www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Koplak
Jean Baptiste Larralde, «Bordaxuri»
XIX. mendea

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Bertsolaritzaren historia II, (Patri Urkizuren edizioa). Etor, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

XORIÑOA KAIOLAN

 

Zertako ni kaiolan,

Zer eginik gaizki?

Ez othe dut bada izan

Bihotz-minik aski?

Airetan ibiltzeko

Jaunaren dohainak,

Eta ez preso egoteko

Ditut nik hegalak.

 

Behar bada nigarrez

Barur atzo danik,

Ene haurrak ni galdez

Daude, goseturik;

Laster hetaratzeko

Idek beraz bortak!

Maiz heien bazkatzeko

Ditut nik hegalak.

 

Primaderak oraindik

Senti du negua,

Eta ume bat bakharrik

Daukat lumatua;

Bertzek ez pairatzeko,

Onhets nere othoitzak!

Hekien berotzeko

Ditut nik hegalak.

 

Alhargun bat naizela

Ez dautzuet erran,

Helas! hil zitzaitala

Laguna segadan!

Haren mina arintzeko,

Eta eginbideak

Bienak bethetzeko

Ditut nik hegalak.

 

Iragan arratsean

Egin dut nik amets,

(Eta umez dohanean

Amak zer ez sinhets!)

Ohatzetik hurbilxko

Zabiltzala etsaiak,

Ai! lanjera aintzintzeko

Ditut nik hegalak.

 

Baina berantegi den

Nago beldurturik,

Nihon ez dut aditzen

Auhen minik baizik;

Ez, ezta dudatzeko,

Galdu ditut haurrak!

Orai, nik deusetako

Ez ditut hegalak.

 

Doluz errebel, Jauna,

Hasi naiz mintzatzen;

Bai, nere azken orena

Hari da hurbiltzen;

Zerurat airatzeko,

Umentzat alferrak

Zaizkit baliatuko

Agian hegalak.

 

aurrekoa hurrengoa