Portusoloko zina
Jose Luis Otamendi

2015eko Eako Poesia Egunetan irakurritako poema.
armiarma.eus, 2019

 

Ean nago
erreka honen ondoan
etxe arte honetan:
eta herri hau nirea ez dela jakinda
nire herriko lur gainean nago
nire herriko itsasoaren aurrean
orain mintzo garen hizkuntzan ibili nabilelarik
zuen guztion aitzinean
nire mintzo hau aditzeko gai diren guztien agerian
eta hitzok ulertu ezin dituzten asko akorduan ditudala
deklaratu nahi dut
zin dagit
maite dudala poesia
maite ditudan kausak eta jendea
egoki maite izaten asmatzen ez dudalako
maite dudala poesia
batere maite ez ditudan pertsonak eta gauzak
maite ez dudan poesia barne
ez maitatzen doiago eta hobeto ikasteko gogoz

zin dagit hemen esandakoak
ez direla pausatuko soro honetan
ez zaiela muskilik erneko
ez direla ez harri ez horma ez ubide bihurtuko
zin dagit hitzak
hizkuntza aldiro berritu batean
arnasarekin borrokarekin amodioarekin
heda daitezen saiatuko naizela neure aldian
zin dagit poesia mundukoak eta mundua
konprenitzeko tresna ez bada alferrik dela niretzat
ez dudala ezeren apaingarri gisa behar
ez dudala ezertarako nahi
ez naizela poesiagura

Ean nago
erreka honen ondoan
etxe arte honetan:
nire herriko lur gainean nago
nire herriko itsasoaren aurrean
eta aldarri egiten dut
hemen poesiarik bada
poesia hori ez dela ez nirea ez besterena
poesia ez baitaiteke inoiz inorena izan
ez bada denon eskura eta denon ahora dagoen ondasuna
eta orain mintzo garen hizkuntzan ibili gabiltzalarik
zuen guztion aitzinean deklaratu nahi dut
poesia maite dudala ederraren alde
biziaren alde eta gezurraren kontra jartzen nauen neurrian
horiek direla nire poesiaren neurriak

zin dagit
herriak eta harriak
askeago egiten saiatzen den poesia maiteko dudala
kabitu ez baina jendea bere tamainara dakarren poesia
jendea larrain bat edo etxe arte batera dakarrena
jendea bere arazoetara bere gabezien hegira
jendea bere biluztasunera eta bere esperantzaren muinera
dakarren poesia aldeztuko dudala azkeneraino
zin dagit

zin dagit
eta hala deklaratzen dut gaur
Ean
erreka honen ondoan
erreka honen ondoan eta
zuen guztion aurrean


 

Portusoloko zina
Jose Luis Otamendi

2015eko Eako Poesia Egunetan irakurritako poema.
armiarma.eus, 2019