www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Roxali
Piarres Larzabal
1970

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (IV), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

LEHEN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Etxe barne bat.

 

 

ROXALI: (Zurubi baten gainean, ari da murru garbitzen. Erdi murmurikatuz, kantatzen du: «Goizean goiz jeikirik». Leihotik so eginez) Te, Mixel tindatzailea! Hori ere zurubi gainean... (Oihuz) Mixel, huhu!... (Hiru aldiz, oihu bera botatzen dio, aldi bakotx bere burua gordez... Gero, lurrean etzanik ematen da, zurubitik erori balitz bezala eta intzirinka lotzen)

AMA: (Agertuz) Zer duzu haurra! Zer gertatzen zaizu!

ROXALI: Ai, ai, ai, ama! Ai, ai, ai!

AMA: Gaixo haurra, bainan, nun hartu duzu min?

ROXALI: Ez dakit, ez dakit! Denetan dut min! Ai, ai, ai, ama!

AMA: (Gibel mazela torratuz) Denean?... Bainan, xuxen, nun duzu min? Hemen min duzuia?

ROXALI: Bai, hor ere min dut... Ai, ai, ai!

AMA: Hor ere? Eta bertzerik, nun? Buruan hartu duzuia kolperik?

ROXALI: Ba, hor ere ba!... Ai, ai, ai!

AMA: Ez da ba nehun odolik ageri!

ROXALI: Ez... Buru barnean hartu dut kolpea.

AMA: Buru barnean?... Ale, xuti zaite! Ekazu eskua!

ROXALI: Ez ama!... Ez!... Ai, ai, ai!

AMA: Ez zaitezke ba hola egon! Ale, lot zaite neri!

ROXALI: Ama, ni ez hunki! Beharbada bizkar hezurra hautsia dut... Ba, ba, segur hautsia dut. (Azkarki nigarrez) Ba, hala dut! Ama, hilen naiz!

AMA: Ez dakit ba nik zer egin! Fotoila hurbilduko dautzut! Ahal bezain polliki, hortan jarriko zaitut!

ROXALI: Ez, ama, otoi ez! Aa, eskualde bat dena hozten ari zait! Hilen naiz, ama!... Horra... hiltzen ari naiz!

AMA: Bakea emazu, haurra! Eta zato hunat, fotoila gainerat!

ROXALI: Ez ama, ez! Zuk ez duzu aski indarrik ni hortan ezartzeko!

AMA: Hola ez zaituzket ba utzi!

ROXALI: Ekazu hunat gizon bat, ni altxatzeko! Gizon azkar bat!

AMA: Norat nahi duzu gizonketarat joaitea, tenore huntan?

ROXALI: Hor duzu Mixel tindatzailea.

AMA: Mixel tindatzailea? Nun?

ROXALI: Hor ari kanpoan, etxe tindatzen!

AMA: Bon, bon! Galdetuko diot hel dadien. (Ateratzen da. Roxali bakarrik. Xutitzen da bere burua apaintzeko eta berriz, lehen bezala etzaten, erakusterat emanez nahi duela Mixel, bere etzan moldeaz tentatu)

AMA: (Sartuz Mixelekin) Horra, Mixel gaixoa, ez dakit zer gertatu zaion Roxaliri. Zurubi gainean ari zen lanean. Erori da eta ez omen daiteke bakarrik altxa. Laguntzale azkar bat behar omen du hortako.

ROXALI: Ai, ai!... Min dut!... Min dut denetan.

AMA: Bien artean ezarriko dugu fotoilaren gainean. (Ama lotzen zaio zango aldetik) Zu, Mixel, lot zakizkio otoi buru aldetik!

ROXALI: Ai, ai, ai!... Ez, ez!... Ez hola!

AMA: Nola ba?

ROXALI: Ez dakit!... Bainan, ez hola!

AMA: Bon, Mixel, alda gaiten lekuz. Ean ba altxatuko dugun, zu zangotik lotuz eta ni burutik! (Lotzen dira)

ROXALI: Ai, ai, ai!... Ez... Ez... Geldi... geldi otoi!

AMA: Nola nahi duzu ba lot gaiten?

ROXALI: Zuk, ama, aski duzu fotoila gogor atxikitzea... Ai, ai, ai!... Eta zuk, Mixel, har nezazu, ahalaz eztiki zure altzoan... Ai, ai, ai! Zure beso bat pasa zazu hementxetik! Hola ba!... Bertzea, hortxetik... Ai, ai, ai!... Ni lotuko naiz zure lepoari. (Mixelek altxatzen du Roxali eta Roxalik, luzarako Mixelen altzoan egoiteagatik, amari fotoila, bi aldiz aldarazten dio) Ez hola fotoila, ama!... Bo, ez hola ere!... Hunarat itzul-azu! Hola, hola ba!

MIXEL: (Roxali pausatuz) Ez dautzuta sobera minik egin!

ROXALI: Ez... Milesker, Mixel... Beharrik hor zinen... Bizia salbatu dautazu!

AMA: Gizon besoak alabainan, emazteneri nausi!

ROXALI: O ama, Mixeli emozu zerbait edaterat!

AMA: Zer hartuko duzu? Arno xorta bat? Edo, nahiago zinuke kopaño bat?

ROXALI: Ho, ama! Egiozu kafe presa on bat! Eta, nik ere hartuko dut, horrekin batean... Bihotza arras joa baitut, uste dut on eginen dautala.

AMA: Bon, ontsa da... Eginen dautzuet kafea bientzat.

MIXEL: Haatik, nik lanerat laster joan nahi nuke.

AMA: Joanen zira... Berehala zerbitzatuko zaituztet. (Ateratzen da)

ROXALI: Nausiari aski diozu erraitea nola deitu zaitugun. Ukanen ahal du aski bihotz, konprenitzeko, ezinbertzez duzula zure lana utzi! Ez dakit zer bilakatuko nintzen, zu ez bazina hor izan.

MIXEL: Izanen zen ba bertze bat ni ordaintzeko.

ROXALI: Ez aise. Ez baitu nornahik zure beso-aira goxoa. (Eskuak hartzen diozkala) Eskuak ere biziki leunak dituzu.

MIXEL: Hori, nekez! Nere eskutako tinta ez da gero zuek ezpainetan ematen duzuen hura!

ROXALI: Zer egiten duzu, heldu den igandean?

MIXEL: Ez dakit!... Ez dut oraino hoinbertze pentsatu!

ROXALI: Joaiten bagina biak balerat!

MIXEL: Ez aise! Ez baitut oto permisarik.

ROXALI: Oto permisarik ez? Zergatik?

MIXEL: Polizak kendu daut hilabete batentzat, lasterregi nindoalakoan.

ROXALI: Eta egia zena, lasterregi zindoazela?

MIXEL: Ba zera! Hori izan da mendekio bat! Frantximent batzuekin kalapitan ari izanak ginen. Frantximent horiek, ez zezaketen jasan gu euskaraz mintzatzea eta euskaraz kantuz aritzea. Erran diotegu zoazela nahi bazuten Pariserat, hangoen manatzerat, bainan Euskal Herrian gu ginela nausi.

ROXALI: Eta, horrengatik dautzuia permisa kendu?

MIXEL: Ez... Bainan poliza jin zen eta guri, euskalduneri jazarri. Gu bezalakoengatik, omen dira gaurko saltsa guziak, hemen gaindi. Ihardetsi ginioten, ez baziren hemen ontsa, aski zutela, hek ere, Pariserat joaitea... Orduan, begitan hartu naute eta horra zergatik, permisa kendu dautaten.

ROXALI: Ustelak!... Joan-eta, nik ere erranen diozkatet bi hitz... Nik ere, zuk bezala maite dut gero Euskal Herria!

MIXEL: Horiekin ez duzu partidarik irabaziko.

ROXALI: Ikusiko dugu norentzat izanen den azken tantoa... Bihar berean joanen naiz zure permisa galdetzerat.

MIXEL: Berdin du etxetik ez mugitzea. Sudurrerat irri eginen baitautzute!

ROXALI: Neri irri? Ageri da ez nauzula ongi ezagutzen! Lot ditela neri trufaka! Sartuko diozkatet ba nik trufak, muntatuko diotedan saltsaz!

AMA: (Sartuz) Huna kafea... Zuk, Roxali, errazu nola nahi duzun apailatzea hunen edateko.

ROXALI: Utz nezazu nere gisa, ama. Apailatuko naiz Mixelekin.

AMA: Nahi duzun bezala! (Ateratzen da)

ROXALI: Otoi, Mixel, har nezazu gerritik eta altxa nezazu, hobekiago jar nadien. (Mixelek laguntzen du. Roxali mila mainekin, tink lotuz Mixeli) Hola ba!... Oraino ere berriz! Bertze indarño bat... Ean ekazu eskua!... Ho, zer esku goxoa!... Burua apaila atazu hobeki... Ez hola... Hola ba!

MIXEL: Bon, ontsa zirea orai?

ROXALI: Ba, Mixel, biziki ontsa... Zu bezalako eri laguntzale bat, onart nezake bizi guzikotz.

MIXEL: Oas, hemen nago, lana utzirik... Banoa, kafea bi hurrupez edan-eta!

ROXALI: Baduzu astia, Mixel. Ezar-atzu otoi bi azukre nere kafean... Eta ikusiko duzu nik oto permisa ardietsiko dautzudala. Eta gero joanen gira bi-biak balerat.

MIXEL: Erraitea errex da.

ROXALI: Otoi higituko duzuia nere kafeko azukrea?... Ongi urtua maite dut. (Mixelek higitzen du Roxaliren kafea) Eta, bala ondoan, buruz buru afalduko dugu. Hola ordainduko dautzut hunat etorriz, galdu duzun irabaz-saria.

MIXEL: Azukrea urtua da... Huna zure kafea.

ROXALI: Otoi behar nauzu lagundu horren edaten. Aski dautazu esku batez burua altxatzea eta, bertzeaz, kikera ezpainetarat hurbiltzea. (Mixelek galdegina obratzen du. Roxalik bi hurrupen ondotik) Orai zuk! Zuk ere edan-azu hurrupa bat nere kikeratik.

MIXEL: Nik badut hor nere kafea!

ROXALI: Ez... Nerea hobea da... Ale, hurrupaño bat, neri atsegin egiteko. (Ematen dio edaterat)

MIXEL: Bon beraz! (Edaten du)

ROXALI: Eta orai, zuk neri! (Mixelek ematen dio edaterat) Otoi emekiago!... Lasterregi edan kafeak ez du gero onik uzten. (Edaten du) Ha, milesker... Orai nik zuri azken hurrupa. (Nardatua Mixelek husten du kikera klikako batez) Ho, zoin fite edaten duzun!

MIXEL: Bon, lanerat joan behar dut. (Bere kikera husten du bi hurrupez)

ROXALI: Hori duzuia kafea edatea?... Neretzat, hori da kafea irestea.

MIXEL: Berdin du... Bon, oraikoan banoa.

ROXALI: Ho, ez zira joanen kopaño bat hartu gabe!

MIXEL: Ez, ez dut koparik nahi... (Abiatzen da kanporat)

ROXALI: Otoi behar nauzu lagundu xutitzen. Nahi zaitut ateraino segitu.

MIXEL: Dituzun zauriekin, hobe duzu ez mugitzea.

ROXALI: Ez... Kafeak on egin daut. Ikusiko duzu nola kurrituko dudan... Har nezazu gerritik. (Mixelek hartzen du gerritik) Ale, goazen.

MIXEL: (Ate ondoan) Bon, orai uzten zaitut.

ROXALI: Ez oraino... Ho, hain atsegingarri izan zira neretzat! (Leporat jauzi eginik, musu bat emaiten dio)

MIXEL: (Ez dakiela zer egin) ... Bon, agur! (Ateratzen da)

ROXALI: (Kanpoari mintzo) Eta igandean, jinen naiz euskal kolorez arropaturik... Xuri, gorri eta ferdez!... Agur!... Igande artio. (Agur goxo batzu igortzen diozka eskuz eta esku musuz... Gero, xoria bezain arin, euskal dizka bat itzultzen du, haren kantua berak kantatuz)

AMA: (Sartuz) Jes!... Ni orai mirikuketarat abian bainintzen, ez duzuia gehiago minik?

ROXALI: Ez ama... Joan zait mina... Mixelek sendatu nau.

AMA: Hauxe mirakuilua! Bertzaldi bateko jakitea on da, Mixelek badauzkala holako ahalak.

ROXALI: Ama, zer diozu Mixelez?

AMA: Mutil zintzoa da eta langilea.

ROXALI: Eta ez dakit ohartu ziren... Frantsesa badakielarik ni baino hobeki, beti euskaraz mintzo da, nerekin ere.

AMA: Ba ohartua naiz. Eta ere euskara garbia mintzatzen duela, sigi-saga frantses lerro batzu bere solasetan sartu gabe, oraiko hainitz gaztek egiten duten bezala.

ROXALI: Hortakotz behar dut erosi euskal gramatika bat, nik ere euskara garbia mintzatzeko.

AMA: Zuk euskal gramatika! Segur naiz, zoko batean ezarri-ta, ez diozula sekulan so bat ere emanen!

ROXALI: Ikusiko duzu, ama... Eta orai, joan behar dut poliz-etxerat.

AMA: Poliz-etxerat? Zertarat?

ROXALI: Mixeli, gaxtakeriaz, kendu baitiote oto permisa, behar diotet galdatu hura itzul dezaten.

AMA: Eta nola ezetza segura baituzu, gero zer eginen duzu?

ROXALI: Burutik behera zernahi erranen diotet... Hori behingoan.

AMA: Gaixo xoxola zu! Uste duzuia auzia irabaztea horien kontra?

ROXALI: Ez badut auzia irabazten ere, bederen leporaino nardatuko ditut.

AMA: Ez gaitzatela beti gu, familiakoak, narda, zure ixtupakeriengatik.

ROXALI: Nere familiak ez du deus ikustekorik nere eginkizunetan. Oroit zaite, ama, nere buruaren jabe izaiteko adinerat heldua naizela.

AMA: Ba, ba. Oxtian ere adinerat heldua zinen, zurubitik erortzean. Bainan, halere zure amaren beharretan.

ROXALI: Jes! Ez ote da ama baten egitekoa, bere haurren laguntzea?

AMA: Bai, bainan zuri da haurrarena ez egitea, adindunen lerroan sartua zirenaz geroz!

ROXALI: Ez zaite kexa, ama! Aski haundi naiz, nik urratuen, neronek peraxatzeko!

AMA: Ikusiko dugu! Agian ba!

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa