Ipuinak
Franz Kafka

euskaratzailea: Xabier Kintana
Milabidai, Erein, 1995

 

GOSEAREN ARTISTA

 

        Azken hamarkadetan, baraularienganako interesa biziki urritu da. Lehenago negozio ona izaten zen gisa honetako agerraldi handiak antolatzea, aparteko ikuskizun hakar gisa, baina gaur, aldiz, hori erabat ezinezkoa da. Bestelako garaiak ziren haiek. Orduan hiri osoa baraulariaz arduratzen zen; barau-egun berri bakoitzean haien interesa handituz zihoan; guztiek ikusi nahi zuten hura, egunean behin bederen; baraualdiko azkenetan, bazen baraulariaren kaiola txikiaren aurrean egun osoak ematen zituenik ere; baziren, gainera, gaueko agerraldiak ere, horien zirrara suzko zuziez areagotuz; eguraldi oneko egunetan kaiola aire zabalera ateratzen zen, eta orduan baraularia, haurrei erakusten zieten batik bat. Nagusientzat hura txantxa bat besterik ez zen izaten, eta hartan ia-ia modaz esku hartzen zuten; baina haurrek, badaezpada ere eskutik zuhurki lotuta, harriturik eta aho zabalik miresten zuten gizon zurbil hura, elastiko ilunekoa, saihets irtenduna, jarlekua gaitzetsiz, zoruan hedaturiko lastoaren gainean zetzana, eta, batzuetan, kortesiaz agur egiten edo, irribarre bortxatuaz, egiten zitzaizkion galderak erantzuten zituena, edo, agian, burdinen artean beso bat, haren argaltasunaz oharterazteko, ateratzen zuena, ondoren bere barruaren baitara berriz murgiltzeko, inortaz eta ezertaz arduratu gabe, ez eta erlojuaren ibiliaz ere, harentzat hain garrantzizkoa izanik, eta haren kaiolan ageri zen altzari-ale bakarra. Orduan bere aurreko ezerezari begira gelditzen zen, begiak ertirekirik, eta oso noizik behinean edalontzi ñimiño batetik ur-zurrutatxo bat edaten zuen, ezpainak bustitzeko.

        Etengabe berriztatzen ari ziren ikusleez gainera, bazeuden han jagole iraunkorrak ere, jendeak izendatuak (halakoak, eta hori hagitz kuriosoa da, harakinak izaten ziren); beti hiruk egon behar zuten aldi berean, eta haien misioa baraularia gau eta egun zaintzea zen, nola edo halako era ezkuturen batez elikagairik jan ez zezan. Baina hori formalitate hutsa besterik ez zen, jendetzaren lasaitasunerako jarria, horretan adituek txit ongi baitzekiten baraulariak, baraualdi osoan, inola ere, ez eta indarrean ere, ez zukeela janari-apurrik txikiena ere hartuko; hori bere lanbidearen ohoreak galerazten zion eta. Egia esan, jagole guztiak ez ziren hori ulertzeko gai; gaueko jagole-talde batzuek maiz beren zaintzaldia oso azaletik egiten zuten, edozein txokotan berariaz bildu eta han karta-jokoan buru-belarri aritzen ziren, baraulariari atsedenalditxo bat eskaintzeko asmo nabariaz, tarte horretan, haien ustez, batek jakin nondik, janari ezkuturen bat atera ahal zezakeelarik. Ezerk ez zuen baraularia gehiago mintzen halako jagoleek baino; nahigabetu egiten zuten; baraua itzel zailtzen zioten. Batzuetan, bere ahulaldia gainditu eta jagotaldi hark zirauen denbora osoa kantatzen ematen zuen, arnasa zuen artean, jende haiei beren susmoak zein bidegabeak ziren erakusteko. Baina deus gutxi balio zion horrek, orduan haren trebetasuna miresten zutelako, kantatzen zuen artean jaten ere uzten ziona.

        Askoz gurago zituen berak barroteei atxekirik egoten ziren jagoleak, aretoaren argitasun uherrari gutxi iritzirik, enpresariak hartzeko uzten zizkien eskuargi elektrikoen izpiak jaurtikitzen zizkiotenak. Argi biziak ez zion enbarazurik egiten; eskuarki ez zen inoiz loakartzen, baina beti gera zitekeen pixka bat erdi lo, edonolako argiaz, edozein ordutan eta aretoa jendetza zaratasuaz beterik zegoenean ere bai. Horrelako jagoleekin beti egoten zen gaua beilan pasatzeko gertu; haiekin txantxetan aritzeko prest, bere arlote-bizitzako pasadizoak kontatzeko, eta, ordainez, haienak ere entzuteko, itzarrik irauteko besterik ez, kaiolan ez zuela jatekorik bat ere berriro erakusteko, eta gosea jasaten zuela haietako inork ezin legikeen bezala. Baina zoriontsuenik, goizaldean sentitzen zen, bere kontura jagoleei gosari ugaria zerbitzatzen zitzaienean, gauean beila lanpetua iragandako gizon sendoen jateko gogoarekin hartara abiatzen zirelarik. Egia da bazirela jende batzuk gosari horretan jagoleei egindako eskupeko trauskila ikusi nahi zutenak, baina edonola ere hori egiten segitzen zen, eta gaueko jagotaldia, gosaririk gabe, beren gain hartu nahi izan ote zuten galdetzen batzitzaien, ez zioten heroni ukorik egiten, baina beti ere beren susmoak gordetzen zituzten.

        Baina beroriek barau egiteari berez zetxezkion susmoak ziren. Inor ez zegoen, haraulariaren ondoan jagole gisa, egunak eta gauak, etengabeki emateko egoeran; hortaz, inork ezin jakin zezakeen, bere esperientzia propioaz, etenik eta hutsik egin gabe, egiazki barau egin zuen ala ez; hori baraulariak baino ezin zekikeen, bera baino ezin izan baitzitekeen, aldi herean, bere gosearen ikusle erabat asebetea izan. Nahiz eta, beste arrazoi bategatik, guztiz aserik inoiz egon ez. Beharbada, ez zen baraua haren argaltasunaren ekarle, batzuei, beren penarako, hura ikustea ezin sufrituz, agerraldietara agertzea ezinezkoa egiten zitzaiena; aldiz, haren mehartasun eskeletikoa bere buruarekiko kontenturik ezetik zetorkiokeen. Berak besterik ez zekien —berak bakarrik, eta bere aldeko beste inork ere ez— zein lanbide erraza zuen. Izan, munduko gauzarik errazena zen. Egia da, noski, ez zuela hura ezkutatzen, baina ez zioten sinesten; kasurik onenean, apaltzat hartzen zuten, baina, oro har, propagandazale edo itxurati zital irizten zioten, eta berarentzat baraua erraza zen hura erraza bihurtzeko era zuelako, eta bazuen, gainera, hori nola edo hala iradokitzeko kopeta. Hori guztiori jasan beharra zuen, eta, urteak joan eta urteak etorri, jadanik horretara ekandua zen; baina, bere barruan, kontenturik-ez horrek alha zion eta, bere barauaren bukaeran behin ere —bidezkoa da berau aitor dakion— ez zuen kaiola bere gogoz utzi.

        Enpresariak berrogei egun jarri zuen barau egiteko gehienezko epetzat, eta hortik aurrera ez zion barau egiten uzten, ez eta lehen mailako hiriburuetan ere. Eta ez zuen horretarako arrazoi onik falta. Esperientziak erakutsi zionez, berrogei egunetan, interesa hartara bil zezaketen era guztietako iragarkiez baliatuz, agian herri baten jakinmina zirika zitekeen; baina epe hori behin gainditu eta gero, jendeak ez zuen jada bisitatu nahi, eta gosearen artistak zuen sinesgarritasuna gutxitu egiten zen. Puntu honetan, ordea, hirien eta nazioen arauera, ezberdintasun txikiak soma zitezkeen; baina, oro har, berrogei egun horiek ziren egin zitekeen baraualdi luzeena. Hori dela eta, berrogeigarren egunean irekitzen zen kaiolaren atea, lore-katea batez apaindua; jendetza entusiasmatuak anfiteatroa betetzen zuen; banda militar baten akordeak jotzen ziren, bi mediku kaiolara sartzen ziren baraularia zientzi normen arauera aztertzeko, eta ondorioa, megafono baten bidez, aretokoei jakinerazten zitzaien; azkenik, damatxo bi, zoriontsu, zozketaz zeregin hura betetzeko hautatuak izan zirelako, kaiolara heldu eta baraularia handik ateratzen saiatzen ziren, maila bi jaitsierazi eta mahaitxo batetara eramaten zuten, haren gainean gaixo-bazkaritxo bat, ardura bereziaz aukeratua, zerbitzaturik baitzegoen. Eta une horretan baraularia beti aurka agertzen zen.

        Egia da harengana, laguntzeko prest, makurtzen ziren damatxoek luzatzen zizkieten eskuetan bere beso hezurtsuak gogoz jartzen zituela, baina berak ez zuen handik altxatu nahi. Zergatik baraua orduan eten, berrogeigarren egunean? Oraindik denbora gehiago jasan zezakeen, denbora mugagabea; zergatik orduantxe bukatu behar, barauaren hoberenean zegoenean? Zergatik barau egiten segitzeko gloria kendu behar zioten? Eta ez, soilki, denbora guztietako baraularirik handiena izatekoa, hori, seguraski, bazen eta, bere burua sinestezineraino gainditzekoa baizik, barau egiteko bere ahalmenean ez baitzuen bat ere mugarik sentitzen. Zergatik zuen hain pazientzia urria berarekin jende hark, bera miresteko itxura egiten zuenak? Barau egiten oraindik iraun ahal bazuen, zergatik ez zioten hori egiten utzi nahi? Gainera, nekaturik zegoen; lasto gainean etzanik oso gogoz egoten zen, eta orain bere luzera osoan zutik jarri behar zuen, eta janarira hurbildu. Horretan pentsatze hutsak goragalea ematen zion, hori damenganako errespetuagatik, nekez baina, ezkutatu arren. Eta bista altxatu egiten zuen, andereñoen begiak ikusteko, itxuraz hain atseginak, baina egiatan hain krudelak, eta ondoren bere lepo ahularen gainean burua higitzen zuen ezezka, pisutsu, berunezkoa balitz bezala. Baina orduan betikoa gertatzen zen; enpresaria ixilik hurbiltzen zitzaion —musika harekin hitz egiterik ez zegoen eta—, besoak baraulariaren gainean altxatu, zerua haren lana lastoaren gainean ikustera inbitatzen balu bezala, martiri urrikalgarri harena, baraularia, bestaldetik, izan horixe baitzen, oso bestelako zentzuaz bazen ere; baraulariari gerriko mehetik oratzen zion, hori egitean ardura berezia izanez, eskuartean zerabilena beira bezain hauskorra zela sinesterazi nahi balu bezala; eta, ezkutuki astinalditxo bat eginda, horrekin baraulariar hankak eta enborra alde batetik bestera erremediogabeki zihoazkiola, hura damei ematen zien, bitartean erabat zurbilik geldituei.

        Baraulariak den-dena pairatzen zuen: burua bularraren gainean erortzen zitzaion, biraka balebilkio eta, nola ez zekiela, jarrera hartan geratu balitz bezala; gorputza hutsik bezala zuen; zangoek, zutik egoteko ahaleginean, belaunak elkarri lotzen zituzten; eta haatik zorua ari ziren azterka, hura benetakoa ez zelakoan edo, azpian egiazkoaren bila balebiltza bezala; eta gorputzaren pisu osoa, edonola ere oso arina, dama haietako baten gainean erortzen zen, eta horrek, laguntza bila, arnasa etenaz —ez zukeen sekula pentsatuko ohorezko misio hura honelakoa izan zitekeenik— lepoa ahalik eta gehien luzatzen zuen baraulariaren ukipenetik aurpegia bederen libratzeko. Baina horixe ere lortzen ez zuenez gero, eta bere laguna, bera baino zorionekoagoa, laguntzera ez zetorkionez, eta bereen artean, dardarka, baraulariaren eskuaren hezur azautoa hartu besterik egiten ez zuela eta, eramalea, aretoko guztien irri-algaren barre artean, negarrez hasten zen eta morroi batek, askoz lehenagotik horretarako prest zegoenak, askatu behar zuen zama hartatik.

        Gero bazkaria zetorren, eta orduan enpresariak, kaiolatik aterearen erdiloan, loarena baino larridura-antz handiagoarekin, zerbait irensterazten zion, elkarrizketa umoretsuarekin batera, horrela ikusleen ardura baraulariaren egoera hartatik urruntzeko. Ondoren publikoari zuzenduriko brindisa zetorren, enpresariak hura baraulariak esana zelako itxura eginez; orkestrak hura guztia tronpeta hots handiz azpirnarratzen zuen, publikoa bazihoan, eta ikusirikoaz ez zen inor deskontentuz gelditzen; inor ez, baraularia, gosearen artista, izan ezik; inor ere ez, bera salbu.

        Horrela urte askotan bizi izan zen, aldizkako atsedenaldiek etenda, munduak errespetatua, itxurazko distira-egoeran; baina halere, ia beti humore malenkoniatsuaz egoten zen, gero eta nabarmenagoaz, inork ez baitzekien bera seriotan hartzen. Zerekin, gainera, kontsola zezaketen? Zer gehiago nahi ukan zezakeen? Eta inoiz gupidatsuren bat urrikaltzera agertzen bazen, eta haren tristura, seguraski, gosetik zetorkiola ulerterazi nahi bazion, gerta zitekeen, baraua oso aitzineraturik baldin bazegoen, batik bat, baraulariak haserre-leherketa batez erantzutea, eta orduan, guztien ikara artean, basapiztia baten antzera kaiolaren burdinei eragiten hasten zen. Baina, holakoetarako, enpresariak gaztigua zuen, eta atsegin zuen hura erabiltzea. Bilduriko publikoaren aurrean baraularia desenkusatu egiten zuen; eta eransten zuen goseak sorteraziriko haserrekortasunak ez beste, ongi jandako gizakiengan ezin ulertuzko haserrekortasunak alegia, desenkusa zezakeela baraulariaren portaera. Ondoren, gai horri ukituz, hobeki azaltzeko, baraulariaren baiezpenaz ere hitz egiten zuen, hots, barau egiten ematen zuen denbora baino luzaroago egin zezakeela barautan; baiezpen horretan argiro nabari ziren goranahi noblea, borondate ona, eta buru-ahanztea goraipatzen zituen; baina berehala hori behera botatzen ahalegintzen zen, aldi berean saltzen ziren argazki batzuk erakutsi hutsez, erretratuan baraularia ohean ageri baitzen, ia ahidurak hilik, berrogei egunetako barauaren buruan. Hori guztiori baraulariak oso ongi zekien, baina gero eta jasangaitzago zeritzon egia desitxuratzeko era haserregarri horri. Han kausatzat aurkezten zena baraua goizegi amaitzearen ondorioa besterik ez baitzen! Ezinezkoa zen ezinulertu haren aurka borrokatzea, ezinulertuen mundu haren aurka. Fede onez beterik, barroteetatik enpresariaren hizketa irrikaz entzuten zuen; baina argazkiak agertzean, barroteetatik eskuak askatu eta, negar-zizpuruka, lasto-gainera arduragabeki etzaten zen beti. Publikoa, jadanik lasaiturik, berriz ere kaiolara hurbil zitekeen, bere gogara ikusmiratzeko.

        Urte batzuk geroago, holako pasadizoen lekukoak horiez berriro gogoratzen baziren, berentzat ere ulertezinak bihurtuak zirela konturatzen ziren. Izan ere, bitartean, aldaketa sonatua gertatua zen; ia bat-batean etorri zen; horretan arrazoi sakonak egon behar ziren; baina nork haiek aurki? Kontua da, halako egun batez, gosearen artista hain mimatu hura jendetza ongipasazaleak abandonaturik ikusi zen, beste ikuskizun batzuk nahiago zituen eta. Enpresariak harekin berriz ere Europa erdia ibili zuen, ea nonbait lehenagoko interes hura oraino aurki ote zezaketen. Dena alferrik baina: itun baten ondorioz izan balitz bezala, aldi berean, toki guztietan, gosearen ikuskizunerako higuina sortua zen. Noski, egia esan, fenomeno hau ezin gerta zitekeen horrela, behingoan, eta pentsakor eta tristaturik, oraingoan gauza asko gogoratzen zituzten, arrakastaren horditasunaren garaian behar adina kontsideratu ez zituztenak, merezi bezala kasu egin gabeko aieruak. Baina orain beranduegi zen haren aurka ezer egiten saiatzeko. Egia da, zalantzarik gabe noizbait baraularien garaia berriro agertuko zela, baina oraino bizi zirenentzat hori ez zen kontsolagarria. Zer egin zezakeen, bada, baraulariak? Jendetzak txalotua izandakoa ezin ager zitekeen herrisketako ferietako txosnetan; eta beste lanbiderik hartzeko, baraularia, zaharregia ez eze, goseaz fanatikoki maitemindurik zegoen. Beraz, enpresariari, karrera paregabe haren kide zenari, agur esan eta zirku handi batera jo zuen, han kontrata zezaten, kontratuaren baldintzak arakatu ere egin gabe.

        Zirku handi batek, bere gizon, animalia eta aparatu multzo amaigabearekin, elkar ordezkatzen eta batzuek besteak osatzen dituztenez, edonoiz edozein artista enplega dezake, baraulari bat izan arren, beronen pretentsioak apalak baldin badira, jakina. Gainera, kasu berezi honetan, kontratatzen zena ez zen baraularia bera, haren aspaldiko izen sonatua baizik; eta haren Artearen banakotasuna kontutan izanik, ezin esan zitekeen, adina goratzean ahalmena beheratuz doanez gero, artista helduak, jadanik bere boterearen gailurrean ez dagoenak, zirkuko lanpostu lasai batean bere burua babestu nahi zuela; aitzitik, baraulariak zioenez, eta hura erabat sinesgarria zen, orduan lehen bezalaxe barau egin zezakeen, eta seguratu ere egiten zuen, bere borondatea egiten uzten bazioten, berehalakoan prometatu ziotena berau, hura mundua mirespen zuzenaz hete beharko zuen garaia izanen zela; baiezpen horrek lanbide hartako jendeei irribarre eragiten zien, garaien izpiritua ezagutzen baitzuten, eta baraulariak, bere entusiasmoan hori ahantzia zuen.

        Baina, bere kautan, baraularia zirkunstantziez ohartu eta eragozpenik gabe ontzat eman zuen bere kaiola agerlekuaren erdian ez jartzea, ikuskizun nabarmentzat, baizik eta kanpoan uztea, ikuiluen ondoan, toki hartatik, bestalde, jende asko iragaten baitzen. Kaiola kartel handi batzuek, kolore bizikoek, inguratzen zuten eta hango mireskizuna iragartzen zuten. Ikuskariaren etenaldietan, jendetza ikuiluetara animaliak ikustera joaten zenean, ia noraezekoa zuten baraulariaren aurretik pasatzea eta bertan une batez gelditzea; beharbada, haren ondoan luzaroago egon zitezkeen, atzean korridore hestutik zetozenen bultzadek behaldi luzeagoa ezinezko egin ez balute, ikuilu interesgarri haietarako bidean geraldi hura zergatik egiten zen ulertzen ez zutelako.

        Hori zela eta, baraularia bisitordu haren beldur izaten zen, eta bestaldetik, irrikaz nahi zuen hura, berebiziko helburutzat. Lehen garaietan etenaldiaren uneari itxaroteko ia-ia pazientziarik ere ez zuen izaten; handik hedatzen eta beragana etortzen zen jendetza hura suhartasunaz ikusia zuen, berehala hauxe onartu behar zuen arte —norbere burua engainatzeko borondate setatiena eta ia kontzientea bera ere ez zen esperientzia hartatik salbatzen—, lagun haietako gehienek, salbuespenik gabe, ez zekartela beste asmorik ikuiluak bisitatzea baino. Eta gainera hobe zen multzo hura horrela ikustea, urrundik. Haren kaiolaren ondora heltzen zirenean, behingoan antolatzen ziren bi taldeen oihu eta irainek berehala zorabiatzen zutelako: hura eroso ikusi nahi zutenena —eta ondo laster bilakatu zen berau baraularia gehienik tristarazten zuen taldea, hantxe gelditzen baitziren, ez begien aurrean zutena interesatzen zitzaielako, besteen kontra egin eta haiei amorru emateagatik baizik— eta ikuiluetara lehenbailehen heldu besterik nahi ez zutenena. Tropel nagusia behin iragan eta gero, atzeratuak heltzen ziren, eta horiek ere, nahi adina denboran hari begira gelditu beharrean, inork ez baitzien jadanik hori egiten galerazten, arin pasatzen ziren, betertzez begirada bat ere ia eskaini gabe, animaliak ikusteko, denboraz heltzeko. Eta ez zen ohikoa izaten aitafamiliakoren bat bere seme-alabekin etortzea, hatzamarraz baraularia erakutsi eta luzaz hura zer zen azaltzea, iragan denborez mintzatuz, bera antzeko erakustaldi batean izan zenean, baina hura baino paregabeki distiratsuagoan; eta orduan haurrek, oraindik eskolan eta oro har izandako irakaskuntza urriagatik —zer zekiketen haiek barau egitea zer zen?— ikusten zutena oraindik ulertzeke segituz, beren begi adikor haiekin, halako distira biziaz, etorkizuneko denbora urrikalkorragoen aierua zekarkeenaz. Beharbada gauzak pixka bat hobeki leudeke —esaten zuen inoiz baraulariak bere kautan— erakusleku hura ikuiluetatik hain hurbil ez balego. Orduan jendeak errazago zukeen nahiago zuena hautatzea; eta, bestalde, min handia ematen zioten, eta azkenean bere indarrak ahulerazi ere bai, ikuiluei zerizkien usainek, animalien gaueko urduritasunak, basapiztia harrapariei jaten ematen zizkieten haragi zati odoltsuak haren kaiola aurretik pasatzeak, eta piztiek jatean egiten zituzten orroe-oihuek. Ez zen ordea, Zuzendaritzari holakorik esatera ausartzen, zeren, ongi pentsatuz gero, animaliei beti eskertu behar baitzien bere aurrean iragaten ziren bisitarien aldra hura, horien artean, lantzean behin, bera bereziki ikustera etor zitekeenen bat aurki zitekeen eta. Batek jakin zein zokotan sartuko zuketen, zerbait esanez gero, oraindik bizirik zirauela gogoratu eta, azken buruan, ikuilurako bidean oztopo bat besterik ez zela konturarazten bazien.

        Edonola ere, oztopo txikia, gero eta txikiago bihurtuz ari zen oztopoa. Jendea egungo egunetan baraulari moduan interesa erakartzeko arrarokeria horretara ohitzen hasia zen, eta behin ekandu hori hartu eta gero, baraulariaren epaia esanik gelditu zen. Nahi adina barau egin zezakeen, eta egin halaxe egiten zuen. Baina jadanik ezerk ezin salba zezakeen; jendea haren ondoan iragaten zen, ikusi ere egin gabe. Eta norbaiti barauaren artea azaltzen ahaleginduko balitz? Baina hori sentitzen ez duenari ezinezkoa da hori ulerteraztea. Kartelik ederrenak zikin eta irakurtezin bihurtu ziren, eta haiek kendu ondoan ez zitzaion inori bururatu haiek berriztatzea. Baraua hasi zen egunetik iraganiko egunen kopurua markatzen zuen plakatxoa, hasieran egunero aldatzen zena, aspaldian berbera zen, handik zenbait asteren buruan pertsonalarentzat lantxo hori gogaikarri bilakatua baitzen; eta, horrela, baraulariak barau egiten iraun zuen, beti irrikatu zuen bezala, eta nekerik gabe egiten zuen, behiala iragarri zuen moduan; baina inork ez zuen jadanik kontatzen iragaten zen denbora; inork ere, ez eta baraulariak berak ere, ez zekien zenbat egunetaraino heldua zen, eta bihotza tristuraz betetzen zitzaion. Eta horrela, egun batez, denbora hartan, beste zereginik ez zuen batek, kaiolaren aurrean gelditu eta plakatxoan ageri zen egun-kopuru zaharrari barre egin zion, hari ezinezkoa iritziz, haren gezurraz eta iruzurraz mintzatuz. Horixe izan zen sortzetiko arduragabekeriak eta maliziak asma zezaketen gezurrik lerdoena, ez baitzen baraularia engainatzen ari: berak lan prestuki egiten zuen, baina munduak engainatzen zuen bera, haren merezimenduei zegokienez.

        Egun asko iragan ziren berriz ere, baina halako batean honek ere amaiera ukan zuen. Behin, ikuskatzaile bat kaiolaz ohartu eta morroiei galdetu zien ea zergatik ez zuten erabiltzen kaiola probetxagarri hura, lasto pila ustel bat besterik ez zeukana. Inork ez zekien hori, azkenean, haietako bat, egunen kopuruko plakatxoa ikustean, baraulariaz gogoratu zen arte. Lastoa eskuareez irauli eta haren erdian baraularia aurkitu zuten.

        —Oraindik barau egiten al duk? —galdetu zion ikuskatzaileak—. Noiz amaituko duk behingoz?

        —Barka nazazue guztiok —esan zuen ahopetik baraulariak, baina hori ikuskatzaileak baino ez zion aditu, belarria barroteen ondoan zuen eta.

        —Noski —esan zuen ikuskatzaileak, erhi erakuslea bere lokian jarriz, horrela pertsonalari baraulariaren buruegoera adierazteko—, guztiok barkatzen haugu.

        —Betidanik nahi izan dut gosea jasateko dudan erresistentzia miretsia izatea —esan zuen baraulariak.

        —Eta miretsi egiten diagu —ihardetsi zion ikuskatzaileak.

        —Baina ez zenukete miretsi beharko —esan zuen baraulariak.

        —Tira, orduan ez diagu miretsiko —esan zuen ikuskatzaileak—; baina zergatik ez haugu miretsi behar?

        —Barau, nahitaez egin behar dudalako; ezin ekidin dezaket —esan zuen baraulariak.

        —Hori begien bistan zegok —esan zuen ikuskatzaileak—. Baina zergatik ezin ekidin dezakek?

        —Zergatik? —esan zuen gosearen artistak burua pixka bat altxatuz eta, bere hitzak gal ez zitezen, ikuskatzailearen belarrian bertan mintzo zelarik, ezpainak luzatuz, mosu eman behar balio bezala—. Neure gustuko janaririk inoiz aurkitu ez dudalako. Aurkitu izan banu, sinets dezakek, ez nian muzinik eginen, eta aseko nindukean, hi eta gainerakoen antzera.

        Hauek izan ziren haren azken hitzak, baina oraino, haren begi hildumatuetan, halako segurtasun trinkoa ageri zen, harrezkero harrokeriarik gabea bazen ere, barau egiten segitzeko.

        —Garbi ezazue hemen! —agindu zuen ikuskatzaileak, eta baraularia lastoarekin batera ehortzi zuten. Eta kaiolan pantera gazte bat jarri zuten. Atsegin handia zen, zentzurik kamutsenerako ere, basapiztia eder hura iraulka eta jauzika ikustea. Ez zuen ezer falta. Bere gustuko janaria gogoeta luzerik gabe ekartzen zioten jagoleek. Askatasun-minik ere ez zuela ematen zuen. Gorputz noble hark, aurrean jar zekiokeen guztia urratzeko behar zuen guztiaz hornituak, aldean askatasun propioa zeramala zirudien; haren hortz-haginen edozein zokotan ezkutaturik zeukala zirudien. Eta haren ahutzei bizipoza hain adore suharraz zerienez gero, ikusleak herabe ziren haren aurrean jartzeko. Baina beren beldurrari gain hartu eta kaiolaren arrimuan pilatzen ziren, eta ez zuten inola ere handik alde egin nahi.

 

Ipuinak
Franz Kafka

euskaratzailea: Xabier Kintana
Milabidai, Erein, 1995