Ipuinak
Franz Kafka

euskaratzailea: Xabier Kintana
Milabidai, Erein, 1995

 

SIRENEN IXILTASUNA

 

        Aski ez diren neurriek, eta umekeriek ere, salbaziorako balio dezaketelako froga:

        Sirenengandik gordetzeko, Ulyssesek belarriak argizariaz estali eta bere burua mastan katearazi zuen. Antzeko zerbait egin zezaketen, noski, antzinatik bidaiariek, sirenek urrundik erakartzen zituztenek salbu, baina mundu osoan onartzen zen trikimailu horrek ezin zezakeela ezertarako balio. Sirenen kantuak dena zeharkatzen zuen, eta erakarrien grinak mastak eta kateak baino presondegi sendoagoak leher eraginen zituzkeen. Baina Ulyssesek ez zuen horretan pentsatu, haren belarrietara agian zerbait heldua bazen ere. Argizari-zatitxoez eta kateen loturaz fidatzen zen erabat, eta estratagema horrek ematen zion poztasun errugabearekin sirenen bila abiatu zen.

        Baina haiek kantua baino arma ikaragarriagoa dute: beren ixiltasuna. Inoiz gertatu ez bada ere, beharbada litekeena da haien kantutik norbait salbatua izatea, baina haien ixiltasunetik ez, seguraski. Mundu honetako ezein boterek ezin jasan dezake norbere indarrekin haiek garaitzeko harrokeria oldarkorra.

        Eta, izan ere, Ulysses hara heltzean, ez zuten kantari boteretsuek kantatu; arerio hura ixiltasunaz besterik ezin garai zezaketela uste zutelako, edo argizari-kateetan baizik pentsatzen ez zuen Ulyssesen aurpegikerari zeriori zorionari behatzeak kantu guztiak ahantzerazi zizkielako.

        Baina Ulyssesek, honela esatearren, ez zuen haren ixiltasuna aditzen, kantatzen zutela uste zuen, eta bera ez beste zegoela haien entzutetik salburik. Lehenik haien lepoen kurbak ikusi zituen, iheskor, haien arnasa sakona, malkoz itoriko begiak, ezpain hertsirekiak, baina hori, bere inguruan, adiezinik, jasotzen zituzten melodiei zegokiela uste izan zuen. Baina laster hori guztiori urruntasunean jarririk zituen bere begiradetatik kanpora limurtu zen, sirenak ikusmenetik desagertu zitzaizkion, eta, haiengandik hurbilenik zegoenean, hain zuzen, ez zuen jada ezer besterik jakin izaki horiez.

        Sirenek, ordea, —inoiz baino ederragorik—, altxatu eta gorputza alde batera eta bestera mugitzen zuten, adats uretan blaituak haizetara askatasunean kulunkatuz eta erpeak arrokartean zabal-zabalik. Ez zuten jadanik erakarri nahi, harrapatu baizik, ahal zen heinean bederen, Ulyssesen begi handien leinurua.

        Kontzientziarik izan balute, sirenak egun hartantxe birrinduko ziren. Baina hantxe gelditu ziren, eta Ulysses haien esku artetik eskapatu zen; hori besterik ez zen gertatu.

        Gainerakoaz den bezainbatean, honetaz eranskin bat helerazi da. Ulysses hain maltzurra eta azerikerietan hain aberatsa omen zenez gero, Patuaren jainkoak ere ezin sar zitezkeen haren barne-gogoan. Eta hori giza adimenerako jadanik ulergarri ez bada ere, beharbada, egiazki sirenak ixilik zeudela konturatu zen, eta sirena eta jainkoei aurka egiteko, nolabait ezkutu gisa, gorago aipaturiko itxurakeria jarri zien.

 

Ipuinak
Franz Kafka

euskaratzailea: Xabier Kintana
Milabidai, Erein, 1995