www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Iparragirre
Antonio Maria Labaien
1933

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Teatro osoa euzkeraz (I), Antonio Labayen. La Gran Enciclopedia Vasca, 1976

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGAREN EKITALDIA

 

        (Antzeztokia bitara antolatuta: puska batean Txapartegi baserriko sukaldea; bestean atalaurreko bidea, soro ta alorrak. Urrutira baso-mendiak. Sukalde gela oi dan tresnaz eta bear dan eraz ornituta. Zertzelada oriek antzezkizun zuzendariari dagozkio. Beñepein, mai aundi bat eta alkiak ez dezatela utsegin; eta eltxekariak laratzean ere ez).

 

 

LENBIZIKO AGERRALDIA

 

Joxakin, Ixabel, Martin Antonio,
Guadalupe, Iparragirre eta auzoko nekazari,
gizon-emakumezkoak. Ta Lutxi,
(Txapartegiko mirabe zarra)

 

(Orok, agidanean, une artantxe bidetik ateaurrera elduak dira. Taldea antzeztokian era ontan agertuko da: lenen, aitaseme ta gizonezko nekazariak; Ixabel, Lutxi (mirabe zarra) ta beste atsoak gero; azkenik Guadalupe ta Iparragirre).

(Zakurren zaunkak entzungo dira).

 

MARTIN ANTONIO: Au ezta askoik aldau. Alaxe zegon Amerika jun nintzenen ere.

JOXAKIN: Ez, orain pixka bat zarrago. Antolau biarra bauka baño... nagusiari antolatzeko eskatzen badiogu errenta altxako digu-ta.

I NEKAZARIA: Bai. Aguro gero!

II NEKAZARIA: Ori esan! Bai...

MARTIN ANTONIO: Erosi ere egingo genioke, berak saldu gura balu.

I NEKAZARIA: Aldunak egiten du...

II NEKAZARIA: Bejoaindizula!... (Joxakini) Eztezu lasatasun makala artuko. Baserrin jabe izatea!...

JOXAKIN: Ondo gurek dira guztik ere bai. Gure aitonen aitonak emen bizi izanak omen dira-ta. Geok ezpagenitun obetu lurrak, ez luke emendik ezer asko aterako ugazaba printzipalak. Malkarra besterik ezta-ta.

I NEKAZARIA: Mixeria!

II NEKAZARIA: Konporme! (Erausian darraite) (Beste taldean).

IXABEL: Guztira ederki ibilli gera bidajen.

I ATSOA: Trenen beñepin ezta asko nekatzen.

IXABEL: Alare etxera biurtzeko pozik.

II ATSOA: Nai litzake, olako semea ekarrita aberastuta (Guztiok Martin Antoniori begiratzen diote) Mutil bikaña dago. Zeñek esan basarrikoa danik?

LUTXI: Bergarako kaballero prinzipaletakoa dirudi. Ondo gobernau-ta ipintzen degunean ikusteko egongo da. Norbaitzuk begiratuko diote gogotik.

ATSOAK: Ja! ja! ja! au Lutxi au!

IXABEL: (Kopet illun Lutxiri) Ixilik zare, ixilik. Obe zenun ni kanpon ibilli naizen bitarten ardatzen egin bazenun ta gaur goizen labe-sua piztu, zera...

I ATSOA: Indianok basarrin etsiko ote du? Baezpa otordu on eta luzek maniatu bear.

IXABEL: Gure Martin Antonio jan gutxikoa da. Ogia ere azalutsa jaten du. Ta sagarrak eta olakok, azalik bage. Piña dago. (Eleketan diardute).

IPARRAGIRRE: (Guadaluperi) Nekatu naiz ederki oneraño etortzen. Oraintxe nere indarrak juan dira. (Nekez asnasa artuaz) Beñere etzitzaidan bide au ain luzea iduritu.

GUADALUPE: Au Ondarrabiatik Guadaluperaño baña urrutigo dago. Ta ezta itxasorik ikusten. Auxen da itxusia. Txakurrak koskik egiten al du?...

IPARRAGIRRE: Zuri ez. Ni ez natzaio baezpa bertaratuko. Animalik, eskalea erraz ezagutu oi dute. Bai, ontara iritxi da artista euskalduna... (Geigikeriaz).

        Or pian, nere sorterrian aztu naute; familikok il ziran, edo... il nitun. (Goibelduaz) Denbora batean txaloka ibilli ninduten aiskideak, gerratian fueroakin batera, erori ziran (Bakarrizketan antzean) o! Moraza goitarra ta bitoriar prestuak, zuek eta etxe ontako nagusiak bakarrik lagundu nazute.

        Obe nun Amerikan gelditu banintz. Ez nun gaurko eskerbeltza bilduko. Nere alaba gaxoak! (Malkoa dariola)

GUADALUPE: (Errukituta) Ba alditu alabak?...

IPARRAGIRRE: (Oldozpen txarrak urrutiratu naiean) Bai, an, Amerikan gelditu dira.

GUADALUPE: Ni ere nere gogoz ez nintzan Ondarrabitik irtengo. Amak bialdu nau-ta.

IPARRAGIRRE: Gaztea zera ta amaren esana egin da etzera galtzen aterako.

GUADALUPE: Berorri bezelako dirudunak bagiña bai.

IPARRAGIRRE: Tristea! ez al dakizu aberatsak ezagutzen? Ori da mundu ontan aurrena ikasten dana. Zakurrak berak ere igarri dit-eta.

MARTIN ANTONIO: (Guztioi) Tira! sartuko zerate zerbait artzea. Gure amak zer edo zer izango ote du!

NEKAZARIAK: Eskarrikasko! Estimatua dago!

ATSOAK: Urrena etorriko gera...

IXABEL: Bai. Gazta ta ogia, ardo puska bat eta txokolatea etxen ba dira beñepein. Neuk iganden zelebratzeko asmoa artua neukan baña...

NEKAZARIAK: Obe izango da.

ATSOAK: Bai, bai.

JOXAKIN: Ordun soñu ta guzti pesta ederra ipiñiko degu.

MARTIN ANTONIO: (Iparragirrengatik) Emen degu soñu jotzallea.

IPARRAGIRRE: Soñu eskaxa da nerea, dantzako.

I ATSOA: Ajola zaie neskamutillei, soñue izan ezkero. (Guadaluperi) Ez al da ala gazte?...

GUADALUPE: Ni ez naiz dantzatzen.

ATSOAK: (Arrituta) A...a...ra!

JOXAKIN: Ballara ontan ederki dantzatzen diranak badira. Belokiko Mañaxi-ta.

IXABEL: Orain dantza kontue laga zagun. Lutxi, etxea nola dagon errepau biar degu.

II ATSOA: Ederki egiña. Gure ala goaz.

JOXAKIN: Auxen da etxekoandren presa. Bagoaz, bagoaz danok ere. (Irritsu) Zure txanponak lengo lekun egongo dire bai.

IXABEL: Atean geldin egonda, ezta ezer aurreatzen. Zuek gelditu zaizte nai badezue. Or konpon (Lutxikin sartzen da).

I NEKAZARIA: Ori esan ori!... Bueno! urrenarte ba!

JOXAKIN: Azienda semeari erakutsiko diot. Seme (Martin Antonio Guadalupekin izketan ariko da) Tira! ikullu ederra daukagu.

MARTIN ANTONIO: Amerikan ere azienda obeto ikusi degu.

JOXAKIN: Etzien gurek bezin gurik izango. Larre bei edo alakok, seguru. Ez gurek bezela gobernauk.

MARTIN ANTONIO: Ikusiko ditugu ba, aita.

LUTXI: (Atean agertuaz) Esnetan «irabaziko» dienak gutxi dira probintzi osoan. Oraintxe jetxi ditut. Ikustekok dira.

IXABEL: (Barrendik otsegiñaz) Lutxi ordea! Zuri bai iñork iraten eztizula berriketan. (Lutxi berriz sartzen da).

JOXAKIN: Bagoazke barrena bestela eingo digu guri ere.

ATSOAK: Bai, bai, zoazte. Ario.

GUZTIOK: Ario... Urrenarte... Bai ondo izan!...

JOXAKIN: Tira Joxe Mari, sartu gaitean. Zuek ere bai gazteak.

IPARRAGIRRE: Sartu gaitean ba, aspaldiko «Txapartegin» (Biok sartzen dira).

MARTIN ANTONIO: Bai, goazen. (Martin Antoniok atean bertan, sartzerakoan, sakeletik erroskilla batzuek aterako ditu Guadaluperi emanaz) Ezta gauza aundik baña, erroskill ok artuko dizkidatzu.

GUADALUPE: Eskarrikasko! (Auek ere etxeratzen dira).

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Bi Gizaseme ta iru Emakumezkoak.

 

(Etxeruntz abiturik).

 

I NEKAZARIA: Lanerako giro ona dago-ta alpapa puska bat ebaki bear det ganauntzat.

II NEKAZARIA: Ba geuk beti lanean aditu bear eta beti probe... Nekazaria baña errukarrigoik ba al da ba... Obe genun Amerika jun bagiña.

I NEKAZARIA: Joxakini seme oso aberatza etorri ote zaion edo.

II NEKAZARIA: Soñua ala da beintzat.

I NEKAZARIA: Baserria erosiko ote dun... Seme pizkorra atera zaio.

II NEKAZARIA: Gogon daukat Amerika jun zanen. Oñez aitak berak Beasaña eraman zon. Mutilla zan, arten, eskolik baeko... Orain berriz zaldi gañen igo da etxeraño alajaña, ta or bealdian jendekin erderaz parra-parra ai zan.... (Gizonezkoak bijoaz).

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

Iru Emakumezkoak.

 

I ATSOA: Geu ere zeregiñeta bagoazke.

II ATSOA: Bai, ta eguna moztutzen ezpada ari ba... Eskerrak artoa biltzeko giro aproposa dagola.

III ATSOA: Zuenen noiz dezute arto-txuriketa?

I ATSOA: Aste ontan ez beñepein. Iganden berriz «Telerin» atsolarreta degu-ta. Zer esana izango da an. Gero ezpaita Ixabel jungo ta. Bakizute asarretu zirala.

III ATSOA: Orain «Telerikoak» baño geigo dirala irudituko zaie gañera.

I ATSOA: Erraña ere, Martin Antoniontzat, etxen sartu bearko du.

III ATSOA: Zer zala uzte dezu berakin ekarri duten neskatxa?...

I ATSOA: Ori esan Prantxiska!...

II ATSOA: «Iparragirren» alabea dala ere aitu det.

III ATSOA: Amaika izango ditu bazterretan!

I ATSOA: Baleike bai. Antza ere badu bai. Orra! «Txapartegiko» etxekoandre gaztea. Neskatxa balientea; goierriko piñegie ere...

III ATSOA: Iparragirren alabea bada eztu gurako Ixabelek. Zerbait duna etxeatuko du bai... (Bijoaz).

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Lutxi ta Ixabel.

 

(Sukaldean).

 

LUTXI: Azukre ere aitu zaigu-ta billa jon bearko degu.

IXABEL: Jesus ba! etxe ontan aña azukre bear dan parajerik. Basarri gozozalea auxe...

LUTXI: Esnea baukagu-ta. Gizajoak amaika gose pasauko ziton Amerikan dirue egiteko.

IXABEL: Ala uste det! Gure mutilla egon dan lekun zer jana etzaio paltau. Okelia emen baño maizago okitu arte. Ala dio gure Martin Antoniok noiz nai azienda il da zera, erreta jate omen zuen.

LUTXI: Eztire emengo lakoak izango.

IXABEL: Gurik emen dira oso, ta millaka; ala dio gure Martin Antoniok. Neuk ere Prantziko Burgosen ikusia daukat bai. Ango zerkausia, ene! Gauzia gurdika; nola aza, tipula, azanaioa.

LUTXI: Baratza jeneroa izan bearko bai, bañan emengo esne ta baskantzak. Guri asko ipiñiko diogu lepozamarra Martin Antonioi. Neuk gazitutako urdai azpikoa ezpestelakoa urten zan. Ea aitu da au ere.

IXABEL: Noski, emen aste gorrin ere eztaiak dirala ba diruri-ta. Ola bagoaz txerria laister ilko bearko degu. Ta etxekok bakarrik mantenu bear bagiñuzke gaitz erdi. Iparragirreri ere Billarrialkok txalo ta pesta-asko egin dizkate bañan ezer gutxi eman. Azkenen gere etxera. Martin Antoniongatik ezpalitz....

LUTXI: Pantasioso galanta. Leno ere Madrillen-ta ibillia zan ori. Jun deilla orain ere ara jende ingañatzera... Emontre! ta...

IXABEL: Diruk gere semek aisa irabazi dituela iruditzen zaie batzuen-batzuei.

LUTXI: Atrebentziakin bada ere berakin etorri dan neskatxa dala-ta, ze esana badabil ballara guztian...

IXABEL: Orratakoxe daukagu geure Guadalupe! Eztakit nondik atera duten olako ixtorie.

LUTXI: Martin Antonio ezkongai edo dagola badakie-ta or jungo dire auzoko neskatxa danak iturrira sulla artuta gere galaia ikusteatik.

IXABEL: Eztue nere seme arrapauko ba. Alper-alperrik dabiltz. Txapartegiko etxeko-andre berrie aukeratuta dago. Etzazula oraindik iñon esan baña Martin Antonin andregaie Gualupe da.

LUTXI: Banengon ba neu; eztiot iñortxori esan baña, zea... pensau non olako zerbait zala. Ta nolakoa bera! andre ederra; bai, ederragoa arrosa baño. Ta ixille ta txukune. Gere alden piñe ere bai. Gero bealdian emakumezkok lan gutxi egiten oiturik dare-ta.

IXABEL: Zerekin bizia ta geio ere izango ute-ta. Ezteu etxera mirabetzat ekarri. Ez enetxoa!

LUTXI: Bai gusto emango dio Martin Antoniok, bai. Biok gazteak gañera. Martin Antonio, neuk esatenon bai aparta urten bear zola. Ori gizona! otsa andia ipiñi du ballaran. Katetik ere ontzakok zintzilik damazki.

IXABEL: Ori ezta ezer paperetan ditun interesen alden. Ajola aundiko balioa. Bañan naikoa degu-ta. Lutxi, zoaz len-bailen ur billa ta etzaiozula Gualupei alperrikako berbarik egin. Gajoa apur bat tristantziak artua dago ta. Emengo bizimañara akostumbrau arte.

LUTXI: (Sulla artata dijoalarik) Bai, amodioa sartua eukiko du korputzean-da...

IXABEL: (Asarre antzean) Tira! aguro zoaz!... (Joan da gero) Ori ere ba al dakin emontre neskazarra! ezpestena!...

 

 

BOSGARREN AGERRALDIA

 

Ixabel eta Guadalupe.

 

(Guadalupe ixilik ta geldiro sartzen da; itun).

 

IXABEL: (Guadalupe barruan dala oarturik) Emen al ziñan Gualupe? Eseri zaite eseri. Ikusiko dezu aparie nola prestatzen dotan. Arroza esnekin e ipiñiko det. Gustatzen zazu?...

GUADALUPE: Pixkat. Ondarrabian gutxitan jaten gendun.

IXABEL: Emen esnea aparta degu. Arroza azukrekin nastua eztie baño gozogo izaten da. Tira, gero jango dezu gura ala. Emen zure etxen bezela egotia nai degu. Edo obeki: txorie gari pillan bezela: zer nai, ura. Ondarrabin senide asko zerate ta dagonetik guztik jan bear; ala ere zeren amak naiko lan izango degu. Emen berriz... bakarra zaitugu-ta... Zure lekuan zenbait auzoko neskatxa balere... Ain poza!...

GUADALUPE: Ni eztet esan gaizki nagonik... (Ixillunea) Emen ezin etsiko detela besterik ez.

IXABEL: «Puerba» egin zazu ba. Gualupe, zu bezelako neskatxa pormalak zer edo zer pensau bear du. Gurasok ona bialdu bazaitue ere zerbaitengatik izango dala. Geroai ere beitu bear zaio.

GUADALUPE: Bai izeba. Ni amak esan ziranian konporme etorri nitzan; Aste-santu arte ta orduan etxera itzuliko nitzala bañan ain urruti dago oraindik, eguarrik eztira-ta...

        Ikusiko balitu beorrek Ondarrabiako prozeziuak. Ura poza berriz irixten diranean!

IXABEL: Ba, Zumarragako prozezioa ere ezta txantxetakoe. Billarrealgo bi ala bada ta errespetokoa! kandelak lodin buskantzak añakok....

GUADALUPE: Ba, Ondarrabian arrauna añakuak...

IXABEL: Musikia ere jotzen juten da.

GUADALUPE: Gure errian musika ta karabineruak.

IXABEL: Sermolaria berriz prailerik pizkorrena; bizarra Iparragirrek baño ere aundigoa.

GUADALUPE: Aundiagoa du frai Pedrok, Ondarrabikuak. Arrekin konpesatzen naiz.

IXABEL: Ongi dago. Bitarten Gualupe, Martin Antoniok ezer aitatzen badizu ontzat ar zaiozu-ta etzera gaizki biziko.

GUADALUPE: Arestian ere erroskillak eman dizkit.

IXABEL: Tuntuna! ez al dakizu Martin Antonio ezkongai dagola ta etxe barruan aukera izan da kanpora billa jungo eztala? (Guadalupe zearo gorritu ta itzik gabe gelditzen da) ...zutzaz gustaua dago.

GUADALUPE: (Larrituta itzak ozta-ozta mintzatzen ditularik) Nitzat?... ez!... Itza... emana nago...

IXABEL: Orrek eztu ezer esan gura. Eskribauik, beñepin etzen duen aurren izango-ta. Neska-mutillen gauziak; astuko zazu...

GUADALUPE: (Sendo) Ez!... ez... (Sotinka) Etxea jun nai det.

IXABEL: Ezbeñepein negarrik egin. Tira, paken utziko zaitugu. (Ateruntz joanez) Gajo ori amaren ondon oituta zare ta aixa larritzen zera. Ikasiko dezu bizimaña zuk ere. Sukalden zare Lutxi etorri arte ta kaso egiozu suari. (Bijoa naigabetua).

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

Iparragirre ta Guadalupe.

 

IPARRAGIRRE: Negarrez al zare Guadalupe? Ez al zare onik?...

GUADALUPE: (Naigabea eskutatu naian) Ez, ez... malko batzuk; ezergatik negarra egiten jartzen naiz. Ez bai naiz beñere etxetik irten-da gogoratu egiten zait.

IPARRAGIRRE: Ori besteik ezpada lasatu zaite, maitea, ezta ezer. Zu beñere etxetik irten etzera ta neu berriz ez naiz iñon gelditu al izan. A! nire ama zanai kaso egin izan banio ez nuke orain nire burua ain errukarri ikusiko.

GUADALUPE: Ni ere obeitzeatik etorri naiz, bestela, naiago det Ondarrabian bizitu.

IPARRAGIRRE: Emen osabanen ongi artu zaitute ta gañera andre Ixabelek (Irritsu) eztizu erritan egingo zere amak bezela.

GUADALUPE: Okerrago oraindik....

IPARRAGIRRE: Ez emakumea; ikusiko laister Santa Ixabelgo festak dira-ta dantzan zenbat egin bearko dezun.

GUADALUPE: Ez eztet egingo.

IPARRAGIRRE: Ai! ai! ai!!. Agian Ondarrabin mariñelen bat «aiskide» laga al dezu? (Guadalupek lotsa-lotsa eginda begiak jesten ditu)... Ez lotsatu. Ez daukazu nigatik beldurtu bearrik. Zu bezelako alabea neuk ere badet ta ura da aitan kutuna... (Guadalupek ixilik darrai). Maitea urruti daukazulako ez goibeldu; eztezu galduko.

GUADALUPE: (Bat-batean kemenez) Bai!; onela ekarri naute Martin Antoniokin ezkondu arazteatik.

IPARRAGIRRE: (Arriturik) Zu?... Martin Antoniokin. Bañan...

GUADALUPE: Izebak esan dit ta...

IPARRAGIRRE: Eztakit ezer; ez naiz ezer etxe ontan. Neuk, zer nai dezu esatea, Martin Antonioi lenotik eskerrak millaka zor banizkion orain... (Alde guzitara begiratuaz) bere etxean gaude, bere etxean artu naun ezkero egundaño nagusi gutxi ezautu izan arren orain, bere mendean nago; laguna baño geigo izan da neretzat, eziñake esku txarretan jausiko. Ondo pentsa zazu.

GUADALUPE: Pentsatuba daukat. Aspaldidanik itza emana nago. (Sotin artean) Ezin niteke emen gelditu. Bai beorri ere nere kontra dabil, eta guztia zekin. Gaur bertan... etxera... Igesi egingo det... Onra galtzen badet ere....

IPARRAGIRRE: (Besotik eutsiaz) Ezta ori ez Guadalupe. Neuk aitatukoa zure borondatea ala izan ezkero egitekotan zan. Bañan barrenak bestela agintzen badizu ez zaitu iñork beartuko. Nere alabari ere au bera esango nioke. Ta badakizu zure alde eukiko nazula.

GUADALUPE: Etxera jun nai det. Ezin egon naiz eman. Zer esan biar diot nik izebari?...

IPARRAGIRRE: Lasatu zazu biotz ori. Itxoin zazu. Neu emen nago zure alde itza egiteko ta guztia antolatuko degu. Baita etxe ontakoakin aserratuko banaiz ere. Baita kalen lagatzen banaute eskean asteko zorin.

GUADALUPE: Nai badue ta nai ezpadue ere Bixentekin bakarrik esposatuko naiz ta etxean aserratzen bazaizkigu Bixente ta biok Amerika berdin jungo gera.

IPARRAGIRRE: Etzazula olakorik esan Guadalupe. Emendik urten bear badezu neuk lagundu dizut aman maleraño. Amerika?... Andik nator eta nola? Azkenik an laga ditut nere aragizko puskak, emazte alaba tristeak; berekoia, nere ezurrak emen uzteagatik.

GUADALUPE: Ondarrabira itzuli nai det.

IPARRAGIRRE: Orain pakean zaude ta gero zer datorren ikusiko degu.

GUADALUPE: Bai bañan, beorrek faborez izebari esango al dio?...

IPARRAGIRRE: Dana! A! Lutxi ere iturritik badator.

GUADALUPE: Aizia artzera nua kanpora...

IPARRAGIRRE: Bista ederrak dituzu or; Irimo mendi-ta...

GUADALUPE: Itxasua ere bai?...

IPARRAGIRRE: Itxasoa bai, baña mariñelik ez... (Guadalupe bijoa ta Iparragirrek lagundu bezaio ateraño).

 

 

ZAZPIGAREN AGERRALDIA

 

Iparragirre ta Lutxi.

 

LUTXI: (Sulla buru gañean dula sarturik) Jainkoak dizula atsaldeon!

IPARRAGIRRE: Bai ta zuri ere aspaldiko Lutxi. Iturritik e?... Guadalupe zai egon zazu. Asti asko pasa dezu buelta egiten.

LUTXI: Geio pasatu dezu zeorrek zere bueltia egiten (Sulla maigañean usten du) Alajaña!

IPARRAGIRRE: Zer goratzen al zera azkeneko ikusi giñanen?

LUTXI: (Seta txarrez) Zibillak preso eraman zinduten artan?...

IPARRAGIRRE: (Luzaroan Lutxiri begiratu ondoren) Orain, eztiet ez zibillai ta ez emakumezkoai beldurrik sartzen. Zarra nago.

LUTXI: Zure edadea ondo dakit. Umetandik ezautu ziñuan ta orduko galai ziñan ta zertzen... azia.

IPARRAGIRRE: Naigo nuke orain zu bezela banengo.

LUTXI: Ni bezela zer?...

IPARRAGIRRE: Alegia... zera... bate kezkik bage. Txapartegin pakean, beti leku batean.

LUTXI: Bai, emakumezkok beti leku batean gare. Esperantzetan egon giñan, bañan ez gaitu iñork emendik atera...

IPARRAGIRRE: Esaera al da: «ondo dagona ez bedi muitu». Zu betiko Lutxi oraindik andre polita...

LUTXI: (Latz) Ta zu betiko Joxemari, itz leun eta palsoa... (Gibela ematen dio).

IPARRAGIRRE: (Pakea egin naiean) Zukin gaztetan pikaro zamarra izan banintzan barkatu nazazu... Orduko utsegiteak ondo ordaindu ditut. Txarkeri aundia egin nizun bañan bai nere buruari ere. Geroztik naigabeak geio zuritu didate bizarra urteak baño... (Ixillunea)... Ezkondu nintzan eta iru alaba ditut.

LUTXI: (Oroimen onek barruan daukan gorroto guztia piztutzen diolarik) Ilko ote zera berriro ikusi gabe. A ze nolako aite!... Lenago ere aite izan ziñan neu aurrakin erraz azko laga ta eskapa egiñik. Zibillen artean ostera eramango ote zaituzte!...

IPARRAGIRRE: (Bare) Zaude ixilik, Lutxi. Kalterik egin banintzun ez nion nere buruari txikigoa egin. Biok izan giñan errudunak. Aztu zazu, ainbeste urte pasa dira geroztik...

LUTXI: Gizonezkok erraz aztutzen dituzte. Neuk eztaukat aztuta. Alde egintzazu etxe ontatik likiskeri nabarmena. Zein zeran jakingo dute nausiek ta Martin Antoniok. Ta bearbada zu artu zaitun andrek ere.

IPARRAGIRRE: (Sututa) Deabrua al daukazu korputzean? Emen nago neu zuri erantzuteko. Ta laga itzazu pakean nere emazte ta familia, besterik etzat mundun gelditzen-da.

LUTXI: Neu bakarra edo gelditu nintzan... Orain ere mixerin familia laga ta etorriko ziñan... Emendik jun bearko dezu bada...

IPARRAGIRRE: Ixilik zare sorgiña!... Ezin eraman petral alena!...

LUTXI: Zu bai ajolakabe alperra!... (Bijoa igesi).

IPARRAGIRRE: (Jo naiean bezela) Alde egin zazu barren gaiztoko emakume ziztriña barkatzen eztakizuna!!

 

 

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

Iparragirre, Joxakin,
Ixabel eta Martin Antonio.

 

        (Auek irurak sartzen) Ola! emen gera; Kaxo!...

IXABEL: Non dire besteak?... Guadalupe-ta Lutxi....

IPARRAGIRRE: Or nunbait izan bear dute biak.

JOXAKIN: Bakarrik utzi zaitute konpañeo.

MARTIN ANTONIO: Ola, konpadrito!

IXABEL: Au lanbidea! Ta emen sukalden iñor ez. Sikiera alabea banu. Neskameakin eztao gauza onik. (Laratzera joanik eltzeak astinduko ditu) Gure aparie! Seme!

JOXAKIN: Semek erraña egingo du bai. Gauziak denbora bear do eltzeko. Gaia etxeatu degu-ta...

MARTIN ANTONIO: Kozinero txarra laga ezu apari ona prestatzeko ama. «Asao», errea balitz.

IPARRAGIRRE: Guztitatik egiten oitua nago. An Amerikan gizonezkok sukalde kontuan ibiltzen dira (Martin Antoniori) Ez al da ala Martin Antonio, «Baskito»...

MARTIN ANTONIO: Y, como no, che!

IXABEL: Onek «no» dio; noski. An ere gobernu ona izateko etxekoandre edo emakumea beintzat bearko dute bai.

MARTIN ANTONIO: Neu, denboria luzen, gonik ikusi barik egona naiz beñepein. Ezta abadienak ere. Ura basamortu aundia da apaizak eta andreak bizi al izateko.

IXABEL: Ene Jesus milla bider!! Mezik entzun barik egontzea seme? Elizik ez al da? A zer nolako kristauak!

MARTIN ANTONIO: Bai an kristauak ere badira ziurare-ta olakotan. Kanpon jai eguna noiz izaten zan ba al genekigun ba!

IPARRAGIRRE: Emen geienak eztakie an jendea nola bizi dan, Amerika ere asko aldau da. An ere bizimodua zalla dago. Batzuen batzuk aberastuzen dira baño gutxi. Debalde etortzeko ontzia balego euskaldunez beteko litzake.

JOXAKIN: Baserriko mutillak joera ara artua auke ba. Orain ere Etxebarrendik bi ote dijoazen otsa omen da.

IPARRAGIRRE: Etxetik ateratzeko gogoa baldin badute il edo bizi Habanara joatea obe.

IXABEL: (Asarre ta bizi) Habanara! ez, ez. Naiko gerra izan genun emen ere. Tira! eseri zaite seme. Andrea artuta pakean bizi bear dezu emen pamilin. Eztitugu semek alperrik asten, eztitugunez.

IPARRAGIRRE: Martin Antoniok ondo daki bai egin bear duna. Eztu iñor bear mundun ibiltzeko.

MARTIN ANTONIO: Nere amak dionez andre bat.

JOXAKIN: Andrea artzen badek eztek asko korrituko. Andrea buztarri astuna dek arin ibiltzeko.

IXABEL: Ez, beti ijitok bezela ibilliko da, zertzen... zera... auntza jun da etorri. Gizonezkok bein erare bat ezkero ezkondu edo praile (Parra dagite) (Martin Antoniori) Zutzako moduko nobie etxen daukagu: Guadalupe.

JOXAKIN: Ze demontre! Ondarrabiko lengusu ta biok aguro prestatu dezue eskontza. (Iparragirreri) Atso orik eztue denboria galdu.

IXABEL: Atsoa?... Zeu baño gazteago naiz.

JOXAKIN: Atzo etzendutela denboria galdu. Orik belarrik!... (Semeari) Seme, nai badek eta nai ezpadek ezkondu egin bearkok.

MARTIN ANTONIO: Gero ere ortako beta izango det.

JOXAKIN: Baita zera ere, zai egongo zaik...

IXABEL: Eztet gura mutil zarrik etxen. Kontentu egon zeizke. Guadalupe bejelako neskatxik gutxi; aren zanko ta gorputza. Aparta! Ona! Mutil eztaukek mauke txarra! Zenbait etxe oneko mutillek artuko luteke. Ez al da ala Joxe Mai?

IPARRAGIRRE: Galdera egin didazun ezkero, atrebentziakin... aurrerago gauzak eraman baño len, nunbait eztakizu eta, Guadalupe, bai, Guadalupe ezkongai izan arren, Ondarrabiko mariñela bati itzemana dagola...

IXABEL: (Irripar gaiztoaz) Zeuk baño obeki dakigu Guadalupen berri, bestela ez gendun geokin bilduko.

MARTIN ANTONIO: Ezkontzeko itzik eztiogu alkarri aitatu beintzat.

IPARRAGIRRE: Neuk, oraintsu Guadalupe berak negar bizitan esandakoa besterik eztakit.

JOXAKIN: Ederra da komerie. Ta neskatxa gogon kontra ekarri dezue, e?...

IXABEL: Gurasok ondona dakite alabeai komeni zaiona. Bi amak konpondu gera ta zerbaitegatik gera amak.

JOXAKIN: Neuk ere, gurasoa ote naizen-da eztakit, eztigute olako nobedaderik aitatu.

IXABEL: Neu ere zeukin esposau nintzanen ezer gutxi nekin nolako senarra artzen nun.

JOXAKIN: Etzendun baezpa ezezkoa esan.

IXABEL: Etxealdeko ziñalako.

MARTIN ANTONIO: Ixo! Ixo! (Iparragirreri) Ara non andregairik bage geldiu naizen.

IPARRAGIRRE: Beste bat sortuko da...

IXABEL: Ez, ez, (Urduri zearo amorratuta ta sukaldean batetik bestera jardunean) Gizonezkok beti arrazoia; geuk lana buru belarri. Emen sesioa ipiñita jango degu... Orratx!... A! Lutxi, ori eztakit non eskutau dan... Ta emen kanpokok agintzen dute!... (Iparragirrerengatik) Zure alabakin egingo diogu eskontza. Ortako gare!... (Kiñu lotsagabe bat egiñik irtengo da sukaldetik).

 

 

BEDERATZIGARREN AGERRALDIA

 

Iparragirre, Joxakin eta Martin Antonio.

 

IPARRAGIRRE: (Ixillunea) Erriratu nintzanetik makiñabat naigabe jaso ditut, irañ au ordea etzidan iñork arpegira bota. Berriz ere alde...

JOXAKIN: Aundigoak aditzen oituta nauka. Egun batzuk beñepein guekin egon zaite-ta...

IPARRAGIRRE: Eskarrikasko.

JOXAKIN: Gere etxekoandre?... Angiozarkoa da ta ango jendek mingaña zorrotza dute. Bai milla demonio!

MARTIN ANTONIO: Aita? Etxe zarra dagola iruitu zat.

JOXAKIN: Zarra? Geuk baño geigo iraungo ik oraindik bai.

MARTIN ANTONIO: Ezpadezu botatzen berrie egiteko bai.

JOXAKIN: (Iparragirreri) Gure indiano au oso diruturik edo. Oso goitik bistatzen etorri ote zaigun. Arranepola! emen gastau bañan len...

IPARRAGIRRE: Ederki dago. Bere jaiotetxea edertu gura du. Guzik gere etxea bagenu beartsu ta arlote (Bere buruagatik) garenen nun etzana izateko... Joxakin, a, ze nolako egun onak datozkitzun. Landare berria Txapartegin jaioko da-ta orduan, besotan atxurraren ordez illobatxuak ibilliko dituzu.

JOXAKIN: Ori (Semeagatik) onoko... oni galdeu...

MARTIN ANTONIO: Ez, lenbizi amari...

IPARRAGIRRE: Basarrian jabe egingo zerate.

JOXAKIN: Basarria Markesana da-ta naiko lan ark saldu nai izatea.

MARTIN ANTONIO: Eskatzen duna emango zaio-ta.

JOXAKIN: Ortarako kalen etxe arkituko genuke. San Martiñak urrian dira zerbait egiñenean.

        Zeñek esan, Joxe Mari, nere semea ola etorriko zanik? Errenta pagatzeko diña ortxe nunbait ixten giñan-da. Gere burua «Txapartegiko» jaun eta jabe ikusi bear ote degu ba?

MARTIN ANTONIO: Eta nagusi ta ugazaba nere diruk balio badute.

IPARRAGIRRE: Ori da seme prestu ta leiala izatea.

JOXAKIN: Bai. Ta au da ustekaben semea aberastuta etortzea. Iñazio, seme zarra, etxealdeko zana, il zanen, Bikariongana jo nun, oni, Martin Antoniori karta bat jarri zezaion. Onena au izango zala-ta Amerikatik etorri zedilla; Naiz probe etorri konporme nintzan, pijo ta leneko gogokin ezkero. Ta ara non...

MARTIN ANTONIO: Bai, karta artu non da onek (Iparragirrerengatik) letu zienen, zera, Txapartegitik ots egiten ziela anai difunto iltzalako, ba, lengo nausiari azienda ta lur guztiak saldu nizkan eta emen dauzkat (Nekez kolkotik txorta bat diru-paperak ateriaz) diru paperak Txapartegi erosteko. Biar bertan nagusi printzilpalengana jun-da diruk nekin baño ziurrago egongo dira.

JOXAKIN: (Pozik diruari begira) Eztegu beste orrenbeste gure urtetan ikusi. Ezta komeni batean orrenbeste diru erakustea. Aurrena beintzat, basarria salduko ote luken aitatuko diogu. Gizon korrientea da On Martin Aminixtraorea, baña bere moduko batekin, (Iparragirreri) zukin edo, eztakit bada obeto jungo ez ote giñaken.

IPARRAGIRRE: Ortan neuk baño geio dakizute. Zer balio duten etxek astu zat.

JOXAKIN: Basarri probea da au dirurik asko pagatzeko. Lur txarrak; Bi soro besterik ez, esateko; beste gañekok malkarrak. Mendia, orixe dezente.

MARTIN ANTONIO: Azienda ugari ipiñi bear; bei ta iri-ta...

JOXAKIN: Ta gobernua? Oñe! Non sortu bazka? belar mixerie datorrenen. Almazenak gero irabazi guztik jaten ditu.

MARTIN ANTONIO: Mendia obeto dago ingurun azienda larrera botatzeko.

IPARRAGIRRE: Ta nolako mendiak?; ederrak, ezpestelakoak.

JOXAKIN: Mendik... satorra besterik eztabil barrutitan eta izugarrizko kalteak egiten dizkigute. Zeok ikusiko dezute. Goazen auntza: lizarretaño, belar mixeri izugarrie dago-ta.

MARTIN ANTONIO: Malda gora ibiltzen astu ote zaidan edo. Ango zelaiak, Iparragirre, zeu nekauko zera. Zaldi bat balego ederki. Neoneri ere zaldi gañean ibiltzeko gogoak egin zaizkit.

IPARRAGIRRE: (Parrez) Basarrin ezta izaten astoa besterik.

JOXAKIN: Ta pizkorra bera; eramango zaitu bai.

IPARRAGIRRE: Karga txarra da nerea. Zuek itzuli bitartean atarin geldiuko naiz aize preskoa artzen.

JOXAKIN: Bero dago amen. Gañera sukaldean bagare gere etxekoandre erretxina dabil-da, aparia ere ozpinduko zaio. Gosetu naiz bapo.

MARTIN ANTONIO: Ori bear degu zera. Goazen bada. (Irurok ateruntz abitzen dira) Gaztañak eltzean dare egosten, ta gañerakoak...

JOXAKIN: Poliki da aurten. (Beatzaz urrutira erakutsiaz) Ara! auzko urki bakar ura, araño da gure mendia.

MARTIN ANTONIO: Auntzatik aurrera erri-mendik izango dira?

IPARRAGIRRE: Oriek izango dira nereak. (At dijoaz)

 

 

AMARGARREN AGERRALDIA

 

Ixabel eta Lutxi.

 

(Barrengo atetik sartuaz).

 

IXABEL: (Asarre ta otsegiñaz) Non zabiltza emakumea! Gaur guztin arten ernegazio ederrak pasa azten dizkidatzute. Jesus! Bata ola, bestea ala. Ara ze, nolako semeen etorrera. Ta beste muxin ori; señorita delikara daukagu... (Lutxiri urbilduko zaionean). Eztakit zertan sukaldetik alde egin dozun. Gero, prestauko da bakarrik aparia.

LUTXI: Barka beit baña... etxean artu ditugun bi orik... eztakit nola esan ere... Txapartegin berrogei urte ontan neskame nago ta uste det zerbait banaizela arlote orrek ez kargurik artzeko aña... Kuirao, gero. Beste ori... laguntza ederra etorri zaio etxekoandreari, atsalde guztin or dago damia bezela. Gure Martin Antonion zai badago!

IXABEL: Uste al dezu?... Baita zera e!... Olako errañarik ez degu Txapartegin bear. Kanpoa, kanpo!...

        Bere gurasok gaztigauko ditut lenbailen billa etorri ditezela. Zeñek esan?... Ekin egin dit, ea, «a ver» zera derrigorrean... Atrebiu!... Izane! kostalden ortutsik kalean oi diran sardin saltzalle orik lotsagabek izaten dira.

LUTXI: Okerragoa da beste likizkeri zikiña; jun dedilla bai emendik lenbailen bizarraundia!... Eskola ona erakutsiko dio pikaro alenak.

IXABEL: Gizonok opariko erregalok dira ok.

LUTXI: Zurrupatzalle ta alper galanta Ipartagirre ori. Eztegu etxetik belakon botako. Eztet gaur goizen ezautu. Bere denboria guztin erromeritik erromerira, jos! ibilli izan da, neskatxa guztin atzetik, kaso egin bagenio, ta orain zartu danean bestek manten zala.

IXABEL: «Lokes» eztiot oirik emango. Mandion lo egin zala.

LUTXI: Eztu leku obetan aspaldi bere burua etzan ez. Zikiñagoa dago...

IXABEL: Ur bedeinkatuakin etzatean igurtzi bear.

 

 

AMAIKAGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak, Guadalupe ta Iparragirre.

 

(Azkeneko auek biok sartzen dira).

 

IPARRAGIRRE: Ola! emen gatoz Nagusia ta Martin Antonio Lizarretako barrutira io dira zerbait ikusi bear dutela-ta.

IXABEL: Asko da zu bage nola juan diren. Guri ere esan besterik etziguten zeu emen geldiu azi barik.

LUTXI: Sukaldean beti ze arrapau izaten baita...

IPARRAGIRRE: (Mindua) Pobre naiz baño ez lapurra.... Denbora gutxin galaziko zaituet... (Asarre Lutxiri) Beste leku batean ez lizkidatzuke irañok arpegia botako ta gutxigo nere izen ona kendu naiko neskatxa onen aurrean...

GUADALUPE: (Bildurti) Guazen emendik.

IXABEL: Bazoazke bai; eztegu gogon kontra iñor etxean artu gura.

LUTXI: Milla pantansi bai! Mundua korritu-ta azkenean basarrira etorri, arto ta esne jatea. Ortako eskolan ikasi bearrik eztao gizonak.

IPARRAGIRRE: Zeuk askorik eztezula ezaguna da beñepein. Emendik bidaldu nai nazute ta alde egingo det, bai, bi bider aitatu baño len. Geldiu neike «Txaparrtegin» nagusiak besterik ez agindu bitartean. Bañan, eztet neu merio pamilin asarrebiderik ipiñiko. Jungo naiz, bai, laister! (Sendogo) Bai, laister. Orain bertan!...

GUADALUPE: Nire bai!...

IPARRAGIRRE: Ez, leno zere gurasok jakiñan gañean jarri bear ditugu.

IXABEL: Bazoazteke bai biok ere... (Iparragirreri) Zeuk eztakizu obeto ba, neskeak zer egin bear don?

LUTXI: Neskatxa pijo artuko genun etxekoandretzat.. Bersok ere aguro aterako ezpalizkioteke ba....

IPARRAGIRRE: (Sutan) Ixilik zare? suge mingañ pozoidun orretaz!!! Ajolakabe ezpestena!... Ez iñor lotsatu-azi zeuk aspaldi galdu bazenu ere. Ta au (Guadaluperen aurrean jarriaz) nere umea balitz baño gogotsuago babestuko det. Zere lerdeak eztu zikinduko!

GUADALUPE: Bixenten aurrian esan biar lituke arrokeri abek. Ta ain atso zarra ezpalitz neonek astinduko nioke ederki mototza.

IPARRAGIRRE: (Gibela bi atsoai emanas) Goazen lenbailen; arropa pardela ta gañerakok artu itzatzu ta bereala abituko gera, zu etxeruntz... Egundaño olako azio kaskarrik ikusteko negon.

GUADALUPE: Edozein tokira emen gelditu baño... (Etxebarrura sartzen dira biak)

 

 

AMABIGARREN AGERRALDIA

 

Ixabel eta Lutxi.

 

IXABEL: (Ixillune baten ondoren) (Garratz) Orain zoaz ballara guztin zabaltzea emen gertau dana. Aste oson giltzapean zeu eukitzeko gogoa ematen dit... Zer esan bear doten Nausik ta Martin Antoniok! Zeuk dituzu kulpia guztiak...

LUTXI: Ez andrea! Neu ezertxon sartu al naiz ba! Ez etortzea zuten...

IXABEL: Ixilik egoteko emontre! Zere zeregiñetan egon baziña etzan olakorik pasauko...

LUTXI: Ordun beorrekin erritan egingo zuten...

IXABEL: Tira! astindu zazu su ori gañeantzen lapikoa ezta erosiko etsi amu arte.

LUTXI: Babarrun berrie ipiñi det bada. Ur otsean ere urtuko litzakena. Salda ederra egiten ezpazaio bada; oliok eztu bear esateko.

IXABEL: Gaurko apariak erreusaie ere izango du. Jox! eu ezpiarra. Dana gizonezkok etxean etzeudelako.

LUTXI: Eztira aparte. Ikulluko atetik norbaitzuk badabiltza. (Oartuz) Bai, aita semeak dira...

IXABEL: Eztitezela Iparragirre-ta jun. Ea zertan ari diran... zoaz ikustera...

 

(Joxakin eta Martin Antonio azaltzen dira).

 

 

AMAIRUGARREN AGERRALDIA

 

Ixabel, Lutxi, Joxakin eta Martin Antonio.

 

JOXAKIN: Emen gera, emen gera!...

IXABEL: Uste non betirako mendia jun ziñatela.

JOXAKIN: Or Lizarretako barrutian izan gera. Semeak ikusi bear zola-ta.

LUTXI: Izardia atera azi didazue beñepein...

MARTIN ANTONIO: Au ezta ezer. Ba, ez ikustera ez non sinistatuko satorrak egiten dituzten kalteak. Ez ba; biartik sator eizian sayau bear det.

JOXAKIN: Alperrik da. Leno ere zepokin-da galdu ditugu makiña bat, berriz ere sortzen dira madarikatuak.

IXABEL: Kuxirare ona ikusten jun zerate! Gero ere satorrak or izango dira bai. Bitartean emen...

MARTIN ANTONIO: Ezta jolasa. An Amerikan beste zomorro apo saltari alako bat izaten da; baña plagia. Emendik Zumarragaño bitarteko bidean zabaltzen da. Ezin konta ala kilkerraren antzeko pizti ori ta landare ta soro guztiak txiki-txiki eginda usten ditu.

LUTXI: Guztik kantari asten badira ezta atsegin izango.

IXABEL: Zure ateraldik aditzea baño atsegiñagoa.

JOXAKIN: Asko da biok beti «armonin» aditu bear dezutela.

IXABEL: Zeuk aña gibel izan ezta.

JOXAKIN: Non dira Guadalupe ta?

IXABEL: Eztezu beingoan galdeu!... Emen itz batzugatik asarre birea ipiñi dute Lutxikin...

LUTXI: Ez, andrea.

IXABEL: Ixilik zare kilkerra bejela egon barik. Desapioka asi dira badijoazela-ta, emen bizi baño obea dala zera-ta, milla matrikullu ta aundi uste. Bai, jun ditezela ba...

JOXAKIN: Ezin leike! bañan zea....

IXABEL: Eztakit, neuk eztitut bialdu.

JOXAKIN: Zergatik dijoazen ere? Ederra egin didazute bion artean (Ixabel ta Lutxigatik) Etxeko pezta guztia galdu dezute.

MARTIN ANTONIO: Satorra ta pipiarena egin dute.

 

(Une ontantxe bidetik Iparragirre ta Guadalupe agertuko dira. Badijoaz) (Batak bere gitarra ta besteak bi pardeltxo ta otarra eskutan daramazkitela. Antzeztokia zearkatzen dute ixilik eta naigabetu antzean, eskutatu arte).

 

IXABEL: Or konpon! Biak ere eztira urruti ta... zeok ikusiko dezute.

JOXAKIN: Atoz seme. Ez ote zuten ola alde egingo... (Aita ta semea etxe barrura sartzen dira ta Ixabel eta Lutxi atean gelditzen dira zer gertatuko da jakin miñez. Barrendik datorrela Joxakinen otsa entzungo da) Joxe mai!... Gua. ..lupeee! Joxe maiiii! (Ta arin-arin zapia eroriko da).

 

 

aurrekoa hurrengoa