Ipuinak
Franz Kafka

euskaratzailea: Xabier Kintana
Milabidai, Erein, 1995

 

TXAKALAK ETA ARABIARRAK

 

        Oasian gelditu ginen. Ene bidaideek lo egiten zuten. Arabiar bat, garaia eta zuria, ene ondotik iragan zen; gameluen arduraz aritua zen eta bere atsendenlekura zihoan.

        Belarren gainean etzan nintzen; lo egiten saiatu, baina ezin negikeen; txakal batek urrunean uluka egiten zuen; berriz ere eseri nintzen. Eta lehenago urrun zena, bat-batean hurblldu zen. Txakal aldra batek inguratzen ninduen; urre mate gisako distira zerien eta gero itzaltzen zirèn begiak; arin eta kulunka mugitzen zirèn gorputz lirainak, zigor baten pean hezala.

        Nire atzetik, txakaletako bat hurbildu, ene besapetik pasa, eta ene aurka hestutu zen, ene beroaren bila balebil bezala; gero ene ondoan jarri eta hitz egin zidan, niri begiz begi jarririk:

        —Txakalik zaharrena nauk, alde handiz. Biziki pozten naik azkenean hi agurtu ahal izateak. Esperantza guztiak galduxeak nitian ia, hainbeste denboraz hire zain; ene ama ere hire zain egon zuan, eta haren ama, eta haren aurreko beste ama guztiak, txakal ororen amagana heldu arte. Sinets ezak!

        —Harritu egiten naik —esan nuen, eta egur-meta izekitzeaz ahantzi nintzen, kearekin txakalak uxatzeko—, harritu egiten naik dioanak. Ustekabean besterik ez nauk etorri Ipar urrunetik eta zuen herritik iragaitzaz nabilek. Zer nahi duzue enegandik, txakalok?

        Eta hitz agian adiskidetsuegi horiek adore emanik bezala, enekiko ingurua hertsatu zuten; guztiak arnasestuka ari ziren, ahoa zabalik.

        —Bazekiagu —hasi zen zaharrena— Iparretik hatorrela; eta gure esperantzak horretan oinarritzen ditiagu. Han arabiarren artean topatzen ez dugun adimena aurkitzen duk. Harrotasun hotz horretatik, hik ongi dakianez, ezin atera daitekek adimen-izpirik txikiena ere. Animaliak, jateko hil eta sarraskia gaitzesten ditek.

        —Ez hadi horren goraki mintzo —esan nuen—; arabiar loakartu batzuk dituk hemendik hurbil.

        —Egia esan, atzerritarra haiz —esan zuen txakalak—; bestela, jakinen huke ez diola behin ere munduaren historian txakalak arabiarrari beldurrik izan. Zergatik izanen ginateke haien beldur? Ez al da aski zoritxarra halako jendearen artean atzerriraturik bizi beharra?

        —Litekeena duk, litekeena duk —esan nuen—; ez ditiat epaitu nahi neure eskumenetik hain urrun diren arazoak; aspaldiko etsaitasuna zirudik; odolean egon behar dik; eta agian odolarekin besterik ez duk amaituko.

        —Oso zolia haiz —esan zuen txakal zaharrak; eta guztiek are antsia handiagoarekin aritu ziren arnasestuka; guztiak urduri, geldirik egon arren; haien ahutz zabalei garratz-usain bat zerien, eta hortzak hertsatuz besterik ezin jasan zitekeen—. Oso zolia haiz; esan duan hori bat zetorrek gure antzinako irakaspenekin. Horrela duk; haien odola isurerazi eta borroka amaitu eginen diagu.

        —Oi! —esan nuen agian bizitasun handiegiarekin—; haiek beren buruen alde eginen diate; beren su-armekin milaka hilko zaituztete.

        —Ez gaituk ulertzen —esan zuen berak—; giza baldintza oso nabaria duk hori, Iparrean ere falta ez dena. Ez ditiagu hil nahi. Ez legokek ur nahikorik Nilon gu garbitzeko. Haien gorputzak bizirik ikustea aski duk aire garbirantz lasterka abiatzeko, basamorturantz alegia, gure egoitza horrexegatik duk eta.

        Eta zirkuluko txakal guztiak, horiei bitartean urrunagotik etorririko beste asko gehiturik, musturrak beren aurreko hanken artean sartu eta igurtzi egin zituzten, garbitzeko; hain higuin handia ezkutatu nahi zutela zirudienez gero, jauzi handi bat egin eta handik ihes egiteko gogoa izan nuen.

        —Orduan, zer egiteko asmoa duzue? —galdetu nuen zutik jartzen ahaleginduz; baina ezin izan nuen; bi piztia gazte, hortzekin ene jaka eta eta alkondarari atxekirik zeuden, atzetik; eseririk gelditu behar izan nuen.

        —Heure buztanari eusten zioate —azaldu zuen lasaitasunez txakal zaharrak—; errespetua erakusteko.

        —Aska nazazue! —hots egin nuen, burua bai zaharrarengana eta bai gazteengana txandaka itzuliz.

        —Askatuko haute, jakina —esan zuen zaharrak—, hala nahi duanez gero. Baina pixka bat egonen dituk, sakonki kosk egin dutelako, ohitura denez, eta orain hortzak astiro askatu behar ditiztek. Bitartean, kasu egiok gure eskariari.

        —Zuen portaerak ez naik gehiegi bultzatzen kasu egitera —esan nuen.

        —Ez guri aurpegira bota geure dorpezia —esan zuen berak, eta lehen aldiz bere ahots naturalaren erruki-tonuaz baliatu zen—; piztia gaixo batzuk gaituk, eta geure hortzak besterik ez diagu; egin behar dugun guztirako, onerako eta txarrerako, ez diagu geure hortzak besterik.

        —Tira ba, zer nahi duk? —galdetu nion erabateko abenikorik gabe.

        —Jauna —hots egin zuen, eta txakal guztiek ahausi egin zuten; urrunetik hura nolabaiteko melodia iruditu zitzaidan—. Jauna, mundua bitan banatzen duen borroka hau heuk amaitu behar duk. Hi haizen bezalakoa, halaxerik azaldu ziguaten geure asabek xede hau burutuko zuena. Arabiarrek gu bakean uztea nahi diagu; aire arnasgarria; haien presentziaz garbituriko horizontean begirada galtzea; arabiarrak lepoa mozten dion ardiaren kexa ez entzutea; animalia guztiak bakean hil daitezela; guk garbituak izan daitezen, beste inor hor sartu gabe, haien hezurrak hustu eta zuritu arte. Garbitasuna, garbitasuna besterik ez diagu nahi —eta une honetan negarrez ari ziren, guztiei malkoak jarioz—. Nola pairatzen duk mundu hau, bihotz noble eta barru gozokoa haizen horrek? Likiskeria duk haien zuritasuna; likiskeria duk haien belztasuna; ikaragarri haien bizarrak; haien betzuloak ikustea aski duk txu egiteko; eta besoa jasotzen dutenean, haien galtzarbeetan infernuko sarrera zekusaagu. Horregatik, jauna, horrexegatik, oi jaun maitea!, heure esku guztiahaldunez lagundurik, motz iezaiek lepoa artazi hauekin.

        Eta haren buruaren mugimendu bati erantzunez, txakal bat agertu zen, haien betortzetako batetik josteko artazi txiki batzuk zintzilik zeudela, herdoil zaharraz estalirik.

        —Tira ba, honezkero artaziak agertu dira, eta orain nahikoa da! —hots egin zuen gure karabanako arabiar gidariak, haizearen kontra guregana limurtua, oraingoan bere zigor erraldoiari ziztu eragiten ziolarik.

        Guztiek ihesari eman zioten lasterka, baina nolabaiteko urruntasunean gelditu ziren, elkarri hertsiki atxekirik; piztia horiek guztiok hain multzo zurrun eta metatuan bildu ziren, ezen sorgin-suek inguraturiko abeltaldea zirudien.

        —Hortaz, zeuk ere, jauna, ikusi eta entzun duzu komedia hau —esan zuen arabiarrak, eta barre egin zuen, bere leinuaren seriotasunak uzten zion bezain alai.

        —Hik ere ba al dakik piztia horiek nahi dutena? —galdetu nuen.

        —Noski, jauna —esan zuen berak—; hori mundu guztiak daki; arabiarrik bizi den artean artazi horiek basamortuan zehar ibiliko dira eta gurekin hara eta hona arituko dira azken egunerarte. Europar orori eskaintzen dizkiote helburu nagusia bete dezan; europar oro patuak prezeski igorri diena dela uste dute. Zentzugabeko esperatza dute animalia horiek; ergelak, ergel hutsak dira. Horrexegatik maite ditugu; gure txakurrak dira, zuenak baino ederragoak. Begira, gaur gauean gamelu bat hil da; hona ekarrerazi dut.

        Lau morroi agertu eta gure aurrean gorpu astuna jaurtiki zuten. Ezarri bezain laster txakalak oihuz goraka hasi ziren. Beste horrenbeste soka gaindiezinek erakarririk bezala, hurbildu egin ziren, zalantzakor, gorputzekin zorua igurtziz. Arabiarrez ahantziak ziren, beren gorrotoaz ahantzirik; gorpu kirats haren presentziak sorgindurik zerabiltzan, gainerako guztia borratuz. Jadanik batek lepoari oratzen zion eta lehen haginkadaz aortaraino heltzen zen. Adore handiaz baina parean arrakasta izateko ahalbide oso gutxirekin sute ikaragarriren bat itzali nahi lukeen uhaga hurrupatzaile txiki eta suhar baten antzera, haren gorputzeko gihar bakoitza bere zereginean inarrosten eta ahalegintzen zen. Eta berehala guztiek xede berberari ekin zioten, gorpuaren gainean mendi baten antzera pilaturik.

        Orduan gidariak bere zigor zorrotzarekin behin eta berriro jo zituen, sendoki. Burua altxatu zuten, nolabaiteko harridura liluratuaz, beren aurrean arabiarrak ikusi, zigorra beren musturretan nabaritu zuten, atzerantz salto egin eta halako urruntasuneraino gibeleratu ziren lasterka. Baina harrezkero gameluaren odolak zoruan potxingo batzuk sorteraziak zituen, kea zeriola; gorpua zenbait lekutan zulaturik zegoen. Jada ezin geldi zitezkeen; itzuli egin ziren; gidariak bere zigorra berriro altxatu zuen; besoa gelditu nion.

        —Arrazoia duzu, jauna —esan zidan—; utz diezaiegun beren zereginarekin segitzen; gainera, dagoeneko, kanpalekua jasotzeko garaia da. Ikusia duzu. Piztia miresgarriak, ez da? Eta nolako gorrotoa diguten!

 

Ipuinak
Franz Kafka

euskaratzailea: Xabier Kintana
Milabidai, Erein, 1995