Uda gau bat fabrikan III EKITALDIA
Jose Luis Otamendi

Antzezleak: Xanti Agirrezabala eta Haizea Egiguren
Makina zoriontsuak
armiarma.eus 2015

 

(To eta No ohi bezala bizikletan agertuko dira eskenatokira, hautsez goraino datoz eta nekatu antzean bai, baina kementsu hala ere.)

To- Aditu al dituzue horiek? Ederrak kantuak, ezta? Kontu ederrak fabrika bat zaharberritzen hasteko.

No- Tira To, (Publikoari begira eta bere presentziari erreparatuz.) jendea behintzat inguratzen hasi gaituk!

To- (Harriduraz.) Hau jendea al da? (Destainaz.) Eta hauekin egin behar al dugu aurrera?

No- Bai, bai. (Zalantza eginez bezala.) Bai jendea duk, zer nahi duk ba? Dagoen jendea hauxe duk. (Kostata ahoskatuz azken hitz hau.)  Jendea! (Gogoeta eginez bezala.) Nonbaitetik hasi beharko diagu ba? Lehen biok bakarrik geundean, orain sikiera jende mordoxka bat badiagu begira. Batez baino gehiago duk, ezta?

To- Bai ,hala beharko din, bai. Koadrila ederra juntatu gaitun. Ondo pentsatuta, guregana zein arrimatuko dun ba? (Bere baitarako ari balitz bezala baina ozen.) Behintzat inork ez din lan handirik izango gu txakurraren salara bidaltzen, aze jendilajea elkartu garena, fabrika hustua betetzeko lehengai paregabea! (Zeremoniatsu baina burla haizez eta ziniko.) Ongi etorri! Ongi etorri! Ongi etorri denok!

No- Aizak To, nahikoa diagu, e! (Ikusleria seinalatuz eta To-rekin haserre.) Errespetu pixka bat mesedez gure konpainia nobleari!

To- Bai, bai! (Destainaz eta mespretxuz.) Hauek ere nonbaitetik etorri ditun fabrika hutsera, eta geurekin hartu beharko dizkinagu; zer erremedio! (Aldamenera begira etsi antzean.) Besterik ez zaukanagu!

No- Aizak To, konturatzen al haiz zer esaten ari haizen! Ederrak gaudek gu duintasuna fabrikatzen hasteko, ederrak gaudenez! Aurrena geure pentsamendua, aurreiritziak eta hitzak garbitu eta askatu beharko dizkiagu txikito! Hortik hasi beharko diagu, inori errespetua galdu gabe.

To- Bai No, arrazoi dun, itxuragabe ari naun. (Egindako okerraz konturatu eta Nori begira erreberentzia eginez.) Barkatu! (Jendeari begira erreberentzia eginez.) Barkatu! (Ispilu bat atera eta bere buruaren islari begira erreberentzia eginez.) Barkatu!

(Lasaitu egin da bien arteko giroa, biak eskenatokiaren karelean jarriko dira gogoeta bare eta elkarrizketa samurrean aritzeko.)

No- Bale To, badakik, hemen denok zauzkagu geure historia, geure hizkera, geure gabeziak, geure pozak, geure minak…, eta horrekin zaukagu egin beharra geure bidea. Gainera hemen ari gaituk arrazoi ederrak gora eta arrazoi onak behera, eta bitartean arratoiak festa giro betean ibiliko dituk fabrika barruan.

To- Bai No, batzuetan iruditzen zaidan pertsonak ere fabrika hustuak bagina bezala bizi garela. Gorputza eta soina badizkinagu, baina askotan eman behar barrutik hustu egiten gaituztela, deslokalizatuta daukagula geure gogoa, beste nonbait bizi garela, ez garela geure baitakoak.

No- Hala duk To, gu gaur gabiltzan bezala ibili eta burura etortzen zaidak zerk hartzen ote digun guri bahituran arima? Langile jendea, emakumeak, gizonak erosi, alokatu, saldu egin al daitezke? Lan merkatua esaten diogun horrek ez ote luke pertsonen merkatu baino beste zerbait, jendearen neurrirago egindako zerbait beharko? Izan ere, berez hain ederra duk bizitza! Hainbeste gauza zagok elkarrekin banatzeko!

To- Bai No, denok zaukanagu historia bat, eta inportantea dun hori: jatorria, iragana, nondik gatozen jakitea. Denok zaukanagu prehistoria bat, protohistoria bat, posthistoria bat. (Biziagotu egingo da bere jardun modua, eta zutitu egingo da.) Baina horiek guztiek elkar hobeto ulertzeko eta elkartasun bideetara hurbiltzeko ez badute balio, doazela errekara denak! Kokoteraino nagon arazoei aurre egin partez, askok bilatzen dituen ihesbideekin, askotan asmatzen ditugun hainbeste istorio eta kontu zahar eta komeri antzurekin!

No- (Jaiki egingo da.) Behekook elkar hartzen ikasten ez badugu jai zaukagu! Dei diezagutela nahi dutena: deitu moro, deitu ijito, deitu euskaldun edo errumaniar, deitu lesbiana, deitu diezagutela puta edo beltza... Deitu diezagutela nahi dutena! Baina hori bai, egunen batean bat egiten badugu, laster amaituko dituk abandonuaren alde ari direnen gezurrak eta zapalketak.

To- Ni oraintxe bertan hemen nagon hirekin. (Jendeari begiratuz, eta begirunez.) Hirekin eta zuek guztiokin. Ni orain hemengoa naiz, hemen nago, hemen mintzo naiz, hemen nahi dut bizi duin, eta bihar zer egin nahi dudan neuk erabaki.

No- Eta askotan ematen dik atzera begira bizi behar dugula gaur zer nahi dugun izan erabakitzeko. Lepotxo egina nagok hainbeste prehistoriaz, protohistoriaz eta potrohistoriaz. (Gero eta ozenago ari da.) Ematen dik hemen ez dela fabrikarik, hemen ez dela gauzak egiteko indarrik, eta beste garai baten liluran bizi beharra daukagula beti, gaur zer izan nahi dugun ebazteko. Zer dela eta hainbeste Ekain eta hainbeste Danbolinzulo; hainbeste Ezkuzta eta hainbeste Loiola? Zer dela eta hainbeste Munoaundi eta hainbeste Amalda? Zer dela eta hainbeste Irikaitz, bateko Antso eta besteko Pantxo? Ematen dik hemen ez dela museoen, errege zaharren, jauntxoen eta santuen itzala eta arrazoia besterik. Hemen adina harri!, hemen adina herri!, hemen adina hezur!, hemen adina gezur! (Berotzen joan da, suak hartuta dago. Oihu batean amaituko du.) Gora Euskadi neanderthala!!! Zertarako historia? Zertarako oraina? Biba prehistoria! Gora iragana!

To- (No lasaitu nahian.) Baina, zer den No? Hi ez haiz ba holakoa! Lasaitu hadi mesedez! Ez ninan uste fabrika hartzeak hainbeste erasan behar zinanik!

No- (Bareago, arnasa bere onera ekarriz astiro-astiro.) Badakik To, ardura duk, presioa, estresa… Eta batu gaitzakeenaren partez banatzen gaituenari begira jartzea.

To- Ba orain ez zagon ba astirik estres eta depresioetarako. Animo neska, elkarren babesa ez zaigun faltako aurrerantzean-eta. Hemen garbi zagon zer egin behar dugun! Espabilatzen ez bagara fabrikarik gabe, kalerik gabe, barrurik gabe, ezer gabe utziko gaituzten, bakartuta, geure oskol gogorrean bilduta, ez arrazoi eta ez arratoi! Eta bitartean makinak zoriontsu, dirua zoriontsu, baina jendea ez.

No- Hala duk To, guk egin nahi dugun fabrika berri hau horma horien barruan bai, baina hortik kanpora ere bazagok. Eta seguru asko barruan baino kanpoan areago.

To- Baina orain hau, fabrika hau zaukanagu defenditzeko, berriz martxan jartzeko.

No- Bai, ados To.

To- Eta pentsa ezan, jendeak laguntzen digula fabrika huts hau biziberritzen. (Ameslari jarrita.) Ederra izango hunake, No! Baina egun hori iristen denean, tailer honetan zer egingo dugu? Nola osatu gure, (Hitz hanpatuz.) duintasunaren fabrika?

No- Bakoitzak dakiguna, daukaguna emanda, eta behar duguna hartuta!

To- Bai, esatea erreza dun, baina hori nola egiten da?

No- Jendearekin, pertsonekin.

To- Bai, baina nola?

No- Nola? Nola? Nola? Ba elkarrekin lehiatu ordez elkarrekin gauzak egiten ikasita. Makinen zoriona eragotziz, diruaren zorionari trabak jarriz.

To- Niri bost makinak, eta makinen zoriona!

No- Bai, baina akordatu gabe, nahi gabe, ahaztu egiten gaituk pertsonekin.

To- Eta zer da hemen ekoitziko duguna?

No- Ez zakiat baina gauza bat esango diat.Tailer horretan sartzeaz batera, fabrika honetara etortzearekin bakarrik geu aldatzen hasi gaituk, arriskuak hartzea, inguru arriskutsu hauetan aurrera egitea nahikoa izan duk aldaketa martxan jartzeko. Aldatzen hasi gaituk fabrika hustu hau abandonuaren kontra defenditzea erabaki dugun momentutik. To, gu ere aldatu gaituk majo denbora gutxian, ezta? Aldatzen ari gaituk! Dena ari duk aldatzen!

To- Horixe izango dun kontua hortako! Inork ezertarako nahi ez zuen toki bat, ”Inguru arriskutsua” zena, bakardadean eta abandonuan utzitako leku bat, bizitzeko modukoa bihurtzea, berriz martxan jartzea, biziberritzea.

No- Hemendik aurrera, ahazmenaren eta memoria ezaren erresuma izan den hau gure fabrika, gure herria, (Jende aldera begira.) guk guztiok nahi duguna izango duk.

To- Aizan No, eta nekeak hartzen bagaitu, inoiz pott egin eta etsiko bagenu?

No- Ba orduan, gu atzera indarberritu bitartean beste batzuk helduko zietek guk genituen ardurei.

To- Eta zer da ordea hemen, makina hauen artean produzituko duguna?

No- Gauza asko, geuk adosten duguna: lotsa, begirunea, elkartasuna ekoitziko diagu, kontzientzia ekoitziko diagu, adimena eta sentiberatasuna ekoitziko dizkiagu, justiziaren itxaropena produzituko diagu, eta borrokan segitzeko kemena. Eta hori nola egiten den ez galdetu niri.

To- Uste dinat gakoa elkarrengana biltzea izango dela, elkarrekin bat egitea, elkarrekin muturtu eta berriro hastea, behin eta berriz hasi, eta ekin eta ekin, abandonua uxatu arte erabat.

No- Inoiz lortzen badugu makina zoriontsuek baztertutako guztiok, edo gehienok behintzat bat egitea, laster jarriko dizkiagu martxan inguruetako fabrika hustuak, To.

To- Bai, bazagon lana. Zailena egin dinagu.(Gogoa urrunera doakiola.)  Pertsonak gaitun, jatorri, kultura, historia, sexu, pentsaera desberdineko jendea gaitun, eta egitasmoz beteko dinagu fabrika hau: abandonuari kontra egingo zionagu, ezaxola eta hoztasuna desegingo dizkinagu, eta gaur hau eta bihar beste bat, fabrika hustuak geure gain hartzeari ekingo zionagu, geure ekarpena egin behar zionagu duintasunaren ondare unibertsalari.

No- Hori, fabrika martxan topera jendearentzat lanean, eta utikan makinen zoriona!

To- Utikan makinen zoriona!

No- Elkarrekin To!

To- Elkarrekin No!

(Bizikletak hartu eta jende artetik, jende artean desagertu dira biak.)

 

Uda gau bat fabrikan III EKITALDIA
Jose Luis Otamendi

Antzezleak: Xanti Agirrezabala eta Haizea Egiguren
Makina zoriontsuak
armiarma.eus 2015