www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Paper mende
Piarres Larzabal
1964

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (III), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

LEHEN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Sukalde bat, edo berdin edozoin barne.

 

 

I

 

        Koxe marradera eta lapitza eskuan, xixtuz, paper zirrimarratzen ari, mahainaren gainean.

LUZI: (Sartuz, haurra sehaskan pusatzen duela) Ori, ekartzen dautzut... Tutua dena hustu du.

KOXE: (Jostakin) Zato Luzi... Zato hunarat ene andere izarra... Ean zer diozun gure etxe berriaren planaz...

LUZI: Nik, zer nahi duzu konpreni dezadan!

KOXE: Ez da gaitz... Beha zazu... Huna sartzeko atea... Eta, hauk hemen: Hiru ganberak... Hemen zerbitzuak, eta hori: Garbi tokia... Eta hau berriz: Puska-tzartegia.

LUZI: Sukaldea ikusten dut, bainan nun duzu suilarda?

KOXE: Suilarda behar baituzu baitezpada?

LUZI: Ahal balitz ba... baxera zikinak gordetzeko ere.

KOXE: Bon... Orduan, sukaldeari kenduko diogu kantaila bat... Aise egin ditakena da.

LUZI: Suilardako mahaina nahi nuke gainez lekuduna, baxerentzat bezenbat baliatuko baitut jateko gaien apailatzeko.

KOXE: Mahain hori, ondotik muntatzen dena da... Lehenik altxa dezagun etxea... Gero aipatuko ditugu mubleak.

LUZI: Bai eta... Ganberetako taulak nahi nituzke bernizatuak, ez hor aritzeko torra eta torra leher egina, ezko dirdira ezin ateratuz.

KOXE: Hori ere, egin ditakena da, bainan ondotik.

LUZI: Ba eta... Murru-armarioak nahi nituzke. Toki gutiago hartzen dute eta ez dute ezkoztatzeko lanik.

KOXE: Debrua!... Naski planak berriz haste ditut.

LUZI: Hor ere, xakurtegia ezarria duzu ate aintzinean, bainan nun duzu egurtegia eta nun oto eta motoen lekua?

KOXE: Otoa ere esperantza baituzu?

LUZI: Zertako ez?... Gu baino irabazdun ttipiagokoek dutena, ez ote ginezake guk bil?

KOXE: (Irriz) Ai, ai, ai, gaixo ni!... Zoazi hemendik!... Bestenaz ez dut etxe baten plana muntatu beharko, bainan jauregi batena...

LUZI: Xuritzeko iturria ere behar liteke ba nonbait!...

KOXE: Baita ere!... Egia da errana: Anderea hartzen duenak, karga hartzen duela. Zure senarrak ez zuen «Koxe hargin» izan behar, bainan, «Musde notari» baizik. Edo holako xapeldun zonbait.

LUZI: (Irriz) Ha, zer nahi duzu!... Oroit zaite, ezkondu aintzin, nola hitzemaiten zinautan, supazter xokoan, goxoki bi-biak egoiten ginelarik... Orduan zinion, ez zela nehor izanen enetzat zu baino senar hoberik... Ene desira bakarra zuretzat manamendu sakratu bat izanen zela... Orai peka-azu!...

KOXE: Eta zuk, solas horiek gogoan atxiki!... Ez da kanibetik hain xorrotxik nola baita emazte baten memorioa, hitzeman diozunaz oroitzeko!

LUZI: Zer uste zinuen... aintzinetik hitzemanak gal direla, ezkonduz geroz?... Ez da gero ezkontzako ganbaran, deputatu ganbaran bezala sartzen... Hek, sartuz geroz, kito dira hitzemanarekin... Hemen berriz legea da: Zorren pagatzea hitzartu bezala...

KOXE: Eta, nik hori ez jakin! Ha, balakite mutilek, neskatxen memorioa zoin argi egoiten den, mutu bilaka litazke!

LUZI: Ezkon aintzin, mutilak «ttette» eta neskatxak «urtzo» agertzen dira, gurutzamenetan... Bainan, ezkondu-eta: Urtzoa, ha zer xoria! Eta ttette, zer zakurra!... (Atean, zakurra saingaz)

KOXE: To... Gure zakurrak uste izan du, nik uste, hartaz ari ginela!... Ean, zu leihotik norbait ote den!

LUZI: (Behatuz) Jaun mera heldu... Zertan ote dabila?

KOXE: Joka nezake lepoa, bozeri buruz heldu dela, ni bere lixtan beharrez!

LUZI: Bon, ni ene lanetarat noa... Apaila zaitezte hor, buruz buru! (Ateratzen da)

 

 

II

 

KOXE: (Bakarrik) Kaka zaharra dela!... Kontseiluko gizonak ere behar!... Ezetz erraiten, ez errex eta baietza emaiteko, batere ez bero!... Hau da debrukeria!

MERA: Heup!... Hor haiz?...

KOXE: Aintzinat, aintzinat, jaun mera.

MERA: (Harritua) Jes!... Zer ari haiz hor, hire lapitz eta marradera horrekin?

KOXE: Enetzat egin gogo dudan etxe berria, neurritan emaiten!

MERA: Hik etxe berria hiretzat?... Nun?

KOXE: Hor, Gurutze landan...

MERA: Gurutze landan?... Hum, duda nezakek!

KOXE: Duda?... Zertako?...

MERA: Landa hori salmentan duk, bainan baditik horrek, hitaz beste, erostunak... Ala ez dakik goraxagoko Joset hori, horren gainean dela?

KOXE: (Samur) Joset?... Josetek zer behar dio landa horri?... Ba ahal du hola-hola aski lur?... Zer nahi du kartier guzia beretu?... Landa hori, guk ibiltzen duguna da egundainotik. Guretzat da salmentako lehen eskua.

MERA: Ez diat erraiten ez dukala arrazoin, bainan haut bakarrik argitzen gauzak nola diren.

KOXE: Ez naiz batere Joseten, eta ez horren moltsa handiaren beldur... Balin baditu adixkideak lege gizonetan, atzemanen ditut nik ere aintzinekoak... Eta, horrenak baino hobeak... Pentsatzen dut, jaun mera, ez duzula, zuk ere, arre eginen zure beharretan gertatzen banaiz...

MERA: Ni denen mera nuk hemen... Makurbidetan, beti urratuaren peraxatzerat entseiatzen nauk.

KOXE: Ez ahal zaude ikusi gabe nun den zuzenbidea. Etxe berriaren, lur hortan altxatzeko badut jada hameka sakrifizio eginik. Ene ametsa egundainotik hori izan da...

MERA: Ez zakela gero uste izan, hire plana hori onartuko dutela bulegotako jaunttoek... Ez eta ere, plana bakarrik aski zaiotela, etxea eraikitzeko baimenaren largatzeko.

KOXE: (Haurra nigarrez lotzen da... Sehaska higituz mintzo) Zer behar dute ba gehiago?

MERA: Zer gehiago?... Hainitz eta hainitz paper galdetzen ditiztek... Besteak beste: Elektrika, ura eta zerbitzuak badituzkalako ageriak... Hire etxea ez dela tokien itsusgarri ere, beharko duk papera... Gero plana guziak hiru andanetan. Herriko etxeko baimena, lurraren jabe haizelako papera, lurraren neurriena, etxe inguruen plana, etxearen gosta-saria, eta beste hainbeste segurik, ez baitzaizkiat gogorat heldu...

KOXE: Zer zira bederen, Josetek hunarat igorria, ni deskuraiatzeko?

MERA: (Samur) Errak to!... Orai artino frogak eman ahal ditiat nolakoa naizen... Ez nauk ni, ez Joseten eta ez nehoren xakur. Bakarrik, haut jakintsun egiten, zoin bide patarrari lotu haizen.

KOXE: Ez naiz lehena, etxe egiterat abiatua... Ene inguruan, ni baino gibelatuago direnak ikusten ditut, etxe berri baten jabe bilakatuak.

MERA: Etxe baten altxatzea errex duk... Haren altxatzeko behar diren paperen muntatzea duk neke... Sinets nezak.

KOXE: Ez naiz batere kexu... Diruarekin oro ukaiten dira.

MERA: Bazukek aberats haizen. Behartuko zaik... Jakin zak, paperek berek, etxeak balio duenaren parte on bat janen dizkiatela.

KOXE: Beharbada ba, denak bestez egin araziz, bainan nekez norbera on bada paper lanetako.

MERA: Berriz ere abisatzen haut: Paperak, bestez egin araziz, zernahi gostako zaizkik... Hihaurek eginez, oraino gehiago gostako zaizkik.

KOXE: Bon, bon... ikusiko dugu...

MERA: Ba, denborak argituko hau, beste asko bezala. Eta, agian ongi aterako haiz... Agur, to!...

KOXE: Zertako ez naiz ongi aterako?... Agur ba!

 

 

III

 

KOXE: Doala bere bidean eta utz nezala ni enean! Eni paperez zerbitzu egin nahia da, dudarik gabe, gero ni, bere zerbitzari bilaka nadien... Kontseiluz nahi nau kontseilukorat bildu... Ez naiz ni paper eta paper-gizonen beldur... (Oihuz) Luzi!... O Luzi!...

LUZI: (Agertuz) Zer duzu?... Bakarrik zira?...

KOXE: Ba!

LUZI: Zer nahi zuen?...

KOXE: Nik uste sudurra sartu ene aferetan, gero ni berari buruz zordun izaiteko... Otoi, haur hau kontsola-azu!

LUZI: (Sehaska higituz) Jes! Bainan galdatu zaitu ala ez bere lixtako?

KOXE: Ez aipatu ere... Bainan badakizu zer dudan ikasi?

LUZI: Zer?...

KOXE: Joset filda hori, Gurutze landa erosi beharrez ibilki omen da.

LUZI: Zertako erraiten duzu «filda hori»?... Bere dretxoa ahal du, zu bezenbat, nahi badu landa hori erosi!

KOXE: (Samur) Zer bere dretxoa?... Mintza dadiela beraz eta goberna dadiela gizonki. Aspaldi du salatu niozkala landa hortaz ene xedeak... Orduan onetsi eta goretsi ninduen... «Baietz ba, erosteko ba landa hori... Eni zela tokatzen nehori baino lehen». Eta orai zer dabila ondotik?... Egun guziz, gure atetik iragaiten da... Egun guziz, bere andere Beronika, hemen duzu... Zertako ari dira hola ixilik eta azpiz? Zertako ez mintza argi eta garbi?... Ez da hori gizontasuna, ez eta auzo-egitatea.

LUZI: Ez da errana, ez dela mintzatu gogo... Beharbada gauzak aski finkatu artio beha dago, gero zu atzemaiterat etortzeko.

KOXE: Ba zera!... Etorriko ahal da, zakuan sartu nauela erraiterat!... Oroit zaite zoin arrazatik den gizon hori... Horrek baditu bere baitan otsoa eta azeria... Otsoa da, denak beretu nahi baititu, eta... azeria, beti azpiz baitu bere jokoa.

LUZI: (Zakurra saingaz) Xo... Beronika da hemen!

KOXE: Sar dadiela! Ni kofesatzeko prest naiz!

LUZI: Otoi, Koxe, enegatik, entzun duzu, enegatik bederen, ez zazula eskandalarik eman.

 

 

IV

 

BERONIKA: Hela!... Bada nehor etxe huntan?

LUZI: Aintzinat, aintzinat Beronika.

BERONIKA: Zer ari zarete?... Gizonak etxean, igande arratsaldearekin?... Musa galtzen ari da ostatu horietan edo zer?

LUZI: Ez, gu etxean aritzen gira musean buruz buru, senarrak «inbido» eta nik «iduki».

BERONIKA: Hobe hobe segurki. Nahi nuke gure Josetek, gauza bera egin baleza enekin.

LUZI: Zuk, nun duzu Joset?

BERONIKA: Nork daki nun dabilan!... Egun «estazioneak» zirela erranez, bezperetarat joana zait... Bainan, bide zituen ba hor nonbait ohoratzeko, elizako estazionez besterik.

LUZI: Zer nahi duzu!... Igandea ez da bakarrik elizako eguna, bainan ere adixkidekin deskantsatzeko eguna.

BERONIKA: Ba, ba, hala da gizonentzat segurik... Errazu, ahate arroltzerik baduzuenetz galdatzerat etorria nintzen.

LUZI: Ba, mementoan ari zaizkigu frango polliki erruten.

BERONIKA: Oilo papun eder bat kolokatu zaigu, eta, ahate arroltzekin nahi nuke xitan ezarri.

LUZI: Agian zorte ona ukanen duzu.

BERONIKA: Irrisk-ala-putx, hori!... (Koxeri) Jes! Zu zer ari zira zure lapitz eta marradera eskutan?

KOXE: (Ate-leihoak neurtuz) Ofizio berri bati lotua naiz... Akitua bainaiz hargingoan, bulegolari jartzen naiz... Hola bederen, esku azala ez dut fundituko.

LUZI: Ba, baxeliergorat behar omen du upatu... Zonbat arroltze nahi dituzu?

BERONIKA: Ekaitzu hamahiru. (Luzi ateratzen da) Jes, bainan, hori etxe baten plana duzu!... Norentzat ari zira horren egiten?

KOXE: Hau da gure etxe berriaren plana.

BERONIKA: Ha! Eta... nun altxatu gogo duzue etxe hori?

KOXE: Gurutze landan.

BERONIKA: Jesu!... Ez bide daki Josetek... Landa hori inkantean joaitekoa zela, oraino goiz huntan aipatzen zaitan.

KOXE: (Boza dorpetuz) Inkantean?... Nork atera du holakorik?

BERONIKA: Ez dakit... Nik hola entzuna diot Joseti.

KOXE: (Samur) Joseti erranen diozu, ene partez, landa horrek bere jabe berria baduela, eta jabe hura, ni naizela.

BERONIKA: Ha, ez nakien, ez nakien.

KOXE: Orai jakinen duzu, eta, ikasi bezala salatuko diozu Joseti.

LUZI: (Sartuz) Oritzu arroltzeak... Agian, hamahirutarik, hamahiru xito aterako dituzu...

BERONIKA: Dotzenaz kontent ninteke... Zonbat da!

LUZI: Hiru libera.

BERONIKA: Horra... Bon, milesker beraz, eta, berriz artio... (Ateratzen da)

LUZI: Ba, nahi duzun artio... (Apur bat ixilik) Jes, uzten ahal zinuen ba ixilik erranez geroz.

KOXE: Ez dut nik saila hasi... Berak eman daut haria...

LUZI: Horra nola sortzen diren samurgoak auzoen artean... Urratzea aiseago da peraxatzea baino.

KOXE: Holako auzoekin hobe da «hi hor eta ni hemen» bizitzea, sobera gurutzamenik gabe... Nork daki ez ote den emazte hori hunarat etorria gu zirikatzerat, nun zer ikasiko gureganik?

LUZI: Bo... Zoin aise belzten duzun haatik jendea! Aski garbi seinale ahal zen, arroltze erosterat etorria zela, gainerateko gibelasmorik gabe.

KOXE: Bai, horrek duen birikarekin, jakinen duzu zuk, noiz dabilan zinez eta noiz estakuruz...

LUZI: Ez da hola sobera idurikorra behar izan.

KOXE: Eta ez sobera sineskorra ere, zu ziren bezala. (Zakurra saingaz) Te, horra nun duzun ahizpa

LUZI: Ba, orai errazu horrentzat ere, gu zelatatzerat heldu dela.

 

 

V

 

PANTXIKA: (Sartuz) Arratsalde on bieri...

KOXE: Arratsalde on ene koinata paregabea.

PANTXIKA: Zer ari zarete?

LUZI: Mokoka ari gintunan, usaia ez galtzeko.

PANTXIKA: Ba, mokoka ere bizi behar du... Familiako bizia ontzeko, mokoka pixka bat behar omen da, gatza behar izaiten den bezala tupina ontzeko.

KOXE: Uztar zaite, uztar, zu ere, Xalbadorrekin... Ikusiko duzu ean biharamuna, bezperako ametsaren potreta izanen den...

PANTXIKA: Eginen dugu, guk ere, bestek bezala... (Sehaskari mintzo) Ean ñiñi, irriño bat zure ttantta Pantxikari!... Zer zira muttur? Arras zintzo aldian dugu naski gure gixona!

LUZI: Ba, esnea oxtian edana din, eta ez din oraino xorta goiti aurtikia.

PANTXIKA: Bon, bon... Utziko dugu bakean gure gixona, arindu artio. (Koxeri) Eta zuk, plana hori zertan duzu?

KOXE: Gure haurren ganberetan ari naiz.

PANTXIKA: Egin-zkitzu gero aski lekudunak. Senar-emazte mokokariek hainitz haur izaiten omen dituzte.

KOXE: Nundik ateraia duzu jakintza hori?

PANTXIKA: Ene baitatik... Ni ere Xalbadorrekin haserretzen bainaiz, ondotik adixkidetzeko plazerrarengatik... (Irriz)

KOXE: (Irriz) Ha, zer xoria zu!... Luzik eta nik ditugun, berriz adixkidetze guziak, fruituratzen badira, zonbait eta zonbait ganbera muntatzen ahal ditut gure haurrentzat.

PANTXIKA: Ba eta partikulazki gainerat bixkiak heldu badira!

KOXE: Ez araiz, debrua!... Bakuneko batekin jada ezin burutuz ari-eta, zer ote liteke bordaren bete ardi muntatzen baginu?

PANTXIKA: Horiek hola, segur zarete Gurutze landa zuentzat izanen dela?

KOXE: Agian ba! Ala, zuk ere hortaz zerbait entzun duzu?

PANTXIKA: Nik ez; bainan, Xalbadorrek salatu dautanaz, aipamena da Joset lur horren erostun dela, ez omen beretzat, bainan norbaitentzat.

KOXE: (Kexu) Urde zikina!... Ez da ez naski aipamen hori, surik gabeko kea!... Doidoia du Beronika hemendik ateraia dela, eta haren solasak bertsurat zoazin.

LUZI: Bainan gizona, ez dakit zertako hola jazartzen ziren Joseti... Lurra inkantean denaz geroz, Josetek edo beste nornahik inkanta jotzeko eskubidea ahal du.

KOXE: (Gero eta kexuago, bere neurritan nahasia dabila)...Inkanta!... Jo dezala, jo inkanta... Eta nik berari joko diot muturra.

LUZI: Zaude ixilik otoi!... Ez zaitela espantuka ari.

PANTXIKA: Bon, bon... Kalapitan ari gogo baduzue, ni banoa hemendik!

LUZI: Hala da-ta... Kexatu ordu, ez du beste elerik... Beti norbaiti behar diola muturra hautsi.

KOXE: Ez, zera! Utziko dut ene burua bipiltzerat, zozoa bezala, atx bat jali gabe.

LUZI: Atx egitea eta kolpe tzarrez ihardokitzea, bi dira.

PANTXIKA: Ni banoa... Ez duzue berdin lekuko beharrik, mokoka aritzeko.

KOXE: Zaude hemen, zaude Pantxika... Badakizu berdin, gure arteko erasiak, euri erauntsiak bezala direla... Laster pasatuak.

LUZI: Ba, bainan nik arrazoin... Lehen ere jandarmetan ibilia zira, kolpeka ari izanik... Zentzatzeko adinean zintezke ba.

PANTXIKA: Luzi, hago ixilik. Hi ari haiz orai saltsa nahasten.

LUZI: Lot hadi hi ere ene kontra... Ikusiko dun ezkondu-eta zoin goxo den beti su hiltzen ari behar.

KOXE: Su hiltzen ba... Maizago su pizten ba aritzen zira.

PANTXIKA: Te, oraikoan segurki ere banoa... Gibeleko atetik oraino... (Zakurra saingaz) Beha-zue nor heldu zaizuen.

LUZI: Nor?

PANTXIKA: Joset da hor... Joset berbera... Sarri artio. (Ateratzen da)

 

 

VI

 

        Apur bat ixilik. Atea jotzen dute.

LUZI: Aintzinat!

JOSET: (Hotz) Arratsalde on, jaun andereak!

LUZI: Bai zuri ere, Joset.

JOSET: Ari zarete, ari!

KOXE: (Hotz) Ba, bakotxa gureari.

JOSET: Bakotxak gure gisako lanak alabainan.

KOXE: Ba... Batzuenak agerian, bestenak gordean.

JOSET: Agertzeko on denak, ez du gordetzeko beharrik.

KOXE: Ez luke segurik behar.

JOSET: Ni ere, gordeka ez ari nahiz, harat-hunat batzu agerian ezartzerat jina naiz.

KOXE: Buruz buru argitua izaitea hobe, ezenez sahetsetik.

JOSET: Gurutze landa horri uko egin dezozun galdatzerat heldu naiz. Moltsa haundi bat bada horren erostun eta ni nau hartua, inkanta jotzeko, bitarteko gisa. Nahi badiozu inkanta horri uko egin, suma bat esku-azpiz eskaintzen dautzut.

KOXE: Sekulan holakorik... Ez naiz ni saltsetako gizona.

JOSET: Ez da hor saltsarik, bainan tratu bat zure onetan. Edozoin gisaz, diru gehiendunak inkanta eramanen du. Geldituko zira beraz deus ere gabe: Ez landa eta ez diru... Zure abantaila da geldi zaitezen, bederen suma ttipi baten jabe.

KOXE: Nahiago dut eskua hutsik eta garbi egon, ezenez eskua bete eta zikinik.

JOSET: Ni, denen peraxatzen ari naiz... Hortarat doa ene tratua.

KOXE: (Kalapita gero eta gorago doala) Denen peraxatzen?... Edo, ni erosiz, zuhaur ederki gizentzen?

JOSET: Ene sailak ez du gizontasuna kopatzen, bainan ohoratzen.

KOXE: Zer dituzu apostolu ele horiek?... Noiztik hunarat gizontasuna ohoratzen du, ohointza lauzkatzeak?

JOSET: Ohoina ni?... Zer ebasten dautzut zuri?... Gurutze landa ez da zurea! Ohointzarik balin bada, arrangura dadiela lurraren jabea.

KOXE: Egundainotik gure familiak landu eta ondu duen lurrak, ez ote gaitu pixka bat gu ere jabegoan partzuer? Ala zuretzat ez dira konda laneko izerdi eta urteak!

JOSET: Konda litezke lur hori bazinute ondu eta balioz azkartu... Bainan bordariak ez du hartzeko zorrik, dena sasi eta ipularre bilakatzerat utzi duen lurretik.

KOXE: (Oihuz) Zer dituk solas zital horiek?... Ala zer erran gogo duk? Alfer odoletik nizala?

JOSET: Ez nuk ni mintzo. Zuen obrek ditek salatzen?

KOXE: Habil kanporat hemendik, ustel zikina, edo frogatuko daiat nork duen odol gorriena zainetan, hik ala nik!

JOSET: Banihoak... Ez diat bietan erran beharrik. Ez nauk zikintegietan laketzen usatua.

KOXE: Te, te, Potzo... Huia, huia!... Ausik galtz-ipurditik!

JOSET: Ale kuxe... Hortik! (Joset oihuz eta zakurra saingaz entzuten dira)

 

 

VII

 

KOXE: Urde saltsero, tripustela... Holakoak, nik gerrenean pasa nintzake eta iduzkitan ezar idortzen.

LUZI: Zaude otoi ixilik!...

KOXE: Zer «otoi ixilik»?... Ala, zu ere ene kontra zira? (Haurra nigarrez)

LUZI: Ez dut deus erran zure kontra... Bakarrik, pentsatzen dudana da: Urratzea dela errexenik... Gero, peraxatzen izaiten direla lanak.

KOXE: Aski arrazoin ahal dut oldartzeko!

LUZI: Izari bat bada orotan.

KOXE: Eta, dautzut ez duela jauntto horrek inkanta eramanen, aski suma handia eskainiko baitut, ordaintzeko ere behar badut lanean porrokatu.

LUZI: Oroit zaite gu ere zurekin garela!

KOXE: Bihar berean, lana gal, auzitegirat noa... Eta, bihar arratseko, hemen izanen da, mahain hunen gainean, Gurutze landaren jabe, gu girelako agiria.

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa