L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y aquí se mata a quien haga falta (1992-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

De docta ingnorantia

 

Fermin Eguren

 

"Bakhoitzak ba daduzka bere gustuak eta eritziak, zeinak ez duten zertan bertzeren opinioneekin eta hobbyekin syntonian ethorri behar." Hitz ezinago zuhur eta konpunkin hauekin basten da Erramun Gerrikagoitia jaunak igaran apirilaren 24ean EGUNKARIA kazetan publikatu artikulo, tesi, diatriba, anatema, predikumolotov edo nik dakita nola deitu ere. Maleruski, sarrera zibilizatu horren ondoan heldu diren parrafoetan zuhurra eta konpunkina txoil galtzen da, eta gelditzen da justuki kontrarioa, erran nahi baita, kolera, odol gaiztoa, hisia, buruzkingoa, amorrazioa eta (salbu-eta zuen errespetua) alimaleko ostia txarra.

        Gerrikagoitia jauna net khexu ageri da euskaraz publikatzen diren enkyklopedietan ez delakoz ikhusten bere gustoz eta eritziz zuzenak diren lexiko, syntaxi, orthographia "eta etcetera luzeago bat". Gerrikagoitia jaunaren zainetako odola ez dagoke irakin gabe ikhusiz enkyklopedia hen egile edo perpetratzaile basa, buru-maingu, kasko-xilo, eñul, lele eta kasket saldo errabitua gure mintzaira edo lengoaia maitea lohiaren arrasera aphaltzera ari dela hautu stylistiko eta semantiko kriminel, "endomaniko" eta absurdoak eginez. Gerrikagoitia jauna kolera justu batean irazekia eta konsumitua ageri da bandit tzar hek ez dutelakoz izkribatzen "radio", "photo" "arkhipelago", "spezial" edo "edukatione" hen enkyklopedia espantigarrietan, berak nahi lukeen bezala, eta bai aldiz "irrati", "argazki", "uharteria", "berezi" eta "heziketa" bezalako munstrokeria authoktono eta menskeria parrokialak.

        Aithor dut Gerrikagoitia jaunak ekartzen duen arrazoinamenduak baduela zerbait kanore, eta erraiten dituen gauza zenbaitek merezi luketela zenbait gogoeta. Harek bezala-bezala, nihaurk ere itsuskeria eta aberratione bat konsideratzen dut "hobby"-ren plazan "jobi" izkribatzea, edo, bertze maila batean, "ateismo zientifiko" bezalako espresione doi, argi eta prezisoaren lekuan "zientziazko jaungoikogabetasuna" bezalako dindirri lauso, pezu eta moldagaitza. Beraz, aithor dut badela zerbait egoki eta zuzen denik Erramun jaunaren kolera justuan. Afinitate horien gainetik, ordea, gure diferentzia edo divergentiak nagusitzen dira, zeinak ez baitagozka hainbeste ideien funtsari nola ideia horien defensan ezarri enphasi edo intensitateari, nunerebeita.

        Imajina beza irakurle amableak ni emazteki batekin ohean etzanik nagoela, harekin egiten zer ere ohean usuenik egiten baita seksu dyferentetako kreaturak ohantze goxoan elgarren konpainian amoltsuki pausaturik kausitzen direnean. Imajina beza ene ohaideak, pasionearen irakidurak bultzaturik, erraiten derautala:

        "—Ene Fermin apolineoa, zer ez nezake eman zurekin arkhipelago solitario batetan kausitzearren bertze nehor gabe. Ene ilusionea hori lizate."

        Eta nik, solasa berriro dimensione mundanora ekarriz, gizonek ohi duten bezala, arrapostu emaiten deraukodala erraitez:

        "—Bai, Garbiñe maitea, bainan lehenago behar ginuke arkhipelago hori konvenientki hornitu, sozietate modernoaren komoditate guziekin, hala nola baitira radioak, libroak, schampuak eta holakoak."

        Dialogo hau net imajinarioa da, prefosta, eta lektore abisatuenak advertituko zuenez, hyperbolikoa. Imposible da euskal jente komun eta ordinarioa horrela mintzaraztea, aski lar badelakotz jadanik euskara arrunt eta ordinarioz mintzarazteko. Eta gauza bera aditu behar da izkiriatzeaz denean kestione. Idurien arabera, Erramun Gerrikagoitia jaunari ahantzi egiten zaio hori, edo ez ahantzirik ere ez du egia hori ikhusi nahi arratoinak gatu gosea baino gehiago. Hortakoz, haren ametsetako Euskal Herrian euskal senar-emazte eta neska-potikoak ohean Leizarraga bezala behar lirateke mintzatu, zeren horrela eginez baizik ez bailirateke bermatuko eta segurtatuko Erramun Gerrikagoitia jaunaren "referentzia kultural orthographiko eta lexikalak", zeinak baitira —evidenteki— arazo hurtan aintzat hartu behar diren gauza bakharrak, eta ez nehondik ere mintzaira protoklasiko zail eta nekhe hori mintzarazi eta izkribarazi nahi zaion jentearen sentimendu eta ahalak. Bertzalde, ageri da Erramun Gerrikagoitia jaunak horren khartsuki revindikatzen duen xede hori ardiesteko Euskal Gobernamenduak eta organitatione philoeuskaro popularrek behar lituzketela beren euskaltegiak muntatu ez euskal herrietan, baina Helade zaharrean: lau eta zortzi hilabeteko barnetegiak Kios arkhipelagoan, Kreta irlan, edo Olympus mendiaren txuntxurrean —imajinatzen ahal du nehork holakorik? Orduak bai begikliska batean fini litezkeela funzionario euskarophoboen retitentia zirtzilak euskararen ikhasteko.

        "Bakhoitzak ba daduzka bere gustuak era eritziak, zeinak ez duten zertan bertzeren opinioneekin eta hobbyekin syntonian ethorri behar." Bai, jauna, hala da egiazki, eta hala izan dadila urte askotan oraino. Bainan, Gerrikagoitia jauna, othoi bara zaite ixtant batez bederik gauzak emeki eta pausatuki konsideratzera eta ohar zaite behingoz gusto eta opinione batzuk, sortzen diren errealitatearen argitan konsideraturik, kakokaleria esperpentikoak baizik ez direla, estetikoki zenbat nahi agradagarriak izanik ere. Eta, finitzeko, etzazula pentsa "aleman, ingeles, frantses, italiano, espainol" eta nik dakita zer beste hizkuntza, ele, lengoaia edo mintzairatako enkyklopediak irakurtzeko kapable izateagatik, baieta zure "referentzia kulturalak" hain aberatsak eta antikitate klasikoan hain barna errotuak izanagatik, zutaz bertze euskaldun guztiak astakirten pullo batzuk garenik. Holakorik sinetsarazi derautzunak tronpatu egin zaitu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.