www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Nor da hobenduna?
Piarres Larzabal
c. 1968

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (IV), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1992

 

 

aurrekoa  

HIRUGARREN GERTALDIA

 

        (Gaua da. Terexa, Karmela, Maritxu, Ixidor eta Patxi leihotik karrikara begira)

PATXI: Nun debru sartu zaigu Xanti?

TEREXA: Alta hitzemana zautan, gauerdiko hemen zela!

PATXI: Nik segurik nahiago dut hemen izan. Ez naiteke trankil karrika hoitan.

MARITXU: Zer... gauaz izitzen baitzira?

PATXI: Ez, ez. Bainan Joset Beltza libro deno, ni ez naiz trankil! Nik egun goizean, erran diozkatenekin, harrapatzen banau, larrutuko nau!

MARITXU: Gizona! Ez zaitela izi! Bilduko dute ba, laster.

TEREXA: Inguruetako herrietarat ere hedatua da ba, haren ihesaren berria.

PATXI: Alde guzietan miaketan dabiltza jandarmak. Bainan alferrik, nere ustez. Xoria ez da hemendik urrundu.

MARITXU: Ala uste duzu?

IXIDOR: Alde egiteko denbora izan du!

PATXI: Ba, bainan ni segur naiz hemen nonbait gorderik dagola.

MARITXU: Alta, hemen dituen adixkidekin...

PATXI: Aski gordetzeko. Nik segurik, joka nezake hemen dela laster.

TEREXA: Balinba!

KARMELA: Zaude ixilik, gizona, holakorik erran gabe!

IXIDOR: Eta zure ustez, zer irabaziko du hunat etorriz?

PATXI: Joset Beltza gizon tematsua da. Gogoan duena eta hura baizik ez du ikusten. Bere buruari emana balin badio hunat jin behar duela, jinen da, ez da dudarik. Eta segur naiz jaun medikuak, nik bezala pentsatzen duela. Bertzela ez liteke hain kexu!

TEREXA: Uste duzu?

PATXI: Haren alditxartzeak ez du beste arrazoinik. Ez da sendatua, bainan, halere, hatsik gabe lurrerat erortzeko...

IXIDOR: (Karmelari) Hor da bederen, bere bulegoan?

KARMELA: Hori, ez dakit... (Xutitu eta ixilik badoa aterat) Bai, bai, haren hatsa entzuten dut.

IXIDOR: Zain-zazu ontsa, Karmela! Xoratua bezala baitabila. Oxtian, hetsia den armario hortarat hurbildu da. Zerrailua eskuekin hunki eta hunki egin-eta, zentzugabeko eleak zabilzkan!

KARMELA: (Bere emozionea disimulatu nahiz) Zer zion ba? Ez zira oroit?

IXIDOR: Zaude... a! Ba, huna zer zion: «Ez dut ba amets egin! Bortxatu dudalako seinalea hemen da, ageri...

KARMELA: Bai, hitz bitxiak...

PATXI: (Ikaretan) Xo! (Leihorat doa eta entzuten dago)

DENEK: E?

PATXI: Mar mar mar aditzen dut hor kanpotik!

MARITXU: Bainan!

PATXI: Xxx... (Denak ixilik. Bi dei aditzen dira)

MARITXU: Nor ote da?

TEREXA: Agian, gure Xanti...

XABIN: (Agertzen da) Deitu dute?

DENEK: Bai.

MARITXU: Ez dakigu nor den.

XABIN: Ea, Patxi, zer ikusten duzun leihotik...

PATXI: (Leihoa zabalduz) Nor da hor?

XANTI: (Kanpotik) Ni nauk, Patxi. Idekak borta!

PATXI: Xanti da. Banoa idekitzerat! (Badoa)

IXIDOR: Jar zaite, jaun medikua! Pausa zaite.

MARITXU: Ez ahal dauku berri txarrik ekarriko.

TEREXA: Agian ez, Jainko maitea! (Ixilik denak)

XANTI: Jainkoak dautzuela gau on!

DENEK: Bai, zuri ere. (Denak begiz galdeka)

XABIN: Zer da berri, Xanti?

XANTI: Flakia, jauna!

XABIN: Ez da hortan! Iheslariaz, zer berri dakarkizu?

XANTI: Bai.

DENEK: E?

XANTI: Eta bada segur zer erran.

XABIN: Errazu, ba...

XANTI: Hemen da herrian.

PATXI: Ikusten duzu, zer nion nik!

XABIN: (Patxiri) Zaude ixilik! (Xantiri) Segur zira bederen?

XANTI: Hori, denek hala diote.

XABIN: Errazu dakizun guzia.

XANTI: (Jartzen da) Zure permisionearekin!... Esnea eta beti esnea... bainan nere gorputza!...

PATXI: Bon, bon!

XANTI: Ba, hamarrak eta erdietan, etxeko leihotik ateratzen ikusi dute...

DENEK: E?

XANTI: Errebolbera eskutan...

IXIDOR: Holakorik ez daiteke. Jandarmak han ziren!

PATXI: Ba. Nihaurek bat ikusi dut etxe inguruan.

XANTI: Nola sartu eta nola atera den, nik ez dakit. Bainan, hala diote...

IXIDOR: Eta... norat hartu duen, nehork ez daki?

XANTI: Ez.

PATXI: Oraikotz, urrun daiteke.

XANTI: Nik ere hola pentsatzen nuen... bainan ez omen dute ikusi herritik ateratzen.

PATXI: Ez?

XANTI: Ez. Albixturreneko mutilak eliza gibeletik joaitean ikusi omen du.

PATXI: (Ikaratua) Eliza gibeletik? Orduan, nere etxerat doa xuxen xuxena! Ai, ai, ai!

IXIDOR: Bon, bon!

MARITXU: Egia non den, zoaz jakiterat!

PATXI: Egiaren itxura badute bederen horiek guziek. Eta gainerat, herri huntako etxetan nornahi sar daiteke...

KARMELA: Eta gero? Hemen ez da ohoinik.

IXIDOR: Egia duzu!

KARMELA: Nik segurik armario huntan daukat ene dirua. Eta giltza eskupean ez dudalarik, xiri batekin, edo haixturrekin aise idekitzen dut zerradura.

XABIN: (Kexu) E?

KARMELA: (Xabin, armariorat hurbiltzen da, eskuez gordetzen duela zerradura) Nik hemengo ohoinen beldur banintz, hobeki gorde nitzazke nere gauzak.

IXIDOR: Eta... jandarmek badakite Albixturreneko mutilak errana?

XANTI: Nere ustez ba. Bainan, zer gerta ere banoa heien abisatzerat.

IXIDOR: Hobe da segurki. Deusen beldurrik balin baduzu, nik lagunduko zaitut.

TEREXA: Bai zera!

XANTI: Nere andrearekin joanen naiz, harekin ausartuko denik ez da.

TEREXA: Ez da beldurrik izan behar.

XANTI: Bai, zu zira ene zurkaitza... Gainerat, ez naiz errexki izitzen naizen gizona... Eta aintzinerat heldu balitzait... ez dut erranen janen dudala, esnez bizi bainaiz... bainan xurgatu... hori, bai!... Are, goazen, Terexa, eta gero arte!

DENEK: Ba, Jainkoak nahi badu.

PATXI: Nik ere uzten zaituztet. Agur.

XABIN: Ez ahantz biharkoak preparatzea, Patxi!

PATXI: (Ate ondoan) Ez jauna, ez. (Bere buruarekin) Ez nau harrapatuko ez, Joset Beltzak. Zer gerta ere, borta ongi hetsi-eta, armario bat emanen diot kontra.

MARITXU: Patxik daukan beldurra!

IXIDOR: Gaizoak, bere arrazoinak baditu! Beltza gizon gaixtoa da. Ez zait iduritzen hemendik urrunduko dela mendekatu gabe.

MARITXU: Ba pentsa! Badu aski lan, jandarmen eskuetarik ihes egiteko!

XABIN: Eta ez balitz hura, hiltzalea? Jendea gezurrez mintzatu bada haren kontra? Ez balin badu hil, zerentzat eginen du ihes? Ihes eginez, bere kontra ari da! Ez, Beltzak ez du ihes egin, ez eta eginen... Lehenik nahiko du nerekin mintzatu... neri kontuak galdatu...

KARMELA: Ez holakorik aipa, Xabin. Iziarazten nauzu, gero. Utz-kitzu gogoeta horiek, eta oroit zaite ez zirela arras sendatua oraino. Sobera ahul zirela osoki zure buruaren jabe izaiteko. (Kanpotik kolpe bat aditzen da... denak iziturik elgarri begira)

IXIDOR: E?

KARMELA: Nondik zen hori?

MARITXU: Beharbada, Patxik...

XABIN: Nere bulegotik zen hori... (Denak ikaretan)

KARMELA: Bulegotik?... Xo... (Denak ixilik... Joset Beltza sartzen da, atorra idekia, ileak nahasiak, zuri zuria, akitua eta hatsa labur... Denek gibelerat egiten dute...)

BELTZA: Lagun nezazue!... Ondotik ditut... jandarmak... Galdua naiz... Ez dezaket gehiago... Ero bat bezala lasterka egin dut... eta heien eskuetarat erori gabe... zuekin mintzatu nahi dut, Xabin jauna! Biek mintzatu behar dugu... baitezpada... gauza ikaragarria baita.

XABIN: Pausa zaite, Joset... pausa. Jar zaite hemen... berriz eritu gabe... Ez zira gero oraino arras sendatua.

BELTZA: Zentzua galtzerat noa. Ez dakit ametsetan ari naizen, ala atzarria naizen... Edo nere eritasunaren ondorioak diren. Eta jujeak erran dautana... otoi, otoi, esplikatu behar dautazu... nik ez baitakit deus... ez niz deusetaz oroitzen... Noiz? Noiz erran dautzut nik hil dudala Martxel? Noiz?

XABIN: Ezti zaite, Joset, ez kexa hola!

BELTZA: Oh! Oh! Jujeak erran dautanean, erotu naiz bapatean... Zutaz dudan egon naiz... ahantzirik neretzat aita bat izan zirela... zure odola eman dautazula... Barka zadazu, Xabin jauna!

XABIN: (Bere buruarekin) Jainko ona!

BELTZA: Mendekatu behar nuela, eta ihes egin dut... Bainan gero, gogoetaturik, lotsatu naiz. Nere bizia salbatzeko zurea irriskuan eman balin baduzu, nola sinets ni galtzekotan ibilia zirela? Ez! Jujeak ziona, egia da; ez daiteke gezurrik atera zure ahotik... Bai, sinesten dut, aitortu dudala hiltzalea naizela... Bainan, hori erran dudalarik, ez nintzen nere buruaren jabe, segur naiz. Zentzua galdua nuen... Eroriko hartaz geroztik, ez dut burua arras xuxen... Bainan aintzinean bai, segur naiz ez dudala nehor hil. Zin egiten dautzut, jaun medikua... Nola nezake nere buruaren gain eman, egin ez dudana?

XABIN: Xo, Joset, xo! Jakin behar duzu egia osoa. Ni...

KARMELA: (Hitza mozten dio) Xabin...

XABIN: Utz nezazu mintzatzerat.

KARMELA: Orai ez!

BELTZA: Mintza zaite, jaun medikua. Aintzinetik sinesten ditut guziak, hain zira gizon ona. Hortakotz etorria naiz! Salba nezazu, otoi...

XABIN: Nik?

BELTZA: Bai zuk! Zuk bakarrik, egia erranez, salbatzen ahal nauzu! Ez dezaket nere gain ukan, zentzurik gabe nintzenean erran dudana. Segur naiz bertze batzuen aintzinean ere erran ditudala... ez baitzinen zu joanen jujeari kondatzerat, zuri bakarrik errana.

XABIN: Segur ote zira?

BELTZA: Bai. Bainan, nere salbatzea zure eskuetan da. Ez dea hala? Erreberietan erraiten diren hitzek ez dezakete hobengabea kondenaraz! Ez dea hala?

XABIN: Nik erranen dautzut gizonetan azkena eta tzarrena naizela.

KARMELA: Xabin! (Besoetan hartu nahi du bere anaia)

IXIDOR: Xabin!

XABIN: Ez hurbil! Ez neri debeka mintzatzea! Debaldetan liteke. Gizon hunen hitzek erakutsi dautate, zoin haundia den nere bekatua! Eta ez dut gorderik atxiki nahi. Jakin-zazu beraz...

KARMELA: (Oihuka) Ez zozue kasurik egin! Burua galtzen ari da!

XABIN: Zaude ixilik, Karmela!

KARMELA: (Beltzari) Zuri bere odola emanez geroztik, ez da arras bere buruaren jabe. Ahuleziak egin arazten dio! Otoi, ez zozula kasurik egin.

XABIN: (Koleran, Karmelari) Zaude ixilik, Karmela!

IXIDOR: Xabin jauna!

ERRAMUN: (Sartzen da, bi jandarmekin, armak eskuan. Ondotik, Xanti, Terexa, Maite eta bertze zonbait) Hemen da!

BELTZA: E?

ERRAMUN: Ez zaitela higi hortik!

XABIN: Zerentzat ihes egin behar luke hobenik ez duenak? (Denak harrituak, mur mur...)

BELTZA: Bai, hobenik gabea! Entzun duzue denek? Hobenik gabea.

ERRAMUN: (Jandarmeri) Har-azue gizon hori!

XABIN: (Artean emaiten da) Ez! (Jandarmek gibelerat egiten dute) Gizon hau ez da hobenduna! Nik segurtatzen dautzuet!

KARMELA: Eta nik ere bai!

ERRAMUN: Zer?

XABIN: Entzun nezazue ixtant bat!

KARMELA: Ez zu, ez, Xabin. Zuk ez duzu deus erraitekorik. Nik behar ditut uste gabekoak agertu jaun jujeari!

XABIN: Karmela!

KARMELA: Jaun jujea, entzun nezazu, otoi, ni!

ERRAMUN: Bainan, zu... nere adixkidea!

KARMELA: Ez naiz orai adixkideari mintzo, bainan jujeari. Eta nahi nuke bakarrean entzun nezazun. Igor-kitzu denak. Eta ez deusik egin ni entzun arte.

XABIN: Ez! Ez!

KARMELA: (Zorrozki) Bai!

ERRAMUN: Mintzatu nahi duzunaz geroz, nere eginbidea da zure entzutea... Denak kanporat... Eta zuek (jandarmeri) zaindu zazue gizon hori.

XABIN: Erramun. Nik erran behar dautzut...

ERRAMUN: Gero, gero! Memento huntan, lege gizonari galdatu baitaut, ez zaitut entzuten ahal. Are! Zoazte hemendik.

KARMELA: Jaun jujea! Martxel zenaren alarguna, nahi nuke geldi dadin. Nik erran beharrak entzun behar ditu.

ERRAMUN: Alarguna? Bon! (Maiteri) Aditu duzu? Geldi zaite, beraz!

XABIN: (Denen ondotik ateratzerat doa, beretzat...) Salbatu nahi nau. Bainan nola? Zer erran behar dio? (Badoa)

ERRAMUN: (Atea hesten du denak atera-eta) Ea! Zer den hoin serioski erran behar dautazuna?

KARMELA: Jujeak berehala jakinen du.

ERRAMUN: Izen hori emaiten dautazu?

KARMELA: Bai!

ERRAMUN: Bon! Mintza zaite!

KARMELA: Nik hil dut Martxel!

ERRAMUN: Zer?

XABIN: (Ate zilotik) A!

MAITE: Egia?

ERRAMUN: Bainan...

KARMELA: Bai. Ni naiz Martxelen hiltzalea.

MAITE: Zu? Nere senarra zuk hil?...

KARMELA: Bai, nik!

ERRAMUN: Ezin daitekena da! Egiazko hobendunari bizia salbatu nahiz ari zira!

KARMELA: Ez! Maluruski!

ERRAMUN: Eta diozuna, frogatzen ahal duzu?

KARMELA: Froga hau aski dea? (Altzotik portefulla ateratzen du eta Erramuni emaiten)

MAITE: Nere senarraren portefulla!

KARMELA: Bai. Dirua eta guzi! Ez dut ebasteko hil!

ERRAMUN: Nola daiteke zuk izaitea portefulla hori?

KARMELA: Hilari nihaurek kendu baitiot!... Zueri sinetsarazteko ebasteko hil zutela... eta hola, nere burua errexkiago salbatzeko!

ERRAMUN: Jauna! Ez dea amets bat hau!

KARMELA: Ez! Ez da ametsa. Egia bera!

ERRAMUN: Eta nola esplika dezakezu hiltze hori?

KARMELA: Zorigaitzaren egitatea bezala! Ez nuen holakorik gogoan. Bainan, holakoetan ez daiteke neurririk har! Nolanahika ere, ez dut urrikirik, lazgarri bazaut ere! Eta ehun aldiz berriz haste balitz, ehun aldiz egin nezake!

MAITE: Entzun duzu, jaun jujea. Hobenduna zure eskuetan duzu.

KARMELA: Zaude ixtant bat, anderea. Eta barkatu, min egiten badautzut... ez zait atsegin nehori min egitea. Nere aitormena guzieri jakin arazi aintzin, xeheki agertu behar dauzkizuet, nehork ez dakizkienak.

ERRAMUN: Bon, mintza zaite, Karmela!

KARMELA: Martxel eta biak... maitasunaz lotuak ibiliak gira zonbait denbora. Bainan, jakin nuen egun batez haren amodioa gezurrezkoa zela. Bertze baten diruak itsutua, harekin ezkontzerat zoala. Orduan utzi nuen, eta emeki emeki ene bihotzean itzali zen haren oroitzapena. Bakean, goxoki eta alegera bizi nintzen... (Ixilik ixtant bat)

ERRAMUN: Segi-zazu, Karmela, segi.

MAITE: Bai. Fini-zazu.

KARMELA: Bai, nik ere nahi dut lehenbailehen finitu... Beraz, gaineratekoak utzirik, heldu naiz hiltzearen egunera... ni eror arazteko sarea zabaldu zuen egunera.

MAITE: Nolako sarea? (Xabin, akitua, zuri-zuria, ixilik sartzen da, xoko batean emaiten da, nehor ohartu gabe. Dena adituko du, bere sendimenduak, bere jestuez erakusten dituela)

KARMELA: Badakizue, nere anaia laguntzen dudala erien tratatzen. Gau hartan, bide gurutzeko langile baten ondora deitua zuten, azkarki kolpatua zela. Berantetsia nuen haren beha. Eta hamarrak irian hor heldu zaut Martxel. Nere anaiaren partez heldu zela, nere xeka anaiaren laguntzeko. Arras gisaki Martxelek bere laguntza eskaini zautan. Dena sinetsi nion... ez zitzaidan gogoratu ere gaizki ibil zitakela. Bagoaz biak. Gau iluna zen, arras iluna... Urkitzatik pasatzean... bapatean bere beso pean tinkatu ninduen, eta erran: «Nehork ez gaitu ikusten...» Ez zuen deusik erran gehiago... Konpreni errexak ziren hitz horiek... Harritu nintzen. Tranpa bete betean eroria nintzen. Ez nuen salba biderik. Bizi batean sendi daitezken oinaze guziak, lotsa guziak, okazta guziak, errabia guziak... bapatean nere buruan bildu ziren... Dena batean sendi nuen. Eta oraino... iduritzen zait sendi dudala... oraino...

ERRAMUN: Gaixoa...

KARMELA: Gero, gertatu denaz itzal ilun bat bezala dago nere gogoan... Uste dut garrasiaka hasi nintzela, laguntza galdez... ez nezaken ihes egin... burdinezko esku haiek... ez, ez ziren eskuak, burdinezko krakoak iduri zuten... nere haragietan sartzen zirenak... Nere begietan oro itzulika zabiltzan. Nik mintzo gogor bat bertzerik ez nuen entzuten... boz sarkorra, azkarra, betea «Azkenean, nere menean zaitut», erraiten zaitan... nere beharriak zilatu nahi balitu bezala.

XABIN: A!

KARMELA: Zalapartaka ari ginela, erori ginen. Bainan, Jainkoak nahi izan zuen... bai, ez dut blasfematzen... Jainkoak nahi izan zuen... nere eskuak kausitzea sakelan zaukan eztena... Ixidorri ostatuan kendua zion eztena... Ez nuen deusetako astirik izan, ezta pentsatzeko ere... Nik ez dakit zerk eman zion nere besoari holako indarra. Bainan eztena gorputzan sartu nion... Hau ikara, jauna... Haiek begiak... Oraino neretan josiak ikusten ditudala iduritzen zait... Eta... gorputz erori zen.

ERRAMUN: Ikaragarria da!

MAITE: (Nigarrez) Bai... izigarria.

KARMELA: Gorputzari begira egon nintzen, ez dakit zonbat denbora... erdi xoratua... Azkenean, nereganatu nintzenean osoki... ikaretan dardarka hasi... Gizon bat hil dun... gizon bat hil dun... erraiten nion buruari... Justiziari konduak eman beharko ditun... Orduantxe, ebasteko hila zutela sinetsarazteko, hartu nion portefulla... sakelan aurkitu niona... eta lasterka joan... ikarak joa...

ERRAMUN: Karmela! Karmela!

MAITE: O! O! Egia ote daiteke zuk diozun guzia?

KARMELA: Jainkoaren aintzinean zin egiten dut.

ERRAMUN: Bainan, zer egin duzu, Karmela, zer egin duzu?

KARMELA: Ordu arte, deus urriki dudanik. Gero, bai; gero, egitate txar frango egin ditut. Neregatik izan dira Ixidorren eta Joset Beltzaren lotsak eta griñak... neregatik Xabinen buruhausteak.

ERRAMUN: Ez ote zinakien, legeak debekatzen duela gizon bat hiltzea?

KARMELA: Norberak, bere ohorea begiratzeko ere? Ez zait iduri. Eta hori nere kontzientziaren kontua da. Nik hil dut, eta agerian aitortzen dut. Bizidunen artetik gizon bat kendu dut. Horrentzat, gizonek preso emaiten ahal naute; legeak kondenaturik ere, segur naiz Jainkoak osoki barkatua nauela. (Nigarrez ixilik ixtant bat)

ERRAMUN: Eta orduan, Joset Beltzaren aitormena?

KARMELA: Xabinek pentsatua da, ustez eta Joset hiltzera zoala; Ixidor salbatzeko, gezurra erran du, eta gezur horrek oinazetan kizkaltzen du gaizoa! Eta nere anaia hola ikusi baino, nahiago dut zernahi...

ERRAMUN: (Maiteri) Badakizu nork hil duen zure senarra.

MAITE: (Nigarrak xukatuz) Bai...

ERRAMUN: Zure eskuetan duzu hobendunaren zortea... zuk bakarrik ezagutzen baituzu.

MAITE: Zuk ere badakizu.

ERRAMUN: Jujeek, lekukoek errana bakarrik dakigu. Eta zu zira aitormenaren lekuko bakarra.

MAITE: Zer erran nahi dautazu?

ERRAMUN: (Maiteri eskuak hartuz, otoizka) Errazu, zure ustez, kondena daitekea emazte hau?

MAITE: (Ixtant bat ixilik egon-eta) Ez.

ERRAMUN: Beraz, zure bihotzak erraiten dautzunaz, zure senarrak...

MAITE: (Nigarrez) ...Bere burua hil zuen. (Xabin nigarrez agertzen da. Denak hari begira)

KARMELA: Xabin! (Ero baten gisa, Xabinek Erramun eta Maiteren eskuak musukatzen ditu. Gero bere arreba besarkatzen du)

ERRAMUN: (Maiteri) Milesker, anderea, milesker. (Kanpoko atea idekiz) Are, zatozte denak.

KARMELA: (Maiteri musu emanez) Milesker, Maite.

ERRAMUN: Xabin, gorde-zkitzu zure nigarrak.

XABIN: Milesker Erramun! Miserable bat naiz! Ez dut merezi zure estimua!

ERRAMUN: Xo! (Denak agertzen dira. Joset Beltza bi jandarmen artean) Libra-zazue gizon hori! Beltza, libro zira, eta barkatu sofriarazi dautzun guzia! Osoki hobengabe zira! (Denak harrituak, Patxi gordetzen da) Hartu kolpearengatik ez zinen osoki zure buruaren jabe, eta orduan erranak ez daitezke zure gain eman... jaun medikuak segurtatu daut orai berean.

BELTZA: Milesker, jaun medikua!

XABIN: (Ukatuz) Ez! Ez! Utz nezazue!

ERRAMUN: Jujea segur da ez zirela hobendun. Edo hobeki erraiteko, afera hortan ez da hobendunik. Aztarna edo seinale zonbaitek erakusten daukute ez dela krimarik izan... bainan bere buruaren hiltze bat. Beti hori izan da Xabinen ustea, ni ez akort izanik ere uste horrekin. Portefulla ez atxemaiteak nahasten ninduen. Bainan agertu da...

BELTZA: Portefulla agertu?

MAITE: Bai. Nere etxean berean. (Denak alegera mintzo)

ERRAMUN: Xabin, orai arte onartu nahi ez nuen zure «rapport»-aren beha nago, afera hau bururatzeko. Gau on! (Beltzarekin badoa kanporat)

KARMELA: (Xabini berex, Erramun erakutsiz) Nik egin dudanak betikotz berexten gaitu...

XABIN: Ez. Erramun gizon ona da eta maite zaitu. Berak ontsa ikusiko du, bere ohorea hola zaindu duenak jakinen duela bere senarrarena begiratzen.

 

OIHALA

 

aurrekoa