www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Berterretx
Piarres Larzabal
c. 1955

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (II), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN GERTALDIA

 

ATE-ZAINA: (Bertze hirueri) Entzun duzue nausiak zer erran duen? Sar zaitezte. (Sartzen dira)

MUSIKARIA: Te, gure Potzo ez dugu hemen... Eginen dut nik haren ordaingoa. (Kondea imitatuz errezebitzen ditu bi dendariak) Aintzina zaitezte, ene perla finak... Zu Arroxa, ene arrosa... Eta zu Maddalen, enetzat beti lehen... Kili-kili-kili. (Kokots azpian kilikatzen ditu)

ARROXA: Ba, omore onean balin bada, hola gaitu errezebituko... Bainan tzarrean bada, orduan kasu behiak eta orgak! (Ate-zainari) Errazu, Pierra, zer omore du egun gure Potzok?

ATE-ZAINA: Nausiak, Berterretxi, Ezpeldoiko Margarita nahi dio ebatsi. Berterretx, Turko ikaragarriari libratua dio... Orai, Margaritaren goait dago. Ha, ez zen holakorik hemen gertatzen nausi xaharraren denboran!

ARROXA: Oas, behar ginuke Margarita abisatu... Bertzenaz, hura ere bertze zenbait bezala, xahu da gure Potzo zikin horrekin.

ATE-ZAINA: Margarita abisatu... Kasu emazu ez zitzan nausiak harrapa krima merke baitu horrek! (Jalitzen da)

ARROXA: (Musikariari) Uste duzuia, gu ere, berdin Turkori libra gintzazkela, zerbaitetan huts egiten baginio?

MUSIKARIA: Uste? Ez... Bainan segur! Hori den ustelarekin, ez luke dudarik bere zerbitzarien sakrifikatzeko, hurbilagoak egiten dituenaz geroz.

ARROXA: Bizkitartean, badaki ba leunki ere plantatzen.

MARISANTS: Ba, norekin den, eta zerbait nahi duelarik ardietsi... Bainan ez du horrek bihotzik, bere alde baizik.

KONDEA: (Sartzen da, alegera eta jostakin, beretzat aire arin bat xaramelatzen duela) Hor zaretea, ene perla finak, zu Arroxa ene arrosa eta zu Maddalen enetzat beti lehen, kili-kili-kili. Sarriko festarentzat oro prest presta ditugu... Ikusi ditut dantzariak, beren arropa berritan; barrika arnoak dutxulutan dira; soldadoek erribot egin behar dutela diote eta desafio bat gaitza badute Turkorekin, zeinek pitzarretik arno gehiago edan, ehun konda artean. Eta orai behar dut beztitu, festako erreginaren errezebitzeko... Zuek biek lagunduko nauzue eta zuk, musikaria, bota eni amodiozko aire goxo batzu. (Beztitua da, kapa eta oinetako ederrez, ezpata luzeaz, muztatz ileak orraztatuak... Batzuetan mintzo da zerbitzariekin, bertze batzuetan ixilik daude edo kondeak ahoz konpainiatzen musika) (Arroxari) Ez dautazu galdatzen ere noren errezebitzeko hoin ederki apaintzen naizen!

ARROXA: Zuhaurek erran daukuzu, jauna: Sarriko festako erreginaren errezebitzeko!

KONDEA: Bainan, badakizuia nor den delako erregina?

ARROXA: Ez dakigu, jauna.

KONDEA: Pentsa zuk, Arroxa!

ARROXA: Beltzuntze jauregiko alaba...

KONDEA: Ez... Ez zira... Ean zuk, Maddalen?

MADDALEN: Hazparne Zaldubi jauregiko alaba...

KONDEA: Ez eta ere... Ean berriz ere, zuk Arroxa...

ARROXA: Urruña Urtubia jauregikoa!

KONDEA: Ez eta ere... Nehork uste ez duena izanen da hemen sarri erregina... Eta ez jauregiko alabetarik, bainan etxalde batetakoa... Zuen kuriostasunak pixka bat sofri dezan, batere ez dautzuet salatuko nor den... Esperantza dut haatik, jitean, ohoratuko duzuela erregina bati zor zaion bezala... Badakizue nola beztitzen dugun, usaian, festetako erregina... Zuen gain izanen da aurtengoaren beztitzea. Armariotan harzkitzue behar diren arropak... Eta, pentsatzen dut, aurtengoa behin ere baino apainduago izanen dela... Ean ikusi miraila, aski eder naizen erregina horren errezebitzeko. (Ikusi ondoan) Ba, iduritzen zaut ez naizela sobera itsusi... Ontsa kausitzen nuzuia?...

ARROXA: Ez da behin ere hemen sartu hoin printze ederrik, jauna...

KONDEA: Hobe, hobe, Arroxa... Kili-kili. (Biak kilikatzen ditu kokots pean) Kontent naiz...

ATE-ZAINA: (Agertuz) Jauna, Ezpeldoiko familiak nahi zaitu mintzatu...

KONDEA: Ean, nor dira hor?

ATE-ZAINA: Jaun-andereak, alabarekin...

KONDEA: Bon, ontsa da... Zuek hiruak, otoi erretira zaitezte. Errazu Pierra (dudetan dago)... Hiruak sararaz zatzu... Edo (dudetan)... Ez... Sar araz zatzu bakarrik jaun-andereak, eta Otxoari errozu apur bat, andere Margarita konpainia dezan.

ATE-ZAINA: Zure zerbitzari, jauna!

KONDEA: (Bakarrik) Onetik ala gaxtotik behar ote dugu jastatu? Laster ageriko.

ATE-ZAINA: (Idekiz) Ezpeldoiko jaun-andereak, jauna! (Sartzen dira)

KONDEA: Aintzinat, jaun-andereak... Izan zaitezte hemen ongi etorri... Jar zaitezte! (Bera jartzen da ohorezko kadiran) Eta?... Zertan da Margaritaren gogoa?... Entseatu zireztea haren lanotzerat eni buruz, hitzeman zinerautaten bezala?

EZPELDOI: Gure egin-ahalak egin ditugu bere planak bertzelaka ditzan!

KONDEA: Heldu izan zireztea zerbaitetarat?

EZPELDOI: Ez du iduri gure kontseiluek biziki kilikatzen dutela.

KONDEA: Bainan, zuen alaba, ez duzueia zuek manatzen?

EZPELDOI: Dakizun bezala, ni ez naiz aitaizun besterik? Eta gure Margarita betitik bihurria izan da... Orai ere, ez du berea bertzerik entzun nahi... Berterretx duela maite, eta harekin nahi duela bere bizia apailatu.

KONDEA: (Bizi-bizia) Bainan ez duia ikusten zer galtzen duen ene eskaintza errefusatuz?... Ohorezko bizitze bat... Etxekoen zoriona! Ezpeldoia gora altxatua!...

EZPELDOI: Aski eta aski aldiz, horiek guziak errepikatzen diozkagu... Jo ez bertze guzitan ibili dugu. Bainan, bere gogoa arras Berterretxetan dauka.

KONDEA: Bainan, zer debru kausitzen dio Berterretxeri, hola hari bere bihotza josteko?... Eta zuek, zertako uzten duzue harekin gurutzatzerat?

EZPELDOI: Egin ahal guziak egin ditugu bat bertzetik berexteko... Bainan, dakizun bezala, gure etxea Andozeko errekaren buruan da... Eta, gure ernetasun guziak gatik, errekak gordetegi sobera ditu, gazte horiek, elgar ikustetik begiratzeko.

KONDEA: Bota bortxaz komenturat, hoin bihurria balin bada...

EZPELDOI: Jauna, ez nuke nahi uste izan dezazun gure fermutasun eskasian dagola Margarita bere hartan tematua... Hainitz zor dautzut... Beti zure zerbitzari leiala izan naiz... Eta, oraino ere, zure desirak enetzat manu batzu izanen dira...

KONDEA: Ez Ezpeldoi, ez dautzut ene estima kentzen, ez eta ere mehartzen... Bainan, zure abantailetan, enetan bezenbat, laiteken zerbitzu bat galdatu dautzut Margarita enekotzea... Zuganik beti errotik zerbitzatua izan bainaiz, halako kexadura batek jotzen nau, lehen aldikotz ene nahikundea ez baituzu betetzen.

EZPELDOI: Bortxaka hartzeak, kasu huntan, ez zaitu onduko, ez eta ere Margarita komentuan sartzeak.

KONDEA: Arrazoina duzu... Bainan, nolaz, iduritzen zautzu, Margarita bil ginezakela gure xederat?

EZPELDOI: Dagola hemen... Hemen egonez, ez da Berterretxekin gurutzatuko... Eta, hemengo bizia hartuz geroz, ez dut uste Berterretxekotik nahiko duen.

KONDEA: Hemen egon nahiko duia?

EZPELDOI: Beharko, erranez geroz... Haatik ondotik, zuri izanen da haren hemen laketaraztea...

KONDEA: Ez baitakit haren gogoaren berri, bil-azue otoi eztiki hemen egoiterat... Lausenga-azue!... Errozue sarriko festa ederrerat gomit dela... Ez dela holako gomitarik errefusatzen, eta holako.

EZPELDOI: Ez zaitela beldur izan hura ez hemen egoiteaz... Egon-arazteko kargua utz-azu ene gain.

KONDEA: Bon, ontsa da... Beraz, Margarita hunarat sararaziko dut... Eta, utziko ziuztet harekin, hiruak bakarrik. (Ate-zaina deitzen du)

ATE-ZAINA: (Agertuz) Zure zerbitzari, jauna!

KONDEA: Beraz, zuen kondu haren hemen egonaraztea onez-onean... Apur baten buruan jinen nitzautzue, zuen solasak bururatuak izanen dituzuelarik. (Jaliz) Lan on eginen ahal duzue!

EZPELDOI: Zaude deskantsuan... Izanen duzu satifamendu. (Biak gelditzen dira)

DOMINIKA: Oas!... Izanen dugu lan Margaritaren biltzen.

EZPELDOI: Ni mintzatuko nitzaio... Zu zaude enekin.

ATE-ZAINA: (Idekiz) Ezpeldoiko alaba.

MARGARITA: (Sartuz) Jes!... Bakarrik zireztea?

EZPELDOI: Ba, hala gitun... (Apur bat ixilik) Entzun-zan Margarita! Bortueder jaun kondearekin egon gitun!... Hi behar omen hu, hemen, zenbait egunentzat.

MARGARITA: Ez ahal diozue baietz erran?

EZPELDOI: Hemen emango duen festarat gomitatzen hu!... Gisa hortako zerbitzurik ez dun errefusatzen.

MARGARITA: Berterretx jauregi hunen zolan preso, eta ni haren gainean, dantzan... Hori dea ezin errefusatuzko zerbitzua?

EZPELDOI: Hire adinean, gauzak ez ditun aski urrun ikusten... Urrats egiten duenak, aintzinerat behar din behatu, eta ez zango muturreri!... Jakin zan, Berterretx galtzeaz baino ondorio makurragokoak ekar lezazkela hire errefusak... Hortako, hemen geldituko hiz... Eta, esperantza dinagu, satifamendu emanen dionala hemengo nausiari... (Margarita, asaldatua, nigarrez hipaka lotzen da)

EZPELDOI: (Idorki) Eta sintsakeria guti hemen!... Aditzen dun? Hire adinean, bahuke beste frango gogotik hire ordaintza egin lezaketenik.

KONDEA: (Agertuz, irri faltsu batekin) Agur, Margarita!... Zer?... Holako aingeru ederra nigarrez?... Zer arrazoinez ditu begiak hola bustiak?

EZPELDOI: Jauna, uzten dautzugu zure gomendio... Pentsatzen dugu umil agertuko zautzula eta Ezpeldoia ohoratuko duela!

KONDEA: Ohore bat izanen da ene jauregiarentzat holako izar baten apaindura... Fida zaitezte eni... Zuen alaba nehon baino hobekiago izanen da ene jauregian... Hasteko, Margarita dut aurten berexia, gure festen erreginatzat... Orai beretik emanen ditut manuak bezti eta ohora dezaten hemen denek, jauregiko andere kontesa balitz bezala.

EZPELDOI: Aditzen dun?... Eta orai, hire gogoetak egin-zkin! Goazen, Dominika!

DOMINIKA: Oas, haurra, ekazu bederen musu bat. (Amak bortxaz bezala, hartzen dio musu bat... jalitzen dira)

KONDEA: (Margarita beti mutur dago... Kondea harat eta hunarat dabil... Ez daki zer erran... Apur baten buruan) Margarita, hunarat sartzeko eguna orroitzapen trixteko eguna izanen duzu... Bainan, holako egunek omen dituzte biharamun goxoenak.

MARGARITA: Egun goxorik ez ditake enetzat. Berterretxik gabe, are gutiago, Berterretx preso izanen deno.

KONDEA: Uste duzuia ez ditaken bihotzik, zurearen hazteko on laitekenik, Berterretxez kanpo?

MARGARITA: Bihotz eskaintzale frango izan dut... Nihaurek dakit norena onart.

KONDEA: Eta, gerta baladi, usaiaz kanpoko norbait goragokoaren bihotza zautzula eskainia, hura ere errefusa zinezakea?

MARGARITA: Goragotik eskainia zaitan amodioaz mesfidatzen naiz... Amodio hura, naizen pobreari amoina bezala, edo eskaintzalearen satifagailu bezala, baita eskainia... Nahiago dut amodio partikatua, ezenetz eta amodio iretsia.

KONDEA: Izan ditake ba amodio zintzoa, gorako jendeen bihotzean, apalagoentzat!...

MARGARITA: Gaina eta beherea direlarik ezkontzen, heien arteko amodioa maizenik maingua gertatzen da.

KONDEA: Zer du zuri Berterretxek eskaintzeko, nik eskain ez dezaketanik?

MARGARITA: Harek eskaintzen dautana da: ene alderako estimua... Hori da, zuganik, ukan ez dezaketana.

KONDEA: Zer dakizu ez dezakezula ene estimurik izan?

MARGARITA: Zure zerbitzatzeko desiratzen bainauzu, eta ez zuk ni zerbitzatzeko.

KONDEA: Nik ez dakit nundik eta norat hoin gaxtoki jujatzen nauzun.

MARGARITA: Faltadun ez den gizon bat preso altxatu duzu... Ni hartarik berexi beharrez, hunarat jukutriaz bildu nauzu... Ez ote dut aski arrazoin zu gaxtoki jujatzeko?

KONDEA: Ez gaiten samur... Gerokoak gero, egungotz zerbitzu bat galdatzen dautzut... Sarri idekitzen baititugu jauregiko festak, festa horietan agert zaiten, erregina bezti... Hortako zaitut hunarat egun deitua, ez bertze fitsetako... Bertze urtez, jauregitako alaberi galdatzen dioten kargua, nahi nuke aurten zuk bete dezazun!... Berdin ikasi duzunaz komentuan, edozoin jauregitako alaberi paretzeko on zira... Onartzen dautazuia ene gomita?...

MARGARITA: Enetzat ez ditake festarik, ene zangotako taulen azpian Berterretx preso deno... Hura pairamenetan eta ni plazerretan, ez dezaket holakorik onart.

KONDEA: Ba, badakit badirela sahetsetik buru muntatzaleak... Beharbada erran ere dautzute: Berterretx hil dutala edo zanpatu, edo nik dakita zer... Jakin-azu Berterretx ez dela malurus... Eta, galdatzen duzunaz geroz, sarri berean Berterretx etxerat libro izanen da... Kontent zirea hola?

MARGARITA: Erraitea errex da... Solasak baino nahiago nituzke obrak.

KONDEA: Hitz emaiten dautzut, eta enetzat hitza hitz da, sarri berean Berterretx ikusten ahalko duzula libro, etxeko bidea hartzen... Bazautzuia? (Margarita ixilik dago) Bon, beraz alegera zaite... Eta orai beretik nahi baitzaitut erregina bezti ikusi, ene jauregiko dendariak deituko dauzkitzut (Ate-zaina deitzen du).

ATE-ZAINA: (Agertuz) Zure zerbitzari, jauna.

KONDEA: Pierra, errozute Arroxari eta Maddaleni erreginaren beztitzerat jin diten. (Ate-zaina jalitzen da) (Alegeraki mintzo da Margaritari) Eta orai, andere erregina (salutatzen du), zure arpegia airos eta alegera bilaka dadiela... korona buruan, errege kaderan jarririk, ez ditake nehun zu baino dixtirantagorik. (Arroxa eta Maddalen agertzen dira)... Ha, hor zaretea? Ene perla finak, huna beztitu behar dautazuen andere erregina. Lan egizue zuen talendu hoberenez, eta armariotarik har-azkitzue atzeman dezazketzuen arropa ederrenak... Nahi dut aurtengo erregina, izan dadien behin ere baino ederragoa...

ARROXA: Egin-ahalak eginen ditugu, jauna, hortakotz...

KONDEA: Ba badakit konfientziazko zaretela... Deskantsuan egonen naiz, baitakit aintzinetik lan on eginen dautazuela... Uzten zaituztet beraz bakarrik... (Jalitzen da, kili-kili-kili eginez bi dendarieri eta doi bat Margaritari)

ARROXA: Hori gizon kutzua!... Handia da ez baita halere hemen egon, zu beztitzeko denboran... Zato, gaitzeko arropa ederrak baditugu berexiak zuretzat.

MARGARITA: Ho, ez dakit ontsa egiten dutan kargu hau onartuz.

ARROXA: Zerendako ez? Hortxet eman zaite. (Beztitzeko, erdi gorderik egin dadiela, fotoila baten gibelean)

MARGARITA: Uste duzuia Berterretx libratuko duela?

ARROXA: Ha, Berterretx zure gizon-geia izanki!... Gaixoa!...

MARGARITA: Zerendako erraiten duzu «gaixoa» harentzat?

ARROXA: Fitsitako! Fitsitako!... Hola, hitz hori jin baitzaut ahorat... Eta, hitz eman dautzuia Berterretx libratuko duela?

MARGARITA: Ba, sarri faltarik gabe... Uste duzuia zinez mintzatu zautala?

ARROXA: Ba, ba... Baditake...

MARGARITA: (Pixka bat asaldatua) «Baditake», «baditake», bakarrik diozu? Kondeak ez duia bere hitzik beiratzen?... Zuk badakizu zerbait!... Otoi mintza zaite!... (Arroxa badoa leihotik behatzerat eta ate gibeletik barrandan egoiten apur bat...)

MARGARITA: Zer ari zira hola?...

ARROXA: Kasu emaiten dut ean badugun entzule edo ikuslerik... Ba, handien zerbitzari gehienak hola gira... Esklaboak bezala beldurretan bizi... Kadena urrez estekatuak bainan halere esklaboak.

MARGARITA: Aipa zadazu otoi Berterretx.

ARROXA: Berterretx dohakabea Turkoren eskuetan da...

MARGARITA: Nor da Turko?

ARROXA: Hemengo presondegi-zaina da... Ez ditake gizon okaztagarriagorik izan...

MARGARITA: Ez dela malurus errana daut kondeak...

ARROXA: Turkoren eskuetan ez daiteke urus izan.

MADDALEN: Nik ikusi berria dut, Turkok kadenaz estekatua kondearenganat ekartzen zuela... Bekaina ubeldua zuen.

MARGARITA: Bekaina ubeldua!... Beraz, arras nitaz trufatu da kondea. Sarriko libratuko duela ere hitzemana daut... (Nigarrez) Ho... Ho... Nun erori naiz hemen?...

ARROXA: Hitzemana dautzuia sarri libratuko duela?

MARGARITA: Baietz. Erran dautzut jada...

ARROXA: Orduan, esperantza bat baduzu Berterretx bizirik jaliko dela.

MARGARITA: (Izigarri samur) Konde ustela, hastioa!... Ez dut hemen haren akusagailu izan nahi... Ken azkidatzue arropa hauk... Abian, ihesi joan behar dut hemendik.

ARROXA: Kontseilu bat, Margarita... Ez zaitela holako urratseri lot... Jauregia soldadoz inguratua da... Ihesi emaiten bazira, galdua zira eta Berterretx ere ba zurekin...

MARGARITA: Zer behar dut ba egin?

ARROXA: Zaude arratsaren beha... Ikusiko duzunean Berterretx libratuko duen... Gero ere, joaiten ahalko zira ihesi, orai baino kondizione hobetan...

MARGARITA: Eta orai, xuka-aitzu begiak... Kondeari egin-ozu begitarte on... Ez dadiela den gutienik duda zure barneko sentimenduez.

MARGARITA: Ho, ez dakit gehiago nori fida!... Agian zuk eman kontseilua ene onetan izanen da!

ARROXA: Ba, segur hala izanen dela... Bainan, abisatzen zaitut, zakur handiaren kontra duzu partida... Zuri izanen da maltzurrarekin, maltzur eta erdi agertzea? Eta, berritz ere, gu bezala egizu... Kanpoz arin ager zaite bainan barnez zurea gogoan.

MARGARITA: Ha, zer ofizioa!... Faltsukeriaren iruten ari behar!

ARROXA: Ez da beharbada ofizio pollita, bainan, hemengotz, baitezpadakoa... Ha, zein ontsa joan zauzkitzun arropa hauk!... Gure Potzok, zu ikus-eta, loriarekin erotu behar du... Xo, xo... Badut uste heldu den... Ale, lot gaiten faltsukeriari! (Sartzen dira Kondea eta Otxoa)

KONDEA: (Xoratua, Margarita ikus-eta) Hau aingeru xoragarria. So egizak, Otxoa, so egizak... Eta, erradak nik ez dudan begi ona, andre gazte hau hautatuz erreginatzat... Ez diagu behin ere hoin ederrik ikusi... Sarri, gomitatuak harriturik, ahoa zabalik, jan gabe ere egonen dituk, hau ikus-eta... Eta zuek ere, ene perla finak, baduzue zuen partea konplimendu beretan.

ARROXA: Jauna, ez da oraino osoki apaindua... Joieria ezartzekoa diogu... Oinetakoak ere bai...

KONDEA: Ontsa da, ontsa da... Bon zoazte eta nahi dut beztitua ikusi, arratsean agertuko den bezala... Korona ez ahantz gero... Apur baten buruan deituko zaituztet... Hemen izanen da zeremonia ttipi bat, erregina berriaren ohoretan!

ARROXA: Zer zeremonia?

KONDEA: Xxt... Hori ene segeretua, sudur fin kuriosa zu!... (Hiruak jalitzen dira)

ARROXA: Bixkotxekilako zeremonia izanen ahal da!

KONDEA: Eta, zertako ez bertze zerbeitekilakoa ere!... (Biak dira... Otxoari) Errak, zer zauk ene hautuaz?

OTXOA: Ene konplimenduak, nausia! Zure jauregiko apaindureri doakoten gorputza kausitu baituzu.

KONDEA: Ba, sobera maiz, beztituek beztidura die bakarrik... eder. Hemen, beztituak ez dik zorrik beztidurari...

OTXOA: Eta, zertan duzu zure ihiziaren harat-hunata?

KONDEA: Hortaz nahi nian hirekin buruz-buru mintzatu. Margaritari hitzemana zioiat Berterretx libratuko dudala sarri berean... Libratu aintzin, nahi nikek Berterretx bildu Margaritari uko egiterat... Hortakotz, apur baten buruan, Berterretx berritz ere hemen izanen duk... Sare berri bat behar zioiat hedatu... Sari eskaintzaz nahi nikek ene saretarat bildu.

OTXOA: Entseatzeak beti balio du. Bainan ez zaut eni iduritzen gisa hortako ihizia, saretarat bil errexa dela.

KONDEA: Nork zakik? Gizon zenbait guriago dituk agintzeri mehatxueri baino.

OTXOA: (Irriz) Ez dakit ihizi hori bilduko duzun, bainan dakitana da ez nukela nahi zu ihiztari eta ni ihizi...

KONDEA: (Erdi irriz) Amodioz ihizitan denak, bidean trabak kausitzen ditik... Trabak nekeago eta fantesia erotuago senditzen dik bere baitan, traba heiek bentzutu beharrez. Hanbat gaxto kontrarioek ez baziotek bide egiten... Hek ingurikatzen ditik edo lehertzen... Joko partida bat... Azkenean, ahulenak dik amor emaiten.

ATE-ZAINA: (Agertuz) Jauna, Turko hemen da bere presonerarekin.

KONDEA: Arras ontsa... Sar bedi. (Sartzen da... Bera jartzen da kadira handian, eta, apur batez Berterretxeri ixilik beha egon ondoan) Errak, Berterretx, hitaz pentsaketa egon nuk eta ohartu nuk hutsean nukala hire alderat... Hortakotz egun berean libratzen haut. (Turko ez da kontent) Eta, hutsek behar baititek beren pagamena, hamar ardi emanen dauzkiat egin penaren ahantzgarri. Gauza bat daiat bakarrik galdatzen... Margaritari hihaurek despeida eman dezokan.

BERTERRETX: Judas hogoita hamar denariotan erosi zuten... Beraz, ene heina hamar ardi direla duzu estimatzen.

KONDEA: Zer petrenitzen duk?... Egin zak hire galdea.

BERTERRETX: Ez naiz ni bihotz tratulanta... Ez dut bihotzik saltzeko, ez eta ere gogorik nehori berea erosteko edo ebasteko.

KONDEA: Kasu emak, Berterretx, eta gizon agert-hadi... Ez zakala ahantz pagatuz eta gogotik eman nahi ez dukana, urririk eta bortxaz enetzen ahal dudala.

BERTERRETX: Baditake... Bainan hola zuretuak ez bailuke haatik estimu bera!

KONDEA: Onetik ariz, Margarita galduko duk, bainan hire burua salbatuko eta zerbitzatuko ere duk... Txarretik ariz berritz, berdin Margarita galduko duk, eta gainerat hire burua... Horra tratuaren bi eskualdeak... Hiri duk hautatzea.

BERTERRETX: Jada behin libertatearen atea hautatu nauzun... Oraiko tratuan ere, libertatea izanen da ene gidari.

KONDEA: Libertatea!... Zer duk hitz tetele hori?

BERTERRETX: (Suharki) Tetelea beharbada zuretzat, bainan ez enetzat... Libertatea zer den nahi duzuia jakin?... Libertatea da familian eta adixkidekin deskantsatzea zure erranen barrandari nehor ez delako segurtamenarekin. Libertatea da zuzenki maite duzunarekin gurutzatzea, hortakotz baimenarik nehori galdatu gabe. Libertatea da arratsetan deskantsuan zure menbro akituen luzatzea, gauaz zure preso altxatzerat etorriko direlako beldurrik gabe. Libertatea da nor-nahirekin eta nunnahirat zure urratsen ibiltzea, norbait ez ote dabilan zure ondotik beti ikaran egon gabe. Libertatea da, jauna, arratsetan, bere ilunetik presuner trixteak, nigarrez, urrunerat ikusten duen aire garbia, xoriaren hegalkada, izarraren dixtira... Horra zertako, biziak ez baitu deus balio libertaterik gabe, naizen zuri oldartzen eta nauzun kondenatzen.

KONDEA: Badakik mintzatzen...

TURKO: (Kexu) Ba, sobera uzten duzu mintzatzerat eta, gero, nausitzen zautzu...

KONDEA: Hi, Turko, hago ixilik... (Urrikariz bezala mintzo) Gaizo Berterretx... Nola hire burua muntatzen dukan haatik! Ha, ez duk Margarita utzi nahi!... Ez duk uzteko lanik!... Berak utzi hau-eta... Ikas-ak Margarita hemen berean dela, hiri uko egina duela, eta jada kontesa arropetan dela.

BERTERRETX: Ez dut holakorik sinesten!

KONDEA: Jakin-zak aitoren semen ahotik ez dela jalitzen gezurrik... Bertzela apailatu bahintz, berri hunen jakiteak emaiten daukan penatik beiratuko hintudan.

BERTERRETX: Ez dut holakorik sinesten.

KONDEA: Ha ez... Sinetsiko ahal duk bihar jakinen dukalarik Margaritak nola ohoratu izan ditikan, erregina bezala bezti, jauregi huntako festak!

BERTERRETX: Margaritak utzi banindu, zertako dautazu galdatuko hari despeida eman dezodan?...

KONDEA: Berterretx herresta, ikas-ak, bertze aldi batekotz, hire buruzagiekin umil agertzen... Eta orai Turko, ereman-zak gizon hori berritz ere beheiti...

TURKO: (Lorietan) Eta?... Behar duta pixka bat tratatu? (Kondeak keinuz ezetz egiten dio. Turkoa errabian) Ene ofizioa ez da gehiago ohoratua... Presonerak, heien zaintzaleak ere baino hobeki ikusiak dira hemen. (Jalitzen dira)

KONDEA: (Otxoari) Uste nian zerbait bururatzea, bainan zaila duk gizona, zaila... Ez zaitak iduritzen eskualde hortarik ene xedetarat helduko naizela... Margarita, hori baino errexago izanen duk higatzeko... Zer zauk hiri, to!

OTXOA: Ho, badakizu nausia, ez naiz ni biziki konprenitua emazte ixtoriotan... Nahiago ditut hamar gizon ibili, emazte bat baino. Bainan, nago nola jaliko ziren urrats neke hautarik!

KONDEA: Ez hadila kexa... Ez duk uztarriari ezin usa ditaken migarik, ez eta ere etxekotzen ez den urtzorik! Errak, sarrixago libratuko dautak otoi Berterretx... Bainan sarrixago, erraitearekin. Nahi nikek Margaritak ikus dezan, here begiez, hemendik libro jalitzen.

OTXOA: Ontsa da, nausia... Eginen dut zuk erran bezala...

ATE-ZAINA: (Agertuz) Jauna, dantzariak hemen dira.

KONDEA: Ontsa da, Pierra... Sar ditela... Eta errozue ere erreginari eta dendarieri jin diten.

ATE-ZAINA: Zure zerbitzari, jauna. (Jalitzen da)

KONDEA: Sarriko festari buruz, entsegu bat egiteko gomitatuak ditiat... (Dantzariak sartzen dira, Musikari buru) Apaila zaitezte erreginari ohore egiteko gisan. Bon ontsa da... (Bera emaiten da atean, erregina salutatzen du, hartzen besotik eta joaiten ohorezko kadirarat... Dantzariek ere salutatzen dute... Bi dendariak, emaiten dira kadiraren gibelean) Are, orai joka dantzari...! (Dantzariek, orduko jauntzietan, emaiten dute «menuet» bat edo bertze... Erregina trixterik dago... Doidoia hartzen du parte esku joitetan) (Bururatu eta) Bon, arras ontsa da... Sarri hol-hola ariko zirezte... Gora zuek... Orai baitira hemen perla fin batzu; biziki bixkotxak maite dituztenak, sahetseko barne batean, baditut preparatuak edari eta bixkotxak... Zoazte hetaz baliatzerat... Andere erregina eta ni, utz gaitzatzue biak bakarrik... (Jalitzen dira salbu Otxoa) Otxoa, hi babil beheiti... Eta libra zak, erran bezala, badakik nor!...

KONDEA: (Biak gelditzen dira) Hek han, eta guk hemen, buruz-buru zerbait on hartuko dugu...

MARGARITA: (Nardatu aire) Ez, milesker... Ez naiz fitsiren beharretan.

KONDEA: Ba, edari goxo xorta bat... Behin ere edan ez duzunetik, badut...

MARGARITA: Ezetz, milesker...

KONDEA: Eta, laketuko zirea... Nola kausitzen zira arropa eder hautan? (Soberaxko hurbiltzen zaio... Margarita baztertzen zaio, alegia deus ez... hol'hola egin bezate, hiru lau aldin, bien arteko eleak ibiltzen dituztelarik)

MARGARITA: Bertzeentzat, arras ontsa naiz!...

KONDEA: Eta, dantza horiek, ez zauzkitzuia gustatu?

MARGARITA: Dantzariek badute merezimendu.

KONDEA: Hauxe da kara egiten duzuna!... Ez du iduri gogoa biziki festan duzula!

MARGARITA: Dakizuna pairamenetan izanen deno, ez da enetako festarik.

KONDEA: Pairamenetan... Hori zer hitz larria! Ez dago pairamenetan, eta apur baten buruan, hemendik libro, etxeko bidea hartuko du.

MARGARITA: Hartzen badu ere, ni gabe...

KONDEA: So egizu, Margarita, mintzatuko naiz garbiki... Ez dut zure gogoa deusetan ere bortxatu nahi... Galdatzen dautzut bakarrik, zure eskualdetik, borondate ona erakuts dezazun, eta, hemen laketzerat entsea zaiten.

MARGARITA: Zure alderat borondate onaren erakustea, eman hitzaren jatea eta kontzientzia saltzea laiteke enetzat.

KONDEA: Galdatzen dautzut hemen izan zaiten, ez presunera bat bezala, bainan ohorezko gomitatu bat bezala.

MARGARITA: Ez naiz gomitatu bat, bainan preso altxatu bat, izanik ere urrezko kadenez estekatua.

KONDEA: Margarita, zure alderako ibilpideak larri aire izan badire ene partetik, barkamendu galdatzen dautzut. Sinets nezazu, ez ditu gaxtakeriak ene urratsak gidatu, bainan, zuretzat sendi dudan amodioak. Aspaldi du begiztatua zintudala... Maiz, ihiziaren aitzakian, jiten nintzen zure etxearen inguruetarat, zu, eta bakarrik zu, ikusteagatik... Ez zintudan gehiago galtzen ez bihotzetik, ez burutik... Hartzen ahal nukelarik espos laguntzat, asko eta asko aitoren seme alabetarik, denak gogotik bere gisa utzi ditut. Adixkide haundien erran-merran guzieri oldartuz, zu eta zu bakarrik laguntzat hartuko zintudalako ametsetan bizi izan naiz orai artino...

MARGARITA: Ene ametsak ez dira behin ere zuretzat izan, bainan Berterretxentzat.

KONDEA: Ba, konprenitzen dut, bihotz hauste bat izanen dela zuretzat haren uztea, bainan ez du Berterretxek ere fitsik galduko... Hitzemaiten dautzut lagunduko dudala handizki ontasunez eta ohorez...

MARGARITA: Ene etorkizunari ez zaio gonbeni hemengo bizi moldea... Etxaldeko naiz ni eta ez jauregiko.

KONDEA: Ba, hortakotz ere preseski zaitut hautatu... Senditzen dut jende apala ene kontra muntatua dela, frangotan deus arrazoin funtsezkorik gabe. Nahi nituzke ene menekoekin gurutzamenduak goxatu eta azkartu... Zuk ezagutzen baituzu eta zu ere ezagutzen baitzaituzte, iduritzen zaut enekin plantatzen bazine, eskualde huntako jendeentzat, zerbait hobe atera laitekela... Aire bai edo ezean da hemengo hainitz jendeen ingurua.

MARGARITA: Ezkontza bihotzak du manatzen eta ez inguruak.

KONDEA: Arrazoina duzu... Gutarik bakotxak bere baitan sendi du zauri ilun bat, ezin arinduzko huts pizu bat. Haren eztigailu bakarra da, zintzoki maite zaituenaren solas eta sokorri leuna. Aspaldi du ilun samin horrek barnea minberatzen dautala... Hemen nehork ez nau maite. Kanpoz eder egiten badautet ere, barnez saltzen naute... Bakarrik bizi naiz, inguruko zerbitzari guziengatik... Beti konpainiatua izanagatik, ez da nehor ni baino konpainia gutiago duenik... Hortako nahi nuke lagun bat, ni konpainiatuko nauena, ez ele zuriz, ez lausengu beldurtiez bainan zintzoki, ni maitatuz ez dutanarentzat, bainan naizenarentzat... Baitakit zure jitea zoin zuzena eta garbia den, iduritzen zaut nik behar laguna, zu zintezkela.

MARGARITA: Aitortzen dautazun jiteak erraiten daut ez Berterretx saltzeko... Penetan delakotz, oraino hari jarraikiago izaiteko[...]k jaliko da.

MARGARITA: Ez dut holakorik sinetsiko ikusi-eta baizik.

KONDEA: Hurbil zaite leiho huntarat... Otxoak ene keinu bat aski du Berterretx libratzeko... Hasteko, ez zaitela sobera fida Berterretxek zure alderat daukan amodioaren fermutasunari... Ez baita urrun zure amodioari uko egitetik.

MARGARITA: (Bizi-bizia) Ez dut holakorik sinesten!... Eta hortaratu balin bada, eman diozkatzuen kolpe txarrez egin da...

KONDEA: Zer kolpe txar?... Sinets nezazu, nehork ez du hunki ere Berterretx... Sartzen bezain fresko jalitzen da... Otxoak keinu egiten dauku (errepusta ematen dio eskuz)... Zorigaitzez, ez duzu bizkarrez bertzerik ikusten Berterretx.

MARGARITA: (Nigarrez ari da) Nahi nuke harekin mintzatu...

KONDEA: Ez oraino... Bainan, mintzatzen ere ahalko zira harekin... Hortakotz, galdatzen dautzut pixka bat igurikatzea... Jasta-azu lehenik hemengo bizitik... Orduan duzu bakarrik, jakinaren gainean, zure hautua egiten ahalko.

MARGARITA: Berterretxek zer bizitik hemen jastatu duen nahi nuke jakin.

KONDEA: Erraiten dautzut berritz ere ontsa artatua izan dela, gisa orotarat... Nihaurek araberako manuak emanik oraino, bere zaintzale Turkoari.

TURKO: (Bet-betan sartzen da, samur gorrian) Jauna, hau soberakoa da haatik!... Ez da gaizki nitaz trufatzen Berterretx ustela! Ez zen hoin fier, muturrean joka, ostikoka, lurrean intzirika ibili dudalarik.

KONDEA: (Samur izigarrian) Nahi duka ixilik egon, haizen bezalako basa, hi!... Zer dituk molde horiek?... Hola sartzen hiza hemen aterik jo gabe ere!

TURKO: Ba, Berterretx, behin, ene eskuz urka nezan, zuhaurek erran zinerautan...

KONDEA: Zer?... Kanporat!... Habil kanporat hemendik, haizen bezalako sorjesa!... Kanporat! (Oihuz) Eta sarri eginen ditiagu konduak! (Margarita, ikaraz zuritua dago... Kondea hurbiltzen zaio, eta faltsuki)... Ez zazula kasurik egin horren erraneri... Gizon hori erdi eroa baita. Hi hi hi! (Irri faltsu batekin) Zer jalitzeko orai berritz!

MARGARITA: (Irri mehar, hotz, errabiazko bat dariola) Hi hi hi... Ba, ba, zer jalitzeko! (Biek irri dariote, bakotxak bere moldean)

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa