www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Beste zenbat itzulpen
Emanuel Intxauspe
1857-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa  

 

INEFFABILIS BULA

 

Gure Jaun Pio, Jinkoaren helturaz izen hortako
IX Aita Saintuaren Guthun Apostolikoa
sinhetsi behar diren egietan ezarteko
Birjina Jinkoaren Amaren Konzebizione Thonagabea.

 

        Ezinaiphatu Jinkoak, zuñen bideak baitira urrikaltarzuna eta egia, zuñen nahia ahalosoa, eta zuñen zuhurtarzuna hedatzen baita bazterretik bazterrera borthizki, oro dutialarik adelatzen eztiki; nula bethidanik aitzinikhusi baitzian gizonkente guziaren erorte hanitz deithoregarria Adamen gaintiegitetik heltu behar ziana, eta misterio mentez gordean hitzartu baitzian bere huntarzunezko lehen egintzaren, Berboaren gizonegiteaz, era estaliago batez osotzea, amorekatik, bere xede urrikalkorraren kuntre gizona, debru gaistoaren aitzipeaz hutsetara egotxirik, gal eledin, eta lehen Adamian eroriko zena, bigerrenian dohatsukiago eraikirik izan ledin; hastetik eta menten aitzinetik bere Seme Bakhoitzari haitatu eta adelatu zian Ama bat, zuñtarik aragistaturik sorthuren baitzen orduen bethadura dohatsuan; eta hain zian orotan gainti maithatu, nun hartan batian ororen gozokienik haren gogoa phausatu baitzen. Hartakoz hura hanitzez Ainguru guziak eta Saintuak oro beno betheago zian bere Jinkotarzunaren tresoretik elkhi zutian dohain guzien gaintiduraz, hala nun bekhatuaren thona orotarik bethi zelarik osoki xahu, eta oro eder eta narriogabe, halako xahutarzunezko eta saintutarzunezko bethedura berekin ekhar lezan, nun handiagorik Jinkoaz kanpo ihula asma ez baitaite, eta hartara Jinkoaz besterik ihor gogoaz hel ez baitadi. Eta eskierki sori zen ezinago saintutarzun osoenaren leiñhuruez bethi argiturik ager ledin, eta sortzapeneko hutsaren thonatik arras xahu begiraturik garhaite osoena suge zaharraren gañen ukhen lezan Ama dohagarri harek, zuñi Jinko Aitak eman nahi ukhen baiteio bere Seme bakhoitza, bere baithan bere bardin sorthua bera bezala maite duana, izateko hura berbera batetan Jinko Aitaren eta Birjinaren Seme; eta zuñ semeak berak haitatu baitu bere Ama egiazkotzat; eta zuñtarik Espiritu Saintuak nahi ukhen baitu, konzebiturik izan ledin eta sor ledin Berboa zuñtarik bera jalkhitzen baita.

        Birjina Aiphagarriaren sorzarozko xahutarzun hori, haren Saintutarzun miragarriarekin eta Jinko-Amaren goratarzun handiarekin osoki hertsirik, Eliza Katolikoak, zuñ Espiritu Saintuaz bethi erakatsirik, egiaren habea baita eta zinkaia, Jinkoaganik ukhen jakitate bat bezala eta zelutiko erakaspenen artean khuntaturik bezala, hanitz eta hanitz bidez eta egitate ikhusgarrienez bethi egunetik egunera hobeki agertzen, erakusten eta hazten ari izan da. Ezi erakaspen hori lehenlehen denboretarik etxekia, eta sinhestedunen bihotzetan barna lanthatua, eta Aphezkupu Sakratuen harduraz eta artaz mundu katolikoan miragarriki hedatua, Elizak berak ezinago ageriki ezagutzera eman du, nuiz ere Birjina haren konzebizionea sinhesteduner publikoki aithortzera eta ohoratzera dudatu gabe eskentu baitu. Egitate nabarigarri horrez Birjina haren konzebizionea berhezi, miragarri, eta beste gizonen hastapenetarik guziz bestelako, eta osoki xahu eta ohoragarri dela erakutsi du, ez tianaz geroz Elizak saintuentako baizik bestarik egiten. Hartakoz ere hasterik ukhen eztian zuhurtarzunaz mintzatzeko eta haren bethiereko sorzaroaren erakusteko Guthun Saintuek zehatzen dutien berber hitzak, hartzen ohi dutu Elizak bere ofizioetan eta zeremonia saintuetan, eta eretxekitzen dutu Birjinaren hatsarrer, zuñ izan baitira detse batetan eta berian jinko-zuhurtarzunaren gizonegitearekin zerraturik.

        Nahi-bada horik oro sinhestedunez orotan unharturik diren, eta erakusten dien zer suhalamarekin Birjinaren konzebizione thonagabe horren erakasteari jarraiki izan den Erromako Eliza bera, zuñ baita Eliza guzien Ama eta buruzagisa; haregatik Eliza haren egitate ederrek merezi die berheziki aiphaturik izatea, zeren den haren gehientarzuna eta nausigoa hañ handia, delakoz ere egia eta batarzun katolikoaren bilgunea, hartan baita bakharrik orbaingabe begiratu egiazko Errelijionea, eta hartarik fedearen erakaspenak beste Eliza guziek hartu behar baitutie. Holatan Erromako Elizak deus ez tu bihotzianago ukhen, zuña helpide gogagarrienez Birjinaren Konzebizione thonagabearen, eta haren ohoratzearen eta erakastearen ibenitzea, gerizatzea eta nausieraztea. Hori ageriki eta goratik aithortzen eta erakusten die gure Aitzineko Erromako Aphezkupu gehienen hainbeste egitate handiek; haier Apostolien gehienaren presunan, Jesu-Krist gure jaunak bere Jinkotarzunaren meneaz, eman ukhen baitu gaingaineko arta eta photerea, axurien eta ardien bazkatzeko, anaien azkartzeko, eta Eliza guziaren zaintzeko eta gobernatzeko.

        Ainik ere gure Aitzinekoek boztario handiekin, bere mene Apostolikoaz, Konzebizionearen bestá Erromako Elizan ezari die, eta goratu, eta dohaintu die ofizio berhezi batez eta meza berhezi batez, zuñetan seguratua baita ezinago garbiki haren sorzarozko thonatik begiraturik izateko dohain berhezia; eta ohoratze hori ibeni ondoan ahal oroz handitu eta hedatu die, bada induljentzia emaitez, bada haizutzez hirier, herrier eta erresumer Jinko-Amaren patrutako hartzea, Konzebizione Thonagabearen izenian; bada ere laidorio eginez komentu, ospitale, althare eta Eliza eraiki diener Konzebizione Thonagabearen izenian, edo zinaren pean hitzeman diener Jinko-Amaren hozitze xahua bere indar oroz gerizatuko diela. Geroago zinez boztu dira manhatzez Birjinaren Konzebizionearen besta Eliza guziak etxekiko diala, haren sortzeko bestaren ber heñian; eta Konzebizionearen besta hori zortzierrenarekin eginen diala Eliza guziak, eta guziek besta manhatu bezala edukiko diela, eta ofizio Pontifikal izanen dela urthe oroz Birjinaren Konzebizione egunian, gure Eliza Liberiano Patriarkalian. Eta gudiziatzen baitzien fededunen gogoetan bethi barnago sartzea Jinko-Amaren Konzebizione Xahuaren sinheste horren, eta haien debozionearen azkartzea Birjinaren ohoratzeko bekhatu gabe konzebiturik bezala, atsehartu die gogotik baimenaren emaitez, Lauretako letanietan, baita Mezako Prefazioan ere, ospa ledin Mariaren Konzebizione Thonagabea, eta holatan sinhesteko legea, othoitzeko legeak ezar lezan. Guk arren gure Aitzineko handien urhatser jarraikiten girelarik, lehenik haiek hain debotki eta zuhurki egin dutienak unhesten eta hartzen dutugu; bena haboro, Sixte IV Konstituzionea eztugularik ahazten, ofizio berhezi bati Konzebizione Thonagabearentako gure menearen indarra eman deiogu, eta haren egartea Eliza guziari ezinago gogo hunez haizu egin dugu.

        Bena othian, Elizak egiten dutian ohoreak eretxekitzen baitira ezinago hersiki bere xedeari eta ez paitauzke indardun eta zin, xede hura dudazko bada, hartakoz Gure Aitzineko Erromako Aphezkupu handiek bere ahal oroz Konzebizionearen ohorea hedatu nahiz, bai gaizaren eta bai haren Arpheztearen erakasten eta sarerazten arduraki ari izan dira. Ezik ere klarki eta ageriki erakaxi die Birjinaren Konzebizionearen besta dela egiten; eta gezurti bezala eta Elizaren gogoaren kontreko bezala iraxi die zunbaiten ustekeria, zuñek asmatu eta erran baitie, ez tela Konzebizionea bera ohoratzen bena bai xahatzea edo santifikatzea. Eta ez tie uste ukhen eztikiago ari behar ziela beste batzuekin, zuñek, Birjinaren Konzebizione Thonagabearen erakaspenaren khordokerazteko, asmaturik arte bat konzebitzearen lehen eta ondoko menian, erraiten baitzien egiaz Konzebizionearen besta egiten zela, bena ez lehenlehen menekoa eta ordukoa. Ainik ere gure Aitzineko haiek bere eginbide bezala hartu die sustengatzea eta etxekitea Birjina guziz dohatsuaren Konzebizionearen besta eta Konzebizionea bera lehenlehen meneko dela ohoratzen. Hortik Alexandre VII gure Aitzinetikoaren hitz osoki erabakigarriak, zuñtzaz Elizaren egiazko gogoa agertu baitu, erraitez: «Egiazki zaharra da Khiristien artean Ama Birjina Maria guziz dohatsuaren eretzeko ustekeria debota: haren arima, egin den eta Khorphitzialat ixuririk izan den lehen ordutik, izan dela, Jinkoaren grazia eta dohain berhezi batez, Jesu-Krist haren seme gizonen Arreroslearen merezimentiengatik, sorzarozko bekhatuaren thonatik xahu begiraturik, zaharra da ustekeria horren arauez ospe handiekin haren Konzebizionearen bestaren edukitea eta jeitzea».

        Ainik ere orotan gainti zinez etxeki izan dira gure Aitzintarrak, arta, su eta ernedura handienarekin, Jinko-Amaren Konzebizioniaren erakaspena xahu eta oso begira ledin. Hartakoz zerezik eztien igurtzi erakaspen hori ihula ere eledin izan ihurtzaz, ez gaizki aiphaturik ez nausaturik; aitzinago joanik, hitz garbienez eta hanitz aldiz erran die, Birjinaren Konzebizionea thonagabe delako dugun sinhestea, Elizaren gogoaren arauko dela eta hartako eduki behar diela, zahar dela, orotan gutizbait hedatua dela; hori Eliza Erromanoak etxeki eta gerizatu nahi ukhen diala, eta baitexi diela izan ledin ofizio saintuetan, eta biltzarretako othoitzetan goraiphaturik. Eta horik ez askiexirik, Birjinaren konzebizione thonagabearen erakaspena xahu egon ledin nahiz, erakaspen horren kuntreko ustekeriaren, agerian edo gordean etxekitzea garrazki debekatu die, eta borthizki ere hanitzetan jo nahi ukhen die. Ardura egin aiphamen garbi horik ez litian indar gabe egon eman zeien zinkarria. Horik oro gure aiphatu Aitzintar Alexandre VII hirtz (sic) hiretan zerratu dutu:

        «Gogoemanik, Eliza Sainta Erromanoak Maria bethi Birjina xahu xahuaren Konzebizioneko besta osperekin bethi jeitzen diala, eta aspaldian ofizio berhezi eta berebereko bat adelatu diala, Sixto IV gure Aitzintarrak orduan eman zian manu debot eta aiphagarriaren arauera; eta nahiz indar eman debozione onhexgarri horri, eta Eliza Erromanoan ezariz geroz nehoiz aldatu ezten bestari eta ohoriari; Erromako Aphezkupu gure Aitzintarrek bezala, nahiz eduki eta hazi, Birjina guziz dohatsuaren, Espiritu Saintuaren grazia lehenturik, sorzarozko bekhaturik begiratuaren ohoratzea, eta Jesu-Khristen arthaldean gogoaren batarzuna bakearekin begiratu beharrez, aiherkunte eta aharrak ithorik eta gaitzibideak bazterturik izentatu Aphezkupuek bere Elizetako kapituluekin, eta Filippe Erregiak bere Erresumekin egin deikuien errekeritze eta othoiengatik; Erromako Aphez-Gehien Gure Aitzintarrek, eta berheziki Sixto IV, Paule V, eta Gregori XV, eman dutien Konstituzione eta dekretak, gogokunde hunen althe, Maria Birjinaren Arima, dentu denetik eta khorphitzari ixuri, Espiritu Saintuaren graziaz dohainturik izan dela, eta sorzarozko bekhatutik begiraturik; eta ber Birjina Jinko-Amaren Konzebizionearen ohoratzeko, ustekeria debot horren arauera, ezaririk izan diren besta eta gurtheraren althe emanak, arraberritzen dutugu, eta Konstituzione haietan ekharririk diren eskumeku eta phenen pean begira ditian manhatzen dugu».

        «Eta gehiago, nurk ere aiphatu Konstituzione eta dekretak argudiatu nahi bailutuke, ustekeria horren eta horren arauera ezari den bestaren eta gurtheraren galeraztekotan; edo sinheste, besta eta ohore horik, berriz debadiotara ekharten badutu; edo hoien kuntre xuxenka edo zeiharka, edo zernahi estakuruz, bada fedezko egietan ezar datekianez ikhusteko, bada Guthun Saintuen edo Elizako Aita Saintuen eta Erakasten ikhertzekotan eta argudiatzekotan, eta beste zer-nahi estakuruz edo gerthuz, izkiribuz edo mihiz erraitera, pheredikatzera, hizkatzera, gudukatzera atrebi ditian, haien kuntre zerbait aiphatuz edo baituz, edo haien kuntre argiduri ekharriz eta hurak iraxi gabe utziz, edo zer-nahi den araz mintzatzez; Sixto IV garrenaren Konstituzionetan diren phenak eta eskumukuak daudela, zuñen pean izan ditian nahi beitugu eta gure guthun hunez ezarten baitutugu; eta haboro, pheredikatzera, bilkhuretan irakurtera, edo erakastera eta argudiatzera haizu izatetik; bai eta haitu egitetan botz emaitetik eta ukheitetik nahi dugu gabetuak izan ditian bere eginaz, beste erraiterik gabe; eta ere pheredikatzeko, bilkhuretan irakurteko, erakasteko eta argudiatzeko, bethikoz gaitarzun gabe izan ditian nahi dugu, bere eginaz eta beste erraiterik gabe; eta phena hoietarik gutzaz eta gure ondoko Erromako Aphez handiez baizik nahi dugu eztitian izan ahal soltaturik edo egaririk; eta ere gure eta gure ondoko Erromako Aphez-handien olez ekharririk izanen diren beste phenen pean izan ditian nahi dugu, eta ezarten dutugu guthun hoietzaz, berritzen dutugularik Paule V eta Gregori XV gorago aiphatu Konstituzione edo dekretak».

        «Eta Guthunak, zuñtan erran den sinhestia, haren arauko besta eta gurthera khordokatzen baitira; edo zuñtan haien kuntre, zernahi antzora, erran dugun bezala, zerbait izkiribatzen baita edo irakurten; edo haien kuntreko hitz, pherediku, elheka edo debadio baitauke: diren Paule V lehen aiphatuaren dekretaren ondotik eginak, edo gero zernahi antzora eginen, debekatzen dutugu, liburu debekatuen erakasgian ekharririk diren phena eta eskumakuen pean; eta den-denaz beste erraiterik gabe osoki debekatutsat (sic) harturik izan ditian nahi dugu eta manhatzen dugu».

        Orok badakie zer su handirekin, Birjina Jinko-Amaren Konzebizione Thonagabearen erakaspen hau, Erreligioneko Ordre handienez, theolojiako eskola omentsuenez, eta jinkozko gaizetan Dotor jakintsuenez, izan den erakatsirik, zinturik eta gudukaturik. Guziek bardin, badakie zunbat antsiatu izan diren Aphezkupu Saintuak Elizagizonen Bilkhuretan beretan goratik eta ageriz aithortzera, Birjina Maria Jinkoaren Ama Sainta, Jesu-Krist Arreroslearen merezimentu aitzinikhusien indarrez, eztela behinere sorzarozko bekhatuaren pean izan, bena osoki begiraturik izan dela sorzarozko thonatik, eta holatan arrerosirik izan dela handizkiagora. Gogomen hoier juntatzen da han orotako sendorrena eta handiena, Tridenteko Konzilioak, zuñek Guthun Sakratuen, Aita Saintuen eta konzilio edo biltzarre unhexienen erranen arau arpeztu eta erabaki baitu, gizon guziak sortzen direla sorzarozko hutsaz khosaturik, hargatik goratik oihutu du ez zela haren xedean, erabakite hartan eta erraite haren hedadura orotarazkoan, zerratzea Birjina Maria Jinkoaren Ama dohatsua eta thonagabea. Baita erraite hortzaz, Tridenteko Aitek, Birjina guziz dohatsu hura sorzarozko thonatik xahu izan dela, orduko gora beherez eta denborez so eginik, aski ezagutzera emaiten zien; eta ageriki erakusten zien etzaitekiala, ez Guthun Sakratuetarik, ez zaharren erranetarik, ez Aiten izkiribuetarik deus athera Birjinaren dohain handi eta berhezi hau ihula gezurta ahal dezakenik.

        Ainik ere Birjina guziz dohatsuaren thonagabezko Konzebizionearen erakaspen hau, bethi gehiago Elizaren sinheste errespetagarriaz, haren erranez, arduraz, jakiteriaz eta zuhurgoaz hain ageriki xuritua, baitua eta zintua eta mundu khiristi orotako populu eta herri guzietara hedatua, izan dela bethiz geroz Elizan zaharretarik ukhenik bezala, eta Jinkoak erakatsia delako signaleaz markaturik, jakile dira eta azkarki aithortzen die ekhijalkialdeko, eta itzalaldeko Elizarren orhitzarre zahar eta omenezkoek. Ezi Jesu-Kristen Elizak, hari gomendatu egien begirari eta mendekari erneak, haietan behinere ez tu deus aldatzen, deus gutitzen, deus emendatzen; bena albiriste handirekin, zaharren erranak fidelki eta zuhurki ikhertzen dutialarik, aurkhitzen badu erakaspen zunbait lehen tipiltzeko egonak eta Aiten sinhestiak ereiñak, hurak tipiltzen dutu eta leintzen, Zelutik jauxi egia zahar hek har dezen itxura, argia eta berheztarzuna, bena begiratzen dielarik bere osodura, bethedura, beregoa, handi ditian xoilki bere kentean, erran nahi beita ber egia aihoan, ber oldean, ber erranian.

        Bada Aita Saintuek eta Elizako Izkiribazalek, Zelutikako hitzez argiturik, deusetzaz ez tie lehendanik artha haboro hartu, Guthun Saintuen tipiltzeko, egien etxekitzeko eta fededunen argitzeko egin dutien liburuetan, zuña Birjinaren gaingaineko saintutarzunaren, handigoaren, eta bekhatuzko thona orotarik haren xahutarzun osoaren, baita gizonkentearen etsai beltzetik haren garhaitze loriosaren ederki eta hanitz gizaz erakasteaz eta goraiphatzeaz. Hortakoz erantzuten dutienian hitzak zuñtzaz Jinkoak agintuz munduaren hastetik bere hontarzunean gizonkentearen adelatu sendogarriak, zapatu baitzian suge inganazalearen goigura, eta miragarriki gure esperantza eraiki, erran zianian: «Etsaigoak ezariko ditiat hire eta emaztearen artean, hire kastaren eta haren kastaren artean», erakaxi die Jinkoaren aiphamen hortzaz klarki eta ageriki aitzinerakutsirik izan dela gizonkentearen arrerosle urrikalsua, zuñ baita Jesu-Krist, Jinkoaren Seme bakhoitza, eta erhikaturik Maria Birjina haren ama guziz dohatsua, eta ber denboran debruaren kontreko haien bien exaigoak izan direla klarki markaturik. Arren halanula, Jesu Kristek Jinkoaren eta gizonen arartekariak, gizontarzuna harturik, ezestatu baitu gure kuntre ekharririk zen erabakia, eta Khurutxean trionfanki itzatu; ber gisan Birjina guziz Saintak, lotkarri hersienaz eta ezinsoltatuaz harekin bat eginik, eta hartzaz bethiereko guduka suge phozoatiari etxekiten deiolarik eta osoki goitzen dialarik, buria bere huñ thonagabeaz zaphatzen deio.

        Birjinaren garhaite handi eta berhezi hori, eta haren gaingaineko inozenzia, xahutarzuna eta saintutarzuna; bekhatuzko thona orotarik haren garbitarzuna; zelutik ukhen dutian grazia, berthute eta dohain berhezi ororen bethedura eta handitarzun ezinaiphatua ber Aitek ikhusi die bada Noeren Arka hartan, zuñ Jinkoaren manuz eginik, mundu guziaren hondatze generalian, bera oso eta gaitzgabe egon baitzen; bada zurubu hartan, zuñ ikhusi baitzian Jakobek lurretik zelura heltzen, zuñen mailletan Jinkoaren Ainguriak igaiten eta jausten baitziren, eta zuñen thiniari baitzagokan Jaun-goikoa; bada khaparondo hartan, zuñ gune saintu batian Moisak ikhusi baitzian ald'orotarik erratzen eta su-gar karrasken artean batere ez histen eta ez den damu txipiena hartzen, bena ikhusgarriki ostotzen eta lilitzen; bada etsaiez ezingoithu torre hartan, zuñ unguraturik baita mila barandaz eta azkarren armadura guziaz; bada baratze zerratu hartan, zuñ ezin baitaite ideki, eta ez irabaz etsaien inganio aitzipetsuez; bada Jinkoaren tenplo amiragarri hartan, zuñ zeluko argiez izarniaturik, betherik baita Jinkoaren loriaz; eta beste holako hanitz uduritarzunetan zuñtzaz Jinko-Amaren dongoa gora, haren xahutarzun thonagabea, eta itzalik behinere ukhen eztian saintutarzuna, ageriki erakutsirik izan direla baitioie Elizako Aitek.

        Zeluko dohainen hunantza horren eta Jesusez amatu den Birjinaren sorzarozko xahutarzunaren arphezteko, ber Aitek, Profeten hitzak harturik, ospatzen die Birjina aiphagarri hura deitzen dielarik: urzo xuria, Jerusaleme Saintua, Jinkoaren Jargia gora, saintutarzunaren arkha eta etxea zuhutarzun (sic) bethierekoak eraiki diana; Erregiña siratsez unguratua eta bere Maitearen gainen bermatua, Jaun-goikoaren ahotik osoki perfeit jalkhi dena; ederra eta Jinkoak guziz maithatua, eta behinere thona baten herexaz theiuturik izan eztena. Baita ber Aitek eta Elizako Izkiribazalek, gogoan igaraiten zienian, Birjina guziz dohaxua, Ainguru Gabrielek Jinkoaren Amagoako donkide ezinago goraz argudiatu zianian, Jinkoaren beraren izenian eta haren manuz Graziaz bethea deithu ziala; erakatsi die gurthera berhezi eta ospetsu jagoiti entzun etzen horrez erazagutzen diala, Jinkoaren Ama izan dela grazia guzien jargia eta Espiritu Saintuaren dohain guziez aphaintua; ezta aski, dohain haien bilduma baztergabe bat dela eta osin ezin huts ditaken bat; eta holatan, maraditzionearen pean sekula ez izanik eta bere semearekin batian bethi beneditzionez unguraturik, merezitu diala erran lizon Elisabethek Espiritu Saintuaz argiturik: Benedikatua zira emazten artean eta benedikatua duzu zure Sabeleko ekhoizpena.

        Hortik ber Erakaslen ospetsu bezain orobatezko ustea, Birjina guziz loriosa zuñi gaiza handiak egin baiteitzo Ahalorotakoak, halako Zeluko dohainen hunantzaz, halako grazien bethaduraz eta halako xahutarzunaz izan dela dohainturik, nun izan baita Jinkoaren ezinaiphatuzko mirakullua, baita mirakullu guzien thinia, Jinkoaren Ama behar-bezalakoa, khreaturá egin daitekian bezain Jinkoaganik huillantzen dena, eta bai gizonen bai Aingurien laidorioak beno goragoa. Hortakoz ere, hatsarreko Jinko-Amaren xahutarzunaren eta garbitarzunaren goraiphatzeko, ez askiz Ebarekin haren batuntzeaz, Eba orano birjina, orano xahu, orano thonagabe, orano suge aitzipetsuaren inganioez atzamanik etzen denboran; haren gainetik ezari die erraiteko eta mintzatzeko mota miragarrienez -Ezik-ere Ebak, damuki sugiari behaturik, galdu zian hatsarreko xahutarzuna, eta haren aurpeko bilhatu zen; aldiz Birjina guziz dohatsuak, sorzaroko dohaina bethi emendatu du, eta zer-ezik ezten sugiari behatu, haren indarra eta photerea Jinkoaganik ukhen dian berthuteaz osoki zaphatu dutu.

        Hartakoz ere bethiz geroz Jinkoaren Ama deithurik izan da; elhorrien arteko azuzen lilia; lur osoki berria eta birjina, lur xahua, thonagabea, bethi benedikatua, sorzarozko khozu orotarik garbi begiratua, zuñtarik Adam berria eginik izan baita; edo inozentziazko, hileziazko eta siratsezko pharadusu erraiteko gabea, ezinago argia eta onesgarria, Jinkoak berak adelatua, eta suge phozoatuaren galbide orotarik begiratua; edo zur ustelezina zuñtan bekhatuaren harra ez baita sekula sarthu; uthurri bethi argia da Espiritu Saintuaren berthuteaz zeiñhatua; Jinkoaren tenploa, hileziazko tresorra; ez heriotzearen bena biziaren alhaba bakhar eta bakhoitza; ez kolerazko bena bai graziazko berjaioa, zuñ bethi berde ondo ustel eta khozututik, Jinkoaren benia berheziaz, lege eta ohidura guzien kontre, sorthu baita. Eta aski etziren ospatze handi horik zinez eta garbiki oihutu die bekhatuaz hitz den bezain sarri, Maria Birjina Saintaren ez dela aiphatzerik, zuñek gaintika ukhen baitu grazia alde orotarik bekhatuaren goithzeko; eta goratik erran die Birjina guziz loriosa izan dela burhasoen arreraikizalea, ondokoen bizigarria, bethidanik haitatua Jaun-goikoak beretako adelatua, Jinkoak aitzinaiphatua erran zianian sugeari: Exaigoak ezariko ditiat hire emaztearen artean, zuñek dudagabe zaphatu baitu suge haren buru phozoatua; eta hartakoz erran eta zintu die Birjina guziz dohatsu hura izan dela Jinkoaren graziaz bekhatuzko thona orotarik xahu, eta khozu orotarik garbi khorpitzian, ariman eta gogoan, Jinkoarekin zegoela bethi bihotzez, bethiereko pato batez harekin bat-eginik; behinere ez dela izan ilhunpean, bena bethi argian; eta holatan izan dela osoki Jesu-Kristek behar zian bezalako egongia, ez khorpitzaren edertarzunaz, bena hatsarretik ukhen dian graziaz.

        Bada orano Aiten hitz ederrik Birjinaren Konzebizioneaz, mintzatzean erran dienian, naturak graziari aitzinaldia utzi zeiola, eta baratu zela ikharaturik ez ausartuz aitzinatzera; ezik ez zian behar Birjina Jinko-Amak amaganik konzebiturik izan, Graziak bere frutua egin beno lehen; zeren konzebitu behar zian emaztetako lehen-sorthuak, zuñtarik konzebitu behar baitzen kreatura guzietako lehen-sorthua. Zintu die Birjinaren aragiak Adameganik hartuak ez dutiala hartu Adamen thonak, eta holatan Birjina guziz dohatsua dela Jinkoak berak dentu etxola edo tabernaklea, Espiritu Saintuak adelatua, purpuraz egiazki egina, Bezeleel berri harek urhez aphaintua eta josia; hura bera dela eta zuzeneki (sic) deithurik dela Jinkoaren egiazko lehen lanhegina, gaistoaren suzko tragazetarik gerizatua, izatez ederra, thonarik batere gabea, ozkorria bezala aldeorotarik argi mundiala agertu dela bere konzebizione thonagabean. Ezik ere etzen sori haituzko untzi hura besteak bezalako theiarzuner pharatua izan ledin, zeren hanitzez besteak ez bezalako baita, haien izantzan pharte ukhenik ez baitu hutsian; eta bestalde guziz sori zen, Zeluan Aita hiruretan Saintu Seraphinez goraiphaturik dian Jinko-Seme-Bakhoitzak, Ama lurrian ukhen lezan saintutarzunaren argiaz sekula gabeturik izan ez dena. Eta sinheste hori hain zen gure Aitzinekoen gogoetan eta bihotzetan sarthu, nun hartu baitzien ohidura berhezi eta miragarri bat haren aiphaitzeko (sic), deitzez usu-usuan Jinkoaren Ama, thonagabea, alde orotarik thonagabea, ogengabea eta guziz ogengabea, garbia eta ozoki garbia, xahua eta bekhatuzko theiarzun ororentako ezinago atze dena, oro xahua, oro garbia, eta hullan xahutarzunaren eta hutsgabearen moldea bera, edertarzuna beno ederragoa, xuritarzuna beno xuriagoa, saintutarzuna beno saintuagoa, sainta bakhoitza, arimaz eta khorpitzez ezinago garbia, xahutarzun eta birjinitate guziak gaintitu dutiana, eta bakhoitza ozoki izan dena Espiritu Saintuaren grazia guzien egongia, eta Jinkoaz beste ororen gainekoa; Xerubinak eta Serafinak, berak beno, eta Aingurien armada guzia beno izatez garbiagoa, ederragoa eta saintuagoa, nun ez beitira hullan ere gai haren laudatzeko zeluko eta lurreko mihiak. Goreste hori Elizako izkiribu eta ofizioetara bere beitharik bezala igaran dela, hetan usu aurkhitzen dela eta osoki gaintu dela, ihur ezta ez dakienik; ezik ere hetan deithurik eta aiphaturik da narriorik ez dian edertarzunezko úrzoa, arrosa bethi lilitua, aldorotarik xahu-xahua, bethi thonagabea, bethi dohatsua; goretsirik da inozentzia behinere zauririk ukhan ez diana bezala; eta Eba berria Emmanuel sorthu diana deithurik.

        Ez ta arren miresteko, Birjina Jinko-Amaren konzebizione thonagabearen erakaspena, Aiten ustez Guthun Saintuetan ekharria, haien beren hainbeste aithormen azkarrez gutarat igarana, lehenagoko hainbeste orhitzarre handitan ibenia eta goretsia, Elizaren sinheste indartsuaz eta phezu handitakoaz guri ezkentua eta segurtatua, hainbeste su, debozione eta amoriorekin Elizako Artzainak eta populu fidelak egun oroz zinezago aithortzez boztu baitira; eta deus ez badie ukhen gozoagorik ez onhesgarriagorik zuña, amorio gartsuenarekin, Jinko-Ama sorzarozko thonagabe konzebituaren ohoratzea, deitzea eta oihutzea. Hortakoz ere lehenagoko orduetarik, Aphezkupuek, Eliza-gizonek, Ordre relijiosek, bai eta ere Inperadore eta Erregek berek, Jargia Apostoliko hunenganik isiki galthatu die, Jinko-Amaren konzebizione thonagabea fedezko egietan ezar ledin. Holako galthoak gure egunetan ere izan dira berriturik, eta berheziki orhitzapen huneko Gregori XVI gure Aitzinekoaren denboran, eta gihauri eri eginik izan zaizku bai Aphezkupuez, bai Eliza gizonez, bai Erlejiosez, bai prinze handienez eta populu sinhestedunez.

        Guk hartakoz bihotzeko boztario berhezi batekin, horik oro untsa ezaguturik eta zinzinki gogoan erabilirik, nahibada gaigabe Jinkoaren Probidentziaren detse gordeaz Phetiriren jargia gora huntara alxaturik, Eliza guziaren gobernua hartu dugun bezain sarri, deus eztugu lehiatuagorik ukhen, zuña haurzarotik Maria Birjina Jinko-Amari ekharri deiogun goreste, debozione eta amorioaren aran, Elizak orano gudiziatzen ahal zutian guzien egitea, Birjina ezinago dohatsuaren ohorearen handitzeko, eta haren dohain berhezien argi handiago batean ezarteko. Bena nahiz egitekoari zohidura osoa eman, manhatu dugu biltzarren berhezi bat, Gure Anaie Ohoragarri Erromako Eliza Saintuaren kardinale, Errelijionez, Zuhurtarzunez eta Jinkozko jakitatez goretsienik direnez; eta haitatu dutugu Eliza-gizonak, Errelijiosak theologiako gaizetan jakintsuentarik, manuekin Birjinaren konzebizione thonagabeari doazkonak oro artha handienarekin ikher litzen eta bere erabakia ekhar lizagien. Eta nahibada egin deikuien galthoetarik nuzpait azkenian fedezko egietan ezar dezagun Birjinaren konzebizione thonagabea, ezagutzen gunian hanitz Aphezkupuren sinhestea; halere baranthaillaren 2 1849 Gajétarik igorri dugu mundu orotako Aphezkupuer Guthun general bat, amorekatik Jinkoa othoiturik, izkiribuz jakin eraz lizagien, nolako zen bere fededunen debozionea eta gogokuntea Jinko-Amaren konzebizione thonagabearen gañen eta berheziki zer berek Aphezkupiek uste zien sinheste horren erabakitzen gañen, zer gudiziatzen zien; amorekatik eta ospe handienarekin gure azken hitza erran ahal genezan.

        Ezta ttipi izan gure boztarioa, gure anaie Dohagarrien ihardexiak heltu zaizkunian. Ezi berek ezinsinhesizko alagranzia, atsegin eta gogoberoekin ihardesten zeikuielarik, ez gutie bakharrik seguratu bere eta bere meneko appez eta populuen debozioniaz eta sinhesteaz Birjina ezinago dohatsuaren konzebizione thonagabearen gañen; bena guziek batbatian bezala, galthatu deikuie Birjinaren konzebizione thonagabea gure goihenhitzaz eta autoritateaz erabaki genezan. Ez gira gutiago boztu, nuiz etare aiphatu bilzarren berhezi artako Gure Anaie Kardinale Dohagarriek, eta erran diren Theologo aholkari guk haitatuek, ber boztarrio eta suekin, untsa gaiza ikhertu undoan, othoitu gutienian konzebizione thonagabe hori sinhesteko egietan ezar dezagun.

        Gerokoz Gure Aitzinekoen urhats ederrer jarraikirik eta nahiz xuxen eta behar bezala aitzinatu, bildu eta eduki dugu bilzarren handi bat, zuñtan Gure Anaie Dohagarri, Erromako Eliza Saintaren Kardinaler mintzatu baikira; eta hurak arimako boztario handiekin entzun dutugu guri galthatzen, othoi sinhetsi behar egietan ezar dezagun Birjina Jinko-Amaren Konzebizione Thonagabea.

        Beraz osoki Jinkoatan sinheste harturik heltu dela behar zen thenorea, Birjina Maria Jinko-Amaren konzebizione thonagabearen sinhestetan ezarteko, zuñ Guthun Saintuek, zaharren erakaspenak bethizko Elizaren usteak, Aphezkupu katolikoen eta fidelen hortan bateratze miragarriak, Gure Aitzinekoen egitatek eta erranek hain argitu eta zintu beitie; gaizak oro ontsa phezaturik, Jinkoa thaigabe garsuki othoiturik, uste ukhen dugu ez guniala behar berantu gure goihen hitzaz Birjinaren konzebizione thonagabearen aithortzea eta sinhestetan ezartea; eta holatan mundu katolikoaren hirrits deboten, eta gihaurek Birjina guziz dohatsuarentako dugun debozionearen asegitea, eta harekin batian Jesu-Krist haren seme bakhoitz Gure Jaunaren bethi haboro ohoratzea, zeren semealat gaintitzen beitira Amari emaiten zaitzon dohaite eta ospe guziak.

        Hartakoz thaigabe aphalmentuan eta barurian, gure gihauren othoitzeak eta Elizaren othoitze bilduzkoak Jinko-Aitari bere Semeaz eskentu undoan, Espiritu Saintuaren indarraz gure gogoa othoi lagunt eta azkar lezan; galthaturik zeluko khorte guziaren heltura: Trinitate saintu eta ezinberheziaren ohoretan, Birjina Jinko-Amaren dohaite eta ospetan, Eliza Katolikoaren altxatzeko, eta Khiristigoaren hedatzeko, Jesu-Krist Gure Jaunaren autoritatez edo nausigoaz Phetiri eta Phaule Apostolu Saintuen eta gihauren autoritatez erraiten dugu, oihutzen dugu, eta sinhesteko egietan ezarten dugu erakaspen hau: Birjina Maria guziz dohatsua bere konzebizionearen lehen menian, Jinko ahalorotakoaren graziaz eta dohain berheziaz, Jesu-Krist gizonkentearen salbazalearen merezimentuen gatik, sorzarozko hutsaren thona orotarik xahu begiraturik izan dela, Jinkoak ezaguterazirik dela eta hartakoz fededun guziek zinez eta bethi sinhetsi behar diela. Halatan sunbait (sic) guk baitu dugun ez bezala, (Jinkoak begira detzala!) uste ukheitera gogotik ausart balite, hek ikhas dezela eta jakin dezela, berak bere jujamentuaz kondenaturik direla, fedean itho direla, eta Elizaren batarzunetik berhezi direla; baita orano bere egitateaz beraz Elizak ekharri phenen pean jarten direla gogoan uste diena, hitzez edo izkiribuz edo beste zernahi kanpotiko kheñuz erakustera atrebitzen badira.

        Betherik da betherik gure bihotza boztarioz eta gure mihia alegrantziaz, esker aphalenak baita gorenak Jesu-Krist gure jaunari eman eta emanen deitzogu, zeren hunki berhezi batez, guri merezi gabe eman dian, dohaite horren, loria horren eta ospe horren bere Ama dohatsuari eskentzea eta eretxekitzea. Esperantza segurrena orai badugu eta konfidantza osoa, Birjina guziz dohatsu harek, oro xahu eta thonagabe suge garratzari buru phozoatua lehertu dianak, eta munduari salbamentua ekharri dianak, zuñ baita Profeten eta Apostoluen ospea, Martiren ohorea, Saintu guzien boztarioa eta khoroa; zuñ baita lanjerian diren guzien ihes lekhu segurrena eta heltari fidelena, eta lur huntako egoiliar guzien arartekari eta bakezate photeretsuena bere Seme Bakhoitzaren aitzinian; Eliza Saintaren loria eta edergallua, baita enpharu azkarrena; zuñek erakaspen gezurrezkoak erauzi baitutu, populu eta dierri khiristiak mota orotako gaitz handienetarik ideki, eta gihaur hainbeste galbideren artean begiratu; nahi dukiala bere benia guziz ahatsuaz egin, Eliza Ama Sainta Katolikoa, traba guziak khenturik, gezurkeriak oro histurik, dierri orotan bazter guzietan bethi haboro heda, azkar eta lili dadin, nausi dadin itsasotik itsasora eta ibaietik munduaren azken mugetarano; bake osoa, deskantsua eta libertatea goza dezan; ogendunek pharkamentua, eriek sendogallua, bihotz aphalek indarra, bihotz eriek konsolazionea, lanjeretan direnek helgoa ukhen dezen; eta herrapidean diren guziek bere gogoko ilhunpeak iraxirik, egiaren eta justiziaren xendalat utzul ditian, eta izan dadin arthalde bat eta artzain bat.

        Entzun ditzela gure hitz horik Eliza Katolikoaren haur maite guziek, eta debozionezko, errelijionezko eta amoriozko sugar bethi borthitzago batekin ohora dezela, dei dezela eta othoi dezela Jinkoaren Ama guziz dohatsua, Birjina Maria, sorzarozko thonagabe konzebitua; eta urrikizko eta graziazko Ama guziz ezti harengana, lanjer, herstura, beharrune, duda eta lotseria guzietan, konfidantza oro batekin ihes egin dezela. Ezta ezik deusez beldurtzeko, deusez exitzeko, hura lagun, hura begirari, hura althe, hura gerizazale badugu; harek beitu guretako egiazko Ama baten bihotza, eta gure salbamenduaz ari denian, gizonkente guziaz beitu antsia; eta den bezala zeluko eta lurreko Erregiña Jinkoak ezaririk, eta Aingurien eta Saintuen bilduma guziak beno gorago Jinkoaz alxaturik, bere Seme bakhoitz gure Jaunaren eskuinian jarririk, bere Ama legezko othoi azkarrez segurka ardiesten du, bilhatzen diana edireiten du, eta ez daiteke azurka.

        Azkenian, nahiz Eliza guziaren ezagutzetara, Maria Birjina guziz dohatsuaren konzebizione thonagabearen baitze hau hel dadin, gure Guthun Apostoliko horik, bethiko horren orhitzarretan egon ditian nahi dugu, manhatzen dugularik hoien kopia eskuz edo moldez izkiribatuer, notari publiko batez sinaturik eta Elizako aitzindari zunbaiten kaxetaz iruizkirik diren ber, sinheste bera emanik izan dadin, zuña eman beleite hoier bereri, aitzinian agerturik eta erakutsirik balira.

        Emanik Erroman, Jaundone Phetiri beithan, Jinkoaren gizonegiteko, mila zortzi ehun eta berrogei eta hamalaur-garren urthean, abentuko J seigarrenian, gure Aphez handigoak bederatzu garrenian.

 

aurrekoa