Bertsolari guduak (1935-1936)
Joseba Zubimendi

Euskaltzaleak, 1936

 

 

I-GO BERTSOLARI EGUNA

 

1935-ngo Ilbeltzaren 20-an

POXPOLIÑ ANTZOKIAN

DONOSTIA

 

Nola sortu zan

 

      «Aitzol» ospatsuak, gai oni buruz, bere atzeneko itzaldian onela zesan: «Bertsolariak izandu dira gure edestia gorde digutenak; gure erriaren poz ta atsekabeak, abestuaz, eunkiz-eunki guregana iritxi-azi dituztenak, gure adimen argiko bertsolariak.»

      Alaxen da. Ta yai onen eratzailearen naia, berriz ere, gerogo, orobat gertatzea. Baiñan aspaldi xamar ontan, erriaren gogo-naiak utzirik, or zebiltzan bertsolariak utskeriko gaiak abesten, errien parregarri. Erri-abeslari auek, bide zuzenera ekartzeko asmoz sortu zan yai au.

      Ludi onetan, utskeri bitartez, garrantzi aundiko gauza asko sortu oi dira ta bertsolari egun au, ain aundiki ospatu ba-degu, utskeri oietako bati zor zaio.

      Lendik ba-zuan «Euskaltzaleak» bazkunak egun ori eratzeko asmoa; baiña, gaur, gertaera onek eragozten ziola; biar, beste batek garrantzi geiago zeukala; urrengoan politika gaia nagusi, eta orrela, batean ta bestean gure bertsolari eguna atzera.

      Baiña egun batez, Donostia-n Eusko Gaztedia-k daukan areto apaiñean, ustekabeko gertaera bat sortu zan. Bertsoen indarra argi ikusi zan une aretan eta, ordutik, bazkun onek ere bertsolarien alde zerbait egiteko asmo sendoa artu zuan. «Euskaltzalearen» asmoa lendik yakiñik, ona nola biak batasunez eratu zuten yai-aldi au.

      Eguna autatzea etzan ain errez; baiña Donosti erria euskaldundu nairik, beren yaiari begira, yatorrizko euskel kutsu duan gauzik egiten etzala-ta, Done Sebasten egunean; danbor soiñu artean, egitea erabaki zan.

      «Argia» asteroko yatorrak zionez, egundo ez omen da orrelako euskel yai mamikorik izan Donostian.

      Baiña gure gaurko eginkizuna ez da egun onek sortu dituan zeresanak agertzea, eguna nola ospatu zan edestea baizik.

      Gai oni elduko diogu, ba, al degun zeaztasunez.

 

 

Poxpolin aretoan

 

      Goizeko amarrak ziran eta Poxpolin aretora etengabeko yendetza ziyoan. Garai artan bildu bear zuten bertsolariak; baiñan yai onetako eratzaileak etzion ordurako beste iñori otsegin. Alaz ere gerorago lekurik izango etzan beldurrez, goizik asko zetozen bertsozaleak. Amar terditan, bertsolari geienak epaikarien aurrean zeuden, eta Poxpolin-antzokia berriz, ostez gaiñezka.

      Antzez-lekua ederki antolatua zegon. Erdian, sei epaikarientzat maia.

      Epaikari bakoitzak an zeuzkan saioetako bereziki irarritako orriak. Orri aietan, bertsolarien izen ta erriak eta bertso bakoitzari eman lezaioken ainbestekoa agertzeko, alde batean ala zion:

 

BERTSO BAKOITZARI PUNTUAK EMATEKO ERA

Oso txarrari: 0

Txar-xamarrari: 5

On-xamarrari: 10

Onari: 15

Oso onari: 20

 

      Epaikari bakoitzak, onela, errez eman zezakean bere iritzia eta guziak batasunez, erabakia zuzen.

      Mai onen bi albotan, bertsolarientzako besaulki bigun, dotoreak. «Euskaltzaleak»en izenean yai onetako lendakari gendun Ariztimuño yaunak yarriazi zituan. Gudu onetara beren izenak biali zituzten era berean yarri ere eta onela gerta ziran:

      Ikusleen eskubiko aldetik, lenengo erreskadan:

            Basarri - Zarautz.

            Zepai - Errexil.

            Txirrita - Altza.

            Txapel - Azpeiti.

            Lujanbio - Altza.

      Bigarren erreskadan:

            Abarrategi - Bizkaia.

            Tellaetxipi- Errenderi.

            Nekezabal - Zarautz.

            Sarazola - Antiguo.

            Mintegi - Ordizia.

            Erauskin - Ordizia.

      Entzuleen ezkerreko lenengo erreskadan:

            Kortatxo - Itziar.

      Aldaia, asteasuarra eta Zailpuru oiartzuarra etziran azaldu ta beren exerlekuak utzik gelditu ziran.

      Alkain urnietarra zetorren gerogo eta onen inguruan Larralde ta Matxin lapurditarrak.

      Ezkerreko bigarren erreskadan:

            Zabaleta, Kepa - Errenderi.

            Zabaleta, Yon - Errenderi.

            Sorozabal - Aiete.

            Etxeberria - Aiete.

            Uriarte - Bermeo.

 

      Era onetan yarrita zeudelarik esan zitzaien beren eginbearra, baita azkeneko saiorako ezkontza egin ere. Zeiñi zer lankintza ezartzen zitzaion begiratu gabe, aurretik idatzita zeuden eran, bakoitza bere aurrekoakin yarri zan eta onela eskuratu ziran:

 

            Basarri: Artzai

            Kortatxo: Nekazari

 

            Abarrategi: Arotz

            Etxeberria: Aizkolari

 

            Zepai: Nagusi

            Alkain: Morroi

 

            Tellaetxipi: Pelotari

            Uriarte: Dantzari

 

            Txirrita: Ikazkin

            Zabaleta K.: Errotari

 

            Nekezabal: Arrantzale

            Sarasola: Arrai-saltzaille

 

            Txapel: Indiano

            Zabaleta J.: Maister

 

            Mintegi: Arakin

            Erauskin: Baserritar

 

            Lujanbio: Itzai

            Sorozabal: Perratzaile

 

            Matxin: Ardo-saltzaille

            Larralde: Ardo-edale

 

      Epai-maia onela eratu zan:

      «Euskaltzaleak» bazkunaren izenean, Ariztimuño yauna. Eusko Gaztedia-ren izenean, idazki trakets onen egillea ta Olano, Altzaga, Lekuona ta Olaizola yaun argiak.

      Bertsolariei atzeneko irakaspenak eman ondoren, an zabaldu zan antzezlekuko zapia. Egia esan, egundo Poxpolin aretoak etzuan ainbeste lagun bere barruan ikusi. Eta alaz ere, oraindik, estuka ta bultzaka ateetan geiago ta geiago.

      Baiña goazen indar-neurketaren berri ematera.

      Ariztimuño yaunak, itz labur mamitsuetan, yai ura zer zan eta zer izatea nai zukean argi azaldu zuan. Bestela luze yuango litzakela ta txalorik egin gabe ixilik egoteko, arren ta arren entzuleei eska zien.

      Gudaketa asi zanean, ainbeste eunka lagun arnasari eutsiz, beren poza ezin gorderik azaltzen ziran.

 

 

Lenengo saioa

 

      Antxiñako erara, epai-maiekoak bertsotan eman zion asiera. Aspaldietan Zapirain zanak, Txapillo izenordez ezagutzen zan donostiar errikoxeme yatorrak erabiltzen zuan doiñu berakin.

      Ona bertsoa:

 

            Ara bertsolarien

            gudua eratu,

            onekin gure izkuntza

            nairikan goratu.

            Bakoitzak nai duena

            lezake kantatu;

            doiñun azke zerate

            gaia aukeratu;

            baiñan beti bertsotan

            zuek gogoratu

            euskaldun zeratela

            ta ongi mintzatu.

 

      Onekin asi zan lenengo saioa. Bertsoak dionez, doiñu ta gaia aske zituztela. Eta Basarri-k bereala onela yarraitu zion:

 

            Uso zuri bat inguratu zait

            goizean egun argitzez,

            alaitasuna artxek sortu dit,

            yaun maiteak, bere itzez;

            eta ni orain zuen aurrean

            nazute pozaren pozez.

            Lendabiziko, entzule onak:

            Agur danori biotzez!

 

      Saio guzitako bertsoak emen azaltzea, amai gabeko lana genduke. Etziran gaiñera guziak artu eta bakoitzeko banaka batzuek besterik ez ditugu agertuko. Zepai zan bigarren eta ona onek orduan asmatutako bertsoa:

 

            Milla urte ta bederatzi eun da

            Ogei ta mabosteko urtean

            olerkariak etori gera

            guztizko borondatean,

            Funtzio eder bat zelebratzeko

            Donostia-ko partean,

            oitura onak galdu baiño len

            ea mogitu gaitean!

 

      Txapel zegoan irugarren bertsolari eta onek gai oni buruz botatako biak or dijoazkizute:

 

            Pena guziak aldein dirate,

            alai dadukat barrena,

            zer kantzatzea asko det baiño

            au esan beat aurrena:

            Ainbeste anai eta arreba

            eldu gera alkarrena;

            au da gauza bat euskaldunaren

            maitasunak dakarrena.

 

            Begiak argi biotza zabal

            memoria daukat illun,

            nere moduan besterik iñor

            ez det ikusten nik iñun.

            Guztiak ondo izan gaitezen

            erregutzen det gau ta egun

            eusko anaiak eta arrebak

            alkar maitatu dezagun.

 

      Saio onen berri emateari uzteko, Basarri-k botatako bigarren bertsoa deritzait egokien. Auxe dezute:

 

            Bertsolariak eman diote

            Txeko erriari gorantza,

            «Mireio» batek edergallutan

            yosia zuan Provenza.

            Ene Yainkoa egin zaiguzu

            guri bear dan laguntza,

            al dan azkarren sendatu zagun

            gaixo dan euskel izkuntza.

 

 

Bigarren saioa

 

      Oraingo onetan, doiñua epai-maiekoak bertso batean ematen zuana bearrezkoa zuten. Doiñu au guzientzat ezaguna autatu zan; erriak aoz-ao abesten duana, Pedro Mari Otaño-k sortutako «Limosnatxo bat» deritzaion bertsoakin erabiltzen dana. Gaia ere epailleak esandakoa besterik etzeukaten erabiltzerik. Baldintza auetara etziran guziak bear bezela lotu. Tamalez, beartutako bidetik iges, asko ibilli ziran. Baiña geiago luzatu gabe agertu dezagun maiekoak abestutako bertsoa. Berau da:

 

            Bigarren bertso saioa orain

            zoazte gogoz astera,

            ni ari naizen doiñu berean

            bearturik yarraitzera.

            Nai ta nai ezik bear dezute

            guziak gai auxe bera:

            «Euskel izkuntza galtzen ari da

            ta galtzen ba-da euskera,

            Euskalerriko seme guziak

            betiko galduak gera».

 

      Bereala Basarri-k eman zion asiera. Saio onetako bere iru bertsoak yasoak dauzkagu ta, irakurleen atsegiñerako izango diran ustetan, emen agertzea erabaki degu. Iru auek dira beraz:

 

            Itxas ertzetik entzuten dira

            ama euskeraren antsiak

            ta bai dirala illun tristeak,

            ene! bai negargarriak.

            Nola kanpoan ala etxean

            nunai ba-dauzka etsaiak,

            au oldoztuta malko trinkotan

            betetzen zaizkit begiak;

            bera iltzen ba-da ez du askorik

            paltako Euskalerriak!

 

            Entzun zaidazu, gizonezko orrek

            entzun, emakumezkoa;

            ikur aundiak agertutzea

            ez da izango naikoa.

            Ara nolatan mintzatzen zaigun

            gure Yauregi zintzoa:

            «Euskalerria euskerik gabe

            bai dala erri gaixoa,

            maasti oritsu ederra baiña

            mats alerik gabekoa!»

 

            Galtzen ba-degu gure mintzaira

            galdua dago guzia,

            esaidazute, anai arrebok,

            ez al da lotsagarria?

            Irakasleak bezela daukat

            nik ere aitortu naia,

            au esanikan yoan zitzaigun

            Arana Goiri aundia:

            «Il naiago det ikusi baiño

            Aberriaren amaia!»

 

      Bigarren bertsolaria Zepai zegon eta onek gerogo Txirrita zirikatuaz gaia galdu-azi bazuan ere, lenengo bertsoa au bota zuan:

 

            Nere barrengo sentimentua

            nai nuke adierazi;

            yakinduria gurekin degu

            iñork ezin galerazi.

            Atzerritikan etorri eta

            euskaldunaren nagusi,

            geren gauzakin aginpiderik

            guk ez al degu merezi?

            kanpotar danak bear luteke

            euskera ondo ikasi!

 

      Txirrita-k ere bertso ederrik asko kantatu zuan antxe. Azkenean par-antzeko irteerakin entzule askoren atsegiñen. Ona saio onetako bere bat:

 

            Larogei urte gaiñean ditut,

            nago anketako miñez,

            Donosti-ra etorria naiz

            erren aundia egiñez.

            Bi bastoirekin txit larri nabil

            pausorik eman eziñez.

            Euskera ia aztu zait eta

            erderarikan yakin ez,

            maixu batekin eskolan laxter

            asi bear det latiñez.

 

      Bertso onek algara ederrak egin-azi zituan. Izan ere bukaeran buru-eskuakin Ariztimuño apaiza erakutsiaz, maixutzat bera aukeratua zeukala adierazten zuan.

      Begi aurrean dauzkagu Txapel-en saio onetako beste bi bertso. Guzienak eziñean bioaz auexek:

 

            Nere denboran ez det izandu

            orain ainbeste deskantsu,

            gure aberri maitagarria

            daukagulako indartsu.

            Gure gustoa zer litzakean

            guk bezin ondo dakizu,

            zure berriak abestutzeko

            desiaturik naukazu,

            orretarako laguntasuna,

            ama Euskadi ekatzu!

 

            Nere biotza arkitutzen da

            alaitasunez betia

            ikusirikan emen guziak

            daukagun borondatia.

            Orregatikan pentsatu det nik

            alabantzak ematia

            itzalditxo bat egin gabe gaur

            ez da komeni yoatia;

            beti goratzen saia gaitezen

            gure euskera maitia.

 

      Bigarren ekiñaldi onen berri ematea bukatu bearrean gera eta Kortatxo-n bertso onekin egingo degu:

 

            Zorionean juntatu gera

            anai danak alkarrena,

            biar bezela ez gaudelako

            tristuraz daukat barrena.

            Gu modu ontan bizi gera ta

            gauza bat dago txarrena,

            anaitasuna ipiñi bear

            guk orain emen lenena,

            eta euskaldunak ondo izateko

            euskera bear aurrena!

 

      Saio au amaitu zanean, txalotsa izugarri bat entzun zan aretoan. Ordurako entzuleak, antzezlekuko bazter guziak artuak zeuzkaten. Abeetatik mats-alearen iduri, buruak zintzilik. Ezin adierazi dezakegu ostea nola estutu zan.

      Urrengo saiorako zalantza gogorra zegon. Nola izango zan ez baitzekien iñork. Eta atsedeneko asti labur baten ondoren asi zan.

 

 

Irugarren saioa

 

      Aldi onetan, maiekoak bertsoen asiera bertsolari bakoitzari ematen zion. Doiñu artan yarraituaz, itz-erorkera edo rima berdiñekoa arki bear zuan bertsolariak. Eta guzia une berean, oldozteko astirik gabe, zer esango zitzaionen aztarrenik etzuala. Korapillo auek guziak ederki askatu zituzten gure gizonak. Batzuek «poto» egiteko larri xamar ibilli ziran; baiña etzan iñortxo ere nabarmendu. Entzutekoa zan aien trebetasuna! Ikustekoa zan aien urduritasun ta odolbizia! Buru belarri maiekoen asierari zorrotz eldurik, zakur gosetiak ogi puska aidean artzen duan irudi edo, zaldi laixterkariaren asierako ezin-egonen antzo.

      Saio oni buruz asko esan genezake; baiño gure itzak baiño ango bertso zorrotzak irakurtzea gogokoago izango zaizutela-ta, berak agertu bearko ditugu.

      Beste saioetan bezela, oni ere, maiekoak eman zion asiera. Ara zer bertsokin:

 

            Asi dezagun berriz

            bertsotan saioa,

            nik oiñak emanikan

            or yarraitzekoa.

            Auxen bai guk degula

            indar neurtzekoa;

            entzun, ba, nere itzak

            astera nioa.

 

I-ngo Bertsolari Eguneko epai-maia eta bertsolariak.

Poxpolin Antzokian

1935

 

GOIAN: 1. «Basarri» — Zarautz. 2. «Zepai» — Erexil. 3. «Txirrita» — Altza.
4. «Txapel» — Azpeiti. 5. Lujanbio — Altza. 6. Erauskin — Ordizia.
7. Mintegi — Ordizia. 8. Sarasola — Donostia. 9. «Nekezabal» — Zarautz.
10. «Tellaetxipi» — Errenderi. 11. Abarategi — Bizkaia.
BEIAN: 1. Alkain — Urnieta. 2. «Kortatxo» — Itziar.
3. Zabaleta, Kepa — Errenderi. 4. Zabaleta, Yon — Errenderi.
5. Sorozabal — Aiete-Donostia. 6. Etxeberria — Aiete-Donostia.
7. Uriarte — Bermeo

 

      Eta guziei banan-banan asierak eman zizkion. Berauek eta yarraitzeak emen agertzeko asmoa artu degu; baiñan ez guziak, batzuek baizik. Emen dioaz aurrean egokitu zaizkigunak:

 

      BASARRI

Lenengoa zu zera

bertsoa botatzen...

...............................

Orrekin poz aundirik

etzait neri etortzen.

Asi bear bet orain

zerbait erregutzen,

orrela saiaturik

alkar ezagutzen.

 

      ZEPAI

Bigarrena zu zera

bota erantzuna...

...............................

Orla agurtuko det

nere ezaguna.

Asko estimatzen det

orlako laguna

propio ortarako

da gaurko eguna.

 

      TXIRRITA

Yarraiozu zeorrek

orren esanari...

...............................

Errespuesta emango iot

orain gizonari.

Apenas dagon bertan

eskas eta larri;

ez da ala moduan

yolasean ari.

 

      TXAPEL

Nai dezuan gaiakin

yarraitu zaiozu...

...............................

Nere erantzunakin

arritu beazu.

Nola alkar mintzatzen

ai geran ni ta zu,

urte askoan orla

zuk segitu zazu.

 

      TELLAETXIPI

Zer diozu gai ontan

esan zazu azkar...

...............................

Euskara galtzeakin

gaitz aundia dakar.

Saia gaitean danok

gogoz eta azkar,

ikasten saia ondo

naiz gazte ta naiz zar.

 

      SARASOLA

Zeiñentzat izango da

gaurkoan saria...?

...............................

Irabazten duanak

zeruan gloria.

Zuri erantzun eta

ara esan egia;

oraindik ez da galdu

nere memoria.

 

      ERAUSKIN

Orain azaldu zazu

zedorren gogoa...

...............................

Ia yarrita nago

tonto ta eroa.

Nik ez dakit zu zeran

emen toreroa;

toriatzailletzako

au dek yeneroa!

 

      ALKAIN

Noiztikan asi zera

bertsoak kantatzen...?

...............................

Nere antzeko lagunakin

nintzanen juntatzen,

beti kantatuz nitzan

euskaraz mintzaten.

Eta emen oraintxe

asi naiz aspertzen.

 

      MATXIN

Nolatan artu dezu

orren erantzuna...?

...............................

Laxter esango dizut

ori ere gizona.

Gose ta egarria

ez da gauza ona.

Nun dezu bazkaria

prestatu dezuna?

 

      ZABALETA K.

Urte osoan zertan

enpliatzen zera...?

...............................

Yan eta edanean

konpontzen ba-gera.

Gaur ere orretara

etorriak gera,

ia bazkaldutzeko

ba-degun aukera.

 

      ETXEBERRIA

Erantzun akiozu

nere izenean...

...............................

Nik kantatuko dizut

zuk nai dezunean.

Bastante aspertuak

gaude gu lanean,

pozik asi giñezke

orain edanean.

 

      URIARTE

Ekin zazu oraintxe

nere lagun zarra...

...............................

Orretako bai dala

orain ordu txarra.

Ba-dakizu aragiz

naizela malkarra,

kanturako amaitu

da nere indarra.

 

      ZEPAI

Bertsolarien egun

zoragarri ontan...

...............................

Gizonak ez du bear

beti berriketan;

baraurikan gaude ta

eztarri neketan,

danak konporme gera

zurruteko orretan.

 

      TXIRRITA

Ez dezazute esan

berritsuk gerala...

...............................

Errespuesta emango

diot bereala.

Galanki zapaltzen det

anketako sala;

baiño yasotzen gaitu

nola-edo-ala.

 

      TXAPEL

Ez nuan nik beiñere

orlakorik uste...

...............................

Entzunlari maiteak

fijatu zaitezte.

Goizetik arkitzen naiz

gaur ni oso triste,

bazkaltzera yuatea

obe degu laiste.

 

      NEKEZABAL

Bertsoak botatzeko

au da yende pilla...

...............................

Danak pozik uztetan

bear oso abilla.

Oraindik solteru naiz,

gaiñera mutilla

lurrak tapatutzeko

a zer ezur pilla.

 

      KORTATXO

Ementxe naukazute

zutik eta tente...

...............................

Ni-re yarko nitzake

orain derrepente.

Silletan yarririkan

orrenbeste jente,

zu zutik egotetan

aukera zaituzte.

 

      SOROZABAL

Gauza bi esatera

zuengana nator...

...............................

Baldin ba-deizkiozu

zuzen ala yator.

Ez dakit zer modutan

ari zeran zu or,

nere eztarria dago,

yauna, pranko legor.

 

      TXIRRITA

Zer dala-ta zabiltza

bertsoen lanetan...?

...............................

Zartu xamar naiz eta

bizi naiz penetan.

Egiak aitortutzen

dizkitzut benetan:

ez dago arrunka aundirik

alderdi onetan.

 

      SARASOLA

Au da lanbide zailla

gaurko au nerea...

...............................

Ondo neurtu lezake

bakoitzak berea.

Eskuturikan dago

neretzat legea,

sasoirikan onena

joana da nerea.

 

      KORTATXO

Orrelako yai-aldi

eusko-usaidunak...

...............................

Naio nituke beti

orlako egunak.

Neu bekelaxe emen

danak euskaldunak

ta pozez euskerari

serbitzen diogunak.

 

      ALKAIN

Miñikan eman gabe

nik nai nuke esan...

...............................

Begira daukagunak

sinistatu dezan,

udaran ta neguan

alde guzietan

toriadore txarra

etzerade izan.

 

      MATXIN

Au da buru austeko

lana daukatena...

...............................

Orrek ematen digu

biotzean pena.

Zu buru austetan da

egarriak dena,

nik nai nuke orain yoan

zurekin barrena.

 

      LARRALDE

Emen azalduko det

al detan guzia...

...............................

Nik ere egin nai nuke

egiñal luzia.

Gure izkuntza oni

ongi laguntzia,

aski da Yinkoari

laguntza eskatzia.

 

      Irugarren ekiñaldi au amaitu zanean, entzuleen poz ta zaletasuna agertze gaiko txalo soiñua entzun zan. Ordua aurrera zioalarik, entzule askok beren etxetara yoan bear ta irteteko asti motx bat eman zitzaioten. Alaz ere, bazkaria gerorako utzita amaika lagun gelditu ziran azken saioa entzuteko asmotan. Orduan asi zan.

 

 

Laugarren saioa

 

      Ekiñaldi onetan bertsolariak binaka agertzen zitzaizkigun. Erriak geien ikusi dituan eran eta, batzuen iritziz, beren trebetasuna argien erakusten dutena. Asieran agertu degu bakoitzari ezarri zitzaion langintza; nor-norekin ezkon-azi zituzten ere bai. Alkar eztabaida edo yolasa zioan ba, saio onetan eta maiekoak asiera ematearren bertso au entzun-arazi zuan:

 

            Bertsoetako saioa orain

            emendik degu berritzen,

            bakoitzak lendik ezarritako

            langintzak gogoz goratzen.

            Bertsolariak binaka dira

            eztabaidetan azaltzen

            eta asieran esan bear du

            zer langintzan dan mintzatzen,

            gero, leiatuz, yarraitutzeko

            bata bestea menpetzen.

 

      Bostna bertso abestu bear zituzten bikoitz bakoitzak. Eta saio onetan bere goi-argi, trebetasun ta zirikada zorrotzak ederki agertu zituzten. Erakusbiderako ona Zepai-k nagusi bezela eta Alkain-ek morroi langintzan egindako bertso bana:

 

                  ZEPAI = NAGUSl

            Lenago gazte xamarra ziñan

            pixkat ein dezu zartzera

            eta aditu izan detanez

            gizon motela etzera.

            Nik zuri lana agindu eta

            etzazu egin atzera,

            nagusi ona izango naiz ni

            ondo portatzen ba-zera;

            lenguan baiño goizago etorri

            urrena gure etxera.

 

                  ALKAIN = MORROI

            Zure bostortzai etzaio yuten

            aspaldi ontan erdoirik,

            debalde ere eznuke artuko

            asko moduzko pioirik.

            Zer yanen paltan naukazu eta

            zutik or nabil doi-doirik,

            ta sukaldean ez da azaltzen

            len antzekoen urdairik;

            zuk ez daukazu billaturikan

            ni bezelako morroirik.

 

      Basarri-k eta Kortatxo-k alkar zirikatzeko egin zituztenetan, ementxe dauzkagu mai gaiñean eta auekin amaitu nai genduke bertso agertzea. Basarri artzai gendun eta Kortatxo nekazari, ez ditugu berak egindako bertso guziak agertuko; baiña ara emen batzuak:

 

                  BASARRI = ARTZAI

            Neureak orain aitor nai ditut,

            besteri zertan galdetu,

            urte polita izan degu-ta

            ez gera gaizki moldatu.

            Artzai lanakin ondo nabil ni

            ezin nezake ukatu;

            mendi maldetan noiz-nai txistutan,

            noiz-nai bertsoak kantatu.

            Mundu onetan zein ote dago

            orain ni bezin kontentu.

 

                  KORTATXO = NEKAZARI

            Yoan dan urtea urte ona zan,

            arto gariak galanki

            eta etsaien inbiriarik

            nik ezin neike eduki.

            Txistu egiñez, egoaldi onez,

            artzaia ere ederki;

            alperren martxa dago ortikan,

            ori edozeiñek daki;

            negu txarrean mantendutzeko

            saia beazu gogorki.

 

 

                  BASARRI = ARTZAI

            Ai, Kortatxori erantzuteko

            ez det nik oso berandu,

            lendikan zintzo yota naiz eta

            damurik ez det izandu.

            Alperren martxa ote daukadan

            orrek alaxe esan du;

            inbirietan bizi zerala

            gauzak ongi ezagun du,

            zeuk ere zerbait eingo zenduke

            komenentzirik ba-zendu.

 

                  KORTATXO = NEKAZARI

            Astelenean izaten det nik,

            nere bizi koxkorrean,

            iñola ezin ibilli ta ni

            oso pauso azkarrean.

            Tabernetara yoaten gera ta,

            gero illunabarrean,

            geren etxera etorri-re bai

            egundoko moskorrean;

            orduan aitak ipintzen digu

            atxurtxo bat bizkarrean.

 

                  BASARRI = ARTZAI

            Aguro asko esan dituzu

            nola bat eta bestia

            tabemarako nola daukazun

            zeure yokera guztia;

            aizu, len asko egitekotan

            oso seiñale tristia,

            gaitz izango da atxurrarekin

            zu lanean ikustia;

            kolore oiek egiterako

            etzaude gutxi kostia.

 

                  KORTATXO = NEKAZARI

            Bizibide bat oraintxen goaz

            geran etxean artzera,

            nekazariak izanikan gu

            gauz onik gutxi etxera.

            Larunbatean tabernara ta

            astelenean gera,

            nere moduan kanpo aldetik

            ibiltzen baldin ba-zera

            zure aitakin asarretuta

            sarritan gertako zera.

 

      Ordubiak yoak ziran azken-saio au amaitu zanerako. Iru ordu osoetan egondu ziran ainbeste ta ainbeste lagun, lenengo bertsolari eguneko gora-bera guziak ikusirik, ango trebetasun buru-argiakin arrituta.

      Ostea Poxpolin aretorik irteterakoan, pozik zegon eta ala adierazten zuan ezpairik gabe.

      Guzia amaitu zanean, epaikariak bertan bildu ta asi zuten azterketarako lana. Bakoitzak bere iritzia eman ondoren, azkenik erabaki au agertu zuten:

 

 

Epai-Maiaren iritzia

 

      Epa-maiekoak beren iritzia agertzeko, kontuan eduki bear izan dituzte bertsolarien sorpena, irudipena, bertsotarako erreztasuna, bertsoen neurketa, puntuak eta oiñen berdintasuna.

      Baita ere emankako gaiak erabilli zituzten edo ez; eta bakoitzari emandako ogibidearen yabe egin zan edo ez.

      Gauzak zeatz aztertu ondoren diogu:

      1-go. Ao batez, iritzi berdiñekoak izanik epai-maiekoak txapeldun «Basarri» bertsolaria aukeratzen degula.

      2-gn. Bigarren sarirako «Matxin»; irugarrenerako «Zepai»; laugarrenerako Alkain aukeratu ditugula. Oietxek puntuz-puntu leku oiek irabazi dituztela, beste batzuek ia berdintsuak badituzte ere.

      3-gn. Beste batzuek ere aukeratuak izango zirala, sari ugariagoak izan ba-lira, ba beste bertsolari yaiorik ba-zan gudu onetan-ta.

      Epai-maiekoak: Ariztimuño-tar Yoseba (apaiza), Altzaga-tar Toribi, Olaizola-tar Yoseba, Lekuona-tar Imanol (apaiza), Zubimendi-tar Yoseba, Olano-tar Txomin.

 

I-NGO BERTSOLARI-EGUNEKO GUDUAN TXAPELDUN AUKERATUAK

 

 

Eusko Gaztedia-n

 

      Berandu zan bazkaria asterako. Iru ordu abesten yardun eta bertsolariak ainbeste aldiz beren zirikadakin yan-edanak eskatuarren, orduan ez bazitzaioten eman, Donosti-ko Eusko Gaztedia-ren areto apaiñean ez zitzaioten ezer ukatu. Ba-zeukaten an eztarria zerekin busti. Eratzailleak guziei poz eman nairik, bazkari txarteletan au irarri-azi zuten:

 

Done Sebasten egunean 1935.

 

BERTSOLARI-BAZKARIA

«Euskaltzaleak» eta Eusko Gaztediak eratua

 

Asteko txorakeriak

Eusko Gaztedi arroza zilipurdika

Bertsolari erako legatza

«Euskaltzaleak» arkume erria, patata prejituakin

Euskadi-ko goxo ta prutxa

Ardorik onenak - Sagardorik bikaiñenak

Kafia, esteak erretzekoa ta naiko kia ateratzekoa

Ondoren: bota bertsuak!!

 

      Amaika par egin-azi zuan alako euskera mordoilloak eta atzeneko deiari bai bertsolariak azkar erantzun ere. Bazan antxe bertsoa ta alaitasuna!

      Bazkalondoan, Ariztimuño yaunak, itzaldi eder baten ondoren, epai maieko iritzia agertu zuan eta an aitatutako bertsolariei sariak onela banatu zizkaten: Basarri-ri 100 pezta; Matxin-i 75; Zepai-ri 50 eta Alkain-i 25.

      Bertsolari bakoitzak eskarrak bertso ederretan eman zituzten eta berak txalo ederrak yasoak ziran.

      Ondoren «Euskaltzaleak» bazkuneko lendakari dan Monzon aldun gazteak, itzaldi sakon mamitsu bat egin zuan eta egun onen eratzailleei eskarrak emanaz amaitu zan sari-banatzea.

      Ez ordea bertso ekiñaldia. Goian Eusko Etxea-k daukan aretoan entzuki batzuen bitartez ederki entzuten zan bekoa ta goian ta bean, ostez beterik, bertsoa bazter guzitan.

      Onela ospatu zan Donostia-n Lenengo Bertsolari Eguna ta itxuraz urrengoak garrantzi aundiagoakin ospatzeko zaletasuna gelditu da.

 

 

Ondorenak

 

      Usurbil-ko «Gabon» bazkunak, Udarregi bertsolari zanaren izenean, txapeldun irteten zan bertsolariari sari bat eskeiñi zion. Eskeintz ori bertsolaria bizi zan errian egitea eratu zan ta, orrela, Zarautz-en urrengo igandean au zala-ta yai-aldi egoki bat gertatu zuten.

      Goizeko amaiketan, «Lizardi» gure olerkari irakasle izena eman dioten antzoki ederrean, bertsolari ekiñaldi bat egin zan. Basarri, Nekezabal, Zepai ta Alkain-ek ongi atsegindu zuten ango ostea.

      Asieran Ariztimuño yaunak, Euskadi-ko bertsolarien edestia agertuaz oraingoen yo-bidea argi agertu zigun. Guzientzat izan zan naiko txalo.

      Bazkaltzen adiskide pillo ederra batu giñan eta amaieran, beriro «Euskaltzaleak» bazkuneko izenean itzegiñaz, «Aitzol» argiak Udarregi saria eskeiñi zion Basarri-ri. Bai onek bertso ederretan eskarrak eman ere.

      Zinkunegi yaunak, andik eta emendik zorionak emanaz etorritako urrutidazki ugariak irakuri zituan.

      An zegon «Orixe» ere eta txaloak beartuta, eskuartean dabilkien olerkien berri eman zigun.

      Ezin aztu Barrena yaunak irakurri zigun idazkia. Berau Enbeita-rena gendun eta Basarri bere zuaitzeko kima berria bezela agertzen zuan.

      Egun ederra Zarautz-en igarotakoa. Bertako semeak beren olerkaria goraldu nairik eratu zuten yaia guzien atsegiñeko izan zan.

      Onekin amaitzen degu, irakurle, gai oni buruz egin ziran yaien berri ematea. Berriz ere urtebete barru orlako edo aundigoko yaia ospatzeko era izango al degu.

 

Bertsolari guduak (1935-1936)
Joseba Zubimendi

Euskaltzaleak, 1936