Dorrejilko kanta
Hirugarren partea:
Ene adiskide onak,
Badizuet esateko
presondegi gaitz honetan
triste garela oro.
Duela egun batzuek
atzerriko hirian,
hamar anaia direla
hilik injustizian.
lnjustizizko legean
nituenak burkide,
iudizioaren ezean
hamaika on adiskide.
Goizeko egun argiak
itzala urratzean,
zortzi tiroz hilak dira
eguna argitzean.
Gorputzak gelditu ziren
etzanik lur hotzean,
odol erreka batean,
sendiak negarrean.
Geurok lur eman genien,
geurok zulatutakoan,
hilobi triste apala,
rekien ondorioan.
Gizon izateagatik
madarikatu naute,
gainera bota didate,
gainera mila kate.
Oin eta besoak ditut
burniz kateiaturik,
eta bizkar lepoa, berriz,
zur latzez uztarturik.
Gartzelariak ditugu
burreu maltzurgileak,
inoiz ezin dute ase,
kontrako gorrotoak.
Gorotzaz eta xinaurriz
hornituz hemen natza,
gorputza janedan gabe
ezur hutsetan datza.
Bazkariak beti dira
berdinki hain txarrak,
eztarritik pasatzeko
dudala komeriak.
Baraua aste osoan
saldaz dugu egiten,
haragi usairik gabe
oilo saldaz amesten.
Itzal hotza darioten
harri hilunen pean,
eta amairik gabeko
neke hainbat luzean.
Harri besterik eztute
ene soek ikusten,
ene begiak daude
poliki indarra galtzen.
Gauegun luzeetan zehar
armiarmen saretan
gorapilozko mihia
lehortzen dut hormetan.
Atzazkalak janak ditut,
baita ere surangilak,
idi orroa entzutean
puntan ditut ileak.
Larrua dadukat zimaur
aspaldian aginak
Petiri Santxok bezala
ahaztuak sardinak.
Buru errota askotan
bira mila ematen,
pentsatzen eta pentsatzen,
zuhurra ote naizen.
Urrun leku izkutuan
dantzut oilo kukurruka,
harriz harri erreka,
sentipenak, nork uka?
Hain urrun dantzudanean
nekazaria txistuka,
edo emaarrantzaleen
eztarria oihuka,
Urtutzen zaizkit begiak,
joaten zait zentzuna,
amestuz eta amestuz
askatasun eguna.
Ez dut egunik pasatzen
oroitu gabe amaz,
haren besarkada samur
musu etengabeaz.
Eta keinu automataz
babak poliki aletzen
amonatxo sutondoan
erramuz eulik uxatzen.
Kutxa artesituaren
bihotza zahar latzaz,
pipiak erdijantako
margino dotoreaz.
Olazahar baserriko
horma kareatutaz
eta hango astoaren
kexu eta arrantzoaz.
Londreseko artzainaren
sudur oker luzeaz,
eta bere artaldeko
aker adar oker beltzaz.
Lopene zelaian zetzan
ohizko hilarritaz,
goiko eleiz kanpaien
brontzezko oihartzunaz,
Sagastiko semearen
sasoi eta indarraz,
Josune neskatilaren
diti eder pareaz.
Gaztarrotzeko gerezi
udare, sagarditaz,
zelai berde ebakitan
zebiltzen zezenetaz.
Haurtzaroko mundu laister
ibilaldi alaiaz,
zoko batetik bestera
ximeletak segiaz.
Bordatxoko kupeletan
aserik sagardoaz,
hainbat dastaturikako
tokako apostuaz.
Dontzeila ikaratien
garrasi kezkatiaz,
inguratzen ginenean
berba bigun dultzeaz.
Haltza eta urki lirain
garo latz serratuaz,
eta ondartzako bagen
zilarrezko afarretaz.
Kresala mingots zerion
kaia bazterretaz,
antxobak eta atunak
zekarkiten ontzitaz.
Uhinen joanetorriak
banaka kontatuaz,
maite minduren heriak
bigunduz olatuaz.
Patxaran kriselu pean
lasai pipa erreaz,
barnea beterik lanbroz
lanbroz eta kresalaz.
Paseo berriko puntan
patxaran kanabelaz,
arrainik bazetorren
betiko esperantzaz.
Baina ni aspaldidanik
gartzela hontan natza,
oihuz madarikaturik
etorkizun hain latza.
Eztugu hemen garenok
beste itxaropenik,
baizik laister heriotzak
gaituela eramanik.
Ttipitan ikasi nuen,
ene lagun maitea,
jaiotze unetik dela
gizon oro librea.
Borroka behar dugula
berdintasunagatik,
tirano gaiztoen aurka
askatasunagatik.
Baina bake sainduaren
aitzaki faltsoaz,
lagunen odol beroak
hoztutzen horra doaz.
Muga legez jarri dute
Bidasoa ibaia,
Ondarrabi ezkerrean
eskuinean Hendaia.
Baldin agorturik dago
gogo maratilua,
ediren du erditasunak
berezko zigilua.
Eskubidetik lehena
bizitzekoa baita,
besteak honi darraizka,
axolagorik ezta.
Bigarren eskubidea
askatasuna duzu,
inongo katerik bada,
onar behar eztuzu.
Hirugarrena, honela,
berdintasuna dugu,
inor besteren izerdiz,
bizitzen lahako eztugu.
Gaztelanuak esan dit
isilik egoteko,
ez didala entzun nahi,
kontuan ukeiteko.
Eta isiltzen ezpanaiz,
segidan berehala,
harrekin jolastutzera
bidaliko nauela.
Dorrejilko burges hori,
urdi zikin beha adi,
korajerik baldin baduk,
niregana jatsi adi.
Ehun urte bizi banaiz,
haut madarikatuko,
herriak ni entzutean,
hau zintzilikatuko.
Hi eta hi bezalakoak
zuhaitzetan zintzilik
sarats guztiak dirate
oso alegraturik.
Haxerien atzaparrak
izango dituk gako,
hire haragi ustelak
jaki butroentzako.
Buru muinak jango dittik
bele hegalariak,
bihotza eta gibela
gabiroi kexatiak.
Ezurrak izango dira
oro zakurrentzako,
banaloriak hausturik,
hego haizearentzako.
Zaldiak dantzudanean
kaiola honetarik,
ametsetan hasten natzaik
odola nariolarik.
Zulo hontako leihoa
jantzi da elur xuriz,
inguruko hariztian
eguzkia da diz-diz.
Eta noizean behinka
abesti oso tristez
kontsolatzen nau pittin bat
xorinoak nigarrez.
Negu honen ondorean
jarri dut esperantza,
apirilako arrosak
dakarkela bengantza.
Eta udaberriakin
datorrela librantza,
adiskideekin dudala
egingo mila dantza.
Eta deserriratuen
etxeratze egunean,
ibiliko gara denok,
dastatuz, maitasunean.
Aberats burges guztien
ongiak eta lurrak
pobreen arte zatituz,
bakoitzari bereak.
Denbora berri horretan
Euskal langile dena,
askatasun osoarekin
mintzatuko ahal da.
Herri orotan ordutik,
dirate ukatuak,
bortxazko legeak eta
beltzesklabotasunak.
Hautsiak izango dira
injustizi legeak,
entzungo dira bakarrik
gizon eskubideak.
Denon arte ditugu
egingo legediak,
denok beteko ditugu
gustoz bide berriak.
Basajaunaren hilketa
maitatuz bengatzeko,
eta estetikarena
loreaz ahanzteko.
Oihuka iratzartzeko
lotan datzan herria,
kantuka ibiltzeko
behar dugun bidia.
Arranoaren kexua
fidelki aditurik,
inori ukatu gabe
samin ihitaiarik.
Dialektikaren garraz
usoa mailuturik,
arragoan gorituaz
krabelin altzeirurik.
Ezta izango jokatze
denbora berezirik,
ez eta egun horitan
txantxetan ibiltzerik.
Nire mindurak eztu
esateko tamainik,
baina entseiatuko naiz
esatera oraindik.
Nagusiak omen dira,
zentzudun eta jator,
baina pobrearentzat
ditugu bihotz gogor.
Hainbeste ohore eta
hainbeste on bertute,
hala ere guretzat
esku xit labur dute:
Nagusi on eta jatorrik
ez dagoela, ez, entzun,
guretzat kalte besterik
ez dakarte horiek egun.
Horregatik gauza hauek
ez ditut pairatuko,
iraultza egunean
ditugu aldatuko.
Eta azkeneko orduan,
mementoa iristean,
oroituko natzaizue
arnasa loditzean.
Ondartzaren urepelak
ditudala sentitzen,
ametsetan banoakizue
memoriak garbitzen.
Erresuma anitzetan
aspaldian nabila,
amodioaren xerkan
laztan gozoen bila.
Pairatzen ditudalarik
krudelkeria mila,
ifernuko su guztiak,
ezpainintzen abila.
Ehiztaria bezala
munduko oihanean,
animalien gisara,
zauri bat bihotzean.
Arrantzaleen modura
amuak dotoretzen,
apastara inguratuz,
saretan sartzen ziren.
Zuri eta beltxaranak
urre zilar ziruditen,
baina denbora pasata
azkenik hauts zegiten.
Ihintzez beterikako
goiz argi nabarretan,
eta lorez estalitako
belardi berdeetan,
Besarka nahi nituen
amodiozko baratzetan,
belardi paregabetan
hamaika musuetan,
Altzeiruzko taupadak
bihotzan entzutean,
desiozko grin bortitzez
odola ernetzean.
Zuhaitzetako hostoak
erortzen zirenean,
eta ahateen musika
entzuten zen artean.
Laztantzen nituelarik
gerizpe bularretan,
eta suzko mihinez
suzko ezpain gorritan
Ispilu erdoituetan
zilipurdikaturik,
ganbara infinitoetan
amodioztaturik.
Mendietako elurrak
urtzen ziren artean,
desertuko krabelinak
zirauten bitartean,
Esperantzak galdu gabe
ezerezaren pean,
matematika hotzaren
lumero babesean.
Baina hainbat arantzazko
sentipenak akituz,
planeten bideetarik
nindoan abiatuz.
Irudimen zoroari
idekitako leihoak,
itsaso muga gabeko
haizeari hegoak,
Alferrikako zirela
laister ohartu nintzen,
denbora alferrik galdu
inolaz ezina zen.
Goizean goiz jeiki eta
lanera joan beharra,
besteen lurrak jorratuta
esku hutsik etxera.
Nire baserri maitetik
hurrundu nintzenean,
ez nuen, zoro, pentsatzen,
baizik zorionean.
Xorinoak bezalatsu,
libro biziko ginela,
baina zorigaitzean,
preso gautza honela.
Halere, lagun minenak
ez naute, ez, ahantzi,
nuen ene esperantza,
ez zait, ez, itzali.
Baina xit aserre nabil,
orain bildurtiekin,
aserre, oso aserre,
kakontzi direnekin.
Geure zainetan eztugu
arbasoen odolik,
egia ote da, bada,
eztugula indarrik?
Besoetan ekaitzaren
indar izugarria,
begietan ximisten
xinpart bildurgarria.
Besteen begi ederrak
zoratzen baitigute,
mendetan aske ginenok
gatibatu gaituzte.
Baina askatuko gaitu
hilunpe honetarik,
dialektikaren suak
lainu beltzak hautsirik.
Elurra, kea, odola,
ikara ahazturik,
gaitza egileen aurka
adimenak baturik.
Sorginak leize zulotik
irrintziz irtetzean,
hitz majiko estrainoak
luze deihadartzean.
Sugetxarraren ahotik
ihesi egitean,
eta lami lapurtien
sorteak uxatzean.
Nigarrez udaberrian
arropak legortzean,
nolanahi hil ondoren
arima berdetzean.
Antzinako ohoreak
bukatzen direnean,
belaun eskubide denak
betiko deuseztean.
Eta orduan herria,
ene herri maitea!
ikusiko dut berriro
pozez, halafedea!.
Fabrikaz kiskalia den
ene herri maitea,
hizkuntza arrotzek duten
inguratzen iendea.
Herri erre eroria,
orduan da altxako,
herri inri pozoindua
askatasunerako.
Olako burdinetan
nahi nuke nik egon,
burkideen artean
mespretsu gabe inon.
Aspaldiko egarriak
arno beltzez aserik,
zauri eta ezur hauk
indarrez osaturik.
Lantegiko lagunekin
eginaz batasuna,
herriari emateko
bere askatasuna.
Langile menperatuak
firmoki oldarturik,
jauntxoen gainbalioak
betirako kendurik.
Gogorra izango da, bai,
poeta gezurtia,
orduan, bai, hiretzako,
egunaren argia.
Paradisuko atea
izango duk hertsirik,
hiretzat ifernukoak
dirate idekirik.
Egun airatu hartan
jabeak iuiaturik,
izango dira gogorki,
pobreak amuruski.
Iudizio egunean
non dirate nobleak,
markes, zaldun, duke, konde,
hemengo erregeak?
Jurista eta teologo,
poeta doktoriak,
hainbeste urre duten
nagusi bankariak?
Eta eleiza sainduko
apez, kardenaliak,
hainbeste ohore duten
gotzain, prelatiak?
Iudizioa izango da
denentzat xit gogorra,
iustizia egingo da
ororentzat bakarra.
Bizitza ezin daiteke
bada, txantxetan hartu,
seriotasun handia,
behar baita eskatu.
Sofritzen ari direnen
denengatik kezkatu,
hainbeste injustizien
kontra bortitz oldartu.
Hain gaizki diren legeak
ankazgora aldatu,
organizazio onaz
serio arduratu.
Trubleziak ahantzirik
egunoro pelean,
goazen gazteok aurrera,
askatasun borrokan
Kateak ez beste bada,
baitugu guk galtzeko,
mundu berri bat daukagu
gu geuk irabazteko.
Ezpaitigute emango
odol isurtze gabe
legez eskatzen duguna,
ezpaikara gu jabe.
Egunoroko bizitzan
handitzen dugularik
batasun kontzientzia
irteko kateetik.
Ez, bada, gal, adiskide,
fede esperantzarik,
ez eta zure zainetan
euskal odol berorik.
Zeren eztugu guk nahi
izan inork mirabe,
baizik geuk ipini geuren
oinarri eta habe.
Eztugu sofritu nahi
gugan sasi jaunarik
dizkigutenak ezartzen
sasi eskubiderik.
GORA DEZAGUN LAGUNOK
BETI EUSKAL HERRIA,
IZAN DADILA DENONTZAT
ASKATASUN HARRIA.
1976ko Abuztuaren 31n
Dorrejilko kanta |