www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Herriko botzak
Piarres Larzabal
1956

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (II), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

LEHEN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Ostatu bat.

 

 

        (Ostalertsa barnean dabila okupatua)

KOSE: (Atabala joz, kridatzen ari, agertzen da leihoan) Jaun Meraren partez... Herriko botzak ditugula... (Asto bat entzuten da orroz. Kose kexu) Eiherako asto ustela... Gregorioren asto zikin horri, nik oraino hortzak hautsiko ziozkaiat. Ez baitut botza altxatzen ahal horren errefera entzun gabe.

OSTALERTSA: Dudarik gabe, zure botzak, beharriak minberatzen daizko.

KOSE: (Kexu) Zu ere, zaude ixilik. (Berritz atabala jo eta) Jaun Meraren partez... herriko botzak ditugula... Denek botza eman dezatela, ez baita botza emaile soberakinik... Zaharren eta erien garreatzeko, oto bat izanen dela. (Berritz astoa entzuten da) Asto madarikatua... Nik hiri oraino makil ukaldika, bizkar hezurra hautsiko daiat. (Ostalertsari) Ekazu edaterat hunarat.

OSTALERTSA: Zuritik edo gorritik?

KOSE: Badakizu arras ontsa, bozetako egunetan, gorriak, gorritik bakarrik dugula edaten. Zuria atxikazu zurientzat.

OSTALERTSA: (Zerbitzatuz) Sekulan, arotza nausitzen bada bozetan, zure herrimutilgo kargua galduko duzu ba, zuk ere.

KOSE: Arotzak ez du sekulan gure mera aurtikiko.

OSTALERTSA: Ez dakit... Joan den aldian, gorriak bi bozez nausitu zinezten gero bakarrik.

KOSE: Oraikoan, nausituko gira hamarrez bederen... Gure mera, norbait da gero. Erakutsi ahal du zertaz kapable den... Noiz ikusi da, orai artio, holako herriko pesta ederrik. Hori kargutan sartuz geroz, bertzelako ordre eta garbitasunik da gero gure karrikan.

OSTALERTSA: Ba, zuhaur karrika garbitzale zirelakotz.

KOSE: Ba... Nihaur kridari, herriko mutil eta karrika garbitzale ere... Norbaitek behar du alabainan, lan horietako ere... Eta, bakarrak lan horiek guziak egiten baditu, herriko moltsarentzat hobe.

OSTALERTSA: Ez du iduri, zu herriko langile sartzea biziki baliatu zaiola herriko moltsari. Zergak goratu dauzkute segurik aurten ere.

KOSE: Zer zira, zu ere, gure kontra? Jaun Merak jakinen du.

OSTALERTSA: Erraiten ahal diozu segurki eta halere... Berdin, botzak emanak ez direno, ni hartaz baino, hura nitaz gehiago behartuko baita.

KOSE: Botzak direla eta, ez da gehiago bazterretan buruzagien errespeturik... Banoa kridaren segitzerat. Arno hau, bozen kondu...

OSTALERTSA: Ontsa da... Zuk hasia izanen duzu gorrien barrika. (Bakarrik) Haste komedia... Zortzi egunez, ha zer mozkorrak behar dituzten tiratu, zenbaitek hemen... Bi barrika arno edateko... Gorritik, barrika bat, gorriek eskainia... Xuritik bertze bat, xuriek eskainia. (Urrunerat entzuten dira kridaria eta... astoa) Ezin sinetsia da botzak nola nahasten dituen jende batzu... Botza aintzinean nehun seinale ez ziren jende batzu, ikus ditazke botza egunetan arras harrotuak, nahasiak, gontzetarik jaliak... Irriegingarri dira egiazki... Politika egin behar dela nahi dut, bainan politika saltsa... Hainitzentzat, saltsan artzea da politika egitea.

        Orai, erradazue nik nori behar diotan botza eman... Orai artinoko mera gorriari edo arotza kontrario zuriari... Ha, nahastekatzen ahal banitu bederen, arnoak bezala...

        (Irriz dago urrungo kridari) Huna Jaun Mera heldu... Izan gaiten beraz gorri.

MERA: (Sartuz) Agur, Kattalin... Hasi duzuia gure barrika arnoa?

OSTALERTSA: Ba, Jaun Mera... Herriko mutilak eman dio lehen tirakoa.

MERA: Arno onetik dea bederen?

OSTALERTSA: Ez da segurik Kose arranguratu.

MERA: Ekazu xorta bat jasta dezadan... Grefiera ez dea oraino agertu?

OSTALERTSA: Monsieur Philippe?... Ez, ez da oraino agertu... Estonatzeko baita harentzat. Ez bide du luzatuko.

MERA: Eta?... Hemen iragaiten direnek zer diote botzez?

OSTALERTSA: Arotzak Gregorio hartzen omen du axurantzako.

MERA: Ba, ba. Ez ginuke beharragorik gure herria desohoratzeko: arotza mera eta eiherazaina axuant. Zerendako ez, axuantaren astoa, bere beharri haundiekin... Berdintsu laite.

OSTALERTSA: Gregorio pasatu omen da etxe guzitan botzen galdatzeko.

MERA: Ba, bere eiherazaingo ofizioa baliatzen zaio hortako ere... Ustela. Eta denetan gauza bera kondatzen du: Nik botiges nizelakotz, ez omen dut deus ere konprenitzen kanpainako harat hunatez. Arotzak ere gauza bera diote kabala ferratzerat heldu direneri.

OSTALERTSA: Badutea entzule?

MERA: Nork daki?... Kanpaindarra hain da zoroa. Zuk eta nik, karrikarrek omen ditugu kanpaindarrak tturrintzen... Eta, arotzak, eiherazainak, zer dire hek?... Kanpaindarren laguntzale batzu beharbada? Zuk eta nik baino diru gehiago ba tiratzen diote horiek kanpaindarreri.

OSTALERTSA: Ez duzuia uste, hori karkulatzen dutela kanpaindarrek berek ere.

MERA: Batere ez dakit... Egin behar luketena da segurik... Arotza hemen auzapez... Ohu!... Zer konprenitzen du horrek legetan? Ez da hori, jaunen arterat agertzeko on den gizona... Ohuu... Berak ere behar luke konprenitu... Bulegotan afera bat segitzeko nun du horrek jakitatea, eta nun astia ere... Uste badu meragoa josteta bat dela. Ha, huna grefiera.

MONSIEUR PHILIPPE: (Sartuz) Agur, Jaun Mera! Agur Kattalin!

OSTALERTSA ETA MERA: Agur Monsieur Philippe!

MERA: (Mr. Philipperi) Zikin horietaz ari giren... Zure kontra ere badute erraiteko... Zuk duzula herriko etxean manatzen eta ez nik... Alderdikaria zirela, eta hola.

MONSIEUR PHILIPPE: Ba, jelos dira... Erakutsi baitugu, guk merian sartuz geroz, zertaz giren kapable. Gure karrikan, bertze ordrerik baita, eta herriko pestek ere, bertze itxurarik baitute, hori dute ezin jasan.

MERA: Ba, eta arotzak ez dauku barkatzen, bere ate aintzinetik kendu diogun kabala edanarazteko iturria... Iturri hori herriarena zen, eta ez berea... Uste duzuia, hor, pollit zen, karrikaren gainean, beti inguruak ixtiletan zauzkala, kabala iturri hori?... Iturria behar badu, aski du bat egitea, bere eremuetan.

MONSIEUR PHILIPPE: Utz ditzagun mintzatzerat... Eta, gure aldetik, bertze hainbertze egin dezagun...

MERA: Nik segurik ene predikua egiten diotet, botikarat jiten direneri.

MONSIEUR PHILIPPE: Pentsatzen dut, zuk ere Kattalin, ez dituzula hunarat jiten direnak ixilik uzten... Badakizu zure etxean dugula aurten, gerlari ohien bazkaria.

OSTALERTSA: Milesker, Mr. Philippe, eni pentsaturik... xuritik edo gorritik?

MONSIEUR PHILIPPE: (Irriño batekin) Holakorik, ez egun hautan, guri galda.

MERA: Errazu, eta... eman diozuia beha kolpe bat lixtari?

MONSIEUR PHILIPPE: Ba, dena ontsa kurritu dut: baditugu hogoi bat, errotik kontra, eta bertze hainbertze errotik alde... Azken hamarrak berritz dudamudazkoak. Horien biltzerat behar dugu entseatu. (Lixta eskuetan dauka)

MERA: Nor zautzu iduritzen bil ginezakela hamar horietarik?

MONSIEUR PHILIPPE: Lehenik, hemen baditugu bizpahiru, erretoraren ingurukoak: Justina zeinu joilea, Dolorez, erretor baitan lanean dabilana... Pako, erretoraren ahuntz zaina.

MERA: Erretora bera gure alde bil bagineza?

MONSIEUR PHILIPPE: Ez da erraz izanen.

MERA: Aski diogu hitz emaitea, elizaren teilatua erreparatuko diogula... Badu beharra...

MONSIEUR PHILIPPE: Ez da gaizki pentsatua.

MERA: Eta zertako ere ez mana meza bat gerlari ohientzat edo holako?

MONSIEUR PHILIPPE: Kasu eman behar dugu haatik, gorriak ez deskontentatzea, zuriena sobera eginez...

MERA: Bon, askiko da bala bat muntatzea, gerlari ohien ohoretan.

MONSIEUR PHILIPPE: Hola, nunbait hor izanen da... (Lixta eskuetan) Hemen ikusten dut: Manez Mendigorri. Aspaldian, familia haundien modelaren beha dago... Hura aipatuz, beharbada bil ginezake eta haren emaztea ere ba...

MERA: Bon, aski diozu hitz emaitea...

MONSIEUR PHILIPPE: Bi gazte baditugu soldado... Kolia bedera igorriz, herriaren izenean, nik este heien familiak ere aide ginituzke...

MERA: Bai ta ere. Eta, Pako eta Dolorez.

MONSIEUR PHILIPPE: Dolorez, nik uste, jaun erretorak kontseilatuko duen, etxeko langilea duenaz geroz. Pako nahasi hori aldiz, nork konpreni? Entseatuko naiz zerbait gisaz horren biltzerat. Bertzerik ez badezakegu, mozkor on batez bederen bilduko anal dugu.

MERA: (Ahapetik) Botzetako untziaren zaintzaleak eginak direa?

MONSIEUR PHILIPPE: Bego hori ene gain... Eta, agian joan den aldian bezela, bazkaritako denboran, bakarrik utziko ahal gaituzte untziaren zain... Te, huna heldu Pako nahasia, erretoraren artaldearekin.

PAKO: (Leihotik ageri) Alo, bixar, alo. (Ahuntzak «mee»ka ari zaizko) Nik ere joan behar diat iturrirat... Errazu, Kattalin botzetako barrikak idekiak dituzuia?

OSTALERTSA: Ba, sartzen ahal zira.

PAKO: (Ez ditu ikusten Mera eta Mr. Philippe) Ekazu hunarat laster edaterat, laster, zintzurra arras xukoan baitut.

OSTALERTSA: Zointarik nahi duzu: xuritik edo gorritik?

PAKO: Berdin zaut edozoin, xuri ala gorri. Berdin denek leher egiten ahal dute enegatik.

OSTALERTSA: Hola ostatu aintzinean, behar dituzuia utzi ahuntz eta pittika horiek? Ez zirea jaun erretorak ikus beldur?

PAKO: Erretorak bere edan aldia egina du goizean, mezan... Orai, ene aldi.

MERA: Errazu, Pako.

PAKO: (Ikusten ditu) Ha, barkatu, Jaun Mera... Ez zintudan ikusten.

MONSIEUR PHILIPPE: Zu, Pako, gerlan ibilia zira, pixka zenbait bederen.

PAKO: Ba... Altxatu ninduten eta aintzin hartarat igorri... Bainan, ni harat heldu orduko, gerla bururatu zen.

OSTALERTSA: Holako soldadoa ikus-eta, etsaiak ikaratu bide ziren.

MONSIEUR PHILIPPE: Papera batzu badituzu hor meriarat jinak, eta, nik uste, bazinukela, zuk ere, gerlako pentxionetan dretxo zerbait.

PAKO: Ez da goizegi norbait nitaz okupa dadien.

MONSIEUR PHILIPPE: Botzak pasatu ordu, gure kargua beiratzen badugu segurik, hitzemaiten dautzut nihaur behar den tokirat joanen naizela, zure pentxionearen ardiesteko.

PAKO: Ontsa da... Zerbait bururatzen baduzu, oroituko naiz zutaz.

MERA: Nahi baduzu zerbait burura dezagun, oroit zaite gutaz, bozkatzerat joaitean.

DOLOREZ: (Leihotik samur) Gizon trixtea... jaun erretorak, hoinbertze erran dautzu, ez duela bere ahuntzarik ikusi nahi estekan ostatu aintzinean... Eta, oraino ere, hor zira?

PAKO: Zaude deskantsuan, ene erazte beti kexua, zu... Ez nau berdin jaun erretorak despeituko, bailuke lan ene ordainaren hatzemaiten, bere ahuntzen alatzeko.

DOLOREZ: Trixtea... Batere zure beharretan ez delarik, urrikariz lana emaiten dautzu... Eta horra zer axola duzun, zuretzat egiten duenaz.

PAKO: Erretorak jana, lanean truk emaiten daut... Eta hemen aldiz, edana urririk... Hari bezenbat zor diotet hemengoeri.

MONSIEUR PHILIPPE: Errazu Dolorez, oraintxet aipu nion zure senarrari, zuek ere laguntza beharretan zinetela, eta, gerlako pentxione bat ontsa jina laitekela zuen moltsarentzat.

DOLOREZ: Ez gira pentxione beharretan bizitzeko. Aski du lanean artzea eta gutixago edatea.

PAKO: (Oldartuz) Horra zer errespetu duen ene emazteak gerlari ohientzat... Eta, segur naiz, zuri zikin horieri emanen diotela bere botza.

DOLOREZ: Zuri edo gorri, denak berdinak zarete... Denak su bereko on liezken egurrak...

MONSIEUR PHILIPPE: Emeki, emeki, Dolorez.

DOLOREZ: Zalu edo emeki; hori hola dena da... Eta zuk, hobeki egin zinezake, gizon trixte hori, hor, arnoz enganatzeko orde, igortzen bazinu bere lanerat... (Urrunduz) Den bezelako herresta.

PAKO: Lana... Egiten dut hura ere, bere tenorez... Oraino iguzkiak badu zer argi... Zer duzu hola eni jazartzeko?

MONSIEUR PHILIPPE: Ez duzu gehiago hor... Debaldetan zira hari mintzo.

PAKO: Hobe du urrundu baita. (Urrunerat mintzo) Zuri banda zikina zu!... (Ahuntzak mee-ka lotzen zaizko) Ixilik zuek ere, pittika ergelak!... Presatuak zireztea?... Ni, batere... Sofriazue hor... Jes, ez daukute elgarrekin solastatzeko astirik ere utzi nahi.

XIXON: (Sartuz) Hela!...

PAKO: (Irri trufaz) To, Xixon... Aieiai!... Xixon... Ez ginian bertze beharragorik.

MERA: (Samur) Errazu, Pako, ene semeak badu gero bere izena.

PAKO: Bixtan da, Jaun Mera, ez dela izenik gabekoa, zure semea... Ez dut ez gaxtakeriaz deitu Xixon.

MERA: Bon... Hemendik aintzinarat deituko duzu Ttotte, eta ez bertzela... (Semeari) Zertarat jina haiz hunarat?

XIXON: (Dena grimas) Aita... Erbia, erbia, nik ikusi... Fite, fite... Tau, tau...

MERA: Erbia ikusi?... Ez duk oraino ihizia idekia... Hago oraino, zenbait egun; gero tiro bat emaiten ahalko diok.

PAKO: (Irri larri batekin) Anartean, emok buztan azpian gatza... Beharbada bilduko duk.

MERA: (Kexu) Pako, leuntxago ez zintazkea mintza haur huni?

PAKO: Haur horri, haur horri... Xixon, edo... hori ez da haurra... Ihiziko permisa hartzen duen gizona, haurra zautzuia? (Irriz) To, beharrik erbiek ez zakie nor duten ihiztari... Eta... errak, Xixon —ha, ez zezakeat ba Ttotte erran— errak, zoin begi hesten duk tiro tiratzeko?... Ezkerra edo eskuina?

XIXON: Hau naski. Edo ez, bertzea... (Begiak aldizka tapatuz, bera ezin karkulatuz ari da)

PAKO: Zozoa! Tapa-aitzik biak. Hola hobeki ikusiko duk. (Xixonek obeditzen du... Bera, irriz lehertua)

MERA: Ttotte, haugi enekin kanporat! Eta zuk, bertze aldi batez, ez baduzu errespetu gehiago ekartzen jende malurusari, enekin izanen duzu afera.

MONSIEUR PHILIPPE: (Lanoki) Gauden ixilik. Berex zaizte sumindu gabe... botzak ere hor ditugu, eta, zenbait ez liezke guti lorian, ikusiz nahasiak gabiltzala.

MERA: (Beti kexu) Berdin zauzkit bertzeen sentimenduak... Holakoek beharri ondoko batzu merezi dituzte.

XIXON: Aita, erbia... fite, fite.

MERA: Ba Ttotte, goazen hemendik. (Pakori) Xantza duzu giren tenorean baigira... Bertzenaz, zure buru aintzinegi horrek bero-aldi bat har bailezake. (Jalitzen dira)

PAKO: Ha, hola duzuia errespetatzen botz emailea. Ostalertsa, ekazu hunarat xuritik edaterat. Ez dut gorritik gehiago deus ere nahi.

MONSIEUR PHILIPPE: Ez ahal zira, ez deus batentzat, beren ideiez aldakor diren hetarik.

PAKO: Errazu nahi duzuna... Biba zuriak!... (Edaten du)

MONSIEUR PHILIPPE: Libro zira nahi duzunari botza emaitea, bainan zure onetan, oroit zaite ondoko egunez.

PAKO: Biba zuriak!

MONSIEUR PHILIPPE: (Idorki) Ontsa da... Zure gerlako pentxionearen biltzeko, hatzemanen ahal duzu nitaz bertze adixkiderik... Egin-zkitzu zure gogoetak. (Jalitzen da)

PAKO: (Bakarrik) Nola den haatik. Bertz'orduz, nehork ez dautet kasurik ere egiten. Pako mozkorra, Pako nahasia erran-eta, denak kito dira enekin... Bainan, heldu da bozkatzeko tenorea, ez da orduan erregerik ni baino ohoratuagorik... Aintzin egunetako zorria denak agurka dabilkate. Hortako balia gaiten egun hautaz. Ase gaiten bertzeen gostuz... Gure beharretan baitituk, beha diezotegun goratik. Izanik ere ni, munduko kreaturetan trixtena, edariaz daldaran daukaten eskuaz emaiten dudan botzak, bertze edozoin gizonena balio du... Gizonak berdin dituk sortzean, hiltzean eta botza emaitean. Ha zein goxo den hola jaun handi batzuen, zure eskale bilakatuak, ikustea!... Pena da ez baitira bozkatzeak maizago.

JUSTINA: (Kanpotik) So astoa, so!... (Sartuz) Hela, badea norbait?

PAKO: Te, Justina, zeinu sariketan, bere astoarekin... (Justinari) Agur Justina, ene sehi laguna.

JUSTINA: Zerendako niz zure sehi laguna?

PAKO: Ene sehi laguna zira, nik jaun erretoraren ahuntzak zaintzen ditudalakotz... Zuk aldiz, andere serora eliza garbitzen, aldarea apaintzen eta ezkila joiten... Beraz, nagusi beraren zerbitzari girelakotz. Haatik, goiz huntan, ez naiz zutaz kontent.

JUSTINA: Zerbeitetan, huts egin dautzuta?

PAKO: Ba. Zuk, Justina duzu izena, bainan ez duzu izen hori merezi, ez baituzu «justu» ezkila joiten. Goiz huntan, ahuntz alatzerat joaiteko ideia nuen zortzitan xuxen... Bainan, zuk berantegi zeinua jo duzulakotz, nuzu tenore huntan oraino hemen kausitien.

JUSTINA: Zeinua? Bortz minuta gora behera, beti tenorez xuxen joiten dut.

PAKO: Ba, eta minuta horiek aski ni denetan makurtzeko... Errazu, zuritik edo gorritik edaterat sartua zira?

JUSTINA: Ez naiz edaterat jina... Hori zuretzat uzten dut, ni zeinu saria biltzen nabila.

PAKO: Jaun erretorak, batere gizon balitz, behar laizuke bizitzekoa eman, hola eske ibil-arazi gabe.

JUSTINA: Ez dut jaun erretorarentzat ezkila joiten, bainan herriarentzat... Herritarreri da ni saristatzea.

PAKO: Hoinbertze diru biltzen baitu igandeko esketan, zer egiten ote du horietaz guzietaz?

JUSTINA: Hainitz emaiten dakozuia zure partetik?

PAKO: Zu bezalako bat pagatzeko, aski biltzen ahal du.

JUSTINA: Zu haztekorik ez balu aldaratu behar, hura gehiago luke segurik.

PAKO: Zuri guziak berdinak dira... Denak beretako nahi dituzte, eta bertzendako... ondarrak... Zu ere, heien alderdikoa zira. Hasteko, zure uda-partea zeinuarentzat biltzeko, astoa Gregoriok prestatzen dautzu.

OSTALERTSA: Ez zozula kasurik egin Justina... Ori zure saria!... Hau moltsako eta hau (botoila bat) kafe ondoko.

JUSTINA: Milesker hainitz... Segur izanen dute enplegu.

PAKO: Errazu, sehi lagun gisa, kafe ondoko horrentzat gomitatuko ahal nuzu?

JUSTINA: Ez, ez da hori zuretzat on... ur benedikatutik baita hor.

PAKO: Are eta hobeago... Beharbada konbertituko nauzu, hortarik edaterat emanez.

JUSTINA: (Jaliz) Huna jaun erretora nun heldu zautzun konbertitzerat. Mugitzen ahal zira.

PAKO: (Xutituz) Ha, debrua... Segur, ahuntza eta pittikak atean ikusi ditik.

ERRETORA: (Zukar botza kexu bat, urrundik) Errazu, Justina, Pako ostatuan dea?

JUSTINA: Uste dut hala ditaken.

ERRETORA: Errozu otoi, ez dudala manatu ahuntzak ostaturat joan ditzan, bainan larrekirat.

PAKO: (Ahapetik) Baietz, baietz, eremanen ditudala larrekirat, eta, ez bada kontent, zakurraren ipurdirat. (Jalitzen da)

ERRETORA: (Botza hurbilago) Gizon trixtea zu... Arnoak zitu galtzen. Urratsik ez baitakizu egiten ostatu zikin horietan sartu gabe... (Ahuntzak mee-ka)

OSTALERTSA: (Bakarrik) Ostatu zikinak... Ostaturik ez balitz, ttipi laitekea mozkorren nonbrea?... Ni ez segur... Guk edatekoa eskaintzen dugu eta ez mozkortzekoa... Hunarat sartzen direnek har bezate izaria... Te, kasu... Horra zuriak heldu: Arotza eta Gregorio eiherazaina. Bat mera eta bertzea axuant gaia. Oixtian gorritik eta orai zerbitza dezagun zuritik.

AROTZA ETA GREGORIO: (Sartuz) Agur Kattalin!

OSTALERTSA: Agur jaunak... Heldu zireztea, besteak bezela zuen planen tiratzerat?

AROTZA: Ba... Eta, pentsatzen dugu, zu ere gure adixkidetan kondatzen ahalko zitugula...

OSTALERTSA: Nik ez dut, zuen artean, adixkidez bertzerik.

GREGORIO: (Jartzen direla) Ene konduak eginak ditut. Aurten, gorrien arbolak erroz gora joan beharko baitu.

AROTZA: Joan den aldian, ustel horiek nausitu badituk, gure falta ere baduk... ez diagu aski ontsa botzetako untzia zaindu... Bazkari denboran, berak bakarrik zirelarik egin die jukutria... Untzia ideki... Barnetik, hamar bat botza guretarik kendu, eta berenetaz ordaindu.

GREGORIO: Aurten ez daukutela holakorik eginen, segur izaiten ahal zira... Nihaur egonen bainaiz egun guzia, erne ernea, untziaren aldean. Eta, hanbat gaxto berak aldaratzen badire untziaren ondotik... Hamar bat paper, prest presta, sakelan beiratuko baititut, azken aldiko botzetan ebatsien ordaintzeko.

AROTZA: Gure beharrez, batzuk urrundu behar badugu ere untzitik, bertzeak han dagotzila...

GREGORIO: Zaude deskantsuan... Han izanen naiz kasu egile.

AROTZA: Eta?... Mintzatu dituka kanpañarrak, eiherako itzulia eginez?

GREGORIO: Ba... Bakarrak erran diozkatet botigesaren kontra... Heien diruz dela aberasten... Ez duela hetaz axolarik eta ez ere, heien aferetan, deus konprenitzen.

AROTZA: Botiges zikina... Ez ziroiat irets iturri hori zertako kendu daitaten ene etxe aintzinetik. Ezarriko diat ba nik iturri hori bere lehengo lekuan.

GREGORIO: Errekatxarrekoeri zubi berri bat hitzemana diotet pasatzen bagira eta Gaztain-aldekoeri bidea harriztatzea...

AROTZA: Ontsa duk... Errak, eta,... entzun duka jaun erretorari, elizako teilatua erreparatzea hitzeman diotela?

GREGORIO: Mesfidatzen hasia naiz ez ote dugun bederen jaun erretora horien alde.

AROTZA: Jaun erretora gorriekin?... Baduka burutik?

GREGORIO: Berdin... Horiek zerbait agintzen badiote, eta guk deus er'ez.

AROTZA: Bon... Guk ere elizako teilatua erreparatuko diagu ba... Eta, gainerat, zer pretenitzen dik?

GREGORIO: Aisienik, nik uste, gure alde bil ginezake, gauazko balak herrian debekatuko ditugula hitzemanez.

AROTZA: Bon... Aski diok hori erraitea ahapetik... Jendek haatik holakorik ez dezatela jakin, bertzenaz baiginizkek, hortan ere, kontra liezkenak.

GREGORIO: Justinari hitzeman diot herriak pagatuko duela, pasatzen bagira, eta Pakori ere, herriko langiletzat hartuko dugula.

AROTZA: Hainitz hitzemaiten diagu... Hitzaren atxikitzea izanen diagu lan.

GREGORIO: Behingoan botzetan pasatzea behar dugu xerkatu... Ondoko egunetan, zerbait estakuru beti hatzeman ditake hitzaren ez beiratzeko. Bertzek ere hala egin izan dute.

AROTZA: Ontsa duk... Bertzalde, ihiziko batasunaren menbro haizenaz geroz, ez dituka, zerbait gisaz, ihiztariak hire ingururat biltzen ahal egun hautan?... Horietarik ere baginizkek botza zenbait.

GREGORIO: Zaude deskantsuan! Ez ditut ahantzi. Ihiziaren idekitzeko pesta handi baten muntatzen ari naiz... Eta, badakizuia nor dudan sustengatzailerik errabiatuena?

AROTZA: Nor?

GREGORIO: Xixon ardita hori.

AROTZA: To... Gaizo abila... Bon, bon... Irri egiteko lagunak ere on dituk... Eta, badakika noren ondotik, bihotza pilpil, abiatua den tetele hori?

GREGORIO: Noren ondotik?

AROTZA: Gure Bertaren ondotik.

GREGORIO: (Irriz) Zure alabak Xixonen gutizia ahal du...

AROTZA: Badakik nolakoa den Berta... Maltzurkerian laket baitzaio, nahi duen guzia egiten dik Xixonekin.

GREGORIO: Gaizo Xixon! Urrikari dut zuen Bertaren aztaparretan.

AROTZA: Ba, ba... Gure neskato deubrusa hori, harekin jostatzen duk, gatua saguarekin bezala.

BERTA: (Leihotik) Aita.

GREGORIO: (Irriz) Te, huna Berta... Nor baita aipatzen eta hura agertzen.

BERTA: Gero erranen duzue emaztekiak direla bakarrik bertzen jorran hartzen.

AROTZA: Ez gintunan nehoren jorran ari... Sar hadi hunadino.

BERTA: Ez, aita... Petraeneko idiak ferratzeko hor direla, erraiterat jina nintzen.

AROTZA: Bon... Badine astia ixtant bat... Sar hadi. (Sartzen da) Erran... Xixonez ari gintunan... Hik, nahi dunana egiten baitun horrekin, guri botza emaiterat behar huke bildu.

BERTA: (Irriz) Gaizo Xixon! Ez nintake etxetik ere jali... Beti tete bezala, gibeletik dut... Orai ere; ikusi bainu hemen sartzen, nahi duzuia laster hemen dela?... Bai, hori bederen lagun fidela dudala... Ez du ene amodioa, bainan ene eritasuna.

GREGORIO: Ez duzu on guti, plazer hartzen.

BERTA: Batzuetan jostagarri da, bainan bertzetan akigarri.

GREGORIO: Jaun Meraren semea da gero... Seme bakarra... Ontasunak iguzkitan dituena... Ez zintezke batere gaizki horrekin.

BERTA: Ez nuke beti bertzetarat ala dadien beldurrik.

GREGORIO: Behin beti, har zazu diruarengatik... Gero, salda beltzatik zerbitzatzen badiozu ere.

BERTA: Salda beltzatik?... Zer da hura?...

GREGORIO: Salda azkar bat duzu hura... Hura edan-eta ez omen da gehiago iratzartzen.

BERTA: Gizagaizoa!... Aise emaiten duzu zuk jendeeri despeirako tratamendua.

GREGORIO: Ori... Huna nun bera heldu zautzun.

BERTA: Ba, ez zen dudarik, laster agertuko zela nunbaitik. Kea suari bezen jarraikia baitzaut. (Xixon sartzen da, deus ere erran gahe, eta Bertari loriatua plantatzen)

GREGORIO: To, hor hiza, Xixon. Errak, fama gaitza entzuna diat hiretzat... Egia dea hi eta Berta laster ezkont zireztela?

BERTA: (Irriz) Ba, hilabete hunen seigarren igandean. (Xixon, Berta, begiz jan nahi duela, ondorat hurbiltzen zaio)

GREGORIO: Errak to, serioski goberna hadi. Aita beharra hemen duk gero... To, edazak, guk bezala, zorta bat zuritik.

XIXON: Ez... Aitak ez nahi...

GREGORIO: Zer nahi dik ba, aitak, gorritik edatea?

XIXON: Ez bat'ere.

GREGORIO: To... Hiri kalte egiteaz beldur duk, dudarik gabe... Ez dik haatik beldurrik bere buruarentzat... Nahi-uka, to, hoinbertze ez hurbildu neskato horri?... (Xixon Bertari beha dago adorazionean bezala) Pollita duk hori ba?... (Bertak eskua mahainean baitu, Xixonek nahi lioke hartu... Bainan, Bertak kentzen dio) Jes, utzak hori bere gisa, mutikoa. Edo hasian hasi, emok potta... Bainan, haatik, xuka-aitzik lehenik ezpain horiek. (Xixon ezpaineri torraka)

BERTA: (Eztiki) Ez orai, Ttotte... Sarri ba... Ez zozula kasurik egin gizon horri... Gure jelos da... Guk biek arras ontsa elgar konprenitzen baitugu... Ez dea hola?...

XIXON: (Irri zozo batekin) Ba, ba, ba.

BERTA: (Xutituz) Bon, ni banoa... Errazu, aita, ez ahantz idiak hor dituzula ferratzeko. (Xixonek segitu nahi du) Ez, zu zaude hemen Ttotte... Berritz jinen nuzu... (Xixonek obeditzen du, kara trixtatua)

GREGORIO: Errak, Xixon!... (Hunek ez du entzuten ere; botza azkartuz) Errak Xixon! (Xixonek jauzi) Kasu emango duka?... Errak, laster baitugu ihiziaren idekitzea, pentsatzen diat gurekin jinen haizela... Oihanean omen duk zer-nahi erbi eta basa-ahuntz.

XIXON: (Loriatua) Pan, pan, pan... Ba, ba...

GREGORIO: Pan, pan, ba... Nihaurek postatuko haut... Eta, emanen daiat posta bat hautua.

XIXON: Ba, ba, pan, pan...

AROTZA: Ba, pan, pan, bainan gero guretzat botza emaitekotan haatik...

XIXON: (Loriatua) Ba, ba, ba... Pan, pan.

AROTZA: (Xutituz) Bon, hi, erranak erran... Banioak afitxa eta paperez arta hartzerat.

GREGORIO: Ba, eta maiz-maiza askiko dugu elgar ikusita... Badakizu, botzetan Jainkorik gehiago ez dela, eta edozoinen ahotan gezurra eta urdekeria kurri direla.

AROTZA: Zer erran gogo duk?

GREGORIO: Ez zirea oroit, azken botzetan, nola zikindu zintuzten?

AROTZA: Hala duk hori ere... Azken mementoan ez zakiat nungo ustelak jali zian fama, gauaz, ohez tronpatzeko usaia nuela...

GREGORIO: Ba... Eta, oraikoan, fama berdintsu bat entzuten baduzu, ustelen gain jakinen duzu Gregorio eiherazainak badakiela irinaz bertzerik nahasten (Irriz).

AROTZA: Hihaurek ikusak... Haatik, zuhurki joka gaiten.

GREGORIO: Bego hori ene gain.

AROTZA: Bon, heldu hiza, edo hemen gelditzen hiza?

GREGORIO: Ez... Heldu naiz, ni ere... Agur Kattalin!

OSTALERTSA: Ba, agur jaunak! (Xixoni) Zu, hemen egoiten zirea?

XIXON: Ba, Bertak errana...

OSTALERTSA: Segura da, hori, Berta oroituko dela zuri erranaz... Bon, bon... Zaude nahi baduzu... Jainkorik ez dela botzetan... Zer gezur behar ote dute jali orai, berritz ere? Ha, zer nahaskerien segida.

PAKO: (Sartuz) Heup, Kattalin! (Mozkor botza abiatua du)

OSTALERTSA: Heldu zirea, zu, berritz ere hunat? Nun duzu artaldea?

PAKO: Ahuntzak ezarri ditut pazkan... Xuxen ahal da heien zaintzaleak bertze hainbertze egin dezan? (Xixoneri) To, hor hiza hi ere. Zer hago?... So nork ontsa finituko ote hien? Ez dik balio, ez... Engoitik, hire eskasarekin beharko duk ibili... Haugi hunat, zozoa, jar hadi hor.

XIXON: Ni, ez zozoa.

PAKO: Ez, ez... Ez haiz arras hala... Hamalaua duk bakarrik eskas, teilaturaino finitua izaiteko... Errazu, Kattalin... Ekazu hunarat edaterat. Urririk dugunaz geroz hotela, botzeri esker, hotelean egongo naiz, jali gabe, botzak bururatu artio... Eta, ez ditut bi hiru mozkortze egingo egun hautan, bainan bat bakarra, buruen buru. Atertu gabe, saka-ahala-saka, tripa zolari euria igorriko diot... Ekazu hunarat edaterat!

OSTALERTSA: Gorritik edo xuritik?

PAKO: Ekaitzu pinta bat bederatik. Hola eginen dut bi eskualdeen konplimendua.

OSTALERTSA: (Zerbitzatuz) Nago, zuria eta gorria, zuk nola akomodatzen dituzun tripa hortan.

PAKO: Akomodatzen ditut ahal bezala, eta, ez badute akomodatu nahi, biak kanporat igortzen. (Xixoneri) To, har-zak, hik ere, baso bat, eta haugi edaterat. Berdin, hire etxeko moltsatik pagatua duk edari hunen erdia.

OSTALERTSA: Ba, eta bertze erdia, horren etxe beharreko moltsatik.

PAKO: Nolaz hori?... Gorria da hunena. Zuriekin ez du deus ikustekorik.

OSTALERTSA: Ha, ez dakizuia berria?

PAKO: Zer berri?

OSTALERTSA: Arotzaren alabarekin abiatua dugu, eta, ustez, aferak frango aintzinatuak ere dituzte. (Xixon loriatua, baietz dio grimaska)

PAKO: Zer? Hori ere baduguia? Errak, ez hiza beldur neska itsusi horren emaztetzat hartzeko? Neska hori, mutikoa, bekatu mortala bezen itsusia duk.

XIXON: (Satnur... Botoilaz jo nahi du Pako) Ez... pollita, pollita, Berta.

PAKO: Ez nezakela jo, mutikoa!... Botoila hori pausazak... Bon, bon pollita duk beraz... Bertze aldi batez hobeki behatuko zioiat... Deubrua! Aski duk guti, hik ere, botoilaz burutik behera emaiteko... Ha, beraz, Bertarekin duk hire hastapena... Ba, funtsean, hire eskasa haren soberakinak tapatuko dik... Edo, beharbada, dukan on poxi hura galaraziko dauk. Deubrusa baituk neska hori, deubrusa.

XIXON: (Botoila eskainiz) Ez, ez da deubrusa.

PAKO: Mutikoa, botoila hori utzak bere gisa... Ez dik balio samurtzea horrengatik. To, ikusten duk baso hau. Hunarat ixurtzen ditiat zuri zorta on bat eta gorri ttintta bat bakarrik. Baso huntako edariak zuen ezkontza iduri dik... Zuria bat eta gorria bat'erez baitituk baso huntan, halatsu izanen zirezte zuek biak... (Irriz) Berta, ba, biligarro pollita... Eta hi zozoa... Ha, zer ohantze baliosaren bezpera duzuen.

XIXON: (Berritz ere jazarriz) Ni, ez naiz zozoa.

PAKO: Mutikoa ezti hadi... Ez duk arrazoinik eni jazartzeko. Hi argitzen ari nuk... Aparantziak emaiten ditiat bakarrik hire ezkontzari. Zozoa hizala erran diat... Ez daiat erran pika buztana hizala... Baduk hi baino beheragorik.

OSTALERTSA: (Xixoneri) Errazu, Ttotte, Berta hor ikusten dut pasatzen... Segidan jaliz aurkituko duzu, hura nahi duzunaz geroz ikusi. (Xixon jalitzen da, ukailua erakutsiz Pakori)

PAKO: Ha... Ez dela errex egiaren buruetan sar araztea lur huntan... Bizkitartean, egiak erran daizkot.

OSTALERTSA: Egitik bizi gogo balin baduzu, hobeko duzu zure aintzineko botoilekin mintzatzea, ezenetz-eta gizonekin. Hobekiago jaliko zira.

PAKO: Ene aintzineko botoilekin mintza?... Zer diotet erranen?... Bat, xuritik da, bertzea gorritik.

        Xuria, apez arnoa... Horrek badik begitako grazia bat, gorriak ez duena... Bixkotxekilako arnoa. Horrek badik ere bere esker, bere garbi, bere handikari berezia. Jateko leunekin zerbitzatzen dena, norbait direneri noiz-nahi eskain ditakena, ohorezko arnoa, andere gazte kriketa, arno xuria.

        Hi berritz, gorria... Iluna hizalakotz, irri gutiago duk hire begitartean... Erakina izan hizalakotz, motelago eta hilago hiz. Eskas duk biziaren ñirñira, zalapartaren kirkira... Gaizo arno gorria. Edozoinen arnoa... Jateko larriekin hi hute usatzen... Egun guzitakoa, mutur zuri eta esku finek guti hute perekatzen. Ez izanik ere igandetakoa, halere ederra hiz, sanoa, sustengorra, zerbitzari leial zaharra, arno gorria! Orai, Kattalin zoin iduritzen zautzu dela gomeni enetzat: zuria edo gorria?

OSTALERTSA: Holakoaren jakin nahian bazira, galdeozu xehetasun Koseri. Horra nun duzun heldu.

KOSE: (Kexu) Agur... Asto madarikatu ustela. Egiazki bere nausiaren astoa duk ba hori ere?

PAKO: Zer duk, mutikoa, zer duk hoin kexu?

KOSE: Ez ziroiat gehiago kridarik egin, Gregorioren asto zikin horren errefera ukan gabe...

PAKO: Hori bertzerik ez baduk, arras aise xuxen ditaken makur bat duk hori.

KOSE: Nahiko nikek jakin nola...

PAKO: Arras errexki... Astoek beren orroa bota aintzin, altxatzen die buztana... Esteka-zok astoaren buztanari karga bat... Hola ez dik buztana altxatzen ahalko, eta, beraz, bakea emanen dauk bere orroekin.

KOSE: Nahi nikek bakea eman baheza hire zozokeriekin, ez bainuk batere jostakor... Errazu, Kattalin, arno xorta bat otoi.

PAKO: Errak, hi, lausoa, hire lau begiez, guk biez baino hobeki ikusten omen baituk, noren alde hiz: zurien edo gorrien?

KOSE: Kattalin, ekazu hunarat ene arnotik... Eta hik, Galiziano umea hi, hire mota hango jende tzarretik baituk, nahi baduk pixka bat argitu, habil oraintxet pausatu ditiaten murru paperen irakurtzerat.

PAKO: Zer gezur jalitzen diozkatek botz emaileri hire murru paperetan?

KOSE: Gu, bakea, ogia eta libertatearen alde gituk, eta jende xehearen alde. Hi, ez zakiat batere ez hizen gu saltzen ari... Mesfidatzen nuk hitaz, hor apez zerbitzari sartua hizanaz geroz.

PAKO: Hiri ere, herriko mutil sartuz geroz, galon txar bat bildu dukala eta, ezin ixilduzko kalaxka bat jali zauk apezen kontra... Aski heien gibel milikari hintzen bizkitartean denboraz, herrian xantrekoa egiten huelarik... Jaun erretorak, elizako arnotik edaten hatzeman-eta, kanpo emanez geroztik, iduri duk iragan denboraren aipatzeak berak min egiten daukala.

KOSE: Ez nuk ni behin ere apezen bandakoa izan... Heiekin nindukelarik ere, botza gorrieri emaiten nian... Jende xehearen alde nuk ni eta segitzen ditiat kazetak.

PAKO: Zer segitzen duk kazetetan?

KOSE: Irakur-aitzik nik bezala eta ikusiko duk jende xehea zer lanjera izigarrian den... Ez badiagu kasu emaiten, gu bezalakoa ez duk bere soineko atorraren jabe ere egonen, ez eta bere emaztearen jabe ere.

PAKO: To, hi ez haiz segurik hala... Ontsa eginen huke hire begi lauso horiek emazteari hobeki largatzen bahizkio.

KOSE: (Izigarri kexu) Hik zer duk erraiteko ene emaztearentzat?

PAKO: Jendek ziotekena deat nik bakarrik aipatzen. Hire emazteak frango maiz bere eriko eraztuna ahanzten duela.

KOSE: Gezurra duk hori... Gezur zikin bat... Saltsa nahasle ustela hi. Hi bezalakoeri, nik, muturra berotzen zioteiat.

PAKO: Zer dauk?... Egiak min egiten?... Ez nuk ni penaren egile, bainan erraile bakarrik... Hire makurra nahi baduk xuxendu, jazar hadi grefierari eta ez eni.

KOSE: Zer erran nahi duk... Mr. Philippe eta ene emaztea?...

PAKO: Dudatzen ahal haiz zerbaitetaz?... Hemen bakarra hinteke ez lakikenik... Zertako uste duk grefierak lauzkatu hauela, herriko mutil sartzen?... Hire bertute zorrotzentzat ote?... Edo, hiri herria zaintaraziz, harek hi hobeki zaintzeko?

KOSE: (Papotik lotuz) Gezurra duk hori... Zuri banda zikinak jalikako gezurra...

PAKO: (Borrokatuz) Ez duk ene falta partzuerkoan ari bazirezte lanean, herriko mutila eta grefiera.

OSTALERTSA: Ale... Bakea biek!... Eta zoazte kanporat... Kanpoan xuri-azue zuen boketa... Ostatua errespeta-azue... kanporat!

KOSE: (Borroka jaliz) Ustel buhamia... Galizianoa... Hi bezelakoak ito, zintzurretik ito behar likeie.

PAKO: Utz nezak nere gisa... Ez nuk gero batere hire beldur.

OSTALERTSA: (Atea hetsi-eta) Hau jende errabiatsuak... Saltsero tzarrak... Barne huntako kalapita guziak heldu dira edo arnotik edo emazteen gainetik edo politikatik. Botzak ba... Bon, behar direla nahi dut... Bainan zonbat buru galtze, horiengatik!

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa