www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Piarres Adame
Jean Baptiste Elizanburu
1889

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

4en KAPITULA
PIARRES ADAMEREN HAURREKO BIGARREN HITZTORIO BAT

 

        Azkaindik Olhetara ez da bide luzea; lekho baten ingurua nonbait han. Den baino ere hamar aldiz laburrago iduritu zitzaitan bide hori, nere laguna zela medio.

        Azkain gibelera utzi ginuenean, Piarres, indarrak bildu berria baitzen, hasi zitzaitan mintzatzen gisa huntan:

        «To, Pello, nahiz ezagutzak egin berriak ditugun biek, iduritzen zaitak yadanik bi adizkide zahar garela; egia duk nerekin ethorri haizela hameketakoaren egitera, eta, trinkatzer ere dugula elkharrekin...; hox! erran behar diat, orai artean gobernatu haizela muthiko prestu baten gisa... Beraz ohorea eta zoriona ditukanaz geroz Piarres Adamerekin bidearen egiteko, ez duk errana izanen ez haizela baliatu Yainkoak eman darokan fortuna on hortaz, ezen, behar darozkiat erran oraino nere haurreko eta gazteko zenbait hitztorio.

        »Aiphatu darozkiat yadanik zenbait hitz nere haurtasunaz; badakik sei urthetan abiatu nintzela eskolan, eta, zazpietan, ez nakiela oraino gauza handirik. Ez nian bada burua eskas!... Ene ustez, erran daroyat lehenago ere nolako burua nuen haur-haurrean ere. Hox! orai sudurra dutan bezalakoa!... Gogorki handia, Pello, gaitza! Bainan ordean debrua bezain gogorra!... Halere erran zukek ez nuela arras galdu denbora; ezen, hameka urthetan, irakurtzen nitian aski pulliki, ba eta franko ederki ere, liburu Izpiritualean diren othoitz eskuara eta latin guziak.

        »Ikhasteko buru gogorra banuen, Pello, ez zuan hargatik eskola guzian haur bakhar bat ni bezain abila zenik arbolen gainerat igateko? Bertze muthikoak, ikhusten zutenean xori-ohatze bat arbolarik den gorenean, berehala nere bilha heldu zituan.

        »Deus ez zuan izanen ohartze-ketan baizen ez banu baliatu nere abilezia suertea... bainan, aldi batez, aran ondo baten gainera igateak zer ondorioak izan zituen neretzat eta zer zurra-aldia merezitu eta?... bainan has gaiten hastetik, Pello; has gaiten hastetik...

        »Beraz, behin, aste-azken arraxalde batez, nere eskolako bi lagun Lehenbizkaitarrek, ni nintzen alkhi berean yarriak baitziren, erraten zarotatek: Oi! Piarres, Piarres, zein aran ederrak diren hantxe, Juanareneko ondoan, bide-hegi-hegian!... Arbola guzia mukuruku estalia duk aran hori-hori eta onyu-onyu batzuez!...

        »Solas hoyek aditzean, Pello, ur goxo bat ethortzen zaitak ahora, eta halere erraten zioteyat: Bainan muthikoak, aran hek ez othe dire norbaitenak?

        »Ez, ziotek, ez, Piarres, ez dituk segurki nihorenak! Guzienak dituk, bidearen hegian direlakotz!

        »Erraten zioteyat oraino:

        »—Zertako ez ditutzue bada bildu?

        »—Zertako ez ditugun bildu, Piarres? zeren arbola goregia baita guretzat.

        »Aphur bat gogoetan egon ondoan, muthiko heyek erranaren bortxaz, batek: "Athor, Piarres" bertzeak: "Piarres, athor" beraz azkenean deliberatu nian, biharamunean, ortzeguna baitzen, behiak landan utzirik norbaiten gomendioko, guanen nintzela aran famatu heyeri begi-kolpe baten ematera; eta, hartarakotz, Lehenbizkaitar hoyekin elkar aditu ginian hiruak oren berean kausitzeko, Juanareneko aldean.

        »Denbora hartan, Pello, Lehenbizkaitar eta Plazatar muthikoak debruz eginak zituan; golkhoaren bethe malezia baziteyan; guk, Iztilartar eta Eyhalartarrak, lasterka gintuan abilenak. Beraz, hobeki eginen nian utzi banitu Lehenbizkaitar hoyek, zirenak ziren, berak beren hauzoko aranen biltzera; bainan zer nahi duk, Pello? Errana zuan eta naski izkribatua ere nonbait, Piarres Adamek behar zuela, egun zorigaitzezko hartan, irabazi bere abilezia suertearen saria, geroxago ikhusiko dukan bezala!

        »Biharamunean, eguerditik oren bateko inguruan, hauzoko Mattinek hitz-emanik nere behiak zainduko zituela bere behiekin batean, banohak beraz, landaz-landa bidea laburtuz, Juanareneko aldera. Nere bi lagun Lehenbizkaitarrak han zituan yadanik.

        »Erakusten zarotatek berehala aran ondo famatu hori, eta lehen begi-kolpean ohartu ninduan ez zela arbola hori hek bezperan erran zuten bezain estalia aranez, bainan, hox, bazian halere fruiturik aski, nere gutiziaren pitzgarri eta nere abileziaren frogagarri.

        »Aran ondo hori, zen lekhuan ikhusiz, nahiz baratzeko harresiaren kanpoko aldean zen, egon ninduan nere buruarekin arbola hori bazitakela aldeko etxekoa zen; bainan nere lagunek erranik berriz ere segurki mundu guziarena zela, atrebitzen nauk beraz, Pello, aran-ondo horren gainera atzaparka igatera.

        »Bazian aphurtto bat han hari nintzela bil-eta-bil; yadanik golkhoa ere bethe hurrana nian onduenez; bertzeak, naski dudatzen haizen bezala, azpiko laguneri egortzen bainituen, noiz eta ere, Pello, aditzen baitut halako boz herdoil eta erlax bat, saingaz bezala mintzo dena... mundu huntako eta bertzeko madarizione suerte guziak azpitik gora naski nere aldera egortzen dituelarik... eta, denbora berean, lur-muilo batek yotzen naik belhaunean!...

        »Sekulako harritua, behatzen diat lurrera... eta han ikhusten... Yesus! Maria!... axo zahar bat... bi begi gorri izigarriekin... ukhabilak eta behatzak bi hortz luzekin erakuxiz, altzoan zituen harri eta lur-muilo guziak, bere madarizionekin batean, nere gainera besaginka egortzen zituena!... "Ohoina!" deitzen nindian... "ohoina!... Urde ohoina!..." Eta gero norbait deithu balu bezala: "Manuel?..." egiten zian oihu, "Manuel?... Ho, Manuel?..."

        »Banian zer erran: Zer duzu, emaztekia? Zer nahi duzu? Nik, zer egin darotzut? Ez zian deusik aditu nahi... eta haren harri eta lur-muilo kolperi ihes egiteko, bortxatua izan ninduan igatera arbolaren puntaraino!...

        »Handik ikhusi nitian nere bi lagun Lehenbizkaitarrak, orgabideaz bertze aldeko sasi baten xokoan, irriz kar-kar-kar zagotzila, ikhusiz nere tribulazioneak!...

        »Dudatzen haiz naski, Pello, zer itxura egiten ahal nuken nere abilezia handiak ezarri ninduen lekhu gora hortan!... zeruaren eta lurraren artean!... Batetik nola bertzetik berdin hurbil kasik!... Gorago igatekotz, behar zuan izan hegastina...; behiti behatzen banuen, han ikhusten nian nere axoa, geroago eta gehiagoko omore tzarragoan... nere ganaraino harriak eta lur-muiloak ezin helduz, errabia gorriaren bortxaz ezpainen artetik harrapo berde bat zariola... atzaparrak erakhuxiz, erran nahi balu bezala: "Yaux hadi, yaux!... Atherako darozkiat bi begiak!..." Eta, bitartean, egiten zian bethi oihu bera!: "Manuel? Ho! Manuel? Ez nauk aditzen, Manuel?..."

        »Ezin-bertzez, deliberatu nian beraz egotea aphur bat nere arbolaren puntan, agian azkenean axoa, unhaturik, apazegatuko zelakoan. Bainan, ez zuan ez holakorik!... Eztitzeko ordean emazteki zahar horren errabia geroago eta gehiago borthizten hari zuan!... Penxa emak, Pello, zer kolore ahal zuketen nik, oren hartan, egiten nituen gogoetek! Zenbat mila xinhaurri sentitzen nituen bir-bir-bir zabiltzala nere parrapioetan!...

        »Noiz eta ere, muthikoa, ikhusten baitut, bet-betan, mutil animale traste bat, gaphelu gorri handi bat buruan, sagarde izigarri bat eskuetan, heldu dela, egin-ahalak-egin lasterka, landako patarra gora, belhar higitzen hari zen lekhutik axoaren deihadarrak aditurik!... Ez zuan dudarik, Pello, muthil hori izan behar zela axoak helatu zuen Manuel!

        »Orduan zer iragan zen nere baithan... zer ikharak ibili ziren nere zainetan, ximizta batzuek bezala... izerdi hotz bat buruaren kaskotik zangoen zolaraino xurrutan pil-pil-pil yausten zitzaitalarik... to, Pello, Yainkoak eta nik baizen nihork ez zakik!...

        »Bi eskuez narozkan arbolaren adarrak utzi nitian... kurutzearen seinalea egin, ahal nuen bezala... nere arima eta gorphutza ezarri Yainkoaren gomendioan... begiak, lehenik zerura altxatu ondoan, aphaldu... eta hexi...; gero, ihiztariak hil duen xori batek egiten duen bezala, adarrez-adar, aldaskaz-aldaska, nere burua erortzera utzi... lurreratzean, gisa guziez, hil behar nuelako uste eta segurtasunarekin.»

 

aurrekoa hurrengoa