www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Paper mende
Piarres Larzabal
1964

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (III), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1992

 

 

aurrekoa  

HIRUGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Herriko etxeko barnea.

 

 

I

 

MERA: (Bakarrik. Iduri du kexu) Aintzinat!... Aintzinat ba, erranez geroz!

LUZI: (Biziki penaz joa da... Arteka nigarra heldu zaio) Agur, jaun mera!

MERA: Ha, zu zinena!... Agur, Luzi... Zer berri duzue? Nola iragan du gaua?

LUZI: Frango eztiki, jaun mera, bainan, atzartzen zen aldi guziz, bere paperak aipatuz.

MERA: Paper madarikatuak!

LUZI: Ha, ez dakizu zer den, jaun mera!... Paper horietan hasiz geroz, gure etxea ifernu bat da. Beti zerbait eskas... Beti bulegoz bulego ibili behar... Hunek «zato bihar», harek «gero erranen».

MERA: Badakit segurki horien berri... Gauza bera da herriko aferentzat joaiten girelarik horietarat.

LUZI: Eta denak pagatuz... Zernahitako eri puntetan diruarekin joan behar. Etxe altxatzeko bildu ginuen diru pizarra, paperetan urtzen ari zaigu.

MERA: Ez naiz harritzen.

LUZI: Gehiago dena, ene senarra, frangotan lana galduz da hola ibili paperketan. Atzo ere, arratsaldea gal, joana zen bulegorat... Deus bururatu gabe, errabian heldu zelarik, nausia bidean aurkitu du... Eta hunek lantegitik despeida eman dio, erranez: «Ez diat nik beti piaietan dabilan langile beharrik». Eta orduan da erotu ene senarra eta deneri lotu joka, oro hil nahiz.

MERA: Nausiak ere, bere arrazoinak!

LUZI: Bixtan dena... Ez naiz ez hari jazar... Bainan orai zureganat, kontseiluketarat etorria nintzen, jakin nahiz behar dugun paperketan aintzinat ibili edo ez ote liteken hobe etxe berriari uko egitea...

MERA: (Fermuki) Uko egin?... Holakorik ez, ni mera hemen izanen naizeno... Leporaino asea bainaiz, paper ibiltzale gizon horietaz, hiru bulegotako nagusiak hunarat deituak ditut... Hemen izanen dira apur baten buruan. Errango diozkatet berenak eta asto beltxarenak!... Zure senarra etortzen ahal balitz, denak betan mintza gintezke.

LUZI: Ez dakit mirikuak nahiko duen etor dadien.

MERA: Zaude... Berehala telefonatuko diot mirikuari. (Telefonatuz) Alo... Alo... Jaun mirikua... Ene errespetuak... Hemen jaun mera... Atzoko eri hortaz zerbait nahi nuke jakin... Bon... hobe... Ba, ba... Errazu, jaun mirikua, apur baten buruan baginuke hemen berean bilkuraxka bat, eri horren paperen xuxentzeko... Uste duzu hunaraino etor ditakela?... Ba, ba... Bixtan da... Eztiki hartuz ba... Baitezpadakoa ez, bainan hobe haatik bera hemen izan dadien... Zuhaur etorriko harekin?... Bon, ongi... Zato ba Koxekin... Hola, gu ere deskantsuago izanen gira... Ba, apur bat artio, jaun mirikua... (Luziri) Bon, entzun duzu... Mirikuak berak segituko du hunarat...

LUZI: Milesker jaun mera!

MERA: Zoaz berehala etxerat eta hiruak betan etorriko zarete hunarat!

LUZI: Ixtante artio, beraz! (Ateratzen da)

MERA: Ba, ixtante artio.

 

 

II

 

MERA: (Bere paperetan, apur bat) Sar, sar. Aintzinat!

ARTZAINA: (Errabian) Jaun mera, herri huntan gizonik badenetz jakiterat heldu naiz.

MERA: Zer erran nahi duzu?

ARTZAINA: Erran nahi dut, jandarmak hor nituela, goiz huntan, auzitegirat joaiteko paperekin...

MERA: Auzitegirat? Zer egin duzu?

ARTZAINA: Zer egin?... Pitsik, zuk errana baizik. Zuk kontseilatu bezala, ene ardi borda altxatu nuen, paperik ekarri gabe bulegotako jauntto horieri... Horra ene krima.

MERA: Eta, izan zinena bulegoko nausiarenganat?...

ARTZAINA: Ba, izan nintzen... Zikiro azpiki batekin oraino... Zikiro azpikia onartu dute, bainan ene borda, ez!...

MERA: (Samur) Bulegoko jaunarekin, elgar adituak ginen, bakea ukan dezazun... Zer dabiltza orai ondotik?

ARTZAINA: Nahiago dute beren hitza jan, ezenez beren lana galdu... Hiritako jaun buruzagi handiek ez omen dute ene borda onartzen.

MERA: Zertako behar zuten hiritako jaunetarat joan holako pilixtakerientzat?... Aski zuten begiak hestea eta hortaz heldu ziren paperak, surat aurtikitzea...

ARTZAINA: Ba, bainan beldur omen dira norbaitek sala ditzan...

MERA: Beldur, beldur! Kakolakeriak egiteko ez dira haatik beldur... Bon... Apur baten buruan, hunarat jitekoak baititut bulegotako jaun horiek, egonen zira otoi heien aiduru ate gibelean... Sar araziko zaitut etorriko direlarik, eta heiekin bekoz beko mintzatuko gira.

ARTZAINA: Ontsa da, jaun mera.

MERA: Eta hemen naizen bezen segur, edo beharko dute afera hori zure alde xuxendu edo ene herriko kargua beste norbaitek har dezala...

ARTZAINA: Milesker jaun mera. (Ateratzen da)

 

 

III

 

MERA: Sar zaite, Pantxika... Zure aldi da...

PANTXIKA: (Sartuz) Agur, jaun mera...

MERA: Egun on, Pantxika... Zertan zira zure paperekin?...

PANTXIKA: Beti bil eta bil... Berriz ere zure nardatzerat heldu naiz.

MERA: Ez nauzu den gutienik nardatzen... Zure zerbitzuko naiz.

PANTXIKA: Ene aita eta amen ezkontzako papera galdatzen dautate, orai berriz.

MERA: Papera, beti papera!

PANTXIKA: Ba, eta gainerat, grazia ona balute bederen bulego horietan?

MERA: Zer dute irriñoa kario?

PANTXIKA: Batzuek ba!... Bestek aldiz sobera merke, bereziki neskatxa gazte bat joaiten zaiotelarik...

MERA: Hori ere badugu?

PANTXIKA: Ba, badira ene lagunak ez dutenak gehiago joan nahi zonbaitenganat... Hastekotz, bakarrik direlarik bulegoan. Nahi baduzu heien gutizietarat lerratu, oro ukaiten dituzu... Bestenaz, pitsik...

MERA: Pitsik, salbu heien errespetua eta estimua.

PANTXIKA: Ba, bainan, ez haatik heien laguntza. (Kanpoan, arrabots eta oihu)

ARTZAINA: (Oihuz, ikusi gabe entzuten da) Papera duk, oraino, papera!... Urde mozkor xoroa, hi!... Emanen daiat papera, nik, makil hunekin bizkarra berotuz!

MERA: (Atea idekiz) Zer gertatzen da hemen?... Zer dira oihu hauk?

ARTZAINA: (Sartzen da, Uxera papotik tinkatzen duela) Berriz ere paperekin heldu zait, alfer zikin hau... Sinadura bat behar omen du, hori ekartzea sari. Eman diot nik sinadura, uspel tintaz, bizkar konkorrean, ardieri bezala.

MERA: (Fermuki) Ezti zaite, alo gizona!... Zato hunarat. (Kanporat berekin eramaki du) Oroit zaite nori jazar ziren.

ARTZAINA: Urdea... Urdea. (Merarekin nahasteka mintzo da)

UXERA: (Jartzen da) Phu! Zer tinkaldia... Ez ditu eskuak horrek, bainan burdinak beso muturretan... Haizea, otoi ekazu haizea!... Phu!

PANTXIKA: Nahi duzu zure etxekoen abisatzea?

UXERA: Ez, ez... Atsegin har lezake ene andreak, eta bietan atsegin amaginarrebak. Phu!... Egin-azu egin haize... Zuk baino hobeki nehork ez nau sendatuko. (Haize egiten dio) Hola ba, hola!... (Nahi lituzke Pantxikaren eskuak tinkatu)

PANTXIKA: Ha, zu ere, besteen gainerat!

MERA: (Sartuz) Barka-zozu, jaun uxera... Kexadura zaio gainditu...

UXERA: Ba... Bainan, papera sinatzeko orde, porroskatu baitu haatik...

MERA: Berdin du... Laster, hemen beharrak baititut paper horren igortzaleak, heiekin makurbide hau xuxenduko dut...

UXERA: Behar luke Artzainak konprenitu, ez dutala papera nik igortzen... Ekartzen bakarrik...

MERA: Ba... Konpreni arazia diot... Erretiratzen ahal zira. (Uxera badoa kontrako aterat) Ez hortarik ez... Hori sekretario bulegoa duzu...

UXERA: Badakit ba... Ez dut segur beste hortarik atera gogo... Aski tinkatu ahal daut lepoa horko horrek... Behin ba, bainan bietan ez, jaun mera!

MERA: Bon, bon... Egizu iduritzen zautzun bezala.

UXERA: Ez dut nehork erraite beharrik... (Ateratzen da)

MERA: (Pantxikari) Zuk ere, galde-ozu zure papera, sekretario jaunari, eta otoi, zaude atean Artzainarekin... Apur baten buruan, hor izanen baitira ere zure ahizpa eta koinadoa, denek betan biltzarre ttipi bat eginen dugu, hemen berean.

PANTXIKA: Ongi da, jaun mera. (Ateratzen da)

MERA: (Atea idekiz) Ean orai noren aldi den!

JOSET: (Sartuz Beronikarekin) Gu izan behar gira, bakarrak eta azkenak.

MERA: Jar zaitezte...

JOSET: (Samur) Ez... Erraitekoak nahiago ditut zutik erran. (Gero eta gorago mintzo)

BERONIKA: Otoi, Joset, ari zaite eztiki.

MERA: Mintza zaite... Entzuten zaitut.

JOSET: Etxe berri bat altxatzen abiatu naiz, zuk hala kontseilaturik... Aisetasun zernahi behar omen ginuen. Lanari lotu banaiz lotu, hilikiaren usainetarat mila alimale tzar hurbiltzen diren bezala, eni ere, mila diru jabe hurbildu zauzkit... Denek beren erraitekoa omen dute ene etxeaz... Denek hor ari naute tturrintzen. Gasna nola baita harrentzat, hala bilakatua naiz ni heientzat.

MERA: Zer nahi duzu nik egin dezadan?

JOSET: Zu eta zu iduriko kargudunak zarete makurbide horren hobendun.

BERONIKA: Otoi, Joset, emekixago...

JOSET: Zuk, bakea eni!

MERA: Ha, nahi nuke jakin nik zer hoben dudan bulegotako enplegatuak badira jendetaz hazten.

JOSET: Bulego horietako enplegatuak langile batzu dira... Langile horiek badituzte beren nausiak... Horien nausiak dira, guk, gure bozkatzez hautatu gizonak. Zuk eta, zu bezala, beste guk hautatu gizonek dituzte manatzen enplegatu horien nonbrea eta horien lana... Zuek zarete beraz hobendun langile horien soberakinaz eta horien ezin asezko joko higuinaz.

BERONIKA: Otoi, Joset!

JOSET: Emaztekia, ez banuzu entzun nahi, aski duzu kanporat joaitea!

MERA: Nik, ene meneko ditudan langileak, dira, bakarrik, herriko langileak: Hemengo sekretarioa, bidezainak eta beste... Etxegintzaz okupatzen diren enplegatuen nausia, mia-azu ez hemen, bainan goragoko mailetan.

JOSET: Ba, sobera errex da, dena goragoko buruzagi handien gain emaitea... Urruneko buruzagiek guti indar lukete gure eskualdean, hemengo buruzagiek hortzak pixka bat gehixago erakusten bazinituzte. Bainan, zuen ahuleziarengatik, beti amen eta amen erraiten duzuelakotz, ez deus bilakatuak zarete... Pits ez zarete, pitsik... Pitsika baino gutiago: Esku baitiozuete emaiten urruneko buruzagieri, hemen gaindi nahi dutenaren egiteko.

MERA: (Xutituz) Bon, aski solas badugu ibilirik... Horiek guziak eder dira, bainan gaur egin dezagun gaurkoa... Ez da gizona bizi behar ukanarekin, bainan duenarekin.

BERONIKA: Zato, Joset, zato... Goazen...

JOSET: Bai, gizona, duenarekin bizi da, bainan behar lukena, ez luke gogotik galdu behar... Are gutiago, ez lioke uko egin behar.

BERONIKA: Bon, agur jaun mera... Bagoatzi... Zato, Joset...

JOSET: (Arras kexu, ateratuz) Baietz, baietz... Zer debru ba, zu ere!...

MERA: (Bakarrik... Besoak altxatuz) Ba... Eta horiek, hola direnak... Arrazoin dik gizon horrek.

 

 

V

 

MEDIKUA: (Sartuz) Egun on, jaun mera!

MERA: Egun on, jaun medikua... Hor zira beraz!

MEDIKUA: Ba, Koxe hargina eta bere emaztearekin jina... Ez da bederen biltzarra luzegi izanen?

MERA: Ez... Ahal bezen laburra... Apur bat askiko duzue egoitea sarreran... Bulegoko jaunak etorriko dira laster... Bi solas heiekin ibili-eta sar araziko zaituztet. Badira beste batzu ere, hor dagotzinak aiduru.

MEDIKUA: Galdetzen dautzutana da ez sobera solas ibiltzeko, eria asalda dezakenik.

MERA: Ez, ez... Kasu emanen dut... Nola du burua?

MEDIKUA: Adimendua xuxen du, bainan zorrotz eta minbera.

MERA: Zerk hortaratu du?... Nekez du odoleko gaitza?

MEDIKUA: Ez, bainan du mende huntako eritasun bat: Paper eritasuna!

MERA: Paper eritasuna?

MEDIKUA: Ba... Oraiko mendea holakoa da... Paperetan sartzen den gizonak, iduri du armiarma sarean sartu ulitza. Sare hartan zalapartaka leher egiten du, bainan ororen buru, paper gizonek biltzen eta bentzutzen dute, armiarmak ulitza bezala... Koxe hargina, paperetan ari izan da zalapartaka, erotu artio... Bainan, orai ohartzen ari da, debaldetan ibili dituela bere urratsak... Zainak bultatuak baitzituen, kraskatzen ari zaizkio. Asaldura handien ondotik etortzen den hildurak jotzen ari du.

MERA: Gizagaizoa... Papera pentsatu zuena, ez bide zen dudatu, hoinbestetaraino papera hastiro izanen zutela zonbaitek.

MEDIKUA: Hola da gizonen zortea... Den gogoratze hoberenak, berekin garreiatzen zerbait makurbide. (Atea jotzen dute)

MERA: Aintzinat... Ha, huna gure bulegotako jaunak! (Sartzen dira A. B. eta C. jaunak)

MEDIKUA: Bon, ontsa da... Gauza bat dautzuet bakarrik galdatzen, jaunak: Ez dezozuen Koxeri kontra egin... Ez luke den gutieneko jazarkunde beharrik, orai den heinean... Otoi beraz, eztiki eta baketsuki gurutza zaitezte harekin.

A: Hitzemaiten dautzugu, jaun mirikua, eginahal guziak eginen ditugula zure eria ez dadien asalda.

MEDIKUA: Ontsa da... Beraz, sar arazten dut...

MERA: Doidoi bat egonen zarete otoi atean, sartu aintzin, jaun medikua... Aintzinetik bi solas baditugu elgarri erraiteko jaun hauk eta nik...

MEDIKUA: Zure gomendio, jaun mera... Aski daukuzu dei egitea.

MERA: Ba, deituko zaituztet... (Medikua badoa)

 

 

VI

 

MERA: Jaunak, hunarat bildu zaituztet, zueri jakin arazteko, noiznahi jendeak heldu zaizkitala, zuen lanaz arranguratzerat. (B-ek kexu dela seinale du... Beste biak geldi daude. Gero eta azkarrago mintzo) Gure mendea da lasterkaren mendea... Biziak manatzen du laster ibil ditzagun urratsak, laster egin lanak... Beraz ere, laster, lanentzat baitezpadako diren paperak. Ez gaitezke oraiko egunean, oto, airetako eta garraio mota guziak ziuztan dabiltzan denboran, ez gaitezke ibil asto urratsean.

B: Bon... Ez baigira gero gu astoak!

MERA: Zuen paperek, jendeen lana behar lukete lagundu, errextu eta ez trabatu... Oraiko egunean, erosi nahi duzularik edo oto bat, edo menaioko puska, edo beste edozer, saltzaleak etxerat etortzen zaizkizu zuk behar duzunarekin... Hek ba laguntzen zaituztela eta kasik bortxatzen eskas duzunaren biltzerat... Hola behar zinukete zuek ere izan... Jendeari nahi badiozue zerbitzu egin, diozuen bezala, emozkitzue aisetasun guziak... Zoazte jendeen etxetarat, jendea zuen ondotik behin eta berriz ibilarazi gabe... Eskaint jenderi errextasun guziak... Ezar heien eskutan paperak prest. Hola duzue jendea tentatuko etxe egiterat, eta ez zuen molde bihurri, ezazol eta etsigarriekin.

B: Ez gira gu faturrak hola ibiltzeko, ez eta tratulantak... Badugu bulegoan zer egin, hola ibili gabe.

MERA: Eta, ez duzue uste bestek ere badutela zer egin, bulegotan ibili gabe?... Hor, kanpoan ari diren hainitzek, ez ote dute zuek baino oren gehiagoz lan egiten eta zuek baino lan nekeagotan? Ez zinukete batere kalte hetarat joaitea, ikusteko baizik ez balitz ere, zer bizi deramaten.

B: Bakotxa bere da, munduko legea... Hek berentzat ari dira, eta gu, guretzat...

MERA: Zuentzat ari bazinezte eta ez besteentzat, beste molderik har zinezakete, eta bestenaz, laster errekaratuak zinezteke.

B: Errazu ba, eta mintza zaite garbiki, errazu, gu bezalako enplegatu guziak alfer batzu girela, eta ohoin batzu... Hainitz har eta guti eman, dela gure ofizioa.

MERA: Ez dut holakorik erraiten, bainan ba emaiteak handi direla eta hartzeak guti, zuek bezalako har-emankari soberasko delakotz bitarte hortan hazteko.

B: Errazu ba, gutiago bagine lan gehiago egin ginezakela.

MERA: Horixe bera da pentsatzen dudana... Lan debalde hainitz egiten dela zuen bulegotan eta lan moldeak bestelakatuz, langile gutiagoz, lan hoberik egin ditakela.

B: Bulegoak, gisa hartarat tresnatuz, baditake... Bainan, zer uste duzu? Tresnez egin lana merkeago ditakela?

MERA: Zuen bulegoak ez dira tresna karioen beharretan... Aski liteke jats bat eta axtur bat, lehena, hainitz paper tzarren kanporat aurtikitzeko, bigarrena, beste hainbeste moztuz laburtzeko.

B: Bai hortaratuko gira, bainan zozoak errege izanen direlarik.

MERA: Ez ote hobeki: Biligarro zonbaiti aztaparrak laburtuko diozkatelarik!

B: Etortzen ahal dira gure bipiltzaleak... Gibelerat itzuliko dira orai artinokoak bezala: Galda xehetasunak Koxe harginari.

MERA: Ez zira ahalge ere holako solasen jalitzeko!

B: Aski burua hautsi dauku... Hanbat gaxto orai berak galdu badu.

MERA: Horiek dituzu gizon solasak? Holako ateraldiak eginen dituzu, nahi baduzu, kanpo alde hortan, bainan ez hemen.

B: Bon, joanen gira beraz kanporat. (Abiatzen da)

MERA: Ba, joanen zira, bainan ez, hemen ibiltzeko ditugun solasak, ibili gabe... (B. geldiarazten dute lagunek)

MERA: (Aterat hurbilduz) Sartzen ahal zaitezte. (Sartzen dira: Koxe, Luzi, Medikua, Artzaina, Pantxika)

 

 

VII

 

KOXE: (Hiru bulegozainak ikusi ordu, erotzen bezala da) Urdeak! Ohoinak!... Ustelak!...

MEDIKUA: (Keinu egiten diote hirueri, ixilik egon daiten) Jar zaite, Koxe... Utz-aitzu beren gisa gizon horiek.

KOXE: Beren gisa utzi?... Muturra hautsi ba, eginen diotet, hoieri.

ARTZAINA: Ez haiz bakarra... Nik harrokak beheiti bota nezazkek, lehenik bi, eta ondotik hirugarrena ere, hazi gaxtorik ez dadien geldi.

MERA ETA MEDIKUA: Xo, otoi, xo... (Erranka ari dira, batzu eta besteri)

B: (Kexu Artzainari) Gizon hori egon dadiela ixilik... Edo, bereak entzunen ditu... Ez baita hori, eritasunaz mintzo, bainan gaxtakeriaz.

ARTZAINA: Hurbil hadi, kapable balin bahaiz, zikiro buztana, hi! Zer uste duk?... Paperez ase tripoil baten beldur dela mendiko artzaina?

KOXE: (Artzainari) Ekazu makila hori... Ekazu!... Hil behar ditut... Hiruak hil behar ditut... (Hiruak mehatxatuz) ...Belaunika hortik!... Belaunika!... Kriminelak zuek!... Edo garbitzen zaituztet... Belaunika... (Medikuak hirueri keinu egiten die obedi dezaten)

KOXE: Eta besoak altxa!... Edo, garbitzen zaituztet hiruak... (Laster doala pasaia hau dena)

ARTZAINA: Garbi-aitzik... Garbi-aitzik... Jo-aitzik burutik behera...

KOXE: Eta, galda-azue barkamendu populuari... Erran-azue: Barka populua.

HIRUAK: Barka populua...

KOXE: Ohoin batzu gira!

HIRUAK: Ohoin batzu gira!

KOXE: Jendeaz baliatzale batzu!

HIRUAK: Jendeaz baliatzale batzu!

ARTZAINA: (Bulegotik paper batzu hartuz) To papera... Jaterat emotek... Ase daitezela paperez eta leher egin dezatela!...

KOXE: (Papera emanez) Jan papera... Ase paperez... (Makilaz mehatxatuz) Jan gero... (Hiruek obeditzen dute) Jan ausarki!

MEDIKUA: Bon, orai aski... (Emaiten da Koxeren eta beste hiruen artean... Jaun merak laguntzen du) Zuek hiruak, zoazte hortik kanporat... Ale, mugi... (Hiruak ateratzen dira)

ARTZAINA: Ihesi zioazik!... Urde zikinak! Garbitu bahintu bederen!...

KOXE: Hil... Hil-zkitzue!...

MEDIKUA: Goazen, Koxe... Goazen etxerat...

KOXE: Ohoinak... Jende pozoinatzaleak... Besten bizkar bizi... (Medikuak kanporat eremaiten du... Jalitzen dira ere: Luzi eta Pantxika)

 

 

VIII

 

MERA: (Artzainari) Mintzatzen ahal zinen ba leuntxago, makurraren zirikatzeko orde.

ARTZAINA: (Zintzo eta fermu) Ez, jaun mera, ez da leunki mintzatzeko tenorea... Hein huntaratuak gira preseski, fermuki mintzatu behar luketen gizonak, sobera xagu eta xakur bilakatuak direlakotz.

MERA: Zer nahi duzu egin dezagun!

ARTZAINA: Zer nahi dugun? Guk nahi duguna da, gure tokitan mana dezaten, guk manatzale hautatu ditugun gizonek. Eta ez nunbaitik, gidatuak diren gizonek... Etxekoak nahi ditugu etxean nausi... Ez kanpokoak.

MERA: Egia, bainan nun ditugu manatzeko giderrak?

ARTZAINA: Ba, nun dituzue giderrak? Guk, zuen eskuetan ezarriak ditugu... Zertako ez dituzue beiratzen, besteen eskutarat utzi gabe?

MERA: Erraitea errex da, bainan obratzeak dira lan...

ARTZAINA: Obratzea berdin errex da... Erakuts hortzak... Ez bederazka, bainan denek betan... Ostiko emaileari ez eskaint gibela, bainan makila.

MERA: Egia, bagine aberats, bainan haatik hartzale baigira, emaile giren baino gehiago. Eta hartzekotan denak, umil agertu behar.

ARTZAINA: Zer diozu ez girela emaile?... Eman eta emanez, gure herriak hustu gizonez. Gure odola eman dugu... Ala zer?... Orai behar ote dugu eman gure euskaldun izaitea eta saldu gure Euskal-Herria?... Horra zertarat ari zareten zuen gurikeria eta leunkeriekin... Orai bezala ariz, oro galtzen ari gira... Sainda dezagun gure aritzeko moldea... Edozoin gisaz, gaizkiago ez gintezke joan.

MERA: Gauzak ez ditugu berdin ikusten... Zuk menditik eta guk... beheretik.

ARTZAIN: Garbiki eta urrun ikusi nahi duenak, goratik behatzen du, jaun mera, goratik. Arranoek ere hala egiten dute... Ordu da gure buruzagiak izan daitezen arrano eta ez... uzkilazo. (Ateratzen da)

MERA: (Bakarrik, gogoetatua) Egiaz mintzo duk, egiaz!... Ez duk egia baino puñal zorrotzagorik. Egiaren zorrotza, ha, zizta-zak euskaldunen bihotza!

 

OIHALA

 

aurrekoa