www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Pestaburu
Antonio Maria Labaien
1967

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Teatro osoa euzkeraz (III), Antonio Labayen. La Gran Enciclopedia Vasca, 1977

 

 

aurrekoa hurrengoa

LENBIZIKO ATALA

 

 

I

 

OTXANDA TA KOXKO

 

(Bata ikazkiña beltz-beltz egiña, ortzak bakarrik zuri ditula agertu bedi. Bestea talogillea bizkorrean sakuto bat artairiñez zamatua). (Iturri aurrean atseden artzera geldi bitez).

 

KOXKO: Nere saku onek iriña ezik beruna ote dun dirudi. (Lurrean utzi ta esku-gibelaz izerdia txukaturik). Errian sartu aurretik deskantsu pizka bat artu bearko dugu. «Koxko» talogillea gizon dala oraindik erakutsi nai diet uitziarrai. Ainbeste urte dira pestaburura etortzen naizena! (Eseriaz).

OTXANDA: Nik bederen arpegi garbiaz agertu bearko dut. Bestenaz ez naute ezta etxekoak ere ezagutuko. (Arpegia garbitzen asiaz).

KOXKO: (Geldi eraziz). Zaude unetxo bat; trago edan dezadan ura zikindu baiño lenago. Egarritu naiz.

OTXANDA: Ez dago beldurrik gizona. Bada biontzako aña: garbitzeko... ta edateko... Onetarako obe duzu Peraltako ardoa.


(Koxko edaten ari dan bitartean. Otxandok musua prexkatu ta garbi beza).


KOXKO: Bapo! Orain pestarako modun gaude! (Otxandari begiratuaz). Beste itxura duzu, onela andrearengana agertu zaitezke. Pozik ikusiko zaitu eta naski bazkari ta otordu on batzuek jarriko dizkitzu.

OTXANDA: Betikoak!

KOXKO: Artairiñez urri badabil, ibil, saltzen al diot nai aiña.

OTXANDA: Berriz taloa? naiko jan dut txabolan! Okela saltsan eta errekia naigo ditut.

KOXKO: Ez zera gabe geldituko pestaburutan. Ardi zaar bat bederik izanen duzue etxean.

OTXANDA: Uste nuke! Gure etxea urtean bi bider arategi: txerria iltzekoan eta pesta aurregunean.

KOXKO: (Parregiñez). Ez dago gaizki esana! (Isilunea) (bideruntz begiraturik). To! Begirazu nor datorren! Beltxa bertsolaria!

OTXANDA: Orrek ere ez du utsegiten. Nun pesta an «Beltxa»... Ez dut beiñere ikazkintzan ikusi...

KOXKO: Ala da. (bideruntz begiratuz). To ara bestea! «Zamargin» zaldibitarra...

OTXANDA: Ori eltzen danean apustu ta partiduak izanen diran siñale. (Elkar agurturik).

 

 

II

 

LENGOAK, BELTZA ETA ZAMARGIN

 

BELTZA: Jainkoak arratsaldeon dizuela!

ZAMARGIN: Kaisio jaunak! Egoki?

KOXKO: Asnasa artzen. Zuek ere eldu zaizte.

OTXANDA: Pesta usaiera oiek e'... urtero bezela! Ez al da ala Beltxa?

BELTZA: Bearko uitziarrok besta eginen baduzue... Bai Otxanda.

        Usaiakin bakarrik ez nike geldi nai. Ik ere muturra garbitu duk besta modurako. (Par dagite besteak).

ZAMARGIN: Eguraldia ere garbitu da. Egoaize txinta ote datorren apustutarako giro izan dedilla.

OTXANDA: Probintzianoak (giputzak) su eman gabe ere mutillak gaituzu emen jokuak egiten... eta galtzen.

KOXKO: Ez duzue errez leitzarrai irabaztea.

BELTZA: Guk bai ez dugula deus irabazten iturri ondoan egonda... Burutik berakoa geienez. Goazen lenbaitlen ostatura. Gosetuxea nago eta ardi-loreak izanen dira jaki, apari egiteko. Aurrera probintziano!

ZAMARGIN: Apari garai arte badegu astia. Emengo esteki-sopa ta arraultz-odolkiak Zaldibiko monteiuen antzekoak.

BELTZA: Ardikia ez dakit nungoa ote dan obea, baiñan Peraltako ardoa ango sagardoa baiño maitego dudala bai! Arranetan.

ZAMARGIN: Gipuzkoan ere ez gaude ardo paltan. Naparroko erriberak bialtzen digu edan ala. Geitxo ere bai! Goazen bada gure bidetik.

KOXKO: Elkarrekin joanen gaituzu adiskide. Indartu bait naiz. (Berriz sakua leporatuaz).

OTXANDA: Eup! Iturriko ura ona duzu musua garbitzeko baiñan ez indar emateko.

BELTZA: Jakiña! (Bijoaz).

 

 

III

 

PONTXO TA ESKALE BAT

 

(Txistularia danbolin dindil gorriduna gerritik zintzilik dula. Eskalea oi duten itxuran. Biok iturri ondoan eseri bitez).

 

PONTXO: (Jardunean). Zu ere pestara? eskale?

ESKALE: Bai danbolin jauna. Beti ere egun auetan eskuzabalago izan oi bait dira jendeak...

PONTXO: Emanen dizue zintzur eta biri..., eta txerri ankak!

ESKALE: Ez da sasoia. Praileak eraman zituten guziak.

PONTXO: Zerbait eroriko zaizue ordea etxe guzietan esan ala «Ave Mari»...

ESKALE: Ori bai!

PONTXO: (Sakeletik txanpona ateriaz). Torizu bada zortziko bat!

ESKALE: (Eskerrikasko! artuaz). Noan orain lenbaitlen errira beste norbait aurretu ez zaidan. Eskaleak bestara beleak sarraskira aiña biltzen bait gaituzu. (Bijoa).

PONTXO: Zoaz ondotxo! Ni emen gelditzen naiz. Atsa estutu zait eta aspoak eta ezpaña ondo bear ditut pestetarako.

 

 

IV

 

PONTXO, EMAKUMEZKO
TA NEXKA-MUTILLAK

 

(Pontxok kolkotik txistua atera beza eta ots luze zorrotz batzuek atera bitzaio leiaketa gisan). Piiiii! Soñua enzundakoan baserriko nexka-mutil eta gero Emakumezko batzuek agertu bitez).

 

NEXKA-MUTILLAK: Pontxo! Danbolin eldu da! Txistularie!

BATEK: Zerbait jo zazu Pontxo jauna, dantza gaitezen!

PONTXO: Ea bada onoko doñu au dantzatzen badakizuen. (Aita Donostiak bildutako aur-dantza jotzen asi bedi ta neska-mutikoak inguruan dantzatzen). (Ontan ari dirala iruzpalau andre-emakumezko, suillak eta sukalde-ontziak buru gañean dituztela sartzen dira. Auentzat beste soñu bat joko du dantzatu dezaten. Ballet... Moduko-dantza bukatutakoan emakumezko batek dio).

EMAKUME: Sar zaite gurera mokau bat artzera. Apaitera geldi nai baduzu zerbait izanen duzu. (bijoaz)

 

 

V

 

GARATZI ETA MIKEL

 

MIKEL: Jaiak bezperatik ezagun dira.

GARATZI: Ala da Mikel. «Pontxo» Zubietako danbolin eldu da errira.

MIKEL: Txistu ta tuntun otsa entzun dut lanean ari nintzala...

GARATZI: Emen aritu bait dira dantzan.

MIKEL: Biar izanen da gure txanda. Soka dantzan bikotea egingo bagenu...

GARATZI: Pozik beste batek ez badizu artzen aurrea.

MIKEL: Garaiz esanen diot norbaiti: «ekarrak Garatzi».

GARATZI: Beste norbait nere billa lenago badator... legea-lege joan bearko dut.

MIKEL: Egonen naiz erne ala gerta ez dedin...

GARATZI: Biar arte bada, meza nagusira joanen zera.

MIKEL: Badut asmo.

GARATZI: Ordun biar artio... Banoa etxera. Amatxi kezketan zai izanen dut onezkero.

MIKEL: Ba zoaz ain aguro?

GARATZI: Berandu bait da. Adio Mikel! (suilla buruan gañean jarrita doala). Illuntzen asia bait da.

MIKEL: Agur (Adio). Garatzi (etxeruntz doala begiraturik). Orain bai uzten nazula illunpean. (Bakarrik gelditutakoan eta etxeruntz begira onoko abestia kanta bezo. Euskaldunak VIII.)

 

                «Azpirozko aldapatik

                Albisurakoan

                Trixte neukan biotza

                angoxe basoan.

                Zerk eman ote zidan

                Albisu gogoan

                iñolaz ere burutik

                ezin kendu nuan» (bijoa).

 

(Erabat illundu du ta ikulluan beiek egiten duten orrua entzuten da).

 

aurrekoa hurrengoa