Manifestu atzeratua
Gure herriak ez dauka historiarik. Pobrea da. Ez dauka pirata koxkor pare bat langile sufritu batzuk, muga zentzugabe asko, mila zorigaizto besterik. Ez da gutxi. Euri gortina batek ixten du gure kalendarioa. Ez, ba, bilatu historia unibertsalen liburu handietan gure inperiorik.
Aginako zero bat zen gure inperio guztia.
Eta euskalduna konforme zegoen. Eta libre izan nahi zuen.
Baina libre izatea gauza ikaragarri zaila da Marx bat edo 1789 bat izan ez duen herri zorigaiztokoarentzat. Zerekin pagatu behar du?
Ikaragarri zaila da. Ze guk ez daukagu pirata pare bat, langile on batzuk, muga txar gehiago eta holako zerbait besterik. Kalderilla hutsa.
Baina libre izan nahi dugu, zer kulpa daukat nik. (…)
Eta San Inazioren, Xabierren, Txurrukaren eta Elkanoren eta Habeas Corpusen eta nik dakit noren gomendio guztiak biltzen eta banatzen saiatu zaizkigu gure kausaren abokatuok. Libre izateko inoren baimenik beharko balitz bezala. Herri izateko inoren gomendiorik beharko bagenu bezala. Horiek libertaterik ekarriko baligute bezala. Eta ez horiengatik, ezpada guzti horien kontra nahi dugu libre izan historia guztiaren kontra.
Oi, libre izatea eta handi izatea nahasi diguten gureak! Libertatea handitasunarekin edo historiarekin edota agian norbaitek (oi, bi aldiz gaixo!) moralarekin defendatzen digutenak!
Poema txar batean deklaratu behar diot gure gauari ezetz. Goizaren kontra, Gernikako arbolaren kontra eta herriaren alde. Deklaratu behar diot kaleari gure jauntxoak ez direla sekula gure herria izan eta izango.
Gure jendea pobrea da, tristea da. Gure jendea ez da poesia batean kabitzen. Gure jendea ona da. Kulpa gabe hiltzen da, handitasunik gabe bizi da, sekretuan maite du (tabuak errespetatzen ditu), errezatzen du (tradizionalista da) engainatu egin dute, ez da asko fiatzen. Gure jendea bulgaritate hutsa da. Inpresionistek bakarrik pintatu dute. Edozein etnologoren armario batean dago, eskuliburu batean deskribatzen da.
Hau zen nire Gernikako arbola guztia.
(…) Hau guztia esan eta gero ez da faltako oraindik ez dugula maite aberria botako digunik. Aberriaren maitasuna (…) poltsikoan eramango balitz bezala.
Manifestu atzeratua |