www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Herriko botzak
Piarres Larzabal
1956

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (II), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

aurrekoa  

HIRUGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Bozkatzetako barnea, botz egunean. Untziaren zain dagozi, eskualde batetik: Mera eta Mr. Philippe. Bertzetik Arotza eta Gregorio. Erdian untziaz arta daukala: Kose. Denak zainetan dira. Kanpotik entzuten dira tuta batzu.

 

 

MERA: (Kexu) Tutalariak eta jatslariak muntatu dituzue gu hemendik kanporat segitzeko... Ikusiko diagu nor izanen den hemendik kanpo, gu edo zuek.

AROTZA: Tuta eta jatslariak, ba muntatu ditugu, bainan, zuek bezala egiteko... Zertako hasi zirezte? (Xurien aldetik, ate hat idekitzen da... Bandera ttipi bat xuria agertzen, zenbait jats ere eta tutak entzuten dira... Oihu batzu ere: Fuera gorriak, huuu... gorrien aldetik, bertze hainbertze egiten dire)

MERA: (Xutituz eta exarpa soinean ezarriz) Botzetako sala hau errespetatua izan dadien, galdetzen dut orori, xuri eta gorrieri, kanpoan egon daiten arrabotslari guziak.

AROTZA: (Gregoriori ahapetik) Zonbat dituk oraino botza eman beharrak?

GREGORIO: Bost... Jiten badira segurik.

AROTZA: Eta... Zertan duk partida?

GREGORIO: Nik uste berdintsu gira... Azkenak behar ginituzke nihundik ahal badugu, gure alde bildu.

AROTZA: (Koseri, hunek eskua untziaren gainean pausatu baitu) Hep!... Esku hori ken untzi hortarik, plazer baduzu.

KOSE: Zer zautzu zuri, nik untzi hau hunkitzen badut ere?

AROTZA: Ba... Ez balitz lehenago horren hunkitzalerik izan, beharbada bertzela izanen ziren botzetako konduak.

MERA: Zer habila?... Partida galdu eta, tato faltsoketan? Ni nuk, oraino segurik, hemen nausi... Eta nik emaiten zioiat herriko mutilari untzi horren hunkitzeko dretxoa. (Kosek hunkitzen du)

GREGORIO: Horrek hunkitzen ahal badu, nik ere ba... (Lotzen dira biak untziari tiraka)

MERA: (Oihuz) Aski. Untzi hori bego hor... Beraz nehork ez dezala hunki.

AROTZA: Ez dugu bertzerik galdatzen. (Kanpotik, berritz ere tuta eta oihu)

JUSTINA: (Sartzen da... burua galdua) Botza emaiterat heldu naiz... Jaun erretorari emango diot... Zer egin behar dut hortakotz?...

AROTZA: (Paper bat eskainiz) Ori, hau da jaun erretoraren aldeko papera.

MERA: Hep, emeki, plazer baduzu... (Paper bat eskainiz) Huna jaun erretoraren aldeko zinezko papera.

AROTZA: Zuek, gorriak zirezte... Pittikaren hiltzaleak, ez ahal zinukete pretentzionerik, jaun erretora zuen alde dela?

MERA: Nik bazakiat jaun erretora norekin den... Zuen pretentzione guziengatik, aski kaskodun duk nor giren hemengotz kapableenen ezagutzeko.

AROTZA: Nori emango diozute botza, Justina, xuri edo gorrieri?

JUSTINA: Xurieri, bixtan da.

AROTZA: Orduan ez da dudarik: Hau da zure papera.

MERA: Errazu, Justina, noren alde zira? Ezkila saria goratu nahi dutenen alde, edo hol'hola utzi nahi dautzutenen alde?

JUSTINA: Bixtan da, goratzearen alde nizala.

MERA: Orduan, gure alde behar duzu bozkatu... Ori papera!

JUSTINA: Zer egin behar dut paper hauekin?

MERA: Ori paper xaku bat... Sar zaite kofesinalean, eta hauta azu zure eskualdea.

JUSTINA: (Sartzen tia... Jendek ikusten dute zer egiten duen. Arras nahasia, lehenik paper xakuan ezartzen du paper bat, hura jali eta bertzea. Azkenean zainak airean, biak ezartzen ditu betan) Orai zer egin behar dut?

MERA: Orai, jali zaite hortik.

JUSTINA: (Jalitzen da, eskuak hutsik) Orai, fini duta?

MERA: Nun duzu nik eman paper xakua?

JUSTINA: Hor, barnean.

MERA: Bainan, emaztea, ez da paper xaku hori utzi behar... Har-azu zurekin?

JUSTINA: (Obedituz) Behar duta hetsi?

MERA: Ez... Utzazu idekirik, eta ezarrazu untzi huntan!

JUSTINA: Behar dituta barneko paperak erakutsi?

MERA: Ez... Hol'hola sar-azu hori untzi huntan.

JUSTINA: (Obedituz) Ba, ez bainakien nola egin: bi paperak barnean ezarri ditut... Ontsa egin ahal dut?

MERA: Ontsa edo gaizki, egin duzuna, orai egina da.

JUSTINA: Bon, eta orai joaiten ahal niza?

GREGORIO: Ba, joaiten ahal zira eta lehen botikarioan erosten ahal dituzu burtxoroen sendatzeko sendagailuak.

JUSTINA: Zer zaude? Burutik minez?

GREGORIO: Segur balitake biltzekoa hemen entzuten eta ikusten direnekin.

JUSTINA: Zuhaurek nahi duzuenaz geroz. (Jalitzen da)

AROTZA: (Kexu) Botz emaite hori ez da zuzena... Horrek xuri behar zuen bozkatu... Hasteko, ez da haizu bozen bilketan artzea, bozkatzeko salan... ezagutzen dut gero, nik ere legea.

MERA: Ez zioiat nik bere botza galdatu. Bakarrik xehetasunak ziozkaiat eman. Botzez hihaur ni bezanbat mintzatu haiz.

AROTZA: Ez dira horiek ahantziak izanen... Eta jakinazue gorago dei eginen dudala.

MERA: Ba, nik ere izanen diat zertaz dei egin... Nola botzetako papera markatuak dituzuen.

AROTZA: Nork eman ditik paper markatuak?... Zuek edo guk?... Larreondoko Manezeri nork eman ziok markatua?... Eta Gaztainondoko Mariari ere, nork?

MERA: Ba eta Sasialdeko Katizari? Eta Gorostaiteko Andresi?... Nork eman ziotek?

AROTZA: Gezurrak horiek guziak... Zer gituzue?... Zuen heineko nahi?... Ez gituk, gu zuen iduriko saltseroak.

DOLOREZ: (Sartzen da, bertzeak ixiltzen dira) Botza emaiterat heldu naiz.

MERA: Ori paper xakua... Pako nun duzu?... Ez da oraino agertu botza emaiterat.

AROTZA: Bere dretxoa ahal du... Nahi badu ez jin ere.

MERA: Ez... Hori erraiten dautzut... Bere abantaila bailuke gerlako pentxionearengatik, jin dadien botza emaiterat.

DOLOREZ: Ez eni galda, ene gizonaren berri... Ez du berdin, nik kontseilaturik botza emaiten.

AROTZA: Pena da ez baitu hala egiten.

MERA: Pena?... Zertako pena?... Ala baitezpada zuentzat eman behar dia Dolorezek bere botza?

AROTZA: Dolorezek eta nik badakigu elgarren berri.

KOSE: (Larriki) Zer duzue?... Elgar kontsultatzeko usaia?

AROTZA: Ba, hire emaztearekin ikasia.

KOSE: (Samur) Zer duzu, zuk ere ene emazteaz erraiteko?

AROTZA: Nik, deus ere, bertzek erraten ez dutenik. Bakarrik, hire emazteak baduela kontseilari bat hauta.

KOSE: Ene emaztea utziko duzu bere gisa.

AROTZA: Segur eta hal'ere utziko dudala: hol'hola baitik aski gizonik. (Tuta batzu)

MERA: Dolorez, zure paper xaku hori ezarrazu untzian... Agian, hemengo kalapitek ez zituzte zintzoki botza ematetik gibelatu.

DOLOREZ: Zintzoki emango duenak, ez du sahetseko saltseri kasurik egiten... Agur jaunak!...

DENEK: Ba, agur Dolorez!

MERA: Ixtantean, salaren hesteko tenorea... Ikusiko diagu noren izanen den azken hitza.

AROTZA: Segur ikusiko dugula.

BERTA: (Sartuz) Zato, Ttotte, zato! Botza eman behar dugu (Xixon ere sartzen da). Botza emaiterat heldu gira biak.

MERA: Ontsa da... Har-zkitzue paper xakuak. (Xixoneri) Hor duka, paper xakuan ezartzeko nik eman papera?

XIXON: Ba, ba. (Paper bat jalitzen du sakela batetik, bertze bat bertzetik)

MERA: (Bat irakurtuz) Hau duk ona. Hau ezarriko duk paper xakuan.

AROTZA: Ez duk hiri manatzea nori eman behar duen botza.

MERA: Ez hut nik hi debekatzen, nahi baduk hire alaba gobernatu... Bainan ene semearen gidatzerat utz nezak ni... (Semeari) To papera. Hori ezarrak paper xakuan.

AROTZA: Kofesinalean egiten den lana da, papera bere xakuan sartzea, eta ez kanpoan.

MERA: (Semeari) Bon, beraz. Habil ixtaño bat zilo hortarat... Hortik jali eta, aski duk paper xaku hau, hol'hola untzi huntarat aurtikitzea.

AROTZA: Ez duk hori libroki bozkatzea, bainan hik manatuz.

BERTA: Zato, Ttotte, enekin kofesinale barnerat. (Biak sartzen dira)

MERA: (Kexu) Ez da hori legea, bederazka sartu behar da kofesinalean eta ez biranazka... Ttotte, haugi hunarat kanporat!

AROTZA: Zer?... Beren dretxoa die, nahi badie parezka botza eman!

MERA: (Ttotte gibeletik tiratuz) Ttotte, haugi hunat!

BERTA: (Eztiki) Ez, ez. Ttotte, zaude hemen ene ondoan. Zato gaixoa.

XIXON: (Aitari olciartuz) Ni utz, utz ni, ni Bertarekin.

MERA: (Arrunt kexu) Ez diat holakorik onartzen. Ez duk hori libertatea. Hori izpiritu ahulez baliatzea duk.

AROTZA: Libertatea duka hik hire semeari manatzea, nori botza behar dion eman?

BERTA: (Jaliz maltzurki) Alo, alo... Ez zitela kexa. Badakigu Ttottek eta nik, arras ontsa, nori botza eman. Ez dea hala Ttotte?

XIXON: Ba naski.

MERA: (Erotua) Ez zirezte nitaz trufatuko. Ez duk hori hola pasatuko. (Semeari eskutik kentzen dio bere papera eta ordaina emaiten) Hau, aditzen duka? Hau ezarriko duk untzian eta ez bertzerik.

AROTZA: (Kexu, untziaren ziloa tapatuz) Ez da hori libroki bozkatzea. Utz bere gisa... Berak, kofesionalean hautatu botza duk horrena eta ez hik eskutan ezarria.

MERA: Zer?... Ez duela botzaren emaiteko dretxorik. Ikusiko diagu... Herriko mutila, bortxaz, manatzen dautzut bozetako untzi hori libra dezazun.

BERTA: Aita, zaude deskantsuan... Utzazu untzia libre. (Bertzeri) Nik ere ahal dut botzaren emaiteko dretxoa.

MERA: Ba, zuk ere. Bainan horrek ere.

BERTA: Bon, nik ene papera untzian ezartzen dut.

MERA: Ontsa da... Eta orai, hire aldi, Ttotte... Hemen ezarrak eskuko paper hori. (Bertak irri ezti batekin, ezetz dio Xixoni... Hunek ez daki zer egin) Mugi hadi ba... Hori ezarrak hemen. (Xixonek dudan egonik naski obedituko du, bainan...)

BERTA: (Orhuz) Kasu, Ttotte, kasu, zinaurriak, zinaurriak. Dena zinaurriz betea da untzi hori. Ihesi ihesi hemendik!

XIXON: (Orroaz) Ai, ei, ai!... Zinaurriak, zinaurriak! (Tira ahala ihesi doa salatik Berta ondotik)

MERA: Ttotte, Ttotte. Deubru mentsa, haugi hunat... Urde ustel zikinak ez duzue ez nitaz irri eginen. (Bere adixkideri) Zuek zauzte hemen erne... Jin araziko dut ba... Ha, zer uste dute?... Hortan geldituko dela afera. (Tira ahala jalitzen da)

AROTZA: (Irri maltzur batekin) Uste balin badik gure Bertari nausitzea... Ez bide zakik norekin duen partida.

KOSE: Zuen egitatea, ustelkeria bat da.

OSTALERTSA: (Sartuz) Agur, jaunak! Botza emaiterat heldu naiz tira ahala, ostatua, ixtant bat, nehor gabe utzirik.

KOSE: Ori, paper xakua.

OSTALERTSA: (Botza emanez behar den bezala) Jes, zer du merak holako lasterretan karrikan gaindi?

AROTZA: Bere seme ernearen ondotik, dabila ihizian.

OSTALERTSA: Berritz ere ihizi ixtorio? Baginuen ba aski hortarik egun hautan.

AROTZA: Eta, ez dira oraino denak bururatuak... Sasoina ideki berri da gero bakarrik.

OSTALERTSA: Orai baino saltsa hoberik eginen ahal dugu ihiziekin, ondoko egunetan.

AROTZA: Agian ba, eta biper gorri gutixagorekin... Harekin ez baita saltsa onik.

KOSE: Biper gorri bixia hobe, tipul buru zuria baino.

OSTALERTSA: (Jaliz irriz) Bon, bon... Ekazue gaia... Nik saltsatuko dautzuet denen gosturat.

KOSE: Denen gosturat edo nehoren... Lepoa joka nioie, botza ere, hitzemaiten duen saltsa bezalako bota duela.

AROTZA: Estonatzeko duk ez baituk halere pretenitzen botza zuen alde eman duela.

KOSE: Errex izanen da jakitea nori eman duen... Untzi barnean gaineko lehen papera horrena izanen baita... Eta azpiko lehen papera berritz jaun erretorarena... Hura baitzen goizean lehen botz emaile.

AROTZA: Hola beraz, botzen emaileak zaintzen dituzue... Eta zenbaiti paperak markatu diozkatzuete?

KOSE: Ofizio hori balin badugu ere, ez dugu hartan zueri zorrik.

PAKO: (Sartuz, arras mozkorra, bi botoila, bat xuritik bertzea gorritik dauzka bi sakeletan... Kantuz ari da)

                Xakurrak hau

                Gatuak ñau, etc...

        (Oihuz) Hep, etxe huntako jendeak... Gizon balios bat hemen duzuela, bere eginbidearen betetzerat etorria.

AROTZA: Mugitzen ahal zare botzaren emaiterat... Laster tenorea izanen baita salaren hesteko.

PAKO: Zer duk hik, arotz mutur beltza, ni hola manatzeko. Nahi diatanari emanen diat ene botza, eta ez hik manatutik.

AROTZA: (Samar) Heu!

GREGORIO: (Ahapetik) Ezti zaite... Horren botzaren beharretan gare pasatzeko. Behar ginuke baitezpada bildu.

PAKO: (Lurrean jartzen da eta bi botoilak bere aintzinean pausatzen ditu) Hemen ene etxean nik, nor-nahi bezenbat. Ene diruz egina baituk etxe hau, bertze nor-nahirenaz bezenbat. Eta, ni, hemen, nehork ez nezala mana.

MONSIEUR PHILIPPE: Arrazoina duzu, Pako... Eta, zuk bezala gerla egin duen gizona, barne huntan bere etxean da, bertze nehor baino gehiago.

PAKO: Preseski... Zuri banda zikina zuek... Merian sartu baino lehen ere, hemen legea egingo duzueia? Hemen, mera bat ezagutzen diat. Eta, zuetarik nehork ez dik hemen nik baino gehiago dretxorik. Biba gorriak. (Gorritik edaten du)

GREGORIO: Ez zirea beldur, hola oihu eginez, ogia galduko duzula?

PAKO: Ha. Zer nahi duk, hik ere, ene botza bildu? Eta, galtzen badiat ogia, hik zer afera duk? Ene ogiaren irabazteko on ahal nuk. Ez nuk, hire eiheran behin ere ogi eske ibili, dakidanaz.

        Ha, nun ditiat paperak? Huna xuriena, eta huna gorriena. Hauk gauza pollitak? Hauk badutela gero errespetu... Ni, beti azken mementoan botza emaiterat jiten nuk... Hauk eskutan ditudano, alabainan, norbait nuk... Zeren-eta, aitor-azue, denek zuen baitan mespresatzen nauzue... Bainan denak ixilik zagozte, hunako paper pollit hau nahi duzuelakotz zuenganatu. Paper hau untzian ezarri ordutik, deus ez diat balioko zuentzat. Deus gehiago zuen ostikoentzat ere ez nuk on izanen. Hortakotz ditiat paper hauk, ahal bezen luzaz eskuetan beiratzen... Hau, zuena zuriak!... Eta, hau zuena, gorriak! Sofri hor. Biba gorriak! (Edaten du)

        Haatik, ez uste izan, zuek zuriak, baitezpada gorrieri emango dudala ene botza. Berdin zurieri eman zezakeat... To, nahi baduzue, ariko gaituk tratuan: ean nork eskainiko dautan gehienik... Lehenik, zuek gorriak, mintza zaizte.

MONSIEUR PHILIPPE: Guk, Pako, gizon beharduna beti errespetatzen eta laguntzen dugu... Zure pentxionea biltzeko, badakizu zer hitzeman dautzugun.

PAKO: Ez zira gaizki mintzo... Eta, zuek zuriak zer dautazue hitzemaiten?

GREGORIO: To, laguntzen bagituk pasatzen, ukanen duk herriko mutilgoa, Koseren orde.

PAKO: Bai, hori gostuko lana nikek... Zuen tratua hobea diat besterena baino... Biba zuriak!

KOSE: (Kexu) Zuri ustelak. Beharrik zuen ametsa ez duzue bururatuko.

PAKO: Biba zuriak! (Zuritik edaten du) Zuek, gorriak joazue inkanta... Gehienik eskaintzen duenak izanen dik ene botza... Orai, badakizue zurien berri... jo hor inkanta!

MERA: (Sartzen da, samur) Mutiko trixtea!

MONSIEUR PHILIPPE: Ez duzuia bildu?

MERA: Ez, tira ahala ihesi joan da oihan alderat... Igorri dazkot ondotik xekariak.

MONSIEUR PHILIPPE: Laster behar luke jin, hesteko tenorea hurbil baita.

PAKO: Biba zuriak!... Nork du gehiago eskaintzen?

MERA: (Kexu) Zer ari zira hor lurrean? Zer dituzu molde horiek he?

PAKO: Galde-ozute ingurukoeri ene berri. Erranen dautzute nola inkanta ginuen, zu sartzean. Biba zuriak!

MERA: Plazer baduzu, xutituko zira hortik, eta xutik egonen, toki hunen errespetuaz.

PAKO: Jaun Mera, manatuko duzu zure etxean, nahi baduzu, bainan ez hemen. Hau denen etxea da.

MERA: Zeeer?

MONSIEUR PHILIPPE: (Ahapetik merari) Otoi, eztiki harrazu... Botza emaitekoa baitu... (Pakori) Ba, Pako, Jaun Mera ontsa mintzo da. Ederrago laiteke, batere manatu gabe, xutitzen bazine.

PAKO: Jaun Merak mana dezola lehenik bere etxeko zozoari... Harek obedituko duelarik, nik ere obedituko diot.

MERA: (Mr. Philippek ezin ezti du) Jakin-ak herriko lehena ni naukala, eta errespetua zor dautakala!

PAKO: Ba, zu herriko lehena, eta zure erne hura herriko azkena! (Irriz)

MERA: (Errabian) Errak berritz holakorik... Nahi duka beharri ondoko bat?

PAKO: Biba zuriak!... (Irriz) Holakorik nork ikusi du behin ere?

AROTZA: Errazu, Pako, erna zaite botza emaitekotz.

PAKO: (Beti irriz) Ihizirat joan, eta armarik gabe etxerat. Eta, gainerat larru gorrian.

AROTZA: (Kexu) Errazu, Pako, tenorea duzula... Mugi zaite hunarat bozkatzerat.

PAKO: (Kexu) Zuk ere zer duzu, ni hola manatzeko?

AROTZA: Zure onetan ari naiz, gizona, ez zaitela samur.

PAKO: Nardagarri ere bazait azkenean, hola eskaleri buru ezin eginez artzea.

AROTZA: (Kexu) Nor da eskalea?... Zu edo ni?

PAKO: Zu ba beti hala zira, bat ederra, ni ez naiz behin ere zuen etxean galdezka ibili. Eta zu hemen zabiltza ene ondotik, botza eske, gatu zaharra ñauka ibiltzen den bezala. (Orenak entzuten dira)

MONSIEUR PHILIPPE: Xo, hep, xo, lau, bortz, sei, sei orenak. Ale, sala hets! Fini da orai bozkatzeko tenorea.

AROTZA: Heu... (Izigarri samur, Pakori lepotik lotuz) Nor duk eskalea, hemen, urde mozkor nahasi zikina!

PAKO: Ai, ei, ai!... Botzak fini, fini Pako.

MERA: (Pakori ostikoka) Kanporat mozkor tzar usaindua, kanporat hemendik. Herriko mutila ezarrazu kanpoan gizon hau.

PAKO: (Kanpotik) Ez nian bertze beldurrik. Ustel banda zikinak zuek!

MERA: Bon, orai planta gaiten botzen kondatzeko. (Atetarik, tata, jats eta oihu) Kanpokoak daudela kanpoan! Hemen bagira hol'hola aski mundu.

ZURIAK: (Kanpotik) Huuu, fuera gorriak!... Gorriak kanporat!

GORRIAK: (Berdin)

AROTZA: (Zurieri) Utz gaitzazue otoi lehenik paperen kondatzerat!

MERA: (Gorrieri) Zueri ere, gauza bera dautzuet galdatzen. (Botzak kondatuz) Lehen papera.

GREGORIO: (Ahapetik Arotzari) Ostalertsarena.

MERA: Hau nehorendako ez da, bi lixtak barnean baititu.

GREGORIO: (Ahapetik) Atso ustela.

MERA: Hau gure... hau ere... (Segitzen du)

GORRIAK: (Kantatuz pilotan bezala) Bortz eta baterez. (Kantatuz «Nor gira gu» airean)

                Nor da nausi, nor da buru

                Gu gorriak, gu gorriak

                Nor da nausi, nor da buru

                Gorriak nausi gira gu, huuu!

ZURIAK: (Kantatuz) Hemezortzi eta hamabortz. Zuriek hemezortzi eta gorriek hamabortz. (Kantatuz)

                Nor da nausi, nor da buru

                Gu zuriak, etc...

        (Kantu denboran, mera eta arotza kalapitan lotzen dira papera baten gainetik... denak ixiltzen dira)

MERA: Paper hau ez da bali... markatua baita... So egizue zerbaitekin karrakatua du xoko hau. (Zuriek huuu!)

AROTZA: Zer, ez dela bali... karraka hori berenazkoa du, eta ez norbaitek egina. (Gorriek, huuu!)

MERA: Bon, beraz... Eginen dugu paso... Zenbana gira Mr. Philippe?

MONSIEUR PHILIPPE: Hogoira ados.

GORRIAK: (Finitzean) Fuera zuriak! Nor da nausi eh?

ZURIAK: (Berdin)

MERA: Xo, ixilik!... Hogoi eta laura berdin gare... papera bat gelditzen da bakarrik.

KOSE: (Gora) Ba, jaun erretorarena, lehen zolakoa harena baitzen.

GREGORIO: (Harrotua) Hobe, hobe, beraz biba zuriak. Zuriak nausi.

ZURIAK: Biba zuriak... Fuera gorriak...

MERA: Emeki, emeki, ikus eta mintza... ez lehenago.

GREGORIO: Zer ikus-ta? Ikusten ahal duzu ba.

MERA: (Denak ixilik daudela eskuak daldaran, emeki idekitzen du paper xakua, eta handik jalitzen ditu bi paper, bi lixtak) Hau ez da nehorentzat.

GREGORIO: (Errabian) Apez ustela! Beraz saldu gaitik.

GORRIAK: Huuu!

ZURIAK: Huuu!

MERA: Xo ixilik!... Beraz hogoi-eta-laura berdin gira... Botzak berritz haste, heldu den igandean.

AROTZA: Ha... Nausituko zineztela... Ez zarezte haatik egin...

MERA: Ez zuek ere.

GORRIAK: Huuu!

ZURIAK: Huuu! (Xixon pusatzen dute barnerat, zozotua dago)

MERA: (Izigarri kexu) Nundik agertzen haiz hunarat... Bainan nundik agertzen haiz?

XIXON: Botza... botza eman...

MERA: Hau duka tenorea bozkatzerat jiteko? Nun hintzen orai artio, trixtea! (Beharri ondoko bat eskaintzen dio) Higatik, ez gaituk pasatu. (Zuri eta gorri denak oihuz ari dira... Sala orok husten dute)

XIXON: (Bakarrik. Kara trixte batekin, eskuz mahain gaineko botzetako paperak nahas mahastekatzen ditu emeki... Betbetan irri zozo batekin) Nik ere ba paperak. (Sakelatik jalitzen ditu bi lixtak) Hau aitak emana... Hau Bertak. (Apur hat ixilik lixteri beha dago Bertarenari potta emaiten dio) Gizonak samur... Ba, paperak. (Espaldez egiten du: Ez duela konprenitzen. Bet betan irri zozo batekin, kopeta eri batez zilatuz emeki) Zonbat jende xoro den mundu huntan!

 

OIHALA

 

aurrekoa