Bertsolari guduak (1935-1936)
II-GARREN BERTSOLARI EGUNA
1936-ngo Ilbeltzaren 19-an VICTORIA EUGENIA ANTZOKIAN DONOSTIA
II-garren Bertsolari Eguneko epai-maia eta bertsolariak,
Igazko bertsolari guduen oiartzuna ziaro amaitu baiño len, ona berriz «Euskaltzaleak» eta Donosti-ko Eusko Gaztedia, bigarrena gertatzeko lanean. Ezin aztu zuan «Poxpolin Antzokia-n» garai artan bildu zan ozteak, bertan igarotako aldi zoragarri ura; berriz ere poz-pozik arkitzen zan onelako yai batera biltzeko. Eratzallien ustez, ordun ogei bertsolari batu ba-ziran, aurtengo onetan ugariagoak, noski. Yaialdia luzeegi gertatuko, orde, ta nolabait ere laburtu nairik, eta bide batez, bertsolari guziak neurtzeko era izan zezaten, asmo berriak zebilzkien. Baita egin ere; Euskadi-n egundo egin izandu dan neurketarik garrantzienekoa, guzien esanean. Gipuzko aldea bi zatitan erdibituta, Tolosa-n egin zan inguruko bertsolarien aukeratzea; Azpeiti-n urrengoa. Napar anaiak eta Auñamendi arutzko koplakariak ere an zuten beren agert-erria: Elizondo. Tamala, bizkaitarrak beretakoak ez bidaltzea. Eratzalleak alegiñak egiñarren etzitzaigun iñortxo ere agertu. Urrengoan ez al da orrelakorik gertatuko! Ogei ta amar bertsolaritik gora agertu zitzaizkigun neurketa auetara ta guzien artean onenak aukeraturik, egin zan Donosti-an azken-batzarra. Egun onetan abestu ziran bertso guziak yasoak ditugu ta orri auetan dioaz. Gure itz traketzak baiñan obeki, berak emango dizute yaialdien edertasun neurri. Bertsolari edestian yasota betiko gelditu dedin, labur, baiña zuzen neurketa guzien berri emango dizkitzutegu orrialde auetan. Itzaurre labur onekin, goazen Tolosa-ra.
Tolosa-n
Igazko azken igandea gendun. Tolosa-ko abertzaleak bere «Aberri Etxea» gaiñean duten pelota-leku politean yendea urdiri. Arratsaldeko ordubiak inguru, bertsolariak azaldu zitzaizkigun. Bakoitza bere yarlekutan exerita ona zeintzu ta nungoak ziran:
«Ondartza», asteasuarra. «Pantxo», asteasuarra. Txapartegi, asteasuarra. Etxeberria, andoaindarra. «Moxo», iruratarra. Ezeiza, ibarratarra. Ugartemendia, amasarra. Lujanbio, errenderiarra. «Txirrita», altzatarra.
Bederatzi bertsolari; batzuk zar ezagunak, gazte asi-berriak besteak. An bildu zan yendetza izugarria pozik arkitzen zan, onelako gudaldia ikusteko irrikiturik. Lau saio mota egin ziran. Lenengoan azke ziran bertsolariak, bai neurriz puntuz eta zer-esanetan. Lenengo mailla onetan agertu zitzaigun bertsolari berri on bat, Andoain-goa bera: Etxeberria gaztea. Bigarren saiorako gai au eman zitzaien:
«Egoarri yaiak ospatutzeko kantik onenak aukera ta Olentzero ta Gabon-gabaz izaten dan oituera.»
Gaia utzita zenbat ibilli ote ziran berak nai zituzten lekuetan. Mutillak zirikalari agertu zitzaizkigun eta Lujanbio-k aitatutako bakallo-kapoiak, geienak erabilli zituzten kantetan. Irugarren bertso saioari, epailleak, yuezak eman zion asiera. Izandu ziran gauz politik! «Moxo» zorrotz, biurri ta parregille; «Txirrita» ta Lujanbio saio onetan nagusi. Batek poto ta guzi egin zigun; baiño yendeak naiko lan ba-zuan tzaloei eutsi eziñik. Laugarren saioan binaka yarri ziran, bakoitzari ezarritako langintza edo ofizioa goraltzen. Ona nola zeuden:
«Ondartza», artzai. «Pantxo», nekazari.
Txapartegi, nagusi. Etxeberria, morroi.
«Moxo», ikazkin. Ezeiza, errotari.
Azkenekorako iru gelditzen zirala-ta, onela yarri ziran: Ugartemendia, indiano; Lujanbio, maixter; «Txirrita», itzai. Saio onetan ere esan zizkioten alkarri beriak eta bost. Batzuek galduta ere ibilliak ba-ziran; baiño entzulien gogoko beti. Tolosa-ko batzarra amaitu zanean, entzule guziak pozik irten ziran, an igarotako ordu atsegiñak goralduaz. Epaileak alkar adituaz, erabaki au artu zuten: «Epai-maiekoak zuzen eta zeatz bertsolarien ekitaldiak aztertu ondoren, gure iritxi au agertzen degu: Lendabiziko sarirako «Txirrita» 75 laurleko. Bigarren eta irugarren sariak baztertuaz, bigarren maillakoak berdiñean irizten dituzte Lujanbio ta Etxeberria-k 40-na laurleko bakoitzari emanaz. Laugarren saria Ezeiza-k, 15 laurleko». Epai-maiekoak izenpetuta, orri batean azaldu zuten erabaki au. Lenbiziko batzar onetan bertsolariak argiro azaldu zuten beren trebetasuna ta entzuleak beren poza. Illunabarrean amaitu zan, aztu eziñeko yaialdi au.
TOLOSA'KO GUDUAN JARDUN ZUTEN BERTSOLARIAK 1. Ondartza — Asteasu. 2. Ugartemendia — Amasa. 3. Pantxo — Asteasu.
Urteberri egunez, Azpeiti-n
Goierriarra bertsozale dala, lendikan ere ba-genekigun; baiña egun onetan Azpeiti-n ikusi genduana ikusi arte, ez genduan uste orrelako zaletasunik iñon izan zeikienik ere. Ederki adierazten zuan egi au, bertan bildu ziran entzule saillak eta batez ere bertaratu ziran bertsolariak. Amaika bertsolari bildu ziran egoardiko amabi ta erdietan «Etxe-Zuri» yatatxe izentsuan. Bazkal ostean esan zitzaien bertsolariei nolatan yokatu bear zuten eta batez ere, asarrerik gabe, anaitasunean, bertso lanetan nola ibilli. Arratsaldean, azoka enparantza zabalean, asi zan bertso gudaketa. Ona zeintzu azaldu ziran:
«Kortatxo», Itziar. «Uztapide», Zestua. «Nekezabal», Zarautz. «Txapel», Azpeitia. «Akotegi», Azpeitia. «Muño», Bidania. «Zepai», Errezil. Uranga, Itziar. Etxaniz, Azkoitia. Garate, Azpeitia. Eizmendi, Azkoitia.
Lenengo saioan bertsolari guziak eguneko yaia, Urteberri, goraldu zuten. Bigarren saioan gai au zuten nai ta naiezkoa:
«Iñaki Deuna, San Inazio-n egintz onenak aukera ta bere aintzaz, aipatu, gora azpeitiarren izakera.»
Ederki erabilli zan gaia. Batek Iñaki Deunaren zuzentasuna agertzen ba-zuan, besteak Yosu Langundia ta bere semeak goraltzen zitun. Irugarren saioan epaille batek zirikatzen zituan eta zorrotz eta zuzen erantzunaz, artu zituan bereak eta bi. Tolosa-n bezelaxe saio au izandu zan entzulientzat pozgarrien. Azkeneko ekitaldian bakoitzak ogibide bat zuan eta bestea zirikaka menpetzen saiatu ziran. Uztapide-k kartzelan sartu nai zuan Kortatxo! Muño ardo-edale agertuaz, Akotegi-ren ardandegia bota zigun ankaz gora. Zepai arrantzale zala itxaso ta ibaiko arraiak bereganatu zituan eta Uranga, nekazari yatorra agertu zitzaigun. Zertan yarraitu guzien lanak emen agertzen. Zein baiño zein obeto egon zirala esatea naikoa. Lan ederra yarri zien epailiei zein onena azaldu zan erabakia artzeko! Onekin amaitu zan Azpeiti-n bertsolari yaia. Entzuleak zoratzen eta eratzailleak pozik. Udal-etxean bildu ziran gero epaikariak eta gauzak ongi aztertu ondoren, erabaki au artu zuten: Lenengo saria: Zepai-k, 75 laurleko. Bigarren saria: Txapel-k, 50 laurleko. Irugarren saria: Uztapide-k, 25 laurleko. Laugarren saria: Muño-k, 15 laurleko. Erabaki au aditzera eman ondoren Eusko Etxea-ko aretoan itzegin zuan Monzon yaunak eta bere eskutik yaso zituzten sariak. Bai bertso ederrak bota ere eskerrak emanaz.
AZPEITI-KO GUDUAN JARDUN ZUTEN BERTSOLARIAK 1. Nekezabal — Zarautz. 2. Kortatxo — Itziar. 3. Muño — Bidania.
Ilbeltzaren 12-an Elizondo-n
Baztan-go uri nagusi onetan egin zan irugarren azterketa. Napar ta benaparrak, zuberoar batekin neurtu ziran. Amar bertsolari azaldu zitzaizkigun beren trebetasuna neurtzera ta pozik egon litezke eratzaileak, an agertu zan euskeltzaletasuna ikusiz. Aurretik, Batzoki-pean, bazkari eder batera bildu ziran bertsolari ta eratzailleak, Donosti-tik autobusean yoan ziran bertsozaleak eta bertako aunitz yende. Ariztimuño yaunak, itz apaiñez eta esan mamitsuz, maitekor, agertu zien bertsolarien eginkizuna: euskaldunen batasuna ta euskerari bear diogun begirapena bere gaia. Astindu zituan goi ta be; berotu zitun entzulien biotzak ta bertan sendotu zan gure euskel izakerako maitasuna. Txalo beroak yaso zitun «Aitzol» ospatsuak eta orobat bertsolariak beren kopla pozgarriekin. «Antxitonea» trinketea, oztez gaiñezka zegon arratsaldean, bertsolariak asteko garaia baiño len. Agertu ziran auek, eta beren lekutan yarri ondoren ona zeintzu aurkeztu zizkiguten:
Mitxel Dargaitz, Otsondo. Simon Ibarra, Sunbila. Joanes Ibarra, Ziga. J.M. Mutuberria, Eltzaburu. Jean Harriet, Alduide. Joanes Iriarte, Banka. Marziel Larrosa, Banka. Beltran Sahargun, Banka. Patxi Elorga, Lekarotz.
Epailleak, yuezak, beste lekutan bezela Euskaltzaleak eta Eusko Gaztedia-ren ordezkariak, ta «Basarri» igazko txapeldun bertsolaria. Napar aldeko epailleak ere bearreko ziran eta Zubiri yauna «Manezaundi» idazle ezaguna ta «Larreko» izen pean gordetzen dan Irigarai idazle azkarra. Detxepare gaztea Benaparra-koen izenean ikusi genduan epaikari. Lenengo saioa asi zanean, bereala antzeman genion, gauza politak entzuteko zoria izango genduala. Zer-esan, doiñu ta gaiñontzako guzia azke izanik, errez yardun ziran beren lanean entzulien pozerako. Bigarren saioan gai au eman zitzaien:
«Euskeldun oron maitetasuna yasorik goi-goienera ore berakin gure arbasoen antxiñetako euskera.»
Bai bertsolariek ederki erantzun ere. Zazpi «probintziak», berak zioten eran, gogoz goraldu zituzten. Zeiñek baiño zeiñek beroago ta indartsuago. Une aietan etzan euskeldunentzako mugarik, eta entzuliei, asieran, txalorik ez egiteko esan ba-zitzaien ere, ezin eutsirik, bein baiño geiagotan ausi zan agindua. Ura zan eusko garra! Irugarren saiorako, beti bezela, epaikari batek ematen zien asiera. Bai erantzun bikaiñak entzun ere. Emen, entzuleak naiko parre ta algara egin zuten. Azkenengo saioan, langintza gaietakoan, Dargaitz laborari zala, astindu zuan Ibarra Simon eiztari zalako ta bai onek ziri ederrak sartu ere. Ardua aupatu naiean Ibarra Joan yarri zan eta bere anai Pedro, uraren edertasunak goraltzen. Gure ustetan, ura goraldu bear zuanak gogo txarrez ekin zion. Harriet Joanes-ek ezkonduen alde yokatzen zuan eta Iriarte gazteak ezkongaiak gora naiean. Batak ezkontza ederra zala, besteak, azke, libre obeto bizitzen zala. Sendia, familia, goseak eukitzea baiño obe zala ezkongai ta Yaunak daki zer esan zizkien alkarri. Entzutekoa benetan! Larrosa errotari ta Sahagun artzai ziran. Alkar larrutu zuten ederki! Atzenik, Elorga argin zalarik, Mutuberria zurgin, arotz, agertu zitzaizkigun. Saio onekin amaitu zan «Antzitonea»-ko yaia. An bildutako yendea, pozaren-pozez, berriz orrelako bat noiz eratu leiken galdezka irten zan. Ederra, benetan, Elizondo-ko yai au! Andik laxter epaikariak alkar arturik erabaki au azaldu zuten: Lenengo saria: Joanes Iriarte, Banka, Benaparra, 60 laurleko. Bigarren saria: J.M. Mutuberria, Eltzaburu, 40 laurleko. Irugarren saria: Jean Harriet, Alduide, Benaparra, 25 laurleko. Mitxel Dargaitz, Otsondo, Baztan, 15 laurleko. Sariak Eusko Etxea-n banatu ziran eta bertsolariak eskerrak kopla banakin eman zituzten. Beste sari gabeko bertsolari guziei ere, aal zan guzia eman zitzaien ta guziak konten, alde aietan esaten duten eran. Baztandarrak diotenez, ez dira berealakoan aztuko bertsolari yai onetzaz. ELIZONDO-KO GUDUAN JARDUN ZUTEN BERTSOLARIAK 1. Mutuberria — Eltzaburu (Ultzama). 2. Harriet — Alduide. 3. Larrosa — Banka.
Donosti-ko Batzaldia
Or ikusi dituzuten neurketa ondoren, azken batzaldia Sebasten Done aurregunean, igandea zala-ta ospatu genduan. «Victoria Eugenia» antzoki apaiñean etzan entzule geiagorentzat lekurik. Sarrera guziak aurretik saldu ziran ta kanpoan geldi bear izandu zuan oztetza izugarriak. Goizeko amaiketarako epai-maiekoak gertu zeuden. Ariztimuño yauna buru zutela, Alzaga, Leizaola, Lekuona, Olaizola ta Eizmendi yaunak. Berri auek ematen dizkitzutena zan bertsolariei asiera eman oi ziona; baiña sendian bat-betako ez-bear itun batek aldendu zuan bere eginkizunetik. «Basarri», igazko txapelduna, ainbeste eratara goraldu bear degun gazte iaioak eldu zion gure lanari. Ta bai ederki egin ere! Errietan egin ziran neurketatik amar bertsolari aukeratu ziran azken batzaldi onetarako. Emen beren izen ta yatorrizko eriak:
Zepai, Errezil. Dargaitz, Otsondo. Etxeberria, Andoain. Harriet, Aldude. Uztapide, Zestua. Lujanbio, Errenderi. Mutuberria, Eltzaburu. Txapel, Azpeiti. Iriarte, Irurita. Txirrita, Altza.
Amar bertsolari auetatik Mutuberia etzan azaldu ta gaiñontzakoak emen azaltzen ditugun era berean yarri ziran. Oiala yaso zan unean txaloak keia zerioten. Ixildu ziranean, Ariztimuño yaunak itzaldi eder bat egin zigun bertsolari zarrak gogoratuaz eta batez ere igaz emen gendun Matxin zanaren izena aipatuaz. «Baserri»-k asierako bertso au abestu zigun urrena:
Tolosa-n eta Azpeiti-n izanduak gera, baita Elizondo-n ere zuek entzutera. Onenak bezelaxe zaituztegu aukera; orain bertsotan azke zoazte astera doiñuan ere libre nai dana esatera, onela goraldurik antxiñeko euskera.
Bereala asi ziran bertsolariak. Zer ta nola egin zuten, gure itzak baiño bertsoak berak obeto erakutsiko dizute. Eusko Gaztedi-ko mutillak saillean yarrita yaso zituzten bertan esandako bertso guziak. Baleike bat edo beste bear bezela zuzen ez artzea; ez da berea arrua, alegiñak egin zituzten ta geiago ezin. Geok orraztu ta osatu ditugu guzia artu etzituztenak eta irakurri dituzten bertsolariak diotenez, ederki artuak daude. Emen dituzute, bada, lenengo saioko bertso batzuek:
Lenengo saioa
ZEPAI Yaiotzetikan emen nabil ni mundun batetik bestera guregandikan yoaten zaiguna ez da etortzen ostera. Bi gauz ditugu maitagarriak Yaungoikoa ta euskera, anai maiteak, saia gaitezen oitura zarrak eustera.
DARGAITZ Agur, agur gustora naiz ementxe Gipuzkoa-n ta bertsua eman bear dut guztiaren gustuan. Gauza esamindu ongi, gaudelarik munduan gero anima iltzen danian salba deilla zeruan.
ETXEBERRIA Matxin zanari oroipen ordez gaurko nere agiriak, ura zan baiña argiagorik berotu al du eguzkiak. Entzule onak eskeiñi bada berai otoitz bereziak ta gaurko yaien eratzailliei damazkiet gorantziak.
HARRIET Agur, emen gogotikan daude entzule guziak, zuengana naiz etorri Naparra an utziaz. Zeruko Yinko yaunari emanen dut graziak emen bilduta gerala zazpi probintziak.
UZTAPIDE Nere agurra emen bildu diran eusko donostiarrari eta lantegi zoragari au emen yartzen dutenari. Eskerrak eman bear dizkiet epai maieko yaunari oiez geiñera teatro ontan dauden entzule danari.
LUJANBIO Laguntza on bat eskatzen diot gure Yaungoiko altsuari eta beraren indarrarekin ekin bear diot lanari. Au baiño toki ederraguak ez dira izaten nunari, egun on bat desio dizutet emen zaudeten danari.
TXAPEL Olerki batzuk abestutzeko guri digute agindu, pozik nitzake euskera alde zerbait egingo ba-gendu. Oraintxen baiña aldi obian ez naiz askotan izandu anai maiteak danok alkarri bear diogu lagundu, ez gendukake ezer paltikan ori egingo ba-gendu.
IRIARTE Ni ere ager bear naiz, bertsolari berria. Barkatu ezaidazute ez naiz arrigarria. Nik gazte gaztetandikan maite dut Euskalerria, guziok maite dezagun geure aberria.
TXIRRITA Agur eder bat egiten diet ementxen dauden danari ta batez ere gu yuzgatzera etorri diran yaunari; oiek ipintzen duten guzian elduko diot gaiari Yainkoak zerbait emango dio beian saiatzen danari.
ZEPAI Ia urtia da Matxin zana yauna mundutikan illa ura zan gizon pormala ela alde guzitan umilla; neu ez nitzake abiatuko lagun obiaren billa, biotzetik desiatzen diot zeruan gerta dedilla
DARGAITZ Gazte gaztetik ezagutu dut nire lagun Matxin zana, bertsolari zuzena zen eta konprenitutzen zuana. Iltzela aditu nienian nik artu nizuen pena! Yinkoak zerun izan dezala Matxin zanaren anima.
ETXEBERRIA Matxin zanaren eriotzakin biotza zidan xamurtu zenbat malko zuen begietan ordun ote ziran urtu. Gai onetan bota dituzute emen zenbait itz neurtu; orain bere lurraldekoak nik emen nai ditut agurtu.
HARRIET Orra orain guzieri egiaz erraiteko gure erria duzut nik beti-beti maiteko. Yinkoak Euskalerria maiterik beti dauko bere alde ni naizena ez dut ez ukatuko.
UZTAPIDE Nere maixu ta guzi det emen olerkari ikastola, ene anaia maitagarriak artu entzuteko aioala. Emen ikusten det nik yendiak maitasun pixkat ba-dula, bestela oinbeste euskeldun ezin onera bildu iñola, biotz barrendik agurtutzen det euskaldunaren odola.
LUJANBIO Ai nere biotzeko laguna zera euskaltzale piña, batzuentzat ori da poza ta beste batzuentzat miña. Askok ez dituzte ezagutzen gorria eta urdiña; baiña gizonak ez du izaten beti aldarte berdiña; gaur akaso gaizki izango da lengoan ondo egiña.
TXAPEL Nere anaia biotzekuak eta arreba kutunak eldu zaizkigu bata besteak ezagutzeko egunak. Mundu ontatik yoan ziraden gure aurreko aitonak, Euskaleri-ko lege santuak ondo gorde zituztenak. Euskadi zarra maite dezagun euskera maite degunak.
IRIARTE Gernika-ko arbolak gogor dauka azala. Ni ere mintzaten nuzu euskal zintzo bezala. Gure zeruko Yinko yaunak konserbatu dezala, euskaldunak ar dezaten arbol orren itzala.
TXIRRITA Zuberoan ditugu adar bi Laburdi irugarrena, Bizkai, arakar, gipuzkoarrak osatzen degula dana. Ori munduan yakiña dago ez beza iñork artu pena, nik oiek emen ikusi eta asko poztu zait barena.
Bertso onekin amaitu zuan Txirrita-k lenengo saioa.
Bigarren saioa
Bigarrena asterako esan zitzaien gaia. Ba-dago bertso ederrik emen. Asiera emateko «Basarri»k onoko au abestu zuan:
Entzun anaiak, orain asten da bigarren bertso saioa: doiñuan azke, baiña gai batez guziak yarraitzekoa. Ez dezute, ez, gauza alaia orain kantatutzekoa: «Gerra zitalen ondoren txarrak azalduz bota bertsoa ta agertu sutsu zein geiagoka beretzako gorrotoa».
Onela yarrai zioten dei oni:
ZEPAI Orrelakorik aditzerikan ez nuan uste oraindaiño, yoan dan aspaldin ibillia da gai ontan pranko engaiño. Asarrietan oituak gaude bekotatikan goraiño, orrelakorik etzan entzuten kasi-kasirik gaurdaiño, pake txarrena obeago da gerrarik onena baiño.
DARGAITZ Gerla eta pakea ez dire mundu onetan berdiñak, gerlak beti eman bai ditu bazter guztietan miñak. Ba-dakizkigu negargarriak egundo ere ez atsegiñak gerlan aragi baiño naigo dut bakietako sardiñak.
ETXEBERRIA Une onetan yarri gaituzte gu aurrez-aurre gerrari, gorrotorikan izan ezkeroz bear genioke arri. Andik etorri ziran kalteak ezaguturik ugari, galde bestela seme kutunak palta dituzten amari, sendietako gauza ituna beti izaten da ori.
HARRIET Gerla gauza izugarria au bear da konprenditu lehenekuak probatzeko naiko zalakoan nauzu. Onegatikan aditutzian kezka gogor bat yartzen du; beti bakean bizi gaitean nik izan dut desiatu.
UZTAPIDE Kaltegarriak dira guretzat beti emen gudateak, ba-dakizute lenego ere itxi zituzten ateak. Gauza tamala ematen digu ara gudari yoateak eta zertako dira emengo aberatsen izateak, gerarren kontra yaikiko dira Euskalerriko yendeak.
LUJANBIO Gerra kontuan ni aritzea, ongi pentsatu ezkero, nere esanak agertu eta ori ez da misterio. Egun batian baiatu giñan gorrotatuz ezin geio, anaiak igual ikusten dira alkarreren kontrario eta orrela yarriak ditu gerra dezula merio.
TXAPEL Negar malkuak saltatzen zaizkit gauza oiek ikusita, euskaldun askok kanpoetara egiten dute bixita. Kulparik gabe amaika seme gelditzen dira an ilta, iñola ere karrera onik ez dute irabazita, esku onetan gelditzen dira ama semeak yarrita.
IRIARTE Nik ere pakea duzut egitako maitia, orrela esplikatzen dut bertso au erraitia. Nai duzuiat adirazi gerlak duan kaltia; baiñan euskaldun artian segur bakia.
TXIRRITA Zenbat errezo egin izan det nere deboran elizan, ta pozik nago ikusirikan pakian nola gabiltzan. Ni naizen bezin kobarderikan iñor ezin leike izan semeak gerra ez yoateatik mutil zar gelditu nitzan.
ZEPAI Gerra gaixtuak sortu ziraden Yesus mundun zan artian, petralkerian bizi nai eta beti gorroto batian. Obe genduke orain yartzea alkarren borondatian, gorroto txarrak utzi ditzagun ongi gogoratutzian zenbat anaia kulparik gabe izkutatu dan lurpian.
DARGAITZ Zenbat amak negar egin zun gaixuak gerratian orain bezela desiatzen nun euskaldunaren artian bizi zedilla orduan ere gustora eta pakian, euskaldun pranko bearrik gabe an sartu zuten lurpian, negar egin dut amaika aldiz gauza au gogoratzian.
ETXEBERRIA Sendi askoren edertasuna nola degun osatuba, maitetasuna degula bide izagun begiratuba. Pakia dala ongi dago bai Euskalerri maitatuba, urrutiratu al ba-lerike zitalkeri gorrotuba eta oraindik urrutiago gerra madarikatuba.
HARRIET Gerraren egitekoak nola ditudan ikusi egin ziran gauza itxusiak guziarendako, noski. Erri guzia odol gorritan ikusi dut aurtzaki Etsaiengantik gelditu dira antxen eskualdun zemai.
UZTAPIDE Gerra orretxek ipiñitzen dit bere aldiko itzala zeiñek ez daki gauza orretan leen ibilli zirala. Urte batzuek igaro dira guda ori izan zala, kristau artean orrelakua bai negargarria dala, berriz'e guda bildurgarritik Yaunak aparta gaitzala.
LUJANBIO Ni toriatzen asko ari dira geientsuenak alperrik, Euskaleria-n ez degu bear iñondikan ere gerrik. Iñortxok ere ez degu maite ez frantzes eta naparrik, nunai anaiak bat egiñikan ez gera geok bakarrik, danak pakean bizi gaitean ez degu gerra biarrik.
TXAPEL Au ere esan egin bear det agoa bete-betian. Yesus maitea serbitutzen det berrogei ta bi urtian. Ez det pentsatzen izango danik iñorentzako kaltian, oitura zarrai yarraitutzera ea saiatu gaitian, geren bizitza igarotzeko, Yesus-en borondatian.
IRIARTE Ez dirade politak gerlaren suietak, or gainian emanen ditut arrazoina supitak. Txirrita-k eman dizkigu errespuesta politak, mutil zar dala, semerik ez du, erran digu Txirrita-k.
TXIRRITA Asko dirade nai lutekenak mundu danian nagusi, pakian bizi diran kristauak bere soldadu ta guzi. Orlakuari tira atzetik yoan dedilla igesi, gerra nai duan gizonak ez du salbaziorik merezi.
ZEPAI Arazoi aurre esan bear det oso umil ta serio, egia klaro ager dezagun gezurrak ez du balio. Beti or daude gizonak gertu gerra yartzeko propio, geren denboran yarri digute garrakin ainbat erio, zenbat gurasok negar egin du orixen dala merio.
DARGAITZ Egi aundiak erran bear ditut nere biotz-biotzetik, bear gabe partitzen gera bertze batzuen atzetik. Nik zertarako yoan bear nuen gerlara euskal erritatik, zazpirak bat izan ba-giñan etzegoan orlakorik, besarka gaiten orain guziok geio lotzeko gogotik.
ETXEBERRIA Gerra dala ta nik esan nai bat ementxen daukat barruan, gertatu zala urteak dira ez da aztuko luzaruan. Iñon semeak eramatea ai, zeiñen txarki daguan eta ama batek pena artzen du seme bat kendu orduan, nere osaba maite bat ere gelditu omen zan Kuba-n.
HARRIET Muturrak ere ba-dira baiña alde orotan artu, ta pakean bizitzeko Yainkoan lagun gaitu, sobera mintzatu gera pakea bear dugu, zazpi probintzi algarretan bear giñuzke uztartu.
UZTAPIDE Emen gerade zazpi senide danok alkar ezagunak, leno ikusi ez ba-degu ere ona iritxi egunak. Zabal ditzagun orain itxiak egon diran ate illunak, errukarriak dirake anaiak bai gure biotz bigunak guda utzita alkar maiteak bear degu euskaldunak.
LUJANBIO Gure Yainkoak ematen die zintzoki dabiltzanari ura naikoa ibili dedin errota umillenari, orain guk zuzen yoka daiogun bakoitzak bere lanari, arek graziak emango dizka pakean dabillenari
TXAPEL Bi gauza dira diperentiak txuria eta gorria, bear bezela artu biaiogu gauza aueri neurria. Beste lan gabe itzegitera nola nagon etorria, kulparik gabe gerra yuatia ori da tamalgarria, gauza ederrena emen daukagu munduan, Euskalerria.
IRIARTE Nik ere orren gaiñian bearreko dut asi, gerra orretako gauzak ainbat ziran itxusi. Ni bizi naizen artian nai nituzke ikusi, euskeldunak, gizon onak, Euskalerrian nagusi.
TXIRRITA Okasiua ara yendiak nola gerta litekian obea degu gerratan baiño bizi umore onian. Zenbait bezela ez naiz izaten fondetan eta kafian, gerran gosiak baiño naigo det naikua yanez pakian.
Irugarren saioa
Bigarren saio au amaitu zanean, atseden alditxo bat eman zitzaien bertsolariei ta bitarte artan entzuliak argi azaldu zuten beren poza. Irugarren saioa, batzuen ustez zaillena, atsegiñena oi zaie geinean entzuliei. Asierak ematen «Basarri» genduan eta berak irakurritako bertsoa au:
Asi bearrean naiz zirika bertsotan; nik galdetu ta zuek erantzutekotan. Parrez lertuko zaigu yendea saioa ontan, ez al zerate egongo oraingoan lotan.
Emen dioazkitzute asiera ta erantzun batzuek:
ZEPAI Asi zaite zu, Zepai, neri erantzuten, ............................... Gutxitan yardutxen naiz gezurrak esaten. Lendik ere dakizu nolakoa naizen, leialaren itxurik ez al diazu ematen?
DARGAITZ Zu zera bigarrena adiskide Dargaitz. ............................... Nere izena dabilte or oboetan maiz. Euskalerria-n yaiota bertan azia naiz, gauza ori yakiten zuk etzenduan gaitz.
ETXEBERRIA Abizena daukazu zuk Etxeberria, ............................... Oraintxen artua dit onetxen neurria. Emen nazute onera gogoz etorria nere apeiliduen yabe beste asko dira.
HARRIET Banka-tik etorrita Harriet gaztia ............................... aspalditik daukat nik orlako suertia; plazer izandu dut nik ona etortzia, emen ikusitzen dut auskaldun yendia.
UZTAPIDE Nolatan zabiltza zu, kaixo Uztapide? ............................... Bein etorri bear da etorri naiz ni-re. Gaur Donosti-an daude amaika adiskide, onetxek ematen dit ainbeste izpide.
LUJANBIO Lujanbio adiskide, nolatan zabiltza? ............................... Besua elbarrituta ementxe gabiltza. Ala ere kunplitu det emandako itza, xamurra uste nun ta gertatu zait gaitza.
TXAPEL Txapel izenarekin zera ezaguna. ............................... Neri gustatutzen zait olako laguna, ondo pentsatutzen det gau eta eguna, auxen da beti guri kobeni zaiguna.
IRIARTE Nungua zaitugu zu adiskide Iriarte? ............................... Irurita-n sortua Naparra-ko parte. Prantzian izan nauzu ia orain arte eta lan egiña naiz beti gure parte.
TXIRRITA Zer egiten dezu or lagun zar Txirrita? ............................... Lasai ementxen gaude deskantsun yarrita. Len ere ba-dakigu alkarren berri ta ez det deusen bildurrik onea etorrita.
ZEPAI Euskera piztutzeko gauzarik onena. ............................... Auxe da: bildutziak danok alkarrena. Emen nabarmentzen da zein dan azkarrena, zeruan sartuko da orla eiten duena.
DARGAITZ Aunitz yende daukazu aurrean entzuten. ............................... Mitxel-ek ta yendeak konprenditzen zuten. Naparru-tik Gipuzkoa-ra ekarri ninduten, benaparrak bertsotan orain ari gaiten.
ETXEBERRIA Yai auek goraltzeko zer degu bearra? ............................... Toki batera bildu euskaldun indarra. Ortarako ba-dago bertsuan bearra, maite dezagun danok gure Lege-Zarra.
HARRIET Zintzoki gorde zazu euskal izatea. ............................... Aiskide, ez dut ukatzen dutala maitea. Nik nai dut beti orla euskaldun yendea bertan izandua dut nik ere sortzea.
UZTAPIDE Len ere egiten ziran onelako yaiak. ............................... Zenbat bildu ote dira onera anaiak. Ementxe dabilzkigu yarritako gaiak, danak ikusten ditut aurrean alaiak.
LUJANBIO Zure alde oietan zer dio yendiak? ............................... Batzuek gizadunak bestiak gabiak. Ala ere kunplitze'itut oraingo legiak; asko ez dira izango gu baiñon obiak.
TXAPEL Euskeraren zuatzak zuek zeratela. ............................... Itzegin bear degu nola edo ala. Gauza onik guretzat ez dago bestela, aitortzen dizut orain maite zaituela.
IRIARTE Etzaude adiskide bertsolari txarra. ............................... Sortzetikan naukazu betiko naparra. Zuengana etortzeko ba-nuan indarra, zazpiak bat eiteko ba-dago bearra.
TXIRRITA Gaur ba-daukagu emen ai zer umoria. ............................... Sekulan ez det izan orlako zoria. Or zabiltza zu nere kupira gabia, zeiñek billa lezaken beste bat obia.
ZEPAI Ezkongairik ba-zaude esan zuk zergatik. ............................... Leno billa ibillita nago ni gogotik. Baiña martxa berdiña artzen da denatik, gauza on gutxi dago mutil zarragatik.
DARGAITZ Zuetzat garai ona noiz da bertsotako? ............................... Arnoa dudalarik netzat edateko. Eldua naiz ni orain emen erraiteko, danak bat yar gaitezen pakia izateko.
ETXEBERRIA Bapo yan eta edan bertsuak botiaz. ............................... Orrela bizi gera aurten eta igaz. Ta lana dan tokitik al ba-degu igas, guk alperkeriari eman diogu erraz.
HARRIET Donosti-n zer gustatu zaizu, gaur, geiena? ............................... Auxe dezu aspaldian nere gogoena. Ederra zala beti aitu nuen fama, oraintxen ikusten dut ederra dagona.
UZTAPIDE Polita al deiozu dala Donostia? ............................... Len ere aditu nuen beraren famia. Baiñan poztu naiz asko gaur ere ikustia; neretzat polita da oso Donostia.
LUJANBIO Gogoan eukitzeko gaurkoan eguna. ............................... Izan ere olakua pasatzen deguna. Yende alaia eta asko ezaguna, ortan konten al zera zu nere laguna.
TXAPEL Mai ingurun yarrita bertso ta yatena. ............................... Ni ere etorri naiz aiskide batena. Diferentiak dira poza eta pena, ondo bukatu nai det asitako lana.
IRIARTE Oillaxko pare baten mamiak garbitzen. ............................... Milla ere yateko ez nauzu arritzen. Len ere Euskalerria-n asko dut kurritzen, ezurrak eta zaiñak danak miliskatzen.
TXIRRITA Gustatutzen al zaizu zuri bixigua? ............................... Bai, ta yan egiteko ba-det desiua. Ori da neretzako mokaru goxua, gero zurrut eginda a zer pasiua.
ZEPAI Zer iruditu zaizu orrek esan duna? ............................... Ez nuan uste zanik orlako yatuna. Aspaldin det maiean oso ezaguna, bera nabarmendu da asko biar duna.
DARGAITZ Zuria izango da puntu zorrotzena. ............................... Ez da beroena ta ezta're otzena. Euskera galtzeakin artzen nuke pena, batera yunta bear da azkenean dena.
ETXEBERRIA Zein uste dezu dala iaiona bertsotan? ............................... Oen izenak ditut aditu askotan. Gaizki dabiltzan gauzan zuzendutzekotan, oraintxen arkitzen naiz ia erdi lotan.
HARRIET Saria irabazteko saiatu mutilla. ............................... Politak dira orain desira guzia. Egin ez degu ontan entregu aundia, bentzitzen degu emen gipuzkoar guzia.
UZTAPIDE Bertsotako gogoa etzaizu agortu. ............................... Ez egin ezkeroztik mundu ontan sortu. Ez kantatutzekotan nitzake ni lertu, eztarria ausi arte eingo naiz agertu.
LUJANBIO Bertsolari sail ona zaudete bildurik. ............................... Orduan ez daukagu iñoren bildurik. Ez ba-dirazu yartzen gai oso xamurrik, egiaz yardungo det: nik ez det gezurik.
TXAPEL Ementxe gaude danok zuri entzuteko. ............................... Ba-daukat nik gogoa zerbait esateko. Ezer gutxi palta det ona izateko, apetitua daukat bazkaita yoateko.
IRIARTE Zuekin yende auxe dago poztuirikan. ............................... Ez bai dute ikusi orrelakorikan. Nik erranen dizuet orain orgatikan, izugarrizko tragua yarria dut tripan.
TXIRRITA Ikusi nai zinduket asmatu eziñik. ............................... Entzun dezu amaika bertso eder ta fiñik; bestela ez genduke emen gauza onik, ez uste oraindikan nekatu naizenik.
ZEPAI Orain, gauza ba-zera erantzun zuk neri. ............................... Alde orrek ematen dit naikua komeri. Zer esan pentsatzen det begira danari, yator segitzeiozu zeuk dezun lanari.
DARGAITZ Kaixo bertsolaria nolatan zabiltza? ............................... Zerurako artuta ementxe dut giltza. Geiago ez ba-nitake emendikan mintza, sartzerik ez duenak kanpuan dabiltza.
ETXEBERRIA Zorrotz erantzutea daukazu onena. ............................... Itza entzuna det nik «Basarri» orrena. Nai ta nai ez esan zuk orain datorrena, zurekin itzeiteko prest daukak barrena.
HARRIET Nekatua zaitugu ustez onezkero. ............................... Pentsatu ta bota nik nai nizuke gero. Ni nauzu orain emen mintzatuko bero, plazer nuke zuekin ementxen urtero.
UZTAPIDE Zurrutak ematea du indarra ugari. ............................... Orduan ekiozu bertsotan lanari, Gauzak orla utzi gabe eldu naparrari, ez diogu utzi bear ez gauza onari.
LUJANBIO Aurtengo urte auxe gogoan artuaz. ............................... Guazen aurrera ere bertsotan sartuaz. Orain guk al deguna poliki sortuaz, eziñean aguro gerade benturaz.
TXAPEL Guziok bat eginda bertsoak goraldu. ............................... Abuan izan eta nik ezin umildu. Mandatu zarra dezu biar det bialdu, gure oitura ona ez dedien galdu.
IRIARTE Napar aldeko lanak emen azaltzeko. ............................... Ez da gauza pobria teatroan erraiteko. Ni ere ala nuzu emen kantatzeko, etxe mutil ona naiz beregi yesteko.
TXIRRITA Onekin bukatzen da oraingo saiua. ............................... Naiz bertsoetarako apropos yaiua. Atia itxi zaigu baita're leiua, par eizu, zertan zaude orren seriua.
Laugarren saioa
Laugarren saioa asterako, bertsolarien artean langintzak banatu ziran eta bata bestearen aurka yarriaz ara nola zeuden:
Zepai, uztargille ta Txirrita, itzai. Dargaitz, kontrabandista morroi ta Etxeberria, errotari ta Txapel, ikazkin.
Beste iru gelditzen ziran eta auek onela yarri bearrean arkitu zan epai-maia.
Lujanbio, ardozale ta Harriet, tabernari. Uztapide, sagardo-zale.
Asierako bertsoa bota zuan oraingo aldi onetan ere, bestetan bezela «Basarri» argiak. Ona bera:
Uztargillea Zepai izanik, Txirrita degu itzaia; kontrabandista nagusi Iriarte Dargaitz duela marroia. Txapel ikazkin, Etxeberria-k aupatuz errotaria; Mutuberria ez da etorri ta Harriet da tabemaria, Uztapide da sagardo zale, Lujanbio ardo zalia.
ZEPAI Jose Manuel nola naguen zuri begira yarria tratu onetan konpontzekotan onera zera etorria. Nik aditzera ba-nun ziñala itzai ikaragarria neri noiz paatu bear dirazu egin nizun uztarria.
TXIRRITA Gu biok emen ikusi eta yendiak poza artzen du antziñetako adiskideak alkar biogu lagundu. Oker zabiltza gizarajoa, bear zenduke zuzendu; beste uztarri bat emen daukat baldin egingo ba-zendu.
ZEPAI Gose bolaran bildurrik gabe, esan daiogun alkarri, oficial ona naizela ezkar egin didazu igarri. Lengo uztarriakin zure idiak etziraden gaizki yarri: beste bat ere egingo dizut nai dezunian etorri.
TXIRRITA Nere idiak ibiltzen dira oso yoera puertian ez dute gaitzik ere izandu yoan dan urte betian. Pama puska bat ba-dezu baiña, yakinduria apartian; suerte onikan ez dezu izango bat ona egin artian.
ZEPAI Neri zertako desairatzeko orrenbesteko enpeñu, ziria sartuko zeniguke guk sinistuko ba-giñu. Zure idiak gose plakian ba-dute amaika kariñu; uztarria baño obe zenduke ondo goberna ba-ziñu.
TXIRRITA Nere idiari komeni zaie izateko anparua, zuk euki dezun kontua baiño pixkat obexiagua. Intxaurrarekin tratua egin da bialdu ziran pagua, nai dezunari saldu zaiozu, an geldituko da ua.
ZEPAI Aizu, Txirrita, esango izkitzut segiturikan egiak, zure idiak ez ditu galdu uztarri onen premiak. Disimuluak gezurra izanda dauzka bere alderdiak: uztarri onik ez du beñere gosiak dauden idiak.
TXIRRITA Mundu onetan pizkorragorik gezur esaten zu baiño izango dira, baiña nik orain egia dizut esango. Alde ortatik bildu liteke zerbaiteren aginaldo: gose egarririk ez daukate, gobernatzen ditut ondo.
ZEPAI Beren denboran pasatu dute amaika otz eta bero, aundi xamarrak dauzkazu baiña ez da izango luzaro. Onen idiak karga aundian bizitzen ez daude giro, itzaia beriz engañatzen da zurruta izan ezkero.
TXIRRITA Nere idiak osatzen dira; baiña zu diruzalia, idi oietxek mendera nairik ba-daukazu zuk premia. Oju aundia egiten dezu, dirudizula prailia; idiak gosez ilko lirake baldin zuriak balia.
ZEPAI Komeni ez dan arrazoirikan zuri ez dizut esango ta nik emendik agertu arte ez al zera ortik yoango. Zu baiño itzai zatarragorik munduan ez da izango, lengo uztarria pagatu arte besteik ez dezu eramango.
TXIRRITA Eztul utziak ez du balio lasai ibilli zaitia, bertsua orain botako dizut nere amigo maitia. Gerta ez bada uztarri on bat alde ontara yoatia, kostako zaizu nere atzetik dirurik eramatia.
* * *
DARGAITZ Egi aundia erran bear dut garbiki naiz emen asi; ni naiz mutil kontrabandako, ori dutala nagusi. Nere ustien zenbait duro dituela irabazi, biaja pranko egin dut baiña patu gabe nau utzi.
IRIARTE Adiskidea bear dutela enetzako kuadrilla; ni ere sortu ezkeroztik kontrabandan nabilla. Iriarte nagusi eta Mitxel Dargaitz mutilla; muga bazterretan beti beldurturik dabilla.
DARGAITZ Muga bazter oitan nabil beldurra ta ikaratan, armadunak ikusten dut an diela bazterretan. Nire ikara ta nekiak beti-beti alferretan, nausia gero baitago mutillari zorretan.
IRIARTE Adiskidea nik ez dauzut aspera ortan zorrik, nunai agertutzen nauzu nere burai aitorrik. Zuk ere ez baldin ba-dezu or edaten naparrik maiz ibiltzen zera baiña karabineron bildurrik.
DARGAITZ Karabiñuruen beldurra daukat muga guzietan, sobera ikusten ditut oitanik bazterretan. Karga bizkarrian nuan, bide guzia neketan, pagamentun esperantza ondoko egunetan.
IRIARTE Ene mutilla ba-daukazu ortan milla pikardi zertan dugun guk solasa eman zazu eguardi. Ortakotz erranen dut nik osoarekin lau erdi lengoan galdu zazkitan gutxinaz berreun ardi.
DARGAITZ Galdu badin ba-nitun'e ek etziren neriak; iñakala egin nuen ta yan zituen guardiak. Ez da ongi gezur erratia emen erraizu egiak egiere argi bear dezu: mutilla galdu ardiak.
IRIARTE Mugan zer gertatua den Naparrua-ko partian, egi aundiek erraiten emen asi gaitian. Mitxel bere ardiakin mugatik yoatian, berak galdu ta lo egin du txerritegi batian.
DARGAITZ Barkatu, otoi, nagusia balin ba-naiz loak artu, zu deskantsoan zaidela det ardi pranko pasatu. Ardik orduan kontua dauka, zuzen bidean aldatu, pagatuko nizuela-ta galtzenen naiz gelditu.
IRIARTE Orrengaitik emanen duzu nik dituan zentzuak, beti garbi mintza nuzu eta arrazoi zintzuak. Mitxek orretxek ba-ditu izugarrizko gautzuak, ardik ez ditu ezagutzen ernai eta antzuak.
DARGAITZ Gizon ori ez du laguntzen nire uste zentzuak, edo bertzela gezurretan emanen ditu bertsuak. Bere iñalak eginen ditu emen mutilla gaixoak; berriz obeki berekoitut nik ernariak eta antzuak.
IRIARTE Orrelaxen mintza nuzu egia erraiteko, gizon koplaria zara kontrabandan ibiltzeko; bainan da artu zazu obeki portatzeko, bertzela zor zaizkizuna ez dautzut pagatuko.
* * *
ETXEBERRIA Nere lanari ekin biaiot albiste auxe artzian, nere denboran ez da izandu mingaiña oso atzian. Lenago ere oiturik nago ain yardun erantzunian; errotaria naiz ni izatez, egite au emantzian ta aizkide batek zaku iriña diru gabe eraman zian.
TXAPEL Ni ikazkintzat yuzgatu naute, zu berriz errotaria, gusto ba-dezu entzun zaidazu esango dizut egia. Tristurarikan zuk ez daukazu ain zaude gizon alaia, txintxotasuna utzita zaude, tranpa zale ugaria, kontzientzia garbitutzeko ba-dadukazu premia.
ETXEBERRIA Ni errotari langintzan naiz ta «Txapel» ori ikazkiña, alare ongi izaten beti saiatzen naiz alegiña. Ordaindu gabe eraman ziran lengo batian iriña, pagatutzeko konturik ez du. Aitzeki ugari baiña, etzenduke ez ori egingo zintzua izan ba-ziña.
TXAPEL Zure aldian beti izan naiz oso biotzez biguña, lagun guziri ondo laguntzen egiten det alegiña. Zuk or daukazun yenero dana neretzat ez da berdiña ongilleari gaizki egiteko zuk beti daukazun griña: iriñen partez yartzen didazu edozer gauza zikiña.
ETXEBERRIA Nere errotan ez da sartutzen garien partez artua, «Txapel»en gezur ori daukagu lotsik gabe ausartua. Gaizki zuk esan ez yakin eta gezurra zuk agertua, gaizki esana biltzera berriz zugandik naiz beartua edo bestela zeure otsona ez dezu ipiñi edertua.
TXAPEL Errota ontako nagusi yauna nola zeraden zerrori, irin zatarrak saltzen dizkatzu deskuidatutzen danari. Len ere nago ikasia-ta etzait zuria komeni pixuentzako ona dala-ta zikiña bota iriñari, zazpigarrengo mandamentuak ez du agintzen gauz ori.
ETXEBERRIA Iriña eraman nere etxetik ordaiñez ekarri ikatza, orren kopeta lotsagabea, azala berriz du latza. Bere auera nik aurreregi ez naike sartu beatza, langintz arlote batean dabil ta ezin izan aberatza; pagoa eskatu, gaztaiña ekarri, bide okerretik zabiltza.
TXAPEL Au ere esan bear nizuke, ortara ari naiz bertsuan, nere langintzan aritutzen naiz satisfazio osuan. Bere aldera itzegiten det bera bai daukat goguan, gauz onegatik inbustaria lengoetan ba-zenduan, itza ederrak mingañez baiño kontzientzia auzuan.
ETXEBERRIA Zaku ikatza ekartzekua aspaldi dan luzaroan, itza eman bai gure etxera ez da yun oraindaiñoan. Uste al dezu, ai! ez dedala nik edukiko gogoan, artutzen det bai buruan garbi zeiñek zer eraman duan, gure errota txarra baldin-ba nai dezunengana yuan.
TXAPEL Zer kontatua pranko ba-daukat, esplikatu al ba-nitza, Etxeberria, entzun biazu orain diyuazun itza. Ez nuben uste zendubenikan orren yenio zipotza, gaizki egiten daramakizu oraindaiñoko bizitza zuzendu zaitez fede onean biotzetik ba-zabiltza.
ETXEBERRIA Irin ederrik egitekotan nik bueltatzen det arria, zintzo ta zuzen daukat etxea oso egoki yarria. Ikazkin batek saldu bear nau, kiebra yo det orain ia; irin zakuaz etxea ustu, eraman detan guzia eta alare itzegiteko onek ba-du ausardia.
TXAPEL Bein bear zun da onek oin ere gezur galanta esan du, len egindako deskuido danak orain nai ditu zuzendu. Onek esanda itz sakonikan nik ez det entzun izandu, besten pekatuk konpesatuta zeure danak almazendu garbi zenduke kontzientzia, len ongi egin ba-zendu.
* * *
HARRIET Tabernaria nauzu eta orai nauzute mintzatzen, arno zalekin nola naizen ene bizian portatzen. Gizon onak direla die dute segur markatzen, bainan uraren plazer txarra ez dute ongi kontatzen.
UZTAPIDE Zurruteruak emen gerade Donosti-ra etorriak, eran nairikan ardo beltza ta sagardo ori gorriak. Ementxen zuten botillakuak Naparru-tik ekarriak, doble kobratu nai liguke-ta il bear gaitu egarriak.
LUJANBIO Gauza au nola dan deklaratzeko batere ez det ajola, neri gogotik gustatutzen zait, matsarekiko ardoa eta ez dizutet nik ukatuko ardo-zalia nagola ni nua emen tratatutzera Yesukristoren odola.
HARRIET Erran duzu baiña ez dut nai orai ere ezin etsi, zuen gogoak argiro emen bai ditut orain ikusi. Arnoa emen edan gogotik mintzatu ere xamurki pagatu gabe bi itz etxetikan partitu zaizkit egesi.
UZTAPIDE Onen tabernan sartu naiz ni gaur arduaren aitzakian, ni zurrutero ona nitzala gizon onek ba-zekian. Sagardo mia zeukala eta ardua saldu naiean bertsolariak ekartzen ditu ardo onaren tokian.
LUJANBIO Nere laguna konporma zaitez Joan Jose-ren esanian eta orduan yariko zera oso bide zuzenian. Konsideratzen yartzen ba-zera zeorrek nai dezunian, orrek ura saldu nai liguke arduaren izenian.
HARRIET Eztakit nik ola den bainan untaz bear da pentsatu bersala ez nuke nai zuengatik zaiñatu. Ongi ikasten dutena nai dut nik pratikatu, nai ba-dezu, omen goitik eingo duzut serbitu.
UZTAPIDE Naiz tabemari Naparrua-ko asiak daude burruka, sagardo onen artu-emanak beti dira diru truka. Kristau artean ezin liteke egi au iñork'e uka, ai zer bertsuak bota leizkean sagardo onak ba-leuzka.
LUJANBIO Edari onetikan txarrera daguan diferentzia ez da izaten nolaikoa, artzazu pazientzia. Kolore emateko aiña ardo ta urez bete ontzia, modu orretan ez dezu Iibre izango kontzientzia.
HARRIET Kontzientzia ez dut kargatzen errango dauzut egia, beste medio emen bai dago olan ondo ikusia, ardo onetik gustatutzen zait neri beti emaitia bertze aldean obea dezu bertara yoan zaitia.
UZTAPIDE Onen tabernan aspaldi ontan ein det amaika bixita; baiña ba-dakit nolatan daukan malezi txarraz yarrita. Naiago nuke bere taberna baldin ba-leuka itxita, arduen truke ura saltzen du kontzientzia utzita.
LUJANBIO Denbora asko zan zure tabernan ez nitzaizula izandu, emen zer pasatutzen ote dan yendiak pranko esan du. Martxa okerra utzi zazu ta egin zaitez zu zuzendu: gusto aundian yoango giñake ona yarriko ba-zendu.
HARRIET Benturaz ala dikeke baiña oaintzi oso naiz oartzen yendia ez dala len bezela ene etxera etortzen. Beti ari dira auzoko taberna geien aldatzen ba-dakite ez duela deus'e zuegandik irabazten.
UZTAPIDE Gizon onetxen pasadizua esaten biar det asi, gizartean gaizki esana sekulan ez det ikusi. Tratukerian gezurrez dabil Yesukristo-tik igesi ola ba-dua a zer gustua emango dion Judas-i.
LUJANBIO Gauza onak deklaratzeko batere ez daukat lotsikan, zure etxera yoan ta askotan ateratzen naiz utsikan ta ez ba-dezu yartzen tabernan len baiño gauza oberikan, berriz ere ez dezu izango Yose-rengandik sosikan.
HARRIET Meza ortan nai ba-ziñan ene laguna arakatu, kondizionak obekiago bete bear dituzu, arno ona nai zuenian eginen proposatu ene etxean bai daukazu egiñen zuk pagatu.
UZTAPIDE Sagardo billa yoaten gera guziok zar eta gazte, taberna ontako pasadizua esango dizutet laiste. Beti or daude adiskideak nola igande ta aste urarekin kentzen dizkigu sosak, arduaren truke.
LUJANBIO Gelditu gabe ari zerade gauza zailik ta xamurrik, gogo dubenak sinistu beza, ez det esango gezurrik. Orrek urakin agintzen digu nai negozio aundirik, edan liteke andik suelto, ez da moskortu beldurrik.
Onekin amaitu zan Bigarren Bertsolari Eguna. Baiña ez osorik: Donosti-ko Eusko Gaztedia-k duan aretoan, bazkari eder bat eman zitzaien eratzailliekin batera anaitasunean baturik. Ba-zan antxe umore ta bertsotako gogoa.
Epai-maiaren iritzia
Arratsaldean, sari banaketa Eusko Gaztedi-ko aretoan egin zitzaien. Ara nola: Lenengo saria: Txirrita, 150 laurleko. Bigarren saria: Uztapide, 100 laurleko. Irugarren saria: Zepai, 75 laurleko. Laugarren saria: Dargaitz, 50 laurleko. Bostgarren saria: Iriarte, 25 laurleko. Murua yaunak emanda, bertsolari zarrenantzat beste 25 laurlekoak Txirrita-ri eman zitzaizkion eta gazteenekoak Iriarte-ri. Sari gabeko beste bertsolari guziei ere 25-na laurleko eman zizkioten, eta bertsoa goian, bertsoa beian, bertsoa alboan, bertso ta bertso yardun ziran pozaren-pozez egun osoan.
II-GARREN BERTSOLARI EGUNEKO GUDUAN 1. «Txirrita» — Altza. 2. «Uztapide» — Zestua. 3. «Zepai» — Errexil.   * * *
Bigarren urtean ospatu degu Bertsolari Eguna. Beste askoan iraungo al du gure errien onerako. Bertsolaria erri mamikoa degu. Erriak benetan maite ditu ta auek, egiz maite dute erria. Len gertatu zan alderdi auetan eta berriro ere gerta liteke orain agertzera guazena: Garai larriak zebilzkien gure Euskalerria-k; guda zital baten ondoren ostu zizkiguten gure antxin eskubideak. Zeiñen deadarrak esna zezaken orduan gure errien lo-zorroa? Bertsolarienak! An azaldu zan Iparragirre erri-esnale. Gaur ere zeiñek erakutsi gure erriari bere eskubide ta eginbearrak? Erriak maite ditu gure adiinen argiko bertsolariak. Ardangelan, pargiñazteko bakarrik ez dira yaio. Buru argi ta esaera eder dituzten gizon auek, euskera zaitzeko bearrekoak ditugu ta berak ori yakiñik ona nola bildu zaizkigun gure deien oiartzunera. Berak bizi diran artean euskera etzaigu ilko, eta euskera bizi dan artean gure Aberria ere ez. Lagun dezaiegun ekiñal guzian.
Bertsolari guduak (1935-1936) |