Begien bizkar
AIZTOZ EGITEN DIREN SEINALEAK
Hona lirika. Behar du desorduetan eta kontraeran ibiltzen jakin. Desmasien eta bakarmin urratu berrien lurra.
Poemotan bidaia bat kausitu uste dut, hondamendi osteko aldi berri baten hasikinetatik oasis beteko hondakinetan jausi artekoa. Ez da ezer gertatzen, paisaiak igaro, pasatu eta erre-pasatu egiten dira, behin eta berriz. Maitatzea eta oroitzea obsesioa da, ezinbestekoa bezain minbera hala ere. Muñozenean esperientzia etenik gabeko zera da, poesia dela alegia, eta poemak maitea beti faltan duten eskenatoki hauskorrak, erresistentzi kutxak, mezu zifratuak dira. Idazkera oso zehatza da, neurriz gaineko bertsolerro txalogoseetan trabatzeko ez izan beldur.
Hirian, Donostia koxkeroan ere bai, elefanteen azken aterpean bezala ororen ezkutuan jazotzen dira sufrimentuak. Sentimentuak azken muturreraino behartuak daude, amildegia jo eta pasa egiten da maitasun poema hauetan. Errepideak, autoak bidaia bertikalerako eman lezake bide, eta hartara gorputzen erorikoa hotz hotzean ageri. Tangoak beirazko geruzen azpitik.
Ez da konbentzionala Muñozi darion lirikotasuna, berea duen mundu oso koherentea moldatzen badaki. Irudi apur batzuekin etxea altxatzen du, bizpahiru flashetatik amodio eskena sortzen da. Pausoz pauso jarrai litekeen ibilia da, egia intimoen satorbidean aritutakoa apal mintzo da horren min dituenaz. Irudiek eta zentzumenen memoriak garamatzate maitasunaren orbainak nozitzera geure baitan. Fatala da bizitza. Azkenean denbora pasa egin da, min ematen digu oroitzeak, eta oraindik duda sortzen zaigu, ez gaude seguru. Gordin dira asmoak, interesgarria saioa.
Luze isilean gordetakoak peto petoan deklaratzen dakizki, ez da amarrurik, ez eskupekorik, ez keinu lagunkoirik. Zauri zahar eta berriek zimelduak ditugu barnemuinak. Estimatzen diogu.
Muñozek ez dio beldurrik poesiari, «Parentesiak (etabar)» (Hordago, 1983) liburuan erakutsia zuen ez ziona, orain ordea gehiago daki. Ur handitako lanak eskarmentua du berarekin. To lirika.
Jose Luis Otamendi
Begien bizkar |