www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Urlo
Resurreccion Maria Azkue
1911-1912

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Urlo, R.M. Azkue. Sociedad Bilbaina de Artes Gráficas, 1911-1912

 

 

aurrekoa hurrengoa

LENENGO ATALA

 

Agertoiala jasoeran Untzaga ageri da ikusleen eskerraldean, erdi ertzetara; bere atari edatsuan gurdi bat eta zenbait saski, goldea, laiak, eskuara ta aitzur batzuek. Etxearen gaildurrean burnizko oilarra. Etxaurreko zabalean (larrinean), intxaurrondo andi eder baten itzalpean, mai txikitxo bat, bi alkiz inguratua. Atariaren eskubian sukaldea dago, larrinera leio andi burdinagaduna duela; ezkerrean gela bat leio berdinez ornitua. Udaberria da. Bailerako beste bi etxeren egatzak ozta ageri dira. Ikusleen aurrez aur Gainzabalerako bide zidorra. Sagasti bat ezkerretara, arresi luze bat bide zidorraren aldamenean duela. Eskubitara arto erne-berria.

 

Urlo agertu orduko, bere burukoa (kapela) ta sutizkiloa orma gainean, berak ezarrita, ikusi ditzazke; gero Urlo bera asnaska, sagastiko arresi gaineratuko da, zakurra ugal batetik duela.

 

Urlo zutik arresi gainean. Inkilan bera jetxi bite.

 

URLO: (Zakurrari izketan). Txoroxka ori, noiz elduko akit, Turco, ire senera? Zer esango ditek baserritarrak, goiarin baten tankeran akustenean? Katutzarrak epertzat arturik leiaz abilela, sagastietan, adar arteko pisti otzanak izutzen? zaunkaz eta aiumaka ttotto bat bezela? Es alaiz lotsa? Ik ere atzaparrak nai itukeala, aiek bezelaxe zugatzetan gora ta gora, orpotik besangetara ta besangetatik adaburura igotzeko. Ez izutu, ire onean dirauat.

        Txomekak, Untzagako Txomeka ederrak, zer esango zian, i ta biok antxintxika nabaritu baginitu or: i neri parraz naski, ni katuzain, nor naizen azturik? Ez al aiz lotsa? Txoroxka ori, noiz elduko akit, Turco, ire senera? Noiz izango aiz ire enda zentzudunaren duin? Adi, Turco. Aztu dezagun lena. Nere asmo gozatsu bat burutu badakigu, Untzagako etxe jauregituan ederki bizi ta eperkiz egunero elikaturik, jauregi-zakur izango aiz.

        (Untzagako larrinera, intxaurpera, eldueran, sapailora begira ots egin beza). Aup! Aup! Untzagatarrak: eiztari bat dator zuengana.

TXOMEKA: (Sorailu barnetik larrinera begiratuz). Ama: betiko agure potzoloa or da gaur ere.

URLO: Txomekaren itza da. Zer don, Txomeka, eder orrek? Ire itz gozo bakar batek basoilarraren kurruka...

LUZI: (Larrinean). Zer darabil, Jauna, beti Aup eta Aup? Ezkaude gorrik.

URLO: Zu al ziñan, Luzi? Txomeka goian al da?

LUZI: Or da nunbait.

URLO: Zorionekoa da alaba orren galant malota duen alua.

LUZI: Zerbait, jauna, esan nai nioke berorri. Maiztxoegi dator onera, Urlo jauna. Ez al du Gainzabal guztian betarik nun eman?

URLO: Au neri! Au! Begira: il nazazu, Luzi; bainan ez neri onera bidea eragotzi.

LUZI: Alabatxo aingeruki bat det, lurreko ondasunak baino maiteagorik. Aizkorriko elur txuria ezta Txomeka bezin garbia, ta nai al du nik malazkatzen uztea?

URLO: Nor naizela uste dezu, Luzi?

LUZI: Uri ortako jaun bat, ezkontzeko asmorik badu, uriko andderea baserritar neskatxa lotsati bakun bat baino obeki letorkiona.

URLO: Ez al dute Untzagan dirurik nai?

LUZI: (Gogorki). Urlo, ken emendik, utikan! Ezkaude salgai.

URLO: Oker zaude. Ezkontzeko asmoa det. Ona argibidea. (Bi kutxatilatan erratzuna ta sakeloren bat eman bezaizkio Urlok Luziri). Erraztun an Txomekarentzat da ta sakelorentxo an zerorrentzat.

LUZI: (Poz pozik arturik). Au dot zoriona! Nik au? Nik au? Banoa, jauna, alabarengana. (Atari barnean, etxeko atea zabalduz deika). Txomeka, Txomeka, Txomeka, ator.

 

(Txomeka, okuiluko atetik irtenik, beatzen gainean. Gainzabal aldera doa).

 

URLO: Luzi, Luzi, an doa Txomeka.

LUZI: (Larrinean). Nun?

URLO: An.

LUZI: Aurra, ator. (Astiro gerturatzen da gaztea).

TXOMEKA: Zer nai du, ama?

LUZI: Urlo jaun onek iretzat arri ta guztiko erraztun eder an zekarren: begira.

 

(Txomekak erraztuna azpi ta gain iker beza).

 

TXOMEKA: Eztet nai.

 

(Erraztuna zorura jaurtikita uri aldera bizkor doa gaztea; amak zorutik erraztuna jasota gordeko du).

 

LUZI: (Alabari eskuaz zemaika). Ire gaisoa gaur!

URLO: Turco, goazen etxera.

LUZI: Ez arren.

URLO: Turco, Turco.

LUZI: (Zakurrari ugaletik oratuz). Jauna, arren ez. Baserritar neskatxa gaiso batentzat erraztun domutsu auek geitxo dira. Gonagai merketxo bat asko du, Txomekaren biotz tolesgabea, Urlo jauna, berorrenganatzeko.

URLO: Ari dagokion eskueratsia ezta ori; baina nai dezuna izan bedi.

LUZI: Entzun bekit, ama nauen oni; Txomeka nere alabak aintzat artuz, Gainzabalko gizonik zoritsuena nai badu izan.

URLO: Txomeka zure alabak, beretuz, Gainzabalko gizonik zoritsuena egin nazan.

 

(Okak agertu baino lentxeago bere eizadarrari ots eragingo dio).

 

LUZI: Oka ote da?

URLO: Naski.

LUZI: Zein aizek dakar? Banoa.

 

(Luzi barnera doa ta Turco ugaletik darama).

(Oka eizadarra eskuan ta bizkarretik iragartola zinzilika dituela).

 

OKA: Kaisio lagun zarra, bakarrik onen berandu?

URLO: Turco emen zegok.

OKA: Nere Pinto zakarra lo geratu zaidak.

 

(Luzi ta neskato bat agertokian, au besapean saski bat duela).

 

LUZI: (Neskatoari). Onena emateko esaion. Ots!

OKA: Luzi beti gazte. Nun da Txomeka ederra? (Neskatoa urira doa).

URLO: Etzekiat.

LUZI: (Okari). Onuntzaldi, Oka? zer dezu ori?

OKA: Ekusan.

 

(Okak bizkarretik eretxi ta zorrotik atera beza iragartola. Ol onetan itz auek daude ezarriak: GAINZABALKO EIZTARIAK).

 

LUZI: Zertarako dezu?

OKA: Jakingo den. Ba al dakin, Luzi, zer dan Eizabaltzua?

LUZI: Bat ere.

OKA: Mingor aragi-beltzak, erbi zanko-arinak, erruki zaituztet biotzez. Beraz arretaz adi neri.

URLO: (Parrez Luziri). Ez al dakizu, Luzi, nor dan irrizale andi au?

OKA: Gainzabalko eiztariak Untzagan jaiero ta aldiz astegunetan orobat bilduko gera, Urlo bizartsuaren asmoz. (Urlo parrez itotzen).

LUZI: Egunero nai bada ere, gerturik gaude Untzagan.

OKA: (Mendi aldera begira). Basa-egaztiak: ez, arren, negar-malkotan urtu; gu eiztariok biotz-samur berak gera. Gere eskuz beintxo ere eztegu pistirik mindu. Kurruka egin zak, eper begi-eder orrek; baraztu zak urratsa, oianera igesi oan basauntz izuti orrek. Gure bunp ots andikoen aldean Marteren eztula gogorra zan. (Urlo berriz algaraka).

LUZI: Nor da Marte ori?

OKA: Urloren asaba zar zar bat, au bezela aura ere bizartsua.

URLO: Ez, Luzi, oni sinetsi.

 

(Luzik iragartolaz Oka jotzeko keinua egingo du).

 

OKA: Ai, ai, ai!

URLO: Luzi: dei egin Antoni.

OKA: Antoni deitu? Axeriri askoz obe.

URLO: Ez.

 

(Okak bere iskiloa, garbitzeko, aska beza. Urlo ta Luzi sagasti aldera bijoaz. Urruti neskatoa ageri da, buruan saski miesaz zamatua dakarrela. Okak, bere eizatresna garbitzen ari dan artean, batean txiztuka, bestean lalaraka, bestean oiuka, beta emango du Luzi Antonen etxealdera dan artean, Urlok, saskia burutik erexten aurrari lagunduta miesak iker bitza).

 

OKA: Lalaralalala lalaralala. Txakolin, txakolin, txakolinak on egin.

        Lalaralala, lalaralala. Lalarala, lala, lalaralala.

 

(Okak, iskilo garbitua antolatu duenean, sapailora begira ots egingo du. Urlo, oles au entzueran, miesak alde bat utziz, Okarengana betor).

 

OKA: Txomeka, eder ori, nun aiz?

URLO: Aup!

OKA: Aup! zer nai dek?

URLO: Itxonzak.

OKA: Esaik, ezertxo galdu al dek etxe onetan? (Oka atari barnera, Urlo ere ba aren ondorik. Luzi ta Anton sagastiko artesian inkilan beera ietsi bitez).

URLO: Agurea eri zegok.

OKA: Ala i ago biotzetik?

LUZI: Nun da, Urlo jauna? Ona emen, ona, eiza-zaina.

 

(Anton inkilan beera datorren artean, Orkestak «andante mosso» au joko du. Luzik ta neskatoak, berriz saskian miesa tolestuak ezarrita, Okak ikusi eztitzan, okoiluko atetik sar bitez etxean barna).

(Urlo ta Oka sapailoan daude iragartola nun esegiko duten autatzen. Oka larrinerat bite, Urlo sapailoan utzita).

 

ANTON: Egun on, jauna.

OKA: Kaisio, or zinaten?

 

(Oka atarian agertuaz batera, Antonek, txapela erdizka goraturik, agur egin bezaio).

 

ANTON: Eiztari jauna, eiztari jauna: Anton naiz.

OKA: Zortzigarren agindua ez al dakik zein dan? Ni enauk ez jauna ez eiztaria.

ANTON: Ta au? (Okaren iskiloa beatzez erakutsiz).

OKA: Ori? Jostagailutxo bat. Ezagutzen al dek Axeri?

ANTON: Nerau bezelaxe.

OKA: Eiztari ona al da?

ANTON: Axeri ta Anton biak dira bat.

OKA: Aura ez al dek i baino geiago?

ANTON: Ez, Jauna.

OKA: Zarpa-zikin orrek, eztakik eizakia zer dan ere.

ANTON: Ezetz? ezetz? Anton nor dan jakiteko galde oian auetan bizi diran abereai. Izan ongi, eiztari jauna. Agur.

OKA: Oianetako Errege, agintaulkitzat Aizkorri tontorra, ta arrano ta saiak ingurukotzat iduki dauzkana. Agur.

URLO: Zertan ari zerate? Zertan ari zerate, gizonak?

 

(Oka burutsik eta belauniko Antoni gur bezaio. Anton gogaldi txarreko ta astiro bijoa).

 

OKA: Asarrez zijoak astaki ori. (Oka sukaldera bijoa).

URLO: Anton, Anton. (Anton, Urlok dei egieran, berriz urbildu bite).

ANTON: Zer da?

URLO: Ator gurekin gero bazkaltzera ta igandero alaber. Gure baltzuan sari ona irabazi al izango dek.

ANTON: Ni Gainzabalko eiztarien eiza-zain? Galde orri. Zarpazikin eta astaki bat omen naiz, eizakia zer dan eztakidana. Ikusiko dezute. (Anton bijoa).

URLO: Anton, ez oni jaramon: buruarin bat dek au.

 

(Urlok sapailoan eseki beza iragartola eta sapailotik gorputza zimailduz, atarira begira).

 

URLO: Oka (esango du). (Oka sukaldetik betor, agoa betea duela).

OKA: (Galdetzen). Hm?

URLO: Begira zein ederki dagoen.

OKA: (Ukatuz). Hm.

URLO: Eiztarien duin aiz. (Txomeka urruti, sagasti ondoan, ager bite, Antonekin luzaro mintzatzen dala).

OKA: Gorago bikainago emango dik.

URLO: Ongi zegok ori, dagoen tokian.

 

(Urlok, gazteak mintzatzen ikusiz, epegabe, eztul egin beza ta larrineratu bite. Urlok, sukaldeko leiora urbilduz, Luziri, gazteak parrez ari dirala, zerbait esan nai dio. Okak sapailoan iragartola goraxeago ezarri beza).

 

OKA: Begira zak orain.

URLO: Luzi, Luzi: Txomeka ta Anton izketan, an. (Antxintxinka ager bite gazteai begira Luzi).

LUZI: Txomeka, Txomeka.

TXOMEKA: Ator arratsaldean.

ANTON: Bai pozik. Agureari parre egin.

TXOMEKA: Ta amak?

 

(Txomeka, amaren bigarren deia entzueran, Anton utzi ta Amarengana betor.

 

LUZI: Txomeka.

TXOMEKA: Zer atsegin, ama?

 

(Agertokian Luzi, Txomeka ta Urlo. Sapailoan Oka. Anton sagastian barna bere etxaldera joan da).

 

LUZI: Alaba maitea, ez al den ezagutzen gizon biotzandi au?

TXOMEKA: Bai, ama; Gainzabalko Urlo jauna.

LUZI: Zein euskaldunek eztazau? Izen onek nun eztu ots? Sagastian trikurik aina emaztegaiak baditu; i soilik aintzat artu, nere alaba, izan au, ta berau gizon gordin ederra! Ona Urlo jaunak nola darakuskun dinan maitetasuna.

 

(Ataritik bekar Luzik miesadun saskia, eta Txomekaren aurrean ipinita, miesak banan banan ateratuz, orratzez alabaren soinean ezarri bitza).

 

URLO: Izen goxoa den Txomeka. Ipuinetako erreginen urresoinekoen duin aizen Txomeka, nere ostargi ederra, eguzkiarenak bezela itsutzen eztuena, biotz onentzat su bakarra.

LUZI: Elizmaietan ezta irudi onen ederrik. (Txomeka artetsu dago, zirkingabe).

URLO: Elizkoi artean ezta ni baino eraspentsuagorik.

 

(Luzik, Txomekari urrutitik arroarren begira dagoen artean, dio):

 

LUZI: Iztxo bat ezten esango, alaba laztantxo? Ezkerrik eztarakusna?

TXOMEKA: Auek neretzat?

URLO: Bai, gutxi dala.

TXOMEKA: Eztitut bear. (Zartada baten erantzi bitza soinetik Txomekak miesa guztiak eta atarira bijoa).

LUZI: (Alabari sarbidea galaraziz). Utikan, utikan! ken.

 

(Oka, sorailutik jetxita, ze berri dan jakin nairik, atarian ageri da. Beste irurak bat-batera aienatu bitez, okoilu aldetik etxean sartzen dirala).

 

OKA: Ametsetan ote naiz? (Begiak igurtzi bitza Okak bein ta berriz). Zomorroak al zinaten: Urlo, Luzi ta Txomeka ederra? (Ormai ikutu bizaiote). Ormak, arri ala aizezkoak zerate? Oka lo ala itzarrik ago? (Berriz begiak igurtzita soinekoak astinduz). Anton aiza? Oka aiza? Inor aiz, ala ez aiz inor? (Gero, eskuak bekokian edatuz, eguzkiari begira). Ostargi eder ori, eguzkia ote da? (Urlo, atzeko aldetik, zakur ta guzti, Gainzabal aldera doa). Urlo, erroren irudia, ala eurori aiz? (Gainzabal aldetik eiztari batzuek ageri dira. Urlo, beren oiuak entzueran, burua jasota berriz ezkutatzera bijoa). Urlo. (Isilaldia). Ta isilik berau!

1. EIZTARIA: Batzokia ageri da, an dek egatz gaildurraren ertzean oilar ixilkorra.

2. EIZTARIA: Oka txoriburu ta Urlo or zebiltzek larrinean.

OKA: Oraintxe dakit zomorroa enaizena ta esnaturik nagoela.

1. EIZTARIA: Nora oa i, Baltzuaren sortzaile ta eiztari guztien aitalena?

2. EIZTARIA: Turcoren nagusi potzolo ori, igesi al oa?

ARIZTI: Zer berri degu gaur emen, Oka?

OKA: Zer berri! berri oso izugarriak. Entzun. Or gogoketan nintzala, iru zomorro nekuskian nik: (Eiztariak algaraka parre). Urlo, Luzi ta Txomeka onesgarria; gazteak soinean ebakin auxe zedukan. (Gonagai bat bizkarreratu beza).

ARIZTI: Txurrut egin dik onek.

OKA: Ta Urlok bere biotza ikol-ikol zuen: ama garrasika ari zan. Ni agertuaz irurak, brast! suntsitu zizkidan.

1. EIZTARIA: Begitasuna, txorakeria!

2. EIZTARIA: Txorakeria, begitasuna!

3. EIZTARIA: Gezurra, gezurra! (Bi bunpada dantzuzkite).

OKA: Nun dira bunpada andiok?

EIZTARI TALDEA: Sagasti ortan, an goian.

 

(Sagastira doaz gizon guztiak. Luzi ta Txomeka atarian ager bitez. Txomeka negarrez, mantala bebietan duela; bere ama estu ta larri).

 

LUZI: Urlo, Urlo, nun da, jauna? Urlo! Bere burua il ote du, gaisoak! Bere burua il du. (Luzik ere mantala begietara darama). Urlo, nere suingai eder ori, onen gazterik il!! (Antzika Luzi). Urlo, Urlo.

URLO: (Etxe atzetik agertokiratuz). Zer?

LUZI: Ah! (poz-pozik). ;Bizirik! Nun izan da, Urlo jauna?

URLO: Zer ba?

LUZI: Ah! il zala uste genduen ta ama ta alaba negarrez geunden, batez ere Txomeka. (Txomekari aurpegia agarraziz). Begira.

URLO: Ah! ah! Zabal akit, nere biotz atsakabetu ori.

LUZI: Gazteak, uzten zaituztet; barne artan zeregina det. (Txomekari belarrira). Esanak esan, Txomeka: eskerrak ta parrirri. (Urlori bakarrean). Urlo jauna, bizarrak izutu dute. Oiu ta triska beza. Gazte ager bekigu. (Barnera doa Luzi).

 

 

(Urlo, itz egin nairik eztulka ari da).

 

URLO: Goizgiro ederra gaur.

TXOMEKA: Baiki, jauna.

URLO: Ni ire jauna! Beste zerbait izan nai niken, Txomeka: nire bizitze gozoa.

TXOMEKA: Gazteegi naizelako...

URLO: Ta ni, ni zarra naizela uste al den? Bizarrak bai, ni baino asko zarrago ditun.

TXOMEKA: ...Eztiot len eskerrik erakutsi emaien alderako, berorri. (Sona ta tolesgabe). Bein ere nik eztet izan, jauna, bezuza aipagarririk, ta eztakit nola erantzun emaleari. Ar bitza beraz eskerrak, eiztari jauna, ta, otoi! azkets.

URLO: Lipar zoritsu ori, ez jarrai egunari, gel beti nerekin. (Barnean Okaren eizadar-otsak).

TXOMEKA: Oka dator. (Txomeka etxe barnera doa; Urlo ere bai bere atzetik, eiztari ageri eztiranak keinatuz. Anton bizkar gainean dutela, ageri dira eiztariak, ogei bat. Oka aurretik eizadarra jotzen. Antonek bi eper dakazki esku batean, sorbaldan sutiskiloa).

OKA: Eiztari bikainago bat, inun bada, ager bekigu Untzagara.

EIZTARI TALDEA: Batzokira eldu gera, Anton eiztari bikaina gure bizkarrean degula. (Anton eretxi bezate). 1: Gora Anton! Eiztari bikainago bat, inun bada, etor bekigu Untzagara. 2: Gora! Untzagako larrin zabala emen diagu lagunak. Eiztari bikainago bat ezta mundu zabalean.

 

(Geienak zurrumurru izketan ari dirala, Oka, itz egin nairik, maigaiñeratu bite. Batzuek x x x isilarazi nai dute).

 

OKA: Iztxo bat esan nai nuke. (x x x berriz ere zenbaitek). O Gainzabalko eiztariak! Nortsu zerate? Urlo bizartsuaren gogamen gizen bat. Nai al dezute bera Baltzuko Buruzagi izatea?

EIZTARI TALDEA: Bai.

OKA: Ta Anton eizazain?

EIZTARI TALDEA: (Guziak ari dira txaloka. Anton parrirriz buruari azka. Urlo agertueran txalo egiten diote besteak «gora» deadarrez). 1: Gora, Urlo. 2: Gora.

URLO: Zer gertatzen zaitzute, lagun zarrak?

OKA: Ongi etorria biz buruzagia.

URLO: Zer diok Oka, zer?

OKA: Gainzabalko eiztariak Buruzagitzat artu autela, Urlo.

URLO: Eskerrak dizkizutet, lagun zarrak. Zilegi ote zait asmotxo bat erakustea?

OKA: Mintza, Urlo, mintza.

URLO: Gainzabalko eiztariak: soinantz egoki bat bear degu. (Urlok bizkarretik beerako sakel andi batetik atera ta soinantza berakus: lumadun kapela, galtza laburrak, amila motxa ta zankazorroak. Lagturak gogo beroz txaloka ari dira).

        Ementxe det eredua.

 

(Urlok kapela lumaduna bururatuz batera, besteak oiuka asi bitez).

 

EIZTARI TALDEA: Gainzabal, Urlo aundiaren sorturi ederra: onetsi gozatsu eiztari-baltzu onen sorrera. Zure seme andi onen asmo au legorrez ta itsasoz eldu ditela ezpainez ezpain. (Oka maiganean).

OKA: Neronek ere badet asmo eder bat, emen. (Beatza kopetan duela). Astean bi aldiz bunp ta bunp ituketan gakiozan.

EIZTARI TALDEA: Ori! Oka, ori ez.

OKA: Zergatik ori nai ez? Ager bite bat izka nere aitzi. Gure arteko treebeen treebeena Urlo da.

ARIZTI: Ala dek.

OKA: Beronek beti, nere aurrean beintzat, bunp eta, uts egiten du! ta iru asmo ditu emen!! Eiztari-baltzua.

ARIZTI: Bat eman.

OKA: Ta soinantza.

ARIZTI: Bi eman.

OKA: Ta eizazaina ere berorrena du.

URLO: Nor da eizazain ori?

OKA: Orrako Anton, eiztari bikaina.

URLO: Bikaina! Au eztek eiztari trebea.

OKA: Anton, ekartzak oiek. (Urlori). Au dek au!

URLO: Axeri nai badek, bai. (Okak parre, beste batzuek ere bai. Okak Urlori Antonek ildako bi eperrak erakuts bezaizkio. Jajajajajajajajajajaja).

OKA: Begira: Antonek eizorik gabe...

URLO: Ba ote!

OKA: Gureak bezela eztitek auek diru-usainik. (Rallentandora eldueran, Okak Urlori sudurretara eperrak daramazkio ta eiztariak itotzen parrez ari dira. Urlo ere bai). Antonek Txomeka maite du, Urlok ere alaber. (Berriz parre andiagoak. Urlo lotsaz barnera). Ots egin dezala Gainzabalen oiuak berriro.

EIZTARI TALDEA: Gainzabal, Urlo aundiaren sorturi ederra: onetsi gozatsu eiztaribaltzu onen sorrera. Zure seme andi onen asmo au, legorrez ta itsasoz eldu ditela ezpainez ezpain. Gainzabal, Gainzabal!!

 

AGERTOIALA BERA

 

aurrekoa hurrengoa