www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Roxali
Piarres Larzabal
1970

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (IV), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Poliza bulego bat. Kankail eta Pollit, erdi lo.

 

 

KANKAIL: Zonbat orenak dira?

POLLIT: Hamekak.

KANKAIL: (Inarroska) Oraino oren bat hemen egoiteko.

POLLIT: Beharrik, aperitifa on batek atzarriko baigaitu apur baten buruan. Lasterka leher egin arazi gaituzte atzo arratseko arraboslari horiek!

KANKAIL: Nor ziren?

POLLIT: Bo, nik uste betikoak!... Euskaldun banda hori!...

KANKAIL: Horiek ere beren politika... Irakurri duzuia kapitainaren azken paper hau?

POLLIT: Ez dut astirik izan... Zer dio?

KANKAIL: Azken uda huntan, gure kantoinamenduan, izan omen dira ehun eta zazpi ohointza... Bederatzi ohoin bakarrik harrapatuak! Dionaz, harrapatu gutiegi omen da.

POLLIT: Aski dauku hortarako laguntza emaitea. Hor ditugu zaintzeko oto gidariak, mozkorrak, kanpotiarrak, drogatuak, gaxtagin mota guziak, zakurrak, pottokak eta nik dakita zer! Nola nahi duzu burutze egin? Eta gainerat, hor ditugu orai, gu nardatzeko, euskaldun gazte horiek ere!

KANKAIL: Kapitainak dio leuntxago jokatzeko horiekin.

POLLIT: Leuntxago? Zergatik ez da goizago mintzatu?

KANKAIL: Beren etxean direla-ta, egun batez, gaurko politika itzul daitekela-ta, zer gerta ere, ez horiekilako karta guziak erretzeko!

POLLIT: Zuk uste duzuia euskaldunek ukanen dutela, egun batez, berengaintasuna?

KANKAIL: Nork daki biharko berri? Zure adinean, ni, Afrikan nintzen polizgizon. Orduan, hango gazteak, gaur hemengoak bezalatsu zabiltzan.

BITOR: (Presatuki sartuz) Mugi, jaunak, mugi! Otoa, etxeko atetik ebatsi dautate!

KANKAIL: Etxeko atetik!

BITOR: Ba, duela oren laurden bat. Hortakotz mugi. Lehenbailehen ezar trabak inguruko bide guzitan!

KANKAIL: (Deskantsuki paper bat hartuz) Bon, izkirioz hartuko ditugu zure erranak. (Mintzatuz, izkiriatzen du) Gaur, abendoaren hamazazpia, goizeko hameka ordutan, gizon bat jin da gure poliz-bulegorat. (Bitorri) Nola dituzu zure izen-deiturak?

BITOR: Bitor Kalpatzar.

KANKAIL: (Izkiriatuz) Bitor Kalpatzar.

BITOR: Bainan, otoi jauna, mugi zaite!

KANKAIL: Zoin lekutan bizi zira eta zer lanetik?

BITOR: Oihal saltzale naiz, Errepublika karrikaren zazpian.

KANKAIL: (Izkiriatuz) Errepublika karrikaren zazpian, oihal saltzalea. Bon ontsa da... Beraz oto bat ebatsi dautzute! Noiz, nun eta nork?

BITOR: Nik dakita nork? Duela oren laurden bat, joan dautate etxe aintzinetik.

KANKAIL: (Izkiriatuz) Otoa ebatsi diote bere etxe aintzinetik, hamekak laurden gutitan. Ebaslerik ez du ikusi. Ori, emazkitzu zure otoaren seinaleak.

BITOR: Fiat, lau jarlekutakoa, urdinxka, K.4. ehun eta...

KANKAIL: Emeki otoi, emeki!... Utz ezadazu izkiriatzeko astia! Erraiten duzu beraz (izkiriatuz) Fiat, lau lekutakoa, urdinxka... Zer numerotakoa?

BITOR: K.4. ehun eta hogoi, hirurogoita lau.

KANKAIL: (Izkiriatuz) K.4.120-64... Eta orai, mintza gaiten paperez!

BITOR: (Kexu) Bainan, zer demontre, jauna! Ez naiz hunat etorri paper zirrimarratzerat, bainan ohoin bat arrasta dezazuen galdatzerat!

KANKAIL: Otoi, ez gaitezela kexa, jauna! Nahi nuke oraino jakin, ebatsi otoa norena zen eta nun aseguratua. Ekarri dituzuia karta grisa, permisa eta asegurantzako papera?

BITOR: (Haserre) Ez, ez ditut ekarri! Nork debru pentsatu behar zuen hoinbertze paperen beharretan zineztela, ohoin bat harrapatzeko?

KANKAIL: Ohointza da, jauna, jabetasuna ostikatzea.

BITOR: Badakit segur hala dela... Ez naiz hunarat etorria horren ikasterat.

KANKAIL: Jabetasuna ostikatua izan den jakiteko, baitezpadako da jakin dezagun nor den jabea.

BITOR: (Haserre) Erraiten dautzut jabea ni naizela. Nik dudala ostiko bat ukan. Eta galdatzen dautzut ostikoka ari zaitezen, ez jabeari, bainan ohoinari.

KANKAIL: Ezti zaite, otoi, jauna! Gure egiteko lehena da beti, segurtatzea ohointza bat izan dela. Segurtamen horren ondotik eta... bakarrik horren ondotik... gira entseatzen ohoina harrapatzerat.

BITOR: Eta beraz orai, zer egingo duzu ohoina harrapatzeko?

KANKAIL: Berehala huntan, fitsik, jauna, fitsik!

BITOR: Zer!

KANKAIL: Zer nahi duzu egin dezagun? Ez daiteke lanik egin, gizonik gabe... Nun ditugu gizonak?

BITOR: Gizonak dituzueia eskas?... Bizkitartean, edozoin minixtro txar jiten delarik hunarat, bideak garreia ahala kaxketadun muntatzen dituzue! Zer da komedia hau?

KANKAIL: Gure erreglamendua da hola... Badakizu, gu ez gira manatuaren mutil batzu baizik.

BITOR: Zer egin behar dut beraz orai?

KANKAIL: Orai? Zure aldetik ibil zaite miaka, zure otoa nun aurkituko duzun. Gure aldetik, begiak erne atxikiko ditugu. Eta, denborak erakutsiko du zertarat helduko giren.

BITOR: Beraz, arras debaldetan etorri naiz hunarat!

KANKAIL: Beharbada ba eta beharbada ez!

BITOR: Jakin izan banu! Ez nintzen segur hunarako! Agur! (Ateratzen da)

KANKAIL: Agur!

POLLIT: Harriturik nago nola hoinbertze xehetasunetan sartzen ziren, bi hitzez trenkatzeko orde auzilari horren kexua.

KANKAIL: Zergatik emenda, goxa daiteken zauria?

POLLIT: Nik, gure ofizioari, goxamena baino larderia, hobeki joaki zaiola, iduritzen zait.

KANKAIL: Goazen lehenik elez eta, heien hutsean, armez.

POLLIT: Neskatxa bat heldu zaigu. Ez da goizegi, hoinbertze asunen artetik, lore bat agertzen baita noizbait hunarat. (Atea jotzen dute)

KANKAIL: Aintzinat!

ROXALI: (Agertuz) Agur, jaunak!

BIEK: Agur, andere gaztea.

KANKAIL: Sar zaite! Zerk zakartza hunat?

ROXALI: (Ilunki) Jauna, gertatzen zait gaitzeko nahigabe bat.

KANKAIL: (Keinu eginez Polliti) Jaun huni agert-zkitzu zure arrangurak!

POLLIT: Zer nahi zinuen gureganik?

ROXALI: Atzo arratsean, mutil bat arrastatu duzue eta oto permisa kendu diozue hilabete batentzat.

POLLIT: Merezi zuen bezala... Eroa bezala baitzoan bere otoan... Eta gero, anderea?

ROXALI: Gertatzen dena da, mutil hori dela nere gizongaia.

POLLIT: Ha! Zu zinena harekin otoan, arrastatua izan delarik?

ROXALI: Ez... Ez nintzen ni!

POLLIT: Bizkitartean, mutil horrek erran daut, sahetseko lagunarentzat, bere emaztegaia zela.

ROXALI: Polizak ez du sartzerik gure arteko gorabeheretan.

POLLIT: Gu zertan sartu beharrez, jina zira ba hunarat?

ROXALI: Nere gizongaiak, oto permisa arras beharrezkoa du, lanean erabiltzeko.

POLLIT: Bai, eta ere gu nardatzeko.

ROXALI: Nere gizongaiarentzat, otorik ez ukaitea, diru galbide handi bat da.

POLLIT: Eta guretzat, bake handi bat.

ROXALI: Badakizu zonbat xahupide dituzten ezkontzerat doatzinek!

POLLIT: Permisa kenduz, ezantzari emaiten diozuen dirua, eskutan geldituko zaizue.

ROXALI: Ezantza ez dugu debaldetan erretzen, bainan gure beharren zerbitzuko.

POLLIT: Ba, eta maizago, bestan eta triguan erabiltzeko.

ROXALI: (Bizi-bizia) Noiz ikusi gaituzu, gu, triguan erabiltzen?

POLLIT: Barda arratsean azkenik, arramantzaka hor ibili baitzirezte, zuek bakarrik nausi bazinezte bezala hemengo ostatu eta plazetan!

ROXALI: (Hemendik aintzina, kalapita doala emendatuz) Ba, hemengo gazten zafratzeko hobeak zirezte, zuek ere, ohoinen arrastatzeko baino...

POLLIT: Gure arropa errespetatuko duzu gero, eta hanbat gaxto zuretzat.

ROXALI: Zuen arropa errespetatzen dut, bainan ez horrek tapatzen duen ustelkeria!

POLLIT: (Izigarriki kexu) Zer! Gu ustelak! Zato hunarat berehala preso. (Nahi diozka eskutan gateak eman)

ROXALI: (Gateak urrunduz) Neskatxeri jazartzeko hobeak zirezte ba, mandileri baino!

KANKAIL: (Pollit lagunduz) Ale, komedia guti gurekin. (Borroka bat muntatzen dute) Gateak eta preso!

ROXALI: Alfer tzarrak, zuek! Gutaz baliatuz bizi zirezten zorriak!

POLLIT: Mari mutiko piltzarra! Zakur uhar zikina. (Eskuak gatetan ezartzen diozkate. Roxalik Polliti ausiki alimale bat egiten dio ipurditik. Pollit izigarriko oihutan) Ai, ai, ai!...

KANKAIL: Zer duzu?... Zer duzu?...

POLLIT: Ipurditik ausiki egin daut!... (Lotzen da Roxaliri iletarik tiraka eta nahi liozke paso batzu eman) Urdain pozoinatua!

KANKAIL: (Polliti eskua hartuz, keinu egiten dio, ez dezan jo Roxali) Min hainitz egin dautzuia?

POLLIT: Ez duzuia ikusten odola heldu zaidala!

KANKAIL: Zu neskatxa, preso!... Ale, preso!... (Roxalik alegia flakatua, bere burua erortzerat uzten du)

KANKAIL: Ha deubrua! Ongi amonatzen gaitu!

POLLIT: Ziminokerian ari da gu enganatzeko! Emotzu bizpahiru zaflako eta berebaitaratuko da!

KANKAIL: (Pultsoa ikertuz) ...Kasu eman dezagun nola gabiltzan!... Neskatxa bat, bi gizonen artean, auzi gaxtoa guretzat. Zernahi gerta ere, mirikua berehala deitzen dut. (Telefonatuz) Jakinputz!... Jaun mirikua!... Bai ni bera... Nahi nuke hunaraino jiten bazina. Berehala ba... Ba, bi urratsetan zirenaz geroz!

POLLIT: Odola ez zait gelditzen!

KANKAIL: Harri berarekin bi xori, aski diozu zure mina ere erakustea mirikuari.

POLLIT: Miriku zozo hortan nik fidantzia guti daukat.

KANKAIL: Kentzen diozkat gateak neskatxa huni, ez baita gomeni mirikuak hola estekatua aurki dezan. (Kentzen diozka)

POLLIT: Ez ahal da bederen errabiatua, hola lotzeko ausikika, zakurra bezala!

KANKAIL: Hortakotz ere, hobe duzu lehenbailehen zure burua mirikuaren eskutan ezartzea. (Roxaliri, ileak antolatzen diozka)

POLLIT: Izan dea, egun hautan, deus arrangurarik zakur errabiatueri buruz!

KANKAIL: Ez preseski... Bainan batere ez dakigu zer ziren eta zoin, atzo, hoinbertze ardi xahutu dituzten zakur horiek.

POLLIT: Deus onik ez dut igurikatzen. Ez dakit, ez dakit, bainan ni beldur oro, zakur beren ondorioa dela... Errazu, diotenaz, errabiadunek ez omen dute ura ikusi nahi ere... Eskaintzen banio ur xorta bat...

KANKAIL: Eskaint-ozu!

POLLIT: (Ateratzen da eta berehala sartzen, baso bat urekin... Ura nahi lioke Roxaliri edan arazi, bainan hunek ahoa tink hetsia beiratzen du, orro batzu adieraziz) Ha, ez du edan nahi!... (Etsitua) Segur bat eta erdi naiz, errabiatua dela!... Hau ere beraz, neretzat zen!... (Ateratzen da, apur baten buruan berriz sartzeko)

KANKAIL: Huna Jakinputz, jaun mirikua... Aintzinat jauna, aintzinat!

JAKINPUTZ: Agur, aintzindari jauna!... Zer gertatzen da hemen?

KANKAIL: Neskatxa hau, zonbait galde egiten giniokala, flakatu zaigu!

JAKINPUTZ: (Roxali ikertuz) Eman diozueia kolpe gaxtorik?...

KANKAIL: Ez jauna, doidoia zartzailkatu bakarrik.

ROXALI: (Intzirinka) Ez da egia!... Jo naute.

KANKAIL: (Haserre) Gezur ziria hori!...

ROXALI: Eskuak, gatez estekatu dauzkitet.

KANKAIL: Ba, ezin atxiki baiginuen bertzela. Zalapartaka lotu zaigu eta nere poliza lagunari ipurditik ausiki egin dio...

JAKINPUTZ: Ipurditik ausiki?

POLLIT: (Ilun) Ba jauna, ba... Horra odola... Behar nauzu, ni ere ikertu, hunen ondotik.

JAKINPUTZ: Kontent naiz, arras kontent. Nere jakintza berezia da psikanaliza eta gertakizun hau da neretzat interesgarriena!

POLLIT: Ez da bederen errabiatua?

JAKINPUTZ: Hori ere, daitekena da. Bainan goazen urraska. Freud, gu, psikanalisten nausi handiak dio, edozoin gaitzen ukaldiak behar direla ikertu «ante crisis», «in crisis» eta «post crisis»... Erran nahi baita gertatu aintzin, gertatzean eta gertatu ondoan... Nik jakin nahi nukena da nola zen neskatxa hau «ante crisis», hunat jin aintzin.

KANKAIL: Nik ez dakit, bainan hunat etorri da, oto permisa bat baitezpada behar zuela. Nola ez baiginion eman nahi, zainetakoek hartu dute.

POLLIT: Ba, bainan, beharbada ere, zakur errabiatu zonbaitek ordukotz ausikia zuken.

JAKINPUTZ: Beraz, ez dakigu xuxen zergatik neskatxa hau gertatu den «in crisis». Edo errabiatua delakotz, edo oto permisarengatik... Beraz, emaiten badiozue bere oto permisa, gauzak argituko dira.

KANKAIL: Nolaz hori?

JAKINPUTZ: Hortan dena bururatuko baita eta segur izanen baigira, ez dela errabiatua. Aldiz, errabiatua balin bada, berriz ere ausikika lotuko da.

KANKAIL: Beraz, zuk diozunaz, oto permisa behar diogu itzuli.

JAKINPUTZ: Hori zuek ikus... Nik, nere ikusbidea agertu dut, eta orai, ez dut joaitea bertzerik...

POLLIT: Eta ni? Ni, ez nauzu ikertu!...

JAKINPUTZ: Hori ere hala da... Zato nere etxerat... Han artatuko zaitut. (Ateratzen ari direla, Bitor sartzen da, hats hantua)

BITOR: Mugi, jauna, nere otoa aurkitu omen dute, bide hegian, arbola baten kontra xehatua...

KANKAIL: Ha, ikusten duzu ez ginaudela zure otoa zaindu gabe!

BITOR: Zer?... Nahi nuke jakin zertarik duzuen nere otoa zaindu?... Barneko errota eta puska guziak, ebatsiak omen dira...

ROXALI: Otoi, Bitor, erranen diozuia nere amari, hunarat etor dadien nere bilarat!

BITOR: (Ohartuz Roxali ere han dela) Zu hemen, Roxali?... Zer ari zira hemen?

KANKAIL: (Haserre gorrian Roxaliri) Zuk bakea, eta berriz ere, bakea guri! (Eskutarat oto permisa aurtikiz) Ori zure oto permisa zikina eta kanporat hemendik!

ROXALI: (Ateratuz, azpi-irri maltzur batekin) Agur Bitor!

KANKAIL: Bon, behar ditut paperean ezarri, zuk eman xehetasunak... Beraz zinion zure otoa harrapatua izan dela... Nork, nun eta nola?...

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa