www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Berterretx
Piarres Larzabal
c. 1955

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (II), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

aurrekoa  

HIRUGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Ezpeldoi etxe-aintzina. Bizpahiru eskalera maila baditu Ezpeldoiko ateak. Arbola batzu badira etxe aintzinean... Arbola bati estekatua da Berterretx. Bere ondoan ditu: Kondea, Otxoa eta Turko. Oihala idekitzean, oro ilun agertzen dira, gau arrabots zonbaitekin... Emeki, argi batek erakusten ditu gizonak... Gertaldi huntan, argi ibiltzeak artoski eginak izan ditela.

 

 

KONDEA: (Errabian Berterretxi) Aitor-zak!... Hi etorri haiz Margaritaren ebasterat... Nun gorde duk?

BERTERRETX: Berritz ere dautzut nik ez dakidala fitsik.

KONDEA: Ez zakala uka... Azpiz elgar adituak zineten... Gauerditan hi hintzen, etxeko bi zaldiekin, jauregiaren murru-pean.

BERTERRETX: Nik ez dakit fitsik.

KONDEA: Zer nahi huen?... Nitaz irriz ase?... Jauregiko festaren erditik, erregina joan dukala espantuka ariz?... Uste huena, festarengatik ez dakigula erne egoiten?... Aitor-zak nun gordea dukan Margarita

BERTERRETX: Margaritaren etxea, Ezpeldoia, huna nun duzun... Galda-ozute Ezpeldoikoeri nun ditaken... Berterretxea aski miatu ahal duzu, ohartzeko han ez zela Margaritarik...

KONDEA: Ba, hire etxean ez diagu kausitu Margarita... Eta, orai, ez badiagu hemen kausitzen, hanbat gaxto hiretzat... Hire azken gogoetak egiten ahal dituk!

BERTERRETX: Ez duzu ni hiltzeko lanik izanen... Hiltzen ari bainaiz jada... Senditzen dut, oixtian ukan ukaldietarik, barnez odol husten ari naizela...

KONDEA: Jakin-zak oixtiko zafraldiak fitsik ez direla, oraino ukanen ditukanen aldean, sekulan Margarita ez badugu harrapatzen. Azken, bainan arras azken aldikotz galdatzen daiat nun gorde dukan Margarita.

BERTERRETX: (Apur bat ixilik egon ondoan) Odol husten ari naiz... Apeza galdatzen dut...

KONDEA: Benedizione beharretan bahaiz, ukanen dituk benedizioneak... Ausarki eta merke oraino, Turkok emanik. (Ezpeldoiko atea joz) Ezpeldoi, jeikia zirea?

EZPELDOI: (Leihotik) Zer da? Nor zarete hor, holako arrabotsetan, gau betean?

KONDEA: Ni naiz hemen, Bortueder kondea, ene gizonekin.

EZPELDOI: Ha, barkatu jauna!... Heldu naiz idekitzerat.

KONDEA: Errazu, Ezpeldoi, zonbat orenak dira?

EZPELDOI: Orai, goiz argiari buruz ari!

KONDEA: Margarita, gau huntan, hemen agertu dea?

EZPELDOI: Margarita?... Ez, ez da hunarat nehor etorri.

KONDEA: Ba, Berterretx koxkor horrek, bere ustez, gaitzeko lan espantagarria egin du, gauerdi inguruan, oro festan ginelarik, Margaritaren ebasterat zaldiekin jin baita. Berterretxea dena arroatu dugu... Ez da han Margaritarik... Hemen ote zenetz ikusterat jinak gira...

EZPELDOI: Etxe guzia miatzen ahal duzu hemen ere... Ez dugu guk Margaritarik gorde.

KONDEA: Badut zu baitan konfientzia... Badakit ez zarela ni enganatzen ariko... Halere, ixilik selauruan edo hor nunbait gauaz sartua izan baititake, nahi duzuia gibel horietan, beha kolpe bat eman, bi gizon hauen laguntzarekin?...

EZPELDOI: Zure zerbitzuko, jauna, gogotik! (Ezpeldoi, Turko, Otxoa, jalitzen dira)

KONDEA: (Harat eta hunarat dabila) Pazko goizeko argiak dixtiratuko duen baino lehen, erregina nahi diat jauregirat itzulia... Argia urratzean Margarita ez baduk ene jauregian, hireak egin dik...

BERTERRETX: Jauna, barnetik odolez husten ari naiz... Hiltzerat doan bati, apeza ez ahal duzu errefusatuko!...

KONDEA: Ha! Ez duk kontzientzia bakean...! Margarita nun den errak, eta bakea izanen duk hire baitan, apezarik gabe...

BERTERRETX: (Apur baten buruan) Jauna, menbro burutarik hotza senditzen dut, gorputzeratzen ari zautala... Ez dautzut ene izenean zerbitzu hori galdatzen, bainan Jainkoaren izenean...

KONDEA: Ha, ha! Ifernuaz beldur haiz?... Hanbat gaxto harat joaiten bahaiz... Hi bezalakoak ez dik bertzerik merexi...

BERTERRETX: Banukelarik zertaz izan minbera zure kontra, ez dautzut ele gaxtorik erranen... Jainkoak barkaturen ahal dautzu... Nik barkatzen dautzut...

KONDEA: Zer duk orai hire burua apeztzat hartzen, hola eni atsoluzionea emaiteko?

BERTERRETX: Jesus Jauna, zu bezala nago, egur bati estekaturik!... Zure heriotzeak munduko gizon guzieri bezala, eneak inguru huntako gizoneri librantza ekar dezotela... Urrikal zaite nitaz... Nik orori barkatzen diotet (burua apaltzen du... ezagun du beheiti ari dela).

OTXOA: (Agertuz bere lagunekin) Jauna, etxe guzia kurritu dugu... Ez da hemen Margaritarik...

KONDEA: Ontsa duk... Zuek, Otxoa eta Turko, aski duzue enekin jitea... Behar diagu Berterretxeko borda miatu... Hango belarrean, ez ote den nehor... Zuri, Ezpeldoi, emaiten ahal dautzuta kargu bat?...

EZPELDOI: Ene heinekoa balin bada, gogotik onartuko dut...

KONDEA: Nahi nuke, gu itzuli artio, presuner hau zain dezazun... Eta zain dezazun zintzoki... Badakizu jauregian soldado zinelarik guardia nola egiten zinuen, hal'hala egin-azu hunentzat ere... Nehor ere ez dadiela hunenganat hurbil... Eta mesfida zaite hunen jukutriez. Hasten bazautzu, hiltzerat doala erranka, edo apeza behar duela, ez zazula den gutienik sinets... Badu hol'hola aski enganaturik! Agian ez zaitu zu ere zakuan sartuko...

EZPELDOI: Jauna, egin ahalak eginen ditut zure manuaren ontsa betetzeko.

KONDEA: Konfientzia badut zu baitan... Uzten zaitugu beraz. Zuek biak, jin zaitezte enekin zalditarat! (Urruntzen dira, aditzen dira zaldi kalupak eta gau azantz zenbait)

EZPELDOI: (Harat eta hunat dabila apur bat... Zaldiak senditzen dira urruntzen... Gau arrabots batzu... Bere emazteari oihuz) Dominika... Ho! Dominika!

DOMINIKA: (Agertuz atetik) Zer nahi duzu?

EZPELDOI: Ekazu hunarat ene soldado lantza...

BERTERRETX: Ez duzu lantzaren beharrik ni zaintzeko, ez naiz eskapatuko... Herioak berak ixtantekotz zainduko bainau.

DOMINIKA: Ori zure lantza... Ho, hauxe da kargua hartu duzuna! (Apur bat ixilik)

BERTERRETX: Menbroak hormatuak ditut... Hozten ari naiz... Eneak egin du...

DOMINIKA: Korda hori tinkiegi du... Largatzen bazinio pixka bat!

EZPELDOI: Emaztea, otoi, ez zaitela huntaz okupa... Hunen soldado naiz, eta ez hunen sendari.

BERTERRETX: Ekazue otoi edaterat!

DOMINIKA: Ekartzen segidan...

EZPELDOI: Ez holakorik, Dominika... Utz-azu hunen arta ene gain. (Apur bat ixilik)

BERTERRETX: Apez bat nahi nuke.

DOMINIKA: Ho, bainan gizon hau hiltzen ari da!... Banoa apezketarat.

EZPELDOI: (Fermuki) Dominika, zoazi barnerat... Eta, ez zaitela handik mugi...

DOMINIKA: (Erdi obedituz) Oas, ez dakit ba nik!... Sekulan egia badio, horren heriotza kontzientzian izanen dugu...

BERTERRETX: Milesker halere zure borondate onarentzat.

EZPELDOI: Hunen kargua kontzientzian?... Bere faltak ditu oro... Nun duk Margarita?

DOMINIKA: Ho ba, nun da gure Margarita?... Zertako ez erran nun duzun?... Berdin orok badakite zuk duzula ihes arazi jauregitik!

BERTERRETX: Ez dut nik Margarita jauregitik jali, eta nun ditaken, ez dakit!

EZPELDOI: Nori sinets-araziko duk holakorik?... Berdin galdua izanki eta xoroa behar dik hola gogor egiteko.

BERTERRETX: Baitezpada gezurra erran behar banu ere salbatzeko, ez nakike zer gezur munta...

EZPELDOI: Gertatzen direnak hire faltaz dituk... Hoinbertze aldiz guhaurek abisatu haugu!... Zertako hola tematu haiz Margarita beharrez?

BERTERRETX: Alderdi zuzena dut sustengatu...

EZPELDOI: Zer uste huen? Kondea bentzutuko huela!... Indarrari umildu behar zaiok eta ez oldartu.

BERTERRETX: Ba, indarrari umildu nitzaio... Bainan zuk eta nik, ez dugu indar bera zerbitzatzen... Zu armen, eta ni, arimen zerbitzari.

EZPELDOI: Horra hire ele eder guziek zertaratu hauten!

BERTERRETX: Ez... Ixurtzen ari naizen odola, ez da debaldetan ixuria izanen... Odol horrek, hainitz jendeen arimetan sentimenduak arrosatuko eta sustatuko ditu. Horrek busti erroetarik denboraz oraino, arbola goraiak jaliko baitira. (Dominika etxerat sartzen da... Ezpeldoi harat eta hunarat dabila... Gau arrabots batzu entzuten dira... Berterretx batzutan mintzo da, arteka ixilik dago edo intzirika) Ha, hozten ari naiz!... Edaterat, otoi edaterat!... Gurutze gaineko jauna, urrikal nakizu... Zu bezala orotaz abandonatua... Hau ilunbea!... Hoin gazterik joan behar!... Ene ama lurrekoa, ene aita zena, zuen semeak leial egon nahi izan du zuek hari erakatsiari... leial bururaino... Zeruko ama, zure semeaz orroituz, nitaz ere arta har-azu... Margarita, ene lagun beharra, zuri hitzemanaren ohoratzeko, naiz hiltzen... Ni orai libro naiz... Ene arimaz ez dira sekulan jabetu... Gorputzaz ba, bainan hura ere orai kentzen diotet... Margarita, zaude zu ere beti libro... (Ahapetik) Jesus... Jesus... (Hiltzen da. Oraino apur bat hol'hola, denak ixilik dagotzi... Entzuten dira zaldi arrabotsak... Zalditarik jautsirik agertzen dira hiru urrundu gizonak)

KONDEA: Hor zirea, Ezpeldoi?... Ez dugu Margaritarik harrapatu Berterretxeko bordan!... Nago ez ote den zuen bordan. Harat ere itzuli bat eginen dugu... Kaskoan hartua dut erregina behar dutala ene festalieren erdirat agertarazi argia baino lehen. Arras gutitan uzten dut nik, bururatu gabe, kaskoan dudana... Ez dute Berterretx eta horren adixkidek nitaz irri eginen... Erakutsiko diotet arras oren guti aski ditudala horien ukaldieri ihardokitzeko. (Berterretxi buruz) Eta?... Zertan da zirtzil hau? Ari izan dea, hortik jalitzeko jukutria muntatzen?

EZPELDOI: Apur bat huntan ez da mugitzen.

KONDEA: Errak to!... (Hurbiltzen zaio... burua inarrosten dio) Bainan zer da?... Hila, zirtzil hau?... Jes!... Ba alaina ba!... Hila dugu!... Jes!... Zer diozu, Ezpeldoi, zerbeit kolpe tzar eman?

EZPELDOI: Ez jauna, nik ez dut hunki ere!

KONDEA: Bainan, ezin koprenitua da... Hunek ez zuen hiltzeko arrazoinik... Ez diozuia, zuk, egiazki, deus ukaldirik eman?

EZPELDOI: (Samur) Ez jauna... Ez nezazula ni akusa... Nik, heriotze huntan, ez dut deus ikustekorik!

KONDEA: Ez dakit ba... Zu zinen hunen zain... Zure gain zen hunen harat-hunata...

EZPELDOI: Dudarik gabe, aski haundiak hartuak zituelakotz, hunarat aintzin...

KONDEA: Otxoa eta Turko, gorputza libra-azue bere esteketarik... Laster, elizarako jendeak izanen dira hemendik. Holakorik ez dezatela ikus.

OTXOA: Nun behar dugu ezarri gorputza?

KONDEA: Zuk, Ezpeldoi, prestatuko daukuzuia ezkaratza mutur bat, gorputz horren pausatzeko?... Jinen gira lehen-bai-lehen horren bilarat.

EZPELDOI: Ba, gure ezkaratza hor da, zuen gomendio...

KONDEA: Ezar-azue ezkaratzean! (Obeditzen dute eta ate barneko alderat gorputza sartzen)

DOMINIKA: (Agertuz) Hoo, zer da?... Hila?...

OTXOA: Ba, hala da... Zuen ezkaratzean pausatzen dugu...

DOMINIKA: (Erdi nigarrez) Gaizoa!... Beraz, egiaz ari zen!... Hau zer izigarrikeria!

OTXOA: Aski diozu estalgi bat gainetik emaitea, gu berritz jin artio, horren ikusteak ez zitzan asalda.

KONDEA: Dominika, eta zuek denak, zatozte ene ingururat. Badautzuet zerbait erraiteko. (Hurbiltzen dira) Heriotze hunen berria laster hedatuko baita, holakotan gertatzen den bezala, hainitz ele mota ibiliko dira hortaz... Ez gaiten zikinduak izan, lekukoek bat egin dezagun eta xehetasun berak eman ditzagun, galdatzen dautzuet... Aski dugu erraitea zaldi ostiko batez hil izan dela... Bazaretea?

DENEK: Ba, ba, ontsa da...

KONDEA: Eta, berriari abiadura ona emaiteko, hi, Otxoa, habil segidan zeinu jotzalearen aurkitzerat, eta argi ezkilaren ondotik, galda-zok hil-zeinuak jo ditzan, usaia den bezala... Konda-zok, gure gisan, zer gertatu den.

OTXOA: Ontsa da... Banoa segidan... (Hala egiten du)

KONDEA: Gero haugi gureganat, Ezpeldoiko bordarat... Han izanen nuk Turkorekin.

EZPELDOI: Laster jinen zaretea gorputz hunen kentzerat?

KONDEA: Ez zaitela kexa... Bego hori gure gain... Bon, hi, Turko, haugi enekin... Laster berritz hemen izanen gira. (Urruntzen dira biak... Zaldi lasterrak entzuten dira urruntzen)

EZPELDOI: Mutil horrek, bizirik baino gehiago ere hil-eta nardatu behar gaitu denak.

DOMINIKA: Oas, eta Margarita, nun ote dabila? Kondea ez ote zaio jazarriko?

EZPELDOI: Ez zaitela Margaritaz kexa!... Harek baino odol gaxto gehiago baitugu egiteko guhaurek! Entzun duzuia konde zital hori?... Baitezpada nik eta nik hila nuela Berterretx nahi zuen entzun... Berak harria aurtik eta haren ukaldia bertzeen bizkar!...

DOMINIKA: Arbola hunen ingurua dena odoleztatua da...

EZPELDOI: Ba, odol hori hobe dut gordetzea furtxa batekin. (Badoa furtxaketarat)

DOMINIKA: (Ate ondoan gorputzari hurbil) Apeza galdatzen zuen... Hiltzerat ari zenari, apeza bera errefusatu diogu...

EZPELDOI: Ez dut gaxtakeriaz egin... Ez nakien hortan zela... Jukutriaz ari zela, uste nuen... Denak kondearen faltak dira...

DOMINIKA: Hau hila hemen... Bizirik onartzen ez ginuena, hil-eta lehen aldikotz, guhaurek dugu Ezpeldoian sartu... Beldur naiz ez ote den hor gure Jainkoaren eskua.

EZPELDOI: Ez dugu guk hil.

DOMINIKA: Uste duzuia jendek sinetsi nahiko dutela zaldiaren ostikoaz hil delako ixtorioa?... Beldur naiz, berria bertzela hedatuko dela... Xahu da gure omen ona...

EZPELDOI: Aski dugu erraitea, guk, fitsik ez dugula ikusi... Guri gorputza ekarri daukutela beiratzeko eta gainerateko fitsik ez dakigula...

DOMINIKA: Eta ama, abisatuko ote dute semea gorputz duela?... Eta nork ote?... (Argi ezkilek joiten dute, eta heien ondotik, hil zeinuek)

EZPELDOI: Hori, kondearen egitekoa da... Argi ezkila!... Sar gaiten eta atea hets dezagun... (Apur batez, ezkilak entzuten dira, nehor ez dela ageri... Zango puntetan, ahal bezain ixilik, agertzen dira: Margarita eta Marisants... Apur bat ixilik egoiten dira)

MARGARITA: (Apaletik) Gure etxean argia piztua dute... Ho, norenak ote dira hil ezkila latz horiek?... Zerbaitek erraiten daut malura izigarri baten pean garela! Ho, ez dakit iduripen xoro batez joa naizen, bainan odol beroaren usain hila senditzen dut... Ez ahal da hemen krimarik gertatu!... Zuk nolaz dakizu Berterretx hemen ditakela?

MARISANTS: Kondeak, semea, gauerdi ondoan, bere gizon armatuekin ereman dautalarik, tira-ahala jo dut Lakarrirat, anaiaren etxerat. Harek kontseilaturik, izan naiz Mauleko jauregian... Han ikasi dut segeretuan, zu nun zinen gordea, ondo huntan... Semea ere hemen zitakela!

MARGARITA: Ba, adixkideak harrapatu ditut jauregiko zerbitzarietan... Hek lagundurik gauaz naiz eskapatu festa bete-betean...

MARISANTS: Zure etxean ote dakite zerbait?... Zer egin?

MARGARITA: Jada argia piztua! Zerbait gertatzen bide da! Joiten baziniote atea?

MARISANTS: Ba, hoberenik!... Zu ez zaitela agert... (Atea jotzen du)

EZPELDOI: (Leihotik) Nor da hor?

MARISANTS: Ni naiz!

EZPELDOI: Nor ni?

MARISANTS: Berterretxeko Marisants.

EZPELDOI: (Idor) Zertan zabiltza hemen, tenore huntan?

MARISANTS: Mauleko jauregitik heldu naiz... Ene semearen ondotik nabil... Maulen, zueri galdatzeko haren berri, ihardetsi dautate.

EZPELDOI: Zuk zure semea galdatzen dautazu... Nik ene aldetik galde bat eginen dautzut: Ean nun du zuen hemengo alaba!

MARISANTS: Zuen alabaz, dakidalarik, ez duzue griñatzerik... Ez baita irriskuan.

EZPELDOI: Eta zure semeak, zer irrisku du, berak bere buruari emanez kanpo?

MARISANTS: Ene semea, gau huntan kondeak, etxetik hartu-eta eremana daut.

EZPELDOI: Horra zer gertatzen den goragokoekin auzitan sartzen direneri!

MARISANTS: Indarraren alderdia ez da beti zuzenaren alderdia... Ene semearen ibilpidea ederrago zaut, kondearena baino.

EZPELDOI: Ez zaitela beraz pleini zure semearen maluraz. Berak xekatu duenaz geroz!

MARISANTS: Ene semearen maluraz?... Zer errango duzu?... Zuk badakizu hortaz zerbait!

EZPELDOI: Nik zer nahi duzu jakin dezadan, zuhauren erranez kanpo?

MARISANTS: Mauletik Ezpeldoirat igorri naute, gau huntako xehetasunetarat.

EZPELDOI: Halere, Berterretxekoak ene atearen jotzerat jiten, eta Ezpeldoiko alaba Berterretxekotzat on.

MARISANTS: Ez nau hunarat ekarri zutan izan dezaketan konfientziak, bainan beharrak eta bihotzeko xangrinak.

EZPELDOI: Ez zira kopetarik gabe... Alaba ebatsi ondoan, haren etxekoeri, gauak-gauari, okaxione miatzerat etortzeko.

MARISANTS: Ha, Ezpeldoi latza... Ezagun da aitako amodioak ez duela behin ere goxatu zure bihotza... Barne gogorra egiazko aitaizuna, ez bakarrik familiarentzat, bainan ororentzat. Zure bihotza ez da idekitzen, diruari bertzerik, eta kondearen beldurrari... Uste nuen gizon bat bazela hemen, eta kabala bat dut aurkitu... Haur saltzaile, krima tapatzaile, konde milikari, otsoak ez dira zu baino higuinago... Urruntzen naiz, eta ez dauzkat berritz zangoak pausaturik zure ate-aintzin madarikatuan!

EZPELDOI: Ez dut bertzerik galdatzen. (Irri mehar tzar batekin, leihoa hesten du... Marisants Margaritari hurbiltzen zaio. Hil zeinuak aditzen dira)

MARGARITA: Ho, hil zeinu horiek ez direla ixilduko! Erran zapar batek dio zeinu horren bozak «Hori enea, hori enea» diotela kondatzen, hilaren etxekoeri... Ez ahal da guretzat kantu hori! Ho, Berterretx!... Ez, ez ahal da holakorik! Ikaretan nago... Toki huni, sekulan ez bezalako begitarte eta usain bat kausitzen diot, herioak hemengo landare eta gainerateko biziz dohatuak bere hatsaz okertu balitu bezala... Ha, ez da ni baino malurusagorik... Noiz bada nunbaitik jaliko da urrikarizko boza bat, bakea eta deskantsua kantatuko dautanik?

MARISANTS: Margarita, zurea bezain urraturik dago ene bihotza... Ez zinukea, zure eskualdetik, nik erreusitu ez dudan entsegu bera egin nahi? Zerbaitek salatzen daut... Hor dela, hor, ate horren gibelean, guk daldaretan miatzeri dugun segeretuaren gakoa... Otoi, ate horri hurbil zaite, ni hurbiltzen nitzaion bezala...

MARGARITA: Aitaizunaren beldur naiz!

MARISANTS: Eta ama ez duzuia hor?

MARGARITA: Ama ba, ene ama da, aitaizuna ez delarik gure aldean. Bainan aitaizuna agertu orduko, izimendu batek bihotza tapatzen dio eta, enetzat harri bilakatzen da... Ni eskutik ezkondu zen, bainan zorigaitzez, eskutik esku-perat erori nintzen.

MARISANTS: Hola ez gaitezke ba hemen egon... Behar dugu norapait mugitu!

MARGARITA: Arrazoina duzu... Eginen dudan urratsa ezin eta gehiago penagarri zaut, bainan etsidurak bortxatzen baitu adimendua laket ez zaizkonetarat, halere deliberatzen naiz ate horri hurbiltzerat...

MARISANTS: Baditake amak emanen dautzun errepusta... Iduritu zaut ni utzi eta, aita ganberatik jali dela... Jainkoak lagun zaitzala! (Margarita ateari hurbiltzen da duda-mudaka eta atea jotzen du)

DOMINIKA: (Leihotik) Nor da hor?

MARGARITA: (Ahapetik) Ni naiz, ama.

DOMINIKA: Zu?... Zu, haurra... Ho, ikaratzen nauzu... Nundik agertzen zira?

MARGARITA: Nahi dautazuia otoi atea ideki!... Barnean mintzatuko gira!

DOMINIKA: Ho, haurra, ez... Hobe duzu ez sartzea...

MARGARITA: (Nigarrez) Ama, zuk?... Zuk ere etxea, ene etxea hesten dautazuia?

DOMINIKA: Haurra, ez naiz gaxtakeriaz ari... Ez dezakezu konpreni... Zaude... Heldu naiz nihaur aterat. (Hala egiten du)

MARGARITA: Ama, ditaken malurusenik naiz. Jauregitik ihes egin dut, bainan kondeak, ustez eta harek jalia ninduen, Berterretx preso altxatu du... Eta orai, Berterretxen ondotik nabila... Segur naiz, zuek badakizuela zerbait hartaz! Otoi, egia erradazu: Nun da Berterretx?

DOMINIKA: (Nigarrez) Ho, haurra... Ene haur maitea!

MARGARITA: Zer zaio?... Zerbait malura gertatu?... Zer da?... Hila bederen?...

EZPELDOI: (Leihotik) Aski sintsakeri!... Dominika sar zaite hortik. (Margaritari) Erran no, zer habila?... Hihaur nahasia haizela eta bertzeak nahasi beharrez? Zertarat heldu haiz hunarat?

MARGARITA: Ez naiz zuregatik heldu, eta ez ere zuri buruz. Bainan, amari buruz!

EZPELDOI: Ama ez dun hire beharretan. Hor nain ni... Zer haiz?... Ohantzerik gabe eta nunbait kokatu nahia?

MARGARITA: Ez naiz zure ohantzearen gutizian!... Eta, hala banintz, dretxoa anal nuke, ni salduz, zuretu duzun ohantzean kokatzeko!

EZPELDOI: Aski barne ederretarat saldu haitugu... Aski dun harat itzultzea... Han dun hire egoitza.

MARGARITA: Ez da ene bizia zure ontasun... Ene biziaren jabe, ni naiz.

EZPELDOI: Hi hire biziaren jabe eta ni Ezpeldoiren... Plazer badun, Ezpeldoiko lurrak lehenbailehen hustuko ditun.

MARGARITA: Ez naiz hunarat egoiteko jina, bainan dakizunarengatik.

EZPELDOI: Zer hau?... Oraino ere Berterretxek tentatzen? Haren gorputzak itzala egiten zuelarik ez hau gerizatu... Eta, zer uste dun?... Orai, itzala galdu ondoan ahalak azkartu zaizkola?

MARGARITA: (Arrunt asaldatua) Zer da? Berterretx hila?... Mintza zaite.

EZPELDOI: Hil zeinuak ari ditun... Kasu eman ontsa zer dioten. (Leihoa hesten dio... Anartean, Dominika sartu da)

MARGARITA: (Nigarrez hipaka, joaiten da Marisantsenganat) Ez dut gehiago esperantzarik... Berterretxen begiak betikotz hetsiak dira... Hori dariote ezkilaren kantu lazgarriek... Urrunt gaiten leku krimatsu pozoindatu huntarik!... Gure biziari eman dezogun hatsa, hemengo aire ustelduaz hobeagorik.

MARISANTS: Ba, urrunt gaiten... Berdin hemengoak egintxe ditugu. (Abiatzen dira) Xxt! Xxt! Xo... Zaldi arrabotsak. Gorde gaiten. (Gordetzen dira. Norbait jausten da zalditik. Kondeak agertuz atea joiten du Ezpeldoin)

EZPELDOI: (Leihotik) Zu zirea, jauna?...

KONDEA: Ba... Ez dugu fitsik atzeman...

EZPELDOI: Bakarrik zirea?

KONDEA: Ba... Bertzeak, ondotik jinen dira orga batekin, hemengo garraioaren egiteko... Hunarat agertu dea nehor?...

EZPELDOI: Ba... Doi doia du hemen zirela Margarita eta Berterretx anderea.

KONDEA: (Harritua) Hek hemen? Nundik eta nora?...

EZPELDOI: Berterretxen ondotik zabiltzan...

KONDEA: Eta?... Erakutsi diozutea Berterretx?

EZPELDOI: Ez... Haren berririk ez nakiela eta, atea ideki gabe, igorri ditut hemendik... Bainan, barkatu!... Kanpoan uzten zaitut sar-arazi gabe... Heldu naiz idekitzerat... (Atea idekitzean, agertzen dira hil gorputzaren bi zangoak, estalki batez erdi tapatuak. Hil zeinuek usuago joiten dute eta ixiltzen dira) Konprenitzen duzun bezala, hilaren gorputza hemen eta, ez nakoten aterik ideki.

MARGARITA ETA MARISANTS: (Marrumaz agertzen dira) O, ene semea!... O Berterretx (dariotela) (Atea idekia dago, Ezpeldoi barnean gordetzen da. Kondea, ixilik, zutik dago kanpoan, etxe-murruaren kontra. Margarita emaiten da, belauniko, nigarrez etxe barnean populuari buruz, burua eroria Berterretxen zangoen gainerat. Marisants xutik egon ondoan apur bat kanpoko aldetik, nigarrez hipaka errabia izigarri batekin mintzo zaio kondeari)

MARISANTS: Konde madarikatua... Horra hire obra... Hurbil-hadi!... Satifa-hadi!... Hain maite ditukan nigarrak eta odolak badituk hemen! Hurbil-hadi, ba!... Ihaus-hadi odolean eta nigarrean, urdea ixtilean bezala... Zikin putzua, hi!... Hi bezalakoek, ttu litekek merezi bisaiaren gainerat...

KONDEA: Ixilik, gero!... Edo badut, hemen, zu ixil araztekoa. (Bere ezpatari lotzen da)

MARISANTS: (Gero eta bortitzaga) Jali-zak hire ezpata!... Ixur-zak ene odola ere! Berdin, gizon armatuen kontra baino usaia gehiago duk gerlaren egiteko armarik gabe diren emazte gaixoen kontra! (Kondea, duda-muda pixka bat ibilirik, urruntzen zaio eta jalitzen) Ha, urruntzen hiza!... Zer hiza? Ene beldur?... Habil beraz... Habil, hire kidekoeri, egungo hire obra aipagarrien kondatzerat! Ase-aitzik hire espantuez... Hire biziko liburuan, egitate famatsu bat gehiago baduk orai ezartzeko... Bizirik usteldua, hi!... (Apur bat ixilik dago, hilari so... Pazko brandak entzuten dira... Xutik, erdi semeari eta erdi populuari buruz mintzo da, fermuki eta kartsuki)

        Berterretx, ene seme Berterretx... Bihotza hautsia bainan adimendua fermu, hire sakrifizioa onartzen diat eta goresten. Ez duk ukatu hire odola, ez eta hire gogo zuzena. Hemengo jendea sobera zangopean zaukatek sobera manatari, heien milikari, aitaizun eta baliatzaleek.

        Ontsa zautak, hire izpiritu garbiaz garaitu baitituk inguruko itsuskeriak eta orori eman baiteraukuk gida eta esperantza.

        Entzun-aitzik elizako zeinuak... Duela apur bat heriotza zioteian, eta orai berritz, Pazko branda alegerak bizia eta piztea ditek kantatzen.

        Ezkila horiek, hire zorteaz dituk mintzo... Hila hintzela salatu ondoan, orai berritz, behin ere baino biziago eta ahaltsuago haizela ditek kondatzen.

        Nehork ez duelarik aipatuko Bortueder, higuintzeko bertzerik, hire oroitmenak, beti eta beti, sustatuko eta xutiaraziko ditik bertze Berterretx gazte batzu.

        Berterretx, ene semea, kontsola eta loria hadi... Ez, ez duk hire bizia bururatua... Orai duk hasten! (Brandak gero eta bortizkiago ari direla)

 

OIHALA

 

aurrekoa