www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Urlo
Resurreccion Maria Azkue
1911-1912

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Urlo, R.M. Azkue. Sociedad Bilbaina de Artes Gráficas, 1911-1912

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN ATALA

 

Untzagako etxearen barnea dakus batek atzetik. Etxezola ta lenengo sorailua ageri dira. Zolan, ikuslearen ezkerretara, urrutirengo, sukaldeko atea dago ta alderago okuilurakoa; bi ate onen artean, gorako mailadia. Sorailuan lau ate, beste ainbeste gelatarakoak; bi ezker, bi eskubitik; iru mai andi, gaila (mandaberra)-tajuan; onen aldean esertokiak, ogei ta amar bat. Ormetan isigirik apaingarri zenbait: basurde ta basauntz-buruak, eper ta galeper bizi antzekoak, iskiloak antxume, eizadarrak... ta erdi-erdian, maiburuan, Urlo buruzariaren izantz andi bat, bizar ta guztikoa.

 

Agertoiala jasoeran, Txomeka iru maietan, zapi ta zamau, bonbil ta pitxar, txali ta edontzi, zali, aizto ta lauortz ipintzen ari da; eskuzatar batez betaz ta tajuz garbitzen dituela.

 

TXOMEKA: Gure egalpeko txoritxo beroak zarakarztenok, jeiki-ordu latzaren iragarle egitiok: zaudete aurten luzaro Untzagaren babesean, zuen txioketaz minok gozatu ditzadan. (Sapailora doa Txomeka; ta Gainzabal aldera, ezkerretara, begiratuz keroz, bere lanari berriz dakio). Etxeko andre dirukoiari irakatsi eiozute, bizikide-gaiak diranak alkar maite bear dutela. Erruki det nik Urlo, eztet nik maite ordea; gaintxo artan bizi da neretzat sortu dana. (Sapailotik berriz begiratuz). Ezta ageri sortzailea. Enarak enara bezela, baserritar naizen onek laguntzat baserritartxo iaiu bat bear det. (Antonek, mailadian gora bizkor ta isil-estuka igota, ardura andiz ariko atea zabalduko du. Antonek soinean eizazain-jantzia du: txapelean zilarrazala, sorbaldan sutiskiloa). Urloren biotz zarrak nerea bear balu izoztu, zuen laguntzan nai det uda bila erraldatu (Anton ikusita). Ah! au ikara!

ANTON: Ta ni? Ni gabe joan nai al den, uda orren bila, ik?

TXOMEKA: Barrandan, e! Anton! Nola azartu aiz etsai-zulo ontara etortzen, Anton? (Lera aundiz). Nor dan balekite isil-eiztaria, il noski egingo ukete gaur.

ANTON: Naiz ta il, ire ondoan egon bear dinat.

TXOMEKA: Ta nere amaren keinuak?

ANTON: Enatxin ire amak salatuko.

 

(Txomekak, mantala begieten duela negarrez, garrasi egiten du ta Antonek poztu nai du).

 

ANTON: Ez negarrik egin. Enaute ni ilko, galeper bat il ezin dutenok.

TXOMEKA: Igesi doaz galeperrak; i, aldiz, berongana ator. Anton, nere maitearren!!

ANTON: Txomeka, nola nai den nik i lapur-zulo ontan uztea? (Gogo beroz). Ire biotz eder orrek nere ta eiztari guztien biziak baino domu geiago din.

TXOMEKA: (Parrirriz). Au ago-beroa!

ANTON: Nere esana ik egin.

TXOMEKA: Mintza.

ANTON: Gu baserriko umeok ergeltzat gauzkate oriek. Ez al den egia?

TXOMEKA: Bai, Anton.

ANTON: Egin ba nere esana. (Isilean bezela itz egiten dio). Urlori ire amak esan zionez, oiu ta triska eragin, ta bezuza eder domutsu oiek ar itzan.

TXOMEKA: Eztet nai.

ANTON: Eskerrak eman, biotza ez.

TXOMEKA: Biotza irea dekala, ez al dakik?

 

(Anton sapailora. Txomeka bere lanean).

 

ANTON: Nola, maitetxo, ikusi aut enarakin izketan?

TXOMEKA: Berak nerekin ari ziran, ni ere bai berakin.

ANTON: Txoraturik al ago, mintzatzen dirala sinesteko?

TXOMEKA: Irri ere bazekitek Urlori egiten.

ANTON: Goiarin! Irri!

TXOMEKA: Agureak «aup» egiten duenetan, ji ji ji ji ji ji ji ji enarak taldez egin oi dute.

 

(Oka mailadian gora dator «lala lala lalala» oiu eginez).

 

ANTON: Txoroxka, ori sinetsi!

OKA: Lala larala lalala, lalara lalalala.

TXOMEKA: (Urduri ta larri). Oka Bator. (Txomekak gela batera Antoni bultz egiten dio; Anton, atea ertz-idikirik duela, barnean geldi bedi). Sar ortxe. (Txomeka, sapailoari buruz, ikusleari lepoz, bere sail etenari berraio. Oka beatzen gainean sar bite. Txomekarengana eldueran begiak eskuz estaliko diozka. Okak soinean eiztari-jantzia dakar; galtza laburrak, zankazorroak, lumadun kapela...).

OKA: Ezetz igarri, Txomeka, ni nor naizen.

TXOMEKA: Amandre zana. (Aurt eginez). oi! Eztet amandre.

OKA: Bakarrik nola akust nik?

TXOMEKA: Ta nik zu lagun gaberik?

OKA: Urlo aundiak begi ona du.

TXOMEKA: Ja ja ja! Begi zorrotza Urlok!

OKA: Eperretako ez, emaztegaitan ordea... (OkakTxomeka palagatzen du ta bereala irtetzen da Anton ezkututik).

ANTON: Nik ere badakit palagatzen.

OKA: Eu ator neregana, zarpazikin? Nolako eizazaina aiz i? Axeri or zebilek eper iltzen.

ANTON: Gabez, ni lo nagoela.

OKA: Gabez? Eperrak saguzarrak al dituk?

TXOMEKA: Arren! gizonak, geldi; arren! otoi!

ANTON: Palagatu zak berriz, muturrok autsiko dizkat.

OKA: Ken akit, neskatxa, ken; asto kerten au jo dezadan.

ANTON: Jo nazak.

URLO: Aup! aup!

 

(Alkar jotzera dijoaztela, Urloren mintzura entzun ta baretzen dira. Anton ta Txomeka sapailora doaz, Urlo ikustera).

 

TXOMEKA: Bera da.

ANTON: Bera. Bizar-motzik dator: begira.

 

(Oka ere sapailora).

 

URLO: Aup! aup!

OKA: Aup! Eder galanta zegok. Sorots dezagun morroi au.

ANTON: Astoak ere bai mutilduezkero.

OKA: (Urloren izantza eretxi ta luzaro begiratuz). Onen antzik ere eztu; «aup» esan ezpalu, nork ezagutu al?

 

(Urlo betik oiuka).

 

URLO: Inortxo bizi da emen?

LUZI: Urlo, ongi etorria Untzagara.

URLO: Nun dezu Txomeka?

LUZI: Goian, oi! zein gazte dagoen! Bijoa gora. (Okak Urloren izantza bere tokian jarri beza).

 

(Txomeka larri-larri lenago bezela, Antoni gelarontz bultz egin nai dio).

 

TXOMEKA: Bazetorrek. Sar ortxe.

URLO: Laster.

ANTON: Betorkit, nai badu. (Urlok sakeletik paper bat atera beza).

LUZI: Zer du or?

URLO: Maite-eresitxo bat. (Urlok betaurrekoak atera bitza, papera irakurtzeko).

LUZI: Entzun dezagun. (Txomeka bere gelan sar bedi).

URLO: Eder goizean eguzki, amets lozaleak izutzen, leio-zirrikituetatik ari danean sorosten. Ederrago zait (Okak eztul). Untzagako pitxi, egazti txiularien gutarra, biotz rnaitalari onen jabe ta andere bakarra. (Urlok betaurrekoak eskura).

OKA: Anton: oraintse beragandu bear dik orrek Untzagako eper au.

LUZI: Jauna: ogei urte beintzat utzi ditu goizeon Gainzabalen, gazte-gazte dirudi. Txomeka txorabiltzera bijoa.

ANTON: Negurtitz oiek eztira Urlok eginak.

LUZI: Txomeka leioan ageri da, barrandan. Bijoa. (Urlok betaurrekoak ezarri bitza ta irakurri).

URLO: Egon bein. Eder oskarbiko ilargi, eresi gozozko iturria, izar ibiltaun goitarren jostagailutxo txuria. Ederrago zait Untzagako aingeru (Okak eztui ta Antoni keinu), inguma artegatuen poz biguna, zidor medar auetantxe goizero agertzen zaiguna.

OKA: Anton. Entzun al dek bigarren aapaldi eder ori?

ANTON: Enaiz gorra.

OKA: Ereslaria ba-aiz, akio i ere. (Txomeka gelatik irtenaz ageri da. Anton buru-makurrik dago).

ANTON: Utzi neri geldi.

OKA: Bestelan galdu aiz, gaixo ori!

ANTON: Uzteko.

TXOMEKA: Utzi gizonari. (Antoni agopean). Anton, oa.

ANTON: Ni ez.

TXOMEKA: Urlo zetorrek.

ANTON: (Kementsu). Betorkit. (Luzik intxaurpeko maitxo baten gainean Jerez-bonbila ta gozoreak ipini bitza).

URLO: Au zer da?

LUZI: Au nere izenean, zintzur ori ezotzeko. (Agertokian barna igaro bitez aur batzuek, eskola-sakelak bizkarrean dituztela).

TXOMEKA: Anton, ire bildur nauk.

ANTON: Ni ere bai, ire bildur naun.

URLO: Irugarren aapaldia det emen. (Zerbait edanez, betaurrekoak jarri ta irakurtzen bezela). Eder negu beltz minean, lats ibaituen bazterrean, kimu laru me zailetan saratsak duen lorea. (Apaldi onen bitartean, Luzi sukaldean da, lau-bost aurrek Urlori atzetik irri ta parre egingo diote, Luzik zarta bat eskuan duela jarraitu arte). Ederrago zait Untzagako errekan, uda ta negu tximeldu gabea, txoragarriro agertzen dan Txomeka nere maitea.

OKA: (Sapailotik, txaloak joaz). Txit ederki.

URLO: Or al engoen, Oka?

OKA: Ederki, senargai gazte, ederki. (Urlok parre gozaro). Erorrek ala bizarginak eresi ori egin dezute? Iregana nijoak. (Berriz ere parre Urlok).

LUZI: Bai Oka lotsarik gabea ta itzontzi izan. (Oka larrinera jetxi bite).

URLO: Orri jaramon!

TXOMEKA: (Leratsu). Anton, nere izenean, arren! alde egik.

ANTON: Eztet nai.

TXOMEKA: Arren! Anton, bestelan galdu aiz.

ANTON: Urlo ergel orren alde oro zeuden, i ere erdizka bai.

TXOMEKA: Ori neri! Begira, Anton. (Beatz biz kurutze bat eginaz muñ eman bezaio). I baizik besterik inor eztiat nik senartzat artu nai; ta orain, otoi! alde egik, Anton. (Orkestaldi onen bitartean Anton geri-geri mailadian beera bijoa, Luziren arrenkuraz aldizka ezkutatzen dala; ta azkenez okuiluko atetik iges egiten duela).

 

(Antonen igesaldi onen bitartean, intxaurpean Urlo, Oka ta Luzi gogoz izketa-alegian ari dira. Txomeka larri-larri sapailotik barrandan bego, gertatzen dana jakin nairik).

 

LUZI: (Urduri). Zer? Anton or goian? (Luzi antxintxika mailadian gora doa. Sorailura elduta, kementsu ta gogorki Txomekari ots egin bezaio). Neskatxa. (Txomeka isilik). Neskatxa.

TXOMEKA: (Apal-apal). Ama, zer?

LUZI: Non den ik ori?

TXOMEKA: Nor?... Ah!

LUZI: Ageri. Non den?

TXOMEKA: Emengo bakarra nerau nauzu, ama. (Luzik urduri iker bitza sorailuko lau etzatokiak. Txomekak enarai oiuka bere poza berakus). Gure egalpeko txoriño beroak zarakarztenok...

LUZI: Isilik. (Laugarren gelara bijoa). Neskatxa: non den, non den ire pistitzar amarrutsu ori?

TXOMEKA: Zein?

LUZI: Anton.

TXOMEKA: Emen!

LUZI: Okak esan dit.

TXOMEKA: Okak! Pssssss!

LUZI: Arantze zorrotz bat kendu zait biotzaren erditik. (Gozaro). Berri bat eman nai dinat, poz aundiz beteko auena, uriko zaldun benatsu batek neri emana: Urlo gure maitea zein aberats dan. Irudimenak ain gora ezin den igo. Mendi bat etxe ederrez jantzi omen lezake ark. Nola txoratzen ez aiz? Ba ote dakin aberats izatea zer dan?

TXOMEKA: Aberatsa, ondasun askoren jabea ez al da?

LUZI: Eta zorionarena. Aberatsa eztu, lander gaixoak bezela, ez euriak busti, ez beroak erre, ez nekeak bein ere makurtzen. Zoriona maite baden, Urlorekin ezkont adi.

TXOMEKA: Dirua asmatu aurretik, ez al zan zoriona gizon-artera jetxi?

 

(Urlo goian agee bedil, bi eper dakazki gerrikotik zinzilizka).

 

LUZI: Eiztari auen artean Urlo da gaur gazte, iaiu ta ederrena. Ongi artu ta ager adi alai.

TXOMEKA: Zorionzale naiz neroni ere. Eztet besterik nik, ama, nai.

URLO: Agur.

LUZI: (Urlori begira). Berandu dator emaztegaiarengana.

URLO: Okak du errua. Egun on, Txomeka.

TXOMEKA: Egun on daukala. (Luzi jetxi bite, Urlo ta Txomeka izketan asi ditezeneko). Eztakit, jauna, nola izendatu: mintzura Urlorena du, musu ori ordea eztakit norena duen.

URLO: Udako alor loretsua, negukoa bera ez al da?

TXOMEKA: Ereslari bikain-bikainik dator gaur.

URLO: Ta triskalari orobat. (Kriskitinak jo bitza).

TXOMEKA: Aldarte oneko dabil beraz.

URLO: Zartu arte beintzat.

TXOMEKA: Bai zartuta ere. Ezta ala, jauna?

URLO: (Gerrikotik zinzilizka dakazkien bi eperrak Txomekari emanez). Tori.

TXOMEKA: Eskerrak dizkiot.

URLO: Guk ere, Txomeka, noizbait eizatu bear ginuen. (Eperrak ematen ari dan artean, orkestak Antonen musika-gaia joko du). Itxusoinu txanbelin bat ez al dakin, Txomeka?

TXOMEKA: Kadira-dantzaren entzuterik ez al du?

URLO: Nola da?

TXOMEKA: Begira. Kadira batzuek jartzen dira lerroan. Batek jotzen du eztiki soinua; beste batek aldiz, dantzatzen, txortatzen, kriskitin jotzen du. (Iru-lau alki jarri bitza Txomekak lerroan, beren artean une anditxoa gelditzen dala). Onelaxe. (Alki artean biraka dabilela, oiu ta txalo egin beza Txomekak). Lalara, lalara, lalara, lalara, lalara, lalarala. Geroago bizkortxoagorik ta beti biraka. Ulertzen?

URLO: Aisa. Asi, nai baden. (Jakea erantzi ta eskuetara txu eginez triskan asi bite Urlo. Txomeka lalaraka ta txaloka ari dan arte guztian, Urlo alki artean triskan ari izango da).

TXOMEKA: Ederki dijoa. Lalara, lalara... etc. (Geroago bizkorrago darabil Txomekak oiu ta triska-negurria. Urlok asnaska, koratiloa askatuta gero, lumadun kapela jaurtiki beza ta azkenez unatua aurrenengo alkian, ikusleai begira, eseri bedi, kopetako izerdia alkandora-maukaz txukatzen dueka. Txomeka parrez lertzen ari dala, sar bite Oka).

OKA: Zer dezute parrez?

TXOMEKA: Galde Urlori.

OKA: Zoratu al zaik, lagunzarra?

URLO: Aldarte on ona diat.

OKA: (Txomekari). Asmakari bat dinat, gazte, egoki datorkiñana. Ogietatik zein dan gozoena.

TXOMEKA: Eta asmatu badezat?

OKA: Lenen il dezadan erbia iretzat.

TXOMEKA: Erbi ori baino ni lenago ilko naiz.

OKA: Nai den beraz besanatxo txanbelin bat irabazi?

TXOMEKA: Ta pozik.

OKA: Asi esaten.

TXOMEKA: Egunekoa?

OKA: Ez ori.

TXOMEKA: Etxe-ogia?

OKA: Ezta.

TXOMEKA: Arrautzogia al da?

OKA: Ezten ori ere, Txomeka.

TXOMEKA: Beste ogirik ote da?

OKA: Mutil zarrak eztute jaten.

TXOMEKA: Nik ezin det.

OKA: Ogi orren gosez dabil triskan au.

TXOMEKA: Etxi.

OKA: Eztei-ogi gozoa. (Txomeka. eskuaz aurpegia estalita, bere gelara bizkor doa).

URLO: Lotsatu dek gaisoa. (Oka Urlori urbiltzen zaio, ardurazko zerbait esateko agian).

OKA: Poztu bai. Iretzat ere badiat nik asmakari egoki bat: zein ardo gozo lenen ozpintzen dan.

URLO: Zer dek igarsaritzat?

OKA: Ik ezin asmatu dek eta deus ez.

URLO: Esan zak orduan.

OKA: Eztek matsezkoa ardo ori, emakume-biotzaren muiña dek. Maitetasun aundi bat neskatxa onek biotzean dik. (Amabost urte-aldeko mutil baserritar, abarkadun bat, Luzirengana dator, eskuan egazti nabar gaildurduna duela). Ez ordea iretzat.

URLO: Ikusi bau lentxoago...

OKA: Ezkonduko zaik neskatxa au maitetasun gabe, ozpindurik.

URLO: Ori ez.

OKA: Eta gorrotatuko au. (Luzi beetik sapailora begira).

URLO: Ik diok ori, Oka, ik. Ikusi bagenituk: aura oiuz, triskan ni ta zeruan.

LUZI: Urlo, Urlo: txoridun bat.

OKA: Aura oiuz ta triskan i, ergel ori.

URLO: Zer atsegin? datorrela. (Txoridun mutila bazkaltegian sartzen asita gel bedi, txapel-ertzean esku bat duela).

OKA: Barna ator. Zer dek berau?

MUTILA: Au? eztakit.

URLO: Galeperra.

OKA: Eztek.

URLO: Zer dek beraz?

OKA: Mingor ederra dek.

URLO: Eztek.

OKA: Badek.

URLO: Ez.

OKA: Bai. Apari bat tema daigun.

URLO: Bazijoak. (Okak Txomekaren gelan ots egin beza. Urlok ere bai).

OKA: Txomeka, ator.

URLO: Ator, Txomeka. (Txomeka gelatik atera bite).

TXOMEKA: Zertarako bear naute? (Oka ta Urlo jarri bitez, alkarri eskuak emanik, Txomekari adi. Txomekak jo bitza eiztarien eskuak).

URLO: Tema bat degu. Jo zan. (Oka sapailora doa ta Antoni beatz-txistu egin bezaio). Anton, Anton. (Okak Urlori bertso-papera eska bezaio. Okak, Urloren eskuketak eta mintzura antzeraturik, oiukatu bitza neurtitz oiek).

OKA: Aup, aup! Eder goizean eguzki, amets lo-zaleak izutzen. (Urlok aldarte ona galdu gabe, Okari papera kendu bezaio).

TXOMEKA: Anton, berriz emen? (Urlok baserritartxoaren eskuetatik egaztia ar beza. Okak kendu bezaio, au esanez:«Ni ere Gainzabalko eiztaria nauk» mutilari diru bat emanik).

OKA: Ni ere Gainzabalko eiztaria nauk. (Txomekak, Anton berarekin isil-misilka luzarotxo ari izanta, bazkaltegitik atera nai du. Urlok, au ikusita, Okari diotsa: «gorrotatu e? Ekustzak»).

URLO: Gorrotatu, e? Ekustzak.

ANTON: Zer atsegin? (Okak Antoni egaztia erakuts bezaio).

OKA: Galeperra al da?

ANTON: Ezta, Oka, galeperra.

OKA: (Urlori). Galdu dek.

URLO: (Antoni). Mingorra al da egaztitxo nabar au? (Bitartean, bealdean eiztari batzuek soinantz ta guzti, goikoak bezela, larrineko maien ondoan jarri ta Luziri txaloka dei egingo diote. Luzik, nai dutena jakinik, edari zenbait daramazkie. Luzi, bizkarrez dagoela, Anton sorailuratu bite. Jexterakoan, baserritarrak Luzi arkituko du. Alegiaz izketan ariz, Luzi, Anton goian dala jakieran, mailadian gora antxintxika igoko da).

ANTON: Antzik ere eztu onek.

OKA: Erorrek ba al dakik-a au zer dan?

ANTON: Jakin gabe! Bai.

OKA: Zer dek ba?

ANTON: Argioilarra dezu: begira.

LUZI: Eiztari jaunak, adi: Nor dan ba al dakizute maltzur au?

TXOMEKA: Ai!

LUZI: Axeri.

TXOMEKA: Ezta, ezta egia ori.

LUZI: Eztala? Nor ote da besterik?

TXOMEKA: Ezta Axeri au, Anton baizik.

OKA: Ageri dala? Ez uen nai ik, Urlo, eiza-zaintzat? Jajai! gurea da eizia.

URLO: Buruak ematen zidan.

ANTON: Enaiz ni Axeri. Anton naiz ni: Anton Oianbide.

URLO: Oratu, Luzi, ortik; iges eztezan.

LUZI: Axeri eztala au? Auzotegiak erabaki dezala.

TXOMEKA: Utzi gizonari geldi emen.

OKA: Eiztarien eiztariak gera lagun ardozaleok.

ANTON: (Urlori). Ori nai degu ba. Oratu, bizarrik badek.

URLO: (Antoni). Orain ere esamesak ik!

LUZI: Goazen orain bera.

TXOMEKA: Au ez.

OKA: Goazen.

URLO: Goazen.

ANTON: Ni ez. (Sesio onen bitartean, larrineko eiztariak jeikita, batzuek mailadian gora doaz, beste batzuek mai-gaineraturik ze berri dan jakin nai dute. Aut batzuek, inork ikusten eztituela, oilar-txitoka jostatzen ari dira).

1. AURRA: Kukurruku.

2. AURRA: Zer dek uxu?

1. AURRA: Txitotxo bat.

2. AURRA: Zertarako?

1. AURRA: Nerekin kukurruku ikasteko.

2. AURRA: Kikirriki.

1. AURRA: Zer da berri.

2. AURRA: Oa ortik.

1. AURRA: Norengatik?

2. AURRA: Gandor gorriak gu izutzen gatxik.

1. AURRA: Kukurruku.

2. AURRA: Zer dek uxu?

1. AURRA: Tokitxo bat.

2. AURRA: Zertarako?

1. AURRA: Zuen artean alai jostatzeko

2. AURRA: Kikirriki.

1. AURRA: Zer da berri?

2. AURRA: Oa ortik. (Eiztari batzuen artean, neke aundiz lotuta, daramate Anton larrinera. Mai baten gainean aulki batean tinko atariaren erdi-erdian daukate, bigarren atal onen azkenerarte).

1. AURRA: Norengatik?

2. AURRA: Orkats zorrotzak laborritzen gatxik.

1. AURRA: Kukurruku.

2. AURRA: Zer dek uxu?

1. AURRA: Artale bat.

2. AURRA: Zertarako?

1. AURRA: Len-bai-len, dedan gose an iltzeko.

2. AURRA: Kikirriki.

1. AURRA: Zer da berri?

2. AURRA: Oa ortik.

1. AURRA: Noren gatik?

2. AURRA: Or goiko artatzan ale ederrak datxik.

1. AURRA: Kukurruku.

2. AURRA: Zer dek uxu?

ANTON: Eskuak ez lotu neri, lokarriok dedu-gabe utzi enazaten.

OKA: Aurrak: zaude isilik ta onera urbildu zaitezte. (Aurrak agertokian, eskola-sakelak bizkarrean dituztela; mutil ta neska).

LUZI: Esan, aur maiteak. Nor da gizon au?

AURRAK: Axeri.

OKA: Ik zer diok, Anton?

ANTON: Eiztariak, entzun. Aurrak oilar-txitoka jostazen ari diranetan, nornai daukate axeritzat.

OKA: Aurrak, zatozte onera. Axeri naiz ni?

AURRAK: Ez, jauna.

OKA: Axeri da au?

AURRAK: Ez, jauna.

OKA: Au ote degu? Ta an?

AURRAK: Ark eztu bizarrik.

OKA: Nor da, beraz, Axeri bakarra?

AURRAK: Anton.

OKA: Zer diok orain, Anton?

ANTON: Jai-eiztari iñosuak, neronek oinpean idukiak.

AURRAK: Asto ori beera. Beera.

ANTON: Bi eper il nituelako, sorbalda-gainean ekarri ninduzuten; ta ogeita amar ilta, baitzen nazute, eiza-erosle zintzoak!

AURRAK: Baitegira ori, gaiztagin artean bego.

ANTON: Anton naiz ni. Axeri ere bai beron mendeko.

AURRAK: Baitegira laster, dagola antxen il-artino. Asperkunde gorri eskerga bat ar dezagun.

URLO: Eizakide kementsuak, eztezagun soinantz an dedukatu.

OKA: Axeri guk azkestea nai al dek?

URLO: Ori ez. Soinanzkabetuz baitegira eranratea nai nuke.

AURRAK: Asperkundea!

OKA: Luzi: dakartela Antonen txamarra zarra.

 

(Luzi, bi aur lagun dituela, agertokitik ate. Okak Antoni txapeletik zilarrazala erauzi bezaio).

 

OKA: Anton: zilar-azal onen duin ez aiz.

AUR TALDEA: Asperkundea!

 

(Eiztariak, maiaren ezker-eskubi, Oka ta Antoni adi daude. Okak Antoni kartutxontzia ta iskiloa ken betzaizkio).

 

OKA: Anton: gure diruz eztek berriz eizatuko. (Librea ta amila gabe utz beza. Luzi, Antonen txartesa eskuan duela, ager bite).

AURRAK: Asperkundea!

OKA: Anton: soinantz au duinegia dek iretzat eta artzak txamarra ori. (Luzik lagunduta, Okak Antoni txartesa soineratu bezaio, ta txapel zarra bururatu. Anton zutik. Okak, Azkain ta Arizti, iskiloak agian zamaturik, Antonen zain ezker eskubi jarriko ditu).

AURRAK: Asperkundea!

ANTON: Ogei ta amar baten aspertzale! Etorri banan banan or beko arrozpera asperkunde bila, txatxu, taldezale, giza-irudiok. (Eiztariak epegabe ta asarrez urduldu bitez).

AURRAK: Baitegira ori, gaiztagin artean bego.

ANTON: Banan banan.

AURRAK: Baitegira laster, usteldu ditela bertan.

ANTON: Eiza-inudea bear dezutenok, irten.

AURRAK: Asperkunde gorri eskerga bat ar dezagun. Asperkunde gorri, gogor, aztu ezindako bat.

OKA: Nork eramango du?

AURRAK: Eiztari guztiok. (Guztien erdian daramate Anton, eskuak lotuta, Gainzabal aldera).

 

AGERTOIALA BERA

 

aurrekoa hurrengoa