Euzko-Gogoa
1949ko udazkenean orri bat heldu zen Guatemala-tik Euskal Herrira, «Asmoa» izenburua zuena. Artean euskal letretan oso ezaguna ez zen «Zaitegi eta Plazaola'tar Iokin»ek igorria zen, euskal aldizkari baten asmoa emanez. Bi urte lehenago Andima Ibinagabeitiari gutunez adierazia zion asmo horixe.
Jokin Zaitegi Plazaola Belgikatik abiatuta iritsi zen Ameriketara 1937. urtean; lehenik Panamara eta ondoren El Salvadorrera. Irakasle aritu zen San Carlos Unibertsitatean eta America Institutuan. Mexikon argitaratu zuen «Goldaketan» (1946), bere lehen poema liburua.
Euzko-Gogoa 1949. urteko abenduaren 26an Guatemalako Postan erregistratu zuen Zaitegik, 739 zenbakiaz, handik mundura banatua izateko. Orduantxe inprimatu zen lehen alea (Hispania inprimategian) eta 1950ean kaleratu. Helbidea: 6 Avenida Norte 11, Guatemala C.A., 624 postakutxa. Urteko harpidetza: 10 dolar.
Euzko-Gogoa bereziki literaturaz arduratuko zen, baina baita ere arteaz, musikaz, filosofiaz, historiaz, linguistikaz... Itzulpen-lan garrantzitsu askoak ere bertan kaleratu ziren: Shakespeare, Zizeron, Virgilio... Euskal kultura modernoaren euskarazko agerkari garrantzitsuenetakoa bihurtu zen.
Zuzendaria Jokin Zaitegi izan zen beti. Lehen sei hilabeteetan Orixe izan zuen lankide nagusi (Argentinatik joanda). Orixek aldizkariko lana utzi eta gero (lankidetza ez), Andima Ibinagabeitia elkartuko zitzaion, Guatemalan, 1954an. Zaitegiren «lankide-buru» izango da Ibinagabeitia ordutik aurrera. Gainontzeko lankideak (eta harpidedunak) erbestean zituen Hego Euskal Herrian hainbat: Venezuela, Argentina, Frantzia, Txile...
Euzko-Gogoak bi aro izan zituen: Guatemalakoa lehena 1950etik 1955era (1953. urtean argitaratu gabe egonik) eta Miarritzekoa 1956tik 1959ra bigarrena.
Lehen aro horretan 27 zenbaki kaleratu zituen: 7 1950ean, 6 1951n, 6 1952an, 5 1954an eta 3 1955ean. Folioaren neurriko formatokoak dira aldizkariak (nahiz eta neurria aldatzen den), eta lodiera desberdinekoak.
1955eko amaieran Jokin Zaitegi Euskal Herrira itzuli zen, eta Euzko-Gogoaren bigarren aroa hasi Miarritzen. Intxauspe Etxeko Lanak ageri dute ale guztiek azalean (behean) eta Baionako Darracq-en inprimatuko da beti. Formato txikiagoan, denak neurri berekoak izango dira eta, zenbaki pare bat salbu, orrialde kopuru bera izango dute.
Bigarren aro honetan 17 zenbaki kaleratu zituzten (6 1956ean; 5 1957an; 4 1958an eta 2 1959an). Azken zenbakiak 1959ko martxoa-ekaina data dakar aldizkariarentzat, baina aitortzen du 1960ko uztailean inprimatua izan dela. Izan ere, bai Guatemalako aroan zein Miarritzekoan arazo ekonomikoak eta banaketakoak handiak izan zituzten.
Hortxe amaitu zen 44 zenbaki eman zituen aldizkari honen ibilbidea. Ez, ordea, arrastoa. Oso luzea eta inportantea da Euzko-Gogoan parte hartu zuten idazleen zerrenda, gerra aurrea, erbestea eta gure literatura modernoa lotzen dituena.
Honatx horietako batzuk: Orixe, Jokin Zaitegi, Andima Ibinagabeitia, Nemesio Etxaniz, Jon Etxaide, Antonio M. Labaien, Salbatore Mitxelena, Bedita Larrakoetxea, Bingen Ametzaga, Manuel Lekuona, Jesus Insausti, Jesus Mari Leizaola, Sorne Unzueta, Santi Onaindia, Sebero Altube, Polikarpo Iraizozkoa, Etienne Salaberry, Frantzisko Etxeberria, Andoni Urrestarazu, Jaime Kerexeta, Federiko Krutwig, Jon Mirande, Juan San Martin, Txillardegi, Gabriel Aresti, Txomin Peillen...
Aldizkariaren funtsaz eta izan zuen garrantziaz segidan datorkizu Joxan Elosegik prestatutako aurkezpena.
Horretaz gain, Euzko-Gogoaz jakiteko oinarrizko bibliografia bat ere baduzu amaieran. Bibliografian aipatzen diren Joseba Intxaustiren artikuluak webgune honetan bertan irakur ditzakezu.
Bibliografia
-
Velez de Mendizabal, Joxemari: Iokin Zaitegi, Egile Editore, 1981
-
Intxausti, Joseba: Zaitegi eta «Euzko-Gogoa»;«"Euzko-Gogoa"-ren lankideak» (in Jakin aldizkaria, 12. zenbakia, 1979ko urri-abendua) eta «Hamar urteko lana (1950-1959)» (in Jakin aldizkaria, 13. zenbakia, 1980ko urtarril-martxoa).
-
Iztueta, Paulo: Erbesteko euskal pentsamendua, Utriusque Vasconiae, 2001
Nolanahi ere, aldizkarian
bertan eta protagonista izan zirenen idatzietan aurki daiteke
informaziorik osatuena. Orixeren idatzi eta gutunetan (Orixeren
idazlan guztiak, Etor), Andima Ibinagabeitiaren idatzi
eta gutunetan (Andima Ibinagabeitiaren idazlan hautatuak,
Pako Sudupek prestatua, Elkarlanean 1999, eta Andima Ibinagabeitiaren
gutunak; Erbestetik barne-minez, Patri Urkizuk prestatua,
Susa, 2000). Interesgarriak dira, halaber, Joxe Azurmendik idatzitako
Oraingo gazte eroak (Enbolike, 1998), eta Pako Sudupek
garai hartako idazle eta eragileez idatzitakoak (Nemesio Etxanizez...).
Informazioa ere badakarte, halaber, Javier Diaz Nocik euskal prentsaz
eta kazetaritzaz egindako lanek.
|