www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Nork hil du Oihanalde?
Piarres Larzabal
c. 1950

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (I), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

II. GERTALDIA

 

 

        Joka-lekua:

Edozein ostatu.

 

 

1. Agerraldia

 

        Ostalera badabila eskuin ta ezker bere lanean, bainan hura hurbiltzean Oihanalde aita-semeak ixiltzen dira.

MANEZ: (Zainetan, aitari buruz, baso arnoa eskuan) Ba, Aita, behar ditugu bi ele serios egin.

OIHANALDE: Mintza hadi!... Zer duk erraiteko?

MANEZ: Joan den aldian etxetik kanpo ezarri nauzu.

OIHANALDE: (Bizi-bizia) Ez duk egia: Hihaur joan haiz!...

MANEZ: Zuk ezarri nauzu kanpoan, zuk erran dautazu: Habil kanpora!

OIHANALDE: Eta gero! Zertara heldu haiz?

MANEZ: Etxetik kanpo ezarri nauzu, deusik eman gabe: ez arroparik, ez gauzarik, ez dirurik.

OIHANALDE: Ez duk egia! Biharamunean berean gure emaztekiak ekarri dizkik arropak hire mutil etxera. Ekarri dizkik hire puskak eta ez zekiat ez zenetz dirurik ere...

MANEZ: Ez, ez zen dirurik; ez dut pilik ukan! Soineko arropak, doi-doia.

OIHANALDE: Zer pretenitzen duk bertzerik?

MANEZ: Zer pretenitzen dutan? Hogoi-ta-bortz urte artino, etxean ari izan naiz lanean, beti etxeari emaiten. Oihanaldea azkar bada, ene izerdiaren gostuz da parte... Ene lanaren saria galdatzen dut.

OIHANALDE: (Maltzur-maltzurra) A, Seme, hortan hiza? Zorrak egin dituk? Entzuten ditiagu guk ere, halako berri zenbait: kontrabanda, ba... Jo, jo kontrabandari!... Atzo hogoi irabaz eta egun ehun gal! Eta hik galdu!... (Goraki) Entzun-zak, Seme! Oihanaldekoak Oihanaldean egonen dituk; etxekoak etxeko eta ni bizi naizeno, ez duk Oihanaldetik deusik tiratuko... Ni hil-eta ba, orduan izanen duk diokan izerdiaren saria, bainan ordurarte pitsik!

MANEZ: (Erdi nigarrez) Otoi, Aita, konpreni-zazu... Ez dut parte guzia galdatzen, bainan zerbait. Nik ere behar dut bizi.

OIHANALDE: (Gogorki) Zer? Hogoi urtetan eta osagarri betean, mutiko bat nigarrez, bere burua ezin haziz? Aski duk lanean artzea... Joka lurrari!... Lurrak emanen dauk gaurkoa eta biharkoa... (Xutitzen da)

MANEZ: Hori duzu azken hitza?

OIHANALDE: Hori bera.

MANEZ: (Hasarre) Banekien gizon herratsu, idor bat zinela: Egundainotik bertzen sofri-araztea izan dela zure atsegina. Orai ikusten dut ez direla horiek erran batzu bakarrik, bainan egiak direla... Ene aita zira bainan mesprexatzen zaitut. (Nigarrez) Ene beharrean ibili naiz zure ondotik; zure aintzinean umiliatu naiz, bainan zure urgulu gogorrak, seme bati barkatu baino, nahiago izan du bere tema satisfatu. Ez zaitut gehiago ene Aitatzat hartzen. (Badoa)

OIHANALDE: (Bakarrik) Hori, ba, hori! Sofri hor! Sofrikarioak du gizona bentzutzen eta zentzatzen. Ikasak, Seme, zer odoleko gizonek muntatu duten Oihanaldea! Ez izan amatar, bainan aitatar! Bihotz eri hori amarena duk. Izan gizon, Seme! Oihanaldea atxik beti, hasi maila hartan! (Xutitzen da eta badoa emeki)

 

 

2. Agerraldia

 

        Oihanalde joaitearekin,
Piarres eta Leon sartzen dira ostatura.

LEON: (Oihanaldez mintzo) Ikusi duka horren kara? Ba bide dik egun, nahigabe zerbait. Hobeko diagu gure afera geroxagoko uztea...

PIARRES: Alta, Manezi ere, kukuak kontra jo ziokek! Ez duka ikusi haren kopeta beltza?

OSTALERA: Gorritik?

LEON: Ba, ba, usaian bezala... Errazu, zer egin dituzu, oixtiko klient horiek, ala pozoindatu?

OSTALERA: Zertako?

LEON: Zer begia ez zuten, batek ala bertzeak, hemendik jalgitzean! Iduri zuten gizon hat hila... Oihanalderen mintzatzera jinak ginen, eta ez gira atrebitu ele emaitera...

OSTALERA: Ez zekiat zer pasatu duten elgarrekin: Ez diat nahi izan sobera ausart, bainan xintximariak baziztekan memento batez.

LEON: Oihanalde gizon bortitza duzu gero: Ikusi dut hori lehen, nik ere; eleak motz eta oso, gure gizonak. Eta semea ez ote du oraino etxen sartua?

OSTALERA: Ez dituk hortan, to! Mutil, mutil, Oihanaldeko semea! Eta baheki non?

LEON: Non?

OSTALERA: Errekaldean, lehen auzoan, Oihanalderen etsai handienaren etxean. Ez duk ez naski arras mutil ere izan behar: Kontrabanda eta trafiku pilixta batekin bizi.

LEON: Ez dituk, to, berriz ere auzo hi horiek aise akomeatuko!

OSTALERA: Ez die makurra oraikoa: Horien aitasoen denborakoa duk hastapena edo lehenagokoa. Bitxi duk haatik, nola jende batzuek atxikitzen duten beren herra!

LEON: Zer mutiko da Oihanalde seme hori? Fama hitsak entzunak ditiat: Ziloak egiten badakiela, bainan ez hain ontsa heien tapatzen.

OSTALERA: Badiat uste, gaizki abiatu den: Berrikitan guardek gelditu dituzten ardi horietan partzuer zuian, eta geroztik, ezin berriz goiti jalgiz ari omen duk.

LEON: Eta egia ote da, Oihanaldeko alaba begistatzen duela Laurent Errekaldekoak?

OSTALERA: Ba, hori gainera, azen ontzeko! Aitak hilka eta seme-alabak pottaka! Zer den haatik mundua!

LEON: Eta Oihanalde zaharrak zer dio hortaz?

OSTALERA: Ez zekiat segurik, bainan pinpi panpa zerbait izan behar die beren artean: Berrikitan Oihanaldeko sukaldean, bi gaztek entzun omen ditek beren bizian oroitzeko etsorta, Oihanalde zaharrak emanik!

LEON: Hauxe duk historioa! Oihanalde bere seme alaben kontra... Errekalde gaztea aitarekin samur eta alabarekin amodiotan... Errekalde zaharra?... Zer saltsa.

OSTALERA: Eta badiat uste, ez den hortan geldi. Errekalde zaharra hasia omen duk polliki Manezez arrenguratzen: Hau bere gain ari duk, kontrabanda eta ixtorio; pitsik ez dik egiten Errekaldean; pitsik ez emaiten... eta han bizi.

LEON: Molde txarra hori, luzaz irauteko... Eta Errekaldek xorta bat edaten badu, atxikiko dik gero harek ere bere eskualdea...

OSTALERA: Nahi nizkek, to, Errekalde eta Oihanalde, biak ikusi buruz-buru, arrazoinka... Ez zekiat batere hor Oihanalde nausi litekenetz...

LEON: Zenbait aldiz ba... Ez beti.

OSTALERA: (Keinu eginez) Ixo!

 

 

3. Agerraldia

 

        Aintzinekoen artera heldu Laurent eta Manez.

MANEZ: (Ustegabean) To, hor zaretea! Uste nian nehor ez zela.

LEON: (Piarresi keinu eginez) Ba, xuxenki kanpora ari gintuian. Jar zaitezte hemen berean: Gure tokiak bero-beroak dituzue.

MANEZ: Berdin, to!... (Bertzeen lekua hartzen dute)

OSTALERA: Zer hartuko duzue?

MANEZ: Ekar-azu gorritik!

OSTALERA: (Ekartzen du arnoa eta bertzek hartzen dute, ixilik)

LAURENT: Zer huen beraz erran nahirik?

MANEZ: Dena den erraiteko, diru beharretan nuk.

LAURENT: Ez dik oraino hamar egun, prestatu dizkiat hamar mila libera.

MANEZ: Bazekiat.

LAURENT: Zer egin dituk?

MANEZ: Ardi batzu galdu ditiat, handik honatekoan...

LAURENT: Eta zer? Nahi huke berritz dirua eneganik?

MANEZ: Ba.

LAURENT: Ez zezakeiat.

MANEZ: Konpreni-zak, Laurent!... Baitezpada behar ditiat: Jakesekin partzuer nuk ardi horien ixtorioan. Jakes preso duk, eta libratzeko behar ditik hamabortz mila libera pausatu. Hitzeman zioiat ekarriko nituela, harek oro bere gain hartzen ditik, bainan hitza ez balin badut betetzen, orduan ni ere saltsan sartuko naik... eta xahu nauk.

LAURENT: Ontsa mintzo haiz, bainan nik ez zezakeiat gehiago dirurik presta.

MANEZ: Ez duka ene baitan konfiantzarik? Etxe partea hor diat gero!

LAURENT: Aski diok aitari etxe partea galdatzea.

MANEZ: Aitaren aldetik egin ahalak egin ditiat... alferretan.

LAURENT: Akomea hadi, ahal dukan bezala! Nik ez diat dirurik!

MANEZ: (Idorki) Hori duka azken hitza?

LAURENT: Erraiten daiat berritz ere: Ez diat dirurik!

MANEZ: (Haserre) Gezurra duk!... Atzo oraino ukanak dituk hogoi mila libera, pottoken pasa-sari.

LAURENT: (Haserre ere) Nahi baduk... Ba, badiat dirua, bainan ez hiretako. Adizak, ez hiretako! Uste nian konprenituko huela, hoin garbi mintzatu gabe.

MANEZ: Zertako, ez enetako? Enganatu haut nik, behinere?

LAURENT: Ez diat hori erraiten.

MANEZ: Zer duk bada? Ez haiz ene koinat beharra? Ez ahal haut egundainotik lagundu Julie-ren biltzen?

LAURENT: Ba, ontsa duk... bainan ez daiat dirurik prestatuko. Eta hortan geldi! (Kexu-kexua) Jakin nahi baduk... hona, dena den: Hire haitan ez diat konfiantza handirik. Hor haiz gure etxean, honenbertze egun hontan; ez duk pikorik egiten, ez pilik emaiten. Gure aita-amak hasiak dituk arrenguratzen, ean hola bizi gogo dukan... eta gainera, diru galdez.

MANEZ: (Xutitu da) Ontsa duk! Orai konprenitzen diat! Nitaz ederki baliatu zaitezte, hi, ene arrebaren biltzeko, eta hire etxekoak, gure aitaren burutik joanarazteko... Eta orai, nitaz aski baliatu ondoan... «Habil, hemendik! Ez diagu hire beharrik!» Ontsa duk! (Maltzurki) Bainan urrikituko zaik! Urrikituko! (Baztertuz)

 

 

4. Agerraldia

 

        Errekalde zaharra, trenpu onean sartzen da,
Ganix eta Xalbat bere adineko lagunekin.
Guziak bero-bero.

XALBAT: (Lehenik sartzen da, bertzen itzaina bezala) Bee, behiak, bee!... Aintzina aintzina!... Ho! Geldi! Hemen iturria! Jin edatera!...

GANIX: (Jauzian) Heup! Hemen garela, gu!... Jaufi!... Egungo feriak, zurruta feriak... Hala duk errana, eta ez diagu fama galdu behar... Ostalera, ekar-azu edatera! Ausarki!... Haugi, hi ere, Errekaldeko nausi handia! Hemen jarriko gaituk. To, hire semea ere hemen duk, Errekalde!

LAURENT: Ba, eta mutila ere...

ERREKALDE: Hum! Hiru aldetarik su, gure etxeak!

GANIX: Lasterrago erreko da... (Manezi) Haugi, hi ere hona, buru handia! Ez dik ez balio, aitarekin samur haizela-eta, gurekin ere mutur egoitea. Non duk aita txar hura? Ager dadila hona! Atxikiko diagu ba, denen artean.

ERREKALDE: Ba, ferietan zuian, preseski.

GANIX: Heziko diagu ba, guk, bere handi guziarekin... (Manezi buruz, badoalarik hortik) Haugi bada hona! Norat ari haiz hola?

MANEZ: Etxera ari naiz. Norbaitek behar du, han ere. Sarri artino!

GANIX: Jes! Zer du horrek, hola joaiteko? (Manezi buruz) Alo! Zer gira gu, ez aski handi hiretako? Gaizo tipula burua! Jautsi beharko duk ba, hik ere oraino gure heinera... abiatu haizen maneran segitzen baduk...

XALBAT: Mutikoa, ago ixilik! Koinat beharra hemen dik; ez hadila hola mintza familiaz!

GANIX: Berdin dik: Oihanalde horiek, betitik hola izan dituk, handi nahiak. Errak, to, Laurent, hi ez hadila hola bilaka, ezkontzearekin!

LAURENT: (Irriz) Ez da irriskurik.

GANIX: Ez zekiat batere... ez zekiat; Julie aitatar duk gero. Ez zietzok galtzak utz hartzera!

XALBAT: Ez balinba!

GANIX: Nork ziakik? Nik emanen daiat kontseilu bat: Ezkont berri hartan har iezok gaina! Gero aiseago atxikiko duk. Eta tink atxik, jo behar baduk ere...

XALBAT: Ez; sobera duk hori...

GANIX: Hik ez dakik pitsik: Hi, hire emazteak joiten hu.

XALBAT: Hori ez duk egia... Lehen ere erran daiat, Ganix, hori ez duk egia.

GANIX: Bai, egia duk! Moxkorra sartzen haizen aldi oroz joiten hu emazteak...

XALBAT: Ez nuk ni sekulan moxkorra sartzen. Hi, ba hi, moxkortzen haiz! Egun ere baduk hire partea.

GANIX: Ni moxkorra? Ez duk egia. Erakutsiko daiat ez naizela moxkorra. Haugi hona! Haugi hona!

XALBAT: Zer egitera?

GANIX: Haugi hona! (Xutiarazten dit) Emak esku hori! (Elgarren parrean jartzen dira) Ean, elgarren parrean eman-eta, nork eginen duen jauzi urrunenik... Hor ageri duk nor den mozkorrenik. Ale!... Jauzi!... Heup! (Jauzi egiten dute, elgar poxelatzen eta lurrera biak erortzen. Denek irri)

 

 

5. Agerraldia

 

        Oihanalde agertzen da Leon eta Piarresekin,
irriak sartzen direla.

OIHANALDE: Zer dira hemen, ihauteriak? (Errekalderi buruz) Nolako konpainia halako moldea!

GANIX: (Lurrera eroriz) Adixkidea, eni ari zirea?

ERREKALDE: (Oihaualderi) Erran nahi dukezu Oihanalde zaldiekin eta Errekalde pottokekin abusatzen direla.

OIHANALDE: Erranak erran.

GANIX: Pottokak izanik ere Oihanaldeko alabidetan, ez dugu zorrik.

ERREKALDE: Utz-ak bere gisa, Ganix! Pottoka garbi hobe dik, zaldi zorriz betea baino.

GANIX ETA XALBAT: Ontsa errana!... (Irriz)

OIHANALDE: (Heieri buruz) Beharri luzeak, joareka!

GANIX: Ba, Oihanaldeko garaño zaharraren musikatzen.

OIHANALDE: Mihia luzegi duenak, matraila hertsitzea duela irrisku oroit hadi!

GANIX: (Oihanalde-ri hurbilduz) Zer? Matrailan? Jo nezazu, ikusteko!...

OSTALERA: Zoaz zure tokira, Ganix!

GANIX: Jo nezala! Ikusteko... (Paltotik lotzen zaio Oihanalderi)

OSTALERA: (Besotik hartzen du Ganix) Hemen ez dut eskandalarik nahi! Zaude hor, zure lekuan!

ERREKALDE: Ba, hago hor Ganix! (Oihanalderi) Haatik, jende bilatzera jina bazira, ager-zkitzu zure kartak laster, mahainera!

OIHANALDE: Bazukek badugun biek partida bat egiteko: Ene semea zer egin duk?

ERREKALDE: Zure semea ene etxera hartu... Eta gero?

OIHANALDE: Auzo alorretako makurrak, auzoko utziko dituk, hortan sudurrik sartu gabe.

ERREKALDE: Ez naiz ni zure semearen ondotik ibili: Bera jin da gure etxera. Errebelatua den kabala teilatupean onartzen ahal da! Zerbitzu bera egin diot gizonari.

OIHANALDE: Zerbitzua! Hire zerbitzua ez duk egin hartaz urrikaldurik, bainan nitaz mendekatu beharrez.

ERREKALDE: Zer dakizu, zuk, zertako egin dudan nik, egin dutana? Ez zira Jainko ene sendimenduen ezagutzeko.

OIHANALDE: Hire sendimenduak ene aldera, aspaldian zilatuak ditiat, kurutze batez hihaurek, duela zenbait urte, markaturik.

ERREKALDE: Zer dautzu oraino kurutze harek sorbalda kargatzen?

OIHANALDE: Kurutzea, Jainkoaren seinalea, hartaz baliatu haiz ene mesprexatzeko, hura eni kenduz, zuen xaharraren ehortzetan!

GANIX: Eta ontsa egin du, zu bezalako debru bati Jainko seinalerik ez eskuetan ezartzea.

OIHANALDE: (Ganixi keinu) Beharrondoko bat?

OSTALERA: (Artetik sartuz, Ganixi) Ganix, zoaz kanpora! Zuk emaiten duzu hemen kalapita.

GANIX: Ez nuk joanen... Gizon hori behar diat lehenik porroskatu...

ERREKALDE: Goazen hemendik! (Xutitzen da eta kanpora abiatzen Xalbatekin)

GANIX: Nik ez diat barkatzen! Ez, berdin dik!

ERREKALDE: (Ganix besotik harturik) Haugi, Ganix! Utzak bere gisa! (Oihanalderi) Hola denaz geroz, segituko dugu bakoitxak gure saila; azkenik joanen denak irabaziko du auzia.

OIHANALDE: Habil! Jakin-zak Oihanalde hitaz eta hire egitatez trufatzen dela eta hiregatik deskantsuan biziko dela.

ERREKALDE: Hobe harentzat! Errekaldek bertze hainbertze eginen dik beretzat. (Laurent-i buruz) Ez hiza heldu gurekin?

LAURENT: Ez, badut oraino hemen egiteko...

ERREKALDE: Hik ikus! (Badea, bere bi lagunekin)

 

 

6. Agerraldia

 

        Ostatuan gelditu dira Laurent eta Oihanalde
bere bi lagunekin.

LAURENT: Oihanalde, banituzke bi hitz, zurekin egiteko...

OIHANALDE: Zer duk? Erra-zkik!

PIARRES: Utziko zaituztegu...

OIHANALDE: Egoiten ahal zarete ba, dudarik gabe...

PIARRES: Ez, ez, uzten zaituztegu... Erran bezala, gure lan, Oihanalde!

OIHANALDE: Erran bezala! (Bertze biak, Piarres eta Leon badoaz)

LAURENT: (Deliberatuki) Aferak behar ditugu elgarrekin xuritu.

OIHANALDE: Zer erran nahi duk?

LAURENT: Zu azpiz: ez bekoz-beko —ez baitzira aski gizona hortako— azpiz ari zira ene belzten.

OIHANALDE: Zertara heldu haiz?

LAURENT: Ba, ene belzten ari zira, jenden begietan, zure alabaren begietan.

OIHANALDE: Nik ez diat erraiten egia den hartaz bertzerik.

LAURENT: Zu ari izan zira erraiten, ni pitsik ez naizela... etxe jale bat... trafikulant bat... Egia dea?

OIHANALDE: Non dituk lekukoak?

LAURENT: Ez dut lekukork ekarriko... Bainan badakit... Aditzen duzu? Badakit! Eta ez eni uka! Eta adi-zazu: zuk nahi ala ez, ezkontza hori eginen da... eginen dugu. Abisatzen zaitut: Aski entzuten dut, alde guzietarik, nitaz zer erraiten duzun... Sekulan zure gezurrez, zure alaba nitarik urruntzen baduzu... Badakizu basurde ihizin laket dutala... bertze basurde mota bati ere lotzeko on naiz: Atxik hori gogoan!

OIHANALDE: (Lepotik lotzen zaio) Zer, haizen bezalako purtzil txarra! Hiri duk, ene adinean, holako arrazoin baten ateratzea? Hiri, Errekalde seme ezdeusa!

OSTALERA: (Bereiztera ari) Ale, zuek!... Geldi! Geldi eta egon ixilik!...

LAURENT: (Herratsu) Zin dagizuet ezkonduko naizela harekin, behar badut ere harmaz!

OIHANALDE: Harma! Harma! Zer nauk ni, haur bat bezala, iziarazi nahi? Ez nuk ni harma baten beldur.

LAURENT: (Eroturik) Jo muturrean, eta garbi nezake hor berean!...

OSTALERA: Habil hemendik! Hobe duk! (Atera laguntzen du)

OIHANALDE: Zer uste du ene izitzea, bere mehatxuez? Jakin bezate, horrek eta denek, Oihanaldek ez duela sekulan gibelera egiten. Oihanalde izitzen? Oihanalderen bihotza mendiko harroka bezain gogorra da. Jakin-zak hori, Errekalde seme!

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa