L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y aquí se mata a quien haga falta (1992-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Barrerik ez, mesedez

 

Xabier Arrinda Gorrotxategi

1964ean Durangon sortua.
Filologia lizentziatua. Euskal
kulturaren zutabe lodienetakoa.

 

(1993ko "Berbaro" Ipuin Lehiaketaren Lehen Saria)

 

Baldin egia bada gaztetasuna adorez eta ausartziaz neurtzen dela, orduan egia da sasoi hartan oso gaztea nintzela. Nola ez naiz gogoratuko neure bizia bera arriskuan jarriz hari elektrikoetan pankarta debekatuak jartzen nituen egun lorios haietaz, edo eta inguruko eta urruneko mendiak eskalatzean orkatilak, saihetsak eta besoak apurtzen nituen harako beste egun haietaz? Baina hauek edozein gazteri gerta dakizkiokeen gauzak dira. Udazken hartan gertatzen hasi zitzaizkidanak, ordea, arrunt gertakari berezi eta partikulartzat jo behar dira, ezinbestez.

        Keparen etxean ospatutako jaitik bueltan gentozen gau hartan. Goizaldeko hirurak izango ziren garagardoa edateari utzi nionean. Zeharo zezpalduta nengoen Irene bere etxeko atarian agurtu nuenean. Nire ohituraz kontra, agurtzean ez nion egin ez laztanik ez zirririk, eta ez berak ez zuelako nahi, neronek ezin nuelako baino, gorputza alkoholetan sobera sartua izaki, zapatuero bezala. Handik etxerako bidea estutu egin zitzaidan eta ohean lehenbailehen sartzeko gogoak nabariagoak egiten zituen nire sigi-sagak. Baina halako batean zerbaitek geldiarazi zuen neraman abiada traketsa. Errekasto baten ostean katutzar beltz batek miaoka ziharduen. Erosta haiek neure onetik atera ninduten. Ez dakit xuxen zerk afruntatzen ninduen gehienik katu haren bixtan, ala haren begi gorrien behako zuzen eta obszenoak, ala gauminean bere arima urratua oihu-marrumaz adiarazteko erakusten zuen askatasun eta tema ozar harek. Edozer izanik ere, marruma haiek ezin gehiago jasanez, bidertzean makurtu, harri koxkor bat hartu eta eginahal guztian jaurti nion. Katua iluntasunean murgildu zen iluntasuna bera izango balitz bezala. Baina gauaren ilunbetan desagertu aurretik, haren begi diztirantak nire begietan itsatsi ziren gaitz izugarri baten mehatxu ixila mezutzeko bezala.

        Beti esan dut hordiaren loa lokamutsetan edo inkonszientzian igarotzeak ez duela ardurarik. Biharamona astunagoa delako, eta are astunagoa iratzargailuaren farrabanda zizkolatsua gurasoen garrasi eta erritez ordezkatzen bada. Eta domeka hura Domu Santu eguna zen, hildakoak omentzen diren egun seinale hori. Usadio zaharrari jarraituz, egun horretan hildakoen alde meza entzun ondoren hilerrira joaten ginen, hilarri gainean bezperan erositako lorak bildutasunez eta errespetuz jartzera.

        Ni erlijio kontuetan ez nintzen, eta oraindik ere ez naiz, batere azkarra. Erlijio katolikoak umetan irakatsitako ikasgaiei itsumandoka jarraitzen natzaie, ez galderarik ez zalantzarik egin gabe. "Eta biharamonetan deabruak bekatariaren gorputzean hartzen du egoitza, eta sinisdun ahularen izpiritua erotasunez eta bekatuz porrokaturik uzten du". Horrelaxe mintzo zen gure herriko apaiza.

        Esanak esan eta siniskeriak aparte, Domu Santu eguna ez nuen batere gogokoa. Apaizei eta gurasoei entzunik, hildako guztiak zeru goietan zeudela pentsatzen nuen, baina hilerriak ez zidan laguntzen zeruaren irudi horri eusten. Aitzitik, zerraldoak lurperatu bezain laster, harrez betetako gorpuak etortzen zitzaizkidan gogora eta ni baitan samina eta izua hazten ziren. Usteltzen hasitako okela txatalek eternitatera doazen arimekin zerikusirik ez daukatela maiz adituagatik, lan haundiak nituen hilerriko usteldura orokor hura eta zeruko garbitasuna nire baitan irudi koherente batean elkarrekin uztartzeko.

 

Horrezaz gain, Azaroaren leheneko eguerdi eguzkitsuan bezperako garagardoaren lurrunek nire gorputza eta adimena zeharo lainotuta zeukaten Durangoko hilerrian, eta berrikitan hila zitzaigun izeko Kontxitari eskeini genion zirimonian zehar aurpegi serioak, otoitzen xuxurluak eta bezperako errondaren oroitzapen lausoak modu irreal batean nahastu ziren ni bailan. Otoitzen murmurioa denboraren erraietatik altxatzen zeta iruditu zitzaidan, gorpuz eta fantasmez populatutako herrialde ezezagun batetik heldutako melodia monotonoan. Argizagi ene usainak, harlauzen gainean bizidunek defuntuen ohoretan ezarritako loreen perfume sarkorrak, lutoko soinekoen sinfonia beltzak eta eguzkiaren galdak goragalea eragin zidaten eta gutxi falta izan zen ez bainintzen bertan zorabiatu. Zorionez, halakoren batean zirimonia bukatu egin zen. Hilerri etsigarri hartatik ihes egiteko nahia ziztada baten antzera jabetu zen nitaz, eta nire sendia atzean utzirik kanpora abiatu nintzen. Baina oraindik beste zerbait ere neukan ikusteko. Nekosta igartu baten azpian beltzez jantzitako emakume bat aieneka ari zen tipus-tapastean egina zirudien hilobi baten ondoan. Tipus-tapastean egina diot, zeren lur pilatuz egina izateaz gain, gurutzea ere presaka egina eta buruz-behera ezarrita zegoela ematen zuen. Begiak emakume hartan landatu nituen, haren belztasunean, haren soinekoan, haren ilean, haren larruan... eta denbora guzti horretan gauak sortutako gizaki harek iragan hurbileko irudi bat ekarri zidan burura. Ene bezperako hordialdian harrikatutako harako katu marrulari haren itxura ezagutu nuen emakume haren formetan. Ideia honek ergelaren-ergelez barre eragin beharko zidan, baina, urrun hortarik, aurkikunde bitxi harek izpiritua zeharo gatibatu zidan. Hainbestetaraino non, katuari emandako harrikadaren seinalea emakume horren gorputzean arretaz eta irribarrez bilatzen hasi bainintzen. Emakumea konturatu egin zen, eta nire irribarrean iraina edo trufa ikusirik nonbait, erraietatik erditutako hitz hauek jaurti zizkidan: Arraphiztiaren haiduru! Ulertu ezineko bi hitz hauek suz grabaturik bezala josita geratu ziren nire buruan, eta ez nuen bihotzeko bakerik aurkitu harik eta lagun batek filologo batengana bidali ninduen arte, esanahia argitzera.

        Filologoak eman zizkidan argitasunak xumeak eta definitiboak izan ziren, edo behintzat hala pentsatu nuen nik hasieran. "Jakingo duzu", hasi zen esaten, "Euskal Herrian duela mende batzuk ijito asko zebilela, 'piriak' deitzen zituzten kobrezko lapikoak konpontzen eta kabaleak salerosten. Arraza honek bere erroak hain barna boteak zituen euskaldunen artean non denborarekin euskal gizartearen osagarri izatera iritsi baitzen. Ekialdeko kultura hau erabat euskaldundu zen, euskara ikasi eta euskal kultura eraikitzen lagundu zuen. Baina, guztiarekin ere, populu honek bere izaeraren muinean gauza batzuk gorde zituen euskaldunek sekula ezagutu ez zituztenak. Batez ere erlijio eta sinismen kontuan. Harrigarria bada ere, ijito hauen ustez posiblea zen hil eta gero lurpean usteldu baino lehen berpiztea. Domu Santu eguerdi hartan entzun zenituen harako hitz ilun haiek sinismen horrexen aztarrena eta lekuko baizik ez dira. 'Arraphiztiaren haiduru' esaldiak Zuberoako euskaraz 'Berpiztearen zai' esan nahi du eta Eskiulako kanposantuko hilarri batean aurkitzen da, ijitoren batek noizpait idatzia". Bere azalpenak amaitzeko, harro esan zidan bere ustez gauza guzti hauek siniskeria hutsak baino ez zirela, gizarte preindustrialeko enorantzia eta beldur irrazionalak sortutako haurkeria zentzugabeak.

        Solasaldi honek zeharo gozatu zidan bihotz-barrenean sentitzen nuen urduritasun eta beldurra. Gogoeta arrazionalari bidea emanez, berehala gogoratu zitzaidan ijito arraza hura benetan heriotzatik berpizteko gauza izango balitz ez litzatekeela arituko eltze ezdeusak konpontzen eta zaldiak ebasten. Baina lasaitasunak ez zuen asko iraun eta izuak negumineko egun madarikatu hura aukeratu zuen ene izpirituari bizi osorako zauria egiteko.

 

Zeinen gau hotza hura! Euria uharka. Haize zakarra eta trumoi hotsa elurrai deika. Gurasoak kanpoan. Anaiak parrandan. Etxea hutsik. Ni ohean etzanda, bakar-bakarrik eta loak ezin harturik. Halako batean kolpe hotsak entzuten ditut. Anaiaren bati giltzak ahaztu zaizkio eta bere mozkorraren erdian ateari ukabilez kolpeka ari da, pentsatzen dut neure artean. Pazientziaz kargaturik atera abiatzen naiz eta zabaltzen dudanean... Jainko oropoteretsua! Nire ileen laztura! Zer da hau?

        Errealitatean barik ametsen mundu kaotikoan ote nengoen argitu beharrez begiak behin eta berriro igurdiz, aurrean neukan ikuskizun espantigarriari begira geratu nintzen, zain guztietako odola izoztua: hilernko atso beltza horra zen, eta bere ondoan bere senarra izan behar zena, hots, senar defuntu eta berpiztua, senar hilobitik atera berria. Aurpegia harrek janda zeukan, begi bat zintzilik. Ahotik lerde gorri hatsitu eta likin bat zerion eta bere haragi ustela puskaka erortzen zitzaion hezurrak guneka agirian utziz eta egundainoko hats gaiztoa zabalduaz. Lurrera ziplo erori nintzen eta ez dakit zenbat denbora igaro nuen zolu hotzean. Bakarrik gogoratzen dut anaiaren zapata zorrotzaren ostikada batek berriro konortera itzuli ninduela. Hordi tzar harek zakukada egurra banintz bezala erabili ninduen, harik eta noizpait lurretik jaiki nintzen arte. Arestian jasotakoaz ez nion hitz erdirik esan, izua erraietan itsatsia baineraman, eta beste ihesleku hobeagoren faltan, oheko babes makal eta epelera babestu nintzen inorekin hitzik trukatu gabe.

        Egun hartaz geroztik beste pertsona bat naiz. Ikuskizun harek nire bizitza erroz gora aldatu du. Barre egiteari zeharo utzi diot. Bai, egia da betidanik barre egin diodala edozein gauzari eta bidenabar neure buruari. Baina orain ezinezkoa egiten zait, ez barre egitea bakarrik, barre egiten ikustea ere bai. Barrea etsai amorratu bilakatu zait. Ezin dut jasan barre egiten ari den inor. Badakit nire atzetik ni hil nahian dabiltzala eta seguru nago egunen batez norbaitek bere hortzen artean tinkatuko nauela eta burmuina madari heldu baten antzera murtxikatuko didala. Eta jendeak zoratuta nagoela uste du barre egiten dutenekin liskarretan sartzen naizenean. Eta nire erotasun, izu edo gainbehera hau gero eta haundiagoa egiten ari da, gero eta mingarriagoa, gero eta lazgarriagoa. Edateari ere sano eman diot. Behintzat alkoholaz konortea galtzen dudanean ez dut horrenbeste sofritzen. Gero biharamonak datoz, biharamon madarikatuak. Biharamon hoietako batean akatu nuen tipo hura. Ez neukan ezer bere kontra, baina barre algara hura, karkaila jasangaitz haiek... Boligrafo batez eztarria zulatu nion.

        Geroztik hemen nago, Bermioko psikiatriko honetan. Inork ez dit jaramonik egiten eta nire barreneko oinaze ezinesan honek luza gabe leher egin behar duela dirudit, nire izakera osoa birrindua utzi arte. Tormentu amaigabe baten erdian urratua bizi naiz. Hemen zoroak gau ta egun ari dira barreka. Bada bat bereziki, barreari diodan amorruaz ohartu den egunetik hona beti inguruan barrandan ibiltzen zaidana, bere burua zutabeen ostean ezkutaturik aulkitik jauzi eragiten dizkidaten algara basak eginez. Nire sakelan zorroztua daukat jadanik txantxarako gogo hoiek betiko kenduko dizkion tenedorra.

        Eta hauxe da dena, psikiatra jauna. Hauxe da nere ixtorioa. Ez dakit esan dizkizudan guztiak sinisteko gauza izango zaren ala ez, baina nolanahi izanik ere, mesedez ez egin barrerik!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.