IRUGARREN ATALA
I
(Lenengo atalaren agertoki ber-bera. Lasalde etxe-aurrea ta Iturri-aundiko aska. Illunbarra da. Triki-trixa edo Bizkai-dantzan ari dira. Otxanak zaldabai edo panderoa jotzen du ta Beltzak eten gabe bertsuak abestuaz. Sei ala zortzi neska-mutil dantzan ari dira. Garatzi, Mikel eta Gorritxo tartean dirala. Oiek biak elkarren leian Garatziren atzetik dabiltz).
«Kantari nago, baiño
biotzetik trixte
nik miñik daukadanik
ez du iñor uste.
Pikoaren ostoa
Itzal egiteko
ederregia zera
nekazaritzako.
Gorritirako bidean
otea latz dago...
oiñak galdu ezkero
gizonik ez dago.
Mutil bi larri dira,
neska batengatik
bat ark jakin nai luke
ua norengatik».
II
(Soñu-jotzea amaitu da. Dantzariak sakabanatzen dira: neskatxak alde batera; mutillok bestera. Etxeko nagusiak bertsolari ta zaldabai-jotzaileari ardoa eskeintzen die. Mikel eta Gorritxo elkarren aurrean arkitzean mokoka abitzen dira):
GORRITXO: Zer duk ik neskarekin? (Garazirengatik). Pinpirin ori iretzat dagola uste al duk?
MIKEL: Itz ernarika asi al aiz Gorritxo? Iru egun ernari egin duk aur gaizto.
GORRITXO: Irekin alderdi gutxi izango dik, maizter etxe... mehe.
MIKEL: (Berotuaz). Burruka nai al duk? Eginen diagu bada; itzez aurrenik, ukabilka gero...
GORRITXO: Ez diat burrukarik aitatu baizik berak dezala aukera.
MIKEL: Naiz pobre izaki odolez i bezin euskaldun nauk.
GORRITXO: (Sutuaz). Isil adi, ez bai duk ez odol eta ez ondasun.
MIKEL: (Asarre bizian). Lauso abil! Laister ikusiko Errekaldeko Garatzi zeiñentako...
GORRITXO: Tajua baduk izketa leguntzen... eta gezurrak esaten (nardaz). Aker buru jale!
MIKEL: Ez nazakela sutu bestela atzaparretan purrukatzen al aut (Gorritxorengana joanez jo nairik).
(Neskatzak oiu ta karraxi atera bezate Ai! ai! ai! ta Gorritxo ikaraturik igesi doa. Etxenagusi, Otxanda ta Beltza paketu nairik sartzen dira).
ETXE-NAGUSI: Ez dugu burrukarik bear. Pesta burutu da. Zoazte guziok etxera!
OTXANDA: Ederki esana!
BELTZA: Oiean oztuko zaie odola. Jainkoak dizuela gabon.
(Neskatxak alde batetik mutillok bestetik doaz. Antzes tokia une batean utsik geldi bedi).
III
(Urrundik Beltzaren abotsa entzungo da: orobat zakurraren zaunka isilean). (Euskaldunak XII).
«Txori banintz, bele banintz
joan nindaite airean
usoño hura nik
arrapa niro
aizean edo lurrean
eta bestela
sar nindaiteke
haren usotegian».
(Goiko balkoiaren leioa idikiko da ango argitara Garatzi azaltzen dala. Ao-txistua berezi bat entzungo da Mikelek aterea leio-petik. Elkar zapi zuriez agurtuko dute ta berriz ilunpeta isilean omaitzen irudia).
OIALA ERORTZEN DA
|