Munduko Poesia eguneko manifestua
Irina Bokova

Munduko poesia eguna, 2014
armiarma.eus

 

Urtero bezala, poesia  kultura eta hizkuntzaren adierazpide nagusi gisa bizirik mantentzen duten guztiak omendu gura izaten ditu UNESCOk. Askatasunari aldarria da poesia, sorkuntzaren bitartez nortasuna bermatzen duena. Poesia, gure sentimendu sakonenen kantua ere bada: "konturatu barik, emozioak sortzen duen berba oro da poesia" bota zuen João Cabral de Melo Neto poeta eta diplomatiko brasildarrak. Bere hitz eta erritmoarekin, poesiak gure bake ametsak irudikatzen ditu, justizia eta duintasuna, eta beraien alde borrokatzeko indarra eta gogoa ematen dizkigu.

Munduko herri guztiek garatu eta landu dute poesia formaren bat, bai ahoz bere ezagutzak partekatzeko, mito eta historiak azaltzeko —Vedak eta Ramayana Indian, hebreoen Biblia, Iliada eta Odisea Grezian eta beste hainbat erlijio edo filosofia idatzi—, sentimenduak adierazteko, eguneroko bizitzaz mintzatzeko, egoera latzei aurre egin edo jostetarako. Egun, poesiaren molde garaikideek, hasi grafititik eta slam errezitaletara, gazteenak ere murgiltzeko aukera eskaintzen dute, berrituz, eta sorkuntza espazio berriak irekiz. Moldeak aldatu arren, bulkada poetikoa hor dago. "Pertsona orok barnean daraman musika" gisa azaltzen zuen Shakespearek poesia, eta zenbait mende geroago, Herbie Hancock jazz musikariak, UNESCOren Borondate Onaren enbaxadore denak eta 2014an Harvardeko Uniberbitsatean Poesia irakasle izendatu dutenak, "Miles Davisen jakintza" irakurriko du jendaurrean, musika, literatura eta poesiaren arteko kidetasunak gogora ekarriz.

Pertsonen espirituaren sakoneko adierazpen gisa, arte unibertsal moduan, poesia elkarrizketa eta hurbilketarako tresna da. Hizkuntzaren adierazpenei sarbide emanez, poesiaren hedapenak kulturen arteko elkarrizketa eta ulermena ahalbidetzen ditu. Nabarmena da herriek kultur ondarea, ama hizkuntza eta kultur aniztasuna bizi eta ospatzeko duten gogo bizia, eta poesiak oso zeregin garrantzitsua dauka horietan guztietan. Horregatik, idazleak, itzultzaileak eta oro har poesia lantzen dutenak sustengatzera dei egiten du UNESCOk, ederraren atseginagatik eta bakerako pizgarri izateagatik.

 

World Poetry Day

 

Munduko Poesia eguneko manifestua
Irina Bokova

Munduko poesia eguna, 2014
armiarma.eus