Dorrejilko kanta
Patri Urkizu

Kriselu, 1977

 

 

Lehen partea:
GARRASI ITOA

 

Gizon anitz baita zuhur

gaurko mundu honetan,

horiei Dorrejilko kanta

kantatuko diet benetan.

 

Historia minbera bat

kantatutzera noa,

latinez eztakidanez

euskara hutsez doa.

 

Jende onak, hemen nator,

plazer baduzue entzun,

gure herri prolemetaz

arituko naiz egun.

 

Edo nahiago baduzu,

zure gisara jardun,

agur eta inoiz arte,

antojuz bizi edonun.

 

Marrantaz jota dadukat

odolez eztarria,

baina horregatik ez zait

lehortuko mihia.

 

Isilik daude aspaldi

poesia mailuak,

debekatu baitzituen

zentsura kontseiluak;

 

Baina hala guztiz ere

kilkirraren arabera

abesten dut eten gabe,

eten gabe nere era.

 

Edonorri ezpazaio

gustatzen ene kanta

bota dezala ozenki,

berea berehala;

 

Jakingo baitut nik ere

ihardesten nere era

mindurak eraginiko

garrasi hotz minbera.

 

Udaberriko loreak

hain baitira saindu,

ez dudala nik nahi

egiarik apaindu.

 

Izen iustu egokiak

gauza bakoitzarentzat.

Ene, bilaka balira,

beharrezko denentzat!

 

Egiak huts biluziak,

gustatzen zaizkit niri,

uhinen afarra bezala

hondarretan elur xuri.

 

Hilargiak iraganak

Gazteluko dorrean,

hango xoriak darama

kantu hau aidean,

 

Hegoa dabilenean

aidez pinu tartetik,

Jaizkibelgo gailurrera

Allerruko kaskotik.

 

Mendez mende daramagu

bizitza miserablia,

etxean falta baitugu

artoa eta garia.

 

Egunak pasatzen dira,

herriak dirau gosez,

noren kulpaz honela den,

esango diat legez.

 

Zelaia dago agorturik,

agorturik ibaia,

baina jauntxoek badute

asetzeko gaia.

 

Alibiyorikan gabe

pobre jaio ginenok

bizi gara arrastaka

deusere eztugunok.

 

Plazeraz eta fantasiz

aberatsak, ordea,

bizi dira gure kontu

bero boltsa barnea.

 

Jaunak omen agintzeko,

abeze higuingarria,

pobreak uztarperako

ez ote tamalgarria?,

 

Tamalgarria ez soilik,

hori da pairagaitza,

are okerrago dugu

gure batasun eza.

 

Adarrak salgai baitaude

errazki Mirabellesen,

faltrikan duenarentzat,

hamazazpi florinen.

 

Hango etxetan, ordea,

ez datza printzesarik,

geure alabak dituzte

saltzen xanponengatik.

 

Geure izerdien truke

eztugu atxeter onik,

eskaera bidezkoetan

ezta ere abokaturik.

 

Oinazez erditzen dute

geure andre maiteek,

oinazez beren sabelak

gorriturik odolek.

 

Gure aingeru zaindari

izan omen direla,

baina eztugu beharrik

maltzur horien bela.

 

Haur gizaxoak dabiltza

larru hutsik kalean,

bere sabel ergelduak

asetu ezinean.

 

Karrika hits zikinetan

inoiz ezin aserik,

lore zimelak bezala

muki lohiz beterik,

 

Ogi puzka bategatik

putzu lerden beltzetan

lohitzen zipliztinaka,

elkar joka, borroketan.

 

Pobreek hauxe nahi dugu

ogia denentzako,

eta ez gezur faltsokin,

bakarrik jaunentzako.

 

Bilaniazko traizioz,

ohostutzen digute,

guretzat gose besterik,

utzi nahi eztute.

 

Dorrejilko kanta
Patri Urkizu

Kriselu, 1977