www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ezkondu ezin ziteken mutila
Xabier Lizardi
193?, 1953

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

aurrekoa  

BIGARREN EKITALDIA

Antzeztokia: Zelai bat, zuhaitz-gerizpean. Ikusleen aurrez, urrutian, Loiolako Etxe Donearen atzea. Mahai bat eta zumezko aulkiak.

 

 

I.

YON eta BEGOÑA. Begoñaren ama barrendik

 

(Ehuna jasotzerakoan antzeztokia hutsik. Gero, neskatxa-algara garbi bat entzuten delarik, agertuko dira, aurrez aurre, elkarri eskutik helduta. Sartzerakoan mutilak neskatxa geldiarazten du, eskuak askatu gabe).

 

YON: Nolako ederki ibili garen, eee, maite?

BEGOÑA: Haur bi bezain alai

YON: Jolasean, lasterketan, masusta-jaten.... guztia zeru. eder honen azpian...

BEGOÑA: Beti ume-ustetan iraun ahal bageneza, ez da hala?

YON: (Zerbait benduaz) Bai, egia diozu: geure buruari beti ume iritzi ahal bageniezaioke! Ordubeteko umetasun ondorean, ordea, egun osoko, aste beteko kezka... umeak ez garela adieraziz.

AMA: (Agertu gabe, deiadarka) Eee, gazteak! Non zarete?...

BEGOÑA: (Eskuak aguro-aguro askatu, eta, aulki batean eseriz, lehen mahaian utzitako langaiak hartzen dituela) Hementxe, ama; lehengo tokian bertan...

YON: (Barrez) Hementxe, lan eta lan...

AMA: (Beti barrendik) Tira, ba; zintzo egon, inora alde gabe.

BEGOÑA: Bai, ama.

YON: Halare! Gure ihesaldiaz ez da ohartu.

 

(Begoña josten ariko da. Mutila aldameneko aulkian eser biezaio. Isilune luze samarra, noizean behin elkarri begiratzen diotela).

 

BEGOÑA: Yon, gaur azkenengo eguna...

YON: Bai ... ; azkenengo eguna!... Gezurra dirudi, e? Zortzi egun nola joan zaizkigun... (Berriro isilunea).

BEGOÑA: Yon... Amak zer esango dizu? Egun hauek non igaro dituzula esan behar diozu?...

YON: (Mindu-antzean) Pxe! Zortzi eguneko oporraldia hartzea egin dut, urte osoa lanari eman ondoren... Asko al da?

BEGOÑA: Niretzat ez da asko izan.

YON: (Berriro arpegia argituz) Harantz-honantz ibili naizela esango diot, bazterretan ditudan lagunei ikustaldi bat eginez... edo... beste edozer gauza! Ipuiak asmatzen mutila naiz ba ni! (Beste isilunea. Nexka itzaltsu. Mutilak, zeharkaxe bederik, begirik ez dio kentzen). Zer duzu, maite? Maizegi bezala, ilun, itzaltsu... (Alai) Tira, barre egidazu; ez zaitut horrela ikusi nahi.

BEGOÑA: Yon... Zergatik ez diozu zure amari guztia esaten?

YON: Esan... Esan...! Zertarako esan? Badakizu orain oraingoz, puxka batean itxoin gabe alegia, gure elkartzea ezina dela... ni seme gaiztoa ez izatekotan, behintzat...

BEGOÑA: Bai. Eta seme gaiztoa izan nahi bazenuke zuk, ez zintuzket nik senargai ontzat hartuko. Itxoin beharrik gara, egia ... Baina, ama horrela gezurpean edukitzea ere ...

YON: (Albora begira berekiko) Gaixoa! Zu bai, bazauzkat gezurpean... Baina ez luzarorako. Gaur dira nire azkenengo gezurrak... Ikusiko dugu zer gertatzen den hemen.

BEGOÑA: (Larri) Ez didazu erantzuten...

YON: Hara, ba; bihar bertan, etxeratzean, guzia esango diot.

BEGOÑA: Bai? Benetan? (Pozik; berehala bat-batean berriro ilundu)

YON: Bai.

BEGOÑA: (Beldur) Eta zer esango dizu?

YON: Zer?

BEGOÑA: Gure elkar maitatzeari ez dio ondo iritziko

YON: Baina, maite: beldur horrek noiz utziko zaitu?

BEGOÑA: Nahiago bai oraintxe balitz...! Baina, ezin, alferrik... Aspaldi esan nizun Yon: «Atsekabe haundiak eramango dituzu zure etxean nigatik. Nirekin ezkontzerik ez dute nahiko... Ni maite izana ez ote zaizu inoiz damutuko?»...

YON: Ta, zer erantzun izan dizut nik?

BEGOÑA: Bai, zure erantzuna badakit. Baina hala eta guziz ere, beldur naiz... beti beldur! Betirako maite ote nauzu, beinere ez aspertzeko? Ez ote da gure ametsa orain urte batzuek bezala hutsean urtuko?

YON: (Esku bat bigunki hartzen diola) Ez, maitea. Gaur ez naiz ume. Ezkon-agintza zer den, ezkon-agintzak giza-legez zertara lotzen duen badakit. Bi egin behar ditut nik, Begoña, biak begiragarriak. Etxeak lotzen nau: Ama-alabak nire beharrik izango duten bitartean, beraiei zor natzaie. Baina zuri ere zor natzaizu, egin dizudan aginduagatik. Bi beharkun ditut, eta ez bata ez bestea ezin nezake uka. Biak erabat bete ere ez. Hargatik bakoitzari bere garaia gorde beharra. Lasai zaitez, laztan hori, ezerk ez inork ez bainau nire hitza haustera behartuko. Hara, beti hala uste izan dut: Jainkoak elkarbidea egokitu zigun; Jainkoak gure nahi garbia begi onez dakusa; Berak, hasitako lan honi azken ona ipiniko ahal dio. Noiz? Ez dakit, baina... Begoña, itxaropen bizia dut: aurki, zuk uste duzun baino lehenago erabakitzea baliteke.

BEGOÑA: (Poz haundiz) Benetan?

YON: Apika, bai.

BEGOÑA: Jainkoak nahi beza.

YON: Esan dizudan guztia nire gizatasunak agintzen didana da. Baina, bihotzak agintzen didana esango banizuke!

BEGOÑA: (Otoi-maitekor) Esan ba esan, esan...

YON: (Barre-antzean, maitero) Inor zu besterik ez dudala maite izan, gazte-gaztetandik nigan zauzkat-eta... Maitetasuna zer den ez nekien garaian zure begietan ikasi nuela; eta hura ikaste gozoa!... Nire hitza hautsi nahi izan ezkero ere.

BEGOÑA: (Lehen bezala) Zer, Yon, zer?

YON: Ezin hautsiko nukeela, bizi osoa zugan ipinia naiz-eta

BEGOÑA: Eskerrik asko, Yon. Barrena argiz ta itxaroz bete didazu hitz horiek bide direla. Zintzoa zara. Barkatu, askotan nire beldurrok agertzen badizkizut. Barrenak ematen dizkit nik nahi ez arren; eta maiz esan badizkizut, maizago eduki izan ditut ezkutuan, bakarrik negar eginez.

YON: Gajoa! Baina oraingoan sinisten didazu, ezta?

BEGOÑA: Bai!

YON: Bete-betean?

BEGOÑA: Bete-betean!

YON: (Barrez) Noiz arte?

BEGOÑA: A! Hori... (Barrez) Buru gaizto honetan zalantza berritu arte. Behar bada, ordu laurden bat barru!

YON: (Bat-batean jaiki, eta eskuak txamarrako sakeletan erabil bitza zerbaiten bila balebil bezala, erabat, begi-zeharka, ikusleen ezker-alderantz urrutia azter beza). (Berekiko) Laurak oraintxe. Hor bidean jendea ageri da. Beraiek dira!

BEGOÑA: Zeren bila zabiltza ordea? Jas! Asmatu baietz; tabakoa etxean ahaztu...

YON: Halaxe da, ba.. Itxoin iezadazu hemen. Berehala nator. (Bihoa, urduri samar eskuinetik, aldian behin ezkerretara begiratuz)

BEGOÑA: Ai, ai, ai! Horixe ezin utzi, behinik behin: ni laga nahiago... Aguro etorri, e?... (Puska batean neskatxa bakarrik gelditzen da, bere joste-lanari ekinez)

 

 

II.

BEGOÑA, XABIER, ARANTXA

 

XABIER: (Arantxa eskutik duela agertzen da, ezker aldetik) (Burukoa kenduz) Arratsalde on, neskatxa eder ori...

BEGOÑA: Bai zuei ere.

XABIER: Gezurra dirudi zu bezalako aingerua bakarrik egotea. Ez al duzu laguntzailerik?

BEGOÑA: (Barrez) Banuen orain artexe, baina utzi egin nau.

XABIER: (Berekiko) Hauxe da Yonen andregaia, inondik ere... Hori duk azala! Horrelako puxka goxoa bilatu hark, trapu alaenak, begiak lurretik jasotzeko gauza ez dirudien arren!

 

(Bitartean, Begoñak eta Arantxak elkarri begiratu eta irribarre egiten diote, aurrenengo ikusian batak bestea atsegin balute bezala)

 

BEGOÑA: Alabatxoa duzu nexka polit hau?

XABIER: Nahiago bai! Baina ez, iloba dut... Atsegin zaizu?

BEGOÑA: Bai. Lagun onak egingo ginateke, noski, pixkatean elkarrekin egonez gero.

XABIER: Benetan? Orduan zeure zaintzapean uzten dut. Jatekorik zerbait eska daiteke, noski, hemen

BEGOÑA: Bai, bai. Etxekoandreari deitzea nahi al duzu?

XABIER: Baita ederki eman ere! Ez inola, eder: eskerrik asko. Banoa neroni: jatekorik eskatuz gainera, badut beste zeregintxo bat... Mendi horietan, nekauste edo penitentzi gogorrean dabilen fraile donetsu bat bilatu nahi nuke.

BEGOÑA: (Harrituta) Hara berriz! Fraile bat diozu?

XABIER: Ezagutzen al duzu, ala?

BEGOÑA: Ez nik behintzat hemen frailerik...

XABIER: (Berekiko) Fraile ona zegon hik ezagutzen dunana! (Begoñari) Harritzekoa da behin ere ez ikusia... Baina, «Ugats-lturri»ko urak hartzera etorria omen da-eta, ezin urruti izan.

BEGOÑA: Ezin daiteke...

XABIER: Ezin daitekeela?... Ikusiko duzu nolako aguro bilatzen dudan nik. Gaztetan oso adiskide izanak gaituzu, eta urte askotan elkar ikusi gabeak garen arren, duro bat egingo nuke gure txikitako txistu-deia ez zaiola ahaztu... Agur, ba, neskatxa atsegin hori: gero arte. (Burua makurtuz, begirune haundiz) Gaurgeroz nigan mirabe apal bat duzu...

BEGOÑA: (Barrez, eta berak ere burua agurka makurtuz) Eskerrik asko, zalduna.

XABIER: Zu, Arantxa, hementxe geldi zaitez neskatxa on horrekin, guziontzat txokolatea eskatzera noan bitartean... Ama-eta ere aurki dituzu hemen, honezkero. (Berriro Begoñari agurka) Agur!

 

 

III.

BEGOÑA eta ARANTXA

 

BEGOÑA: (Arantxari maitero begiratu ondoren) Musu txiki bat emango al didazu, polit horrek...

ARANTXA: Musu Txikia ez, bai ordea haundi-haundia...

BEGOÑA: (Barrez laztantzen du) Zergatik, ba, haundia?

ARANTXA: Ama Birjina dirudizulako...

BEGOÑA: Ja, ja, ja! Hori ateraldia! Eta zuk (berriro laztantzen duela) zeruko aingerutxoa... Tira, nire aldamenean eseri. Josten ba al dakizu?

ARANTXA: Hala, hala...

BEGOÑA: Ederki... Eta, egun askotarako etorri al zara?...

ARANTXA: Ez: bagoaz berehala.

BEGOÑA: Oooo!... Hain ederki ibiliko ginenak!

ARANTXA: Loiolan izan gara. Zuk ez dakizu, baina nire anaia batek fraile joan nahi du... Nik, berriz, ez dut nahi joatea...

BEGOÑA: . (Barrez) Ez?

ARANTXA: Ez. Nik ezkontzea nahi nuke (ben-ben). Fraile joanez gero gehiago ez bainuke ikusiko! Gainera jantzi haiekin..., oso itsusi emango lioke... Ezkonduko balitz, berriz, zu bezalakoxe batekin edo...

BEGOÑA: Ja, ja, ja,! (Berriro nexka laztantzen duela) Hoiek burutaldiak! Eta berak, ariaia horrek, zuri jaramonik gabe, fraile nahi, e? Ez al da, gero, beltza?

ARANTXA: Ez; ez da beltza. Ez beltza eta ez gaiztoa Amak Loiolara bidali zuen zortzi eguneko jardunak egitera, eta, uste gabean poz hori eman diezaiogun, osabak esan digu: «Goazen Loiolara mutila gurekin ekarriz». Baina Loiolara joan eta anaia bilatu ez, egin dugu...

BEGOÑA: Lehentxeago irtena, onenean...

ARANTXA: Horixe esan dut nik ere; eta Azpeitin berehala aurkituko genuela... Osabak ordea, hemen uretxe honetan txokolatea hartu gabe ez gindoazela-eta, toki ederra dala-eta, gutako inork ez genuela ezagutzen-eta... halaxe ekarri gaitu. Baina, horra, Ama-eta non datozkigun. (Jaiki eta bere bila joanik, ezker aldera).

 

 

IV.

Lehengoak, MIREN, MARTIÑE ta ANDRE XERAPI

 

(Sartzen dira Xabier sartutako aldetik).

 

MIREN: Bakarrik al hago, Arantxa? Non da osaba Xabier?...

ARANTXA: Osaba etxe horretara joan da txokolatea ekarraraztera... Baina ez nago bakarrik... (Begoñagana joanez: hau jaiki egiten da eta Arantxak eskutik helduta amari eta gainerantzekoei aurkezten die). Ikusten, Ama? Ama Birjina dirudien andre hau dut lagun... Oso ona da... Eskua eman iezaiozu.

MARTIÑE: Hara! Honexek bai lagunak azkar egin non-nahi (Barrez).

MIREN: (Begoñari eskua luzatuz) Nola zaude?

BEGOÑA: Ondo eta zu?

 

(Besteei ere eskua ematen die)

 

ANDRE XERAPI: (Izebari) (Neskatxa egokia!) (Izebak buruaz baietz).

MIREN: Ongi. Eskerrik asko. Zoraraziko zizun honezkero berritsu honek...

BEGOÑA: Ez horixe. Oso atsegin egon gara elkarrekin, ez da hala?

ARANTXA: Bai ni behintzat!

BEGOÑA: Baina ez al duzue eseri nahi?

ANDRE XERAPI: Bai, bai; eser gaitezen... Ni neka-neka eginda nago beinik behin.

MIREN: Bai ni ere. Loiola hemendik bazter dagoela dirudi, baina

MARTIÑE: Ibili egin behar da, ibili... (Banaka-banaka eseri dira)

BEGOÑA: Onenean ohiturarik ez, berriz...

MIREN: Nik ez behintzat: haur asko ditut eta etxean beti da lana. Hauek zerbait gehixeago ibiltzen dira...

MARTIÑE: Bai, bai... zerbait gehixeago... Etxetik elizara, elizatik zuenera batzuetan, eta zuenetik gurera... eta kito.

 

(Isilunea).

 

MARTIÑE: (Berezi A. Xerapiri) (Neskatxa atsegina, apala, langilea eta izarra baino ederragoa benetan, e?)

ANDRE XERAPI: (Halaxe da...Nongoa ote da? ..).

MARTIÑE: Hemengoa al zara? eta barkatu

BEGOÑA: Ez... hilabete igarotzen nago toki honetan

MIREN: Gaixorik ala?

BEGOÑA: Ez, ez! Osasun ona dut Jainkoari eskerrak... Baina ama ibili zaigu makal xamar eta hemengo urak hartzera bidali du osagileak... Nik Iagundu egin diot...

ANDRE XERAPI: Horretazkero ez zara ezkondua

BEGOÑA: (Zerbait lotsaturik) Ez...ez... Oraindik ez...

ARANTXA: Baina ez zara moja joango, e?

BEGOÑA: Ja, ja, ja... Zuk nahi ez baduzu, ez

ARANTXA: Ez dut nahi ba! Ezkon zaitez... Moja sartzeko ederregia zara

BEGOÑA: Ja, ja, ja...

MARTIÑE: Tira, tira Arantxa. Ixo (Asarre samar) (Begoña hasarrea ikusita, bat-batean bendu egiten da) Zer dakin bik gauza horietaz?

ANDRE XERAPI: Umeak beti ume!

BEGOÑA: (Buruan Arantxari maite eginez) Gaixoa!

MIREN: Lanean egoki ari zara...

BEGOÑA: Egoki edo... Ahal den bezala...

MARTIÑE: Galtzerdiak saretzen? (errepasatzen?)

BEGOÑA: Bai, hauek ere urratu egiten dira-eta

MIREN: Urratu! Esaidazu niri! Astero otarrakada bat izaten dut nik... Inoiz ezkontzen bazara eta Jainkoak haur asko ematen badizkizu, gogoratuko zaizu esaten dizudana...

BEGOÑA: Sinisten dizut bai.

MARTIÑE: Aspertuko zara ba hemen... jende asko ez badago behintzat

BEGOÑA: Ama eta biok, eta beste lau emakume eta mutil besterik ez gaude... jende gutxi izaten da hemen; baina zenbat eta gutxiago hobe... Nik nahiago dut behintzat... Herri haundietako istiluen aldean bestelakorik da hemengo bakea...

ANDRE XERAPI: Harritzekoa da! Oraingo neskatxak ez dira behintzat zu bezalakoak. Gehienak, hona ekarri eta hamabost egun igaroaraziz gero, soinurik gabe, dantzarik gabe, jairik eta parrandarik eta mutilik gabe, txoria kaiolan bezala hil egingo litzaizkizuke... Eta halaz ere ezkongai!

BEGOÑA: Ez dut ezkontzeko presarik

ANDRE XERAPI: Ongi da. Baina, horren zintzoa ez bazina, beste zenbait bezalako jai eta mutilzale porrokaturen bat izan bazina, senargaiak mordoka izana izango zinen eta ezkontzez aspertua... Ai, mutilak, mutilak!...

BEGOÑA: Ba, ale bat ona hobe mordo txarra baino!

MIREN: Egia!

ANDRE XERAPI: Zera! Nire Garbiñeri gertatzen zaiona berbera Ezin hobea eta hala ere neska bargasta hobea edozein mutilentzat!

MARTIÑE: Baina, aizan, gauzok horrela direla, ba al dakin txokolate hori ez dela berehalakoan ekartzekoa? Gure Xabier, bera ari ote da egiten?...

BEGOÑA: Hemen gauza horiek ez dira gertu egoten, eta horregatik pixka bat itxoin beharra izaten da.. Bertara joan eta sukaldekoak astinduko ditut pixka bat.

MIREN: Ez, ez. Egon zaitez.

BEGOÑA: (Jaikita) Hara; hemen dator.. (Neskame bat bost txokolaterekin).

NESKAMEA: Arratsalde on! Berandutxo?

MARTIÑE: Ez, ez! Bai zera!

NESKAMEA: Sua kaxkar samarra dabilkigu-eta... (Bakoitzari aurrean ipintzen dio. Begoñari ere bai) Berorri ere ipintzeko esan dit hemendik joan den jaunak. Berak ez duela behar..

BEGOÑA: Hara berriz.

MIREN: Bai, bai; ez genuke besterik behar... Gu jaten eta zu begira. Tira, hartu, etxekoa bazina bezalaxe!

BEGOÑA: Eskerrik asko ba... (Berekiko) (Ta Yon ez da gehiago azaldu! Jende bera sumatuta izutu egin da noribait. Honezkero hemen gelditu behar ba!).

MARTIÑE: Baina zer bilatu duela gure Xabierrek honen luzaroan ez azaltzeko? —Neskameari eder iritzi ez hazion! Um!

BEGOÑA: Arantxarekin etorri den zaldunaz ari al zarete?

MIREN: Bai.

BEGOÑA: Fraile baten bila dabilela esan du, eta mendi-mendian ezkutatuta badago ere, aurkitu behar duela...

ANDRE XERAPI: Frailea, bai! Ez dakit nolako frailea..

MIREN: Arren, Andre Xerapi, lelo horretaz ez jardun. A! Nire mutil hori nire mutil ori!... Galduko zait! Zer egin ote du?

MARTIÑE: Hago isilik! Azpeitin izango dun; edo behar bada etxean honezkero...

MIREN: Ez dakit ez dakit! Gogo-jardunak egin ote ditu?

MARTIÑE: Egingo ez zizkinan ba?

MIREN: Haundia dun ba jesuitek haren izenaren berri ez jakitea...

MARTIÑE: Asko izaten baititun... Baina hire semeak fraile joan behar duela esan duenean, —berak esan zuen bezala gainera, negarrak irten behar zionan— eta, benetan joango dun...

ANDRE XERAPI: (Um! Ez zekinat ba...!)

ARANTXA: Oi! Begira ama; fraile bizarraundi bat!

BEGOÑA: Hara! Egia zen!...

MARTIÑE: Gure Xabier laguna.

MIREN: Eta Xabier ez dator berekin...

ANDRE XERAPI: Gizajoa! Horixe bai dagoela hil baino zeruaren erdian!

MARTIÑE: Bai, emakumea! Horixe aurpegikera... Hori gorputz mehea... Ez da gu bezain bigun bizi errukarria...

MIREN: Hemen dugu... Jaiki gaitezen...

 

 

V.

Lehengoak eta XABIER

 

XABIER: (Fraile jantzian, apal-apal, begiak lurretik jaso gabe) Jainkoaren bakea zuekin.

BATZUK: (Guziek jaikita hartzen dute; batzuek gerriko lokarriari mun egiteko asmoz) Ongi etorria, aba agurgarri hori

XABIER: (Mun egin nahi diotenak aldenduarazita) Ez, ez ... Ez naiz ni zuen ezpainak nire jantzietan hartzeko dina... Bekatari haundi bat naiz... Eseri guziok. —Niregatik lurreko har ziztrin onengatik, ez zenuten jaiki behar...

 

(Esertzen dira; frailea ere bai).

 

MARTIÑE: (A. Serapiri) (Santu izugarrien bat dinagu hauxe)

ANDRE XERAPI: (Oinetatik burua din ezagun).

MIREN: Aba, gurekin txokolatea hartu nahi al duzu?

XABIER: Goikoak sariztu biezaizu zure onginahi hori! Baino barkatu; ezin har nezake

MARTIÑE: (Hori barau latza!)

XABIER: ... bihotzerrea egiten dit-eta...

MARTIÑE: Aaaa!

XABIER: Bai; hor sukaldean eskatu ditut niretzako huskeri batzuk... Urdaileri nabil, eta edozer gauzak ez dit onik egiten...

MIREN: Jakina!

XABIER: Gero, andre begiragarri hori, badakizu argalak garena, eta... jan egin behar!

MIREN: Noski.

XABIER: Haragi ta hezurrezkoak gara, gorputz ustelkor hau geurekin dakarkigu... (eta sukalderantz begira) A! Badator! Halare! (Neskamea sartzen da Iruiñeko txistorra ta Errioxako ardoaz) Eta nioen bezala, aberea geurekin dugun bitartean... (mokau bat hartuz) jan egin behar.. .

ANDRE XERAPI: (Opil erdia sartu din erabat! ..).

MARTIÑE: (Ixo... Goseak hiltzen zagon errukarria-eta!)

XABIER: Gauza lotsagarria! Ai jan gabe bizi ahal bagina, gogoari, animari, gure bizi guzia emanez!

ANDRE XERAPI: (Dotrina horixe ez zait ba oso atsegin)

XABIER: Baina gauza hauen bitartez Jainkoak gure txikitasuna beti begien aurrean jarri nahi izan digu apaltasunean bizi gaitezen...

MIREN: Jateko bebarra bazenuen, Aba!

XABIER: Bai, lotsagarria denez gero, aitortu dezadan guzion aurrean: gose naiz... Zein argalak garen! Aste bete jan gabe igarotzea aski dugu gosea nabaritzeko...

MARTIÑE: Jaungoiko haundia! Aste bete?...

ANDRE XERAPI: Erraxago gosetzen gara gu...

XABIER: Bai, aste betean egon naiz mendian, zerura begira, noizean behin sasi eta larretan nire gorputz pekatariari igortzialdi bat emanez

MARTIÑE: Ene ba!

XABIER: Goizero, hemengo usaidun iturriraino etorri naiz bertoko urari zurrutada bat eginez; nagusiek agindu baitidate nire osasun hautsia zaintzera hona etortzeko. Gero, ez dut esango egun osoa jan gabe igarotzen dudanik, ez baita egia. Baina nire janari guztia masustak izan dira. (Guziak elkarri begiratu, ikaratuta). Lau masusta gosaltzeko. Bazkaltzeko eskua bete. Afaritan hamar hamabi bat

ANDRE XERAPI: Aitaren eta Semearen!...

XABIER: Igandetan, arratsalde erdian beste masusta mordoska bat, Jainkoaren eguna jaitzearren.

MARTIÑE: Ia sinistu ere ezin daiteke.

MIREN: Gizonak horrenbeste bizi ahal izatea

XABIER: Baina, makala naiz, eta astean behin garai hontan hona jeitsi beharra izaten dut nire indarrak gauza bizigarriagoaz sendotzera

MARTIÑE: Ez da harritzekoa, Aba! Ez da harritzekoa

XABIER: (Ontzi bat ardoz bete, eta jasota, begiratuz) Hau gauza ederra!... Hau ere eman zigun ba Jainkoak... Gora dezagun Jauna bere emaitzetan!... (Zurrutada batean hustu).

MARTIÑE: Eta halaz ere, aba donetsu hori, zoriontsu biziko zara.

XABIER: Bai, ene alaba, bai; zorion hutsetan bizi naiz. Ba al dakizue zergatik? Oso erraza da: Goikoaren deia entzun eta itsu-itsuan jarraitu izan natzaiolako berari!... Eta honetaz bai daudela oker, asko eta asko munduan... Zenbat eta zenbat ez dira galdu Goikoaren deiari jaramonik egin ez, edo etxekoek galerazi izan ziotelako... Gai honetaz zuen gogoak argitu nahi nituzke, hain ederki egokitu zaigunez gero, kristau maiteak...

MARTIÑE: Begirune osoz entzuten dizugu

XABIER: Baina, ongi hasteko, Goikoa bedeinkatu dezagun berriz. (Beste baso bat).

ANDRE XERAPI: (Iturriko ur usaindunak ez dio egarria oso il).

XABIER: (Berriz sukalderantz begira) Baina! Tira horratik! Hemen da! (Neskamea tortila haundi bat dakarrela).

ANDRE XERAPI: (Adiskidea! Ez zaizkizu oraintxe zure masusta janak gogoratzen!)

MARTIÑE: (Mireni). (Bere biziko hitzaldiren bat egin behar zigun; nik ez dinat hitzik galduko).

BEGOÑA: (Ulertu ezinik nago fraile honen berri nola orain arte jakin ez dudan).

XABIER: (Arrautzopil puska batzuk irentsi ondoren) Hasi gaitezen, Goikoa lagun dugula. Ene ardi laztanak: Jaungoikoaren deia —vocatio, vocations— era askotakoa ohi da: hobeki esateko: era askotakoa ez; era bitakoa bakarrik. Erlijio-bizitza eta ezkontza. Neska-mutilzahar biziera ez da, nire ustez, eta Eliza Amaren guraso agurgarri askoren ustez, Goikoaren deia; etsaiarena baizik...

ANDRE XERAPI: (Bere artean; Martiñeri begi-zeharka begiratuz). Ederrak eman dizkin!

XABIER: Baina honetan ere, bereiz ditzagun emakumezkoak gizonezkoengandik. Neskazaharrak, gehienetan, ez dira neskazahar beren nahiaz gelditu, ezkondu ezin izan direlako baizik; horiek ez dute errurik, nahiko lana bai ordea gaixoek

MARTIÑE: (Hala ere! Arnasa hartu ezinik nengoen!)

XABIER: Gizonezkoetan berriz badira mutilzahar gelditu direnak ezkontzako uztarri astuna leporatu nahi izan ez dutelako. Hauexei doakie nire lehenengo zigorkada. Eta azkenez, neska bai mutilzaharretan badago beste talde bat: ezkontzarako deia entzun eta beren etxekoen nahiz beren gain aginpidedunen eragozpenez, ezkondu ez direnak; hauek nahiko lan izango dute zeruratzen, baino zuzengabekeriaz ezkontzea galerazi diotenak? A! Ez dizutet esan nahi nolako infernua izan behar duten!

MARTIÑE: Ondo irabazia gainera!

XABIER: Baina etorri gaitezen berriro hasierako hitzetara. —Askok uste izaten dute, lekaidetzarako deia bakar-bakarrik izaten dela Jainkoaren deia Oker larria hauxe! Frailetzako deia bezain donetsua, berau bezain begiragarria da ezkontzarakoa. —Berdin berdin jartzen dira infernura bidean, batari nahiz besteari jaramon egin ez, edo jarraitzea galerazten dietenak. Zer esango duzue Jainkoak bati frailetarako deitu eta hau, deiari jarraitu beharrean, ezkondu egiten bada...

MARTIÑE: Jainkoak gorde gaitza! Hori bekatu. larria!

XABIER: Ba, ezkontzarako deia izan eta fraile joaten denak ez du burugabekeria arinagoa egiten! Ez da bestea baino errazago zeruratuko; zailago beharbada... Baina jeitsi gaitezen oraindik gehiago: frailetzako bidean, dei askotarikoak diren bezala —batak jesuita nahi du, besteak frantziskotar, honako honek kartujo, eta abar—, eta norberari egindako deia komentu berezi batean, ez beste edozeinetan, sartuta beteko duen bezala, halaxe gertatzen da ezkontzan ere... Ezkontzarako lehenbiziko gaia, elkarrenganako maitasuna da...

BEGOÑA: (Fraile honek, dena dala, egi pozgarriak esaten ditu ... )

XABIER: Nik orain jarriko dizutet adibide bat: egin ezazue kontu mutil bat: Pello izena jarriko diogu...

ARANTXA: (Isilka Begoñari) (Hori izen itsusia!)

XABIER: Errotazuriko Pello, Matxin Bizardoren Malentxorekin txoratuta dago; Matxin Bizardoren Malentxok berriz ez darabil Errotazuriko Pello beste ametsik buruan... Elkar maite dute eta elkarri ezkon-agintza eginak dira... Ba, horra: Pelloren deia ez da soil soilik ezkontzea; ez, enetxoak; Pelloren deia Malentxorekin, eta ez beste inorekin, ezkontzea da...

BEGOÑA: (Su haundiz) Ederki esana!

ANDRE XERAPI: (A! Horratik! Senargaia badin neskatxa honek! Nire Garbiñek ez duena)

XABIER: Ba inork, etxekoek batez ere, Pellori Malentxorekin ezkontzea galerazten badio, beste neska bat eztarriko zulotik sartu nahirik, zer gertatzen da? Hiru hauetako bat; Pello mutilzahar gelditu, edo beste nexka batekin ezkondu, edo fraile sartu... Nolanahi ere, bere bidetik kanpora bizi izan... Eta honetara behartu duenak infernuko su guztiak ez ditu aski...

MIREN: Ikara naiz!

MARTIÑE: (A. Xerapiz) (Hiretzat ez zagon hori gaizki!)

ANDRE XERAPI: (Martiñez) (Horiek horrela badira ez dun hik gardostualdi makala igaro behar!)

BEGOÑA: (Zotin luze bat eginda) (Fraile honek egun bat Yonen etxean egingo balu!)

XABIER: Baina aspaldian ez genuen Jainkoa bedeinkatu. (Beste baso bat klink).

BEGOÑA: Arren jarraitu, aba ona horrela.

XABIER: Banoa; banoa. Malentxo neskatxa ona da; baina ez du arditik. Pellok berriz etxeari begiratu behar dio bere irabazien bidez. Eta horra non datozen etxekoak esaten: «Mutil hau ezin daiteke ezkondu. eta ez da ezkonduko».

MARTIÑE: Edozer gauza!

XABIER: Zergatik ez, enetxook? Jaungoiko bat ez al dago goian? Berak Pellori eta Malentxori elkarbidea egin eta bion elkar-maitasunari eder baderitzo, nor da inor Pello ezkondu ezin daitekeela esateko? Gaur ezin badu ere, ez al dio Jainkoak garaia iristen denean, bidea erraztuko?...

BEGOÑA: Hori esan, hori!

XABIER: Zuetakoren batek galde lezake: horretaz gero, gurasoek ez al dute behin ere beren seme-alaben ezkontzen aurka jartzeko eskubiderik? Ez dut horrenbeste esan. Ezkontza zeharo debekatzeko ez dute eskubiderik; baina, bai batzuetan beren seme-alabei atzeratuarazten ahaleginak egiteko... Noiz? Egin ezazue kontu Malentxo izen eta ibilketa gaiztoko neskatxa dela... Orduan bai... Baina Malentxok arditik ez izatea, eta Pellok gaurkoz etxeari eutsi beharra izateak ez diote eskubide hori ematen. Eta Malentxo ona izan arren, den bezala, edozein atso autubatzailek, haren izena beztu-nahian badator ezkontza egin ez dadin, zer merezi du orrek?... Deabruak eraman beza!

ANDRE XERAPI: (Martiñeri) Zertan begiratzen didan horrela? (Garratz).

XABIER: Amuarrainak betoz!

ANDRE XERAPI: Zer?...

MARTIÑE: Zer?.. .

 

(Neskamea agertzen da).

 

XABIER: Betoz amuarrainak! Hauexek ere Jainkoak eginak... Bedeinka dezagun Bera bere goragarriez! Hauxe janez gero, ongi naiz mendian beste aste bete igarotzeko!...

ANDRE XERAPI: Masusta hutsez?

XABIER: Masuste hutsez.

ARANTXA: Pello eta Malentxoren ipuina bukatu al da?

XABIER: Oraintxe noa, maite; aurki azkena.

BEGOÑA: Esan,esan!

XABIER: Pellok, toki guzietatik datozkion eragozpenak bide, batak ezin ezkondu daitekeela», besteak «bere andregaia nolanahiko neska dela» eta abar, etsipenari burua ematen dio eta honela dio bere artean: «etxeak nire euspena, nire irabazia bear duela? Ezkontzea debekatu? Badakit zer egin. Komentu batean bakean nire egunak amaitzera joan eta kito».

MIREN: (Jauna, Jauna. Gizon honek goiko argiz hitz egiten du!)

XABIER: Zer gertatzen da? Pello gaur bertan ezkonduko balitz ere, nola hala bere sendiari gutxi nahiz asko laguntza ematen jarrai lezake; fraile sartuta berriz, kaixo motel; eskatu bai hobeto, eman baino... Horiek horrela direla, usteko duzue zuek bere etxekoek fraile joateari galerazpen biziagoa jarriko diotela ezkontzeari baino? Ez ba. Fraile joan nahi duk? diote. Joan hadi ba; goikoak lagunduko gaitik... Jainkoa arestian jaio balitz bezala... Eta Pello gizarajoa komentuan sartu da, fraile txar bat izango da, eta bertan sarrarazi zutenak Jainkoari egunen batean kontu estu-estua eman beharra izango dute!...

MIREN: Arren, aba! (Oso atsekabetuta jaikirik) Ez jarraitu, arren! Bihar bertan ezkon bedi!

XABIER: Zein? Ni? (Ikara handia agertuz).

MIREN: Ez, zuk ez duzu ezagutzen! Nire Yon, nire Yon! Tira jaiki zuek ere! Goazen haren bila!

XABIER: Egon, egon bakean; nik indarrak berritu arte (Baso bat eskuan duela).

BEGOÑA: (Oso urduri). Yon! Pello! Malentxo! Arantxa! Gogo-jardunak! Zortzi egun! Yonen tabakorik eza! Zaldun aren fraile adiskidea! Ene Jainkoa! Zer da hau? (Arantxaren burua hartu eta begibegietan begiratzen dio) Bai, bera da! Ama zerukoa! Gezur honi azken ona eman iezaiozu!

 

 

VI.

GUZIAK

 

(Yon sartzen da ta Xabierrengana doa eskuan mun egiteko asmoz; Xabierrek bere eskua eman beharrean Begoñarena damaio).

 

MIREN: Yon! Yon! Hi haiz?

MARTIÑE: Jaungoikoaren miraria!

YON: Barkatu, ama! Eta barkatu zuk ere, Begoña; baina itsumustuan eta Gotzaiaren baimenik gabe fraile bikain hau egin beharrean aurkitu naiz, bestela esanda aintzakotzat hartuko ez zenituzten egiak esan zitzan.

MIREN: Hau! Zure andregaia! Neskatxa egoki hau?

YON: Honek ez zuen zuk adina berri gezur honetaz. Frailea eta ni bakarrik gara errudunak!

MARTIÑE: Eta frailea?

YON: Frailea (Bizar-jantziak kenduta) zure anaia laztana da da, Xabier.

ARANTXA: Ja, ja, ja. Txalo, txalo osabari! (Txaloka)

XABIER: Pello eta Malentxo. Barka biezait Jainkoak ez dagokidan jantziz jantzi banaiz, baina jantzi haiek gabe esan ditudan egiak esan banitu, ez zidan emakumeak j aramonik egingo. Ezkon zaitezte; zuen maitasuna gizonen txikikeriak hiltzeko ederregia da-eta: nik ere maitasun bat izan nuen eta ez jarraitzetik datorkit nire biziko zoritxar guzia. Aberatsa naiz, eta ezkondu zintezke, Pelloren beharkuna uzteko beldurrik gabe. Luzaro bizitzeko ez naizela ere igartzen dut, nire osasuna gazteegi gastatu dut-eta; hemendikantxe nire ondorengotzat aukeratzen zaituztet nire aberaskietan. Tira, Miren, neskatxa eder honen bekokian musu bat utzi ezazu...

MIREN: (Negarrez) Zatoz, alaba! (Musu ematen dio).

ARANTXA: Ez nuen nik esaten ezkontzea oso erraza zena? Hau poza! Txalo, txalo! Txalo Yoni, txalo Begoñari!.

aurrekoa