Dorrejilko kanta
Patri Urkizu

Kriselu, 1977

 

 

Bigarren partea:
AMETSA

 

Artsuko errota zahar

zaharrarren alboan

atsematen nengoela,

oroipenak etzanikan,

 

Nola amaitu urtea

zor handirikan gabe,

semeak osasun onez,

inoren ez mirabe,

 

Nagusiari ordainduz

maistertasunekoa,

eta dendari orori

zorretan utzitakoa...

 

Ametsetan hasi nintzen

amets sofrituetan,

ezinaren irudiaz

jantzitako oldozketan...

 

Hantuste, zarategile,

gazteluko jaun arroa,

etorri zitzaidan, ustel,

bazirudin moroa.

 

Zakur tropa bat zeraman

zaunka bere alboan,

ez zuten gose handirik

ez haiek oihanean.

 

Irrifar krudel, ustelez,

jatsi gabe zalditik

agurtu zidan kondeak

bizar zigor tartetik.

 

-Nola abil nekazari?

Galdetu zidan kondeak.

-Triste nabil, jaun konde,

menpetuta nekeak.

 

-Nekazari oroit adi,

Nafarroan gari asko.

-Jaun konde, jaun konde,

deusik ez zuretako.

 

Eta erregea bera,

bere tropa eta guzti,

zergaren bila badator

erantzungo diot: aski!

 

Eztugu ordainduko

egungo egunetik

nagusien hainbat zerga,

inongo hamarrenik.

 

Estatu penagarrian

sofritzen bizi baikara,

eguzkia jalkiz gero,

zamarien gisara.

 

Herriarena soil baita,

bere izerdi odolez

lurrari kendu diona,

hainbeste izerdi nekez.

 

Jan edan nahi baduzu

dadila zure kontura,

eztezazula mespretsa

gure hainbat mindura.

 

Geure kontura eztute

ez konde, ez markesek

far eta jan egingo,

hitz demagu denek.

 

Aserre, oso aserre,

irten zen jaun kondea,

zirauak eta apoak

boteaz, miserablea!

 

Ez zen gelditu, noski,

bengantzarikan gabe,

zaldi krudelaren zangoz

burdin zigormirabe.

 

Mila urte igarota,

ura bere bidean,

gorriak eta xuriak

batu ziren pelean.

 

Zeruko burdin ateak

gris zeuden egun hartan,

geure asturu txarrek

galdu ziguten bertan.

 

Lohiz jantzita zegoen

malerusko estrata,

ez dut inoiz ahaztuko

belardien zarata.

 

Hamahiru mila zaldi

ziren alde batetik,

ehun gizon ausarta,

aldiz, beste partetik.

 

Non nahi bildur usai

somatzen baikenuen,

belaunak dardarka zeuden,

bihotza kolpeka zen.

 

Erromako zubiaren

koloretasun hitsak

itzaltzen hasiak ziren,

ene zer bihotz hotsak!

 

Zuhaitz adarretako

xoriak isildu ziren,

trumoiek eta ximistek

lurra zuten dardartzen.

 

Kanpandorrea oihuka

gelditu gabe zegoen,

eta haizearen txistuak

belarriak gorratzen.

 

Xokorrak akuilutan

xit urduri zebiltzen,

eta ardiak kortetan

eten gabe negartzen.

 

Itxasoko bateltxoak

uhinez kulunkatzen,

zurezko paba meheak

mendebalez zigortzen.

 

Eleizako aterpean

atsoak errezatzen,

sakristaua pulpitotik

letaniak kantatzen.

 

Zazpi agur erreginak

zerurantza bidaltzen,

eta ama birjinari

promes anitz egiten.

 

Hamaika aitagureak

goiko saindu orori,

hamaika agur mariak

izar beltxaranari.

 

Aurpegi konkorduneko

serora sorginenak,

ur bedeinkatuz zituen

uxatzen satan denak.

 

Balehodei batzu pean

hasi zen pelea, bada,

hainbat odol isurtze

kontatzea ezina da!.

 

Arrotzek zioten oihuz

birao mingots, zatarrak,

gudariok dehadarka

gora gu ta gutarrak!

 

Ipar haizeko txistuak

jotzen zigun hain gogor,

onddo zimaurtuen gisa

ezinik eman amor.

 

Errotatxoriak bezain

dardartsu ekaitzpean,

hegak bustirikan eta

tristura hegaletan.

 

Etsaien estandartak

haizeak zeramazkien

ikurrinak, aldiz, tente

beso sendotan zeuden.

 

Lurrera erortzen ziren

Heriok zauriturik,

odol putzu tartera,

mila oihu jaulgirik.

 

Han ziren, han, mila oihu,

mila malko eta negar,

han ziren, han, zalapartak

bihotza uzteko lar.

 

Irrintzina alegerak

apaltzen zihoazen,

aurpegi alai gorristak

tristeziaz goibeltzen.

 

Artzain semea garaitik

kontatzen hasia zen:

bat, bi, hiru, lau, bost... ene!

zein zaila den kontatzen!

 

Sei, zazpi, zortzi, bederatzi,

hamar, hamaika, hamabi,

hamahiru ere badira,

odoletan igeri.

 

Buruek gorputzengandik

zuten ihes egiten,

besoek bizkarretarik

zeharo aldrebesten.

 

Kukusoz eta zomorroz

beterik zeuden soinak,

zauriz eta odol beltzez

gudari bulardunak.

 

Hamalau bele krakari

gurdi baten gainean,

eta otso gosetiak

ezur puzkak ahoan.

 

Eta eguzkia goren

zegoen mementoan,

hilak besterik ez ziren

odolezko itxasoan.

 

Lur hotzean etzanikan

hautatu zutelako,

bere semeak zitezen

askatasunerako.

 

Anjelusko kanpai hotsak

sirimiri tristean

erortzen ziren oparo

Dorrejilko bidean...

 

Dorrejilko kanta
Patri Urkizu

Kriselu, 1977