MOZKOR: Gatu hori, guk ez badezakegu jan emazue bederen bertze norbaiti! Horren usaina hemendik kentzeko ez balitz ere.

ALI: Protesta egiten dut. Gu herritar jator batzu besterik ez gira.

OTON: Egin protesta, zuen urkatzea nere gain baita.

ALI ETA MOZKOR: (Ikaratuz) Zer!... Zer diozu...?

OTON: Huna alguazila, hemendik hasiko da bere bandoa botatzen... aski duzue zer dioen entzutea.

ALGUAZIL: (Atabala jo-ta bandoa botatzen du) Rolando jaun komandantearen partez Iruñako jende guzia gonbidatua gelditzen da berehala biltzera Plaza Kastillora. Hor urkatuak izanen dira denen aurrean, hemendik ihesi joaten atzemanak izan diren gizon batzu, populu guziak bere begiz ikus dezala zer kastigu daukaten, frankoeri oldartzen diren guziek...

ALI: Ez, ez daiteke holakorik, ez dugu guk ezer egin... Ni aita familiakoa naiz Intx Ala.

MOZKOR: (Alguazilari) Aizak, hik bederen egin-zak zerbait gure alde!

ALGUAZIL: Nik agindua egiten dut. Besterik ez. (Izkutatzen da bandoa betez)

ROLANDO: (Agertuz) Zenbat dira... Bat, bi, lotu elgarri eta eraman Plaza Kastillora. (Badoa)

ESTEKATUAK: (Biak batean) Ai, ai, ai, ai, ai, ai ai!

OTON: (Orroaz) Leporaino asea naiz zuen oihuez, urkatzeko badira bi modu: Laster, eta luzara hiltzekoa. Oihuka ariko dena, luzara hiltzeko modura urkatuko dutela abisatzen dut... eta orain aurrera... goazen Plaza Kastillora. (Bat batean entzuten dira irrintzi eta oihu animali batzu. Gora Nafarroa eta errege Aritza. Fuera frankoak. Gudari multzo batek jauzi egiten du taularen gainera. Franko soldadu batzu hiltzen dituzte besteak ihesi doaz... estekatuak libratzen dituzte)

ESTEKATUAK: (Oihuka) Gora Nafarroa, gora errege Aritza!(Musikarekin ateratzen dira, arrastaka eramaten dituzte hildakoen gorputzak)

 

 

X

 

        (Musikarekin sartzen dira Aritza zenbait gudariekin, Obispo, Aixa, neskatx eta emazte batzuekin)

OBISPO: Aritza jaun erregea, zure nahiari jarraikiz, Aixa printzesari, esplikatu diogu, kristau erlijionea. Orain prest gira honen bataiatzeko, ez guk nahi dugulako baizik eta berak eskatzen duelakotz.

ARITZA: Aixa printzesa, zuk eta nik, elgarren berri badakigu. Ez nuke inondik ere nahi zu kristau bihurtzea, politikak hortara behartzen zaituelako, baizik zure barne barnetik hola nahi duzulakotz.

AIXA: Zin egiten dut, Aritza jauna, bataioa eskatzen dudala bakarrik fedezko arrazoinagatik eta ez beste edozergatik.

ARITZA: Esperantza dut Aixa, bataio horri emanen diogula ondotik bertze sakramenturik ere. Ez dakit bizirik aterako naizen gerla huntatik, baina nere atsegin handiena liteke zure buru gainean pausatzea nafar erreginen korona.

AIXA: Baitakit, nor den nafarren errege, gogo onez dut hartuko haren eskutik eskeintzen dautaten kargua.

OBISPO: Hola denaz geroz, egin dezagun berehala bataioa... Aixa eman zaite belauniko... Uko egiten diozu demonioari eta hark sortutako erlijione makur guzieri.

AIXA: Bai uko egiten dut.

OBISPO: Sinesten duzu gure erlijionea dela bakarrik egiazkoa?

AIXA: Bai, sinesten dut.

OBISPO: Nahi duzu katoliko bilakatu bataioaren bidez?

AIXA: Bai nahi dut.

OBISPO: Hola denaz geroz, Aixa bataiatzen zaitut, aitaren, semearen eta izpiritu sainduaren izenean. (Gurutze batekin, gurutze seinale handi bat egiten dio)

ARITZA: Eta orain, trinka eta kanta dezagun girixtino berri honen ohoretan. (Gaur eguneko edari batzu edanez, kantatzen dute. Ondotik denak ateratzen dira, musikarekin)

 

 

XI

 

        (Musikarekin sartzen dira Mustafa eta bere soldadoak, haren ondotik, sartzen dira Rolando eta bere soldadoak, preparatzen dira bataila egiteko, pastoraletan bezala)

ROLANDO: Mustafa, azken eskaintza bat, Zaragoza zuen hiri hau, libra-zak guri... zuen armada ihesi joaten utziko diagu, edo bestela, denak erre eta suntsituko ditiagu.

MUSTAFA: Nere soldadoak, zueri mintzo nauk... Zer diozue Rolandoren eskaintzaz? (Soldadoek protestaz lurra zangoz, zangoz, zanpakatzen dute) Horra gure erantzuna.

ROLANDO: Hola denaz geroz, hor izanen zarete denak gaur berean tripak idekiak, eguzkitan legortzen.

MUSTAFA: Gu legortzen eta zuek usteltzen. Ez baitzarete on usteldurako baizik.

ROLANDO: Aurrera kristauak! Fuera Ala!

MUSTAFA: Puska ditzagun horiek, Ala gurekin! (Bataila hasten da... Lehenik musulmanak nagusitzen dira... ondotik kristauak... Musulmanek bataila abantxu galdua dutelarik, nafar gudariak, Aritza buru dela sartzen dira irrintzi batzu botatuz... Rolando ihesi doa, bere soldado multzo bat lurrean hila uzten duela)

ARITZA: Uste dut ordu onean etorri garela.

MUSTAFA: (Eskua emanaz) Nere goresmenak Aritza, eta milesker. Gauden hola-hola eskuz esku. (Pastoralen modura hilak ateratzen dituzte. Berak musikarekin ateratzen dira)

 

 

XII

 

        (Arkaitz handi baten itxura ematen da taula gainean... musikarekin sartzen dira Rolando handizki kolpatua... bere bi soldadoekin)

ROLANDO: Utz nezazue hemen eta zoazte berehala Carlo Magnori esatera zer gertatzen den leku hauetan eta datorrela lehenbailehen. (Biek uzten dute eta lekua husten. Bera mintzo delarik, urrundik eta tarteka entzuten dira irrintzi batzu, zaldi orro, karrosa eta arkaitz amilkada batzuen arrabotsa) Orria... Andre Maria eguna! Zazpi ehun eta hirurogeita hemezortzia... Egun hau ba izanen dela oroitzeko eguna. Nafarrek Carlo Magno zafratu... Nork usteko zuen Nafarroa ttipiak errauts zezakeela, Europa guzia ikaran daukan gure armada! Nere soldado guziak, edo hilak edo ihesi joanak leku madarikatu hontatik. Ni hemen, nik hemen hil behar! Nere ezpata sonatua, Durandal nere ezpata, nere biziko laguna, deusetako ez on... Nere besoak ez gehiago aski indarrik horren altxatzeko ere. (Norbait nabaitzen da) Nor da hor! Nor dabila nere ondotik? (Agertzen dira Mozkor eta Ali, zaku bana bizkarrean)

MOZKOR: To... Rolando! Zerri basa! Nun dituk Iruñan azaldutako indar harroputzak.

ROLANDO: Orduan nagusi gintukan... Orain zuek zarete nagusi, hil nazazue.

MOZKOR: Hi hil... Ez gaituk inor hiltzera etorriak huna, baina jan eta edatera, begira-zak... Ogia, gasna, nafar ardoa... Hauek denak zuen soldado hilen zakuetan hartu ditiagu, berek guri lapurtuak. (Biak hasten dira jaten eta edaten)

ALI: (Rolandori) Eta jakin-zak ez dukala izanen trago bat ere, ez bokado bat gureganik.

ROLANDO: Ez diat nahi ere ezer, hire musulman esku zikinetatik.

ALI: Eskatzen dukana ez duk ukanen, baina eskatzen ez dukana ukan dezakek nere esku zikinetarik. (Rolando adarra harturik, hasten da tut, tut eta tut jotzen)

MOZKOR: Zer pasatzen zaik, to burutik, holako turutetan aritzeko?

ROLANDO: Ikusiko duzue nola nere soldadoak etorriko diren, nere turuta entzun-eta, eskualde guzietatik, zuek eta zuen idurikoak suntsituko baitzaituzte.

MOZKOR: Esan-zak hi, Don Quijote, ez duka hire turutaz, norbait deitzen ahal, hire errota haizatu horren erreparatzeko. (Rolando aurrera ari da turuta jotzen)

ALI: (Hurbiltzen zaio, turuta kentzen dio, eta lepoa tinkatzen diola) Ekar huna adar txar hori... Burua hausten didak hire adar hots horrekin.

ROLANDO: Ai, ai, ai, ai!

ALI: Bazekiat gero nik ere, gizonak urkatzen laburki edo luzeki... (Uzten du)

MOZKOR: Bele zahar batzu hasiak dituk huna biltzen... badakik... gorputz zauritueri, belek lehenik begiak zizkiotek errotik ateratzen eta hesteak ipurtzulotik.

ROLANDO: Ha, bihotza joaki zaitak! Nabaitzen diat hiltzen ari naizela... Hil aintzin nahi nikek, zuek biek neri zerbait hitzemaitea.

MOZKOR: Zer nahi duk, guganik? Mintza hadi.

ROLANDO: Nahi nikek, ni hil eta, nere emaztegaia, bi puska egin-eta lurpean sartzen bazinute!

MOZKOR: Bi puska? Hire emaztegaia?

ROLANDO: Ba, nere emaztegaia duk Durandal, nere ezpata sonatua nere bizi guziko laguna.

MOZKOR: To, bertzerik nian itxaropen, holako emaztegaiarekin ez ditiat aise hankak berotuko.

ALI: Nik, hire ezpata puskatu baino nahiago diat erregalo eman norbaiti. Balikek horrek gure zikiro erretzeko gerrena on baten gaia.

MOZKOR: Hortaraino joan gabe, hemen hurbil diagu Luzaideko asto perra egilea. Segur nauk, horrek prezio on bat eman lezakeela. (Rolando desgustatua balitz bezala, azken orroka bat eginez hiltzen da)

ALI: Honek azken putza bota dik!

MOZKOR: Goazen, goazen hemendik. Utz dezagun lantegia libro bele eta zakur basatieri. (Musikarekin biak ateratzen dira)

 

 

XIII

 

        (Musikarekin sartzen da Mustafa bere soldado eta emazte zenbaitekin, ondotik Aritza, bere gudari eta emazte zenbaitekin. Gero Aixa eta Obispo)

OBISPO: Neretzat atsegin eta ohore bat da, zuek, gaur hemen ezkontzea. Hemen ez dira bakarrik ezkontzen bi bihotz bainan bi populu eta bi erlijione. Bi diren horiek guziek, bat egin dezatela, denen arteko bake eta ondo bizitzearen alde. Bertzerik gabe egin dezagun ezkontza. (Biak belaunikatu direla bere aintzinean) Zuk errege Aritza, kristau moduan eta betikotz hartzen duzu ezkon-laguntzat, zure ondoan den Aixa printzesa?

ARITZA: Bai, jauna!

OBISPO: Eta zuk Aixa printzesa, kristau moduan eta betikotz senartzat hartzen duzu, zure ondoan den Aritza errege jauna!

AIXA: Bai jauna!

OBISPO: Emazkitzue eskuak elgarri... Jainkoak benedika dezala zuen ezkontza eta haren izenean benedikatzen zaituztet. (Gurutze handi bat eginaz) Aitaren, semearen, izpirituaren izenean. (Ezkonberriak xutitzen dira...)

FATMA: (Mahometano neskatx bat hurbiltzen zaio Aixari kaja bat eskuetan) Kaja hau eskaintzen dautzute Aixa zure gazte lagunek. (Kaja hartako eraztuna ematen diote Aixari... Gero Yo-Yo kantatuz ematen du tripa dantza bat. Horren ondotik, Aritzari, gudari lagunek ezpata eskaintzen diote)

GUDARI: Hau, Aritza erregea, hire gudari lagunen partez. (Ondotik, aurresku bat dantzatzen dute, eta denak edan ondoan ateratzen dira musikarekin)

 

 

XIV

 

AZKEN PREDIKUA

 

                Jende onak, orain badakizue

                Gure Orrian zer zen gertatu

                Ez baditugu xuxen denak esan

                Eskatzen dautzuegu barkamendu.


                Hainitz modu segur bada

                Historia bera kontatzeko

                Gure hau pentsatu zuena

                Ongi bazkaldurik zen izango.


                Ongi ikasiak baitzarete

                Egin gure alde propaganda

                Lehen Orrian bezala

                Gaur ere bestarako behar baita.


                Den deneri esaiozute

                Orriara direla gonbida

                Berdin dugula onartuko

                Rolando baita Carlo Magno.


                Aski baitugu esanik

                Huntan gara ixilduko

                Deneri agur esker mila

                Eta bertze aldi bat artio.


        (Bukatzeko, denek batean kantu bat eman dezakete edo bestela azken agurra eginik ateratzen dira musikarekin)

 

OIHALA

 

aurrekoa