Bertsolari guduak (1935-1936)
Joseba Zubimendi

Euskaltzaleak, 1936

 

 

BERTSOLARIA, NOR DEGU?

 

 

Zer ote litzake Euskalerri-a
bertsolaririk gabe?

 

      Gure erriaren erraiak antzutu ziralakoan geunden. Emankorra izan degu euskal-gogoa bai kanta eta dantzak, bai yoku eta bertsolariak sortarazteko. Nun izan ote da gure mendi tarte oietan baiño ugariago abesteko doairik? Nun bertso eta olerkiak asmatzeko almen bizkorragorik?

      Alako artan, ordea, Euskalerriko sormen ori igartu zala zirudin. Erdel-kutsua nun nai; arrotz gogoen nabarbenkeria itz, kanta eta bertso guzietan.

      Diktadura-menpean geunden artean. Or genbiltzan «Euskaltzalekoak» nundik nora euskal-gogoa piztuaraziko. Inguruan eriotz-antsiak baizik ezbagenituen entzuten!

      Aro negargarri ura, bikain asko, gure Yauregi olerkari miñak betirako yakin arazi du:

 

«Illundu ziran Euskalerriko mendiak berriz,

laiñotu egun nabarra...

Negarrez ta antsiz, lotsaz dardaraz berriz yarri zan

Gernikako zugaitz zarra.

 

Mendira igesi laisterka asi zan negar-zotinka

Ama Euskera gaixua...

Zapi zar-beltzez estali zuten Maitagarriak

berez urrezko burua.

 

Gau luze batek zabaldu zuan estalki beltza

Eusko errien gaiñera,

ta, yaun da yabe, txistu t-orruka, Baso-yaun gaitza

zebillen menditik bera».

 

      Ain maitagarri genituen amaika gauza betirako galduko ote zitzaizkigun dardaraz geunden.

      Euskal-kutsuko gaietan gogokoenak kanta zarrak eta bertsolariak zaizkigu. Aien ots eztitsua itzali eta oien sormena igartuko ziralakoan larri giñan benetan.

      Beste erri batzuk ere orrela ondatu baitute bere izakera berezia! Oroimenera zetorkigun Gabriel y Galan-en arako olerki atsekabe ura:

 

            «Se acabaron para siempre los selváticos juglares

            que alegraban las majadas con historias y cantares

            y romances peregrinos de muchísimo sabor.

            Para siempre se acabaron los ingenuos narradores

            de las trágicas leyendas, de fantásticos amores

            y contiendas fabulosas de los hombres del honor.

                  ¡Ya se han ido, ya se han ido!

                  ¡Ya no ritman, ya no cantan!

            los pastores y vaqueros de mi abuelo el patriarca

            que con ellos tuvo un día la fortuna de morir».

 

      Erdel errietan gertatutakoa Euzkadin ere egi garratz biurtu zitekean. Bildur onek garamazkin nundik nora bertsolari zaarren aragi igartuan bizitz-guna txertatu genezaken asmatzera.

      Asmo onek eraginda bertsolaria nor ote genduan ikastera makurtu giñan. Bertsolaria nor izan du ote zan eta eusko edesti zear aren izakera ezagutzera beartuak geunden, aurrerantzean ere iraunkor bizi araztekotan.

 

 

Bertsolaria, nor naizen, alajaiña?

 

      Iñork adierazi lezakean baiño obeto bertsolari berak beren buruaren berri eman lezateke. Biotz barruan nabaitzen duten indar eskutukoak daramazki kanta-araztera.

      Bertsolariak bere baitan urduritsu, ezin egonik oartzen duan kanta-miña ezin genezake, guk beintzat, azaldu. Abestu bear auxe Buenos Aires-en bizi izandu zan ezpeletar Mendiaga koplakariak bikain asko irakatsi zigun:

 

            «Kantuz sortu naiz eta kantuz naiz bizi,

            kantuz igortzen ditut nik penak igesi;

            kantuz izan dudanian zerbait irabazi

            kantuz gastura ditut guzia igesi:

            kantuz ni bezelakok iltzia merezi».

 

            Kantuz pasatu ditut gau eta egunak;

            kantuz izan dirade ardura ta lanak;

            kantuz ibiltzen nitun aldeko lagunak;

            kantuz eman didate, obra gabe, famak;

            kantuz artuko al-nau Yainko-Yaunak.

 

            Kantuz eman izan tut zenbaiten berriak,

            kantuz gustatu izan zait erraitia egiak;

            kantuz egin baititut ainitz afruntuiak

            kantuz erran ditzadan ene pekatuiak,

            kantuz egiten ditut nik penitentziak.

 

            Kantuz eginez gero munduian sortzia

            kantuz egin bear dut, ene ustez, iltzia;

            kantuz ematen badaut Yainkuak grazia,

            kantuz idekiko nau San Pierrek atia,

            kantuz egin dezadan zeruan sartzia.

 

            Kantuz egotz nezaten iltzen naizenian,

            kantuz ene lagunak arturik aidian,

            kantuz ariko dira ni lurrian sartzian,

            kantuz pranko utziko diotet munduian;

            kantuz egin dezaten nitzaz oroitzian».

 

      Ara, seaskatik illobiraiño bitarteko bertsolariaren bizitzera Mendiagak zorrozkiro adierazi. Landareak ernemiñaren indarrez loretzen diran bezelaxe, kanta miñak bertsolariaren eztarria urratuaz apaldiak abestera bearrazten ditu.

      Seaskak, gurasoak, sorterriak, adiskideak, ogibide eta lanak, naigabe ta alaitasunak, yaiotz ta eriotzak, yolas ta atsekabeak, oben eta Yaungoikoak barneko iturburuan ur garden ugariak sortarazi dizkiete bertsolariei.

      Beren baitan nabaitzen dituzten kezka eta alaitasunen abeslari izan bada bertsolaria errikideen eta aberriaren kantalari ere bazaigu. Euskalerriak ez du ezagutu bertsolaria aiñako edeslari eta izlaririk.

 

 

Euzkadi-ko eleder, bertsolaria

 

      Nekazari, artzai, itzai, mandazai, errotari eta ikazkiñen artean bakarik sortzen zaizkigu gaurko onetan bertsolariak. Buruz yantzitako gizon eta andere artean bertsolari gutxi aurkitu leizke orain.

      Bestelakorik gertatzen zan antziñan. Begirapen aundiko yaun eta andereño xalo gazte taldeetan ere koplakari iaiorik aurkitzea etzan gaitza.

      Eztaiak edo illetak zirala, bataio edo erriko yaiak zirala bertsoak kantatzeko etxeko yauna edo alaba apain askoa prest ikusi zeikean.

      Etzan arlote eta yende xeearen egitekoa bakarrik bertsoak asmatzea; goimailako gizartean ere aurkitu zitekean yolasketa gendun. Orduan izlari yakintsu edo sasikorik, gaurko erara, ezagutzen ezbaitzan.

      Ao ederrekoak, beste esaera zarrez elederrak, oraingo iztun yaioari esan oi dioten elokuentea, koplakariei deitzen zieten, ez beste iñortxori.

 

 

Andereñoak gauilletako elederrak

 

      Euskaldunen oitura zaarrenetako gau-illa zeritzaion gertaerari so egiogun. Ara, etxeko areto apaiñena oial beltzez estalia. Lau argizaiezko suntoi artean gorputz bat datza. Etxeko-yauna il omen da; berari etxe barrunbeko illetak egitera dioaz.

      Ustegabean alaba bertsotan asten zaigu bere aita zanaren bizitz-berriak emanaz. An ziran aitaren egintza onak maiteki kantuz goratzea; an antsika biotz minduaren naigabea agertzea.

      Alos-torre-ko nagusia il zalakoan aren alaba Usoak, umezurtz bere burua ezagutuaz, kantuari eman zion aita yaunaren korputz aurrean yauregiko zorigaitzak bertsoetan neurtuaz:

 

            «Etxe eder leio bage onetan

            ez naiz sartu zazpi urte auetan,

            eta zortzigarrenean,

            neretzat zorigaitzean,

            aita Beltranen iltzean...»

 

      Asiera egokia olerki onena, areagoa oraindik mami sakon-negartia. Usoa andereñoak XV-garren mendean apaldi oiek taiutu zituan, bat batean, gaurko bertsolarien antzera.

      Etzan andereñoetan bakarra Alos-torreko alaba biotza samindurik bertsoetara eman zeikeana; Lasturko bestetxo bat ere bere aizparen eriotzean beste ainbeste egiña zan. Lasturko Milia, aurraegin berrian, il zan. Onen gauillan olermenak eragin ondoren aizpak zion:

 

            «Zer ete da andra erdiaren zauria:

            sagar errea eta ardo gorria;

            alabaia, kontrario da Milia

            azpian lur otza, gaiñean arria.»

 

      Illuntxoak, agian, oraingorako XV-garrengo bertso oiek. Ez da arritzekoa. Aur-egin berriari, aldi artan, zauria sendatzearren sagar erreak eta ardo gorria, osagarritzat ematen zioten. Miliaren senarrak, baiño, emazte erdibituari, gogokoa etzulakoan nunbait, sendagai ordez lur otza eskeiñi zion.

      Senarraren okerkeri onek mindu zuan, Miliaren aizpa; onegatitxek beronek aurpegira itxuskeria azaldu zion arei. Peru Gartzia, senar izanaren arrebak biziki erantzun zion, bat-batean, Miliaren aizpari gauil garratz artan:

 

            «Ez dauko Peru Gartziak bearrik

            ain gaitz andia apukaduagatik.

            Zeruetako mandatua izanik

            andrari ok ala kunpli yasorik.»

 

      Alegia, etzala Milia senarraren zabarkeriz il, zeruaren aginduz baizik; orregatik arek biotzeko kezkarik izatea etzala bidezkoa.

      Eusko erara egiten ziran gauil oietan bertsoz kantatzea legezkoa zalata nunnaitik bertsolariak agertzen ziran gorputz ziranen izenak goratzera.

 

 

Gudaketetan bertsolariak

 

      Ez uste izan, ordea, illetak ziranean bakarrik bertsolaria azaltzen zanik. Baita beste edozein gertaeretan ere. Eztaiak zirala-ta, etzan koplakariren bat paltako ezkontza yai orretan. Gaur, ere, tobera yotzailleak berekin daramate koplakaria ezkon berriei zorion bertsoak abesteko.

      Erriaren gertaera larrietan, ordea, bertsolarien sormena arrotzen zan. Guda negargarrian anaiak naasten ziralata, gorrotoa madarikatzeko eta pakea irizteko bertsolarien eztarri eta olermenak prest zegozen.

      Itzuli ditzagun begiak XIV-garren mendeko bizitz goibeltsura. Guda odoltsuak zoratuak zarabilzkin aldi artako euskotarrak, «odol sendoa ostuaz» batak besteari, antziñako abestiak dionez.

      Aramaionako gudaketa zangarrean gudamutil izandako bertsolariak dio nolako bildurrak eta naigabeak igarotzen zituzten naspil aietan:

 

            «Oiñetako lur au yabilt ikara

            gorputzeko lau aragiok bezela...»

 

      Beste batek, berriz, Oiñaztar eta Ganboar gerratean Arrasate uria su-garretan ikusirik kantuari eman zion barrena lasatze-arren. Aizken apaldian Andra Santa Mariñari eskerrak zuzentzen dizkio bere etxera osasuntsu itzul arazi zulako.

 

            «Esker asko ematen deusat

            Andra Santa Mariñari;

            Beraxen elizat sartu eta

            etxera bidaldu nau ni.»

 

      Oneragotu gaitean Euzkadi-ko edesti zear. Karlatarren gudateari begira diogun pizkabatean. Karlista eta beltz alderdietan bereala nabarmendu zitzaizkigun koplakariak; batzuk Karlos erregeari iseka egiteko; besteak beltzengandik bereak eta besterenak esateko.

 

            «Atso zaar, zaar batzuek

            panderua yoaz,

            gonak arrastaka ta,

            ankak utzik, dioaz

            ezin sosegaturik:

            —Karlos etorri data

            ikustera goaz....»

 

      .... abesten zuten beltzak karlatarrei ernegazteagatik. Baita egi borobillik Karlos erregearen jeneralengatik bertso zorrotzetan esanak ziran bertsolari beltzak:

 

            «Bordarientzat txardin erdia;

            eurak oillozko osoak,

            eperrak eta usoak,

            edari jenerosoak

            ondo beterik basoak.»

 

      Karlatarren alderdiko koplakariak etziran ixilik egoteko yaioak. Oiek ere beltzengandik zer edo zer adierazi nai izango zuten parragarri ustekotan. Geienean gudamutil beltzak uri nagusitan egoten ziran alperkeri gorrian karlatarrekin burruka egin nai ezik. Ongi asko zirikatzen zituzten koplakari xuriak:

 

            «Aspaldian egin dek makiñabat jira,

            goiko aldetik berriz karlistak begira....

            —Tropa alperrik mantentzen, ai ori galketa!

            Ator gu arrapatzera Oiartzun mendira!»

 

      Donostian kiskurtuta zeuden beltzei abesten zieten karlatar mutillak. Etziran, ordea, bertsolari guziak guda zaleak; batzuek pakezaletasunak eraginda anai arteko maitetasuna adierazten zuten, Errenderiko Xenpelarrek bezela:

 

            «Ez naiz gerra zale

            baizik pakearen alde;

            zeiñek nai dauden galde

            tirari berari alde,

            bala bat sartu buruan

            aspertuko da orduan.»

 

      Erriak zer nai uraxe bertsolariak kantatzen zuten. Maite minduen antzera bertsolariak bereak ditu beti erriaren naigabe eta alaitasunak. Euzkadin uztartuak gaurdaiño ibilli dira erria eta koplakariak.

      Orregatitxek, asieratik diogu, erriaren abotsa koplakariak dirala; oien eztarriaren bidez barruko antsiak eta pozak gure aberriak adierazi dizkigula.

      Ara zergatik, bertsolaria Euzkadiko eleder ez ezik, bere gogoaren erakusle zala genion.

 

 

Bertsolari-guduak

 

      Bertsolaria, geienean, ez da bakarrik yarduteko yaioa. Inguruan adiskidea bear du, arerio antzean, guda bizian aritzeko. Orduan sormena arrotu, adimena zorroztu eta irudipena aberasten zaizkio.

      Koplakarien arteko yardun oneri, antziñetik, gudua deitzen zaio. Etzaigu atsegin bertsolarien alkar yarduketari batzaldi, yokualdi eta kideko itzez ezagutzea, yatorrizko itz egokia dun ezkero; izen egoki bakarra bertsolari-gudua bedi betirako.

      Noiztik ospatzen ote diran Euzkadin bertsolari guduak? Gudu oien adiñik neurtu lezakenik ez dago. Zartzaro orren ageririk ez bait-degu eskuartean.

      Gure aitonak zabartxoak izan zitzaizkigun beren oituren berriak iraunkor adierazteko. Bertsolari gudu oiek gure abenda bezin zarrak dirala aitortzea ez da okerreko aitortza.

      Guduen beri yakin arazi ziguten Donostiko «Consistorio de los Juegos Florales» zeritzaion alkartasunak 1877-garren urtean. Ordu ezkerotik bazkun erainkor onetxek urteoro Donostiko Teatro Zarrean guduak antziñeko erara gertatzen zituan. Olerti yoku onetarako Santo Tomas eguna begiz yoa zuten.

      Bidasoarunzko euskal lurraldeetan D'Abbadie euskaltzale gartsuak, aro artantxe, ekinaldiak egiten zituan bertsolari guduari eustearren.

      Gaurko mende au argitara zitzaigunean gudu oiek, aulkeriaz yota, eriotzera zetozen. Azken-aldi larrira españar Diktadurak zekarkin bertsolarien yoku eder auxe. Betirako igartuko ote zitzaigun euskal-landerea?

 

 

Gaurko Bertsolari Egunak

 

      Koplakarien il bear onek larri genkarzkin Euskaltzaletakoak. Alegiko errotan alkartu giñan «Lizardi» zana, Yauregi olerkaria, Labaien antzezlaria eta Erauzkin bertsolaria, gaitz orrentzako sendagairik aurkitzen ote genduan edo. Ango asmoak zerbaiterako izan ziran nunbait.

      Donosti zarrean aiton bizargille bati bertsolari guduak, antziñako erara taiutzen trebe zala igarri genion. «Consistorio de los Juegos Florales» zalako aietan epaille bezela ibilia bait-zan Uranga-tar Iñaki.

      Altzaga-tar Toribi yaunaren omenez «Centro Católico» antzokian 1930-garren urtean Euskaltzaleak lenengoz eratu zuen Bertsolari-gudua onetxek zuzendu zigun. Txirrita, Lujanbio, Telaetxipi, Zabaleta, Agirre eta Bitoria zanak, lege zarrera gudu arrigaria egin ziguten. Trebe asko eta zorrotz Uranga olerkari aitonduak bertsolariak zirikatu zituan. Txapeldun, ao batez, Bitoria aukeratu genduan.

      Bidea urratu arren aurreruntz yotzeko garaia etzan eldu artean. Olerti Egunak, Euskal-Egunak, Antzerti-Egunak berekin zaramakiten lanik asko sortu eta iraunazteko.

      Alako baten, ordea, Bertsolari-Egunari ere bere garaia iritxi zitzaion. Liburutxo onen asieran irakur zenezake. Euskaltzaleai, Donostiko Eusko Gaztedi gartsuak eskeiñitako laguntza anaikorraz, bertsolarien guduak orain beiñere baiño biziago eta kementsuago eraberritzea erabaki azi zion.

      Oraindaiñokoan bi Bertsolari-Egun ospatuak ditugu. Orrialditxo oietan Egun ederrok aizetu ditzazuntzat idazki au argitara dakarkigu. Ez da lan errexik, diotenez; ez da ere nolanaiko bertsolarien apaldi guziak zintzo eta txukun yasotzea. Eusko gaztediko mutillak leiatsu eta biziki bertsolarien aboetik bertsoka-bertsoka apaldi guziak osotu dizkigute.

      Langun eta adiskide mami degun Zubimendi-tar Yoseba-k liburua borobildu digu. Gudaketa berritze onetan bertsolarien ezten eta eragintzaille Zubimendi zaigu; beroni zegokion ba legez orrialde oiek taiutzea. Txukun asko gertatu ondoren Euskaltzaleak irakurleengana dakarki.

AITZOL-dar Y.

 

Bertsolari guduak (1935-1936)
Joseba Zubimendi

Euskaltzaleak, 1936