www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertso guztiak
Bilintx
(-1876)

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bilintx. Indalecio Bizkarrondo. 1831-1876. Bizitza eta bertsoak, Bilintx (Antonio Zavalaren edizioa). Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1978

 

aurrekoa hurrengoa

Sartzia soldadu

 

          1

Penetan daramazkit

eguna ta gaba,

poz bat sentitu gabe,

au suerte billaba!

Gosaritzat talua

eta bakallaba,

bazkaitan katillu bat

salda ta sei baba,

amalau jango eta

bi sardin afaldu,

batek ez luke obe

sartzia soldadu?

 

          2

Urrikigarriya da

nere izaera

goizero nai ta nai ez

juan biar lanera,

egarritutzen banaiz

ura eratera...

Nik orla zer [.........]

nezake atera?

Ezer sobratu ez ta

osasuna galdu;

ez det ondo egingo

sartzia soldadu?

 

          3

Kontuz ibilli arren

eta juiziyuan,

iñor aberasten ez

da ofiziyuan.

Ni lanakin ibilli

beti sesiyuan?

Erremientak norbaiti

erdi preziyuan

ero kasik debalde

al banizka saldu,

biyartikan sartuko

nitzake soldadu.

 

          4

Jaunak, ariyarazi

ez liteke itzez

zein aspertuba nagon

onela bizitzez,

beti negarrez eta

penetan ibiltzez,

jornal txikiyaren truk

lanian aritzez;

batek beti onela

bizi bear badu,

ez du gaiki egingo

sartzia soldadu.

 

aurrekoa hurrengoa