Deutsches requiem
Jorge Luis Borges
"Hiltzen banau ere
Harengan sinistuko du"
Job, 13,15.
Nire arbaso bat, Christop zur Linde, Zorndorf-eko garaitza erabaki zuen zalditeriako kargan hil zen. Amaren aldetiko birraitona, Ulrich Forkel, gordatirari frantsesek hil zuten Marchenoir oihanean 1887. urteko azken egunetan; Dietrich zur Linde kapitaina, nire aita, Namurreko setioan gailendu zen 1914ean, eta, urte bi geroago, Danubioko trabesian. Nitaz denaz bezanbatean, torturatzailez eta asesinoz fusilatu behar naute. Epaimahaia artez jokatu da; hasieratik beretik errudun aitortu naiz. Bihar, espetxeko erlojuak bederatziak jo ditzan tenorean, ni heriotzan barneratua izango naiz; normala da arbasoez pentsatzea, hain hurbil egoki ni haien itzaletik, nolazpait ere ni haiek izaki.
Epaiketan zehar (beharrik laburra izan zen) ez nuen hitzik egin; neure burua zurituz epai latzago bat baizik ez nuen irabaziko, eta koldartzat hartuko ninduten. Orain gauzak aldatu egin dira: nire exekuzioaren aurreko gau honetan beldurrik gabe mintza naiteke. Nire gogoan ez dago barka nazaten, ez izaki nigan ogenik, baina ulertua izan nahi dut. Ni entzuten jakin dezatenek ulertuko dute Alemaniaren historia eta munduaren gaurgoitiko historia. Nik badakit nirea bezalako kasuak, gaur egun bakanak eta harrigarriak, denbora asko gabe arruntak izango direla. Bihar hil egingo naiz, baina etorkizuneko belaunaldien sinboloa naiz.
Marienburg-en jaio nintzen 1908an. Pasio bik, dagoeneko ia ahantziak, lagundu zidaten zorigaitzeko urte anitz balorez eta are zorionez ere eramaten: musikak eta metafisikak. Ezin aipa ditzaket nire ongile guztiak, baina badira izen bi ixilean ezin utz ditzakedanak: Brahms eta Schopenhauer. Poesia ere frekuentatu nuen; izen hoiei beste izen germaniko haundigaitz bat erantsi nahi diet, William Shakespeare. Bertzorduz teologia interesatu zitzaidan, baina disziplina fantastiko horretatik (eta kristau fedetik) betikoz aldaratu ninduen Schopenhauerek, arrazoi zuzenez; Shakespearek eta Brahmsek, euren munduaren barietate infinitoaz. Dohatsu hoien lanaren edozein pasarteren aurrean samurtasun eta eskerronezko dardaraz liluraturik gelditzen den guztiak jakin beza ni ere gelditu nintzela, ni, okaztagarri hau.
1927an-edo Nietzsche eta Spengler sartu ziren ene bizitzan. XVIII. mendeko idazle batek dio inork ez duela nahi izaten bere garaikideei ezer zor izaterik; nik, tinkagarria somatu nuen eragin batez askatzeko, Abrechnunng mit Spengler izeneko artikulu bat idatzi nuen, bertan seinalatuz autoreak faustikotzat dauzkan ezaugarrien monumento zalantzaezinezkoena ez dela Goetheren drama miszelaneoa, duela hogei mende idatzitako poema bat baino, De rerum natura. Aitortu nuen hargatik historiako filosofoaren sinzeritatea, haren izpiritu errotik alemana (kerndeustch), militarra. 1929an Partidoan sartu nintzen.
Nire ikasketa urteez gutxi mintzatuko naiz. Beste askorentzat baino gogorragoak izan ziren enetzat, zeren adorea faltatu ez arren biolentziarako zaletasun bihirik ez baitut. Konprenitu egin nuen baina haro berri baten atarian geundela eta Islam edo Kristautasunaren hastapeneko aldien antzerako haro horrek gizon berriak eskatzen zituela. Banan-banan harturik nire kamaradak gorrotogarriak zitzaizkidan; alferrik saiatu nintzen arrazoinatzen elkarretara biltzen gintuen xede goraren eretzean ez ginela norbanako pertsonak.
Teologoek esaten dute Jainkoaren arreta segundo bakar batez apartatuko balitz idazten ari den ene esku eskubitik, ezerezera itzuliko litzatekeela, argirik gabeko su batek suntsitua bezala. Inor ezin izan daiteke, esaten dut nik, inork ezin dasta dezake baso bete ur, edo ogi zati bat ezin puska dezake, justifikaziorik gabe. Gizon bakoitzak badu berea; ni gure fedea frogatuko zuen gerla itzurgaitzaren zain nengoen. Aski nuen jakitea bere batailetako soldado bat izango nintzela. Inoiz beldur izan nintzen Ingalaterra eta Errusiaren koldarkeriak huts egingo ote zigun. Zoriak edo patuak beste gisa batez eiho zuen nire etorkizuna: 1939ko martxoaren lehenean, ilunabarrean, istiluak piztu ziren Tilsit-en, egunkariek jaso ez zituztenak; sinagogaren osteko kalean bala bik zangoa zeharkatu zidaten, eta ebaki egin behar izan zidaten. Egun batzuk geroago gure ejerzitoak Bohemian sartu ziren; sirenek aldarria jo zutenean ni eritetxe sedentarioan nengoen, Schopenhaueren liburuetan nire burua galtzera eta ahanztera entseatzen. Nire patu hutsalaren sinbolo gisa, leiho ertzean katu alimale eta malmutz bat zetzan lo.
Parerga und Paralipomena-ren lehen alean berriro irakurri nuen gizon bati gerta dakizkiokeen gauza guztiak, jaiotzeko ixtantetik hiltzekora bitartean, berorrek aurretiaz zehaztuak duela. Hortaz, neglimendu guztiak propio eginak dira, ustekabeko enkontru guztiak zita dira, umilazio guztiak penitentzia, frakaso guztiak garaitza misteriotsua, heriotza guztiak, suizidioa. Gure malurrak geuk aukeratzen ditugula uste izatea baino kontsolabide asmutsuagorik ez dago; teleologia indibidual horrek orden segretu bat ezagutarazten digu eta harrigarriro dibinitatearekin nahasten gaitu. Zer xede ezkutuk (egin nuen) bultzatu ote ninduen arrats hura, bala haiek eta mutilazio hura bilatzera? Gerlaren beldurrak ez, nik banekien; zerbait sakonagok. Azkenean ulertu uste izan nuen. Erlijio batengatik hiltzea, hura bete-betean bizi izatea baino sinpleagoa da; Efeson piztiak gudukatzea ez da hain gogorra (milaka martiri ilunek egin zuten) nola Paulo, Jesukristoren zerbitzaria, izatea; ekintza bat gizon baten ordu guztiak baino gutiago da. Bataila eta loria erreztasunak dira; Napoleonen enpresa baino nekeagoa izan zen Raskolnikov-ena. 1941eko otsailaren zazpian Tarnowitz konzentrazio zelaiko zuzendariorde izendatu ninduten.
Postu horretako iharduna ez zitzaidan hainbat agradatu, baina behin ere ez nintzen neglimendutan aritu. Koldarra ezpata artean frogatzen da; errukiorrak berriz, gartzelak eta besteen sofrimenduak aztertu nahi izaten ditu. Nazismoa izatez gauza morala da, gizon zaharra eranztea bezalako bat, biziatua baitago, berria janzteko. Batailan mutazio hori usaiakoa da, kapitainen oihuen eta harrabotsaren erdian; ez ordea ziega dorpe batean, non urrikalmendu maltzurrak samurkeria zaharrekin tentatzen baikaitu. Hitz hori ez dut idazten ustekabean; giza gorenaren alderako errukia da Zarathustraren atzeneko bekatua. Guti falta izan zen ez bainintzen neroni ere bekatu horretan erori Breslautik David Jerusaleme poeta ospetsua bidali zigutenean.
Berrogeita hamar urteko gizona zen. Mundu honetako ondasunez pobre, pertsegitua, ukatua, laidoztatua, bere jenioa zoriona kantatzeari kontsekratu zion. Gaizki oroitzen ez banaiz, Albert Soergel-ek, Dichtung der Zeit izeneko obran, Whitman-en parean ezartzen du. Konparazioa ez da egokienetarik; Whitman-ek aurretiaz ospatzen du unibertsoa, oro-orozki, ia ezaxolaz; Jerusaleme amodio zehatzez pozten da gauza bakoitzarekin. Sekula ez du kometitzen enumeraziorik, katalogorik. Oraindik esan ditzaket hexametro asko Tse Yang, tigre-pintatzailea izeneko poema hartarik, tigrez marratua iduri duen, tigre transbersal eta ixilez zamatua eta zeharkatua iduri duen poema hartarik. Ez dut ahantziko baita ere Rosencratz Aingeruari mintzo bakarrizketa, zeinetan XVI. mendeko prestamista londondar bat alferrik saiatzen baita bere ogenak bindikatzera, sumatu ere egin gabe bere bizitzaren justifikazio segretua bere bezeroetariko bati (zeinek behin baizik ez duen ikusi eta zeinetaz ez den oroitzen) Shylock-en pertsonaia inspiratu izana dela.
Begi gogoangarri, azal beltxaran, bizar ia beltxeko gizona, David Jerusaleme judu sefardien eredua zen, nahiz eta Ashkenazim gaizkiratu eta gorrotatuen kastakoa izan. Larderiaz erabili nuen; ez nuen ametitu ez errukiak ez haren ospeak berastu nindezaten. Urte asko zen konprenitu nuela munduan ez dela gauzarik infernu posible baten hazia ez denik; begitarte batek, ele batek, brujula batek, zigarro iragarki batek, erotu lezakete gizon bat baldin honek ezin ahantziko balitza. Ez al zen eroa izango beti ta beti Hungriako mapa begitandu zekion gizona? Printzipio hori gure etxeko disziplina erregimenari aplikatzera deliberatu nintzen eta... 1942. urtearen azkentsuan Jerusalemek sena galdu zuen; 1943ko Martxoaren lehenean bere burua hiltzea lortu zuen.
Ez dakit Jerusalemek ulertu ote zuen suntsitu egin banuen nire errukia suntsitzeko egin nuela. Niretzat ez zen gizona, ez eta judua ere; nire arimaren alderdi higuin baten sinbolo bilakatu zen. Nik harekin batera agonizatu nuen, ni harekin batera hil nintzen, nolabait ere harekin batera galdu naiz; horregatik, kupidagabea izan nintzen.
Bien bitartean, gure gainean gerla zoriontsu baten gau eta egun haundiak jirabiraka ari ziren. Arnasten genuen airean amodioaren antzerako sentimendu bat zegoen. Itsasoa bapatean gertu balego bezala, harridura eta asaldua zeuden odolean. Urte haietan dena zen ezberdina; ametsaren zaporea ere bai. (Ni, agian, sekula ez nintzen izan zeharo zoriontsua, baina gauza jakina da ondikoak parabisu galduak eskatzen dituela). Betegintzarrera heldu nahi ez duen gizonik ez dago, esan nahi baita, gizon batek iritsi ditzakeen experientzia guztien sumara; ondasun infinito horren zatiren batek defraudatua izateko beldurretan bizi ez den gizonik ez dago. Baina nire belaunaldiak dena izan du, zeren lehendabizi loria eta hurrena derrota gertatuak izan baitzaizkio.
1942ko urrian edo azaroan, nire anaia Friedrich El Alamein-go bigarren batailan galdu zen Egyptoko hareatzetan; hilabete batzuk geroago aireko bonbaketa batek gure sortetxea erraustu zuen; beste batek, 1943aren azkenetan, nire laborategia. Kontinente haundigaitzek sakatua, Hirugarren Reich-a hil egin zen; harek eskua denen aurka, eta denek eskua haren aurka zuten. Orduan, zerbait bitxi gertatu zen, orain ulertzea iruditzen zaidana. Nik koleraren kopa hondoraino husteko gauza nintzela uste nuen, baina hondarretan ustegabeko zapore batek baratu ninduen, zorionaren zapore misteriotsu eta ia izugarriak. Esplikazio zenbait entseatu nituen; bat ere ez nuen izan aski. Egin nuen: Laket zait derrota, badakidalako funtsean erruduna naizela eta zigorrak beste ezerk ezin erosi nazakelako. Egin nuen: Laket zait derrota, hori amaiera bat delako, eta ni akiturik nago. Egin nuen: Laket zait derrota, gertatu egin delako, diren, izan diren eta izango diren gertakari guztiei nonbregabeki lotuta dagoelako, errealitateko gertakari bakar bat arbuiatu edo deitoratzea unibertsoa blasfematzea delako. Arrazoi guzti hoiek entseatu nituen, benetakoa aurkitu arte.
Esan izan da gizon guztiak jaiotzen direla aristotelikoak edo platonikoak. Horrek esan nahi du Aristoteles eta Platonen arteko polemikaren une bat ez den eztabaida abstrakturik ez dagoela; alde eta aldietan zehar izenak, dialektoak, aurpegiak aldatzen dira, baina ez antagonista eternoak. Populuen historiak ere jarraipen segretu bat du. Arminiok, aintzira batean Varo-ren legioei zintzurrak egin zizkienean, ez zekien Inperio Aleman baten aitzindaria zenik; Luterok, Bibliaren itzultzaileak, ez zuen sumatzen bere xedea Biblia erraustuko zuen herri bat sortzea zenik; 1758an bala moskobita batek hil zuen Christop zur Lindek, nolabait 1914eko garaitzak adelatu zituen; Hitlerrek uste izan zuen herri batengatik borrokatzen ari zela, baina guztiengatik borrokatu zen, are kolpatu eta gorrotatu zituenengatik ere. Berak hori ez jakinak ez du axola; bere odolak, bere borondateak bazekiten. Mundua judaismoz hiltzen ari zen eta judaismoaren eritasuna den Jesusen fedeaz; bortxa eta ezpataren fedea irakatsi genion guk. Ezpata horrek hiltzen gaitu, eta labyrinto bat ehundutakoan bere egunen bururaino bertan erratzera behartua den aztia bezalakoak gara gu, edota ezezagun bat juzkatu, hiltzera zigortu, eta gero Herori haiz gizon hura errebelazioa aditzen duen David bezalakoak. Anitz gauza erraustu behar da orden berria eraikitzeko; orain badakigu gauza hoietarik bat Alemania zela. Gure bizia baino zerbait gehiago eman dugu, gure herri laztanaren zortea eman dugu. Bestek madarika bezate eta bestek egin bezate negar; ni arrunt pozten nau gure dohaia orbikularra eta perfeta izateak.
Aldi kupidagabe bat abailtzen da orain munduaren gainera. Geuk tajutu genuen, geuk, dagoeneko biktima gatzaizkionok. Zer axola dio Ingalaterra mailua eta gu ingudea izanik ere? Bortxak ihardutea da garrantzitsua, ez kristauen morroi-herabekeriak. Garaitza, injustizia eta zoriona Alemaniarentzat ez badira, beste nazioentzat izan bitez. Izan bedi zerua, gure lekua infernua izan behar bada ere.
Ispiluan nire mosuari so egiten diot, nor naizen jakiteko, ordu zenbaiten buruan azkenari aurre eman diezaiodanean nola portatuko naizen jakiteko. Nire haragiak izan dezake beldurrik; nik ez.
|