www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal-eguna
Antonio Maria Labaien
1931

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Teatro osoa euzkeraz (I), Antonio Labayen. La Gran Enciclopedia Vasca, 1976

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN EKITALDIA

 

        (Lenengo Ekitaldiko agertoki bera).

 

 

I. AGERRALDIA

 

Meltxor, Kaspar, Baldaxar ta Joxepantoni.

 

(Meltxor ta Gaspar gazte kaletarrak, apain jantziak, Baldaxar ere gaztea bañan bere adizkideak baño zaartxegoa; jantzian ta itxuran ere zabarragoa.)

 

MELTXOR: (Joxepantoniri) Esaiozu Donostiarrak gerala ta naikoa da. Espero gaitu-ta.

KASPAR: «Aitorren Illobak». Euskaltzaleak...

JOXEPANTONI: Bitorren illobak? ta esnezaleak? Ez ditu ezagutzen. Orain donostiarrak.

BALDAXAR: Donostiar kaskariñak...

JOXEPANTONI: Ez zerate, bada, «konsulta» etorriak izango? Ez baidu gaxorik artzen.

BALDAXAR: Ez andrea! osasun onean gatoz.

KASPAR: (Lagunai) Ori dek jakin gura. Oni zeatz adierazi bearko zioagu gure asmoa, bestela...

MELTXOR: (Joxepantoniri) Zuk aituko zenuen noski, ez bestelako euskal-jaiak erri ontan eratzen ari dirala. Bada orretzaz zure nagusiarekin-ta itzegitera gatoz.

JOXEPANTONI: Ederki, ederki. Orduan zuek «tanbolinteroak» izango zerate?

BALDAXAR: (Parrez) Ja, ja, ja! Tanbolinteruak? Zera, gu... «iru erregeak gera: Meltxor, Kaspar ta Baldaxar».

JOXEPANTONI: Ez zaudete zuek errege txarrak! Donostiarrekin ez naiz fio...

KASPAR: Ez dezazula gauza txarrarik uste. Zure nagusiarekin ta erriko agintariekin itzegitera gatoz. Emengo gazteai euskal dantza, jolas ta oiturak erakustera.

JOXEPANTONI: Jesus milla bider! Donostiarrak guri euskal oiturak erakustera? ez dago gauza zuzenik! Enetxoa!

BALDAXAR: Ez neri gero Donosti ikutu! (Abesten du) «Festarik bear bada etc., Donostiarrak nagusi gera, dantzan, abestietan, estropadetan ta Saski-Naskin»...

JOXEPANTONI: Baita zera ere! Saski utsean bearko!

MELTXOR: Ez zaiozula Baldaxarri jaramonik egin ta ea nagusi jaunari, faborez, deitzen diozun. Ta adi zazu... baezpa Jonixio bertsolaria nun bizitzen dan ba al dakizu?

JOXEPANTONI: Ez det jakingo bada! (Arrokeriz) Nere anaia da-ta. (Baldaxarreri) Ea nun dezuten Donostin orrelako bertsolarik?

BALDAXAR: Ez, ortan irabazten diguzute. Ona egia esan. (Zurikatzalle) Jonixio... obea da... Txirrita baño... ta zure anaia izaki geiago.

MELTXOR: Ta Jonixio ori, nun ikusi genezake?

JOXEPANTONI: Gaur errian da-ta neronek deituko diot.

KASPAR: (Meltxorreri albora) Ez dek urruti izango. Tabernan noski, ardoa edaten. Onelakoekin aberria gaizkatuko diagu.

BALDAXAR: (Kasparreri) Ixilik ago motel! (Joxepantonigatik) Onek aditzen badik.

MELTXOR: Jonixiorena gerorako utziko degu. Anaia beraz? Oso «famatua» da. Orain ea On Martineri lenbailen etortzeko esaten diozun.

JOXEPANTONI: Bai, banoa. Bereala etorriko zaizute. (Ateruntz joanaz) Zaudete pizka batean.

MELTXOR: Bai, bai. Beraz Jonixioren arreba. Ez genekien ezer! Bertsolari onena!

BALDAXAR: (Irritsu) Izan dan onenetakoa eguzkiaren azpian ta... belarraren gañean.

JOXEPANTONI: Arengana ere gero joango gera (Bijoa).

 

 

II. AGERRALDIA

 

Meltxor, Kaspar ta Baldaxar.

 

KASPAR: Ori dek piztia! Ez dik nagusirik galduko. Ta berriketako gogoa? Anaia bertsolariarena aitatu badiozute aitatu dezute, Jonixio gora ta Jonixio bera.

BALDAXAR: Jonixio gora!, bestela emango dik.

MELTXOR: Zer egingo iokan bada?

BALDAXAR: Atso abek bildurgarriak izaten dituk.

KASPAR: Martin Etxenagusia ezagutzeko gogoa badiat. Nolakoa dan!

MELTXOR: Oso dek atsegiña. Oraindik gizon gordiña ta iztun ederra.

BALDAXAR: Iztuna bakarrik?, idazlea ere. Gaurko «Argiak» artikulo ona dakar berea. («Argia» aterata Kasparreri emanaz).

KASPAR: Irakurri diat. Ez zegok gaizki, erreza, ariña ta errikoia. Bañan neretzat gaurko idazlerik bikañenak, sakonenak, Azelain ta Landazabal Aba dituk. Oiek ezagutzen dizkitek iñork baño obeki euskeraren bazterrak.

MELTXOR: Baliteke, bañan oiek darabilkiten euskera zail ta gogorra, zeñek ulertu? Garbizale porrukatuegiak dituk ta onela ez gaitxiok iñora. Azelain beintzat gaitza dek, «botikarioa» dala ezagun dik.

KASPAR: Azelainek asko zekik asko. Oraintsu «kimika» osoa euskeraz egin dik. Lana da gero. Gutxinez bi milla itz berri sortu dizkik.

MELTXOR: Amaika lan bearrezkoagoak badizkiagu. Kimika euskeraz jarri ta sagardoa nola ondo egiten dan erakusteko liburutxo bat izan ez.

BALDAXAR: Liburu gutxi bear da sagardoa polita egiteko: sagar ona. Ta edaten berriz bazekiagu!

KASPAR: Zera... euskeraz Jonixioren txorakeriak bakarrik entzun ta ikusi bear al dizkiagu bada? Gerorako lan egiten asi bear diagu.

MELTXOR: Oraingo lendabizi asi adi! Ez Landazabal karmelita bezela. Euskera gozo ta ederra dik, idaz-tankeraz moteltxoa bada ere. Ez ziguk bada Kanteren pilosopia aukeratu! Zein ausartu ura irakurtzen?

KASPAR: Iretzat «Euskaltzaindiko» jauntxoak bakarrik dituk akatzgabekoak. Zer egiten dute bada? Batzar asko ta utsa. Suchard gora ta Suchard bera.

BALDAXAR: Orrenbeste txokolate? Motellek «Euskaltzaindikoa» egin bear nazute!

KASPAR: Ez gizona! Sabin ez artu nai «Euskaltzaindiak» ta Jainko txikiak Suchard jauna, Vinson ta onelakoak dizkitek.

BALDAXAR: Banatxioken bada txokolatearen ori egia ote zan.

MELTXOR: (Asarre) Zuekin ez zegok itzegiterik! Euskaltzaindia lan txalogarria egiten ari dek ta jakintza legeen arabera. Azkue, Kanpion. Urkijo ta antzeko gizonak ez dituk egunero jaiotzen. Txapela kendu bear zaietek ta aien esanera makurtu.

KASPAR: Ez nik euskera «z»kin idazten ez duten bitartean. Zer egin ditek ba oraindaño? Errekara dirua bota! Obe litekek iztegia lenbailen argitaratu Sabinoren itzak arturik.

MELTXOR: Ortan ari dituk! (Alkarrizketa gero ta biziago azkeneraño).

BALDAXAR: Ta teatro berri bat egin «Saski Naski»koentzat. Or gatxok lekurik ez degula.

MELTXOR: Zer uste dek ordea? Jaun oiek euskaltzaiñak dituk ta ez argiñak.

BALDAXAR: Ba, ba, ba? Esan izan diat lenago ere, neretzat onenak Elizondo ta Toribio Alzaga, teatroan; ta Kirikiño zana ta Etxenagusia bestela. «Euskaltzaindi»koak...

KASPAR: Egin zezateakean lan geiago egin dutena baño.

MELTXOR: Jakintza lana, auzolana dala al deritzaik? Zera, mikeletiak bidaliko zizkoategu zaintzea!

BALDAXAR: Ez zegok eskubiderik, Donosti batean aguazillak euskeraz ez jakitea! Ta kaiako mukizuak ere, erderaz itzegitea!

 

 

III. AGERRALDIA

 

Lengoak ta Etxenagusia.

 

ETXENAGUSIA: (Sartuaz) Ongi etorri gazteak! (Meltxorreri) Zer modu Etxeberria? ondo e? (Laztanduaz.)

MELTXOR: Ederki! Eskarrikasko, zu ere bai?

ETXENAGUSIA: Baita, baita. Oia uztutzen degu-ta.

MELTXOR: Nere adiskideak aurkeztuko dizkitzut e? au, (Kasparrrerengatik) Kaspar Lekuona. Izen ordea «Txorlero».

ETXENAGUSIA: (Alkar oi dan eran agurtuaz) Poztutzen naiz ezagutuaz. Beraz «Txorlero» zaitugu. Zure lanak atseginez irakurtzen ditut.

KASPAR: Eskerrikasko! utsa dira!, zureak bai iaioak. Gu bai zu ezagutzera pozik etorri gerala, otsaundiko gizona.

ETXENAGUSIA: Utsa! utsa! Ke pizka bat ta gar gutxi. Ni itzali naiz.

MELTXOR: Ta beste au (Baldaxarrerengatik) Baldaxar Aranguren «Akullu».

ETXENAGUSIA: Gizona! Akullu? (Eskua estutuaz) Ezten zorrotzekoa gañera. Ondo zaude e? Ez dago zure itxurara begiratzea besterik.

BALDAXAR: Ni bezin ongi osasunez izatea opa dizut. Gaur zu ikusteakin, berriz ezin obeto.

ETXENAGUSIA: Erritan ari ziñatela iruditu zait ba?

MELTXOR: Badakizu, gure errietak ajola gutxikoak izan oi dira. Kaspar Euskaltzaindiarengatik ta beste jaun batzuentzaz gaizki esaka ari giñan. Guziok ez gera iritzi batekoak-ta.

ETXENAGUSIA: Ori ondo dago. Euskera ta euskel gauzak aintzakotzat artzen diran ezaugarria da. Beaumarchaisek esan zuan «letradunen errepublika otsoen errepublika zala».

BALDAXAR: Nik esaten dedana: euskaldunok errepublika bear degula.

MELTXOR: Orain ez goatxiok politikara. (Etxenagusiari) Badakizu zertara etorri geran. Gure eskutitza jasoko zenuen. Ea ba, zer nolako euskal-jaiak antolatzen ditugun.

ETXENAGUSIA: Begira, ni, zarra ta gogo gutxikin nago, azkeneko urte oietan zigor aundiak artu baditut. Ez naiz lengoa, orain zuen garrak zerbait suspertzen banau ere. Euskal-jaia emen egiteko asmoa erriak oso ondo artu du, agintariak ta guzi. Ta Gibelalde aitari gorasarrea egitea, bururatu zaizuten asmorik egokiena bada. Emengo semea izanik ez zitzaion beñere ezer egin.

KASPAR: Gibelalde izan uan ea euskeraren aita.

BALDAXAR: Euskeraren aita Aitor izan uan ba?

KASPAR: Ixilik ago! Irudimenezko izena dek ori. Gibelalde Larramendik ere aitatzen dik orduko izlaritatik bikañena bezela. Ta emen, jaioterrian aren omenez zerbait egiteko garaia dek.

BALDAXAR: Gibelalde Gazteluzarren jaioa zala ere aditu izan diat.

KASPAR: Ez jauna! Aspaldi garbin jarri uan Irizartarra zala. (Etxenagusiari) Ez al da onela?

ETXENAGUSIA: Bai, ezpairik gabe. Ez da egun asko oso agiri bakanak jaso ditudala Gibelalderen bizitzaren buruz. Eskutitz batzuek baditut, ark bere amari zuzenduak. Aldi artan egia da ama Gazteluzarren bizi zala, ez emen. Bañan agiri guztiok diote emen Irizarren jaio zala «Etxegoiko» baserrian. Goazen nere liburutegira ta erakutsiko dizkitzutet amaika paper zar. Ta ardo goxo txurrut bat artuko dezute besteak meza nagusitik etorri bitartean.

KASPAR: Zure agiri zarrak pozik ikusiko nituke, bañan ez zaitela guretzako ezer ateratzen aritu. Eskerrikasko!

BALDAXAR: Ni beintzat etxean gosaldu ta gañera emen ostatuan arrautz prejitu pare bat artua nago. Eguardi arte ez det ezer nai. Milla esker!

MELTXOR: Ez jauna ez! Liburutegira lagunduko dizugu, bañan jaia aurrera eramateko sermoi askotxo tajutu bear ditugu. Ez degu astirik galtzerik. Dantzari, bertsolari, palankalari, aurren jaia ta abar gertuarazi bear dira.

ETXENAGUSIA: Ez daude aztuta, ori guzia gertutzen ari dira, ta alkatea ta besteak etorri ditezenean zertan diran adieraziko dizute. Ez det uste eragozpenik sortuko danik: enparantzan naiko toki jolas guzietarako badago; eliz-etxean areto aundia teatro jaierako.

BALDAXAR: Oraingoz seguru gera, orduan.

KASPAR: Gobernadoreak baimenik ukatzen ez badu.

ETXENAGUSIA: Bai zera! Bera «konbidatzeko» asmoa dute-ta. Emen aurrera dijoaz. Orain zuek lan egin bear dezute Donosti aldetik jende asko etorri dedin. (Abituaz)

BALDAXAR: «Aitorren illobak» jaiak eratzen mutillak dirala badakizu. Jo ta kea aterako degu.

ETXENAGUSIA: Zuek bezelako gazte askorekin zerbait izatera iritxiko giñake. (Atean Meltxorreri lenengo igaro arazi nai dio).

MELTXOR: Ez, jauna, zu lenengo. Ez lizake besterik bear.

KASPAR: (Besteai darraiela) Gazteak futbol, zezenak, boxeo ta antzekotan bai: ostikoka ta mutur joka. Ori dek aurrerapena!

BALDAXAR: Ez neri ikutu Uzkudun.

KASPAR: Ikutu ditek ondo Ameriketan (Bijoaz)

 

 

IV. AGERRALDIA

 

Garatzi ta Maistra.

 

(Beste atetik sarturik)

 

GARATZI: Etxe ontan sartzen ikusi ditut, zure zai nengoalarik. Beriala deitu egin didazu ta etorri gera. Donostiarrak ziran.

MAISTRA: Bai emakumea! Iru dira; bata «de sombrero» zapata txuriakin; bestea burutzik zijoan ta irugarrena berriz lodi bat da baldar jantzia, zaragi puztua zirudien.

GARATZI: Ez dakit ba...

MAISTRA: Zera izango da. «Akullu»! Ori euskal jai guzietara azaltzen da. Gizon jatorra ta oso ezaguna.

GARATZI: Ikusten dedanez atsegin zaizu. (Irritsu)

MAISTRA: Ez det onurarik (Probetxurik) ezkondua baida. Seme pilla ere izan bear du.

GARATZI: Guziekin baldin badator izango degu lana.

MAISTRA: Aur geyago oraindik? Errikoekin ere aski degu. Zerbait ikasten ari dira ta orain lasago nago. Dantza ta antzerkian txalo ederrak jo bear dizkiote.

GARATZI: Migelek aurrentzat ipui polita antolatu du: «Lañoa ta Izarra».

MAISTRA: Ura parrak atzo apaizgaiarekin! Erretore jaunari ez omen zaio ondo iruditzen neska-mutillak nastuan azaltzea-ta.

GARATZI: Migeli esan bearko diogu ipuia aldatzeko: neskak alde batera, mutikoak bestera. Apika bera ere iritzi ortakoa da. Guregana aspaldi ez da etortzen beñepein. Ikusten badegu osta-osta...

MAISTRA: Esan badezu esan dezu (Baratzaruntz begiratuaz) begira nundik datorren.

GARATZI: Ene, bera da bai!

MAISTRA: Ez du igesi egiterik.

GARATZI: Ixo e? Ez esan bere buruagatik itzegiten ari giñanik.

MAISTRA: Ez Ez, (Migel agertu bitartean neskatil biak, urduri, orrazkera ta soñekoak dantzatu bitzate.)

 

 

V. AGERRALDIA

 

Lengoak ta Migel

 

(Sartuaz)

 

MIGEL: (Arritu antzean) Zuek ere emen? Zer modu? Ez zaituztet ikusi osteguna ezkero?

MAISTRA: Ori esan! Ederki!

GARATZI: Gu ondo ta zeorri?

MIGEL: Ba al dakizute donostiarrak etorriak diran?

MAISTRA: Barrenen izan bear dute.

GARATZI: Bai, bai. Neronek sartzen ikusi ditut.

MIGEL: Ez ote daude gure zai? (Ateruntz joanez).

GARATZI: (Maistrari) Onek begiratu ere ez digu egin. (Migeleri) Guregandik alde egiteko gogotan zaudela dirudi.

MIGEL: (Berriz neskatillai urbildurik) Ez enetxoa! Pozik zuek ikustez. Bañan jaun oieri lenbailen adierazi nai diet, onela bagoaz euskal jai, koskorra ta utsa aterako dala. Apaiz orrek...

MAISTRA: Ez gizona! Ez dezu esango nexka-mutillak ez dirala ederki ikasten ari bere lantxoak.

MIGEL: Zer nai dezu egitea ordea?... Oraintxe apaizak esan baidit, ez duala nexka-mutillak nastuan ateratzen utziko.

GARATZI: Ori, zuk ontzat emango dezu: mutillak alde batera ta neskatxak bestera. Zure legea baida!

MIGEL: Ez naiz orren estua.

MAISTRA: Orduan antolatzen erreza da, Erretore jaunari jaramonik egin ez ta kito!

MIGEL: Ez da au okerrena. Sekretarioak esan dit, ez ditekela egin orrelako jairik eskolan. Legeak eragozten duala.

MAISTRA: Gure aurkako legeak ondo dakizki. Iriberritara dala ezagun da.

GARATZI: Nere aitak itz erdi bat esan ezkero bigunduko zaigu.

MIGEL: (Ezkorra) Ez dakit, ez dakit zer aterako degun. Or aditu det euskal jaierako «Jonixio» bertsolariari itzegin diotela. Zertarako?... Mozkor ederra Jonixio! Bide ortatik «kultura» gozoa iritxiko degu.

MAISTRA: Gonzalo de Berceoren eskolakoa baida. Ezin uka diteke ateraldi zorrotz ta etorria ez ditunik.

GARATZI: Nor ekartzea nai dezu bada... Mistral.

MIGEL: Enbeita beintzat.

MAISTRA: Gizaxoa makal baidago.

MIGEL: Beste batzuek ere badira. Dana dala, nai duena egin dezatela. Ni ez naiz sartuko.

GARATZI: Zuk naikoa dezu zure gaxoekin.

MIGEL: Ez badakizu ere gaur dantzari txikien erakuslea oeratu arazi det. Atzo, txorkatilla biurritu zuan, ta ondo lotu ondoren, geldi egon dedin oeratu arazi det. Bestela, kaxo! gure dantzariak.

MAISTRA: Ori ere badegu gizona. Ez zaitela orren goibela izan.

GARATZI: Berriz ere errian D. Bildur deituko dizute.

MIGEL: Esamesak utzirik jaun oriengana goazen. Ea zerbait erabakitzen degun. Egun gutxi daude aurretik.

MAISTRA: Goazen, goazen, bañan, zuk uste dezun baño obeto dijoa guztia.

GARATZI: (Irritsu) Ez dezu begizkoan sinistatuko e?

MIGEL: Ez, zure begietan sinisten det. (Bijoaz)

 

 

VI. AGERRALDIA

 

Joxepantoni, gero Alarguna.

 

JOXEPANTONI: (Txintxarri otsa entzun bedi ta ondoren sarturik) Esaten det bada, gure etxeak errota dirudilla. Au lana, zikin-zikin bazter guztiak egiten dizkidate. Au istillua! Ezin betarik artu mantal garbirik jartzeko. (Kaleko atetik begiratuaz) Alarguna degu. Maiz dabil emen ikusmiran. Ta ez ote nere nagusiaren atzetik? Alargunak izan oi dira okerrenak. Ni ere naiko etxekoandre naiz etxe onetan. (Ixillunea) (Alarguna atean agertzen danean) Aurrera, aurrera!

ALARGUNA: Egun on Joxepa.

JOXEPANTONI: Baita beorri ere. Etxea ez dagoala oso txukuna esango du. Zortzi egun oietan uzten al didate bada. Orain ere etxea ea bete zait.

ALARGUNA: Neretzako tokia geldituko da.

JOXEPANTONI: (Gaiztakeriz) Toki geiegi ez badu bear bai.

ALARGUNA: Zeintzuek daude or barruan?

JOXEPANTONI: Neronek ez dakit. Bakarrik loiez etxea zikindu didatela. Au kuxidadea. Eskerrak beorri gomazko oñetakoekin etorri dala.

ALARGUNA: Bai, ankak aunditu egiten zaizkit ibillian, ta zure nagusiak gomazko oñetakoekin ibiltzeko agindu zidan.

JOXEPANTONI: Alperrik da. Gaitza ori ondoenik sendatzen da odola garbituta.

ALARGUNA: Zu ere, sasi-sendagilletakoa al zaitugu?

JOXEPANTONI: Zerbait ikasia naiz Xerapi kuranderarekin. Aunditasun ori kentzeko artu beza, goizean baraurik, osin-ura. Eguardian zankogorrien belar-ura ta gauean, bost-orri ostuekin egindako ukenduaz anka ondo igurtzi. Ez da erremedio oberik.

ALARGUNA: Ez enetxoa, ez nago zikinkeri oriek artzeko. Eskerrik asko. (Asarre) Ta naikoa degu. Garatzi ta Maistra emen al dira?

JOXEPANTONI: Ez bedi aserretu, e? Banoa ikustera (Abituaz) Bada osin uda artu ezkero...

ALARGUNA: Ez det asmorik. (Txintxarri otsa entzun bedi).

JOXEPANTONI: Ateko deia! (Beste ateruntz joanez) Itxoin beza pizka batean. Ea nor dan. Au ardalla. Ez gaituzte pakean utziko. (Bijoa)

 

 

VII. AGERRALDIA

 

Alarguna bakarrik, gero Alkatea.

 

ALARGUNA: Nabarmena ez bestena. Utzi ezkero sartuko litzake baten eztarriko zuloan. Ondo eman ere. Ez dakit nola Martin bizi ditekean onelako emakumearen mendean. Zarpatsu ta zikiñagoa da gaxoa. Ta... mingain luzea bera bezelakoa. Ta Martin Etxenagusia onela bizi?... ezkonduta ondo bizi besterik ez luke ta.

ALKATEA: (Sartu ta agurtuaz) Zer modu?... Bakarrik zaude...

ALARGUNA: Oraintxe etortzea egin det. Ez nago bakarrik, beste guztiak or barruan izan bear dute.

ALKATEA: Zorioneko euskal jai ori dala-ta txoratu bear gaituzte guziok. Beti zerbait badegu. Ta Udal-etxean? Egunero paper ta eskutitzak erruz datoz. Sekretarioa amorrazten dago orrenbeste lanaz.

ALARGUNA: Ori da aren zeregiña.

ALKATEA: Ta nerea, zer da?

ALARGUNA: Erriari ta zure alabari kontu artzea.

ALKATEA: Bata ta bestea daramakiten bideak arrapatuko ditu. Nere buruak ere ematen dit franko lan.

ALARGUNA: Zer bada, gaxo al zabiltza?

ALKATEA: Gaxo ez bañan, ez oso ondo. Nere alaba, Garatzi, ez dago pozik emen. Donostira bizitzea joan nai luke.

ALARGUNA: Ez dakit, bada, emen adiskideren bat ez ote duan.

ALKATEA: Dana dala, Garatzi ezkondu dedinean, aita bakarrik geldituko da. Bakarrik ta alarguna... bi bakartasun.

ALARGUNA: Nork esan zu ikusita onelako kezkak zarabiltela. Errian ondoena bizi dan gizona zera-ta. Umore on ta alaitasun obean. Beti lagun artean otordu goxoak egiñaz, zein bizi da zu baño obeki?

ALKATEA: Etxean zerbaiten utsa danean batek lagun-arteko jan-edanetara jotzen du.

ALARGUNA: Bañan gizona! Orain errian jai ederrak antolatzen ari geralarik. Noiz ezkero.

ALKATEA: Maiz ikusten zaitudan ezkero...

ALARGUNA: (Arriturik) Ez zera benetan ari! Beraz nik errua.

ALKATEA: Ori ez bañan... (Ixillunea)

ALARGUNA: Norbait dator. Martin izango da.

 

 

VIII. AGERRALDIA

 

Lengoak ta Etxenagusia.

 

(Agertuaz)

 

ETXENAGUSIA: Zuek emen ta gu zai. Nere Joxepantoni txotxolotzen ari zait.

ALARGUNA: Ementxen utzi gaitu zure etxekoandre orrek...

ALKATEA: Etxekoandre izena baezpada esango zenuen.

ALARGUNA: Zerbait esateko eskubibea badedala uste det. Joxepa orrek natorren bakoitzean al duan guzia itxoin arazten dit.

ETXENAGUSIA: Barkatu, ta ongi etorriak (Gaiztakeriz)... biok.

ALARGUNA: Bakoitza gere aldetik etorri gera. Ez uste.

ALKATEA: Itsumustuan.

ETXENAGUSIA: Biziaren gertaerak. Goazen lenbailen zai ditugu-ta. Donostiarrok etorri dira ta Jonixioren billa joan zaizkit. Ea guk zintzillik dauden zer nola asko tajutzen ditugun. (Zerbaitetzaz oroiturik) a! Alkate jauna, Gobernadore arengana azaldu bearko dezu, baimen eske. Ta emakumezkoentzat ere lana badago.

ALARGUNA: Gure neskatillak, or izango dira?

ETXENAGUSIA: Bada alditxo bat.

ALARGUNA: Ez baididate itxoin. Etortzeko presa zuten.

ALKATEA: Gazteak gazteekin nai.

ETXENAGUSIA: Ni gazte tartean atsegiñena izaten naiz. Nunbait ber-gaztetu naizen ametsa... Goazen barren ortara.

ALARGUNA: Sinisten det bai, bai, txokoan uzten gaituzula.

ALKATEA: Ea lilluratu-ta neskatxa xamurren baten sarean erortzen ote zeran. Arriskoan zaude.

ETXENAGUSIA: Onuzkero ez. Obe nuke gauza banendi.... (Bijoaz)

 

 

IX. AGERRALDIA

 

Apaizgaia ta Sekretarioa.

 

(Erritan ta eztabaidan bezela sar bitez)

 

SEKRETARIOA: Ezetz esan dizut. Euskera, euskera atzerapena dala. Illunpea. Elizarako bakarrik duin dan izkera. Au jakintsu guziak esango dizute.

APAIZGAIA: Lojika aztu dezu zearo. Elizarako duin baldi bada beste edozein gauzetarako areago. Jesukristok esan baizuen: darraikidana ez dabil illunpean. Ergo, aren bidetik joan al izan ezkero beste guzietatik ere bai. Au argi ta garbi dago.

SEKRETARIOA: Zurekin ez dago eztabaidan aritzerik. Itzetik ortzera Santo Tomas aitatu ezkero egiña dagola uste dezute. Geroztik munduan ezer gerta ez balitz bezela.

APAIZGAIA: Geroztiko gertaerak ez dute egin aren esanak ta beste Elizanaren esanak sendotu ta baietsi besterik.

SEKRETARIOA: Ezer gutxi irakurri dezula ezagun da. Ez zenuen irakurriko Gerchonoff Errusiko pilosopo berria.

APAIZGAIA: Ez det ezagutzen. Ez da zuk ere Zinkunegik itzulitako «Irizpidea».

SEKRETARIOA: Zinkunegi?, italianoak ez zaizkit atsegin. Perosiren mezak aspertu naute.

APAIZGAIA: (Irritsu) Ez gauzarik nastu. Nork esan dizu Zinkunegi italianoa danik? (Parrez) Geienaz etruskoa... bañan Ayan jaioa.

SEKRETARIOA: Ayan?... Olandesak ere ez dira nere gogoak... Gaztak ezik.

APAIZGAIA: Ba, ba! aski degu. (Ixillunea) Ta, euskal jaierako baimenik ba al degu edo ez?

SEKRETARIOA: Oraintxe artzea egin degu Gobernadore jaunaren telefonema. Ez baiezkoa ta ez ezezkoa. Berarengana deitzen gaitu programa azaldu dezaiogun.

APAIZGAIA: Orduan jaia egingo da.

SEKRETARIOA: «Magister dixit».

APAIZGAIA: Ez jauna ez. «Vox populi».

SEKRETARIOA: Neregatik egin dedilla, lenbailen gañera! Jai koskor ori lan geiago ematen ari zait Nizako jaiak baño.

APAIZGAIA: Alare gizona! Erria poztu bear degu. Onelako jaiak bearrezkoak izan oi dira urte askotako otztasuna berotzeko, gure lur maite au ongarritzeko. (Maitekiro) Neska-mutillek zeñen gogoz ikasten ari diran ikusiko bazenu. A! Orfeoia ere izango degu. Abestetutzea etorriko zera, ez da ala?

SEKRETARIOA: Ni? ez dakit kantatzen gizona!

APAIZGAIA: Beinik bein aurreskuan bai, atera bearko dezu.

SEKRETARIOA: Ezetz gizona! Dantza oriek ez baidakizkit.

APAIZGAIA: Aurreskuko sokan joatea oso erreza da, azari dantza besterik ez.

SEKRETARIOA: Azariarena ezik artzarena egingo nuke.

APAIZGAIA: Bai zera. Gañera aurreskurako, neskatxarik egokienak, aukeratuak daude ta gizasemeak ere aien mallakoak bear ditugu. Nai ta nai ez zu tartean bear zaitugu.

SEKRETARIOA: Beñere ez bainaiz aurreskuan atera izan.

APAIZGAIA: Oraingoan txanda datorkizu. Nexkatxarik geienak, Juanitak, Garatzik, itza eman dute. Geiago luzatu gabe barrura goazen. Berriz ere, «beti berandu»ren fama izango degu.

SEKRETARIOA: Goazen, bai. Ta azari dantza, zeñek erakutsi nezake? Jakiña, ateratzen naizenean ez det «ridikuloa» egin nai.

APAIZGAIA: Neronek gizona. Oso erreza da. (Iru edo lau karrera egin bitza) Ikusten? Bagoazke. (Abituaz).

SEKRETARIOA: (Darraikiolarik) Ta pañueloa, mutillak eskeñi bear izaten al du?

APAIZGAIA: Bai, ta erroskilla ta limonada. Orretzaz ere itzegingo degu. Ta zer derizkiotzu, jairik egingo al da?

SEKRETARIOA: Bai gizona! (Bijoaz).

 

 

X. AGERRALDIA

 

Joxepantoni ta Jonixio (Bertsolaria)

 

JOXEPANTONI: (Atean) Sartu... bañan onelako zikin etorriko itzan ba? Zer esango duten ere.

JONIXIO: Au ez den ezer. Zikiñagoa ere ibilli izan naun. Lanetik nola etortzea nai den.

JOXEPANTONI: Ez zak jarri oñik alfonbran.

JONIXIO: Gure etxekoak ez ditun zikintzen. Ez baidaude!

JOXEPANTONI: Ago emen. Ire billa plazaruntz irten dituk ta deitzera niak.

JONIXIO: «Entrebitartean» eseri al niteke?

JOXEPANTONI: Jaun oriek beriala emen dituk. Ez alperra izan (Abituaz)

JONIXIO: Ez zutik ta ez eserita, bada, ez niagoken besterik etzinda ala zintzillik.

JOXEPANTONI: Bertsotan atera zaik. Orrelako ateraldiak jaun oiei atsegin izaten zaizkiotek.

JONIXIO: Ateratzeko sartu egin bear (Jan zimikoa egiñaz) Ontatik ematen badute ariko natzaie. (Diru kiñua egiñaz)

JOXEPANTONI: Onelako jende nagusiak iretzaz galdetzeaz bakarrik, pozik bear uke. Ondra aundia ez badek-ba.

JONIXIO: «Ondrakin» jango den.

JOXEPANTONI: Jangose ez bestena! Ez gero jaun oiei arrazoi txarrik eman.... (Bijoa)

 

 

XI. AGERRALDIA

 

Jonixio bakarrik.

 

JONIXIO: (Alde guzietara begiraturik) Emen baño gustoago Lukaxenean egongo niñuke. Jonixiorentzat sagardotegia leku obea baida... Ala ere, nagon, ez da au toki txarra. Emengo nagusiak lenago ere eskupeko ederra eman izan dit, eskuzabala da bera. Guzia Xenpelarreren bertso batzuek paratu nizkiolako. Ta itzneurtuetan asko ez badaki bada. Arrituta utzi nindun! (Ixillunea) Donostitik nere billa etorri diran beste jaun oiek ez dira edozein izango... Kaletar oiek zer ote dabiltza?... Bertsotan onena nor dan jakin nairik edo... Atera bedi Euskal-Errin dan onena ta eguzkiaren azpian sortu dan trebeena ta Jonixiok zer erantzun jakingo du. Ori bai euskera garbiz egin ezkero, bestela alperrik ari dira. Bein ola, Bizkai aldera eraman ninduten ta «Enbeitia» edo esaten dioten bat lagun jarri zidaten. Ura ez zan bertsotan egitea... Olerkia edo Lerdia! Utsa! Ura besterik edaten ez duan gizona bertsolari?

 

 

XII. AGERRALDIA

 

Lengoa ta Meltxor, Kaspar ta Baldaxar.

 

MELTXOR: (Lengoak sartuaz) Emen zegok. Etorri zerala, e?

JONIXIO: Booo!

BALDAXAR: Kaxo zera?

KASPAR: Egun on olerkari!

JONIXIO: Ez jauna ez, Jonixio naiz, ta ez izenez «Upel».

BALDAXAR: Bai gizona, Jonixio. Urteak dira ezagutzen zaitugula.

JONIXIO: Beste lagintzan ibilli oi gera geienean, itzaigoan, ta iñoiz bertsotan ere bai.

MELTXOR: Orretarako bear zaitugu bada. Emen egingo diran euskal jaietan bertso jardun aldia egin nai dezun galdetzera, gentozen.

BALDAXAR: (Bizkarrean joaz) Jonixio, zuk dakizun bezela.

KASPAR: Ori, ori, ekin beti aberria gaizkatzeko...

JONIXIO: Gaizkitu? (Albora) Au oraindik euskeraz ondo ikasi bagea degu.

BALDAXAR: Ixilik zaude! euskeraz ondoena dakina da-ta. Laister «euskaltzain» egingo ote duten.

JONIXIO: Ni aspaldi «itzai» naiz.

BALDAXAR: Ta ni «akullu».

MELTXOR: Bada, adiskide, egun orretan bertsolari gudua edo jarri nai genuke. Bi alditan. Bata bazkari garaiean ta bestea berriz enparantzan arratsaldeko jaiean.

JONIXIO: Ta zera... zein izango det «amigo?»

KASPAR: (Albora) Au astakillo bat da! Ori euskera. Lotsa bat da.

MELTXOR: Beste batzuen artean zurekin jarduteko Enbeita otsaundikoa ekarriko degu.

JONIXIO: Enbeitia?... bildur gutxi Txirritarekin ere indarrak neurtzeko. Enbeitia orrek eztarria du piña, gañantzean, bertsolaria? ez izan nunbait berezkoa.

KASPAR: (Asarre bizian) Ixilik zaude biraorik jaurti gabe!

JONIXIO: Gezurra da. Idiekin nabillelarik itz txarren bat edo beste botatzen degu, bañan bestela bertsoetan....

BALDAXAR: (Sutsu) Enbeita añakorik ez da egundaño sortu. Zer ari zera zu esaten!

JONIXIO: (Lasa) Sakarragoa naizela, konprome. Ez diot amor emango. Ark eskola izango du obea, ez asnasa. Ta sari ona baldin badago...

BALDAXAR: Ori egun artan ikusi bear. Zure lana ongi betetzen badezu saria ere neurrian izango da.

JONIXIO: Alegiñak egingo ditugu.

BALDAXAR: (Belarrira) Ea neskatxa erderazaleak zirikatzen dituzun. Gogor gero!

JONIXIO: Zu ez zera bada «akullu»? Ajola gutxi neskatxai Jonixio arlotearen esanagatik. Amoriorik ez lekarkien itza, amotza da neskatxentzat.

MELTXOR: Ez dago gaizki esana. Bertsoetan ez ezik pilisopokerian ere badakizu Jonixio.

JONIXIO: Bertsolariak guzitatik jakin bear du, idiek gobernatzen ta gizonak ezagutzen.

BALDAXAR: Ta emakumezkoak?

JONIXIO: Ez da jaio egundaño emakumea eziko duanik...

BALDAXAR: Bota bear dizkietzu bada ederrak.

JONIXIO: Alperrik, aiek gizaseme galaiari belarriak ernai... (Jonixio ta Baldaxarrek alkarrizketan darraite)

MELTXOR: (Kasparrekin izbidean) Etxenagusiak liburutegi ederra du, e? Ez dira beste bi izango Euskalerri guzian.

KASPAR: Bai, bai bikaña. Alare, paper zarrak ondo zeudek, bañan, egintzak, egintzak nik naiago. Gure auzia kalera atera bear diagu.

MELTXOR: Oraingoan gizona sutu diagu ta ez dek ezer gutxi. Jai aundiak ikustekoak gaituk.

KASPAR: Azkenengo orduan eragozpenen bat jartzen ez badute.

MELTXOR: Onuzkero ez. Alkate ta sekretarioak zer esan duten aitu dek.

KASPAR: Obe, obe (Barrendik datozen par-zantzo ta abotsak entzun bitez) Billerakoak onuntz zetozek (Atera begira jarriaz).

 

 

XIII. AGERRALDIA

 

Lengoak ta Alarguna, Garatzi, Maistra ta Migel;
geroxeago Alkatea, Etxenagusia, Sekretario ta Apaizgaia.

 

(Bertan zeudenak ta etorri berriak agurtuaz)

 

MELTXOR: Ba al zoazte dagoanerako?

MAISTRA: Ez bada. Erabaki batzuek artu ditugu ta orain nai badezute eskola ikusiko degu ea toki ona iruditzen zaizuten.

KASPAR: Ori zure eskura uzten degu.

GARATZI: Zuek ikustea obe da.

MELTXOR: Joango gara bada.

ALARGUNA: Lan ederra jarri diguzute orrenbeste galtza txuri josi bearrez.

MELTXOR: Errukizko egintza da lagun-urkoa jaztea...

MIGEL: Ez ordea dantzariz. Ez bada beste eragozpenik sortzen ta egun artan eguraldi ona egingo baligu.

 

(Beste taldetxoan Alkatea, Etxenagusia,
Sekretario ta Apaizgaia ager bitez)
.

 

ETXENAGUSIA: Nai ta nai ez, alkate jauna, aurreskuan atera bearko dezu.

ALKATEA: Ezetz gizona! ez naiz dantzarako gauza. Nere ordez sekretarioa aterako da.

SEKRETARIOA: Alkate jauna!... nai duan bezela bañan...

APAIZGAIA: Bai, bai. Nik dantzan erakutziko diot.

JONIXIO: (Baldaxarreri) Au da jendez. Eztaiak al dira?

BALDAXAR: Ja, ja, ja! (Beste guziai) Onek etxe ontan eztaiak diran galdetzen du. (Geienak parra dagite).

APAIZGAIA: Zeñek daki, zeñek.

ETXENAGUSIA: Jonixio bertsolariaren ateraldiak.

ALARGUNA: (Jonixiorengatik) Ori da bertsolaria, e?

GARATZI: Ori ezagutzen det. (Maistrari) Idiekin ibiltzen dana.

MAISTRA: Bai, bada. Bertsolaria ta itzaia. (Jonixiori) Ez al da onela Jonixio?

JONIXIO: Bai andrea. Maistrak ondoena nere berri daki (Orok bertsolariari begira).

APAIZGAIA: Emen degu eskola gabeko «rapsoda». «A» ezagutzen ez daki ta milla kondaira itz neurtuetan esaten bai.

SEKRETARIOA: Ardoaren jakituria.

APAIZGAIA: Anakreonteren motakoa da.

ETXENAGUSIA: (Jonixiori) Gazte oriek esango zizuten euskal jaierako zere burua gertu bear dezula.

ALKATEA: Ta eztarria.

JONIXIO: Bai jauna, bai.

ALKATEA: Ea saria zuretzako dan.

MIGEL: Orretarako kontuz ibilli bear dezu zurrutarekin.

JONIXIO: Bearko mediku jauna, iñork konbidatzen ez du-ta.

GARATZI: (Maistrari) Ta bertsolariak, aurretik ikasi gabe, nola asmatzen dituzte ainbeste bertso?

MAISTRA: Etorria izan-ta.

ALARGUNA: Berez bear.

BALDAXAR: (Jonixiori) Zuri begira andre guziak. Gizonaren suertea!

APAIZGAIA: (Sekretariori) Grezian ere onelakoak baziran: Tartezio-ta...

SEKRETARIOA: Zaude ixilik gizona! Au geinaz «Beozikoa» izango zan. (Jonixiori) Nungotarra zera Jonixio?

JONIXIO: Bedaiokoa. (Sekretarioa ta Apaizgaia keñuak egin bitzate).

GARATZI: Ez diot beñere bertsolari oni, entzun. Orain kantatu nai balu pozik entzungo nioke.

ETXENAGUSIA: (Jonixiori) Jonixio, neskatil auek zer nai duten aditu dezu, ea zerbait abestutzen diguzun.

APAIZGAIA: (Andreai) Zuek iru musak zerate.

BALDAXAR: (Jonoxiori) Musa aitatzen dute emen, Jonixio.

JONIXIO: (Uzkur egiñaz ta buruko illea azkuretuaz) Musean, eskutik ogeitamaika jokuan duanak ark irabazi.

ALKATEA: Zu zera esku. Jo zazu ordago, joan baño len.

MELTXOR: Alkate jaunak agintzen dizu, ez dezu ukatzerik.

JONIXIO: (Txapel muturrari eutziaz) Ez baizait ezer bururatzen.

APAIZGAIA: Bai gizona! Zortziko aundia edo amaika puntuko bat.

SEKRETARIOA: Amaika txoro! (Beatza bekokira eramanez)

 

 

(Jonixio burua pizka bat jasoaz
zerbait azmatzen bezela ariko da)
.

 

MAISTRA: Astera dijoa.

GARATZI: Bota, bota!

ALKATEA: (Izketan ari diran apaizgai, sekretario ta gañekoai) Ixo!

JONIXIO: («Erriko Festan biaramunean» eresi berean abestu beza).

                Euskal jaiaren aurre-egunean

                Berak dakiten txoko batean

                Bi neskatx andre alargun bat

                Alkate, nausi ta sei gazte tartean

                Nork daki au nola bukatuko dan

                Bat ez bada bizpairu eskontzan.

 

(Txalo jotze, algara ta beste
par-zantzo gora ta abar)
.

 

OIALA

 

aurrekoa hurrengoa