www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Nor da hobenduna?
Piarres Larzabal
c. 1968

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (IV), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN GERTALDIA

 

        (Patxi ate xilotik begira, zelatan)

PATXI: (Burua xut) Hortan arrazoin du, bai. (Berriz ukurtua) E? (Irria itotzen duela) Ba, arrazoin! Hori gauza atsegingarria.

ANTTONI: (Sartzen da) Arratsalde on!

PATXI: (Gogo txarrez, bere aldetik) Gauzarik interesantena aditzeko mementoan...

ANTTONI: Xabin jauna etxean da?

PATXI: (Zakarki) Bai. Bainan orai ez daiteke ikus, kontsulta tenora pasatua da.

ANTTONI: Bai... bainan...

PATXI: Bai, bai. Badakit nor zaitudan, bainan medikua... zera... ixtudiatzen ari da. Eta erran daut ez duela nehor ikusi nahi.

ANTTONI: Bai, konprenitzen dut. Ni urrundik heldu bainaiz eta...

PATXI: Badakit, bainan zer egin. Zato bihar!

ANTTONI: Ene kontua pagatzerat heldu nintzen.

PATXI: E? (Goxokiago) Hori besterik da. Jar zaite, otoi. Berehala hemen da. (Anttoni jartzen da. Ixidor eta Xanti sartzen dira, Xanti ahulago, Ixidor, gizon gozo, prestu bat; paper andana bat bilduak dauzka eskutan)

IXIDOR: Agur Patxi.

PATXI: To, Ixidor. Nola haiz mutikoa? Kartzelan baino hobeki?

IXIDOR: Ba, mutil. Bertzerik duk libro izaitea! Zer gauza ederra, libertatea. Beha-zak, Patxi. Jadanik baditiat lau ehun sinadura bilduak.

PATXI: Lau ehun! Ez duk gaizki.

IXIDOR: Mixel bolanjerak oraintxe sinatua dik. Oren laurden bat han egonak gaituk.

XANTI: (Jarririk, nekatuaren gisan) Bai, mutil. Oren laurden bat ogi erre berriaren usain ona sudur xilotik xurrupatzen! Eta esne hutsez bizi behar! Suiza eta Holandaren izenik ez diat aditu nahi ere. Esnea ikusi ordu, tripa gur-gurka hasten zaitak. Ez diat zigarreta bat egiteko indarrik ere.

PATXI: Bon! Indarrik ez dukala eta atzo Juantxori eman diokan beharrondoko hura!

XANTI: Barkamendu galdatu zioat. Alta haren falta zuan! Esne hartu berria ninduan, eta hor heldu zaitak: «Errak, Xanti, haugi enekin merkaturat. Lagundu behar nauk behiak hautatzen». Behiak ikustera! Ni kexatu eta ez guti. Hala duk! Behiak ikustera!

PATXI: Ezagun dik hobeki haizela; hire estomaka sendatzen ari zaik. Badakik zer zion medikuak atzo? Heldu den hilabetean arroltze bat eta arrain pixka bat jaten ahalko dukala.

XANTI: Bertze hilabetean. Ah! Uste dik ordu arte biziko naizela? Ai, ai, ai. Egun hilabeteko hirua! Heldu den hilabetean lurpean izanen nauk xardin xaharra bezain idor.

PATXI: Ba, ba.

XANTI: Egia, Patxi. Iduritzen zaitak gorputza puskaka galtzen ari naizela. Bidean noalarik, ardura gibelerat so egiten diat: Iduritzen zaitak han hemenka barreiatzen ditudala besoa, zangoa...

IXIDOR: (Patxiri, Anttoni erakutsiz) Xabin jaunaren klienta duk?

PATXI: Bai... Zer nahi diok, sinatzea galdatu? (Ixidorrek baietz) Errazu, anderea, nahi zinuke sinatu paper huntan?

ANTTONI: Ez.

XANTI: (Harritua) Zer? Nola?

PATXI: Bainan, ez diogu erran ere zer behar duen sinatu. Behazu anderea. Prefetari egiten diogu galde bat, «Légion d'honneur» eman dezaten jaun medikuari, Joset Beltzari egin dionarengatik. Ontsa merezi baitu.

ANTTONI: A, bai. Joset Beltza, Martxelen hiltzalea!

IXIDOR: Bai, hura bera.

XANTI: Hemen berean aitortu zuen bere krima, ustez eta hiltzerat zoala.

ANTTONI: Eta, egia da sendatu dela?

PATXI: Ba. Hortakotz ba egiten dugu galde hori. Xabin jaunari esker bizi da. Odola eman behar zitzaion, eta kriminel horrentzat nehork ez eman nahi. Orduan medikuak bere zainetako odola eman dio, eta ausarki, bere burua hiltzeko irriskuan emanik.

ANTTONI: Egiazko saindu bat da Xabin.

PATXI: Eta horrentzat nahi genioke kurutzea izan arazi.

ANTTONI: Ontsa da, gutiagorekin bildu dute frangok.

PATXI: Beraz sinatuko duzu?

ANTTONI: Ez, jauna!

IXIDOR: Bainan, zerentzat ez?

ANTTONI: Ez baitakit sinatzen.

PATXI: Jesus Maria! Erran bazinu lasterrago...

ANTTONI: Errazu, eta Joset Beltza preso da?

PATXI: Ospitalean da... bainan preso. Berak ez daki deusik; ez dezan burua gal, ez diote nehork deus aipatzen.

ANTTONI: Hori, hori gaitza da. Hiltzerat zoana lagundu, sendatu, eta zertako? Gero, osasunerat etorri-eta, hiltzeko. Gaizoak hobe zuen bere ohean hil balitz!

IXIDOR: Harentzat ba, bainan ez denentzat. Dudarik ez dugu hiltzalea dela, azken hatsetan zelarik aitortu baitzuen. Oren latz hortan, ez baita gezurrik erraiten. Guzieri ontsa zaigu Beltza sendatzea, pondu zonbait argi ditzan eta hobengabeak ez diten hobenduntzat hartuak.

PATXI: Bai.

IXIDOR: Polizak miatu du Beltzaren etxea, bainan ez harrapatu portefulla. Hortan da makurra. Eta billetean izkribatua zenaren ixtorioa ez zait aski argi. Nik nahi dut dena argitzea, bertzela beti susmo bat egonen da nere kontra, eta nik ez dezaket sofri ene familiaren omena hola goibeldua ikustea. (Eskuineko atetik Karmela eta beltxez jantzita emazte bat agertzen dira eta badoaz kanpoko ateari buruz)

PATXI: (Bere laguneri) Hau duzue Martxelen alarguna. (Anttoniri keinu egiten dio eta gidatzen du medikuaren bulegorat)

KARMELA: Nere anaiaren griña ongi konprenitzen dut. (Bi emazteak eleketa bortan)

PATXI: (Xantiri) Gustatu zaik alarguna? Ontsa duk, e?

XANTI: Pxxxi!

PATXI: Etzaik gustatzen?

XANTI: Mutikoa, ene flakiak ez zaitak pentsatzeko indarrik ere emaiten.

PATXI: Hi, galdua haiz!

IXIDOR: (Berriz heldu den Karmelari) Nola da zure anaia?

KARMELA: Beti kexuago, zainak airean. Lo ere nekez egiten.

IXIDOR: Gaixo gizona!

KARMELA: Eta Maritxu?

IXIDOR: Ontsa. Geroxago biak jinen gira.

KARMELA: Ederki. Ontsa estimatzen dut haren laguntza.

XANTI: Ikusi dituzu bildu ditugun sinadurak, Karmela? (Medikua eta Anttoni agertzen dira)

ANTTONI: Barkatu, jaun medikua, kontsulta ordutik kanpo jin banitzaizu.

XABIN: Ez da makurrik, nere etxea beti idekia da.

ANTTONI: Ba, hemen... gazte hunek... debekatu nahi zaitan. Hor barnean mintzo zinetelarik, zelatan zagon jin naizenean...

XABIN: E?

PATXI: (Beretzat) Atso debru zaharra!

ANTTONI: Bon, agur jaun medikua eta milesker.

XABIN: Agur anderea... Ai Patxi, Patxi!

PATXI: (Lotsatua) Ni... ni, Xanti eta Ixidorrekin banoa sinadurak eremaiterat. Bagoaz?

IXIDOR: Ba, goazen. (Patxik, bixta labur baitu, eta laster joan nahi kaderak jotzen ditu)

XANTI: Ai, Xabin jauna! Ez ote dut behinere pokada bat janen?

XABIN: (Jartzen da) Ez zaitela zure buruaren etsai izan! Mementoa etorri-eta, janen duzu.

XANTI: Bon... bon... Gero arte. (Ixtant bat ixilik)

KARMELA: (Xabini hurbiltzen zaio ixilik eta amultsuki) Zer duzu, Xabin?

XABIN: Ez dakit. Zonbait aldiz heldu zauzkitzu arrazoinik gabeko trixturak. Zuk ere, iduri duzu egun hautan kexu zabiltzala.

KARMELA: Zu hola ikusteak kezkatzen nau. Anaia zaitut... eta aita bazina bezala maite zaitut.

XABIN: Egia. Arreba baino alaba zaitudala erran nezake. Zure geroak griñatzen nau. Nahi zintuzket ontsa ezkondua ikusi.

KARMELA: Zer?

XABIN: Bai, Karmela! Ni zahartzen ari naiz, eta arras akitua kausitzen dut nere burua.

KARMELA: Emazu hortik! Oraino gazte zira, Xabin!

XABIN: Erramunek maite zaitu.

KARMELA: Ez neri holakorik aipa!

XABIN: Zerentzat ez?

KARMELA: (Kexu) Ez dakit...

XABIN: Bon. (Xutitzen da)

KARMELA: Atera behar duzu?

XABIN: Ospitalera joaitekotan nago, ikusteko zertan den eria.

KARMELA: Erramunek goizean ikusi omen du. Sendatua dela erran daut.

XABIN: Bai.

KARMELA: (Anaiari begi-begira) Tronpatu zinen, hiltzat utzi zinuelarik.

XABIN: (Beti kexuago) Bai, egia da! Bainan nehork ez dezake erran ez ditudala eginahalak egin haren salbatzeko.

KARMELA: Hori denek badakite. Eriaren ondotik ez zira urrundu heriotza garaitu arte.

XABIN: Garaitu! Um! Nere eginbidea ongi bete dut, nere ustez. Bertzerik erraiten duena balitz... ustel bat liteke.

KARMELA: (Ikaratua) Erotzen ari zira? Zendako hola kexa?

XABIN: Bai. Garbiki erran behar dut, nehork pentsa ez dezan...

KARMELA: Xo, Xabin. Pausa zaitez.

XABIN: Joset Beltzak hiltzerakoan aitortu zautana, nik agertu dut, bai. Bainan, ez zautan hortako baimenik eman. Eta orai, erran dezake nik galdu dudala. Nik salbatu dut, heriotzatik salbatu... eta halere heriotzarat daramat, nik berriz. Beltzak ukatuko du, erranez ez duela bere buruaren kontrako aitormenik egin... nik gezurra erran dudala... haren izena zikindu dudala.

KARMELA: Bainan, segur zira?

XABIN: Bai, bai. Bainan, nik ez dezaket haren burua irriskuan utzi. Hori ez!

KARMELA: Egin zinuena, inozent bat salbatzeko egin zinuen.

XABIN: Bertzea kondenatuz, e?

KARMELA: Zer?

XABIN: Ez dakit gehiago zer diodan.

KARMELA: Xabin!

XABIN: Ez dezala behin ere Beltzak jakin salatu dudala. Ez dakit nola ihardoki buru gainerat heldu den zorigaitzari. Orai arte erran dut eriak ez zuela deklarazionerik egiteko ahalik. Bainan, orai... Erramun ene ondotik dabila, noiz egiten ahalko duen galdezka... (Bozak, eleak kanpotik)

KARMELA: Xo!

XABIN: Zein?

KARMELA: (Ezkerreko atera hurbilduz) Erramun jujea!

XABIN: Ez dut ikusi nahi... Banoa hemendik. Errozu karrikan naizela... alde egin dudala... nahi duzuna... bainan geriza nezazu, Karmela!

KARMELA: Bainan, luzamenak emanez ez duzu deus irabazten.

XABIN: Nik dakita zer egin? Kriminelak bere baitarik ihes egiten du, eta...

KARMELA: Kriminela! Zu zira kriminela?

XABIN: Batzuetan, iduritzen zait hala naizela. (Gordetzen da)

KARMELA: Zer da hau, Jauna! Beharbada... ez, ez.

ERRAMUN: Arratsalde on!

KARMELA: Bai zuri ere.

ERRAMUN: Ontsa zirea?

KARMELA: (Kalme agertu nahi du) Ez da makurrik.

ERRAMUN: Eta anaia?

KARMELA: Oxtion jalia da etxetik.

ERRAMUN: E?

KARMELA: Jalia dela.

ERRAMUN: Kontu! Jujearekin mintzo zira, eta gaizkideak gaztigatzen dira.

KARMELA: Ez dakit zer erran nahi duzun!

ERRAMUN: Zure anaia etxean dela, zuk ukaturik ere.

KARMELA: Erramun...

ERRAMUN: Bihotz onak, federik hoberenean irriskuan denaren alde jartzen dira beti. Bainan holako egitateak debekatzeko, asmatu behar izan dira bihotz gabeko gizonak: Jujeak, urrikalmenduari gogor egiteko obligazionea dutenak.

KARMELA: Ez dirot konpreni zure erranaren mamia.

ERRAMUN: Behazu, Karmela. Zure anaia iheska dabilkit, Joset Beltzari deklarazionea hartzen ahal diodala erraiteak min emaiten baitio. Ez duzu konprenitzen.

KARMELA: Ba. Eta ez naiz batere harritzen.

ERRAMUN: Ez dut ikusten zertako ari den hola. Goiz edo berant, eta nere ustez laster, Joset aterako da ospitaletik sendatua sekulako.

KARMELA: (Irriz) Ez nuen uste jujeek hoin bihotz gogorra zutela.

ERRAMUN: Nere buruari askotan gauza bera erraiten diot.

KARMELA: Mintza gaiten garbiki. Ez zaizu iduritzen zuzenki ari dela nere anaia? Ez dea ontsa berak zaindu duen eria salba nahi izaitea?

ERRAMUN: Bai, emaztekia, bai! Nik ere, haren orde, mediku banintz, berdin egin nezake. Joset Beltzak bere krima zure anaiari aitortu zion, eta zure anaiak erran. Nor da salataria? Zure anaia, gauza ageria. Gero gauzak nahi ez bezala gertatu dira. Beltzak ez zuen uste salbatuko zela, bainan... Eta nik zer egin dezaket? Legeak...

KARMELA: Legeak! Legeak! Ez duzu bertze hitzik mihi puntan!

ERRAMUN: Nere eginbideak emaiten daut ezpainetan. Konprenitzen dut zure anaiaren oinazea. Berak salatuak galdu du hoinbertze gosta zaion gizon horren bizia! Bainan ni, ez naiteke egon kriminela aditu gabe, galde batzu egin gabe.

KARMELA: Eta Beltzak erran baleza ez duela deusik aitortu?

ERRAMUN: Hiltzerakoan aitortu zuen, eta oren hortan ez da gezurrik erraiten. Beltzaren ukatzeak ez du deus sanjatuko.

KARMELA: Bainan...

ERRAMUN: Ukatzea da kriminelen ihesbidea. Bainan afera huntan bezalako froga bat delarik...

KARMELA: Froga bat?

ERRAMUN: Zure anaiaren hitza, dituen izena eta omenarekin, ez zaizu froga bat dela? Holako afera seriosean zure anaia gezurrean ari dela nork sinets lezake?

XABIN: (Xuri-xuria, eskuinetik agertzen da) Eta gezurra erran badut?

KARMELA: Xabin!

ERRAMUN: (Irriz) Segi hola hola! Berriz ere duda sor arazi nahi duzu nere gogoan. Ba ala ez? Ontsa badakit zure berri, eta nehor ez da alde huntan zutan konfientziarik ez duenik.

XABIN: Ba, bainan...

ERRAMUN: Xabin jauna, bihotz onak neurri bat behar du.

XABIN: Bainan, gizon hori hobendun ez balitz...?

ERRAMUN: Bertze bat baliteke. Justiziak argitaratu dezakena da. Kriminelak legearen zigorra merezi du.

XABIN: Bai, arrazoina duzu. Hemen, zigorra merezi duen hobenduna bada... Beltzari mintza zaitezke!

ERRAMUN: Milesker, banoa abian.

XABIN: Zoazi lehenbailehen, atera gaiten ateka huntarik.

ERRAMUN: Agur. Gero arte.

XABIN: Jauna! Jauna! (Jartzen da akitua bezala)

KARMELA: (Xabinen aintzinean belauniko) Xabin! Zer gordetzen dautazu?

XABIN: (Burua eskuetan) E?

KARMELA: Zer gordetzen dautazu? Erradazu! Otoi!

XABIN: (Xutituta) Orai ez! Xo! Norbait heldu da! Gero! Gero!

KARMELA: Bainan...

XABIN: Xo!

KARMELA: Maritxu eta Ixidor dira!

XABIN: Orduan erranen dut! Horien aintzinean erran dezaket, eta baitezpada erran behar dut. (Maritxu eta Ixidor agertzen dira)

MARITXU: (Karmelari musu emanez) Arratsalde on!

IXIDOR: Erramunek erran dauku Beltzari galdaketa egiteko baimena eman diozula!

XABIN: Bai.

IXIDOR: Gaizo Beltza! Ez bada oroitzen erran duenaz, harek hartuko duen kolpea!

MARITXU: Eta zuk pagatu behar izan bazinu bertzeengatik.

IXIDOR: Hori ere... ez da ona! Xabini esker ez da holakorik gertatu. (Xabinek begiak xukatzen ditu) E? Zer duzu? Zer gertatu zaizu, Xabin? Nigarrez ari zira?

MARITXU: Zer du Karmela?

KARMELA: Ez dakit...

XABIN: Ikaragarria... Ezin sinetsia... Segur naiz ez dela hura kriminela.

IXIDOR: E?

XABIN: Joset Beltzak ez daut deus aitortu, hil hurrana ekarri zautatenean. Ez daut hitzik erran. Denak nere buruak asmatuak izan dira! Zer egin dudan!

IXIDOR: Alo! Alo!

MARITXU: Jesus! Maria eta Josepe!

XABIN: Debrua, zirikan ari zitzaitan... Gogor egin diot. Bainan, azkenean amor eman! Zu salbatu nahiz gezurrezko salatze hori asmatu dut. Denak Joseten kontra mintzo ziren, kasik frogatua zaukaten haren krima. Ekarri dutelarik hunat, hil hurrana, edo hila, zorigaitzezko gogoeta hori egin nuen. Nere baitan nion: Hunek egin dik. Ixidor han ziagok, preso, eta egin ez duen krima, harek eta haren familiak pagatu beharko dik. Beltzak aldiz Jainkoari bakarrik emanen ditik bere kontuak. Jainkoa!... Jainkoak ikusi ahal du nere xede ona. Nork pentsa zezaken nik errana gezurra zaitekela? Ni bezalako gizon batenganik... Ni bezalakoa!... Bertze edozoinen erranak, gezurrezkoak zitezken, bainan nereak...? (Ero irri batekin) Ni bezalako gizon saindu batenak?...

KARMELA: Xabin! Xabin!

XABIN: Nik salbatu nahi izan zaitut, Ixidor! Zure oinazeek erretzen ninduten, baitakit gizon zuzena zirela! Orai berriz salbatu zaitudanean eta deneri erraiten badut: «Gezurti bat naiz... Beltzak ez daut deus aitortu», denek erranen dautate: «Gaixo Xabin, orai ari zira gezurrean...». Bere odolaz salbatu duen gizona libratu nahi du... Saindu bat da gure medikua! (Etsitua) Ez naiz saindua, ez! Bekatoros handi bat naiz!

IXIDOR: Pausa zaite, Xabin, pausa zaite! Agian ez dautzu holakorik aitortu Joset Beltzak... bainan nola erran genezake ez dela kriminela?

XABIN: Bai, segur naiz, ez dela Martxelen hiltzalea!

KARMELA: E? Segur zirela?

XABIN: Ospitalean, haren ondoan egon naiz hilabete bat osoa. Eta orai segur naiz ez dela hura. Nere barneko harra hiltzeagatik, barrandan egon naiz, noiz agertuko zitzaidan hiltzale gisa. Bainan ez da hura hiltzalea... ez da hura.

MARITXU: Orduan, holakorik deklaratzen balin baduzu, Ixidor berriz preso ezarriko dute...

IXIDOR: Xo! Ez aipa holakorik.

XABIN: Nik badakit zer egin behar dudan. Eta sinetsi beharko naute: Nik hil dut Martxel.

KARMELA: Zuk?

IXIDOR: Zuk? Mundu guziak badaki gau hartan, bide gurutzean minartua zuen langile baten ondoan zinela... Nehork ez zaitu sinetsiko!

XABIN: Bai, sinetsi beharko. (Osoki kexu) Ni naiz, ni Martxelen hiltzalea!

KARMELA: Zaude ixilik!

XABIN: Nik asmatu dut Joseten aitormena, nehork ez nezan usna. Eta ez dute erranen gezurra diodala, nere gezurrari har araziko baitiot egiaren itxura.

KARMELA: Nola?

XABIN: Hemendik ihes eginez. Gaixtaginek dute bakarrik ihes egiten.

IXIDOR: Eta hori eginez zer irabaziko duzu?

XABIN: Joset Beltza salbatuko dut. Frogarik gabe kondenatuko duen tribunalik ez da. Eta are gutiago, bere burua salatuz ihes egin duenaren aitormenagatik.

KARMELA: Holakorik ez dezakezu egin!

XABIN: Utz nezazu, Karmela! Zernahi hobe da, ene herstura baino! Laster hemen dira, baizik eta Beltzak ez duela aitortu. Buruz buru ezarriko naute harekin! Eta hori ez, ez! Lotsaz eta ahalgez hil ninteke! Edo erotuko! Ihes egitea... neretzat ez da besterik. Erramuni letra bat eginen diot nere burua salatuz, eta joanen naiz urrun...

IXIDOR: Ez duzu zuk ihes joan behar! Bainan nik.

MARITXU: Ixidor!

XABIN: Ez! Badakit ez duzula hobenik.

IXIDOR: Ez eta zuk ere!

XABIN: Bainan nik, gezurrezko salatzea egin dut... Izigarrikeria egin dut... Trixte, madarikatu bat naiz...

KARMELA: Zaude ixilik, Xabin... Jainkoak gure barneko xedeak baizik ez ditu ikusten, eta zurea ona zen... arras ona!

XABIN: Ez!

MARITXU: (Ate aldera begira) Xo!

KARMELA: Zer?

MARITXU: (Patxi sartzen da) Patxi da. (Denek disimulatu nahiz)

PATXI: (Arras samurtua) Haz otsoak, haz, eta berek hilen zaitute.

XABIN: Zer diozu?

PATXI: Erran duela... alimale horrek!

XABIN: (Galdea bururatzeko beldurrarekin) Eta...?

PATXI: Horren alde odola eman duzula! Gaixtagin baten alde! Erramun galdezka ari zitzaion, nik, ixilik ezin egonez, muturrerat bota diot... bai, hola hola: Kriminela ez bertzea...!

IXIDOR: Zu han baitzinen jujearekin?

PATXI: Ba jauna. Edo... ez jauna... enfin ba jauna. Ni bortan gelditua nintzen... Xantikin. Borta ez zen arras hetsia, keinu bat egina nion jandarmari, ezaguna dudan bati... Eta borta zabalik utzi zaitan, dena ikusteko eta entzuteko gisan...

MARITXU: Eta Joset Beltza?

PATXI: Ai, urdea! Haren muturra! Holakorik ez duela aitortu. Ukomiloak tinkatuz, sakreka eta juramentuka, ez duela holako aitormenik behin ere egin... Zer komedienta! «Xabin jaunak hori erran duela? Gezurra dio! A, horrentzat salbatu nau, orai ni galtzeko eta hola hiltzalea salbatzeko! A, a, hiltzalearen adixkidea da!» Hara zer zion...

XABIN: Hori erran du?

PATXI: Mixerablea! Zuekin buruz buru egin nahi omen da.

XABIN: (Hatsa galduz) Ez!

PATXI: Ez ote ziren zu hiltzalea, hori ere erran du.

XABIN: A!

PATXI: Orduan, ezin egonez, sartu naiz eta erran diot: Ixilik, debru beltza! Hi haiz hiltzalea, hi eta hi bakarrik. (Ikaran) Horiek aditu-eta, tigrea bezala neri buruz egin du. Beharrik gelditu dute, bertzela xirtxikatzen ninduen. Ez nintzen fier! Lehenbailehen lepoa moztuko ahal diote!

XABIN: Xo, Patxi!

PATXI: (Ikaraz) E? (Xabin jartzen da mahain aintzinean eta izkribatzen ari da)

KARMELA: Zer egin behar duzu, Xabin?

XABIN: Utz nezazu!

KARMELA: Ez!

XABIN: Erraiten dautzut! Utz nezazu bakean! (Izkribatzen ari da)

KARMELA: Bainan, Jainkoaren izenean!

IXIDOR: (Karmelari) Behar diozkagu lehenbailehen jakin arazi Erramuni Xabinen asmoak. Ez dugu utzi behar ihes egiten.

KARMELA: Ez da joanen ihesi! (Xabin izkribatzetik gelditua, begiak urrunerat...)

XANTI: (Hats hantua) Patxi! Patxi. (Ate ezkinean gelditzen da hatsa hartzeko) Ai! (Denak hari beha harrituak)

PATXI: Zer duk?

XANTI: Beltza!

PATXI: Zer?

XANTI: Gorde hadi...

PATXI: (Ikaraz) Zer diok!

XANTI: Zu ere bai, Xabin jauna!

XABIN: (Xutiturik) Zer da? Mintza zaite!

XANTI: Ihes egin du!

GUZIEK: (Ikaraz) E?

XANTI: Jujea paperak sinatzen ari zelarik... (Eskuz ihesaren keinua eginez)

KARMELA: Jesus!

MARITXU: Ai! Ai! Ai!

PATXI: (Zuri zuria) Ederra egin diat!

XABIN: (Bere buruarekin galdua bezala) A! Ihes egin du! Orduan...

IXIDOR: Eta nondik eskapatu da?

XANTI: Ganbarako leihotik... Bon, gauden erne! Muturrak hausteko irriskuan ximixta bezala etorri naiz! Nik daukadan flakiarekin, ez dakit nola ez dudan bidean leher egin!

MARITXU: Zeren beldurra duzu?

XANTI: Ihes egin aintzin, ahapetik omen zion: «Nere eskuz xurituko diat kontu hau! Zonbait airean ibiliko ditiat!»

PATXI: Horietarik ote naiz ni? (Burua joz) Saltsa ederrean sartu haiz, lukainka!

XANTI: Patxi!

PATXI: Galdua nauk, Xanti!

MARITXU: Izitzen naiz, Ixidor!

IXIDOR: Ni ere, bainan ez enegatik! (Medikua erakutsiz) Horrengatik! (Xabin, kopeta eskuen artean badabila)

MARITXU: Zer egin behar da?

KARMELA: Ez dakit. Erramun hemen balitz!

MARITXU: Bagoaz xeka.

KARMELA: Zoazte! Ni hemen nago Xabinekin.

IXIDOR: Eta jujea nun da?

XANTI: Nik ospitalean utzi dut.

MARITXU: (Karmelari) Ospitalea hemen berean da, zato gurekin. (Xabin jartzen da)

KARMELA: (Dudan egon-eta) Bai, heldu naiz. (Patxiri) Zu, Patxi, zaude hemen. (Karmela, Ixidor, Maritxu eta Xanti badoaz)

PATXI: (Arras beldurtua) Alimale harek ihes egin dik, ni harrapatu nahiz. Ikusten banu, xahu nauk... Hobe diat gordea daukadan errebolbera eskuratu... zer gerta ere... bizia lehenik. (Badoa)

XABIN: (Ixtant bat ixilik egon-eta) Bertzerik ezin egin. (Xutitzen da) Ez! (Egina duen letra hartzen du eta sakelan sartzen) Hobe dut bertze nonbaitik igortzea... Bainan nondik? Nik dakita! (Ixilik) Orai joan behar dut, eta ikarak joa hemen nago! Bainan ihes egiteko, diru puska bat behar. (Armarioari buruz badoa) Karmelak zerbait gordetzen du hemen. (Ideki nahiz) To, hetsia da. Tanpi. (Zerradura saltarazten du) Azkenean! (Tiroar batean miatuz) E? Zer da hau? Diruz betea den portefulla! Zonbat diru!... (Paper zonbait erortzen dira, eta bat biltzen du eta irakurtzen) Marcel Dubois! Bainan, portefulla hau hemen! Nere etxean! Nola daiteke?... Nola daiteke hau? Hilaren portefulla! Ai! Ai! Ai! (Tanpa lurrerat erortzen da eta portefulla ere)

KARMELA: Ez naiz trankil... Xabin, Xabin!... Jauna! Ikusi du! Jauna, argi nezazu! (Denak biltzen ditu eta altzoan gordetzen) Eta orai zer egin behar dut? (Mublea hesten du eta erdi nigarrez) Jauna, lagun nezazu... (Gordetzen da)

PATXI: Nun utzi dut nere arma? Oi! Xabin jauna lurrean! (Haren ondoan belauniko) Xabin jauna! (Xutitu-eta badoa lasterka... heldu da flakoin batekin eta sudur azpian emaiten dio) Hoinbertze odol eman-eta ez da harritzeko ahuldu bada.

XABIN: E? E? Patxi. (Aldetik kendu nahi du eta portefulla eskuz xekatuz) Ez! (Xutitu-eta badoa armarioari buruz) Hetsia da-eta! Jauna! Jauna! (Nigarrez hasten da eta Karmela heldu zaio eta oihala erortzen da)

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa