www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Piarres Adame
Jean Baptiste Elizanburu
1889

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

3en KAPITULA
PIARRESEN OMORE ONA BIDEAN. NOLA EGITER NUEN HAMEKETAKOA AZKAINEN

 

        Piarresek hitztorio hori akhabatu zuenekotz, Azkaingo herritik hurbil ginen, eta herri hortara heldu baino lehen, iragan behar zen erreka luze batean ginohazilarik, bidean gurutzatu ginuen mandozain bat, bi mando zahar kaprestutik zaramatzana ikhatzez kargatuak.

        Nola gehienek ezagutzen baitzuten Piarres Adame, eta nola Piarresek ere ezagutzen baitzituen gehienak, gapheluak khendurik elkharri agur erran ginuenean, ikhazkinak erraten du:

        —Bagabiltza, Piarres?

        —Ba, bagabiltza; zuek ere ba?

        (Dudarik gabe Piarres mandozainari eta mandoeri mintzo zen denbora berean).

        —Urrun goazi hola, Piarres?

        —Holaxe... holaxe... norbaitek galdetzen badarotzu, aski duzu erratea ez dakizula.

        —Semea duzu aldeko muthiko hori?

        —Ez, alaba.

        —Ori, fortuna du.

        —Zertako?

        —Zeren, zurea balinbada, semea izan dadin, edo izan dadin alaba, ez baitu aitaren egiterik.

        Piarresek, ezpainak zimurtuz, ezarri zuen piko hori sakelan; ez ordean hargatik erortzera utzi, ikhusiko dugun bezala?

        Aphur bat ixilik egon eta, gure mandozaina bideari berriz lothu zenean, Piarres, oraino gelditua, hasten da oihuka, erhiaz gibeleko mandoa erakuxiz:

        —Behautzu! behautzu! higitzen da! erortzera doha!

        Mandozaina orduan, ustez zaku bat mandotik erortzera dohakon, badoha tarrapataka gibeleko mandoaren aldera erraten duelarik:

        —Non? Non?

        —Hor! dio Piarresek, hor! Zer! ez duzu bada ikhusten higitzen dela?

        Eta, denbora berean, erakusten dio mandoaren buztana...

        Orduan, utzirik gure mandozaina ez dakit zenbat mila orgaz eta debruz mintzo zela, guan ginen aitzina, segurki Piarresek irri ederrik egiten zuelarik bere ezpainen artean.

        Urruntxago, bide zaharraren aldeko ur-erreka batean, hiru emazteki hari ziren bokhata yotzen. Biek altxatuek zituzten zaiak edo soinak belhaunez goraxago, bainan ez modestia sobera kolpatzeko gisan? Hirugarrenak, mehe eta luxe bat baitzen, halako seihal beltz batez estaliak eta gordeak zituen aztalak .

        Egun on erran eta, Piarresek, oharturik berehala sei aztalen ordean lau zirela ageri, bidean trikaturik, eman zioten berxu bat, hamahiru pontuko aire zahar batean, hiru emazteki hoyeri.

        Huna berxu hura:

        Egun ni naizenean Azkainat hurbildu,

        Hiru Graziek naute bidean gelditu;

        Biek erakuxiak batek gorde ditu...

        Ez zituen gordeko ederrak balitu?...

        Piarresek ez zuen oraino errana berxu horren azken hitza, emazteki mehe eta luxe hori hasi baitzitzaion zer nahiren erraten, erakhuxiz behatzak eta ukhabilak, bertze bi emaztekiak irriz kar-kar-kar zarotzilarik.

        Orduan, nere aldera itzulirik, Piarresek erran zarotan:

        —Goazen aitzina, Pello, berdin orai ez diguk hemen gauza onik adituko.

        Eta berriz lothu ginen bideari.

        Emazteki luxearen oihuak eta madarizioneak oraino aditzen gintuelarik, huna Piarresek zer erran zuen:

        «Horra, Pello, batzuetan nola egiten diren exaiak, mihia dela medio; ixilik egonez hainitz hobeki eginen nian naski, bainan errana duk gero lehengoa, bihar atzokoa izanen dela Piarres Adame!

        »Orhoit hadi, muthikoa, mintzatzeak zilharra balio badu zenbait aldiz, ixiltzeak maizago urhea balio duela; horra zertako gizon zuhurrak, mintzatu baino lehen, biratzen duen mihia ahoan hiruetan bedere. Ahal baduk, Pello, balia hadi solas hoyetaz, ni neroni baliatzen naizen baino hobeki.»

        Azkaingo herrian sarthu baino lehen, sorho baten erdian barna elizaren ondora erematen zuen bide batean, Piarresek, herbi hexur batekin xirikatu ondoan, ezarri zuen pipa motxa bere gaphelu handian; aphur bat trikatu eta, gure maripulisak yauntzi gintuen, gero Piarresek lehenik, nik ondotik, atheka baten gainetik salto egin eta, sartu ginen biak Azkaingo herri amulxuan.

        Nork ez du ezagutzen Azkain? Nork ez du adizkide bat bedere herri maithagarri hortan?

        Piarres Adameren arabera, Azkaindarrak kasik Saratarrak bezain yende onak dire, eta ez da segurki guti erratea. Horra zertako erraten zuen Piarresek: «Saratarra ez banintz, Azkaindarra nahi nikek izan.»

        Aithortzen zuen ere Piarresek Azkainen exai gutiago zuela Saran baino, herri hortan gutiago ezagutua zelakotz, eta, bereziki, kopla gutiago eman zuelakotz. Bainan, bistan da Piarres, han eta hemen zenbait kopla emanik ere, gizon onegia zela exairik nihon izateko.

        Azkaingo elizan hamar orenek yo berri zuten gu herri hortan sartu ginenean. Dudatzen nintzen Piarresek, bidea urrunago segitu baino lehen, nahiko zuela egin pausatto bat Azkainen, ezen ordukotz, hitz-erdi batez aditzera eman zarotan «hameketakoa» zela gauza bat egiten zena, ez bethi xuxen hameka orenetan, bainan ahal zenean.

        Beraz, Azkainen sartu orduko, Piarresek, ezker uzten ginuen bide bat erakuxiz, erran zarotanean: «To, Pello, horra Olhetako bidea» eta, denbora berean, eskuin hartu zuenean pilota-plazaren erdian barna, ikhusi nuen berehala zer xede zuken.

        Gizon propia iduritu bazitzaitan Piarres bidean khausitu nuenean, zer gizon ederra zen, bere maripulis oihal beltzezkoa soinean eta bere makhila letoindun gorria eskuan Azkaingo plazaren erdian barna, ihi bat bezain xut zohalarik!... hogoi urtheko muthil gazte batek bezain aise altxatzen zituen burua nola zangoak, eta Azkaindarrek, yakin balute Piarres Adame han iragaten zela, ez da dudarik segurki ikhusi nahiko zutela; beraz behatuko zutela. Bainan, suertez edo bertzela, ez ginuen ikhusi arima bat agertzen ez kanpora, ez eta ere leihoetara; xoilki plazaren erdian alhan zabiltzala dotzena bat edo hamabortz antzara, Piarresek ez baitzituen ikhusi ere, burua goregi altxatzen zuelakotz.

        Plazaren buruan den etxe propi baten athera heldu ginenean Piarresek, athe hori makhilaz borthizki yo eta, boz ikharagarri batekin oihu egiten du: «Hela!...» eta, emazteki boz ezti batek ihardexi zuenean: «Aitzina!» sartu ginen ezkerreko aldetik zen sukhalde airos batean.

        Etxeko andre horrek egin zarokun begitarte bat daiteken hoberena; uste dut ere, ikhusi baino lehen Piarres, ezagutu zuen Piarresen boza.

        Emazteki horrek, nahiz ez zen adinaren primaderan, erran nahi da gazte-gaztea, bazuen segurki halere kanpoz behar den bezenbat grazia gizon bati buruaren itzul-arazteko, eta aski zen aditzea yakiteko berehala barnez, bihotzez ere hoberenetarik zela.

        Ohartu nintzen ere, emazteki amulxu hori behatzen zuen guzian, Piarresen begiek nirnir egiten zutela, dudarik gabe etxeko andre hori estimu handian zarokalakotz?

        Aphur bat solas egin ondoan, Piarresek galdegin zuen hiru sosen edari azkarra bi baso flakoetan, eta, ni, ustez bi basoetarik bat neretzat galdetzen zuen, ausartatu nintzenean erratera: «Milesker, Piarres, ez dut edanen.»

        «Badiat uste, erran zarotan, badiat uste ez dukan edanen!... hire adinean nik edaten nuen edaririk azkarrena, gazura zuan, Pello... bainan, ez hadila khexa bi baso galdetu baditut; ez ditik biak batek hartuko!...»

        Etxeko andreak ezarri zituenean bi basoak, bakhotxa sei arditen edariarekin, mahainaren hegian, Piarresek hartu zuen bat eskuineko eskuaz eta egorri sudurretik beheraxago, begien hesteko behar den denboran; gero, pipa gaphelutik athera zuen, bethe eta piztu, ileti bat su-bazterrean harturik; altxatu zuen ezkerraz bigarren basoa eta hura ere zintzurra behera egorri lehenbizikoaren ganat.

        Sedazko molxa gorri eder batetik atheraturik, Piarresek eman zion etxeko andreari hamar-soseko xuri bat, eta andre horrek bihurtu zioenean xehea, solas eder hainitzekin, lothu ginen berriz Olhetako bideari, plazaren erdian barna.

        Aldi hartan ez ginuen ikhusi antzararik ere kanpoan, eta, herritik atheratu baino ere lehen khendurik gure maripulisak ezarri gintuen zinzilikotz gure makhilen puntan, Piarresek, alde guzietara behatu eta erraten zuelarik: To, Pello, balio zian segurki hoin ederki aphaindua izateak, nihork ez begiratzekotz !

 

aurrekoa hurrengoa