www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Mugari tiro
Piarres Larzabal
1959

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (II), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

LEHEN GERTALDIA

 

 

Taula-gaina:

        Erdian, muga-haga... Ezkerretik, espainol guardien etxola... Etxola horren sahetsean, izkiriatua: «España-Policia-Aduana»... Eskuinetik, frantses etxola eta izkirioa: «France-Police-Douanes». Gibelean: Euskal etxe eta mendi batzu.

 

 

ANTON: Nun bizi gira, to, koñado?

IXIDRO: To, ene ustez, mugaren bi aldetan: hi, Frantziakoan, eta ni, hire koñadoa, Espainiakoan.

ANTON: Zer gizon da, to, zuen Kabo berria?

IXIDRO: Kanarianoa duk sortzez... Edariak errea eta, gainerat, gizon kaxkarra iduri dik... Eta, zuen brigadier berria?

ANTON: Afrikanoa duk hori ere sortzez... Berak ez zakik nungoa... Izan behar ditik kondizione guziak, horrek ere, onak salbu.

IXIDRO: Ez zaukak gure bizia, zozokeria bat? Bi koñado, biak Euskaldunak, lehen auzoak, adixkide hoberenak, eta biak armetan, bat bertzearen zain!

ANTON: Ba, eta gainerat, bi Afrikano heien manalari.

IXIDRO: Batzuetan gogoetatua egoiten nuk, zer enoxenkeria izigarria eta higuina den muga hau.

ANTON: Bizkitartean, badituk ere gizonak, iduriz zintzoak, muga hau, sakratua dela diotenak eta hunen kentzea aipatu orduko, kurrinkaz lotzen direnak, munduaren akabantza heldu balitzaiote bezala.

IXIDRO: To, muga hau sakratua deitzen dutenek, ez bide ditiztek, guk bezala, hemen paratzen diren trafikuak ezagutzen.

ANTON: Batzuk, beharbada, ez... Hanitzek aldiz, ez ote sobera ontsa? Moltsa sakratu gehiago duk ba, muga hunen beiratzearen alde, bihotz sakratu baino.

IXIDRO: Bazukek ba, hori ere!

BRIGADIERA: (Idorki) Atzemaiten zaitut, berritz ere, solasean ari, bertz'aldeko mugazainarekin... Ahantzia duzuia etsaiekin eleketan artzea, debekatua dautzutala gain-gainetik...

ANTON: Jaun brigadiera, hola da hemen betiko usaia!

BRIGADIERA: Hei...! Ixilik eta zangoak tink...! Jakin-azu, hola balin bazen orai artino, hemendik goiti, bertzela izanen dela... Makur-bide handiak direla, oraiko tenorean, Frantzia eta Espainiaren artean, eta beharbada, bada, gerlaren bezperan girela, muga huntan... Hei...! Hortako, egon ixilik! Begiak idek!!! Izan fermu!!! Azken abisua emaiten dautzut...! Hei...!

IXIDRO: Deubru mutur beltza, bere «hei!» eta «hei!»ekin...! Afrikako haize beroak erre ziok, horri ere, kasko barrea... Ez ginikek orai bertze beharragorik... Gerla, alaintso, gure artean!

ANTON: Orai konprenitzen diat zertako Afrikano horiek igorri ditizteken hunarat... Gerla bat pitz baladi muga huntan, guk ez ginikek bekokiarik, hemen, deneri su eta erre lotzeko... Horiek aldiz axola guti bailitekek hemengoez, hortako ditizkek tokikoak urrundu, eta urrunekoak hunarat ekarri. To, Aita Xuri heldu duk... (Hari mintzo) Errazu, Aita Xuri, zuk ontsa ezagutzen ditutzuia Afrikanoak!

AITA XURI: Ontsa ez... Pixka bat, ba... Berrogoi eta bortz urte baditut gero Afrikan emanik... Eta, Jainkoak nahi badu, hemengo pausa egunak ere laburtzen ari baitzauzkit, harat itzuliko naiz berritz, hango lurretan uzteko ene larru zaharra.

ANTON: Ori, harat itzuli gabe, Afrikanoen konbertitzen lotzen ahal zira, hemen berean. Baditugu hemen biga, gerla pizterat etorriak gure arterat.

AITA XURI: Ba... Noren falta da...? Nork jinarazi ditu? Aspaldiko urtetan, gureganik ez ahal dute bertzerik ikasten...! Gerla, eta beti gerla!

ANTON: Hum...! Ez dituzula saltzekotan Afrikano horiek, zuk!

AITA XURI: Egiak bere bidea behar du. Afrikanoak jende gibelatutzat dauzkagu. Bizipidez, segur ez dira gure heinean, bainan gizontasunez ez ote...? Ikusten gaituztelarik gu, arrazaz haurride girenak, gure artean beti gerlan, edo, zakur eta gatu bezala bizi, mugen bi aldetan, zer nahi duzue pentsa dezaten gutaz...? Gizontasunaz, ote dute gutan erakaspen eta etsenplu hori? (Jalitzen da)

ANTON: Ezin ukatua hori. (Ixidrori) Ez zakiat ohartua haizen... Alegia deusez, zimendu handiko ahopaldiak jalitzen ditik maiz apez horrek.

IXIDRO: Zer nahi duk...! Hanitz ikusi duenak, hanitz ikasi dikek... To, emaztea heldu zauk.

MARTZALIN: (Saski bat boketarekin) Errazu, Anton, iturrirat bainoa, tupina suan zainduko duzu. Eta, haurra ere, hor uzten dut, seaskan lo, ate aintzinean.

ANTON: Beso marratuak arras kexu ditugu... Ez dakit, muga pasatzerat utzi behar zaitudan, iturrirat joaiteko ere.

MARTZALIN: Ba balinba... Guarda frantsesaren emaztea eta espainolaren arreba izanez geroz, dretxoa ahal dut, muga huntan, harat eta hunarat ibiltzeko!

IXIDRO: Uzten ahal ditun ba bokatak bertze tenore bateko... Bihar ere argituko din berdin.

MARTZALIN: Ba, zuentzat, denak, bihar eta bihar dituk... Bainan, sarri beztitu behar baduzue eta atorra garbia ez baduzue han prest, ohearen gainean, orduan dena erasia eta sudur xixtu emaztearen kontra.

ANTON: Bon, bon...! Pasa zaite beraz, pasa... Irriskua zure gain!

IXIDRO: Ai, ai, ai...! Kasu hiri!

BRIGADIERA: (Kexu, agertzen da) Zer dira manera hauk, hei...? Ala, nitaz trufatzen zira...? Urrats batez urrundu orduko, ene manuak ostikatuak...! Nor da, deus ageririk gabe, iragaiterat utzi duzun emazte hori, hei...!

ANTON: Jaun brigadiera, ene emaztea da!

BRIGADIERA: Zure emaztea...? Arrazoin bat gehiago ene manua errespeta dezan...! Etxekoek ez badute etsenplua emaiten, nola nahi duzu kanpokoek obedi dezaten, hei?

ANTON: Gure aduanako emazte guziak Espainiarat joaiten dira bokata zuritzerat... Hor baita gure iturria.

BRIGADIERA: Errazu hor zela orai artaino... Holako eskandalak behar du bururatu. Behar den tokirat galdea eginen dut, frantses guardek izan dezaten iturria Frantzian! (Kabo agertzen da)

BRIGADIERA: (Kabori buruz) Bekatu baita gure zikinez berez, holako nazione baten aberastea.

KABO: Ez gira zuen zikinen beharretan... Gure ura zuen lurrerat baitoa, zuentzat zuen zikinak, eta konduen gain, gureak ere! (Brigadiera kexu jalitzen da. Kabo kexu Ixidrori) Nor da sartzerat utzi duzun emazte hori?

IXIDRO: Kabo jauna, frantses guarda horren emaztea da, eta ber denboran, ene arreba.

KABO: (Oihuz) Horra zertaratzen zirezten zuek Eskualdunak...! Espainia zuen ama, ukatu nahi luketen bertze aldekoekin eskuz-esku zabiltzate...! Nork daki ean emazte hori ez den ixpiongoan ari Frantziarentzat?

IXIDRO: Ez da ihesi joana... Hor da gure esku-meneko.

KABO: Preseski, eta, etsenplu gisa, nahi dut segidan gure lurretarik kasatu... (Bertze guarda manatuz) Guarda, errozu bokatazale emazte horri, hunarat jin dadien... (Ixidrori) Ikas-azu zure arreba, zure ama bera baino gehiago behar dela estimatu zure erresuma... Eta, erresuma lanjerean delarik, ikas-azu hari ere sakrifikatzen.

GUARDA: Jauna, huna emazte bokatazalea!

KABO: (Gaixtoki) Anderea, zer paperekin zira lur huntan?

MARTZALIN: Ez dut nik paper beharrik lur huntan izaiteko.

KABO: Arrotza hain harroki mintzo gure lurretan! Horra zer den kanpotiarreri bridak laxo uztea!

MARTZALIN: Nor da kanpotiarra hemen...? Zu ala ni...? Ni hemengoa naiz... Zu aldiz, Afrika Kanarietakoa...! Zoazi, nahi baduzu, manatzerat, zure tokietarat, bainan gu, hemen, utz gaitzatzu gure gisa.

KABO: (Oihuz) Zer! Frantses ustela...! Hola duzuia errespetatzen gure lurra...! Erakutsiko dautzut, nik, nor den gure lurretan nausi...! Ale, preso...! Guarda, har-azu emazte hau preso!

MARTZALIN: Zer dretxoz nauzu preso altxatzen? Espainola naiz ni ere, paperez... Zu bezenbat edo gehiago ere bai.

KABO: (Beti oihuz) Preso...! Preso eremazu...! Dagola han, purgatzen!

IXIDRO: Jauna, ene arrebak arrazoina du. Gizona frantsesa du, bainan bera espainola da... Seme bat ere badu, hemen, karabineroetan aintzindari...

KABO: Hee? Zer derasazu?

MARTZALIN: Bai, jauna...! Zuk nahi edo ez, hori hola da... Espainian ezkondu ginen... Geroztik ene gizona, Frantziako gerla eginik, frantsestua da, bainan ni, beti espainol naiz paperetan.

GUARDA: Behar duta preso altxatu?

MARTZALIN: (Fierki) Ba, ezar nezazu preso... Ezar-azu orai Espainol bat, karabinero aintzindari baten ama, espainol lurretan hartu-eta, preso...! Atzemanen dut gero, nik ere, nor mintza...! Muga-zainen eginbide eta dretxoak ezagutzen ditut gero, nik ere!

KABO: (Nardatua) Hola balin bada, zu preso altxatzeko dretxork ez dut... (Boza ozenduz) Bainan, espainol zirenaz geroz, egonen zira Espainian. Eta, zu, guarda, izanik ere anai hunentzat, gain-gainetik zainduko duzu emazte hau, ez dadien Frantziarat berritz pasa. Aditzen duzu: gain-gainetik...! Eta, orai, zoazi iturrirat.

MARTZALIN: Nahi badut, joanen naiz!

KABO: Bon beraz, zaude hor, bainan hanbat gaxto, muga trebesatzen lotzen bazira! (Jalitzen da)

MARTZALIN: (Antoni) Errazu, ez bainitake orai bide lasterrez horrarat pasa zure gain uzten ditut, tupina eta haurra.

ANTON: Ez nuzu on lan txarrean ezartzen! Oxtiantxet, eneak eta asto beltxarenak entzunak ditut, nik ere, gure beltzarenganik!

MARTZALIN: (Kexu) Beltza edo zuria, tupinari sua egin-ozu, nahi baduzu eguerditan jan. Eta, haurra ez ahal duzu bera utziko, kasurik eman gabe... Ni, iturrirat kondenatua naiz! (Jalitzen da)

ANTON: Hau deubrukeria! Emaztea Espainian, etxe-ta haurra Frantzian, eta ni, bien artean itzatua... Nori, behin ere gertatu zaio holakorik?

AITA XURI: (Agertuz) Anton, zure haurra nigar eta nigar ari da bere seaskan.

ANTON: (Kexu) Ba, eta nik, ezin guardia utz, bereziki mementoan dugun botigarekin.

AITA XURI: Ez zaitela griña... Kontsolatuko dut ba nik aingeru ttipia.

ANTON: (Bakarrik, kexu) Deubruen kaxkar erreak! Horiek, Jatsu eta Haltsu bezala, biak igualtsu... Etsai behar omen diagu baitezpada, muga hunen bi aldekoek. Muga hau muntatu ziteienek, zirtzilkeria ederra muntatu ziteian... Geroztik, zenbat odol ixurtze, hau haratxago edo hunatxago izan dadiengatik! Eta, nor su piztaile...? Ho, ez hemen bereko jendea ez...! Bainan, han, hiri kapitaletan bizi diren zakur handi, batzu... Eta gu, nahi't'ez barne, hek muntatzen duten saltsetan.

AITA XURI: (Agertzen da, haurra seaskan nigarrez) Xo, ene aingeru ttipia, edo! Bizkitartean esnea badu tutuan, bainan ez du edan nahi.

ANTON: Oas... Barkatuko dautatzu, aita misionesta; nahi nuke haurra besotan hartu, bainan ikusten dut brigadieraren begi zorrotza, eta xahu naiz, holakorik egiten badut zerbitzu denboran.

AITA XURI: Zaude deskantsuan... Kontsolatuko ahal dugu gure ñiñia. (Besotan hartzen du eta tuta ematen dio, ele goxoekin. Lau muttikok agertuz inguratzen dute aita misionesta eta alegeraki mintzo)

MUTTIKO BAT: Ho, aita misionesta ñiñi zain!

AITA XURI: Ba, eta lana emaiten baitaut.

MUTTIKO BI: Zure bizarrak du izitzen!

AITA XURI: Zuek, norat heldu zirezte?

MUTTIKO BAT: Kaniketan artzerat.

AITA XURI: Bon, ari kaniketan hor, haur hau eni gehiago nahasi gabe. (Haurrak, beren usaiako hitzak baliatuz, kaniketan lotzen dira, muga marraren gainean)

KABO: (Kexu) Zer dira haur tzar hauk hemen? (Ixidrori) Guarda, nolaz holakorik onartzen duzu...? Hau dea mugaren errespetua? (Muttiko bat besotik hartuz) Hi, espainola ala frantsesa hiza?

MUTTIKO BAT: Ni? Eskualduna.

KABO: Eskualduna...? Eskualdunik ez duk! (Bigarren bat besotik hartuz) Eta hi?

IXIDRO: Kabo jauna, muttiko hori espainola da.

KABO: Bon, dagola beraz hemen.

IXIDRO: Espainola da, bainan Frantzian bizi. Horren burasoak hemendik harat desertatu ziren.

KABO: (Bertze bat besotik hartuz) Eta hi, zer haiz?

IXIDRO: Horrek, ama espainola du eta aita frantsesa... Bainan Espainiakoan bizi dira.

KABO: (Oihuz deneri) Zakur arrazak bezain nahastekatuak zirezte muga huntan...! Bon... Muga hau huts eni, eta zoazte bakotxa zuen eremuetarat... Eta, hunarat, ez eni gehiago ager!

AITA XURI: Kabo jauna, haur hunek badakizuia zer galdatzen duen?

KABO: Zer?

ANTON: Amaren bularra!

KABO: Emozu beraz amaren bularra!

AITA XURI: Haur hunen ama, hor delakotz, zuen iturrian eta zure baimena gabe, ezin itzul ditakelakotz hunenganat.

KABO: (Sainur) Ba, eta jakin-azu, ez daukala ene baimena ukanik, hemendik jalitzeko. Emazte hori, eni erran dauzkidanekin, izan balitz Japonian, gaztigutzat, kanibeta marraza batekin, gain-behera, zerria bezala idekiko zuten... Izan balitz Xinan, kanoi ukaldiaz berrehun parte puskaturik, igorriko zuten deubruetarat... Izan balitz Afrikan, tripatik trebes pazote bat ezar-eta, haren puntan emanen zuten iguzkitan idortzen... Eta, hemen, Espainian, buruzagien errespetua ahuldua delakotz, pits ez duela ukanen...? Holakorik ez... Sofri dezala bederen haurra ezin pazkatzetik!

BRIGADIERA: (Agertuz, Kabori mintzo) Solas horiek dute erakusten zer sabelaren jabe den gure etsaia... (Irritzar bat dario... Kabo, brau jalitzen da) Anton guarda, joaiten ahal zira etxerat zure haurrarekin... Popol guarda jin dadiela, zure ordain. (Jalitzen da)

ANTON: Eskerrak gure Jainkoar, eta zuri ere, aita misionesta... Ha, tupina ere suan dut ba...! Engoitik erre da, edo sua hil zaio. (Jalitzen da haurrarekin)

AITA XURI: (Bakarrik) Ni naiz espainola, ni frantsesa, ni afrikanoa... Ni, sortzez, gure Jainkoak eskualdun egin ninduen... Hori ezin ukatua... Paperek diote Frantziako haur naizela... Bertze eskualdun hanitz dira, paperez, espainol, amerikano, nik dakita zer. Noiz ote eskualdunak, izaten ahalko dira, paperez ere, eskualdun!

ANTON: Gauden bakotxa gure izanaren izenarekin, eta ibil gaiten denak eskuz-esku... Zer laiteke ederragorik? (Jalitzen da)

POPOL: (Agertzen da... ohetik heldu, bisaiari torraka, aharrosika) Buhu! Hau iratzartze bortitza! Lo nindoian maza bezala... Eta galdea jin... Guardia hartu behar dudala... Hau zer mozkor ondoa!

IXIDRO: Nun ibilia haiz?

POPOL: Menttan... Musean ginian desafioa... Bi guarda frantses, bi karabineroen kontra. Zafratu ditiuk...! Zer gertatzen duk hemen to? Arrunt zitala omen duk brigadier berri hau.

IXIDRO: Ba, eta gure kaboa ere berdin.

POPOL: Boo... Heziko ditiuk ba... Hastapenean denak hola dituk... Gero, ikusiz hemengo moldeak, eta hemengo jendeak ezagutuz, gure punperat jausten dituk.

IXIDRO: Agian, to... Eta, lehenbailehen jauts daitela.

POPOL: Errak, badea hemengorik horrarat pasaturik?

IXIDRO: Auzoko buhame horietarik bat diat sumatu, urruntxagotik, gordezka. Bertze nehor guti duk, goiz huntan, muga hau trebesatu duenik. Badakik, dudarik gabe, gerla solasak direla gure artean?

POPOL: Gerla ba... Gerla... Zer zozokeriak jalitzen dituzten haatik! To... Gerla gose direneri, banakikek nik asea nola eman... Aski liuzkek denak biltzea sorropil batetarat... Eta, han, joka ditela gerlan nahi duten bezenbat. Gu egonen giniuzkek sahetsetik behari... Gerla ba. (Aharrosika ari da)

IXIDRO: Hola balitz gerla, ez lukek gerlari hanitzik. Zorigaitzez, gerla muntatzaileak ez baitituk haatik gerlaz pekatzaileak!

POPOL: Gerla...! Boo! Ha, zer loeria dudan! Aho gaxto bat ere badiat! Eta zintzurra idor. (Loa ezin du kasatu)

IXIDRO: Eta bitzi dena hau duk... Salbu buru bero zenbaixka, jende gehienak bakearen alde dituk... Bizkitartean, zenbaixka heiek gerla muntatuz geroz, bertze guziak ondotik jarraikitzen zaizkiotek. Beldurrez, dudarik gabe... Edo, heieri ere burua berotzen... Habil konprenitzerat hi, to...! Ha, lo ago-eta!! Bon bon, hobe! Kasko hauste gutiago dik lo dagonak.

KABO: (Ixidrori) Guarda! Buhame hau, hor gaindi bildurik, ekarri daukute postarat... Utz-azu muga trebesatzerat. (Brigadiera agertu baita, hari buruz mintzo) Horien haurra da... Doala bere familiarat. (Jalitzen da)

BUHAMEA: Ba, Rotschild banintz, arrakasta hoberik nuke, nik ere!

BRIGADIERA: (Buhameri, Popol erakutsiz) Zoazi guardiako gizonarenganat, mia zitzan. (Jalitzen da)

BUHAMEA: (Lo dagon Popoli) Hep! Ez nuzuia miatzen?

POPOL: (Erdi lotarik) Hee...! Bakea eni! Inbido!

BUHAMEA: Atzar zaite ba!

POPOL: Bakea gero eni...! Tira tantoa!

BUHAMEA: Alta, behar nauzu ba miatu!

POPOL: Kontrabandixtak doazila deubruetarik harat...! Hiruak iduki!

BUHAMEA: (Besotik higituz) Kasu emazu...! Brigadiera hor dago zuri so!

POPOL: (Atzartzen da) He... Brigadiera...? Jes, nun naiz ni...? Ha deubrua! (Brau xutitzen da... Bainan galtzetako botoi bat galtzen du, eta, bortxatua da galtzen esku batez atxikitzerat) Botoi zikina...! Eta, tenore huntan! Buhame piltzarra...! Zer duzu garreatzen?

BUHAMEA: Ez zitela kexa, jauna.

POPOL: Zer duzu hor, bizkarreko zaku hortan!

BUHAMEA: Sukre poxiño bat... Haurrentzat dut.

POPOL: (Miatuz) Poxiño bat ba... Badituzu hiru kilo, eta gehiago ere!

BUHAMEA: Haurrentzat, jauna, haurrentzat.

POPOL: Bon, kentzen dauzkitzut bi kilo!

BUHAMEA: Zendako biga kendu...? Eginazu baño banu bezala... Eta, oro, utz-aitzu otoi!

POPOL: Bon beraz... Ez dautzut zukrerik kentzen! Ai, ai, ai! Ba, behar dautzut kilo bat kendu.

BUHAMEA: Zerendako?

POPOL: Brigadiera so dagolakotz.

BUHAMEA: Ha...! Laster dituzu zuk ere «bai» eta «ez»ak!

POPOL: Xo... Zer duzu oraino hor?

BUHAMEA: Hor, kontserbak!

POPOL: Zonbat untzi?

BUHAMEA: Bat edo bi.

POPOL: Bai... Sei segurik kondatzen ditut. Bon, hiru kentzen dauzkitzut.

BUHAMEA: Bat ere, ez ahal zautzu aski... Ene familiaz urrikalduko ahal zira!

POPOL: Bon... Bat beraz... Ha, berritz ere so dago...! Biga bederen kentzerat bortxatua naiz.

BUHAMEA: Bon, bainan otoi ez ni gehiago mia!

POPOL: Ahal banu ba... Beti so baitago haatik alimalia! Sakela horiek zertaz beteak dituzu...? Bat bederen behar dautzut hustu!

BUHAMEA: Bat husten baduzu, biak hustea berdin du... Batean zapeta bat dut, eta bertzean haren laguna...

POPOL: (Miatuz) Ba, baduzu hor bertzerik ere... Zer da untzi huntan?

BUHAMEA: Zure onetan, untzi hori ez zazula idek.

POPOL: Zer, ene onetan...! (Idekitzen du eta so egiten dio) Zer duzu hau, bolbora?

BUHAMEA: Ez da bolbora... Egin-ozu usain... (Popolek usain egiten dio eta urtzintzaka lotzen da) Biper mina duzu hori... Errana nautzun ez untzi hori idekitzeko.

POPOL: (Bulto batez, ez da urtzintzatik gelditzen) Urdekeria...! Pestekeria...! Bon... Ai, ai, ai... Eta beti so dago ba gure mutur beltza... Biperra utziko dautzut, bainan bortxatua naiz zapeta bat bederen bahitzerat.

BUHAMEA: Hasian hasi, hor-izkidatzu galtzak ere! Ene familiaz urrikalduko ahal zira... Gaixo haurra...! Lehen zapeta parea ekartzen diot bere bestako!

POPOL: Bon, bon... Ori zapeta hau beraz... Ez duelarik bertzeak so egiten, sar-azu laster zakuan.

BUHAMEA: Orai, aski miatu ahal nauzu?

POPOL: Ba, ba... Ageria behar dautzut eman zer kentzen dautzudan. Ai, nun dut kraiona...! Galtza botigak, beti erortzen...! Ha, ez dezaket ba izkiria!

BUHAMEA: Ekazu papera... Nihaurek izkiriatuko dautzut.

POPOL: Fagore bat eginen dautazu... Bon, izkiria-azu hementxet: zukrea, kilo bat eta kontserbaiak, bi untzi. (Buhameak izkiriatu du errepikatuz) Horra zuretzat ageriaren doblea... (Ematen dio papera) Ai, berritz ere beha dago...

BUHAMEA: Dagola, nahi badu... Ni banoa.

POPOL: Ba, zoazi... Eta, milesker paperarentzat. (Buhamea jalitzen da)

BRIGADIERA: (Agertuz begi tzar batekin) Zer dira molde horiek...? Zer duzu orai! Sekretario bat behar zure paperen betetzeko, hei! (Karneta hartzen dio)

POPOL: Galtzak, jaun brigadiera... Barka zadazu. Galtzak zauzkit erortzen... Botoi bat dut galdua.

BRIGADIERA: (Idorki) Galtzak...! Aski dituzu ontsa estekatzea bertze aldian! Bizarra ere moztekoa duzu hei...! Hoinbertze jende hemen iragaiten-eta...! Mugaz bertzaldekoak guri beha daude... Desohore bat zira zure ofizioarentzat... Desohore bat Frantziarentzat... Punimendutzat, bi egun izanen dituzu... Aditzen duzu hei...! Bi egun.

POPOL: (Bazterrerat mintzo) Zakurraren zera, to, hiretzat.

BRIGADIERA: (Orroaz) Zer erran duzu, hei...? Eta, lehenik, «zangoak tink» eni mintzatzeko... (Popol emaiten da «au garde-à-vous») Ala nahi duzu gaztigu garratzago bat, hei? Nahi dut, muga huntarik pasatuko diren guziek, huntan ereman dezaten oroitzapen on bat... Nahi dut, hau trebesatu ordu konpreni dezaten, sartzen direla libertatearen erresumarat... Jende berri, ongi ikasi, argitu batzuen erdirat... Nahi dut hemen hats berri bat sendi dezaten, bertzaldeko aire pozoinatuaren ondotik... Nahi dut... (Karneta irakurtzen du) Bainan, zer da ustelkeria hau...? Ongarriki zikinkeria hau nork ezarri du paper huntan, hei...? Nork?

POPOL: Karneta enea da!

BRIGADIERA: Zurea...? Baduzu kopeta....? Irakur-azu... Irakur-azu gora gora...! Miserablea, ez deusa, zu...! Irakur-azu hor izkiriatua dena!

POPOL: (Irakurtuz) «Aduana huntako brigadieraren asto beharrieri, goraintzi...» Buhame ustela!

BRIGADIERA: Zer diozu hortaz hei? Zure ofizioko karnetean horra beraz zer duzun onartzen. Ohorezko karneta, xuhurki beti guarda batek ibili behar lukeena, hola ixtilez duzuia betetzen hei...? Oixtian eman dauzkitzut bi egun punimendutzat. Eta orai, izanen dituzu gainerat bertze zortzi.

POPOL: Ez da ene falta... Galtzetan botoi bat eskas nuen, eta, ez nezaken izkiria.

BRIGADIERA: Bon, eta, bertze aldian, botoiak ontsa josirik hunarat jiten ikasteko, ukanen dituzu gainerat bertze bi egun punimendu.

POPOL: (Bazterrerat mintzo) Tipula burua!

BRIGADIERA: Zer erran duzu, hei? Bon, zangoak tink direlarik, ixilik egun behar baita ez zirelakotz ixilik egon, ukanen dituzu gainerat bertze bi egun... Heldu baita, zortzi eta biga, eta biga, eta biga... orotarat, hamalau egun... Eta ikas hor aintzindarien errespetua... Onez ez bada, bortxaz bederen, hei...! (Jalitzen da Popol desafiatuz bezala)

POPOL: (Bakarrik, errabian) Haize zirimola, galerna, bahazuza jauts ditela, holako gizon botiga, errekak beheiti joaiteko. Tripak airean, hertzeak iduzkiari, ezarriko ahal ditek norbaitek, larreki zoko batean. Ez duk ofizio hau baino higuinagorik zeruaren azpian. (Jarririk, lotzen da botoia josten)

IXIDRO: Kexu haiz to!

POPOL: Nor ez lukek hala izanen...! Ez duk hau bizitze bat... Batzuetan kamiunka gauzak pasatzerat uzten ditiagu... Utz pasatzerat, utz... Begiak hets... Eta biharamunean berritz, ezdeuskeria batzuentzat, zorrotz agertzeko manua... Ken, denak ken... Eta gainerat, ez deuskeria batzuentzat punitua! Eta ez guti! Sos baten kontrabanda eta hamalau egun gaztigu... Alimale beltza!

IXIDRO: Zer nahi duk! Mugak dik hola manatzen. Kentzen dugun kontrabanda, irabazi ageria duk guretzat... Ixilik pasatzerat uzten duguna berritz, irabazi gordea, guretzat edo... bertze norbaitentzat.

POPOL: Ba, eta guk denen tapagailu behar.

IXIDRO: Beharko, ogia ez galtzekotz.

POPOL: Hau trafikua, eta gu, hortarik bizi!

AITA XURI: (Agertuz, pipa preparatzen) Hauxe ba, zoin zintzoki zaudezten.

IXIDRO: Ba, elgarri ginion, muga hau dena trafiku dela.

AITA XURI: Zoin muga da, ez denik hala?

IXIDRO: Bizkitartean, gu ez bagine hemen, oraino trafiku gehiago laitekela.

AITA XURI: Zuek ez bazinezte hor, ez laiteke mugarik, eta beraz, ez laiteke ere kontrabandarik.

POPOL: (Irriz) Hala duk hori ere... Haatik, laster hemen liezke hertz aldeko soldadoak gure lurretan...

AITA XURI: Ez balitz mugarik, ez litake heien zaintzeko eta ez heien trebesatzeko soldadorik.

POPOL: Ha, bazukek hori ere.

IXIDRO: Uste duzuia mundua gerlatik beira daitekela?

AITA XURI: Mundua mundu deno, beti beharko da poliza armatua, jende onen gaxtotarik zaintzeko... Bainan, mugetako gerlak ez dira, on eta gaxtoen arteko gerlak... Bainan gerla itsuak, diruz eta herraz berotuak... jende gaxto baino on gehiago hiltzen dituzten gerlak.

DOLOREZ ETA RAMONA: (Agertuz) Agur jaunak. (Oihuz) Txitxarroa...! Zardina bizi-bizia!

HIRUEK: Agur, andereak.

DOLOREZ: Aita Xuri, beti hemen atxemaiten zaitugu...! Zer zare...? Mugazain sartua?

AITA XURI: Ez nuzu mugazain, bainan heien omoniera.

DOLOREZ: On... Izanen duzu lan hemengo arrainen sarerat biltzen.

POPOL: Ez du bere falta izanen ez bagaitu biltzen... Gaitzeko predikuak baitauzku botatzen.

AITA XURI: Bainan orduan, Jondoni Joani bezala, desertuan ari naiz predikatzen... Agian bederen, ondoko egunetako bideak ditut idekitzen. (Jalitzen da)

DOLOREZ: Guk ere lagunduko zaitugu, Aita Xuri. Ortzirale guziz ibiltzen baigare etxez-etxe arrain saltzen, guri esker dute hemen hanitzek mehe egiten.

POPOL: Bai, zuek ontsasko gizentzen zirezte, guri mehe eginaraziz... Haatik, egungoan, badut uste gazitegirat beharko dituzuen itzuli zuen arrainak.

DOLOREZ: Gazitegirat...? Zertako...?

POPOL: Ez baituzue saltzeko baimenik ukanen mugaz bertzaldeko.

DOLOREZ: Ez ote...? Nahi nuke jakin nork debekaturik.

POPOL: Guk hola hartua dugu manua: nehor ez trebesatzerat uzteko... Ez gure emazteak ere. Zertako ote...? Aski diozue galdetzea gure galondun berrieri.

DOLOREZ: Zertako ez diotegu galdetuko...? Zer uste duzu. Horien beldur garela?

POPOL: Ez, ez... Ez luke balio... Muturra pixka bat xokolet kolore izanagatik, gizon goxoak dira, mintza-errexak, plazer egiterat ekarriak... Zoazte, zoazte... Frogazkitzue! (Brigadiera agertzen da)

DOLOREZ: (Brigadierari) Agur, jauna! Bi ahizpa gare... Biak Hondarribian sortuak... Hau espainola da, eta ni, frantsestua!

BRIGADIERA: (Goratik) Eta gero!

DOLOREZ: Gure usaia da, muga hunen bi aldetako etxetan arrain saltzen aitzeko... Zure aintzineko brigadierarekin arras ongi elgar aditzen ginuen... Gizon xarmanta zen. Pentsatzen dut zurekin ere berdin izanen dela.

BRIGADIERA: (Hozki) Ene aintzinekoez, nik ez dut fitsik jakin nahi... Hanbat gaxto beren eginbidea gaizki betetzen bazuten.

DOLOREZ: Ez zaitut ahantziko jauna... Bertzeak bezala, izanen dituzu, aldi guziz, txitxarro zenbeit, zuk ere!

BRIGADIERA: (Bortizki) Zer...! Baduzu kopeta hola ni erosi nahiz lotzeko, hei! Fuera hemendik! Ez da ene ohorea saltzeko!

DOLOREZ: (Bizi-bizia) Jes...! Ez baduzu ohorerik saltzeko, ez da nere falta. Nik ere badut nere ohorea zaintzeko... Familia hor dut. Ez dut nehori kalterik ekartzen arraina salduz... Zerbitzu dut egiten deneri!

BRIGADIERA: (Saminki) Errana zautaten muga huntan ustelkeria sartua zela... Ba, hala da, eta nik uste baino barnago... Jendeak, mugaren gainean, beren etxeko sukaldean bezala ibilki... Mugazainak salgailu... Nola nahi duzue erresuma bat sanoki bizi dadien, holako moldekin, hei!! Bainan, saindatuko dira urratsak hemendik aintzinat, emanen baitut nik hemen, gure erresumaren errespetua.

DOLOREZ: Bon... Nik ez baitut prediku beharrik... Igandekoarekin baitut aski... Nahi dut bakarrik jakinean muga trebesatzerat uzten gaituzun arrain saltzeko!

BRIGADIERA: (Oihuz) Ez... Ez eta ez! Hain kasko hertsia duzuia, hori ez oraino konprenitua ukaiteko?

RAMONA: Errazu! Eta ni, espainola bainaiz, ez ote naiz libro nere lurretarat?

BRIGADIERA: Espainola bazira, zoazi deubruetarik urrunago, eta ez gehiago itzul hunarat.

KABO: (Agertuz) Hemendik horrarat igorri berdurak, atxik-aitzue zuentzat!

RAMONA: (Kabori) To, behingoan, hire beharriak aski garbiak hintuen, sahetsetik erranen aditzeko.

BRIGADIERA: Zorigaitzez arrazoina du... Sobera aise, kanpotiarrak onartzen ditugu gure lurretan.

RAMONA: Errak to! Nor duk hemen bere lurretan? Zuek ala gu? Zoazte, zuen iduri, mutur beltzetarat, eta gun, bakea emazue hemen!

BRIGADIERA: Ixilik ez bazira egoiten, oroit zaite presondegiak zerbaitetako direla!

RAMONA: Utziko zauztegu zuen gisa... Hasteko, usain txarregia duzue batak edo bertzeak guk zuen ondoan irauteko... Etor Dolorez... Goazen hemendik...

BRIGADIERA: Eta, hunarat ez gehiago ager.

RAMONA: Arrazoina duk... Ez gaituk gehiago agertuko. Bertz'aldian zikinketariak igorriko ditiagu zuenganat... Zikintsu zikiñak, zuek! (Jalitzen dira... Brigadiera eta kaboa ere)

POPOL: Ha zer kazkarota parea to!

IXIDRO: Horion erranetan, bazituan egiak ere... Muga hau ez duk jendeen onetan, bainan bai kaltetan... Niagok beraz zertako xutik beiratzen duten.

POPOL: To, hau kentzen badute, abiatzen ahal gaituk, hi eta ni, onddoketan...

IXIDRO: Halere egiari bere bidea. Muga hau zonbaiten onetan, bainan gehienen kaltetan.

POPOL: To, to... Jendeak heldu zauzkik. (Agertzen dira sei presuna, afrikano jauntzietan)... Hiru aljeriano (aita, ama eta haur koskor bat)... Hiru beltz (gisa bereko).

IXIDRO: Jes...! Nor ote dituk jende horiek? Hauxe ba, zenbat gizon mota garen bazterretan!

KABO: (Agertzen da... Jendeen paperak ikertzen ditu) Guarda, utz-aizu jende hauk pasatzerat.

IXIDRO: To, hire aldi orai.

POPOL: Doazila brigadierarenganat!

BRIGADIERA: (Agertuz) Hep! Geldi! Ez da haizu nehor gehiago hunarat. (Beltzek ez baitakite eskuaraz, hek bere mintzairan eta brigadiera gero eta gorago ari dira kalapitan) Berdin duela... Zuek, ageriak xuxen izanik ere, ez zarete hemen sartzerat haizu...! Gerla hasteko heinean garela eta mugak hetsiak ditugula... Eta aski, hei...! Gu, gure tokietan gagozi... Zauzte zuek, zuenetan... (Bi guardak deitzen ditu) Zatozte zuek biak hunarat zuen armekin... Ikus dezatela muga zainduko dugula, hala beharrean, armez ere... Eta, fuera hemendik hei!!

POPOL: Jaun brigadiera... Aita misionesta, Afrikan hain luzaz egona baita, beharbada harek lagunduko zaitu horiekin mintzatzen.

BRIGADIERA: Bon, errozu jin dadien! (Popol jalitzen da)

KABO: (Irri tzar batekin) Auzo erresuma han omen da, goxotasunaren eta libertatearen erresuma. Horrat joaitea aski, ontsa errezebitua izaiteko. (Sartzen dira Aita eta Popol)

BRIGADIERA: Ha, aita misionesta, horko jende horiekin nahi nuke mintza bazinte, elgar konprenitzen ahal baduzue segurik. (Beltzak aita misionesta ikus ordu, lorietan harenganat doatzi... Haren eskueri pottaka... Arras ongi elgar konprenitzen dute)

AITA XURI: Jaun brigadiera, Lurdeko beilariak dira, denak girixtinoak... Ontsa ezagutzen ditut hauien bizilekuak.

BRIGADIERA: Bon... Errozute beren etxerat itzultzeko. Gerla bezperan girela, eta mugak hertsiak direla.

AITA XURI: Zer...! Handik hunadino etorri jendea, ez ahal duzu hola haizatuko!

BRIGADIERA: Ez da fits egitekorik... Manua manu da.

AITA XURI: Ba, bainan kasuak badira, manua hausten dutenak... Jende hauk, beren tokiko buruzagietarik dira, eta Frantziaren adixkide handi batzu.

BRIGADIERA: Nik ez dakit nor diren.

AITA XURI: Nahi duzuia, biek telefona dezagun, jaun gomandantari?

BRIGADIERA: Berdin... Zuhaurek frogatuko duzu gomandantaren manuak zoin garratzak diren. (Biak jalitzen dira)

POPOL: (Bere guarda lagunari) Eta, hi eta ni, hemen, bi asto... Beltz horiek beharbada munduko jenderik hoberenak dituk, eta, manua ukanez geroz, guk horieri tiro eman beharko... Ezagutzen ere ez ditugun jendeak... Fits kalte egun ez daukutenak.

IXIDRO: Ahantziak dituk to hire brigadieraren predikuak: ontsa ikasia agertzeko, muga trebesatu nahi dutenekin... Ontsa ikasiek eskua luzatzen ditek gero, eta ez arma, zuek bezala.

POPOL: Bakea emak, to!

AITA XURI: (Agertuz, brigadierari mintzo) Ikusten duzuia...! Beharrik telefonatu baitugu.

BRIGADIERA: (Batere ez kontent) Bon, bon... Errozute tronpatu girela... Abusa-aitzu otoi gu apailatu artio... (Bi guarderi) Zuek, eman esku-larru xuriak!

POPOL: (Harritua) Hee!

BRIGADIERA: (Kexu) Ba... Gomandantak telefonatu du, buruzagi gisa errezebitzeko jende horiek... Armak altxatuz eta gainerat xanpañarekin... Norbait direla, eta gerlarik balitz, horien beharretan gintezkela... Eta, bertze xehetasunik ez eni galda hei! Manua manu da... Bon eman lerroan... Bazireztea...! (Manatzen ditu) «Zangoak tink!», «Armak altxa, brau!» (Beltzak emeki, ohorezki pasatzen dira guarden aintzinean... Beti manatuz) «Armak lurrerat, brau!», «Pausa zaizte!»... (Oro jalitzen dira salbu Popol eta Ixidro)

IXIDRO: Ziren eskualdean, axeria espos bide duk... Hala erraiten duk, iguzkia eta ortzea batean direlarik.

POPOL: Hik errak... Omen gerlaren bezperan girela-eta, gure horrek iduri duk zakur errabiatua.

IXIDRO: Ez dituk, to, denak gerla buruan bizi... Gure mutil hori, oixtian xirulean ari zuian... Ez zakiat ohartua haizen... Hori ditek, zonbait egun hautan, elgarretaratzeko seinalea hire horrekin.

POPOL: Bon, bon... Laster ezteiak janen ditiagu beraz!

IXIDRO: Gerla baino, ezteiak jastatu nahiago ditiat, nik segurik!

MAYI: (Popoli mintzo) Aita, heldu naiz berehala. Bertzalderaino noa!

POPOL: Haurra, hobe duzu egungotz ex irriskatzea holakorik... Brigadiera arrunt minberan dugu.

MAYI: Bo, ez daut ez eni fits erranen.

IXIDRO: Gaixo Mayi, ez zazula penarik har, bainan, nik ere ez zaitut pasatzerat utziko.

MAYI: Zer zirezte? Elgar adituak?

IXIDRO: Ez, Mayi... Uzten bazintut, gure kaboa, otsoa bezala, berehala gainean ginuke.

MAYI: Ean halere...! Errozu kaboari pasatu nahi dudala... Segur naiz utziko nauela.

IXIDRO: Galdetzen duzunaz geroz, deituko dut. (Deitzen du)

KABO: (Idorki Mayiri) Zer nahi duzu?

MAYI: (Graziarekin) Jauna, laster horko mutil gazte batekin ezkontzekoa naiz... Hemen bizi da ondoan... Eta, nahi nuke, haren etxeraino joan.

KABO: Ez... Ez duzu ukanen holako baimenik. Ez baita sentimendukerian artzeko tenorea. Laster gerla dugu... Ez uste mutil batentzat, ezkontzari pentsatzeko momentoa dela, baina bai gerlari.

MAYI: (Nigarretan) Zer...! Gerla dugula... Ez dudala ikusten ahalko ere

KABO: (Ixidrori) Eta zu, guarda, behin ere baino erneago egon hemen. Berri txarrak dira... Nehor, aditzen duzu, nehor, ez utz marra hunen trebesatzerat! (Jalitzen da)

IXIDRO: Mayi! Peyo hor ani zautzu keinuka.

MAYI: (Beti nigarrez, muga bertzaldean agertu den Peyori mintzo) Ho, Peyo...! Gerla omen dugu... Soldado altxatua izanen omen zira...

PEYO: Ez zaitela griña, Mayi... Gerlarik balitz, berehala desertatuko naiz horrat eta ezkonduko gira...

KABO: (Agertuz, oihuka) Erran dut! Nehor ez dadiela mugarat hurbil! (Jalitzen da)

IXIDRO: (Peyori) Otoi, habil hortik!

PEYO: Ba, aita ba... (Bi gazteak berexten dira elgarri agurka... Mayi nigarretan. Jalitzen dira)

AITA XURI: (Agertuz) Zer gertatzen da hemen?

IXIDRO: Gure gazteak ditugu kexu, muga hetsia dutela.

AITA XURI: Ni, horien alde... Eta segur naiz, munduko haur, gazte eta bihotz garbiko jende guziak enekin direla!

IXIDRO: Ba ote?

AITA XURI: Ez da dudarik... Laño den gogoa ez baita mugatsu eta hertsikari, bainan bai ideki eta zabalduen adixkide.

IXIDRO: Eta, guk hemen zer bilakatu behar dugula zautzu, gerla lotzen balitz?

AITA XURI: Oraiko tresnekin, nekez laiteke ihiztari gerlarik... Ortzi berak erre lezazke mugen bi eskualdetakoak... Hoberenik laiteke, bakotxa, bere etxean egoitea, Jainkoari otoizka ortzirik ez dadien gure eskualdean eror.

IXIDRO: Hauxe da emaiten daukuzun esperantza murritza!

AITA XURI: Ez da hor haratik-hunatik... Oraiko tresnentzat, mugak Moisen denborako moldeak dira... Ken ditzatela lehenbailehen. Lasterrago kendu eta hobeago izanen baita gizonentzat.

KABO: (Agertuz, ilun) Ixidro guarda, zato hunadino...! Berri latzak ditugu... (Ixidro jalitzen da)

AITA XURI: Berri latzak...? Zer ote du....? (Jalitzen da)

BRIGADIERA: (Agertuz, ilunki mintzo Popoli) Zuk kasu ontsa eman eni... Baditut erraiteko pisuak... Ba... Lanoak metatuak dira... Memento batetik bertzerat gerla dukegu... Hortako egonen zira hemen erne... Eta, gerla hasi bezain laster, lotuko zira tiroka... Garbituko dituzu bertz'aldeko mugazainak.

POPOL: (Arrunt etsitua) Ba, hek ez banaute lehenik garbitzen.

BRIGADIERA: Hortako behar diozute aintzin aldea hartu... Aski diozute lehenik tiro emaitea.

POPOL: Tiro eman, ene adixkide hoberenari?

BRIGADIERA: (Idorki) Erresumaren etsaiak ez ditazke adixkide izan. Zure arroparen ohorea zainduko ahal duzu!

POPOL: Hamalau egun presondegi baditut bilduak... Hek egin nahi nituzke berehala.

BRIGADIERA: Gerla denboran ez da presondegirik. Oro barka izanen dituzu.

POPOL: Ha, nunbaitik ere!

BRIGADIERA: Gure arropa ekartzen delarik, ez da gerlaz samur behar, bainan plazer hartu.

POPOL: Bai, hiltzeko plazerra.

BRIGADIERA: Ohore bat da gerlan odolaren ixurtzea!

POPOL: Nik segurik, nahi duenari uzten diot ohore hori...

BRIGADIERA: Hola dituzuia errespetatzen gerlako hilak?

POPOL: Nik ere, bertzek bezenbat. Mozkor bat ederra bildu ginuen heien ohoratzeko egunean.

BRIGADIERA: Gradutan aintzinatzeko ez da gerla baino parada hoberik...

POPOL: Nahiago dut gradurik gabe bizi, graduketan hil baino...

BRIGADIERA: Zu bezalako soldadoekin, nola nahi duzu gerla irabazi?

POPOL: Bizi jalitzen denak, harek du gerla irabazia.

BRIGADIERA: Ez zirea ahalge hola mintzatzeko...

POPOL: Familia ere hor dut.

BRIGADIERA: Hiltzen bazira, badira familientzat laguntzak.

POPOL: Beraz merkeago laiteke, donado bat, ene ordain hilaraztea...

BRIGADIERA: (Oihuz) Aski orai... Ixilik eta zangoak tink...! Zure ohorea zain-zazu...! Zure eginbidea bete-zazu. Ni hor izanen naiz gibeltxago gizon multxo batekin... Erne ernea egonen zira hei! Gerla hasten dela jakin orduko, tiro batzu tiratuko dituzu airean... Orduan, berehala, manatua obratuko duzu hei...! Eta ez izan beldurti! (Jalitzen da)

POPOL: (Bakarrik) Ai, ai, ai...! Zer behar dut nik bilakatu! Nik tiro behar diotala eman bertzaldeko mugazainari...! Hori pentsatzeak berak lotsatzen nau... Oraino kaboari edo brigadierari, nunbait hor! Hok hastio baititut... Bainan bertzeri!! (Ixidro agertzen da) To, hor hiza, Ixidro! Zer haute...! Hi ere, ni bezala hunarat kondenatu?

IXIDRO: Ezin ukatua... Gerla omen diagu, eta gerla has ordu, hi hiltzeko manua diat.

POPOL: Nik berritz hi hiltzekoa.

IXIDRO: Errak, to, gutaz arras trufatzen dituk... Menekoak igortzen gaitiztek hiltzerat, berak lanjeretik urrunduz.

POPOL: Ba, eta guri balentriak eginarazi-ta, ohore eta galonak hoiek ditizkek bilduko.

IXIDRO: Nahi duka, gerla hasten bada, berehala deserta gaiten, ni horrat eta hi hunat...!

POPOL: Ba gogotik! Tiro batzu airerat tiratzekoak ditik gure brigadierak, gerla has bezain laster.

IXIDRO: Ontsa duk... Egonen gaituk erne ernea... Eta tiroak entzun orduko, gure armak lekuan utziz, muga trebesatuko diagu, hik eta nik.

POPOL: Ba, eta, gerlan ari daitela, hartan plazer dutenak...

IXIDRO: (Urrun tiro batzu entzuten dira)... Ixo, ixo! Entzun zak... Horra tiroak...!

POPOL: (Erdi nigarrez, asaldatua) Ho, gerla...! Gerla diagu beraz! Mugi, mugi... Deserta gaiten... (Besarkatzen du Ixidro mugaren gainean) Gaixo Ixidro... Hi, ene adixkidea...! Zer behar ote diagu bilakatu!!

IXIDRO: Berritz ikus artio, Popol gaizoa...

POPOL: Ba, agian ba... Eta, ez adiorik... (Saindatzen dira etxolez)

IXIDRO: Errak... Hobekiena diagu ator maukastea eta, mokanes zuri bat eskutan altxatuz, gizonetarat hurbiltzea.

POPOL: (Mokanesa airetan erabiliz) Hola behar den egin, to!

IXIDRO: Ba, hola. (Dolorez eta Ramona agertzen dira)

DOLOREZ: Jes...! Zer ari zaizte hola...? Zer dituzue, ihauteriak?

POPOL: (Harritua) Eta zuek, nun zabiltzate hemen...? Ez dakizuie gerla dela!

DOLOREZ: Oixtian ez segurik. Su panpa tiraka ari ziren hortxet, ez dela gerlarik... Bakea nausitu dela!

IXIDRO: Ha, deubrua... Uste ginuen gerla hasi zelako tiroak zirela... Erna gaiten to, Popol...! Berritz bezti gaiten eta har ditzagun gure lekuak...

DOLOREZ: Gorde zaizte lehenbailehen, gaixoak... Zuen beltz hoitarik bat, hor heldu da. (Bi guardak, puskak harturik, gordetzen dira etxolen gibelean)

KABO: (Oihuz mugaren gainean dagotzin bi emazteri) Zer dira molde hauk...! Hau dea mugaren errespetua...? Zer dira bi atso zahar hauk hemen? (Ostiko bat emaiten diote heien saskiari)

RAMONA: Errak to, hire mutur beltzaren barneko mihi hori garbixago ibilliko duk gero guri mintzatzeko...!

KABO: (Orroaz) Preso...! Preso berehala...! Preso sartzen zaituztet! (Ixidrok gibeletik Kabori ukamiloa eskaintzen dio)

RAMONA: (Ixidrori) Emok, emok matatzekoa zirtzil horri... Bertzenaz nik emanen zioat! (Ixidrok gibeletik jo-eta, aurtikitzen du kaboa... Bi emazteek, Kabo ezartzen dute saskipean. Alditxarua da) Hola, hola...! Pausa-hadi nonbeit... Urde errabiatu pozoina... Aski bertzeak zangopean atxiki baitituk... Hire saindea orai... (Saski gainean jauzika) Zapa, zapa hor!

DOLOREZ: Merezi liken urez gainetik bustitzea...

RAMONA: Urez...? Izaitekotz ere zerri putzuko urez, urde zikiñ hori!

MARTZALIN: (Saskia eskuan agertuz) Jes, zer ari zarete holako arramantzetan?

DOLOREZ: Zato hunarat ikusterat...! Oilar bat emana dugu freskatzen saski hunen azpian!

MARTZALIN: (So eginez) Jes! Kabo txar hori duzue-eta hor...! Nundik bildua duzue barne hortarat?

DOLOREZ: Kukurruku goregi egiten baitzuen, eta guk, bipildu!

BRIGADIERA: (Agertuz, orroaz) Bainan, bainan... Zer gertatzen da hemen...? Zer da astaña merkatu hau muga huntan...? Bainan... Nun dira hemengo guardak hei...?

RAMONA: (Popoli mintzo) Lumero biga... Orai hire aldi... Emok asto huni ere zaldarea... Bertzeari bezenbatekoa bederen emok, ez daiten bat bertzearen jelos izan. (Popolek gibeletik jo-eta aurtikitzen du Brigadiera, ezagutzaz gabeturik) Biba... Biba lumero biga... Hori duk hori, lan garbia egitea... To, hik ere tapakia. (Martzelinen saski-pean ezartzen du) Urde zerriak... Agozte hor nonbait... Ixtant bat bederen bakea emanen duzue hemengo jendeari...!

IXIDRO: (Popoli) Errak to, Popol, gu goazen lehenbailehen bakotxa gure gizonetarat. Tiroak entzunik, hemendik urrunduak izanen gaituk. Guk ez diagu deus aditu, eta ez deus ikusi.

POPOL: Ba, ba, goazen... Agian horiek ere, ez ditek fitsik ez aditu, eta ez ikusi. (Ixidro eta Popol jalitzen dira)

DOLOREZ: (Ramonari) Har zar no, muga haga hau... Behar diñagu bazterrerat kendu.

RAMONA: Pena dun ez baita hemen su bat hunen erretzeko!

DOLOREZ: Ez dun goizegi muga hau libro baita. Munduko emazteki guziek, guk bezala behar liketen egin... Mugak kendu eta heien zaintzaleak saski-pean eman... Bertze bakerik luken, no, orduan, bazterretan. Eta orai, goazen gu ere ihesi, hauk atzarri baino lehen. (Jalitzen dira. Emeki, saskiak hasten dira mugitzen... Agertzen dira, baten besoa... bertzearen bisaia... eta, betbetan oihala jausten da)

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa