L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
   G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua

 

                   - ALDIZKARIA ALEZ ALE

                   - BILATZAILEA

 



 



Sarrera


Egileak

Izenordeak

Euskaratutako egileak

Estatistikak


Orain eta ez gero
        Joxan Elosegi


"Euzko-Gogoa"-ren lankideak
        Joseba Intxausti

Hamar urteko lana (1950-1959)
        Joseba Intxausti


 

Orain eta ez gero

 

Joxan Elosegi

 

        1950eko urtarrilean sortu zen Guatemalan Euzko Gogoa, 1950. urteen hamarraldi osoa ezagutuko zuen kultura aldizkaria, euskara hutsean idatzia. 1959. urtean argitaratuko zuen azken zenbakia. Gisa honetako agerkariez eta, bereziki, literatura aldizkariez mintzatu behar dugunean, gurekin egon ohi da honako edo harako kazetak eduki zuen garrantzi handiaz hitz egiteko tentazioa. Eta xirika bakean uzten ez gaituen tentazio horretara makurtzen gara ez gutxitan, adierazitako guzti-guztiak arras egiazkoak ez direla jakin arren. Iraupen laburreko saioak izaten dira maiz agerkari horiek, bolada batek ekarri bezala beste batek alde eraginikoak, negu hotzean hats bafada beroa bezain ilaunak batzuetan, hilekoaren erritmoari nekez eusten diotenak —ezta nahi ere, esango dizute gehienek—, bizpahiru urteren itzuliak betiereko ospearen bidean paratzen dituenak... Euskal kultura agerkariez ari naiz, jakina, ez dakit besteen berri. Badira, ordea, salbuespenak, argudiatu dit beste hainbatek. Arrazoia, badira salbuespenak, eta horrelakoetan monumentu bilakatu ohi zaigu tentazioa, ukitu ezin den monumentua. Horra tentaziotik tabura doan bide laburra.

        Bizi edo ezagutu ez dugun iraganeko gauza atseginen batekin topo egiten dugunean, kopeta argitu eta, neandertal gizagaixo haiei buruz ia guztia dakiten arkeologoen ausardia berberaz, saiatzen gara gu ere iragana aurkikunde berriaren kandelaz irakurtzen. Humanoa jokaera. Eta berriro ere, tentazioz beterik datorkigu kandela. Zer egin tentazioaren aurrean? Zurruntasun kristauan heziak garenok txikitatik hasi gintzaizkion Jainkoari tentazioan erortzen ez uzteko eskatzen... Bidea egin beza, bada, tentazioak, gure haurtzaroko larrialdirik eta estuasunik gabe. Usadioak agindu bezala, alde edo kontra hasiko gara halako batean, hau eta beste esanez, unean uneko xaxaldiei men eginez... Normala baita tentazioaren aurrean erortzea. Saia gaitezen, ordea, beste zerbait adierazten, beste hori ere esaten. Hutsa litzateke nik eta orain Euzko Gogoa egundainoko aldizkaria izan zela esatea, hala izan zen arren. Interesgarriagoa dateke, nik uste, euskal kulturaren mundura jaio ginenean eta ondoko urteetan —1970. eta 1980. urteetan ari naiz— gu sortu ginen hamarraldian —1950. urteetan oraingoan— plazaratu zen aldizkari hura bera zergatik ez zen egundainokoen artean aintzat hartzen jakitea. Eta saiatuko naiz —eskas gertatzeko beldur handiz, egia aitor dezadan— auzi horren inguruan argibide batzuk ematen. Izan ere, zeharkako aipamen eta errebeseko juzku ilunen artean, ezkutuan eta ezjakinean eduki dugu —ez da hau inor errudun egiteko garaia— Euzko Gogoa

 

        Euzko Gogoa, gerra galdutako euskaldunen aldizkaria

        Arestian aipatu bezala, Guatemalan argitaratu zen lehenik Euzko Gogoa. Erbesteaz hitz egin beharra dago, beraz. Aldizkariaren egile, eragile eta sustatzaile garrantzitsuena, Jokin Zaitegi Plazaola apaiz arrasatearra, Francoren erregimenak baino, Elizak ezarri baitzuen erbestean, Euskal Herritik kanpo, faxistek gerrari ekin aurretik ezarri ere. Kronikariek kontatu bezala, Hego Amerikako hainbat tokitan sakabanatu zituzten jesuiten buruek Zaitegi eta beste hainbat lagun 1929an, apaiztu baino lehenago, euskaltzaleak zirelako. Apaiz huts bihurtu nahi izan zuen geroago, askeago jokatu ahal izateko. Bestalde, Zaitegik ez zuen gerra zuzenean bizitzeko aukerarik izan, Belgikako seminario batean eduki baitzuten agintari jesuitek urte haietan. Baina gerra galdutako euskalduna zen bera ere, horratik: areago, erraz frogatuko du Euzko Gogoa aldizkariak eginiko bideari oharturiko edozeinek nekez onartuko zukeela Zaitegik aldizkarian bestelako inor. Ez zen horretan halako hautsi-mautsitan hasteko aukerarik. Euskararen izenean ateak nornahiri zabaltzeko prest zegoen arren —eta Euzko Gogoa bera dugu nortasun horren erakusgarri gardena—, irmo eta zurrun jokatu zuen beti euskara eta euskaldunen etsaien aurrean.

        Horrez gainera, ezinbesteko hautua izan zen erbestea. Jokalekua Euskal Herria zen, jakina, baina hegoaldean frankismoak ez zuen deusetarako betarik ematen. Eta iparraldean? Erdaraz ohitutako dinamikak baizik ez zuela balio ematen zuen iparraldean, zer esanik ez Parisen. Bost urte zeramatzan Zaitegik Guatemalan goi mailako irakasle Euzko Gogoa proiektuari ekin zionean; poltsa isila hazi xamarra zuen orduan, irakaskuntzak emaniko mozkinak eta, Orixeri eskuartean zerabilen egitekoen berri eman zionean. Bizibidea emango zion, idaztea truke, eta baietz Orixek, lagunduko ziola. Horrenbestez hasiko ziren lanean.

        Erbesteak, azkenik, zentsura frankistaren —eta autozentsura garratzago baten— atzapar latzetatik urrun lan egiteko aukera eman zion Zaitegiri inolaz ere. Arazo handiak izan zituen Euzko Gogoa aldizkariak banatzeko orduan, poliziaren eskuetan gelditu ziren sail asko, eta ez zen erraza Hego Euskal Herriko idazleak eta idazleen lanak koordinatzea. Nolanahi ere, aldiro esan beharrekoak esanda ere, Euzko Gogoak ez zien inoiz zuzenean aurre egin agintari frankistei, bai ordea, euskararen etsaiei —ez ote dira berberak, argudiatuko dit hainbatek—, eta horien artean leku berezia eduki zuen, Euzko Gogoaren hamar urteetan, Elizaren hierarkiak. Ohar txiki bezain garrantzitsu bat egin beharra daukat. Salaketa horiengatik guztiengatik ere, beste inor baino bortizkiago zurratu zituen Euzko Gogoak etxekoak —erbesteko buruzagi abertzaleak, euskararen geroaz ustez arduraturik zeuden pertsona eta erakunde batzuk, Euskaltzaindia bereziki, eta, oro har, euskaldun guztiak— beste «kanpoko» horiek guztiak baino. Euskaraz mintzatu, bizi eta aurrera joko zuen herria hartu baitzuen gogoan hasiera-hasieratik Euzko Gogoak.

 

        Euzko Gogoa, euskaraz jaio, bizi eta hil

        «Eztitan gaude anai berri bat Donosti aldean sortu zaigulako. Eta nolako anaia, alajaña! Badugu zertaz poztu erakutsi ditugun bideak alperreko gertatu ez diralako. «Euzko-Gogoa» ren elburua euskera izan da sortu zan ezkeroztik, euskera mailla guzietarako, euskera literatura alor guzietarako, eta euskera soilik. Literatura esatean, idaz-mota oro artu nai ditugu itz orren barnean.» (Euzko Gogoa, 1955'go Epailla-Iorrailla)

        «Egan» zebilen ozkarbi urdina ilun agertu zaigu (1956) 5-6'garren banakoan. Aldizkari ori erabateko euskaldun bilakatu zanean, gure anai berriari zorion-agur laztana egin zion gure «Euzko-Gogoa»k luze bezain zabal, baita gure iritzi apala aman ere. «Egan»ek, berriz, dakigunez, lenengoz oraintxe aiputan artu gaitu ata beltza egin digu.

        Bigarren agerraldiko «Euskera»ren lenengo banakoari buruz bere iritzia eman zun U.'k. Okerrean ezpagaude, bere lantxoan auxe adierazi nai zien Euskaltzaindi'ari ta bertako euskalariei, beren lanak euskeraz emateko beraren aldizkarian, alegia. Euskaltzaindia'ri ta zenbait euskalariei ori eskatzea, ordea, ONU'ri ta Einstein edo Fleming'i beren erabaki ta asmakizunak euskeraz emateko eskatzea bide da: zentzugabekeri ta quijotekeri utsa, alegia. Ori dala-ta, U. ori astinduka darabil Mitxelena iaunak, eta iseka ta ista onik egiten du bere buruaren pozetarako ta irakurlearen saminetarako.» (Euzko Gogoa, 1956 gko. Orrila-Garagarrila)

 

        Urtebete igaroak ziren bi aipamen horien artean. Ongi etorri egin zion lehenengoan Euzko Gogoak Egani, bazterturik eta engainaturik sentitu denaren mina azaldu zion bigarrengoan. Izan ere, agerkari bata eta bestea plazaratu zituzten pertsonaien bizia bezain paraleloak izan ziren aldizkariak berak, ez gehiago ez gutxiago. Ordua iritsia zela zioten etengabe Zaitegik eta Andima Ibinagabeitiak; begira, tenorearen begira, zegoen Koldo Mitxelena. Bi aldizkari, bi proiektu, bi pentsamolde, bi jokamolde... hil zorian dagoen hizkuntza bakar batentzat, eta auziaren muinean... Euskaltzaindia? Ez, euskara, hau da, euskaldunon hizkuntza.

        Arestian adierazi bezala, Orixeri deitu zion Zaitegik laguntzeko, ikasleak maisuari nolabait esan. Itzal handiko gizona eta idazlea zen aspaldidanik Orixe euskal letren munduan, idazle aparta, teologia gaietan eta liburu sainduetan aditua, hizkuntza klasikoak egoki menderatzen zituen, ospe handiko itzulpenak eta liburuak egina zen, euskara, herriarena eta tradizio idatziarena, gutxik bezala ezagutzen zuen, baina filologian eta, oro har, hizkuntzalarien gaiei loturiko antzean galtzen zuen bestetako distira hura, oso anarkikoa zen bere proposamenetan, zurrunbiloan zetozkion ideiak ezin ordenaturik zebilela ematen zuen askotan, zenbaitetan ohar ezin zehatzagoak eta zorrotzagoak egin zituen arren. Bestalde, aurkari latza zen edonorentzat Orixe lumazko norgehiagoketan, eta haren miresle nahiago izan zuten gehienek, oilo bipilduen antzera gertatu baino. Bizi zelarik, aurrez aurre heltzeko tentazioari eutsi zion beste hainbatek, horra Mitxelena. Ideologia integrista zen Orixeren beste osagarri nagusia: Euzko Gogoak argitara eman zituen hainbat eta hainbat testu irakurri eta gero, uste izatekoa da ez zela Orixe horren gozoa egongo aldamenekoekin haien berri jakindakoan. Baina, ikusiak ikusita, lupuak eta luhartzak irentsi behar izango zituen, ezinbestean, behin baino gehiagotan Ormaetxea zaharrak.

        Euskara batua eta, Orixeren ideiak eta, hartu dituzte batzuek ahotan ez dakit zer esateko. Euskararen eta euskal kulturaren bilakaerari buruz ari direlarik, euskara batuaren aldeko lasterketa-garaia izan balitz bezala hartzen dira gerra ondoko urteak, frankismoko urteak hain zuzen ere, hizkuntzaren, eta hiztunen, errepresioa eta zapalkuntza bera alde bat utzirik ez gutxitan. Lasterketa hartan, espero zen bezala, gazteak nagusitu omen ziren, Mitxelena eta Euskaltzaindia gidari. Orixek eta Orixezaleek —zaharrek, alegia— galdu omen zuten buruz burukoa. Izugarria! Errepara biezaie irakurleak Zaitegi eta Ibinagabeitiaren lan dotoreei (bederatzi urte zaharragoak ziren hauek Mitxelena baino; alde bat utz dezagun ordea datu hau): zertan urruntzen da haien euskara egun batutzat hartzen den hizkuntza moldetik? Bizkaiera zuten biek ama hizkera eta, batasunaren alde, etxeko moduak utzi eta, Azkueren «gipuzkera osotuaren» bidetik, egungo hizkuntza estandarretik oso hurbil dagoen euskara moldea erabili zuten idatzietan. Errepara biezaie irakurleak Orixeren poema zalu eta artikulu beti interesgarriei: zer gertatzen zaigu horren arrotz harenean, lekuz kanpoko iritzi eta proposamen bitxi eta, zenbaitetan, egiaz xelebre batzuk izan ezik? Non ote dago, bestalde, Orixeren neurririk gabeko garbizalekeria hura? Irakurleak berak atera bitza kontuak, zernahirekin egingo du topo Euzko Gogoa aldizkarian, baina ezin ukatuko du inortxok ere, Zaitegik eta lagunek euskara batuaren alde eginiko lan handia bezain zuhurra. Behar baino lehenago iritsi ziren nonbait, ez bide zien euskara batuaren kukuak ordu egokian jo.

        Baina bazen besterik. Jokin Zaitegik eta Andima Ibinagabeitiak eskuartean hartutako proiektuaren arabera, berandu zen beti, ez zegoen gerotik gerora ibiltzeko aitzakiarik, euskara zen Euskal Herriaren hizkuntza, euskararik gabe ez zegoen deus ere, eta euskara urritzen ari zen, are negargarriago: euskararen etsaien aurkako saio guztiez gainera, euskaldunak berak ari ziren euskara baztertzen, politikari abertzaleak berak ere erdarari emanak ziren eskuarki, eta erdaraz argitaratzen zituzten euskaltzain eta «euskaralari» askok beren artikuluak, baita euskarari buruzkoak ere. Erremediorik gabeko diglosia egoera latz hartan, euskara hutsezko jarduna han eta hemen bultzatzea, amore ez ematea, euskararen kontrako erasoak salatzea... zen bide bakarra. Ez zegoen epe ertain/luzeko proiektuetarako astirik, euskararen salbazioa unean uneko belaunaldiaren luza ezinezko zeregina dela uste zuten euzkogogoarrek: gurasoak ez badira euskaraz mintzo, nekez eutsiko diote seme-alabek hizkuntzari; egun egin dezakeguna ez badugu egiten eta, oinarrian, ahal dugun guztietan euskaraz bizitzea da gure eskumenean dauden gauza bakarrenetako bat, nekez egingo dute gure ondoko belaunaldiek. Horrelako zerbait zeukaten gogoan Euzko Gogoan idatzi zuten askok. Beste batzuek, aldiz, egunoroko mintza-gudu horri astunegi edo alferregi iritzirik nonbait, euskara jantzi eta hornitu beharra hartu zuten egiteko nagusitzat. Ez zeuden, jakina, bi pentsamoldeak horren urrun elkarrengandik, bai ordea jokamoldeak, eta garra eta grina zenak batzuengan patxada eta egonarria zirudien besteengan:

 

        «Ederki dio gure anai berriak: «Oiñarriak leenago dirala tellatua baiño, baiña tellaturik gabe etxe-barrena ta zimenduak berak ere usteldu egiten dira azkenean». Itsu ez den edonork ikus lezake tellaturik etzeukalako ormak eta zimenduak ere euskal iauregiari pitzatu zaizkiola.

        Zeru-sapaia bear luke euskal-elertiak, izar bakoitza Iainkoak eman dion argia oparo ixurtzen, ez oro artizar, ez oro eguzki, bakoitza bere erlantzez, euskera apaindu ta gaitzen baizik. Orra euskal-iauregia iasotzeko bide bakarra; zimenduz ta teillatuz tinkoa gaiñera.» (Euzko Gogoa, 1955'go Epailla-Iorrailla).

 

        Tenka hori bera bizi dugu oraindik ere, eraiki nahi dugun 'iauregiko' teilatua eta zimenduak auzitan. Teilatugileek, arrakastaz jokatu zuten egokitu zitzaien unean —hor dago «euskara batuaren» tantoa—, baina akademiak berez ez dira aski hizkuntzari eusteko, eta akademikoegia da oraindik ere euskararen ingurua. Bestalde, zimendurik gabeko etxez mintza gintezkeen arren, askoz errazago aipatuko ditugu, inolaz ere, teilaturik gabeko etxeak. Euzko Gogoa sortu eta hil ondoko hamarraldian, 1960. urteetan, hasi ziren, ari eta ari, ikastolak han eta hemen pixkana-pixkana zabaltzen. Lorpen handia, ikaragarria, inolaz ere. Alabaina, beren seme-alabengan utzi zuten garai hartako gurasoek euskararen geroa, seme-alabak salbazio horretarako prestatzeraino iritsiko zen belaunaldi ukatu haren egitekoa. Eta lehengo horretan diraugu beti ere. Euzko Gogoak ez zuen horrela jokatuko, ez zen belaunaldi joko horretan sartuko, ez zen geroko ustean eta ametsean geratuko. «Jakina —esango, dit uste gaiztoko hainbatek— apaizek ez dute seme-alaben kezka handiegirik izaten». Bego, baina tenka horretan bizi gara egun ere. Betikoz?

 

 

        Euzko Gogoa, saski-nahaski

        Apaizak eta ingurukoak izan ziren Euzko Gogoa aldizkariaren egile eta bultzatzaile nagusiak. Apaizak ziren, halaber, irakurle, kolaboratzaile eta zabaltzaile gehienak eta, espero zen bezala, apaizen gaiak, moduak eta ideologia nabarmendu ziren haren orrietan. Arestian gogorarazi dudan bezala, ordea, bestelako gaiak eta ikuspegiak ere onartu ziren Euzko Gogoan euskararen izenean. Gure artean arrakastaz hedatu den usadioaren arabera, aurrerakoitzat jo izan dute batzuek Egan aldizkaritik hurbil ibili zen jende multzoa, Arrue frankista tartean egon bazen ere, eta atzerakoi bihurtu, ezbairik gabe, Euzko Gogoa agerkaria, hartan idatzi zuten batzuei darien usain integrista inolaz ere ezin eraman den horietakoa delako, tartean Gabriel Aresti egon bazen ere. Errealitateak beste zerbait erakusten digu, ordea, irakurleak frogatu ahal izango duen bezala.

        Berrogeita hamahiru urte igaro dira dagoeneko Euzko Gogoa itzali zenetik eta aspaldian ez da gure artean molde horretako aldizkarietarako zaletasun berezirik. Literatura aldizkaria zen batez ere, baina sarrera egiten zien beste arlo batzuei: filosofia, historia, iritzia, ... Bi sail nagusitan banatzen zen formari dagokionez, Itz neurtuz eta Itz lauz, eta aldizkariaren bultzatzaileek, Zaitegik eta Ibinagabeitiak, berentzat gordetzen zituzten hasierako eta bukaerako orriak: aldizkariaren ildo «ideologikoa» zehazten zuen hasierakoak («Atarikoa») eta molde askotako iritziak plazaratzeko beta izaten zuten bukaerakoetan, liburu, agerkari edo argitalpen berrien iruzkinak egiterakoan esate baterako. «Irakurlearen txokoa» zeritzan atalak ematen zion azkena zenbaki bakoitzari, handik eta hemendik jasotako ohar, iritzi eta gutun laburren berri emanez.

        Literatura lanetan, olerkiak izaten ziren mahai aurreko eta hitz lauz eginiko lanak etortzen ziren ondoren. Era askotako artikuluak ziren, dibulgazio mailakoak haietako asko (filosofiaren historia, euskal literatura, ...), eta berebiziko garrantzia zuten halaber itzulpenek (Grezia eta Erromako literatura klasikoa, Shakespeare, ...). Lanak jaso bezala argitaratzen ziren —hala dirudi, behinik behin— eta, beraz, nork bere euskalkian edo hautazko euskara moldean ari izan zenez, zernahirekin egingo du beharbada topo irakurleak. Nolanahi ere, zuzendaritza taldeak eta aldizkariko ohiko idazle gehienek hizkuntza molde bakar bati eutsi zioten, serio eta zintzo, urte eta zenbaki guztietan.

        Nik dakidalarik, ez dago Euzko Gogoa aldizkarian barne-zentsuraren arrastorik, baina ez litzateke harritzekoa izango noizbait haren berri bagenu. Saski-nahaski handia izan bazen ere, garbi dago kristau ideologia integrista indartsu azaltzen zela aldizkariko orrietan, eta idazle batzuen gaiak eta moduak (Krutwig, Mirande,...) ez ziren horren onarterrazak izango. Euskaraz idazten zena zabaltzea izan zen Euzko Gogoaren helburu nagusia:

 

        «Dana dala, negarrez ta parrez ari geranetan, euskeraren oraingoa ta etorkizuna dugu biotz-burutan. Zuzen ala oker, euskerarekin bat eginda egon nai genuke, gure erriaren gogoa ortantxe mamiturik ikusten baitugu batez ere. Mintzabide soila eztugu euskera, gure gurasoen gurasoek beren biotz-ezpainetan birloraturik zerabilten izkera baizik: abendaren odolez igortzia ta aren gogoaren arnasez lurrindua baitago, mun eginda erabiltzekoa dugu.

        Ori dala-ta, euskerak aurrerarik egin dunean, txaloka asi gera ta orrela iarraituko dugu gure euskal-idazleak arrotuz, oiek baititugu gure erriaren eta gure euskeraren aldeko gudari berriak, egunero, orduoro, uneoro, nork bere kitatxoan, lanean ari diran euskaldun beinenak.» (Euzko Gogoa, 1955'go Epailla-Iorrailla).


        Baina euskal mundu zabalaren berri ikasten hasi ginenean euskararen akademiko berriak etorri zitzaizkigun, euskara batuaren araudi liluragarria galtzarbean zekartela, hau eta beste esanez euskara hil zorian eduki zuen gudu latz luze bukatu berri bati buruz, eta guk gure erriaren eta gure euskeraren alde egunero, orduoro, uneoro, nork bere kitatxoan, lanean ari izan ziren gudari berri eta euskaldun beinen haienik ia deus ere jakin gabe gelditu ginen.

        Orain ez dago aitzakiarik. Baztertu egin genituen Zaitegi eta Andima, baina gaurgero ez dugu aitzakiarik. Orain, orain, orain...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.