Begien bizkar
«BEREBILEZ»
BAT, hemen hasten naiz kontatzen, ordubiak aldera dira ibaia amildurik dago, ez dago —lurrinaren atzean zauri trabeskakoa—. BI, nekez eusten dio azken argitasunak munduari bere kargu hartua badu ere mendiz, etxez eta inoiz itsasoz seinalatzea itxiturak eta lautadak eta orain iluntasunak zamatutako arbola da, arbola da eta oraintxe gaua zen eta orain bizkarrez harrapatutako seinalea da eta oraintxe gaua zen. HIRU bazter, irekirik sekula aurkitu ez duzun ostatua, atarian autoaren plastikozko estalkia bidezidorra, sasiak une batez begietan itsasirik. Kontra datorren kamioiaren izua ekarri du LAU tarte zabalagoak ikumena besterik ez balego bezala. Dena erreala izan da momentu batez. BOST Hirurak dira. Ordubata t'erdiak ziren. SEI Argiek ihes egiten dute. Suizidatu egiten dira edozein trabaren kontra, gelditu egin ohi dira zenbait, —argiak—, zenbait horma zokotan, zenbait bide, leiho eta aterpe itxi, zolagaineko zenbait gurpilarrastotan. Bi lagun. ZAZPI. Zigarro bat, ke mendalorearen zaporezkoa. Hainbat irudi zintzo, hainbat izen. ZORTZI Errepasatu: Berriz hasi: BEDERATZI bat, hemen hasten naiz kontatzen. Ibaia. Gaua. Bi, hiru, bizitza euskorragoa. Luze laburrean basoak, ezkutatu alde: egoitza. Lau. Egoitz— mina. Bost, sei, hartu egin nizun zigarroa ezpainetan. Zazpi: erre egin naiz; eri naiz. Zortzi, betazal haundi baten babesean. Bederatzi: errepasatu.
Begien bizkar |