www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mugari tiro
Piarres Larzabal
1959

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (II), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN GERTALDIA

 

 

Taula-gaina:

        Ostatu barne bat... Ostaler senar-emazteak ari dira kadirak zaldi ferraren itxuran ezartzen, ferraren idekidura jenderi buruz... «Radio» bat, ezkina batean...

 

 

OSTALERTSA: Jes, bainan zenbat kadera behar dituzte? Ez dutea gutixagorekin aski?

OSTALERA: Eman dezagun ausarki... Nik uste, izanen direla: Presidenta bere bi beretterekin... Gero, bi mihi luze.

OSTALERTSA: Bi mihi luze...? Nor dira horiek?

OSTALERA: Eskualde bakotxak izanen du bere mintzalaria, auzitan bezala... Mintzalari horiek deitzen ditut: mihi luzeak. Gero, nik dakita zenbat mugazain... Emazte batzu ere, eta uste dut, gaizo Aita Xuri ere hemen izanen dela.

OSTALERTSA: Eta gure ostatu hurtan xuritzeko orde beren auzia, ez zirena egiazko tribunaletxe batetarat biltzen ahal?

OSTALERA: Ez... Jendea hain omen baita asaldatua, beldur dira, denek lakiketen toki batetarat bilduz, nahasmenduak gerta daiten. Hortako, nahiago izan dute beren auzi lekua ostatu gorde huntan muntatu. Laster denak hunarako dira.

OSTALERTSA: Jes, jendea horrenbertzetaradino asaldatua baita holako gertakari xume batentzat?

OSTALERA: Ba, gertakaria arras xumea duzu. Bainan, hortaz, kazeta-egilek eta radiotako buruzagiek halako burrunba muntatu dute, nun jende guzia burtxoraturik baitaukate.

OSTALERTSA: Ha, baia?

OSTALERA: Segurki baietz... Ori, tenora da. Idekazu radioa! Entzunen duzu nola mintzo diren batzu ala bertzeak. (Idekitzu du)

RADIOA: (Boza asaldatu bat mintzo) Ici, radiodiffusion nationale... Après l'incident de frontière que le monde entier connaît désormais, la situation demeure extrêmement tendue. Nos troupes sont sur le pied de guerre... A l'heure actuelle, une commission internationale réunie près du lieu même de l'incident, essaie d'arrêter le conflit imminent. Le gouvernement calme et ferme est décidé à exiger le respect dû à nos frontières et la réparation due à notre honneur. Uni derrière le gouvernement, le peuple unanime est prêt à faire face à la situation avec discipline... LA PATRIE EST EN DANGER...! LA PATRIE SERA DEFENDUE.

OSTALERTSA: Jes, hortan girea...? Ean zen dioten bertze aldekoek. (Botoia itzultzen du)

RADIOA: (Zintzur boza bat) ¡NO QUEDARA IMPUNE ESE HORRIBLE ATENTADO! ¡ESCUCHA LA VOZ DE TUS PADRES! FIEL A SU DIVISA, TE PRESENTARAS ANTE TUS ENEMIGOS, SALIENDO ADELANTE A PESAR DE LA METRALLA Y GRITANDO A VOCES: ¡POR DIOS Y POR LA PATRIA!

OSTALERTSA: Bainan, bainan...! Arras burutik joan behar du holako galernaren muntatzeko, bi gizon txar saski-pean ezarri dituztelakotz.

OSTALERA: Hola duzu oraiko mendea... Beren radio eta kazetekin izpirituak norat-nahi itzulikatzen dituzte, eta frangotan gezurrez.

OSTALERTSA: Ezin onetsia daukat hori. Zer dute, gizonek hola itsurat sinesten...? Ez dutea adimendurik, entzun eta irakurrien puxka bat zetabetzeko?

OSTALERA: Ez duzu oraiko gizona gora... Hamarretarik batek baduke bere-baitako pixka bat... Bainan bertze bederatziak norat baitoa kazeten eta radioaren burrunba-eta, harat doatzi: oilo luma haizea doan eskualderat joaiten bezain segur... Ha, hemen ditugu gure biligarroak. (Sartzen dira Popol eta Frantziz)

FRANTZIZ: Hau dea gure bil-tokia?

        (Kasurik ere egin gabe) Ez, ez... Arras ontsa da. (Lotzen da bere abokat jauntziaz beztitzen... Senar-emazteak jalitzen dira)

POPOL: Bon jauna, zu zirenaz geroz gure aldeko mintzalaria, egia aitortuko dautzut den bezala...

FRANTZIZ: Ez du balio akit zaiten eleketan, arras axola guti dut nik egiaz!

POPOL: (Harritua) Egiaz arras axola guti...? Nola beraz nahi duzu gure eskualdea zaindu?

FRANTZIZ: Ez naiz batere zure alde mintzatzerat etorria!

POPOL: He...! (Erotua papotik hartzen du) Ustel zikina hi! Zer erran dautak ba ene abokata hintzela! Faltsu, mutur zuria hi!

FRANTZIZ: Gizona, emeki zaude...! Entzun nezazu lehenik...

POPOL: Zer entzun...? Ez dautaka hihaurek errana gobernamenduaren izenean heldu hintzela gure alde mintzatzeko karguarekin?

FRANTZIZ: Ba, hori hola da... Hori egia da... Bainan ezti zaite... (Pixka bat eztiturik) Gobernuak eman dautan manua da zuri gertatuaz ez batere griñatzeko... Bainan mugako gertakari hortaz ahalik burrunba handiena muntatzeko!

POPOL: Zer derasazu...? Ez dut fitsik konprenitzen!

FRANTZIZ: Ez da konprenitzeko nekea... Dakizun bezala, zergak gora dira eta ezin bizia hainitz familietan... Jendeak hasiak marmarizaka gobernuaren kontra... Gobernuak ez du izan nahi jendeen elapide eta hortako jendeari eskaini nahi liokete bertze elapide zerbait... Bertze elapide muntatzeko manua dut, zuen gertakariaz baliatuz!

POPOL: (Dudetan) Ez dakit ez den hor faltsukeria zerbait.

FRANTZIZ: Den gutienik... So egizu... Mando zahar batetarik nahi badituzu uliak urrundu, hartarik urrunago ezar-azu ustelki meta bat... Mandoa utzirik, uliak ustelki hartarat joanen dira... Gure oraiko gobernuak iduri du mando zaharra... Jendeak ari zaizkio, uliak bezala, jan nahiz. Hortako gobernuak, muntatzen du ustelki meta bat, bereganik harat joan diten uliak.

POPOL: Eta, beraz zu zer zira...? Ustelki haren muntatzerat jina...?

FRANTZIZ: Ba, hala niz... Konprenitu dugu.

POPOL: Eta beraz ni, denen uzki-pitxer...!

FRANTZIZ: Ba, eta oraino zu baino deusezago hanitz jende... Zuk bederen badakizu nola den partida... Faltsukerian dela... Bainan, jende gehienek holakorik ez baitute jakinen, ikusiko dituzu bakotxa bere eskualdearen alde oihuka, patarriaka, erotuak!

POPOL: Gaizo jendeak!

FRANTZIZ: Gizonen artaldea artzain multxo batek derabilate. Artaldeari elapideak behar zaizkio fornitu... Onetik ez delarik, fornitzen zaio ahal denetik. Bainan ixo! Hemen ditugu jaunak... (Ohorezki sartzen dira: Presidenta, Sekretarioa, Castillo, Aita Xuri, Brigadiera, Kabo, Ixidro, Dolorez, Ramona, Anton... sartzen dira bakotxa beren tokitan.)

PRESIDENTA: Nazioen artean, bakearen beiratzeko moldatua den batasunaren izenean, auzia idekitzen dut... Jaun Sekretarioa, otoi irakurriko daukuzu auziaren harat hunata.

SEKRETARIOA: (Ezin irakurtuz) Argirik ez dea...? Ez dut fits handirik ikusten... (Lotzen da irakurtzen) Mila bederatzi ehun eta.... Agorrilaren... Agorrilaren... (Ez du aski ikusten)

PRESIDENTA: Utz-aizu otoi xeheteria horiek bere gisa. Emazu berehala gertakariaren mamia.

SEKRETARIOA: (Paperetan galdua, baten irakurtzen abiatzen da) Guarda espainolak erran du jina zela mugaren ikusterat, noiz eta ere... (Gelditzen da irakurtzetik) Ez, sobera urrun joana naiz... Goraxago behar nuen hasi irakurtzen. (Paperetan galdua dabil) Bainan, argirik ez dea etxe huntan?

PRESIDENTA: (Bizi-bizia) Ontsa da... Denek baitakigu hemen, mugako gertakarien berri, auziari segida emanen diogu, batere paper horien irakurtzean, denborarik galdu gabe.

SEKRETARIOA: Nahi duzun bezala, Jaun Presidenta. Bainan abisatzen zaitut ez zarela legez ari, eta hola kudeatuko auziak ez duela balio.

PRESIDENTA: Ez da hau hi gizonen arteko, bainan bi erresumen arteko. Bertze largantzarik zor zaio huni... Ez gaiten beraz, hemen, bertze auzientzat eginak diren lege xeheterietarat jauts.

SEKRETARIOA: (Beti minberaki) Bon, bon, nahi duzunaz geroz!

FRANTZIZ: (Xutituz) Lekuko hartzen ditut hemengo presuna guziak, auzi hau ez dela legezkoa. Eta, behar orduan, hunen hausteko eta berritz hasteko dretxoak beiratzen ditut.

CASTILLO: (Xutituz) Nik ere, dretxo berak, ene eskualdetik beiratzen ditut. (Anton agertzen da argi batekin)

SEKRETARIOA: (Lorietan) Ha, ha... Huna argia...! Orai irakurtzen ahalko dut.

PRESIDENTA: (Frantzizeri) Zuri, jauna, emaiten dautzut solasa... Mintzatzen ahal zira.

FRANTZIZ: (Predikatzen bezala, zintzoki) Jaunak eta andereak... Ohore bat zaut egun hemen mintzatzea, ez nazioneak kargu horren betetzeko ni hautatu nauelakotz, ez eta ere, mundu guzia ene ahotik zer jaliko den so dagola, senditzen ahal nuken urguluarengatik, bainan bakea, bake sakratua, lur huntako ontasunetan lehena zerbitzatzeko, konfientzia hoinbertze gizonenganik ukan dudalakotz. Bai, bakea zerbitzatzerat jina naiz hunarat, bakezko solasak nahi ditut aipatu, bakea finkaturik nahi nuke hemendik atera.

CASTILLO: Emazu beraz bakea!

PRESIDENTA: Otoi utz-azu jaun hori, duen sailaren segitzerat.

DOLOREZ: (Ixilka Ramonari) Hum, bertze mihi luze hori ere, ez bide dun nor-nahi!

FRANTZIZ: (Predikua segituz) Bakea ginuen aspaldian gure mugetan. Jendeak zorion osoan bizi ziren, bakotxa bere etxean, bakotxa bere eskualdean ere; Jainkoak bere iduzkiaz berotzen zituela, eta bere xorien kantu xarmagarriez deskantsatzen eta loriatzen.

CASTILLO: Ba, eta denak, hori bezala, xampaña edanez bizi!

PRESIDENTA: Otoi jauna!

CASTILLO: Sudurra hor ahal du lekuko zer edaten duen!

FRANTZIZ: (Segituz) Bainan, Satanek ez zezaken jasan holako bakearen zoriona... Satan, herraren eta gerlaren nausiak, bere hats latzaz buhatu ditu mugaz bertzaldeko aintzindari batzu gerla-suaren pizterat. Kukua, xori hitsa, bertzeen ohantzetarat sartzen den bezala, aintzindari horiek sartu dira gure eremuetarat.

CASTILLO: Ba... Buzoken ohantzerat!

FRANTZIZ: Baitezpada gerla piztu nahiz, gure lurra zangopilatu dute, gure muga errotik kendu, eta, mugazain zagotzin aintzindari bat eta guarda bat, gibeletik atakatu dituzte... Guardari diozkate armak eta arropak kendu... Aintzindaria aldiz gibeletik joz, itsuski kolpatu, eta trufa tzarra, odola darioan, saski baten azpian ezarri.

CASTILLO: Harritua nago lurreko harriak berak nola ez diren xutitzen, holako gezur alimaleak entzunik.

DOLOREZ: (Irriz) Arrazoina duzu... Hori handixkoa bota duela nindagon ni ere.

PRESIDENTA: Ixilik...! Utz-azue jaun hau mintzatzerat... Gero mintzatuko zarete bakotxa zuen saindean.

FRANTZIZ: Edozoin gizoni egin laidoa balin bada latz, oraino latzago, delarik egina gizon prestu, ohoragarri, aita familiako bati. Ezen holakoa da, deneri etsenplutzat eman ditaken gizonetarik da, saski-pean sarraskitua gaxtagin...

RAMONA: Bai, hori bai, gisakoa behin bederen, denen etsenplu izaiteko... Horren emaztea atorrik gabe ziabilak, gizonak irabazi guziak zurrutean xahutzen baititik. (Denak irriz)

PRESIDENTA: Berritz eta berritz, dautzuet ixilik egoiteko!

CASTILLO: Emazte horri elea kendu diozu, bainan arrazoina, ez!

FRANTZIZ: Horra beraz zer egitate hutsetaraino erori diren gure auzo-nazione hortako haurrak! Funtsa, ez da estonatzeko: nolako fama, halako lana... Ezen, holakoa da nazione hori: nazione urguluduna... Galdu ditu bere funts eta axolak, bere izaite eta obretan, bainan ez bere ele eta pentsamendutan... Higaduraz mehartua, bainan ametsez beti hantua bizi da. Handiz apaindua nahi du agertu, bainan handikeriaz da bakarrik aberats... Nazione behartsua, jakiz bezenbat jakintzaz gosetua, bere zortea hobetu nahiz, maiz gidari saindaka ani dena... Zorigaitzez, horko gidariek, aintzinetik agintzak lodi bezen, ondotik egintzak mehe dituzte. Hortako, bizi dira menekoen hastioan eta beldurrean. Eta, meneko hek, ez daiten asalda, edo dituzte zapan, bortxapean atxikitzen, edo, berenganik, heien kolera baztertzeko, saltsa batzu dituzte muntatzen, erranez: saltsa hortaz okupatuko direno, bakea emanen daukute... Gurekin nahi izan dute orain saltsa piztu, gure bizkar nahi lukete eztitu eta hustu, menekoek heientzat duten karratxoa. (Boza azkartuz) Ez gaituzte enganatzen... Holakorik sekulan ez dugu onartuko, eta mundu guziari, mintza-toki huntarik nahi diot salatu nazione hortako buruzagi sorjesen egitate lotsagarria.

CASTILLO: (Bizi-bizia) Jaun Presidenta, uste nuen hunarat bakearen muntatzeko bilduak ginela... Bake solasen ibiltzeko orde, bildu bagaituzu hunarat, gezur zozokeria eta mihi luzekerien entzuteko, otoi abisa gaitzazu, nik eta ene lagunek, denborarik ez dezagun gal.

PRESIDENTA: Ba, ene desira laiteke, bakea munta dezagun. Hortakotz, otoizten zauztet ere, ele nahasiak bazterrerat utzirik, bakezko solasak bakarrik aipa ditzazuen.

FRANTZIZ: (Kartsuki) Bakea, o bakea...! Gure nazioneak ez du bertzerik galdatzen... Ekaizpean den untziak portua bezala, eri handi denak osagarria bezala, desertuan egarriaz itoak ura bezala, gure nazionean, orok, ttipi ala handiek, bakea dugu desiratzen... Goiz alba ederra, ama prestuaren begitarte goxoa, haur ttipiaren irri lañoa, noiz bada lanbrorik gabe da agertuko, gerlaren kezkak ilundurik daukan zuen apaindura garbia...? Ha, bakea...! Borondate oneko jendeen izarra...! Bertutetan lehena...! (Aita Xuri xutitzen da betbetan jalitzeko)

PRESIDENTA: Norat zoazi Aita Xuri?

AITA XURI: Bakearentzat otoitz egiterat!

PRESIDENTA: Ez zirea kontent, hoin erran ederren entzuteaz, bakearen alde...

AITA XURI: Ez, beldur bat emaiten dautet...

PRESIDENTA: Zer beldur?

AITA XURI: Egundainotik, bakezko solas ederrenek gerla baitute preparatu!

CASTILLO: Arrazoin du, aita misionestak... Hortako, berritz ere diot, bakearen alde agertzen zaukun urtzo hori, buzoka tzar bat dela.

FRANTZIZ: Jaun Presidenta, abisatzen zaitut Aita Xuri hori, gure gobernuaren etsaietarik dela. Eta zu, Aita Xuri, jakin-azu gure presundegiak zuretzat ere berdin eginak direla.

CASTILLO: Horra, Jaun Presidenta, gizona bere ahotik galtzen... Horra nun buzoka urtzoari den oldartzen.

PRESIDENTA: Bon, ontsa da... Aita Xuri, otoizten zaitut hemen egon zaiten, lekuko gisa... Lekukoak entzun ondoan, bertze mintzalariak eginen du hitzaldi... Hurbil daitela bi andere arrain saltzaleak. (Hurbiltzen dira) Eskua altxatuz, egi-zue juramentu erranen duzuela egia bakarrik, eta egia osorik... Altxa biek eskua eta erras: juramentu egiten dut.

SEKRETARIOA: Alo, altxa ba eskua!

DOLOREZ: Eskua altxa...? Zertako?

SEKRETARIOA: Egizue juramentu!

RAMONA: Errak to, hi «Artikulu» zer gaituk? Traputzarketarientzat hartzen...? Ez gaituk gero gu juramentuka aritzerat etorriak hunarat!

SEKRETARIOA: (Kexu) Jaun Presidenta, galdatzen dut gizonen eta legearen errespetua.

RAMONA: Ba, eta, emaztekien errespetua ere. Hasteko, ez dakit, Jaun Presidenta, zertako ekarri duzun hunat gizon itsusi meleka hori!

SEKRETARIOA: Ho, ho...! Presidenta, afruntu hori ez ahal duzu hola pasatzerat utziko!

PRESIDENTA: (Bizi-bizia) Jakin-azue jaun hau, tribunaleko sekretario estimagarrienetarik bat dela, eta ez dudala onetsiko huni egin dezozuen afrunturik... Eta, hola denaz geroz, mintzatuko zarete, batere eskurik altxatu gabe.

SEKRETARIOA: (Deskontent) Bon, nabi duzun bezala, Jaun Presidenta. Bainan, hola, horion errana ez da legez izanen.

FRANTZIZ: Oroituko gira Jaun Sekretarioaren erranez!

CASTILLO: Gu ere ba!

PRESIDENTA: (Bi emazteri) Muga hortan harrapatu saskiak zuenak zirela, jada aitortua duzue. Erradazue saski horiek solaz ziren muga hortan!

DOLOREZ: Gaixo Jaun Presidenta, hori ez dakigu... Bi oilar emanak gintuen freskatzen, bat saski bakotxaren azpian... Geroztik saski hoik ez ditugu ikusi.

PRESIDENTA: Eta, oilarrak zer bilakatu dira?

DOLOREZ: Oilarrak zer bilakatu...? (Irriz lotzen da) Oilarrak zer bilakatu...? (Ramonari) Hirea zer bilakatu dun no?

RAMONA: Nerea, berritz ere pilotan abiatu, Jaun Presidenta.

DOLOREZ: Nerea ere ba, Jaun Presidenta... Luma batzuek lepo zokoan eskas ditu, bañan halere oilotakoa egiten du.

PRESIDENTA: (Bizi-bizia) Bon, aitor-azue fitsik ez dakizuela, eta hortan paso! Ez da hau jostaki mintzatzeko tenorea eta tokia!

SEKRETARIOA: (Deskontent, denak lekuko hartuz) Ba, berdin du zernahi erraiten badute ere... Horien errana ez da bali... Ez baitute eskua altxatu.

RAMONA: Gogotik eskua altxa nezakek hitarik hurbiltxago banintz, marmalu beltza, hi!

SEKRETARIOA: Ho, ho, Jaun Presidenta... Entzun duzuia, Jaun Presidenta?

PRESIDENTA: (Bizi-bizia) Bon, huntan aski...! Andereak doazila beren lekutarat eta hurbil bedi Aita Xuri... (Hala dute egiten) Aita Xuri, juramentu egiten duzuia, egia erranen duzuia, egia bakarrik eta egia osoki...? Eskua altxa-azu, erranen: Juramentu egiten dut. (Aita Xurik eskua altxatzen du, bainan eskuarekin «ezetz» dio)

SEKRETARIOA: Eskua altxatu du, bainan horren eskuak «ezetz» dio... Hori ez da legez haizu...

PRESIDENTA: Ala, beldur zira mintzatzeko?

AITA XURI: Nor ez laiteke hola...? Egia erranez, denak makurtzen ditut...! Gezurra erranen, nihaur makurtzen naiz...! Hortakotz, ixilik egongo naiz!

FRANTZIZ: Ixilik egonez, hobendunak tapatzen dituzu.

AITA XURI: Ez ahal zautzu gomeni?

CASTILLO: Pena da ez baigituzu lagundu nahi argiaren egiten.

AITA XURI: Zerbait bada ilunaren beiratzen laguntzea!

PRESIDENTA: Hola denaz geroz, errespetatuko dugu Aita Xuri, erretiratzen ahal zira. Horren orde, hurbil ditela bi guardak. (Popol eta Ixidro hurbiltzen dira...) Egin-azue juramentu erranen duzuela egia, egia bakarrik eta egia osorik...

POPOL: Juramentu egiten dut.

PRESIDENTA: Jaun guarda frantsesa, erradazu zer dakizun mugako gertakari hortaz...

POPOL: Zera, jauna, zera... (Frantzizek keinu egiten dio ahoa hesteko...)

PRESIDENTA: Zer, zera...?

POPOL: Zera... Ba, nik ez dakit ez deus handirik zera...! (Frantzizek, begi tzar batekin, keinu egiten dio ixil dadien)

PRESIDENTA: Ba ahal dakizu nola zaituzten atorra maukas eta armez gabeturik?

POPOL: (Bere tripari lotua) Ai, ui, ai, ai, ai...!

PRESIDENTA: Zer duzu ai eta ui...? Zu bederen, armetako gizon bipila, ez ahal zira beldur izanen egiaren erraiteko!

POPOL: Behar ordu bat bet-betan heldu zaut, Jaun Presidenta, ai, ai, ai...! Nahi nuke kanporat jali.

CASTILLO: Gizon horrek estakuruak ditu... Galdatzen dut, Jaun Presidenta, hemendik jalitzeko baimenik ez dezan ukan.

FRANTZIZ: Ez ahal da nehor aski bihotz gaberik izanen gizon bati holakorik errefusatzeko!

CASTILLO: Galdatzen dut tribunaletako erreglamendua beiratua izan dadien.

SEKRETARIOA: Ha ba...! Hori ba...! Hori funtsez mintzatzea da.

PRESIDENTA: Ean ba zer dion erreglamenduak...

SEKRETARIOA: (Liburu handi bat idekiz) A.B.C.K.K.K. Kasu bereziak... (Irakurtzen du) Norbait, zerbait behar-ordutan gertatzen bada tribunalaren aintzinean, edo behar-ordu iraunkorra, edo behar-ordu laburra... Behar-ordu iraunkorra bada tribunalak, gertakariaren arabera, edo bere lana segi dezake, edo bere lanaren segitzea igor dezake bertze tenore batetarat... Behar-ordua balin bada laburra, tribunalak hasi saila segi dezake... Beraz, Jaun Presidenta, ikusi behar laiteke ean gizon hunen behar-ordua den laburra ala iraunkorra.

FRANTZIZ: Ez dakit laburra edo iraunkorra den horren behar-ordua, bainan diot dela presatua!

CASTILLO: Galdatzen dut Jaun Sekretarioak irakur dezan erreglamenduaren segida...

SEKRETARIOA: Ba, ba... Huna zer dion segidak: (Irakurtuz) Behar-ordua iraunkorra edo laburra den ikusteko, tribunalak deituko du miriku bat, eta hunen kontseiluari jarraikiko da.

CASTILLO: Ha... Horra erreglamendua... Jaun Presidenta, galdatzen dautzut miriku bat dei dezazun hunat, ikus dezan nolakoa den gizon hunen behar-ordua.

RAMONA: Mirikuak zer eginen ziok horri, gaizoa! Usain edo zer? (Denak irriz)

PRESIDENTA: Ixilik...! Hau ez da tribunalaren errespetua!

POPOL: Ai, ai, ai...! Ni ez nintake gehiago egon...! (Jalitzen da tira-ala)

PRESIDENTA: Norat zoazi, dohakabea?

RAMONA: Norat, norat... Kokorikatzerat, dudarik gabe?

SEKRETARIOA: Ha, ha... Hori ez da erreglamendua!

CASTILLO: Jaun Presidenta, galdatzen dut gaztigu garratzena, ihesi joan den gizonaren kontra... Horrek berak erakusten ahal du nor den hobendun.

PRESIDENTA: Bon, hura itzuli artean, bertze guardari eginen diozkagu galdaketak!

CASTILLO: Ez, Jaun Presidenta, ez... Legeak nahi du entzun ditzagun bi eskualdeak... Biak edo bihirik ez... Ene kideko guardak ez dautzu beraz errepustarik emanen, bertzea ere mintzatuko ez deno.

PRESIDENTA: (Kexu) Ontsa da... Joan dadiela beraz guarda espainola bere jar-lekurat, eta hurbil daitela bi aintzindariak (Kabo eta Brigadier hurbiltzen dira)... Eskuak altxatuz, egizue juramentu erranen duzuela egia, egia bakarrik eta egia osorik.

KABO: Juramentu egiten dut.

PRESIDENTA: Lehenik mintza bedi Kabo fauna: Galdatzen dautzut nork ezarri zituen saskipean!

KABO: (Errabian) Frantses multzo bat, beti bezala ustelkeriaz, ez baitaki arraza horrek bertzela oldartzen, multzo bat beraz, jin zauzkit gibeletik, burutik behera mazotaz jo nute, eta hiltzat utzi, saski baten azpian gorderik.

PRESIDENTA: (Brigadierari) Eta zuri, zer gertatu zautzu?

BRIGADIERA: Hogei bat espainol kokotero ongarri zikinek joka eho naute eta, odoletan, berak bezain usainduzko saski baten pean ezarri.

RAMONA: Errak, gure saskiak errespetatuko dituk gero... Zardin usain ona ditek, eta ez hik bezala ustel usaina.

FRANTZIZ: Jaun Presidenta, galdatzen dautzut, tribunalaren errespetuarengatik, emazte hori kanporat eman dezazun bere usainekin.

RAMONA: Eta nik galdetzen dut, Jaun Presidenta, kanporat eman ditzatzun bi mihi luzeak, bertze bi oilar lepo larrutu hoiekin... Berdin denak elgar iduriak baitire!

PRESIDENTA: Ixilik denak... Hau ez da bake muntatzeko moldea!

KABO: Bake edo ez bake, lehen gurutz'aldian brigadier mandil horri, nik muturra hautsiko diot.

BRIGADIERA: Eta nik hiri tripak aterako...

PRESIDENTA: (Kexu) Ixilik...! Eta zoazte bakotxa zuen tokirat...! Aski badut zuen lekukotasunaz...! Hola ez dugu fits ontzen! (Zintzoki) Galdatzen dautzuet orori: izan zaitezten zuen zainen jabe... Oroit mundua guri so dagola, bakea edo gerla gure eskuetan direla... Holako oren latzetan, bakotxak, denen ongiarentzat, bere samindurak sar ditzala. (Castillori) Jaun mintzalari bigarrera, zure aldi orai hitzaldiaren emaitea.

CASTILLO: Jaun andere ohoragarriak. Haste hastetik, berri on bat nahi dautzuet salatu, enetzat kontsolamendu den berri bat, erakusterat emaiten baitu gure gobernuak badakiela bere zerbitzarien merezimenduen ezagutzen... Berri on hura, huna. Mugako gertakari hauien ondotik, lehenik: Galon bat gehiago ematen diola, etsaiak odoletan ezarri daukun aintzindari dohakabeari... Bigarrenekorik: Medaila baten ohoratzen duela gure guarda bipil, etsaiak gaizki ibiliaren papoa. Horra ene berria.

FRANTZIZ: Gutiz ez utz...

PRESIDENTA: Ixilik...! Jauna segi-azu zure mintzaldia. (Popol sartzen da)

RAMONA: To, gaizoa, ez duk hik medailarik irabazi...!

POPOL: Zer medaila?

RAMONA: Eskainiko daiat nik bat ederra... Badituk saltzeko, hiru liberetan, Xokoletenean.

PRESIDENTA: Berritz eta berritz, ixilik...! (Castillori) Zu, mintza zaite.

CASTILLO: Iduritzen zaut bertzalde, huts bat, huts bat gaitza, ezin sinetsia egina izan dela auzi huntan... Guk badakigu nor den Kabo jauna... Badakigu horren erranak egia zilarrak direla... Bainan, mesfidatzen gira brigadieraz... Egiaz mintzo ote da, diolarik odoletan ezarri dutela saski azpian...? Saski hartan ote zen odol haztarnik...? Eta han balin bazen odola, horrenetik ote zen? Jaun Presidenta, egin-arazi duzuia delako odol haren miatzerik...? Hortan da, auzi hunen ahulezia... Hortakotz galdetzen dut, brigadieraren saskiko odol xortak bildurik, jakintsuetarat igorriak izan daiten, ikusteko zen duten salatzen.

RAMONA: Bai, aspaldi gure Yukik milikatuak ditik to, gure saskitako odol xorta eta gaineratekoak.

FRANTZIZ: Ez bide zen espainol odoletik Yukik edan duena, ez baitzen biziko.

PRESIDENTA: Aski...! Mintza gaiten zintzoki!

CASTILLO: Ba, zintzoki baino gehiago, mintzatuko naiz kartsuki... Ezen, oixtian ene mintzalari lagunak jali dituen eleak ene erresumaren kontra hor dauzkat, opil bezala, ene bihotzaren gainean... Bizkar zabala balin badut ene buruaren kontra erranen jasaiteko, aitor dut ene erresuma maitearen kontrako solasek, barnea minberatzen dautatela, zauritzen eta eritzen.

FRANTZIZ: Purga zaite, purga, gizona!

CASTILLO: Gure erresumak, gure gobernuak, frantses jauna, ez dute zorrik zuenari, ez eta nihungoeri... Badakit, zuen gobernuko etxetan, hiru hitz beti ezarriak direla: Liberté, Egalité, Fraternité. Guk ez ditugu hitz horiek, zuek bezala, kanporat nunnahi berduratzen, bainan ba barnetik, zuek bezain ontsa edo hobeki obratzen... Zuek duzue hitzen espantua, guk heien errespetua... Zuek eskaintzen plana, guk egiten lana.

FRANTZIZ: Zuentzat lastima!

CASTILLO: Denak libro, denak anai, denak berdin izaiteko petrentzionea duzue zuen erresuman. Bainan, zuen lurretan, bertze edozeinetan bezenbat, handiak handi eta ttipiak ttipi... Libertatea duzuela...? Zeren libertatea...? Nahi duzuenaren erraitekoa omen... Bainan badea zuen radio eta zuen kazetak baino ustelagorik? Populuaren libertatearen alde omen zarete! Bainan zuen meneko populuek galdatu dutelarik beren libertatea, eman diozuetea? Zuen libertatea, gurea baino zabalago duzuela? Zabalago bai: lizunkeriako, biluzeriako, basakeriako, bainan errespeturako eta onerako? Jendetze funtsik gabea, zuen buruaz hartua, berduratua, lizuna, petrenzionez betea eta perttolia, horra nolakoak zareten! Bertzeen jorran artzeko orde, beha bazinezate zuen buruari, sentimendu bat bakarrik behar zinukete zuen baitan, sentimendu hura: Ahalgea!

FRANTZIZ: Ha, bere tripa hustu dauku gure jaunak! Horra beraz zertaz zuen betea. (Mespresioki) Gizon eskaxa, ondu gabea! Gizontasuna oraino bere baitan bakarrik xitan daukana...! Gixona...! Hau entzunez, badukezue auzo nazione hortako haurren izaria!

CASTILLO: (Samurki) Ni gixona banaiz, zu aldiz emaxte... Galtzak soinean, baina zaiekin hobeki baitzintazke... Gizontasunik ez daukazu xitan ere zure baitan... Zure ele ergeletarik aski seinale da, gizontasunaren hazia betikotz errerik daukazula!

FRANTZIZ: (Gero eta gorago) Nor da hola mintzo? Ez zintudan, orai artio, zure ustel famaz bertzerik ezagutzen. Ikusten dut orai ez zirela bakarrik hala izanez, bainan ere izanez.

CASTILLO: (Gero eta gorago) Eta zu, ez zira bakarrik ustel. Bainan ustel eta zikin... Izenez hala zira, eta izanez, oraino beherago.

PRESIDENTA: Otoi jaunak errespeta-azue zuen kargua!

FRANTZIZ: (Oihuz) Jaunxkil txarra... Bihar berean ukanen dituzu bi gizon ene partez. Eta ikusiko dugu ean proposatuko dautzutelarik, enekin buruz-buru aurkitzea, pentze batean, hamabortz metretan, errebolbera bedera eskuetan, ikusiko dugu ean oraiko fantesiak beti zurekin izanen dituzun.

CASTILLO: Ez nau zu bezalako gizon batek izitzen, ez eta zu bezalako hamarrek ere... Bainan ba, zuk proposatzen dautazun joko xoro hartan, ene buruaren zikintzeak.

PRESIDENTA: (Finki) Denak xutik! Eta, barne hau huts dezagun... Ez dira hauk bake moldeak! Ahalge naiz, bake egiterat etorri-eta, huntaratu baigira. Ene sententzia emanen dautzuet geroxago. (Oro xutitzen dira... Batzu tira-ala jalitzen deus errai gabe... Bertze batzu elgarri desafioka)

RAMONA: (Jaliz) Nik biziki maite ditinat hola gizonak kalapitan ari, entzutea.

DOLOREZ: Ba... Nik ere ez ditinat sekulan huts egiten misionetako konferentzak.

RAMONA: Hau haatik pollitago zunan. (Alta Xuri bakarrik gelditzen da... Ostatuko senar-emazteak sartzen dira, jatsarekin)

AITA XURI: Heldu zaretea gezurteia garbitzerat...? Garbi-azue, garbi... Badu beharra!

OSTALERA: Erran dute naski hanitz gezur?

AITA XURI: Erran dutea bertzerik?

OSTALERA: Bizkitartean, makurren zuzentzerat bilduak ziren hunarat!

AITA XURI: Bai, politikeroen zuzena eta akerraren adarra berdin zuzen. (Jalitzen da)

OSTALERTSA: Ean, idek dezagun radioa entzuteko zer dioten bilkura huntaz! (Idikitzen du. Boz erkats bat)

RADIOA: DURANTE UNA SESION AGITADISIMA, ¿CON DESAFIOS A DUELOS? HAN SIDO TENIDOS PROPOSITOS INNOBLES CONTRA NUESTRA PATRIA POR EL DELEGADO FRANCES. NUESTRO DELEGADO MUY DIGNO HA PROTESTADO ENERGICAMENTE. QUE SEPAN DEL OTRO LADO DE LA FRONTERA...! QUIEN ATENTE A NUESTRA DIGNIDAD Y A NUESTRA INTEGRIDAD ENCONTRARA EN NUESTRA TIERRA DEFENSORES RESUELTOS Y DISPUESTOS A DAR SU SANGRE NO PASARAN... ¡NO PASARAN!

OSTALERTSA: Ean orai zer dion bertze radioak!

OSTALERA: Ez duzu radio idekitze beharrik... Hor duzu kazeta saltzailea.

KAZETA SALTZAILEA: (Oihuz kanpoan) Lisez le Journal, dernière heure... La France au bord de la guerre... Eches de la Commission pour la paix... Les délégués se provoquent en duel! Mobilisation imminente... Achetez le Journal! (Leihotik pasatzen du bere kazeta)

OSTALERTSA: (Kazeta eskuan) Zer zozokeriak...! Bainan zer zozokeriak...! Radioan bezenbat kazetetan.

OSTALERA: Ba, ba... Edariarekin mozkortzen bezain segur, jendeak zozotzen dituzte kazeta horiekin ere.

OSTALERTSA: Eta, bertze abokat horrek...! Hauxe ba zer molde astoak dituen bere errebolber desafioekin!

OSTALERA: Bo, zer nahuzu...! Buru bero bat... Jainkoa ala deubrua berdin zerbitzatzeko prest, bere buruaz burrunba poxi bat jaliarazten badu!

OSTALERTSA: On, ez gira bakearen bezperan, holako gizon eta holako moldekin!

OSTALERA: Gizonaren estimu eta errespeturik gabe, bakerik ez...! Eta guk, hek eskas!

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa